Herri kirolak IDI DEMA
| Segalariak | Idi dema | Bola-Jokoa | Sokatira | Beste zenbait joko eta kirol
Idi dema
Hona herri-jokoen artean ezagunena. Idi-proba edo -lehiaketak, beste garai batzuetan oso ohizkoak izandakoak, hala dira gaur egun ere. Lehen idi-pareen jabeen arteko desafioak izaten ziren; gaur egun lehiaketa da ohizkoagoa, herriko jaietako saio nagusi bezala, baina bere herri-zapore eta -ahaidetza handiari eutsiz.
Ohizkoa da idi-proben jatorria harrobietako lanean bilatzea. Harria, lehergailuaren eztandak banandutakoa, "in situ" leuntzen zuten eta ondoren, idiek herrestan zeramatela, bertatik garraiatuko zeneko errepide trinkoraino mugitzen zuten. Ziurrenik zuzena den jatorri honek ez du esan nahi apustuetan parte hartzen zuten idi guztiek harrobietan lan egiten zutenik, izan ere esperientziak frogatu baitzuen harria bezalako objektu astun bat ezin egokiagoa zela idiek herresta-lanetan zuten pausuaren gehienezko abiadura probatzeko.
IDIA |
Duela oso urte gutxi arte behi-azienda zen trakzio-indar bakarra nekazaritzan. Oso salbuespenezko kasuetan baino ez zituzten erabiltzen zaldiak, mandoak edo astoak. Aspaldi gabe, motokultoreak sartu dituzte, aplikazio anitzekoak, euskal orografiako mendi-hegal aldapatsuetan lan egiteko bereziki diseinatutakoak.
Zezenak urtea bete aurretik zikiratzen dituzte. Kasurik gehien-gehienetan jadanik ugalketarako ezinduta daudela erosten dituzte euskal baserritarrek.
Idi-probetan erabilitako idiaren pisua 500 eta 650 kilo artekoa izaten da lehiaketetarako. Iturrinoren idi batek 1.450 kilo pisatu zituen bizirik eta kanalean. "Kortaren" idi batek, 1.380 kilo. Normalean Bizkaian altuera txikiagokoa eta pisu gutxiagokoa erabiltzen da.
Baserriko lanak egiteaz gain, lehiaketako idia egunero mendian barrena ibilarazten dute, 5 kilometro inguru. Ukuiluan tokirik onena gordeta dauka. Noizean behin, probaren bat egiten dute hurbileko plaza bateko harriarekin idiak herresta-lanetan aritzeko aztura galdu ez dezan.
HARRIA |
Oraindik ere Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan inguruko baserritarrek beren idi-pareen indarrak probatzen zituzteneko harria (probarri) bertan dago. Orain ez dira bi idi-pare soilik lehian aritzen. Ikusgarritasunaren mesederako, zenbaitetan, 35 bikote ere aritzen dira sariak eskuratu nahian. Horretarako bereziki egokitutako lekuak behar dira jendea bertaratzeko. Hori dela-eta, gaur egun harriak zezen-plazetan eta estalitako frontoietan daude.
Harrien forma laukizuzena da, zertxobait estuagoak aurreko aldean, non zulo bat landu den katea krokatzeko. Pisuak tarte handiak ditu, normalean 1.500 eta 4.000 kilo bitartekoa. Tolosako harriak 4.000 kilo pisatzen ditu, eta Gernika eta Mungiakoek 4.500 kilo. Berriatuko udal proba-tokian bada 5.250 kiloko bat, baina ez dute erabili 1950az geroztik.
Desafioetan normalagoa izaten da harri handiak erabiltzea. Lehiaketetan harri txikiagoak aukeratzen dituzte, eta ikuskizuna ikusgarriagoa izaten da, ibilbidea azkarrago egiten baita.
PLAZA |
Harria harkoskor biribilez osatutako zoruaren gainetik eramaten dute herrestan. Badira galtzadarrizko plazak, jabeek baztertutakoak, idiak etengabe irristatzen baitira, apatxak finkatu ezinik. Zabaldutako iritziaren arabera hobeak dira ibaiko uharriak hondartzetatik ekarritakoak baino.
Plazen luzera herrien arabera aldatzen da. Distantzia-barietate handia dago, 22 eta 28 metro bitartean.
AKUILATZAILEAK |
Akuilatzaileek laguntza eskaintzen diote idi bakartiari, edo pareari, beren ahaleginean. Kopurua apustuan finkatutako baldintzen menpe dago, edo araudiak adierazten duenaren menpe lehiaketetan.
Gaur egun, eta ahalik eta eraginkortasun handiena bilatu nahian, kasu askotan akuilatzaileak kontratatu egiten dituzte.
PROBA |
Denbora jakin batean plaza gehiago egitean datza. Idi-pare batek baimendutako gehienezko pisua gainditzen duenean -1.100 kilo inguruan finkatutakoa-, harriari gainpisuko kilo bakoitzeko kilo t'erdiko gainpisua jartzen zaio.
Behin plazan eta ordua iritsita, epaile eskudunak txanden zozketa egiten du. Hasieran jardun behar izateak kaltegarritzat hartzen da, ez baitute beste arerioen lanaren erreferentziarik. Baina betiere ez da hobea izaten azken tokian aritzea, lehengoek marka handia egiten badute, horrek etsipena eragin baitezake. Irteera-agindua txistua joz ematen da.
Itzaina eta akuilatzaileak idien esfortzua dosifikatzen saiatzen dira, hasieratik ahitu gabe. Harria plazaren erdian gelditzea ere saihesten ahalegintzen dira, hasierako abiaraztean esfortzua bikoizten baitu. Eta batez ere, harria plazaren zabalera markatzen duen marratik atera ez dadin saiatu behar dute, harria falta eginiko mugara itzuli behar baitute.
Parte-hartzaile bakoitzari dagokion denbora normalean 30 minutukoa da. Apustuetan batzuetan denbora gehiago izaten da.
Denbora-epea edozein izanda ere, behin amaitu ondoren, epaileek egindako distantzia neurtzen dute, eta plazetan, zintetan eta zentimetrotan ematen dute.
Parte hartzen duten idien kopurua kontuan izanda probak "bakarka" edo "uztarri bakarrean" izaten dira harria animalia bakar batek herrestan eramaten duenean edo "bikoteka".