Diseinu moldagarria (Responsive Design)
Webguneak diseinatzeko eta garatzeko teknikari deritzogu "Diseinu moldagarria". Horri esker, webguneak edozein gailu edo ingurunean erabilgarriak izango dira, gailu jakin batzuentzako bertsioak egin beharrik gabe.
Interneten hasierako urteetan ia trafiko guztia ordenagailu pertsonaletatik zetorren, hau da, sistema eragile, nabigatzaile, bereizmen eta sarrera-sistema jakin batzuetan egindako erabilera zen. Telefono adimentsuak (Smartphonak) eta beste gailu motak hedatu zirenean egoera hori errotik aldatu zen, eta gaur egun ezinezkoa da jakitea zein gailu, egoera edota ingurunetan kontsumituko diren gure eduki eta zerbitzuak. Egoera hau ez dauka atzera bueltarik, gero eta gehiago baitira nabigatzaile bat integratuta duten gailuak (TB, autoak, kontsolak, elektrotresnak, eta abar). Horregatik beharrezkoak dira gure atariak moldagarriak bihaurtzeko teknika hauek.
Adibidez, Euskadi.eus atari-sarean 2018an jasotako bisiten artean aldagai hauek aurkitzen ditugu:
- Gailu-mota: Mahaiganeko ordenagailua (62%), sakelako telefonoa (34%), tableta (4%)
- Sistema eragileak: Windows (57%), Android (27%), iOS (11%), MacOS (3%), eta beste 26 sistema.
- Nabigatzaileak: Chrome (59%), IE (13%), Safari (11%), Firefox (10%) eta beste 72 nabigatzaile.
- Bereizmena: 1366x768 (17%), 360x640 (17%), 1920x1080 (9%) eta beste 700 bereizmen mota.
Aurrekoari gehitu behar zaio beste aldagai batzuk: plugin-ak (PDF, Flash), sarrera-sistema desberdinak (teklatua, sagua, ukimena, ahotsa, TB edo kontsola baten kontrolatzailea), konexio-abiadura desberdinak, eta abar.
Diseinu moldagarriaren abantailak
- Hobekuntzak erabiltzaile-esperientzian eta webgunearen kudeaketan: Eduki eta zerbitzuen kontsumoa errazten da edozein gailu edo egoeran, eta ez da beharrezkoa atariaren bertsio bikoiztuak sortzea ezta eguneratzea.
- Hobekuntzak interneterko bilatzaileetan: Eduki bakarrak erabiltzen ditugunez ez dugu SEO zigorrik jasoko (gehienetan bilatzaileek bikoiztutako edukiak zigortzen dituzte). Horrez gain, Google-ek garrantzia ematen die moldagarriak diren webguneei bere indexazioa burutzean.
- Hobekuntzak interfasearen diseinuan eta informazioaren arkitekturan: Arreta gutxiko edota konexio mantsoko egoeratan erabil daitezkeen gailu txikiak kontuan hartu behar ditugunez, interakzio eta diseinu eskemak birpentsatu beharko ditugu, erraztasuna eta sinpletasuna hobetuz. Izan ere, interfasea diseinatzeko garaian gomedatzen da hasieratik gailu txikietan oinarritzea ("Mobile First") interakzio eta interfase errazak eta garbiak lortze aldera.
- Hobekuntzak erabilerraztasunean: Web estandarrak erabiltzeak eta interakzioa sinplifikatzeak erabilerraztasunaren hobekuntza dakar (nahiko lotuta dauden bi kontzeptuak dira eta).
Diseinu moldagarria Euskadi.eus-en
- Azken urteotan Web Zerbitzua lanean egon da atari-sarea moldagarria bihurtzeko. Horrela, Euskadi.eus berriaren diseinua "Mobile First" filosofian oinarritu zen, eta horrek ekarri zuen interfasearen sinplifikazioa, web estandarrak hobeto erabiltzea, orrialdeen abiadura azkartzea eta erabilerraztasuna sustatzea. Era berean, hainbat atarien moldaketan egin dugu lan: 2017an atarien %65a zegoen gailu txikientzako egokituta, eta 2019an lortu dugu ehuneko hori %79ra igotzea.
- 2017an burutu genuen Euskadi.eus berriari esker, Euskadi.eus-eko orrialde nagusiak, Eusko Jaurlaritza eta Sail guztien atariak badaude gailu desberdinetara moldatuta. Atari horietan sortutako orrialde eta edukiak, halaber, egoki moldatuko dira edozein gailuan.
- Gure atarien moldagarritasuna teknika hauetan oinarritu dugu: Interneteko estandarrak jarraitzea (HTML5 eta CSS3), unitate erlatiboen eta "Media Query"-en erabilera, "Bootstrap" bezalako framework-ak integratzea... Epe laburrean beste teknika berriak erabiltzeko urratsak emango ditugu: gailu motan oinarritutako irudiak, zerbitzarian konpresioa erabiltzea, abiadura hobetzeko, eta abar...
- Beste erakundeen eta gaikako atarietan lanean ari gara Diseinu Moldagarriaren teknikak ezartzeko. Horrela, 2019 urtean atari-sareko webguneen %80 moldatuta zegoen, eta gure helburua da 2020 urterako atari guztiak moldagarriak izatea. Saila edota erakundea izango da aldaketa horren arduraduna, eta horretarako Web Zerbitzuaren laguntza eta aholkularitza izango du. Edozein zalantza izanez gero galdetu zure sailari edo erakundeari egokitutako Web Zerbitzuko Kudeatzaileari.
Azken aldaketako data: