Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Atariak sortu

Sarrera

Atariak hiru motakoak izan daitezke:

  • Sailen atariak: Euskadi.eus osoarentzat definituta dagoen atari-kodean integratuko dira. Indarrean dagoen egitura-dekretuan ezartzen diren Sail bakoitzak izango du atari bat. Jaurlaritzaren egitura aldatzen den bakoitzean Web Zerbitzua harremanetan jarriko da Sailaren arduradunarekin atarien moldaketak adosteko. 
  • Beste erakundeen atariak: Erakunde bakoitzak mota horretako atari bakarra izango du. 91/2023 Dekretuak ezartzen duenez,, Erakunde Autonomoak eta Zuzenbide Pribatuko Ente publikoak behartuta daude atari bat izatera Euskadi.eus atari-sarearen barruan. Eusko Jaurlaritzaren beste erakundeek eskatu dezakete atari baten sorrera.
  • Gaikako atariak: Gai-arloko atariek eta taldeko atariek aukera ematen dute gai jakin bati edo hartzaileen talde bati edo batzuei lotutako edukiak eta zerbitzuak antolatzeko, edukiak eskaintzen edo zerbitzua ematen duen sail, erakunde edo ente publikotik harago. Gai-arloko atariak dira, halaber, iraupen mugatuko ekitaldien, publizitate-kanpainen edo bestelako ekimenen ondorioz sortutakoak.Gai-arloko atariak eta taldeko atariak ez dira identifikatuko sail edo erakunde jakin baten atari edo webgune gisa, nahiz eta atari horietako edukiak, gehienbat, horietakoren batekin bat etorri. Hala ere, atari horiek sail, erakunde edo ente bati atxikita egongo dira, eta hura arduratuko da atariak eguneratzeaz eta mantentzeaz, bai eta Interneten egoteari buruzko araudia betetzeaz ere. Adibidez, gazteriaren gaiak erakusten duen "Gazteaukera" atariak hainbat lekutik hartutako informazioa eskaintzen du (Kultura, Enplegua, Etxebizitza, etab.).

Azken bi kasu hauetan atari bakoitzak erabiltzaile jakin batzuk eta atari-kode bakarra izango du. Atariaren barne-antolaketa ataria sustatzen duen Sailaren edo erakundearen erantzukizuna izango da. Web Zerbitzuak Sailari lagunduko dio diseinuan (betiere Estilo-liburuarekin bat egiten), informazioaren egituran eta antolaketan, eta atariak bete beharreko baldintzak jakinaraziko dizkio.

Atariak bete beharreko baldintzak

Euskadi.eus sareko atari guztiek ondorengo baldintzak bete behar dituzte:

  • Integrazioa euskadi.eus-eko azpiegituran: Atariaren web dokumentu guztiek integratuta egon behar dute euskadi.eus-eko azpiegituran (Eduki kudeatzailea - Atari kudeatzailea - Katalogazio kudeatzailea)
  • Estilo-liburua: Atariaren egitura eta diseinuak bat egin behar dute Web Zerbitzuak ezarritako arau amankomunekin.
  • Estandarrak betetzea: Atari guztiek bat egin beharko dute W3Ck ezarritako estandarrekin, bereziki HTML eta CSS estandarrekin (HTML5 eta CSS3 Sailen atarietan)
  • Irisgarritasuna: Atariak Sektore publikoko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen erabilerraztasunari buruzko irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuarekin (lehio berri batean irekitzen da) bat egin behar du. Informaziorako sarbidea bermatzeko, webgune honen garapenean UNE-EN 301549:2019 araudiaren (lehio berri batean irekitzen da) betebeharrak aplikatzen dira (WCAG 2.1). Era berean, atari horren jabe den Saila edo erakudearen Irisgarritasun Unitate Arduradun Delegatua (IUAD) arduratuko da atariaren irisgarritasunaz. IUAD hori izendatuta ez badago, Sailak edo Erakundeak berak egingo du lan hori.
  • Hizkuntza-irizpideak: Eduki, atari eta zerbitzu guztiak euskaraz zein gaztelaniaz egongo dira eskuragarri. Ezingo da edukirik, ataririk edo zerbitzurik publikatu bi hizkuntza ofizialetan ez badago (salbuespenak egon daitezke informazio motaren arabera, baina justifikatuta). Edozein komunikazioan, lehenetsitako hizkuntza euskara izango da, eta komunikazio elebidunetan neurriak hartuko dira euskara nabarmentzeko.
  • Web Arduradun Teknikoa: Atari guztiek izendatu beharko dute eta Web Zerbitzuari komunikatu beharko beharko diote euren Web Arduradun Teknikoa.

Ataria sortzeko eskaera

Atari berriaren arduraduna harremanetan jarri beharko da dagokion Web Zerbitzuko Web Kudeatzailearekin (edo webzerbitzua@euskadi.eus helbidea erabiliz) webgune berriaren ezaugarriak azaltzeko. Informazio hori Saileko informatikariari ere bidali beharko zaio eta horren barruan egon beharko du:

  • Atari berriaren izena eta ezaugarri nagusiak
  • Ataria kudeatzeko baimenak behar dituzten erabiltzaileak
  • Atariak erabiliko duen azpidomeinua
  • Web Arduradun Teknikoaren datuak

Atariak hiru ingurunetan sortu ahal dira (garapena, probak eta ustiapena). Hala ere, edukiak eta atari-orrialdeak sortzerako orduan ohikoena ustiapenean zuzenean lan egitea da, eta garapen eta probetarako inguruneak aplikazioen funtzionamendua garatzeko eta probatzeko soilik erabiltzea.