Irabazizkoen Sozietatea
EBi kideek bereizi gabe lorturiko irabazizkoak edo etekinak bateratu egiten dituzte ezkontza-erregimen ekonomiko honetan; sozietatea desegitean (harremana bukatzen denean edo biek bestelako erregimen ekonomiko bat ezartzea adosten dutenean) erdibana ematen zaizkie.
Itunaren bitartez bikoteak propio ituntzen duenean hasten da irabazizkoen sozietatea, sinatzen den unetik zuzenduko du eta irauten duen bitartean izango ditu ondorioak.
Irabazizko sozietateak zuzentzea ituntzen badute::
- Bizikidetzan bizikideetako edozeinek erosiriko ondasunak komuntzat joko dira, eta hausturarik izanez gero horien edo horien balioaren erdia bikoteko kide bakoitzari esleituko zaio.
- Etxebizitza, nahiz eta bizikideetako batek modu esklusiboan erositakoa izan, ezin izango da baliatu lagunaren onarpenik edo baimen judizialik gabe bizikidetzak irauten duen bitartean.
- Bizikidetzan bizikideek elikagaiak eman beharko dizkiote elkarri.
- Familia-kargak eramatearen mende daude bien ondasunak.
- Bizikidetza amaitzean, bizikide batek desorekagatiko pentsioa edo konpentsazio ekonomikoa eskatu ahal izango dio besteari, bizikidetzak iraun duen bitartean beste lagunarentzat edo etxea zaintzeko eginiko lana dela-eta.
Zein ondasun dira pribatiboak?
Ondokoak dira:
- Irabazizkoen sozietatea hasi aurretik bikoteko kide batenak soil-soilik direnak
- Irabazizkoen sozietatea hasi ondoren eskuratzen direnak doako titulua tarteko (opariturikoak, emandakoak edo jaraunspena dela-eta eskuraturikoak).
- Ondasun pribatiboen kontura edo haiek ordezkatuta eskuraturikoak
- Atzera eskuratzeko eskubidea baliatuta eskuraturikoak, betiere bikoteko kide bakarrarenak badira.
- Bikoteko kide batenak diren ondarezko ondasun eta eskubideak (pertsonarenak berezkoak eta inter vivos eskualdagarriak ez direnak).
- Bikoteko kideari edo haren ondasun pribatiboei eragindako kalteengatiko ordaina.
- Aparteko balioa ez duten norberaren arropak eta objektuak.
- Lanbidean edo ofizioan aritzeko beharrezkoak diren tresnak, horiek bien establezimendu edo negozio komun batekoak direnean izan ezik.
- Haren aldeko kreditua dela-eta bikoteko kide batek aldizkako diru-kopuruak jasotzen baditu, pribatibotzat hartuko dira diru-kopuru horiek, kredituaren titularraren kapitala denez.
- Bestelako ondasunen titulartasunaren ondorioz sinaturiko akzio edo titulu berriak ere pribatiboak izango dira.
Zein ondasun dira irabazizkoak?
Ondokoak dira:
- Bikoteko edozein kideren lan edo negozioa dela-eta lorturikoak.
- Ondasun pribatiboek zein irabazizkoek produzitzen dituzten fruituak, errentak edo interesak.
- Ordain bidez erosten direnak (diru komunarekin), batentzako zein bientzako dela.
- Irabazizko tanteo edo atzera eskuratzeko eskubidea baliatuta lorturikoak, bikoteko kide bakarraren fondo pribatiboak tarteko izanda ere. Kasu hauetan, dirua jarri zuen bikoteko kidearen zordun izango da irabazizko sozietatea, dagokion diru-kopurua tarteko.
- Ondasun komunekin eraturiko enpresak.
- Bikoteko kide bati dagokion usufruktu (edo erabiltzeko eskubide) edo pentsio eskubidea ondasun pribatiboen zati da, baina bikotea eratzen den bitartean ondasun horietatik lorturiko fruitu, pentsio edo interesak irabazizko ondasuntzat hartuko dira.
- Jokoan irabaziak.
- Irabazizkoen sozietateak irauten duen bitartean bikoteko kideentzako dohaintzen edo testamentuen bitartez eskuraturiko ondasunak bikotearenak izango dira, eta bikoteko kide bati soilik utzitakoak, berriz, pribatiboak izango dira.
- Zati batean irabazizko diruarekin eta beste batean diru pribatiboarekin edo bikoteko kide bakar batenarekin eskuraturiko ondasunak irabazizko sozietatearenak (zatitugabeko erregimenean) eta bikoteko kideenak dira, bakoitzak entregan egindako proportzioan.
- Bikoteak, ados jarrita, irabazizkotzat hartu ahal izango ditu bikotea osatzen den bitartean ordain bidez eskuraturiko ondasunak, prezio edo kontraprestazioaren jatorria, eta hura ordaintzeko modua eta epeak edozein izanda ere.
- Azkenik, irabazizko ondasuntzat joko dira bikotea eratzen den bitartean daudenak, betiere alderdi batenak soil-soilik direla frogatzen ez bada.
Epeka erositako ondasunak
Bi egoera bereizten dira:
- Ondasunak bikoteko kide batek irabazizko sozietatea indarrean dagoen bitartean eta epeka erosten baditu, irabazizkoak izango dira eginiko lehenengo ordainketa ere irabazizkoa izan bazen, gainerako kuotak kide batek soilik ordaindu bazituen ere.
Aitzitik, lehenengo ordainketa pribatiboa izan bazen, ondasuna pribatiboa izango da. - Bikoteko kide batek ondasunak irabazizko sozietatea hasi aurretik eskuratzen baditu, pribatiboak izango dira beti, geroraturiko prezio osoa edo haren zati bat irabazizko diruarekin ordaintzen bada ere.
Arau honetan salbuespen dira etxebizitza erostea eta tresnak edo ostilamendua; zati batean diru pribatiboarekin eta beste zati batean irabazizkoarekin erosi bazituzten ekarpena egin zuenarenak izango direla hartuko da kontuan, eta irabazizko sozietatearenak bakoitzak eginiko ekarpenaren proportzioan.
Bestalde, ondasunetan eginiko hobekuntzek eraginpean hartzen dituzten ondasunen nondiko norako bera izango dute, kasuan kasuko gastuen eragin-eskubidea aparte utzi gabe; hau da, hobekuntzak irabazizko diruko ondasun pribatiboen gain egin baziren, ondasun pribatibo hauen bikote titularraren kideak konponketen zenbatekoa zor izango die irabazizko sozietateari eta alderantziz.
Irabazizko sozietatearen kargak eta obligazioak
Irabazizko ondareak zenbait gasturi eutsi behar diela ezartzen du Kode Zibilak, eta zorren bat betetzen ez bada hartzekodunek zein ondare (irabazizkoa edo pribatiboa) erreklamatu dezaketen ere zehazten du.
Ondokoetatik eratorritako GASTUAK hartu behar ditu bere gain irabazizko sozietateak:
- Familiaren mantenua, seme-alaba komunen eta familia-nukleoan bizi diren seme-alaba ez-komunen elikadura, jantziak eta heziketa.
- Ondasun komunak eskuratu, eduki eta gozatzea.
- Bikoteko edozein kideren ondasun pribatiboen administrazio arrunta.
- Negozioen ustiapen erregularra edo bikoteko kide bakoitzaren lanbide edo ofizioan jardutea.
- Bikoteko bi kideek ados jarrita emandako edo agindutako diru-kopuruak, ondasun pribatiboen kargura ordainduko direla ituntzen ez bada.
Bestalde, irabazizko ondasunek bikoteko kide bakar batek egindako ZORRAK ordaindu beharko dituzte, betiere adierazitako zorrak ondokoak badira:
- Etxe-ahalmena (elikadura-gastu arruntak, hornikuntzak, etxeak erabiltzeko objektuak erostea, eta abar) edo irabazizko ondasunen kudeaketa arrunta baliatzean egiten direnak.
- Lanbide edo ofizio arruntaren jardunetik eratorritakoak, edo bikoteko kide bakoitzaren ondasun propio edo pribatiboen administrazio arruntak eragiten baditu.
- Biek egindakoak badira, edo batek bestearen berariazko baimenarekin.
- Izatezko banantzean, gastuak seme-alabak mantentzeko, haien etorkizunerako eta haiek hezteko badira, irabazizko sozietatearen kargura izango dira.
- Zorrak bikoteko eta sozietateko kide batenak badira, modu solidarioan erantzungo dute irabazizko ondasunekin.
- Bikoteko kide batek ondasun bat epeka eskuratzen badu beste kidearen baimenik gabe, ondasunak berak erantzungo dio zorrari, erantzukizuna beste ondasunetara zabal badaiteke ere.
- Jokoak eragindako bikoteko kide baten zorrak irabazizko sozietatearen zortzat hartuko dira, betiere horien zenbatekoa neurrizko gastutzat har badaiteke, familiaren ohituraren eta zirkunstantzien arabera.
Azkenik, bikoteko kide bakoitzak norberaren zorrei bere ondare pertsonalarekin erantzuten diela azpimarratu behar da; bere ondasun pribatiboak zor hori kitatzeko nahikoak ez badira, irabazizko ondasunen dagokion erdiarekin erantzungo du. Kasu honetan, irabazizko sozietatea desegitea eskatu ahal izango du hartzekodunak, eta zordunak horren ondoren hari esleitzen dizkioten ondasunen zenbatekoarekin berari ordaintzea.
Kasu hauetan, irabazizko sozietatea likidatu ondoren, ondasun-banantzearen sistema ekonomikoak zuzenduko ditu bikoteko kideak, salbu eta hura desegiten denetik 3 hilabeteko epean idazki publikoan berriz irabazizko sistema hastea erabakitzen bada.
Irabazizko ondasunen administrazioa
Hasteko, bikoteko bi kideei batera dagokie irabazizko ondasunak kudeatu, baliatu eta administratzea; hortaz, bien baimena beharko da irabazizko ondasunen gaineko baliatze-egintzak gauzatzeko. Egintza edo negozioa bikoteko bi kideek, edo haietako batek bestearen baimenarekin, gauzatzen badu hartuko da kontuan jardun bateratua dagoela.
Hala ere, bikoteko kide batek soilik egin ahal izango ditu gastu urgente edo premiazkoak, ezohikoak badira ere.
Bikoteko kide bakoitzak, bestearen baimenik gabe baina betiere hark jakinda, beharrezkoa duen dirua baliatu ahal izango du, familiaren zirkunstantzien arabera, bere lanbidean aritzeko edo bere ondasun pribatiboak administratzeko.
Bikoteak elkarri eta aldizka informazioa eman behar dio edozein jarduera ekonomikoren egoera eta errendimenduei buruz.
Ondare pribatiboen fruituak eta irabaziak, eta bikotearen kideen edozein irabazi sozietatearen zati dira, eta Irabazizkoen Sozietatearen karga eta erantzukizunen mende daude. Hala ere, alderdi bakoitza bere ondasunen fruituak eta produktuak baliatu ahal izango ditu horretarako soilik, bere ondare pribatiboaren administratzailea denez.
Haren izenean, betiere izena agertuta, egindako ondasunen administrazio-egintzak, eta dirua edo balio-tituluak baliatze-egintzak (esaterako, salmenta, alogera, emakida...) baliozkoak izango dira, edo ondasun horiek berak baditu.
Bikoteko kide bakar batek gauzaturiko baliatze-egintza baten ondorioz hark beretzako irabazi soila lortu badu, irabazizko sozietatearen interesen kaltetan, kalteak kuantifikatu direneko zenbatekoa zor dio sozietateari.
