Posizionamendua bilatzailetan
Sarrera
Webgune bat garatzean biziki garrantzitsua da interneteko bilatzaileetan posizionamendua lantzea (askotan SEO, Search Engine Optimization deitutakoa). Horrela, hainbat teknika erabiliko dugu gure erabiltzaileek azkarrago eta errazago aurki gaitzaten bilaketak egiten dituztenean. Helburu horren garrantzia web estatistiketan ikus dezakegu: euskadi.eus-eko erabiltzaileen %70a interneteko bilatzaile batetik etortzen dira. Gure ingurunean, Google da bilatzaile erabiliena: erabiltzaileen %90 baino gehiagok bertan egiten ditu bilaketak.
Bilatzaileek erabiltzen duten teknika hauxe da, orokorrean: Bilatzaileek sortutako programa batzuk (robotak edo "spider" deitutakoak) sarea zeharkatzen dute, estekak jarraituz eta aurkitzen dutena indexatuz. Posizionamendu tekniken helburua da indexatze prozesu hori ahalik eta hoberen egitea, eta "hitz gako" batzuen bilaketen aurrean webgunearen posizionamendua hobetzea. Horrez gain, posizionamendu teknikek eragin zuzena eta bikaina dute erabilerraztasunean eta usagarritasunean dute.
Posizionamendu oinarrizko teknikak
Posizionamendua teknika zeharo korapilatsua da, eta etengabeko aldaketak eskatzen ditu. Alabaina, badira oinarrizko teknika erraz batzuk (Google-ek sortutakoak), eta horiei esker lortuko dugu gure webgunearen emaitzak hobetzea.
Sortu web orrientzako izenburu zehatzak eta bakarrak
Horretarako, erabili "title" etiketa. Normalean, etiketa horren testua bilaketaren emaitzen lehengo lerroan agertuko da. Horrela, gure erabiltzaileek jakingo dute gure webgunea beraien bilaketarako egokia denetz.
Euskadi.eus-en, orrialde baten "title"-a orriaren konfigurazioan eskuz ezarri daiteke (kontuan izan Euskadi.eus-erako ezarrita dagoen orrien nomenklatura). Edukiak erakusten dituzten orrietan, edukiaren izenburua orriaren "title"-a izatera pasatuko da automatikoki.
Erabili beti URL "adiskidetsuak"
URL "adiskidetsuak" dira sistema-URLak ordezkatzen dituztenak, URL guztiei esanahi semantikoa emateko eta gako-hitzekin betetzeko bilatzaileei begira. Euskadi.eus-en beti erabili beharko ditugu URL horiek, bai orriak eta edukiak argitaratzean, bai estekak egiterakoan.
Orrialde guztien URL "adiskidetsua" eskuz ezarri daitezke atari-kudeatzailean. Edukiak sortzeko garaian, edukiaren izenburua automatikoki pasako da eduki horren URL "adiskidetsura" (URLa editatzeko aukera izango dugu beti).
Aplikazioei dagokienez, saiatu beti URL esanguratsuak sortzen, eta aplikazioak erabiltzen dituen parametro guztiak URLaren bidez ezartzen, horrela URL horiek bakarrak izango dira, bilatzaileek hobeto indexatuko dituzte eta erabiltzaileek errazago elkarbanatu ahal izango dituzte.
Sortu nabegazio-sistema erraza eta testuan oinarritutakoa
Zure nabegazioan testuan egindako estekak erabiltzen badituzu, bilatzaileek errazago arakatu eta ulertuko dute zure orria. Ez erabili Javascript-en edo Flash-en sortutako estekak. Kalitatezko nabegazioa lortzeko, erraztasuna eta sinpletasuna dira funtsezkoak!
Hobetu zure estekak
Erabili testu deskribagarria, testuingurutik kanpo ulergarria dena (Adibidez, ez erabili "Egin klik hemen" esteka batean). Apurtutako loturek (404 kodea) posizionamendua zigortzen dute, eta, beraz, komeni da zuzentzea. Birbidalketak ere (301 kodea) zuzendu behar dira.
Erabili izenburu-etiketak zentzuz
Etiketa horiek sei mailatan sailkatzen dira, h1-etik (garrantzitsuena) h6-ra (garrantzi gutxien duena). Etiketa horiekin egitura jerarkikoa emando diogu gure edukiari, gure erabiltzaileek (eta bilatzaileen robotek) errazago uler dezaten. Etiketa horien barruan dauden hitzek garrantzi gehiago izango dute gure webgunea indexatzean. Hala ere, neurriz erabili beharko ditugu, testu artifizialak edo ulertezinak sortu gabe.
