Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Nola hobetu edukien irisgarritasuna

Zer da web irisgarritasuna?

Irisgarritasuna da webguneak diseinatu, eraiki, mantendu eta eguneratzean errespetatu behar diren printzipio eta tekniken multzoa, erabiltzaileen sarbidean berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko, bereziki desgaitasunen bat duten pertsonena eta adinekoena. Irisgarritasun-printzipio eta -arau horiek W3Cren WCAG arauek arautzen dituzte, eta webguneei (HTMLko edukiak, dokumentazioa, bideoak, audioak eta abar barne) eta gailu mugikorretarako garatutako aplikazioei aplikatzen zaizkie.

Euskadi.eus-eko edukiek eta dokumentuek, zerbitzu publiko bat direnez, arau horiek bete behar dituzte.

Nola egin ditzaket eduki eta dokumentu irisgarriak?

Edukiak eta dokumentuen irisgarritasuna bermatzeko hainbat teknika daude, eta kasu askotan HTML eta CSS teknikak erabili beharko dira. Nolanahi ere, nahiz eta teknika horiek ezagutu ez, geure edukien irisgarritasuna hobetu dezakegu teknika eta arau sinple batzuk jarraituz.

Erabili izenburuak edukia luzea bada

Izenburuek balio dute testua egituratzeko eta bere ulermena hobetzeko, erabili zure testu luzea edo konplexua bada. Kontuan hartu hau:

  • Izenburuek "maila" desberdinak dituzte, eta badaude lehen mailako izenburuak, bigarren mailakoak, hirugarrenekoak... (Hori <h1>, <h2>, <h3> eta horrelako etiketetan islatzen da HTML kodean)
  • Izenburuek hurrenkera egokia jarraitu behar dute. Adibidez, ezin da pasatu bigarren mailako batetik laugarren mailako batera.
  • Eduki batean bakarrik egon ahal da lehen mailako (<h1>) izenburu bat, eta Euskadi.eus-eko edukietan edukiaren izenburu nagusia automatikoki markatzen da lehen mailako izenburu moduan. Beraz, HTML editorean izenburuak beti hasiko dira bigarren mailatik, lehen mailako izenburua aurretik definituta baitago.

Izenburuak markatzeko erabili "Formatua > Izenburuak" HTML editorean.

Irudien ordezko testua

Irudiren bat erabiltzen baduzu eta irudi horrek informazio garrantzitsua badu, informazio hori jaso beharko duzu irudiaren "ordezko testua" eremuan ("alt" ezaugarria HTMLan). Ordezko testu horrek irudiaren funtzionalitatea edota informazioa islatu beharko du. Ez erabili ordezko testurik irudiak ez badu informazio garrantzitsurik edo irudiaren ondoan informazio hori islatzen bada testu gisan.

Ez simulatu elementuak

Markatu ondo zerrendak, izenburuak edo paragrafoak, ez egin simulaziorik. Adibidez, zerrenda bat egiteko lerroak eta gidoiak eskuz jarri beharrean, markatu zerrenda hori "Zerrenda" botoiarekin. Izenburu bat markatzeko erabili "Formatua > Izenburuak", ez jarri testu hori letra lodian eta tamaina handiagoan. Horrelako elementuak zuzen markatzean edukiaren erabilgarritasuna eta irisgarritasuna hobetuko ditugu.

Sortu esteka esanguratsuak

Estekak sortzean, bermatu esteka hori ulergarria dela testuingurutik kanpo. Hau da, ez erabili "sakatu hemen" edo "gehiago" bezalako testuak.

Ez erabili kolorea informazio iturri bakar gisa

Erabiltzaile askok arazoak dituzte koloreak antzematean, beraz, ez erabili kolorea informazio iturri bakarra moduan (adibidez, egutegi batean markatzen egun batzuk kolorearekin bakarrik).

Zaindu kontrastea

Euskadi.eus-eko edukien CSS estilo arauek gutxienezko kontraste maila bermatzen dute testuetan eta beste elementuetan. Nolanahi ere, arau horiek jarraitzen ez badituzu, irudiak edo diagramak erabiltzen badituzu edo dokumentuak publikatzen badituzu bermatu behar duzu elementu guztiek betetzen dutela gutxienezko WCAG AA motako kontraste maila.

Erabili irisgarritasuna konprobatzeko tresnak

Eduki kudeatzaileak badu integratuta, bere HTML editorean, AXE tresna irisgarritasunaren konprobazio azkarra egiteko. Tresna honek akats guztiak ezin ditu antzeman, baina oso baliogarria izango da hasierako konprobazioa egiteko. Hortaz aparte, hemen duzu W3Ck gomendatzen dituen tresnen zerrenda. (leiho berri batean irekitzen da)

Azken aldaketako data: