Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak larrialdietako merezimenduen 38 domina emango dizkie 2024an babes zibilaren arloan egindako lanagatik nabarmendu ziren pertsonei

Argitalpen-data: 

  • Ekitaldian Euskadiko udal-boluntarioek egindako lan solidarioa ere aitortu da.

Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiria buru dela egin da Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduen 38 domina (1 bereizgarri gorriarekin eta 37 bereizgarri berdearekin) emateko ekitaldia. Sailburuarekin batera, ekitaldian izan dira Joana Egiluze Babes Zibileko sailburuordea eta Joseba Zorrilla Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan egindako ekitaldian dominak jaso dituzte iaz ekintza-solidarioak egiteagatik nabarmendu ziren pertsonek, eta babes zibileko udal-boluntarioek egindako lana ere aitortu da —30 diploma eman zaizkie zerbitzuan 10 eta 25 urte bete zituztenei—.

Ohorezko aitorpen horien helburua da urtero Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistema osatzen duten taldeen lana saritzea, baita larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen laguntzen duten prebentzio-lanetan banaka zein taldeka nabarmendu diren pertsonen edo erakundeen lana saritzea ere.

Sari horiek “112 zerbitzuaren Europako Egunaren” harira ematen dira beti. Egun horretan, otsalaren 11n, eskaintzen dira 112 zerbitzuan jasotako deien eta kudeatutako larrialdi-gertakarien urteko datuak. 2024ko datuak hauek dira:

 

Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, SOS Deiak, 2024an, 816.975 dei erantzun zituen 112 telefonoaren bidez eta 250.276 gertakari kudeatu zituen.

Gertakari horietako gehienak lotuta zeuden larrialdi medikoekin (% 22,91), bide publikoan hautemandako arriskuekin (% 17,53), herritarren segurtasunarekin (% 17,40), pertsonen istripuekin (% 13,23) eta trafiko-istripuekin (% 8,23).

Erantzundako deiei dagokienez, Bizkaian 439.152 dei izan ziren, Gipuzkoan 252.911 dei eta Araban 124.912 dei.

Aldi berean, SOS Deiak zerbitzuaren APPak 107.033 deskarga erregistratu zituen eta horren bidez 851 gertakariri erantzun zitzaien; eCall sistemak, berriz, 3.252 larrialdi-dei sortu zituen, eta horietatik 589 benetako gertakarien ondoriozkoak izan ziren.

Aintzat hartu behar da bereizgarri gorriko domina emango zaiela pertsonak edo ondasunak arriskuan direneko larrialdi-egoeretan entrega, adore, espiritu humanitario edo elkartasun sozialeko kualitate bikainak agerian utzi dituzten egintzei edo jardunei.

Bereizgarri berdeko domina, berriz, emango zaie larrialdi-egoera batean pertsonen eta ondasunen babesean eta zaintzan, edo horien ondorioak arintzen, laguntza erabakigarria ematen duten —Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren helburuetan lagunduz— herritarren merituzko ekintzei, jardunei edo egintzei.

 

1 BEREIZGARRI GORRIKO DOMINA

  • 2024ko abuztuaren 28an, Joseba L. M. Mungiako udaltzainak, Huescako Pirinioetan, Panticosa inguruan, mendi-ibilbide bat egiten ari zela, 50 metroko horma batetik behera eroritako mendizale baten bizia salbatzen lagundu zuen, eta, horretarako, bere integritate fisikoa ere arrisku larrian jarri zuen.

37 BEREIZGARRI BERDEKO DOMINA

  • 2024ko otsailaren 23an, Ricardo García Celeiro ertzainaren laguntza erabakigarria izan zen urtebete eta zortzi hilabeteko Mai txikiaren bizitza salbatzeko. Mai auto ofizial batean eraman zuten Gasteizko Txagorritxu Ospitalera, itolarriaren sintomak baitzituen.
  • 2024ko maiatzaren 14an, Unatz Loza Villarragut 15 urteko gaztearen jardunak bere amaren eta 14 hilabeteko arrebaren bizitzak salbatzen lagundu zuen Bermeoko eraikin batean izandako sutean.
  • 2024ko otsailaren 1ean, Leire Goñi Artaraz erizainak Basauriko Artunduagako kiroldegian bihotzekoa izan zuen 62 urteko gizon bat artatu zuen.
  • 2024ko otsailaren 2an, Sergio Castellanos Marcos Bilboko udaltzainak Elkano kaleko polizia-etxean artatu zuen polizia-egoitza dagoen eraikin berean bizi den emakume bat, fruta zati bat eztarrian trabatuta geratu ondoren.
  • 2024ko maiatzaren 26an, David R. LL. eta Asier R.M. ertzainek, Ertzaintzako beste kide batzuen laguntzarekin, Orion (Gipuzkoa) Oria ibaira erori zen gazte baten bizitza salbatzen lagundu zuten.
  • 2024ko urtarrilaren 11n, Ziratz Suárez Deusto Lanalden enpresako langileak eta 112 zerbitzuko operadoreen koordinatzaileak Getxoko bide publikoan ondoezik jarri zen gizon baten bizitza salbatzen lagundu zuen.
  • 2024ko uztailaren 25ean, Pasaiako Portuan kayakean zebiltzan Iñigo Lois Caperochipi eta Antton Araneta Herguedas kirolariek eta Iñaki Macias Lasheras portuko langileak modu erabakigarrian lagundu zuten Lezoko dartsenatik uretara erori zen neska gazte baten bizia salbatzen.
  • 2024ko abuztuaren 12an, Castellóko Acossebre herrian oporretan zegoen J.G.L. ertzainak bizia salbatu zion emakume bati, Las Fuentes hondartzako uretan ahoz behera eta konortea erdi galduta zegoela ohartu zenean.
  • 2024ko abuztuaren 16an, Donostiako kaiko pantalanaren parean zerbitzuz kanpo zegoen I.M.E. ertzainak gizon batek beste bat goitik behera botatzea eragotzi zuen.
  • 2024ko azaroaren 10ean, Behobia-Donostia lasterketan parte hartu behar zuen Javier R. D. kirolariak modu erabakigarrian lagundu zuen Urumea ibaira erori zen gazte baten bizia salbatzen.
  • 2024ko maiatzaren 19an, Dimitri Ermolenko Altsasun bizi den ukrainarrak Txindoki mendian, ia 1.000 metroko altueran, irrist egin eta maldan behera erori zen emakume bat larri zaurituta aurkitu zuen. Dimitri Larraitz inguruan paseatzen ari zenean eta Txindokira igotzeko asmoa zuenean, zaunkaka ari zen eta hankak ukitzen zizkion txakur batekin topo egin zuen; behe-laino artean hari jarraitzeko adierazten zion. Horrela, txakurraren laguntzaz, Dimitrik mendizalea zegoen lekura iristea lortu zuen. Izan ere, mendizale hori Lur txakurraren jabea zen —Braco de Weimar eta artzain-txakur nahasketa—.
  • 2024ko apirilaren 16an, Iker Vega Fernández Bilboko Udaleko garbiketa-zerbitzuko langileak eta Iker Bitor de Arbeloa Perozok San Anton zubiaren parean itsasadarreko uretara erori zen neska gazte bat erreskatatu zuten.
  • 2024ko urriaren 12an, Marco Antonio Piedrahita Jiménezek eta Markel V.T. Bilboko udaltzainak Zubizuriko zubitik itsasadarreko uretara erori zen gizon bat erreskatatu zuten.
  • 2024ko ekainaren 13an, Jon Ansotegui Gómezek, Jaime Hormaechea Aldamiz-Echevarríak, Rafael Ramos Urrutiak, Pablo Ruiz Omeñacak, Eduardo Medina Urrutiak eta Alberto González Chuecak, guztiak ontzi bateko tripulatzaileak, bizia salbatu zioten Sukarrietako San Antonio hondartzako harkaitzetan, itsasgoraren igoeraren ondorioz, harrapatuta geratu zen gizon bati.
  • 2024ko ekainaren 4an, Izaskun D. L. R. eta Francisco Javier Merino Mellado Getxoko udaltzainek eta Aritz Gorozika Legarreta Suteak Itzaltzeko Foru Zerbitzuko suhiltzaile eta sarjentuak Algortako atari bateko beirazko ate bat gainera erori eta zauri larriak eragin zizkion gazte bati lagundu eta hura odolustea eragotzi zuten.
  • 2024ko abuztuaren 25ean, Bilboko jaietan, Ertzaintzako Iñigo H.B eta Borja Z.S. agenteek San Frantzisko auzoaren parean itsasadarrera erori zen gazte bat erreskatatu zuten.
  • 2023ko abenduaren 22an, sute handia izan zen Balmasedako San Severino plazako zurezko egitura zuen eraikin batean, eta Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek lanak izan zituzten sua itzaltzeko, ezin baitzuten barrutik lan egin eta kanpotik ezinezkoa baitzen sugarren oinarriari aurka egitea. Suteak itzaltzeko zerbitzuek aldameneko eraikinetik esku hartzeko aukera ikusi zuten, eta, azkenean, handik itzali ahal izan zuten sua. Horretarako, José Manuel Ortiz Maurizen laguntza solidario eta eskuzabala izan zuten, bere etxean sartzen utzi baitzien. Haren etxetik suari eraso egiteko bi lerro antolatu ahal izan zituzten eta handik egin zituzten sua itzaltzeko eta kontrolatzeko lanak.
  • 2024ko martxoaren 23an, Adriana Andrés García eta Javier S.D.A.G. Amurrioko udaltzainek Arabako herri horretako baserri bateko sutean harrapatuta geratu zen 83 urteko gizon bat erreskatatu zuten.
  • 2024ko martxoaren 7an, Jaime Bisabarroz Alcalá eta Erik Molina Goñi Donostiako Udaltzaingoko agenteek, Urgull mendiko komun eramangarri baten barruan labana batekin bere burua lesionatu zuen 20 urteko gazte bati bizia salbatzen lagundu zuten.
  • 2024ko irailaren 30ean, Iker De la Llosa Beraza, Iker Tellería Villamor eta Julen Robleda Periañez Arrigorriagako Udaltzaingoko agenteek modu erabakigarrian lagundu zuten herritar bati bizia salbatzen, bihotz-biriketako bizkortzea egin izanari esker.

ZERBITZUAN 10 eta 25 URTE BETE DITUZTEN BABES ZIBILEKO UDAL-BOLUNTARIOEN LANA AITORTZEKO 30 DIPLOMA

  • 24 diploma zerbitzuan 10 urte betetzeagatik.
  • 6 diploma zerbitzuan 25 urte betetzeagatik.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)