Hori bera aplika liteke bikoteko kide batek bere bizikideen eskubideen iruzurra eginez gero; gauzaturiko egintza deuseztatu edo baliogabetu ahal izango da kasu horretan.
Bikoteko kide bakoitzak irabazizko ondasunen erdia baliatu ahal izango du jaraunspena tarteko, betiere legitimoak errespetatzen badira. Irabazizko ondasun bat jaraunspen bidez baliatzeak erabateko ondorioa izango du testamentugilearen jaraunspenari esleitzen bazaio; horrela ez bada, hil zenean zuen balioa hartuko da oinordetzan utzitakotzat.
Epaitegiek bikoteko kide bakar bati eman ahal izango diote irabazizko sozietatearen administrazioa bestea arlo judizialean ezgaitu badute, familia abandonatu badu edo izatezko banantzea badago.
Irabazizko sozietatea desegitea
Ondoko kasuetan erabat desegin eta amaituko da irabazizkoen sozietatea:
- Bikotea desegin edo iraungitzen bada (bikotearen ezkontza edo kideetako bat beste pertsona batekin ezkondu izana, banantzea, bietako baten heriotza, eta abar, tarteko).
- Bikoteko kideek bestelako ondare-erregimen ekonomikoa propio ituntzen badute.
- Bikoteko kide bat arlo judizialean ezgaitua bada, iriole, absente, porrot-egoeran edo hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta, edo familia abandonatu izanagatiko delitua tarteko kondenatuta.
- Bikoteko kide batek irabazizkoen sozietatean bestearen eskubideetarako iruzurra, kaltea edo arriskua dakarten baliatze-egintzak gauzatzen baditu.
- Bikoteko kide batek jarduera ekonomikoen errendimenduari eta martxari buruz informatu beharra modu larrian eta behin eta berriz betetzen ez badu.
- Hartzekodun batek eskatuta irabazizkoen sozietatea likidatzen bada, bikoteko kide batek ordaintzeke dituen zorrak direla-eta.
Nola desegiten da irabazizkoen sozietatea?
Desegitea erabakitzen den unetik izango ditu hark ondorioak.
Lehenik inbentario bat landu behar da, eta bertan irabazizkoen sozietatearen aktiboa zein pasiboa bilduko da.
Ondokoek osatuko dute aktiboa:
- Sozietatea desegiteko unean dauden irabazizko ondasunek, horien balioa adierazita. Bikoteko kide batek ondasunen baten iruzurrezko salmenta egin badu, sozietatearen ondarean gordez geroz haiek zein balio izango luketen ere adierazi behar da.
- Bikoteko kide bakoitzaren izenean sozietateak ordainduriko kopuruen zenbateko eguneratuak; azken batean, bikoteko kidearen aurkako sozietatearen kreditu-eskubidea dira kopuru horiek.
Ondokoek osatuko dute pasiboa:
- Sozietateak ordaintzeke dituen zorrek.
- Ondasun pribatiboen balioaren zenbateko eguneratuak, betiere sozietatearen interesean kontsumituak izanagatik esku-dirutan itzuli behar bazaizkio ekarri zituen bikoteko kideari.
- Bikoteko kide batek soilik ordainduak izaki eta sozietatearen kargurako diren kopuruen zenbateko eguneratuak eta, oro har, sozietatearen aurkako bikoteko kideen kredituak diren kopuruek.
Aktiboaren balioa sozietatearen zorretarako izango da eta soberakina bikoteko kideen artean hainbanatuko da.
Eragiketa horren emaitza positiboa edo negatiboa izan liteke. Azken kasu honetan, bikoteko kide bakoitzak bere ondasun pribatiboen bitartez erantzungo die irabazizko sozietatearen zorrei.
Irabazizko sozietatearen likidazioa arlo judizialean edo notario-arloan egin liteke.