Web analitika
Laburpena
Web trafikoa aztertzeko Google Analytics 4 (GA4) plataforma erabiltzen da Euskadi.eus-en. GA4ko kontuak Web Zerbitzuak sortuko ditu, eta atari bakoitzak bere kontua eta erabiltzaileak kudeatuko ditu. Datuak errazago ikusteko, Web Zerbitzuari eskatu ahal zaio txosten bat sortzea Looker Studio tresnan
Sarrera
Web Analitika da Interneten lortutako datuak biltzea, neurtzea eta aztertzea, erakunde baten webgunea hobetu eta ezagutu ahal izateko. Hots, gure webgunearen eta gure erabiltzaileen nabigazio-datuak aztertzea gure zerbitzuen kalitatea ezagutzeko eta, halaber, arazoei zein erronka berriei aurre egin ahal izateko.
Google Analytics 4 (GA4)
Euskadi.eus-eko atarietan web-analitika egiteko aukeratutako sistema Google Analytics 4 da. 2023. urtearen hasieratik Google Universal Analytics plataforma ordeztu duen bertsioa da. Bere funtzionamendua atariko orrialde guztietan Javascript kode bat gehitzean oinarritzen da (zuzenean edo Google Tag Manager zerbitzuaren bidez), erabiltzaileen nabigazioa eta datuak jasotzen dituen kodea hain zuzen ere. Datu horiek euskadi.eus-eko atari bakoitzean biltegiratzen dira, ondoren aztertzeko. Kode hori edozein atari berritan gehitzeko, beharrezkoa da:
- Ataria GA4n erregistratzea, "propietate" berri baten bidez (atari bakoitzak "propietate" bat izango du, hau da, GA4 kontu moduko bat).
- Atariaren kudeaketan estatistiken jarraipena aktibatzea.
Web Zerbitzua, atari bakoitzeko arduradun teknikoek zuzenean eskatuta (telefonoz edo posta elektronikoz), propietate horiek sortzeaz arduratuko da, eta sailaren edo erakundearen ardura izango da orrietan estatistikak aktibatzea atariak kudeatzeko tresnaren bidez.
Analitika txostenak
GA4 tresna konplexua da, bere kudeaketa-interfazean atari bakoitzeko informazioa alderatzeko eta iragazteko aukera ugari eskaintzen dituena. Web Zerbitzuak datu horiek aztertuko ditu atari-sareko trafiko orokorraren diagnostikoa egiteko, akatsak, joerak, hobetzeko aukerak eta abar hautemateko. Halaber, atari bakoitzeko Arduradun Teknikoak atari horretako GA4ren jabetzan administrazio-baimena izango du, atarirako sarbideak kudeatu ahal izateko.
Era berean, atari bakoitzak Web Zerbitzuari Web Estatistika Txosten bat sortzeko eskatu ahal izango dio, Looker Studio tresnaren bidez. Txosten horiek elkarreragileak dira, eta atari baten web-analitikako oinarrizko datuak modu intuitiboagoan ezagutzeko aukera ematen dute. Eskaera posta elektronikoz egingo zaio Web Zerbitzuari, eta hark eskaeraren egokitasuna ebaluatuko du.
Looker Studio txosten baten adibidea
Txosten horietan atariaren analitika datu orokorrak azalduko dira, haien artean:
Erabiltzaileak
Erabiltzaile bat zure webgunearekin elkarreragiten duen pertsona edo gailu bat da. Erabiltzaile batek hainbat saio izan ditzake. Kontuan hartu pertsona batek zure webgunea erabiltzen badu gailu edota nabigatzaile desberdinetatik orduan "erabiltzaile" desberdinak sortuko direla ez badu gailu edo nabigatzaile horietan Google kontu bera erabiltzen.
Saioak
Saio bat erabiltzailearen interakzio sorta bat da, denbora-tarte jakin batean gertatzen dena. Saio batek "bista" ugari izan ditzake, eta eten egiten da erabiltzaileak nabigatzailea ixten duenean edo ezarritako muga (30 min) igarotzen badu webgunearekin elkarreragin gabe.
Bistak
URL bat kargatzen den aldi bakoitza da, aurreko Analytics bertsioan "bisitak" zirenak.
Sarrera eta irteera orriak
Erabiltzaileak bere nabigazioa hasi (edo amaitu) duen atariaren orrialdea.
Errebote-portzentajea
Erabiltzaileak bere bisita hasi duen orrialdetik ataria uzten duenean. .Hots, sarrera eta irteera orria bera denean. Hori ezaugarri garrantzitsua da edukien kalitatea ezagutzeko. Horrez gain, kontuan hartu behar da euskadi.eus-eko beste atari batera joan den erabiltzailea "abandono" bezala kontatzen dela.
Trafiko iturriak
Horrek adierazten du nondik etorri dira gure erabiltzaileak. Hiru multzo daude: "Trafiko zuzena" (Zuzenean URL idatzi dutenek), "erreferentzia-webguneak" (gure atariarekin esteka egiten duten beste webguneak) eta "bilatzaileak" (google, yahoo, bing, etab). Azken kasu horretan zehazten dira zein hitzak erabili dituzten erabiltzaileek gure ataria aurkitzeko.