Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Partaidetza - Erregimena



Baliozkotuta eraturiko bikotearen harremaneko partaidetza-erregimenean, modu independentean jarduten dute ondare-arloan bikoteko bi kideek, euren arteko ondasun-banantzea zuzenduko balu bezala; baina behin erregimenaren likidazioa irekita, erregimen hori indarrean egon den denboran hurrenez hurren lorturiko irabazietan partaidetzeko elkarrekiko obligazioa sortzen da. Hortaz, ez dago ondasun komunik, eta likidazio-fasean soilik sortzen da alderdi bakoitzarentzako kreditu bat; ondare bakoitzaren irabazien eta galeren zenbaketa orokor eta kontablearen emaitza izango da haren zenbatekoa.

Horrela, bi puntu uztartu nahi ditu partaidetza-erregimenak: bikote-harremanaren funtzionamenduan ondasun-banantzeak dituen abantailak batetik, eta bien arteko elkartasunaren ikuspuntutik begiratuta irabazizkoen sozietateak dituen abantailak bestetik.

Hala ere, ondokoa azpimarra liteke; erregimen oso konplexua da bere likidazioari dagokionez, hasierako eta amaierako ondareen balorazioak planteatzen dituen zailtasunak direla-eta, likidazio-prozesua geldotuta. Erregimen hau hastean bakoitzaren ondasunen inbentario baloratua egiten da, eta hura desegiten denean haiek duten balio handiagoa edo txikiagoa eta haiekin lorturiko irabaziak hartuko dira kontuan; etekin handiagoa lortu duen bikoteko kideak besteari konpentsatu egingo dio bere plusbalioen soberakina dela-eta.

"Ondare-erregimen honek bikoteko kide bakoitzak hura indarrean dagoen bitartean beste kideak lortzen dituen irabazietan partaide izateko eskubidea dakar".

Bi etapa bereizi behar dira partaidetza-erregimena aztertazeko:

  • erregimen hau indarrean dagoen denboraldia barne hartzen du lehenak; bikoteko kideek euren artean ondasun-banantzea balego bezala jarduten dute.
  • partaidetza-erregimena iraungitzen den unean irekitzen den bigarren etapa.

Partaidetza-erregimenaren iraunaldia

Ondasunen administrazioa: Irabazitako partaidetza-erregimena hasten denean dagozkion ondasunak administratzea, gozatzea eta libreki baliatzea dagokio bikoteko kide bakoitzari, baita hark irauten duen bitartean eskuratzen dituenak ere (erosketa, dohaintza, jaraunspena...).

Bikoteko kidearekin batera ondasun edo zuzenbideren bat eskuratzen bada, biena izango da.

Partaidetza-erregimena iraungitzea

Irabazizkoen erregimenaren arrazoi berengatik iraungitzen da erregimen hau, eta irabazizko sozietateak desegiteko aukerarako xedaturikoa aplika dakioke.

Nola zehazten dira irabaziak?

Partaidetza-erregimena iraungitzen denean, bikoteko kide bakoitzak duen hasierako eta amaierako ondarearen artean dagoen aldeen arabera zehazten dira irabaziak.

Hasierako ondarea

Ondokoek osatzen dute:

  • Aktiboak: Partaidetza-erregimena hastean bikoteko kideenak diren ondasunak eta edozein tituluren bitartez (erosketa, jaraunspena, dohaintza, legatua...) eskuratutakoak.
  • Pasiboak: Erregimena hastean ordaintzeke izanagatik bikoteko kideek ordaindu beharreko diru-kopuruak edo ondasun berriak eskuratzetik eratorritakoak ?erosketa edo jaraunspena, dohaintza edo legatua tarteko? kendu behar zaizkio aurreko aktiboari, betiere gastu horiek eskuraturikoaren zenbatekoa gainditzen ez badute.

Pasiboak aktiboa gainditzen badu, hasierako ondarerik ez dagoela hartuko da kontuan.

Amaierako ondarea

Ondokoek osatzen dute:

  • Aktiboak: Partaidetza-erregimena amaitzen denean bikoteko kide bakoitza titular den ondasun eta eskubideak.
  • Pasiboak: Oraindik ordaindu gabeko obligazioak kendu behar zaizkio aktiboari.

Bikotearen kide bakoitzak bestearen baimenik gabe emandako edo oparituriko ondasunen balioa ere barne hartu behar da azken ondarean.

Amaierako ondarea osatzen duten ondasunei erregimena amaitzeko unean duten balioa eman behar zaie; iruzurrez saldu eta oparitu zirenei ere partaidetza-erregimena amaitzeko egunean izango zuten balioa ematen zaie, euren egoeraren arabera.

Bikoteko kide bakoitzak bestearekiko dituen kredituak ere aktibo gisa barne hartzen dira amaierako ondarean, eta pasibo gisa bikoteko kide zordunaren kasuan.

Irabazia

Bikoteko kide baten eta bestearen amaierako eta hasierako ondareen arteko aldearen emaitza positiboa bada, eta emaitza hori bera bada bi kasuetan ere, ez da irabazirik izango, eta, horrenbestez, bikoteko kideek ez dute zer banaturik izango.

Emaitza positiboa handiagoa bada bikoteko kide baten ondarean bestearenean baino, emaitza txikiagoa lortu duenak bere ondasunaren igoeraren eta bikoteko beste kidearenaren arteko aldearen erdia jasoko du.

Emaitza positiboa ondare bakarrarena bada, ondokoa izango da partaidetza-eskubidea etekinik lortu ez duen bikoteko kidearentzat: bikoteko beste kidearen ondareak izan duen igoeraren erdia.

Bikoteko kideen arteko irabazietako partaidetza %50ez bestelakoa izatea itundu liteke, baina bikoteko kideei berdin eta proportzio berean aplikatu beharko zaie bi ondareetarako; horrela, adibidez, bikoteko kideek ezin izango dute itundu batek irabazietan, halakorik izanez gero, %70eko partaidetza lortzea, ezta berak bestearekin partekatu behar baditu partaidetza hori %50era murriztea ere; bi proportzioek berdinak izan behar dute bikoteko kideentzako. Irabazietako partaidetza hori %50ez bestelakoa izan liteke komunak ez diren seme-alabak badaude.

Nola ordaindu behar da irabazietako partaidetza?

Dirutan ordaindu behar da irabazietako partaidetzaren zenbatekoa; arlo judizialean geroratzea eman liteke, betiere gehienez 3 urtekoa bada, eta zorraren eta geroratzeak sorturiko interesen ordainketa behar bezala bermatzen badira (esaterako, banku-abalaren bitartez).

Bikoteko kideari eginiko ondasunen esleipenaren bitartez ere ordain liteke partaidetzaren zenbatekoa, alderdiek hori adostu dutelako edo ebazpen judizialak hori zehazten duelako.

Partaidetza ordaindu behar duen bikoteko kidearen ondarean, edo zordunarenean, dagokion kopurua ordaintzeko behar adina ondasun ez badago, bikoteko kide hartzekodunak bere baimenik gabe edo bere eskubideei iruzur eginda eginiko dohaintzen aurka egin ahal izango du; 2 urte ditu bikoteko kideak aurka egite hori gauzatzeko irabazietako partaidetza-erregimena iraungitzen denetik.

Azken eguneratzea: 2010/06/14