Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Izatezko Bikoteak

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren helburua hauxe da: izatezko bikote diren edo izatezko bikotea eratzeko asmoa duten pertsonak —direla sexu berekoak, direla sexu desberdinekoak— Erregistroan izena ematea, ordutik aurrera Izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarritakoa aplika dakien. Izan ere, lege horrek parekatu egiten ditu ezkondutako bikoteak eta ezkongabeak Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Hala, maila berean jartzen dira hainbat arlo: zergak, familia (bitartekaritza-, adopzio- eta harrera-zerbitzuak, osasun zentroekiko harremana etab.) eta funtzio publikoaren arloa, baita EAEko Zuzenbide Zibilean oinordetza- eta ekonomia-erregimenari buruz zehazten diren arloak ere. Hau da, maila berean jartzen dira, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eskumena duen gaietan, eta ezkontideek duten tratu berdina bermatzen zaie Euskadiko edozein administrazio publikoren aurrean. Oro har, eremu autonomikotik kanpo, administrazio publiko baten menpe dagoen erregistroa izanik, bertan izena emanda egoteak frogatuta uzten du izatezko egoera hori dagoela, Erkidegotik kanpoko araudiak ere, hala badagokio, izatezko bikoteei ere ondorioren bat aintzatesteko (gizarte-segurantza, errentamenduak, etab.)

Baldintzak

Legeari heldu ahal izateko baldintzak:

  • Bi pertsonak adinez nagusiak edo adingabe emantzipatuak izatea.
  • Biek gaitasun osoa edukitzea.
  • Lerro zuzeneko odol- edo adopzio-ahaideak ez izatea.
  • Bigarren graduko albo-ahaideak (anai-arrebak) ez izatea.
  • Bi pertsonetako inor ez egotea beste pertsona batekin ezkonduta, edo ez izatea beste pertsona baten izatezko bikotea.
  • Bikotekideetatik bat behintzat euskal auzota¬sun zibila izatea.

Egiaztapena

Legeak ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, Izatezko Bikoteen Erregistroan aurkeztuko dira “baldintzak eta dokumentazioa” atalean zehazten diren dokumentuak.

Izatezko Bikoteen Erregistroa

Erregistroan izena emateak izaera eratzailea du; ondorioz, izena eman ez duten bikoteei ez zaie Legea ezarriko. Izena emateko, zuzenean jo daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistrora, hiru Lurralde Historikoetako Enplegu eta Gizarte Politiken ordezkaritzetan kokatua. Beste aukera bat da udal-erregistrora jotzea, erregistroa duten udaletan. Kasu horretan, berariaz adierazi beharko dute Legeari heldu nahi diotela. Baldintza guztiak betetzen direla egiaztatuko du EAEko Bikoteen Erregistroak, udal-inskripzioak baliozkoak izan eta 2/2003 Legearen araupean gera daitezen.

Itunak

Bikoteak askatasuna izango du bere ekonomia- eta ondare-harremanetako edukia arautzeko. Horretarako, itun edo hitzarmen arautzaile bat sinatu beharko du. Ituna dokumentu publiko bidez (notarioaren aurrean) edo dokumentu pribatu bidez eman ahal izango da, eta Izatezko Bikoteen Erregistroan jasota geratuko da. Bikoteak nahi beste aldiz aldatu ahal izango da ituna. Aldaketa bakoitza Erregistroan aurkeztu beharko da, bertan gehitzeko.

Itun espresik egiten ez bada, Kode Zibilean ezarritako ondasunen banantze-eraentza izango da lege honek arautzen dituen izatezko bikoteen ekonomia- eta ondare-erregimena.

Izatezko bikoteen ekonomia- eta ondare-harremanak

Ezkondu gabeko bikoteei dagokienez, errealitatean sortu ohi den arazo garrantzitsuenetako bat da ez dagoela ekonomia-harremanak arautzeko ekonomia-araubide zehatzik, aintzat izanik saihestezina dela izaera ekonomikoko kontuak agertzea eta, horiei aurre egiteko, komenigarria dela horiek konpontzeko aplikatu behar diren (eta arautuko duten) irizpideak zehaztea.

Ikuspegi juridikotik, horrela defini daiteke Ondarearen Ekonomia Araubidea: bikoteak osatutako harreman juridikoak iraun bitartean, bikotearen arteko eta bikotearen eta hirugarren pertsonen arteko ekonomia-harremanak arautzen dituzten arauen multzoa.

Euskadin Izatezko Bikoteak Arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legeko 5. artikuluak (Eusko Legebiltzarrak ekainaren 25ean emandako Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legean zehaztutako idazketan) honako hau xedatzen du:

«1. Izatezko bikotekideek beren elkartzearen ondorio diren harreman pertsonal eta ondarezkoak arautu ahal izango dituzte agiri publiko edo pribatuaren bitartez, eta bakoitzaren eskubide eta betebeharrak zehaztuko dituzte bertan, bai eta bikotea deseginez gero eman beharreko ordain ekonomikoak ere.

2. Ezingo da hitzartu izatezko bikotea aldi baterako eratzea, ez eta haren eraketa baldintzaren baten mende ezartzea ere. Administrazio publikoek ez dituzte erregistroan jasoko edozein bikotekideren oinarrizko eskubide eta askatasunak hauts ditzakeen itunak.

3. Itun espresik egiten ez bada, lege honek arautzen dituen izatezko bikoteen ekonomia- eta ondare-erregimena Kode Zibilean ezarritako ondasunen banantze-eraentza izango da».

Aurrekoaren arabera, bikote-harremana arautuko duen ekonomia- eta ondare-erregimena itun baten bidez ezar daiteke. Horretarako, dokumentu publiko bat (notarioaren aurrean) edo dokumentu pribatu bat sinatu behar dute bikotekide biek (Eusko Jaurlaritzako hiru lurralde-ordezkaritzek hiru dokumentu dituzte, hiru itun motari lotuta, zeinak doan ematen baitira).

Beraz, izatezko bikotea osatzen duten kideek hitzartu dezakete ekonomia- eta ondare-erregimena. Edonola ere, itun espresik egiten ez bada, ekonomia- eta ondare-erregimena Kode Zibilean ezarritako ondasunen banantze-eraentza izango da.

Ondorioz, bi egoera bereiz ditzakegu: bi aldeek idatzizko itun bat egiten dute, edo ez. Itun horren bidez, beren elkarbizitzako harremana arautuko duten ekonomia-harremanak ezartzen dituzte,eta horietatik ondorio hauek sortzen dira:

  • Bikoteak idatzizko itunik egiten EZ badu

Ekonomia- eta ondare-erregimena Kode Zibilean ezarritako ondasunen banantze-eraentza izango da.

  • Bikoteak idatziz itundu baditu bere ekonomia-harremanak

Izatezko bikoteek askatasun osoz hitzar dezakete beren harremanak arautuko dituen ekonomia-araubidea; hartara, ez zaizkie automatikoki aplikatuko ezkontza-harremanetako ekonomia-araubideak (hala nola irabazpidezkoa, ondasunen banantzekoa edo partaidetzakoa).

Hala, bikotea osatzen duten bi kideek egokitzat jotzen dituzten itunak egin ditzakete, beren ondasunen edo elkarrekin bizi diren bitartean lortzen dituzten ondasunen titulartasuna eta etekina kudeatu eta banatzeko.

Beren ekonomia-harremanei buruz itun horietan ezartzen dutenak ez die zuzenean haiei soilik eragingo, haien oinordekoei ere eragingo die.

Ekonomia-araubide motak

Hauek dira ekonomia-araubide motak:

• Ekonomia-araubidea

(Power Point dokumentua ikusteko)
(Dokumentua Zip moduan konprimituta jasotzeko)

Bikotearen ekonomia-araubidea deuseztatzea

Hona hemen izatezko bikotea deuseztatzeko kausak:

  • Kide biak horretan ados jarri direlako.
  • Izatezko bikotea osatzen duten pertsonetako batek bere kabuz hala erabaki duelako, beste bikotekideari horren inguruan fede emanda jakinarazita.
  • Izatezko bikotea osatzen duten pertsonetako bat hil delako edo heriotza-adierazpena egin delako.
  • Izatezko bikotea osatzen duten pertsonak elkarrekin ezkondu dierako, edo haietako bat beste pertsona batekin ezkondu delako.

Izatezko bikotea osatzen duten pertsonek elkarrekin adostu dezakete beren ondare-erregimena likidatzea, baina auzi bidez ere adostu dezakete.

Biak ados egotekotan, hiru era daude egiteko:

  • Ahoz, ondasun higiezin komunik ez badago.
  • Dokumentu pribatu bidez, egokitzat jotzen badute.
  • Eskritura publiko bidez, ondasun higiezin komunik badago edo harremanaren hasieran hitzartutako ekonomia-araubidea notarioaren dokumentuan jasota badago (adibidez, ezkontza-itunak).

Hala ere, bikotea ekonomia- eta ondare-erregimena deuseztatzeko ados jartzen ez bada eta ondasun komunik badago, beharrezkoa izango da epaitegietara jotzea.

Kasu horietan, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, izatezko elkarketa existitu dela egiaztatzea (Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak emandako inskripzioaren egiaztagiriaren bidez). Horrez gain, egiaztatu behar izango da indarrean zegoen bitartean ekonomia-sistema jakin batek arautu zuela elkarketa amaitu dela eta, beraz, ekonomia-araubidea amaitutzat jo eta likidazioa egin behar dela, bikotekideei dagokien ondasun-esleipenarekin.

Oinordetza

Konstituzioak jaraunspen-eskubidea aitortzen du 33. artikuluan. Heriotza benetako gertakizuna denez, pertsona fisikoak hil osterako desirak edo nahiak adierazita utz ditzake, bere ondasun edo eskubideek izan behar duten xedeari dagokionez. Nahi-adierazpen horiek egiteak edo ez egiteak bi oinordetza mota dakartzate beraiekin:

  • Testamentuzko oinordetza: Oinordetza ematen da, pertsonak hori nahi zuela testamentuan adierazteagatik. TESTAMENTUA EZARTZEN DENEAN.
  • Testamentu gabeko oinordetza: Hiru egoeratan gertatzen da:

Testamenturik egin gabe hiltzean.
Testamentua eginda ere, bertan testamentugilearen ondasun guztiak xedatu ez direnean.
Xedatutako oinordekoak oinordetzeko gaitasunik ez duenean.

Kode Zibilean araututako testamentu bidezko oinordetzan (estatuko araudia) testamentugilearen nahia nahiko mugatua dago, baldin eta gertuko ahaiderik edo ezkontiderik badago. Izan ere, egoera horietan Legeak zenbait xedapen betetzera behartzen du testamentugilea.

Senipartea da testamentugileak xedatu ezin duen ondasun multzoa, legeak jaraunsle zehatz batzuei, nahitaezko jaraunsleei, erreserbatu die eta. Nahitaezko jaraunsle horiek dira (ordena honetan):

  1. seme-alabak eta ondorengoak
  2. aita eta ama, eta aurreko ahaideak
  3. alarguna

Ezkontide alargunaren senipartea gozamen moduan da beti, eta oinordetzan parte hartzen duten pertsonen araberakoa da:

  1. Seme-alaba komunek parte hartzen badute, haren senipartea hobekuntzara zuzendutakoaren herenak osatuko du.
  2. Kausatzailearen aurreko ahaideek parte hartzen badute, haren senipartea jaraunspeneko ondasunen erdiaren gaineko gozamenak osatuko du.
  3. Aurreko ahaiderik eta ondorengorik parte hartzen ez badu, jaraunspeneko ondasunen bi herenen gaineko gozamen-eskubidea izango du.

Testamentu gabeko oinordetzan legeak ezartzen du nor izango den oinordekoa, ordena honekin:

  1. ahaideak (ondorengoak, aurreko ahaideak eta alboko ahaideak –ordena horretan–)
  2. ezkontide alarguna
  3. Estatua

Kasu horretan, aurreko ahaiderik edo oinordekorik ez badago, bizirik dagoen ezkontidea izango da ondasun guztien oinordekoa, alboko ahaideen aurretik.

Dagoeneko esan denez, orain arte Kode Zibilean ezarritako terminoetan aritu gara oinordetzari buruz. Araudi horrek izaera autonomikorik ez duenez, estatukoa baizik, ez zen egokia, ezkontzari eragiten dion guztiari dagokionez, izatezko bikoteak parekatzea; izan ere, izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak izaera autonomikoa du.

Aurrekoa gorabehera, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legea onetsi denez (araudi horrek izaera autonomikoa du, eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremu osoan aplikatu ahal izango zaie euskal auzotasun zibila duten pertsonei), Euskal Autonomia Erkidegoan aplika daitekeen oinordetza-eskubidea da aipatutako legean jasotzen dena. Lege horrek izatezko bikoteak osatzen dituzten pertsonak ezkontideekin parekatzen ditu, hau da, maila berean jartzen ditu guztiak.

Euskal Zuzenbide Zibilaren araberako oinordetzak

Testamentuzko oinordetzan –Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legean arautua– testamentugilearen nahia zabalagoa da Kode Zibilean aplikatzen denean baino. Nolanahi ere, xedapen jakin batzuk betetzera behartuta dago, bereziki, seniparteari dagokionez.

Hala, senipartea horrela arautzen da Euskal Zuzenbide Zibilean:

Senipartedunak:

  • seme-alabak
  • aurreko eta ondorengo ahaideak, edozein gradukoak
  • ezkontide alarguna edo izatezko bikoteko bizirik dagoen pertsona, bere gozamen-kuota dela eta, aldi berean edozein motako jaraunsleen parte-hartzearekin.

Senipartea: jaraunspenaren gaineko kuota da, eta kausatzaileak bere senipartedunei eman diezaieke jaraunspen, legatu edo dohaintza gisa, edo beste modu batean. Zehazki, senipartearen zenbatekoa hauxe izango da:

  • Seme-alaben edo oinordekoen kasuan, jaraunspeneko ondasunen herena.
  • Ezkontide alargunaren edo izatezko bikotetik bizirik dagoen pertsonaren kasuan, senipartea beti izango da gozamen-eskubidea, honako terminoetan:
  • kausatzailearen ondasun guztien erdiaren gozamena, ondorengoek parte hartuko balute.
  • Ondorengorik ez badago, ondasunen bi herenen gozamena izango du.

Kausatzaileak nahitaez transmititu behar die senipartea haren senipartedunei, baina, horien artean, bat edo batzuk hautatu eta gainerakoak bazter ditzake, espresuki edo isilpean. Baztertzea ez aipatzea isilpeko baztertzearen parekoa da, eta nahitaezko jaraunsle-oinordeko baten preterizioa, nazioartekoa dela edo ez dela, hura baztertzearen parekoa da.

Aurrekoa gorabehera, seniparteari uko egin ahal zaio, kausatzailea hil aurretik ere, kausatzailearen eta senipartedunaren arteko oinordetza-itun baten bidez. Senipartedun guztiek uko egiten ez badute, uko egin ez duten pertsonen senipartearen ukiezintasuna mantenduko da.

Halaber, kausatzaileak bere biloben alde edo hurrengo ondorengoen alde xeda dezake senipartea, aita edo ama edo horien aurreko ahaideak bizirik badaude ere.

Lege-oinordetzan edo testamentu gabeko oinordetzan (jaraunspen guztia edo zati bat behar bezala, testamentu edo oinordetza-itun bidez, xedatu ez denean gertatzen da), Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legean aurreikusitako xedapenekin bat, ondasunen arabera oinordetuko da, honako ordenari jarraikiz:

1.– Tronkaleko ondasunen oinordetza:

Tronkaleko ahaideak, betiere odol- edo adopzio-ahaidetasunagatik, honako ordenari jarraikiz:

  • beheranzko lerro zuzenean, seme-alabak eta gainerako ondorengoak
  • goranzko lerro zuzenean, onibarraren jatorriko lerroko aurreko ahaideak, eskuratze-titulua edozein dela
  • alboko lerroan, onibarraren jatorriko lerroko laugarren graduaren barruko alboko ahaideak

Aurrekoa gorabehera, ezkontideei edo izatezko bikotea osatzen duten pertsonei dagokienez, aintzat hartu behar dira honako gogoeta hauek:

  • Ezkontzak iraun bitartean ezkontideek lortutako onibarrei edo izatezko bikotearen osaerak iraun bitartean bikotekideek lortutako onibarrei dagokienez, ezkontide biak edo izatezko bikotea osatzen duten pertsona biak dira tronkaleko ahaideak. Ondasun horiek seme-alabei edo ondorengoei transmititu arren, ezkontideek edo izatezko bikotea osatzen duten pertsona eskuratzaileek goranzko lerroaren tronkaleko ahaideak izaten jarraitzen dute, beheranzko pertsona titularrarekin duten ahaidetasun gradua edozein dela.
  • Ezkontide alargunari edo izatezko bikoteko bizirik dagoen kideari Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legean arautzen diren eskubide guztiak aitortzen zaizkio. Eskubide horiek tronkaleko ondasunen gainekoak izango dira, baldin eta tronkalekoak ez diren ondasunik ez badago edo behar beste ez badaude.

Azkenik, tronkaleko oinordekorik ez balego, ondasun guztiak ondasun ez tronkaltzat joko dira.

2.– Tronkalekoak ez diren ondasunen oinordetza:

  • Lehenik eta behin, seme-alaben edo ondorengoen alde.
  • Banandu gabeko ezkontide alargunari edo legez edo elkar adostuta banandutako alargunari, fede eman bada, edo osatzen zuten pertsonetako baten heriotzagatik deuseztatu den izatezko bikoteko bizirik dagoen kideari.
  • Aurreko ahaideei.
  • Alboko pertsonei odol- edo adopzio-ahaidetasuneko laugarren graduaren barruan.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko oinordetza:

Goian adierazitakoaren arabera, legez oinordeak izan behar duten pertsonarik ez badago, ondasun guztien oinordekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra izango da, eta honako esleipena egingo du:

  • heren bat berarentzat
  • beste heren bat hildakoaren azken bizilekuari dagokion Foru Aldundiarentzat
  • eta beste bat hildakoa bizi izan zen azken udalerriarentzat.

Administrazio publiko horiek gainerako jaraunsleen eskubide eta betebehar berak izango ditu; baina jaraunspena inbentario-onuraren arabera onartu dela ulertuko da beti, eta horren inguruan ez da inolako adierazpenik behar.

Estatuko araudiaren (Kode Zibila) araberako oinordetza-zuzenbidea

Testamenturik gabe:

  • Izatezko elkarketetan, alargunak ez du ezer jaraunsten. Ezkontzetan, ezkontide alargunak ehuneko bat jaraunsten du, ondasunen heren bat eta % 50 artean, beste jaraunsle senipartedun egotearen arabera (esaterako, seme-alabak edo hildakoaren aita edo ama).
  • SEME-ALABAKEKIN: izatezko elkarketetan, seme-alabek jaraunspenaren % 100 jaraunsten dute. Ezkontzetan, seme-alabek jaraunspenaren % 100 jaraunsten dute, jaraunspenaren 1/3aren gozamena izan ezik. Gozamen hori ezkontide alargunarentzat da.
  • SEME-ALABARIK GABE: izatezko elkarketetan, seme-alabarik ez badago eta aita, ama edo aurreko ahaiderik badago, % 100 jaraunsten dute aitak eta amak.

Ohiko etxebizitza bikotearen jabego komunekoa bada, hildakoaren aita eta amak etxebizitzaren jabegoaren % 50 jaraunsten dute. Etxebizitza hildakoarena bakarrik bada, haren aitarena eta amarena izango da ordutik aurrera. Hala ere, ezkontzetan, seme-alabarik ez badago eta aita, ama edo aurreko ahaiderik badago, aitak eta amak jarauntsiko dute, betiere ezkontide alargunaren ondasunen erdiaren gozamena errespetatuz.

  • ONDORENGORIK ETA AURREKO AHAIDERIK EZ BADAGO, izatezko elkarketetan anai-arrebek edo ilobek jaraunsten dute. Ezkontzetan, aldiz, % 100 jaraunsten du ezkontideak.

Testamentuarekin:

  • SEME-ALABEKIN: izatezko elkarketetan, seme-alabarik edo bilobarik badago (azken horiek aldez aurretik hildako seme edo alaba bat ordezkatuko lukete), bizikideak ondasun guztien 1/3 jaraunts dezake, testamentuak hala agintzen badu. Gainerako 2/3ak seme-alabenak dira legeak aginduta (beraz, beste inork ezin ditu jaso). Ezkontzetan, seme-alabarik badago (edo bilobak, aurretik hildako seme edo alaba bat ordezkatzeko), ezkontideak ondasun guztien herena jaraunts dezake (testamentuak hala agintzen badu), gehi beste 1/3 baten gozamena. Gainerakoa seme-alabentzat da legeak aginduta.
  • SEME-ALABARIK GABE: hildakoaren gurasoek ondasunen erdiaren gaineko eskubidea dute, eta eskubide hori testamentua eginda ere errespetatu da. Beste erdia xedapen askekoa da, eta bizikidearentzat izan daiteke (betiere, noski, testamentuan haren alde xedatu bada). Ezkontzetan, aita edo amarik badago eta seme-alabarik ez badago, gurasoek jaraunspenaren 1/3 baten gaineko eskubidea dute. Ezkontidea gainerako 2/3en jaraunslea izendatua izan daiteke.
  • OINORDEKORIK ETA AURREKO AHAIDERIK EZ BADAGO, izatezko elkarketetan, testamentugilea aske da bere izatezko bikotekidea bere ondasun guztien jaraunsle izendatzeko (oinordekorik eta aurreko ahaiderik ez badago bakarrik, aitona-amonak barne hartuta). Ezkontzetan, oinordekorik eta aurreko ahaiderik ez badago, (aitona-amonak barne hartuta), testamentugilea aske da bere ezkontidea bere ondasun guztien jaraunsle izendatzeko.

IZATEZKO BIKOTEEI TESTAMENTUA EGITEA GOMENDATZEN ZAIE. AUKERA GEHIGARRI BAT DA BIZITZAN ZEHAR DOAHINTZA EGITEA, JARAUNSLE LEGITIMOEN ETA HARTZEKODUNEN ESKUBIDEAK ERRESPETATUZ.

Oinordetza-erregimena Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremu osoan aplikatuko da.

Oinordetzeko erak:

Oinordetza ematen da:

  • testamentu bidez
  • oinordetza-itun bidez
  • horiek ezean, legeak xedatuta.

Aldi berean, ondasunen zati bat testamentu bidez xeda daiteke, eta bestea oinordetza-itun bidez. Testamentuak ez du oinordetza-ituna baliogabetzen. Oinordetza-itunak, aldiz, berekin kontraesanean dagoen testamentua baliogabetzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoan honakoek arautzen dute:

  • Kode Zibilean araututako testamentua egiteko forma guztiek eta
  • «hilburuko» edo hiltzeko arriskuan izeneko testamentuak.

Testamentu-modalitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibilaren arabera

Izatezko bikoteek Euskal Zuzenbide Zibilaren arabera egin dezakete testamentua, ezkonduta egongo balira bezala, eta honako hauetako edozein aukeratu dezakete, betiere horiek emateko ezarri diren egoerak eta baldintzak ematen badira:

1.- Hil-hurrean egindako testamentua edo «hilburukoa»

Gaixotasun larri bat edo beste kausa bat dela-eta berehala hiltzeko arriskuan dagoen horrek egin dezake testamentu hori.

Hiru lekuko egokiren aurrean ematen da, notarioak parte hartu gabe eta fede-emaile publikorik eza justifikatu behar izan gabe.

Premiak horretarako aukera ematen ez badu, ez da beharrezkoa izango testamentua idaztea eta testamentugileari irakurtzea. Edonola ere, azken nahia hitzez adierazi bezain pronto idatzi beharra dago.

Testamentu hori baliorik gabe geratuko da, testamentugileak hiltzeko arriskuan egoteari utzi eta bi hilabete igarotzen badira. Halaber, testamentugilea denbora-tarte horretan hiltzen bada, testamentua baliogabe geratuko da, baldin eta heriotzaren egunetik hurrengo hiru hiletan lege prozesalek aurreikusitako eran egiaztatzen ez bada eta eskritura publikoa egiteko aurkezten ez bada.

Testamentugilea heriotza arriskutik irten bada baina beste testamentu bat egiteko gaitasunik ez badu, hiru hileko epea egongo da testamentua egiaztatu eta eskritura publikoa egiteko, lehen une horretatik hasita.

Testamentua judizialki egiaztatu denean, notario-protokoloan jasoko da.

2.- Testamentu mankomunatua.

Testamentua mankomunatua izango da bi pertsonek (bizikideak edo ahaideak izan edo ez izan) tresna bakarra eta hil osterako beren ondasun guztiak edo zati bat dutenean.

Halaber, testamentu bateratua testamentu mankomunatutzat hartuko da, baldin eta haren bitartez testamentugileetako batek edo biek pertsona hori edo beste bat komisario izendatzen badute, hil eta gero dagokion oinordetza agin dezan.

Auzotasun zibila EAEn dutenek autonomia-erkidego honetatik kanpo ere egin dezakete testamentu mankomunatua. Halaber, lege pertsonalak testamentua elkarrekin egitea debekatzen ez dion beste kausatzaile batekin batera ere egin ahal izango dute testamentu mankomunatua, beren autonomia-erkidegoaren barruan zein kanpoan.

Ermandadeko testamentua baliagarria izateko, testamentugile biek emantzipatuta egon behar dute testamentua egitean.

Testamentu mankomunatuak:

  • irekia izan behar du.
  • notarioaren aurrean egin behar da beti.

3.- Komisario bidezko oinordetza:

Testamentugileak komisario bati edo batzuei honakoak agin diezaieke:

  • oinordeko bat izendatzea
  • ondasunak banatzea
  • dagozkion ahalmen guztiak betetzea, ondasunen oinordetza-transmisioari dagokionez

Komisario hauen bidez izendatu behar da:

  • testamentu bidez
  • notarioaren aurrean

Ezkontideek komisario izendatu ahal izango dute elkar, ezkontza-itunetan edo oinordetza-itunean, ezkondu aurretik edo ostean.

Komisarioak egoki den gaitasuna izan beharko du egin beharreko ekintzarako, testamentu-boterea erabiltzen den unean.

Bestalde, izendatutako oinordekoak edo oinordekoek oinordetzeko gaitasuna izan beharko dute kausatzailea hiltzean edo testamentu-boterea erabiltzen den egunean.

Testamentugileak kontrakoa xedatzen ez badu, komisarioak:

  • Ezingo du fideikomisorik ezarri.
  • Ezingo du oinordekoaren izendapen baldintzatzailerik egin titulu unibertsalean edo partikularrean.
  • Ezingo du oinordekoen izendapena eta ondasunen esleipena atzeratuko dituen erabakirik hartu.

Komisarioak bere kargua beteko du komisio-emaileak testamentu-boterean berariaz ezarri duenari jarraikiz, eta ezarritakoa ezin izango da inola ere aldatu.

Izatezko bikote bat osatzen duten pertsonek komisario izendatu ahal izango dute elkar ondareko ekonomia-araubidean edo oinordetza-itunean, betiere notarioaren aurrean dokumentu publiko bidez eginda.

Testamentugileak ezarri badu komisarioak zer pertsonaren artean hautatu behar duen, hark boterean ezarritakoari jarraitu behar dio. Mota horretako adierazpenik ez badago, komisarioak hautatu beharko du: ezkontide alargunaren, izatezko bikoteko bizirik dagoen pertsonaren eta nahitaezko jaraunsleen artean; eta, tronkaleko ondasunen kasuan, tronkaleko ahaideen artean bakarrik hautatu ahal izango du. Nahitaezko jaraunslerik ez badago, komisarioak nahi dituen oinordekoak izenda ditzake.

*Oinordetzari buruzko informazioa orientagarria da; ez, ordea, loteslea. Hori dela eta, argitalpen ofizialak kontsultatzea gomendatzen da (Kode Zibila, 206 zenbakiko BOEn argitaratua, 1889ko uztailaren 25ean; eta Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legea, Eusko Legebiltzarrarena, 2015eko ekainaren 25ekoa, 124 zenbakiko EHAAn argitaratua, 2015eko uztailaren 3an, eta 176 zenbakiko BOEn, 2015eko uztailaren 24koan)).

Azken aldaketako data: 2016/03/14