Segurtasun Saila

2012/12/05 - EAEko enpresa kimikoen KLPei buruzko informazioa herritarrei jakinarazteko programa

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa kimikoen kanpoko larrialdi planei buruzko informazioa herritarrei jakinarazteko programa (2012. urtea)

Sarrera

Indarrean dagoen legedia betetze aldera, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak hainbat ekintza burutu ditu arrisku kimikoaren aurrean biztanleriaren babesa indartzeko. Ekintza horien artean dugu arrisku kimikoari buruzko komunikazio-kanpainak egitea edo hots-seinaleen bidez abisatzeko sistemak jartzea hodei toxikoaren barreiaduragatiko arrisku kimikoa dagoen alderdietan, eragindako biztanleriari sistema horren funtzionamenduaren berri emateko dagokion komunikazio-kanpaina eginda.

Orain arte herritarrei arrisku kimikoari buruzko informazioa emateko lau programa gauzatu dira; hain zuzen, 1997an, 2000n, 2006an eta 2008an. Helburua izan zen Kanpoko Larrialdi Planen (KLP) eduki generikoa, industria-sektore horren jarduerek eragiten dituzten arriskuak eta istripua egonez gero kontuan hartu beharreko jarraibideak ezagutaraztea. Gainera, hots-seinaleak jarrita dauden kasuetan komunikazio-programa berariaz burutu da sistema berriak nola funtzionatzen duen ezagutzera emateko eta autobabes-neurriak irakasteko. Azken kanpaina-mota hau 2005ean, 2006an, 2008an eta 2010ean egin da.

igo

Jarduera-esparrua

Indarrean dagoen legedia betetze aldera, 2012. urtean jarraipena emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen arrisku kimikoaren gaineko zabalkunde-jarduerei eta lehen aldiz enpresen komunikazioa egingo da. Berriki onartu eta homologatu egin da enpresa horien Kanpoko Larrialdi Plana SEVESO II Zuzentaraua aplikatzeko. Halaber, enpresa horien eragin-esparrua kontuan izanik, araudi beraren menpe dauden beste enpresa batzuen kokalekuaren berri emango da, nahiz eta aurreko komunikazio-planetan parte hartu duten, baldin eta aurreko enpresen ingurunearen barruan badaude.

Jarraian azaltzen dira programa honen barruan dauden udalerri eta enpresa guztiak. Hona hemen:

Bizkaia

Zierbena
  • Acideka S.A.
  • Esergui S.A.
  • Befesa Valoración de Azufre S.L.U.
  • Bahía Bizkaia Gas S.L.
  • TEPSA
  • Petronor S.A.
Amorebieta
  • Auxiliar Industrial S.A.
Loiu
  • Aceros Inoxidables Olarra S.A.
Santurtzi
  • Bilboko portua
  • CLH S.A. (El Calero)
  • Repsol Butano S.A.
Ajangiz
  • Maier Sozietate Kooperatiboa
Ermua
  • Tenneco Automotive Ibérica S.A.
Sondika
  • Asua Products S.A.

Gipuzkoa

Gabiria/Ormaiztegi
  • Mina Troya

Araba/Álava

Erribera Beitia (Rivabellosa)
  • CLH S.A. (Rivabellosa)

Hortaz, guztira hamasei (16) dira Arrisku Kimikoari buruzko 2012ko Komunikazio Programa honetan sartzen direnak.

igo

Tartean sartutako taldeak

Prestatu beharreko taldeak hauek dira:

Eragindakoak

Batez ere beraiei dagokie arriskuei buruzko informazioa eta, larrialdia sortuz gero, ondo baino hobeto jakin behar dute burutu beharreko jarduera: Barruko Larrialdi Planaren eraginpean dauden industriako langileak; Kanpoko Larrialdi Planaren eraginpean dauden eremuko auzokoak; hurbileko enpresak edo beste barruti batzuk, hala nola ikastetxeak, ospitaleak, etab.

Interesdunak

Hainbat talde, esate baterako: industriako langileen senideak, eremuko auzokoen senideak, biztanleak orokorrean, komunikabideak, erkidegoko iritzi-liderrak, presio-taldeak (auzo-elkarteak, sindikatuak, alderdi politikoak, etab.), industria, etab.

Jarduleak

Larrialdi Planaren eraginkortasunarekin zerikusia duten guztiak dira (agintari eskudunak, suhiltzaileak, poliziak, medikuak eta osasun-langileak, etab.). Pertsona, zerbitzu eta erakunde horiek komunikazio-plana ezagutu eta horren partaide izan behar dute, era horretan herritarrei konfiantza helarazteko.

igo

Komunikazio Planaren jarduerak

Hasierako bilera

Programaren hasierarekin loturiko gertaera garrantzitsu gisa, azaroaren 19an bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako, udaletako eta tartean dauden hainbat enpresatako arduradunek. Lehen bilera horren helburua izan da burutu beharreko lankidetza-ahaleginak zehaztea.

Prentsaurrekoa

Abenduaren 5ean Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak prentsaurrekoa egingo du burutu beharreko Komunikazio Programaren xehetasunak komunikabideei emateko.

Iritzi-zundaketak egitea

Eragindako biztanleei elkarrizketak egingo zaizkie bi helburu betetzeko. Alde batetik jakin nahi da arriskuei buruz zer dakiten eta zenbateraino dauden sentsibilizatuta, hortik abiatuta komunikazio-era eta informazio-beharrak zehazteko; eta, bestetik, lehenago burututako komunikazio-kanpainei buruzko asebetetze-maila eta horien eraginkortasuna ebaluatzeko asmoa dago. Zundaketa horien burutzapena egokituta egongo da eremu bakoitzak dituen ezaugarrietara.

Zabalkunderako materialaren banaketa

Programa honetan parte hartzen duten udalerrietako postontzietan gutun-azal bat banatzeko kanpaina egingo da. Horren barruan liburuxka bat eta informazio-gutun bat sartuko dira, jarraian azaltzen denaren antzekoa. Beste alde batetik, toki egokietan autobabeserako neurriei buruzko informazio-kartelak jarriko dira, eta hots-seinaleak dauden eremuetan alerta-seinaleak ezagutzeko erari buruzkoak izango dira.

Informazio-bilerak egitea

Azkenik, programa honen barruan dauden udalerrietan informazio-bilerak egingo dira. Bilera horiek herritar guztientzat zabalik daude eta enpresetako eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako arduradunak joango dira; hain zuzen, biztanleriari dauden arriskuak azaltzeko; baita, instalazio horietako istripu larri batek izan ditzakeen ondorioak arintze aldera, administrazioak planifikatu dituen neurriak azaltzeko ere.

Zehazki, bilerak egun hauetan egingo dira:

  • Sondikan abenduaren 11an, 18.00tan Kultur Etxean.
  • Santurtzin abenduaren 12an, 18.00tan Dorretxeko Higarillo aretoan.
  • Ajangizen abenduaren 17an, 18.00tan Kultur Etxean.
  • Rivabellosan abenduaren 18an, 18.00tan Kultur Etxean.
  • Zierbenan abenduaren 19an, 18.00tan Kultur Etxean.
  • Rivabellosan urtarrilaren 8an, 18.00tan Rivabellosako Kultur Etxea berrian.
  • Ormaiztegin urtarrilaren 9an, 18.30tan Kultur Etxean.

Gainerako udalerrietako bilerak egun gutxi barru zehaztuko dira.

igo

Larrialdi kimikorik egotekotan herritarrentzako gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza segurtasun industriala lantzen ari da eta ahalik eta arrisku industrial gehienak saihesten saiatzen ari da. Europako araudiaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren zeregina da eragin diezazkieten arriskuaz herritarrei jakinaraztea. Ezbeharra gertatuz gero, eragindako pertsonek zer egin baldin badakite, egon daitezkeen ondorio negatiboak nahikoa gutxituko dira. Atal honez bitartez, jarduteko arauak herritarrei hurbiltzea nahi da, larrialdi kimikoa gertatuz gero.

Larrialdi kimikorik egotekotan herritarrentzako gomendioak atalerako lotura

Nola jokatu behar duzu larrialdi kimiko batean?

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako kampaina

Youtube-an ikusi bideoa

igo

kanpainetara itzuli