Euskadi.eus-en horrela ezarriko dugu izenburu-etiketak:
- Atari kudeatzailean, AV bakoitzeko "Izenburua" fitxan.
- Eduki kudeatzailean, edukiaren izenburua automatikoki h1 gisa gordeko da.
- TinyMCE editorean, HTMLa editatuz.
Erabili robots.txt zentzuz
“robots.txt” fitxategiak bilatzaileei esaten die zure atariko zein atalak aztertu eta gordeko ditu. Fitxategi horrek webgunearen hasierako karpetan egon behar du. Horrela, fitxategi horretan agertzen diren salbuespenak ez dira bilaketa-emaitzetan agertuko.( Google-en webmaster-tresnak "robots.txt" fitxategia sortzen laguntzeko programak eta baliabideak eskaintzen dituzte)
Kontuan hartu rel=“nofollow” estekentzat
rel="nofollow" erabiliko dugu Google bilatzailearei esan nahi badiogu gure webguneko esteka batzuek ez diotela pasatuko gure erreputazioa helburu diren beste webguneei. rel="nofollow" ezaugarria estekaren etiketaren barruan kokatu behar da. Adibidez, blog edo foro bateko iruzkinek spam asko erakus dezakete, beraz, rel="nofollow" erabiliko dugu gure webgunearen erreputazioa esteka susmagarri horien bidez ez pasatzeko.
Sustatu zure webgunea
Saia zaitez ahalik eta esteka gehiago lortzen zure webguneari erreputazioa emateko. Sustatu zure zerbitzuak blogetan, gizarte-sareetan, etab. Ez sortu neurrrik gabeko marketing ekintzak (adibidez, gizarte sareak zure webgunearen estekekin betetzea), bilatzaileek teknika horiek antzeman eta zigortu dezakete.
Eskaini kalitatezko zerbitzuak eta edukiak
Webgune bateko edukien kalitatea da posizionamendu ona lortzeko biderik zuzenena. Zure erabiltzaileek zerbitzu eta eduki interesgarriak aurkitzen badituzte beste erabiltzailekin elkarbanatuko dituzte blog, gizarte sare edo foro batean. Apurtutako loturek posizionamendua zigortzen dute, eta, beraz, komeni da eguneratuta edukitzea.
Ez bikoiztu edukiak
Bilatzaileek bikoiztutako edukiak zigortzen dituzte; beraz, ez da komeni edukiak kopiatzea edo antzeko edukiak egitea. Atarien kudeatzaileak aukera ematen du eduki bera atari/orrialde desberdinetan sartzeko. Aurretik adierazitako penalizazioa saihesteko, sistemak "nofollow" bat gehituko du bigarren edukian, eta horrek bilatzaileetan indexatzea saihestuko du.
Hobetu irudien erabilera
Erabili “alt” ezaugarria irudien informazioa emateko. Erabili fitxategi-izen eta "alt" testu motzak baino deskribagarriak, batez ere irudia esteka baterako erabiltzen bada. Dekorazio-irudiak badira, alt ezaugarriaren balioa baliorik gabe utzi.
Hobetu bideoen erabilera
Bideoen posizionamendua hobetzeko, kalitate handiko bideo-edukia sortu, haren pisua murriztu, txetatuta dagoen edukiaren izenburu eta deskribena egokia ipini.
Egiaztatu zure edukiaren indexazioa
Edukien indexazioa modu naturalean egin ohi da. Horretarako, komeni da eduki berriak orrietatik edo edukietatik lotzea. Eduki bat indexatuta dagoela egiaztatzeko, "site:" komandua erabil daiteke bilatzaileetan:
Adibidez: site:https://www.euskadi.eus
Web zerbitzutik edukien indexazioa edo desindexazioa behartu dezakegu.
Bilaketak eta adimen artifiziala
Adimen artifiziala bilaketetan erabiltzen ari da. Alde batetik, bilatzaileak IAtik lortutako informazioa txertatzen hasi dira bilaketa-emaitzetan, eta, bestetik, adimen artifizial tresnak bilaketa-emaitzak lortzeko aukera ematen dute. Horretarako garrantzitsua da gure edukia adimen artifizialaren sistemaren Corpusaren parte izatea. Posizionamenduari dagokionez, eduki honetan zehaztutako posizionamendu-teknikek garrantzitsuak izaten jarraituko dute.
Informazio gehiago eskura dezakezu hemen: