Arautegia

Inprimatu

190/2004 DEKRETUA, urriaren 13koa, euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 206
  • Hurrenkera-zk.: 5522
  • Xedapen-zk.: 190
  • Xedapen-data: 2004/10/13
  • Argitaratze-data: 2004/10/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, azaroaren 7ko 16/1997 Legeak aldatu zuenak hain zuzen, karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzea arautzeko oinarriak ezartzen ditu. Legeak, lanpostuak betetzeko ohiko sistemak arautzeaz gain -lehiaketa eta izendapen askea- langileen birbanaketa eta berrizendapena ere aurreikusten ditu giza baliabideen kudeaketa malgutzeko neurriak izango balira bezala. Gainera zerbitzu eginkizunen bitartez lanpostuak aldi baterako betetzeko oinarriak, ezartzen ditu.

Lehengo lege esparrua garatu behar da, alde batetik hartutako esperientziak bere baitan sar daitezen, eta bestetik, funtzionarioen hautaketa hobetzea bideratzen dituzten tresnak aipatutako sistemei emateko.

Ikuspegi harmoniko batez eta antolakuntzako beharrizan berriei egokiturik lanpostuak betetzeko sistema guztiak batera arautzen dituen Araudia onartzeak eragin ona izango du euskal herri administrazioetan ibilera zuzena izan dezaten. Halaber, zerbitzu publikoa eraginkorra eskainiko dela eta onura orokorra gordeko dela bermatuko du, erakundearen helburuak bertan diharduten langileen eskubideekin uztartzen dituela.

Aurreko horien indarrez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa entzun ondoren, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko urriaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Araudia onartu da.

Indargabeturik geratzen dira Dekretu honetan ezarritakoaren aurka doazen xedapenak, berauen maila berdina edo apalagoa bada.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 6. artikuluan jasota dagoenari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan funtzio publikoan eskuduntza duen saileko titularrari baimena ematen zaio Araudi hau garatu eta aplikatzeko beharrezko arau osagarri guztiak eman ditzan.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko urriaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

  1. – Araudi hau aplikatuko zaio Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen aplikazio eremuan sarturik dauden funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeari.

  2. – Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, berariazko araudirik duten funtzionarioek, aplikagarriak diren heinean, arau horiei jarraitu beharko diete, besterik gabe. Arau horietan ordea arautzen ez denari dagokionez, funtzionarioak Araudi honen menpe egongo dira eta beroni jarraitu beharko diote.

  3. – Estatutupeko edo funtzionario gisa Euskal herri administrazioen zerbitzuan diharduten langileentzat, Araudiak osagarri izaera izango du, baldin eta langileok Araudi honen aplikazio eremuaren baitan sarturik ez badaude.

Lanpostuaren zereginetan jarduteko gaitasunik handiena duen izangaia hautatzea da lanpostuak betetzeko sistemen helburua, betiere era horretan herri zerbitzuak egoki eskaini daitezen eta onura orokorra lor dadin.

Aipatutako xedea lortzeko asmoz, bete behar diren lanpostuei dagozkien merituak balioetsiko dira.

  1. – Lehiaketa edo izendapen askeko bidez beteko dira funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, horien eginkizunen arabera lanpostu-zerrendek ezartzen dutenekin bat etorriz.

  2. – Halaber, lanpostuak beteko dira ere bai zerbitzu beharrengatiko langileen birbanatzearen bidez bai arrazionalizazio programa baten ondoriozko langileak berrizendatzeko prozesuaren bitartez.

Araudi honek jasotzen dituen kasuetan, zerbitzu eginkizunez, behin-behineko atxikipenaz edo bitarteko funtzionarioa izendatuz aldi baterako bete daitezke funtzionarioei atxikitako lanpostuak.

Lehiaketak orokorrak edo bereziak izan daitezke.

  1. Lehiaketak orokorrak izango dira, baldin eta deitutako lanpostuen zereginek ezagupenak edo trebetasun bereziak baloratzeko eskatzen ez badute.

  2. Lehiaketak bereziak izango dira baldin eta deitutako lanpostuen zereginek lanpostuei dagozkien eginkizunen izaeratik eratorritako ezagupen edo trebetasun bereziak balora daitezela eskatzen badute.

  1. – Lanpostuak Euskal herri administrazioen zerbitzuan diharduten funtzionarioek bete behar badituzte, dagokion deialdiak arautuko ditu lehiaketa prozedurak. Deialdi hori Araudi honetan ezarritakoari eta aplikagarri zaizkion berariazko arauei egokituko zaie. Administrazioa, balioespen batzordeak, eta lehiaketatan esku hartzen dutenak deialdi honen menpe egongo dira eta bertan ezarritakoa gorde beharko dute.

  2. – Lanpostuak betetzeko lehiaketen deialdiak izan daitezke bete gabeko lanpostuak deialdi bakar batean biltzekoak, edo bestela hainbat deialdietan banaturik agertzekoak, deialdi anitz horiek kidego nahiz eskala bat edo gehiagoko bete gabeko lanpostuei, edo eremu berdineko bete gabeko lanpostuei dagozkielarik.

    Horretarako, eremu funtzionala izango da lanpostu metaketa bat, betiere, lanpostu horiek ezagutza eta trebetasun komunak eskatzen dituzten zereginak betetzen badituzte.

  3. – Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren lanpostuak betetzeko deialdiak. Foru aldundiek edo udalbatzek egindako deialdiak, ostera, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko dira. Hala ere, deialdietan deialdia egiten duena ez beste herri administrazioetako funtzionarioek bete ditzaketen lanpostuak agertzen badira, deialdiaren laburpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dena den, hala dagokionean, indarrean dagoen legedi aplikagarriak ezarritako beste batzuk ere argitara daitezke. Azkenik, deialdiak edo horien laburpenak beste aldizkari batzuetan, edo beste hedabide publiko nahiz pribatuetan ere ager daitezke, nolabait haien berri eta ezagutza egoki suerta dadin bermeak eta bideak ipintzeko xedez.

Deialdiek, bai lehiaketa orokorretarako bai berezietarako direnean, gutxienez ondorengo datu eta baldintza hauek jasoko dituzte:

  1. Kopurua, izena, maila, berariazko osagarria, hizkuntza-eskakizuna eta, dagokionean, derrigortasun data, eta deialdiaren xedeko lanpostuen lantokiak.

  2. Lanpostuen deskribapena: Funtsezko eginkizunak.

  3. Araudiak eta lanpostu-zerrendek ezarritakoaren arabera, lanpostuan jardun ahal izateko eskatzen diren baldintzak.

  4. Aintzat hartu behar diren merituak, eta dagokionean, ezagupenak, esperientzia eta lanpostuan egoki jarduteko trebetasun bereziak, baita horiek guztiak baloratzeko eta egiaztatzeko erabiliko diren tresnak ere.

  5. Aplikatu beharreko meritu-baremoa, meritu bakoitzari aplikatu behar zaion puntuaziorik gorena, eta deitutako bete gabeko lanpostuak esleitzeko ezartzen den balioespenik txikiena. Lehiaketa berezietan, beren faseak gainditzeko gutxienez lortu behar den balorazioa edo izangaiak gehienez izan daitekeen kopurua ezarriko da.

  6. Balioespen batzordeen osaera.

  7. Esku hartzeko eskaerak aurkezteko zentro edo tokia, eta halaber egiteko epea.

  8. Dagokionean, memoriak, egitasmoak, frogak, elkarrizketak, test psikoteknikoak edo merituak egiaztatzeko beste edozer egiteko aurreikuspena.

  9. Errekurtsoak aurkezteko prozedura.

Administrazioaren eskuetan dago, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, jarraitu beharreko oinarri batzuk onartzea, hain zuzen ere lehiaketa orokorrei edo lehiaketa bereziei dagozkien deialdietan erkide diren osagaiak arautzeko direnak. Osagai horiek deialdien oinarri bakoitzean osatuko dira bete behar diren lanpostuen ezaugarrien arabera.

  1. – Deialdian parte hartzeko eskabideak deialdian bertan ezarritako epean aurkeztuko dira. Epe hau gutxienez hamabost egun baliodunekoa izango da, eta gehienez hogeita hamar egun baliodunekoa, eta hasiko da kontatzen deialdia argitaratzeko derrigorrezkoa den azken Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunaren biharamunetik aurrera.

  2. – Lehiaketarako deialdietan esku hartzeko eskabideak beteko dira izaera orokorrez edo deialdian bertan onartutako ereduzko agirian.

  3. – Deialdietan zehaztuko da baldintzaturiko eskabideak aurkezteko aukera. Senide-Bizikidetza dela eta, bikoteko bi kideek deialdi berean beren lanpostuak herri berean edo gertu dagoen herrian eskuratu nahi badituzte, beren eskaeretan eskatutakoari baldintza bana ipini ahal diote, hain zuzen ere batak zein besteak eskatutakoa lortu ezean, aipatutako herrian lanpostua eskuratzeko asmoz bakoitzak eginiko eskaera baliogabetua bezala ulertuko delako baldintza.

  4. – Deitutako lanpostuak bat baino gehiago badira, eta halaber bat baino gehiago eskatu nahi bada, esku hartzeko eskabidetan lanpostuei buruzko lehentasunak adierazi behar dira.

  1. – Lehiaketetan parte har dezakete deialdia argitaratzeko derrigorrezkoa den azken Aldizkari Ofizialean deialdia argitaratu den egunean lanpostu-zerrendetan ezarritako eskakizunak, eta Araudi honetan nahiz deialdiaren oinarri arautzaileetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten karrerako funtzionarioek.

  2. – Esleitutako lanpostuen jabetza hartu arte bete behar dira eskakizunak.

  3. – Lehiaketetan honako hauek ez dute esku hartzerik:

    1. Aurreko bi urtetan lehiaketa batean lorturiko lanpostu batetaz jabetu diren funtzionarioak, parte hartzerakoan jatorrizko administrazioa edo abiapuntuko kidegoa edozein izanda ere. Denbora muga hau desagertzen da langileak galdu badu lehiaketan lorturiko lanpostuaren atxikipena.

    2. Eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioak egoera honek dirauen artean.

    3. Borondatezko lan-utzialdian edo familiaren bateratzeagatiko egoeran daudelarik, jarduneko zerbitzura itzultzeko gutxienez eskatutako denbora eman ez duten langileak.

  4. – Diziplina-espediente baten ondorioz lekuz aldatutako langileak ezin izango du lanpostua eskatu lekuz aldatuta izan den herrian bertan, zehapena dirauen artean.

  5. – Behin-behineko destinoa duen funtzionarioa, egoera horretan dagoen artean, behartuta egongo da bere kidego eta eskalari dagozkien lanpostuak betetzeko xedez deitzen diren deialdietan esku hartzera.

  1. – Lehiaketetan aintzat hartu beharko dira egindako lanaldia, titulazioak, prestakuntza nahiz hobekuntza ikastaroak, antzinatasuna, norbere gradua eta euskararen ezagupen maila. Halaber, argitalpenak, irakaskuntzan eta ikerkuntzan eginiko lana, atzerriko hizkuntzak eta deialdian ezarritako beste edozein meritu ere har daitezke kontuan. Meritu horiek guztiek deitutako lanpostuen ezaugarriekiko lotura eduki beharko dute beti.

  2. – Lehiaketa berezietan, deitutako lanpostuetan jarduteko langilerik egokiena hautatzeko xedez, deialdi bakoitzaren oinarriek bestelako ezagupen eta trebezi bereziak aintzat hartuak izatea onar dezakete bere baitan.

  3. – Merituak aintzat hartuko dira honako irizpide hauen arabera:

    1. Eginiko lana balioetsi ahal izateko, deitutako lanpostuen eginkizunak zer-nolakoak diren hartuko da kontuan. Deialdian badago jasotzerik lehengo izandako lanpostuetan lana nola bete den ebaluatzea. Aintzat hartu beharreko lanaldiari mugak ipini ahal zaizkio, betiere dagokion deialdiak hala adierazten badu.

    2. Deitutako lanpostuan jardun ahal izateko duten erabilgarritasunaren arabera titulu ofizialak balioetsiko dira. Halaber, badago aintzat hartzerik masterrak, diplomak, eta lehenagokoak ez diren beste unibertsitate-tituluak.

    3. Deitutako lanpostuen eginkizunekin, edo horietan jarduteko trebetasunekin loturiko gaietan prestakuntza eta hobekuntzako ikastaroak balioetsiko dira. Ikastaro hauek herri administrazioek antolaturiko edo homologaturikoak behar dute izan. Halaber, kontuan har daitezke aitortutako ospe handiko erakundeek emandako ikastaroak. Aintzat hartu beharreko lanaldiari mugak ipini ahal zaizkio, betiere dagokion deialdiak hala adierazten badu.

    4. Antzinatasuna ondorio hauetarako aitortutako zerbitzu-aldiak kontuan hartuta balioetsiko da, baldin eta zerbitzuok karrerako funtzionarioa izaera lortu aurretik eginikoak badira. Emandako zerbitzuen lanpostuari dagozkion kidego, eskala edo titulazio taldeen arabera, baremoak badu puntuazioan bereizketa egiterik. Era berean, aintzat hartu beharreko lanaldiari mugak ipini ahal zaizkio, betiere dagokion deialdiak hala adierazten badu.

    5. Norbere gradu finkatua balioetsiko da dagokion deialdian ezartzen denaren arabera, eskainitako lanpostuen maila, zailtasun teknikoa eta erantzukizun bereziari begira.

    6. Indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, euskaraz jakitea aintzat hartuko da, betiere lanpostu-zerrendetan lanpostua betetzeko derrigorrezko eskakizuna ez bada.

    7. Argitalpenak eta irakaskuntzan edota ikerkuntzan eginiko lanak ere har daitezke kontuan, betiere lanpostuak berezko dituen eginkizunekin edo bertan jarduteko eskatutako ezagupen edo trebeziekin loturarik badute. Dagokion deialdiak hala eskatzen badu, aintzat hartu beharreko lanaldia mugatuko da, gehienezkoa zein den adieraziz.

    8. Deialdiak hala adierazten badu, hizkuntzak jakitea ere balioetsi daiteke.

    9. Deialdiak badu beste meritu batzuk ere balioesterik, betiere deitutako lanpostuen ezaugarriekin meritu horiek loturarik badute.

  1. – Meritu orokorren lehiaketetan merituak aldi bakar batetan balioetsiko dira. Lanpostua esleitzeko beti gutxienezko puntuazio bat ezarriko da deialdietan.

  2. – Lehiaketa berezietan merituak bi alditan balioetsiko dira:

    1. Araudi honen 11. artikuluan aurreikusitako merituak dira lehengo aldian balioetsiko direnak. Aldia gainditzeko beharrezkoa zein den puntuaziorik txikiena, edo hurrengo aldira igarotzeko zein den izangai kopuru handiena ezarriko da.

    2. Bigarren fasean aintzat hartuko dira deialdian ezarri diren meritu bereziak. Horretarako kontuan hartu beharrekoa da oraingo honetan inola ere ezin direla baloratu lehengo aldian balioetsitakoak. Aldi hau gainditzeko puntuaziorik txikiena zein den ezarriko da.

  1. – Merituak eta eginkizunak balioesteko, kontuan hartuko da deialdia argitaratzeko derrigorrezkoa den azken Aldizkari Ofizialean deialdiaren oinarriak noiz argitaratu diren. Merituak eta betebeharrak esku hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira, egiaztagiri horiek ordurako Administrazioaren eskuetan egon ezean.

  2. – Dena den, merituak eta eginkizunak froga baten bidez egiaztatu behar badira, dataren egun baliagarria prozeduran aurreikusitako frogak egin arte atzeratuko da.

  3. – Dagokion deialdiak ezar dezake zein memoria, froga, elkarrizketa edo test psikotekniko den beharrezkoa, nolabait erabaki ahal izateko izangaien artean nor den lanpostuen ezaugarri bereziei hobeki egokitzen zaiena.

    1. Lanpostuaren eginkizunekin loturiko azterlan bat prestatzea da memoria edo egitasmoaren izana. Haren prestakuntzarako irizpideak dagokion deialdian ezarriko dira.

    2. Elkarrizketa deialdian ezarritako ezagupenak eta trebeziak egiaztatzeko tresna bat izango da. Gainera, memoria, egitasmo edo froga baten defentsa ere sar dezake bere baitan.

    3. Deitutako lanpostuaren eginkizun bereziekin lotura zuzenik baldin badute, test psikoteknikoak erabil daitezke.

    4. Deitutako lanpostuan jarduteko garrantzia duten ezagupen eta trebetasunak baloratzeko frogak egin daitezke.

  4. – Administrazio bakoitzak ezar dezake merituak eta eginkizunak balioesteko frogak egitetik nola eta noiz salbuetsi behar den. Hartarako ezarriko du zeintzuk diren egiaztatzeko beste sistemak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan, irakasleak, pertsonal sanitarioa, Justizia Administrazioko langileak eta Ertzaintzako langileak salbuetsirik geratzen direla, lanpostu bakoitzaren analisi bat egingo da, lanpostuaren monografia izenekoa, non jasoko diren, besteak beste, lanpostuaren eginkizunak eta zereginak baita bertan modu eraginkorrean jardun ahal izateko profilaren beharrezko osagaiak ere. Deskribapen hau alda daiteke lanpostuetan suertatzen diren moldaketen arabera taxutzeko xedez.

  2. – Aurreko idatz-zatian jasotako eremuan egingo diren lehiaketen deialdietan, lanbide-perfila eta balioetsiko diren merituak lehen azaldutako analisiaren arabera ezarriko dira.

Balioespen batzordeari dagozkio:

  1. Deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatzea, eta gainera beharrezko akordioak hartzea, dagokionean arauetan dauden hutsuneei aurre egiteko, eta haiek aplikatzean nabari azaltzen diren kontraesanei erantzun egokia emateko.

  2. Merituak, orokorrak nahiz bereziak, aintzat hartzea, edo bestela egiteko hori bere iritziz egokia denari ematea, horretarako dagozkion akordioak hartu behar dituelarik.

  3. Dei egin duen organoari aurkeztea, edo puntuaziorik gorena lortu duenaren alde lanpostua esleitzeko proposamena, eta horretarako lehiaketa berezien kasuan bi aldietako batuketa egingo da; edo bestela, dagokionean, bai izangairik ez dagoelako, bai daudenek eskatutako betekizunak ez dituztelako, edo bai gutxienez eskatzen zen puntuazioa inork lortu ez duelako, lanpostua betetzeke deklara dadineko proposamena.

  1. – Dei egin duen organoak erabakitzen duena izango da balioespen batzordearen kide kopurua.

  2. – Langileen ordezkariek balioespen batzordean kide bat bakarra izango dute. Izendatua izan dadineko proposamena aipatutako ordezkarien ardura da, eta horretarako hamar egun balioduneko epea izango dute, dagokion eskabidea jaso denetik kontatzen hasita. Epe horretan egiten ez bada eskubide horri uko egin zaiola ulertuko da.

  3. – Epaimahaiburuak, idazkariak, titularrak eta ordezkoak dei egiten duen organoak izendatuko ditu Administrazioak aukeran ipinitakoen artean. Bere jardunean, idazkariak hitza eta botoa izango ditu.

  4. – Balioespen batzordeek dei egiten duen organoari adituak izenda ditzala eskatu ahal diote. Adituok hitzaz baliaturik baina botorik gabe beteko dute bere jarduna.

  5. – Elkarrizketa, test edo bestelako frogarik egitea bere baitan jasota duten deialdietan, adituek hartuko dute aipatutakoak egiteko ardura. Horien jardunbidea deialdian agertuko da.

  6. – Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta beronen erakunde autonomoen deialdietan, berauen baitan elkarrizketarik egitea aurreikusten bada, aditu bat izendatuko da. Elkarrizketa egin eta balioestea izango da aditu horren betebehar bakarra, eta horretarako bere jardunean hitza eta botoa izango ditu.

  7. – Prozedura arinagoa eta zaluagoa izan dadin, batzordeko kideak deialdia argitaratu eta gero izenda daitezke, baina beti beren jardunean hasi baino lehenago.

  1. – Batzordearen osaerak bermatu beharko du bere kideak egokiak eta kualifikatuak direla. Horretarako, dei egin duen organoak zainduko du batzordeko kideek jakin eta ezagutu ditzaten bai deitutako lanpostuen eginkizunak, baita deialdian erabiltzen diren merituak hautatu eta egiaztatzeko teknikak ere.

  2. – Batzordeko kideek karrerako funtzionarioak behar dute izan eta gainera bere titulazio maila ezinbestez izango da deitutako lanpostua atxikita duen titulazio taldearen berdina, edo berau baino handiagoa. Ahal dela, gutxienez guztiaren erdiak eduki behar du deitutako lanpostuen zereginetan eskarmenturik edo lanpostu horien eremu funtzionalari buruzko ezagupenik.

  1. – Balioespen batzordeek erabateko independentziaz, diskrezionalitate teknikoaz eta objektibotasunez beteko dute bere jarduna, eta beren proposamenek Administrazioa lotetsiko dute.

  2. – Balioespen batzordeek bere jarduna betetzeko duten diskrezionalitate teknikoaren kalterik gabe, deialdien arauak eta oinarriak betez batzordeen ebazpenek arrazoituak behar dute izan.

  3. – Araudi honetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari egokituko zaizkio balioespen batzordeen osaera eta jarduna.

  1. – Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, epaimahaiburuari eskabideak eta horiei dagozkien agiriak helaraziko zaizkio. Administrazioak batzordeari bere laguntza emango dio, lehiaketa ebazteko Administrazioaren aldetik behar duen guztia eskainiz.

  2. – Administrazioak emandako datuak nahiz deialdiak eskatutako betekizunak egiaztatu ondoren, batzordeak lehiakideen merituak balioetsiko ditu.

  3. – Jarraian, aipatutako balioespenaren arabera eta lehiakideek dagokionean adierazia zuten lehentasun-ordenaz, balioespen batzordeak deitutako lanpostuen esleipena proposatuko du.

  4. – Dagokion deialdiak hala ezartzen badu, balioespen batzordearen erabakiz, deialdian aurreikusten diren hedabideetan lehengo proposamenaren emaitza argitara emango da. Erabaki horren aurka lehiakideek errekurtsoa ipini ahal dute, argitaratu den egunaren biharamunetik hamar egun balioduneko epean. Balioespen batzordeak ebatziko ditu erreklamazio horiek.

  1. – Balioespena egin eta, hala badagokio, horren aurka ipinitako erreklamazioak ebatzi ondoren, balioespen batzordeak organo eskudunari eskainitako lanpostuen esleipena aurkeztuko dio. Esleipen proposamenak izan behar du azken puntuaziorik gorena lortu duenaren aldekoa, dagokionean bi aldietako batuketa egin ondoren, beti ere puntuazio hori deialdiaren oinarrietan gutxienez eskatzen zenaren bestekoa edo handiago bada.

  2. – Lehiaketaren puntuazio osoan berdinketarik suertatuz gero, erabakia hartzeko honako irizpideetara joko da:

    1. Meritu orokorren lehiaketetan merituetan lortutako puntuaziora joko da, merituok deialdiaren baremoan ezarritako puntuazioaren arabera eta puntuaziorik gorenetik puntuazio txikienera, ordenaturik daudelarik. Merituek puntuazio berdina ezarrita badute, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkerara joko da.

    2. Meritu berezien lehiaketetan meritu berezietan lorturiko puntuaziora joko da, merituok baremoan ezarritako puntuazioaren arabera eta puntuaziorik gorenetik puntuazio txikienera ordenaturik daudelarik. Merituek puntuazio berdina ezarrita badute, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkerara joko da. Berdinketak egonkor baldin badirau, meritu orokorren lehiaketetan hausteko ezarritako irizpideen arabera erabakiko da.

    3. Berdinketak baldin badirau, bi lehiaketa motatan eta jarraian adierazitako hurrenkeraz honako irizpide hauetara joko: antzinatasunik handiena karrerako funtzionario gisa, antzinatasunik handiena azken behin betiko lanpostuan, eta antzinatasunik handiena Administrazioan.

    4. Berdinketa hausteko beste irizpide gehigarriaren bat behar bada, meritu printzipioaren arabera balioespen batzordeak erabakiko du.

  3. – Proposamena jasotakoan, eta onartu eta gero, dagokien aldizkari ofizialetan eta deialdian aurreikusitako gainontzeko hedabideetan argitaratua izan dadila aginduko du eskuduntza duen organoak.

  4. – Deitutako lanpostuak betetzeke geratu direlako adierazpena bakarrik bidezkoa da inork eskatu ez baditu, edo eskatu duenik egon arren aurretiaz ezarritako gutxienezko puntuazioa lortu duen lehiakiderik ez badago.

  1. – Lehiakideek lehiaketa osoan parte hartzeari dagokionez atzera egiteko aukera izango dute, baldin eta esleipena baino lehenago egiten badute. Balioespen batzordeari erreklamaziorik aurkezteko aukera ematen duten deialdietan, erreklamatzeko epea amaitu baino lehenago egin behar da atzera.

  2. – Esleipendunek lehiaketan lortutako lanpostuaren jabetza hartuko dute eta aurreko lanpostuaren titulartasuna, hala dagokionean, galduko dute, baina salbuespen batzuk badaude, honako hauek hain zuzen: jabetza hartzeko epea baino lehenago deialdi publiko batez beste destino bat lortu izana, gerora suertatutako ezintasuna, jarduneko zerbitzura ez den beste egoera batera igaro izana, edo bestelako zioak bitarteko direnean, betiere dei egin duen organoaren iritziz zergati horiek behar bezala egiaztaturik badaude.

  1. – Atxikitako lanpostutik kendu behar izatekotan, lehiaketaren ebazpena argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita hiru egun balioduneko epean egin behar da. Inoiz, eta salbuespen gisa, langileen gaietan eskumena duen organoak epe hori luza dezake, beti ere zilegi arrazoitu den gertaerarik horretarako ageri bada. Zerbitzu arrazoiak direla eta norbaiti jatorrizko lanpostutik kentzea atzeratu zaionean, lanpostutik kentze eraginkorrerainoko denbora zenbatetsiko zaio lanpostu berrian jardundakoa izango balitz bezala.

  2. – Jabetza hartzeko eguna izango da lanpostutik kentzearen biharamuna. Ebazpenak jarduneko zerbitzura itzultzea badakar, jabetza hartzea lehiaketaren ebazpena argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita hiru egun balioduneko epean egin behar da.

  3. – Jabetza hartzeko eguna atzeratuko da baimenak, lizentziak, oporraldiak edo funtzionarioa bizitzen ari den beste edozein gertaera amaitu arte, betiere jarduneko egoerari aurkarik egin gabe gertaera horrek funtzionarioak zerbitzuan benetan jarduteari eragozten badio. Salbuespenetan, egiaztatu eta arrazoitutako zioengatik, organo eskudunak gozatzen ari diren egoera horiek eten daitezela eska dezake.

  4. – Hala eta guztiz ere, antolaketa arrazoiek komenigarri bihurtzen badute, esleitzeko proposamenean adieraz daiteke zein egun zehatzetan gertatzen diren lanpostutik kentzea eta esleipendun guztiek norbere jabetza hartzea.

  5. – Esleitutako destinoari dagokionez, borondatezkoa dela ulertuko da, eta kontzeptua edozein izanda ere, ez du emango kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik. Dena den, zerbitzuengatiko kalte-ordainei buruzko araubidean ezarritako salbuespenak aintzat hartuko dira.

Lehiaketaren bidez lanpostua lortu duen funtzionarioa jarraian adierazitako zioetako batengatik bere lanpostutik mugiarazia izan daiteke:

  1. Gerora sortutako arrazoiengatik, horiek lanpostuaren edukia aldatzetik eratorriak badira, betiere moldaketa hori lanpostu-zerrenden bidez egina edo lanpostu-zerrendetan aurreikusitakoa bada, eta aipatutako arrazoi horiek deialdiaren oinarriak izan ziren kasuak ere aldatu badituzte.

  2. Funtzionarioa lanpostuan jarduteko gai ez izatea, baldin eta gutxiegizko errendimenduak, inhibizioak eragindakoa ez denak, hala adierazi badu eta erakutsitako gaitasun gabeziak lanpostuari datxezkion eginkizunak eraginkor betetzeari eragozten badio.

Aurreko artikuluan jasotako zioak direla medio lehiaketaren bidez izendaturiko funtzionarioak beren lanpostuetatik mugiarazi behar badira, diziplinazko izaerarik ez duen alde biko espediente administratiboa beharrezkoa izango da.

  1. – Funtzionarioak lanean daudeneko lantoki edo zentroan langile gaietan eskuduntza duen organoak arrazoiturik ebatziko du lanpostutik mugiarazteko espedienteari hasiera ematea.

  2. – Doakion funtzionarioa menpe duen organo administratiboaren proposamenez hasiko da lanpostutik mugiarazteko espedientea.

  1. – Espedienteak, arrazoiak emanez, espedientea irekitzeko izan diren zergatien berri emango du. Horretarako, bere baitan oinarritzat hartutako egintza zehatzak baita zioak ere jasoko ditu, eta gainera hala badagokio, lanpostutik mugiarazteko neurriaren beharra egiaztatzen duten frogak edo agiriak.

  2. – Espedientea ezin da inola ere oinarritu berez diziplinazko hutsegitea daramaten jokabideei dagozkien egintzetan.

  1. – Espedienteari hasiera eman zion organo berberak egingo ditu mugiarazteko espedientearen izapideak.

  2. – Egokia dela uste bada, edo egintzen zailtasunek edo garrantziek hala adierazten badute, instrukzio-egile bat izenda daiteke, instrukzioa egiteaz gain espedientearen izapide guztiak bultza ditzan.

  3. – Instrukziogileak karrerako funtzionarioa behar du izan, eta gainera haren titulazio taldea izango da espedientearen xedekoarena.

  4. – Aukeraturiko pertsonari baita espedienteak eragindako funtzionarioari ere instrukzio-egilearen izendapena jakinaraziko zaie.

  1. – Espedientea hasi dela doakionari jakinaraziko zaio gehienez hamar egun balioduneko epean, alegazioak aurkeztu eta bere iritziz komenigarriak diren agiriak eman, edo bere eskubideak defenditzeko bere ustetan diren froga egokiak eska ditzan.

  2. – Frogak egitea beharrezkoa dela jotzen bada, gehienez hamabost egun balioduneko epeaz baliatzeko aukera egongo da.

  3. – Egindako jarduerak ikusi ondoren, espedientearen izapideetaz arduratzen den organo eskudunak lanpostutik mugiarazteko proposamena emango du, non hartutako neurriaren oinarri diren zioak adieraziko baitira. Neurri hori langileen ordezkariei eta dagokion langilea menpe duen organo administratiboari jakinaraziko zaie, aipatutako proposamena jaso denetik hamar egun balioduneko epean, bere irizpena eman dezaten. Doakienek hala eskatzen badute, epe horrek hamar egunetako luzapena onar dezake. Izapideok egin ondoren, doakionari espediente osoari buruz bista emango zaio hamar egun balioduneko epez.

  4. – Lehenago aipatutako izapideak egin ondoren, izapidetzeaz arduratzen den organoak ebazteko organo eskudunari espedientea osoa helaraziko dio.

  1. – Proposamena eta espediente osoa jaso ondoren, izendapena egin zuen organoak arrazoiak azalduta dagokiona ebatziko du.

  2. – Ebazpen hau doakionari gehienez hamar egun balioduneko epean jakinaraziko zaio. Ebazpenak administrazio bideari amaiera emango dio, eta funtzionarioa bere lanpostutik mugiaraztea ebazten bada, funtzionarioa bere lanpostutik kentzea ekarriko du gainera.

  1. – Prozedura horren bidez lanpostutik mugiarazi den funtzionarioa, beren kidego edo eskalako lanpostu batean atxikiko da behin-behinean. Behin betiko beste bat lortzen ez duen artean, lehentasuna izango du mugiarazia izan den lanpostuaren lurralde historiko bereko den lanpostuak. Halaber, lehentasuna izango du funtzionarioaren gradu pertsonalarenarekiko bi maila baino txikiagoa ez duen lanpostuak.

  2. – Lehen izandako lanpostuaren edukia gerora aldatu dela eta, lanpostutik mugiarazita lanpostu batean behin-behinean atxikita dagoenak, lehentasunezko eskubidea izango du egingo den hurrengo lehiaketan eta aldi bakar batez herri berean bete gabe dauden plazak betetzeko, beti ere horien destino-osagarria kendutako lanpostuaren mailakoa edo maila apalagokoa bada.

  3. – Lanpostu berriari esleitutako ordainsariak, lehenago betetzen ari zen lanpostuaren edukia gerora aldatu delako mugiarazi den lanpostuarenak baino txikiagoak badira, horien arteko aldeagatik osagarri iragankor bat jasoko da. Langileari parte hartzeko aukera ematen dion lehen lehiaketa ebatzi arte iraungo du aipatutako osagarriak.

Izendapen askez beteko dira lanpostu-zerrendetan izaera horrekin ageri diren lanpostuak. Sistema honen bidez betetzeko, bakarrik honako hauek gorde daitezke:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzendariordeen eta lurralde ordezkarien lanpostuak.

  2. Gainerako herri administrazioetan zuzendaritza-ardura duten lanpostuak, betiere hierarkiari dagokionez, funtzionarioentzat ere gordeta dagoen beste lanpostu baten menpekoa ez bada.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko goi-kargudunaren idazkariari, edo gainerako euskal herri administrazioetan hautaketaz nahiz izendapen bidez kargu publikoak direnen idazkariari dagozkienak, eta

  4. Salbuespen izaeraz eta, bere zereginen arabera lanpostuaren erantzukizuna berezia dela eta, lanpostu-zerrendetan horrelakotzat zehaztutako lanpostuak.

  1. – Deialdietan gutxienez honako datuok jasoko dira:

    1. Kopurua, izena, maila, berariazko osagarria, hizkuntza-eskakizuna eta, dagokionean, derrigortasun data, eta deialdiaren xedeko lanpostuen lantokiak.

    2. Araudiak eta lanpostu-zerrendek ezarritakoaren arabera lanpostuan jardun ahal izateko eskakizunak.

    3. Agindutako eginkizunen izaeratik eratorritako berezitasunak.

    4. Eskabideak aurkezteko epea, inola ere 15 egun baliodunekoa baino txikiagoa izango ez dena. Epea hasiko da kontatzen deialdia argitaratzeko derrigorrezkoa den azken aldizkari ofizialean deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

  2. – Eskakizunak balioesteko, kontuan hartuko da eskaerak aurkezteko epeari hasiera ematen dion deialdiaren oinarriak noiz argitaratu diren. Esku hartzeko eskabidearekin batera dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, egiaztagiri horiek ordurako Administrazioaren eskuetan egon ezean. Dena den, eskakizunak froga baten bidez egiaztatu behar badira, dataren egun baliagarria prozeduran aurreikusitako frogak egin arte atzeratuko da.

  3. – Lortutako lanpostuaren jabetza hartu arte bete behar dira eskakizunak.

  4. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Foru aldundiek edo udalbatzek egindako deialdiak, ostera, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko dira. Hala ere, deialdietan deialdia egiten duena ez beste herri administrazioetako funtzionarioek bete ditzaketen lanpostuak agertzen badira, deialdiaren laburpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dena den, hala dagokionean, indarrean dagoen legedi aplikagarriak ezarritako beste batzuk ere argitara daitezke. Azkenik, deialdiak edo horien laburpenak beste aldizkari batzuetan, edo beste hedabide publiko nahiz pribatuetan ere ager daitezke, nolabait haien berri eta ezagutza egoki suerta dadin bermeak eta bideak ipintzeko xedez.

  1. – Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskuduntza duen organoak diskrezionaltalsunez edozein eskatzaileri esleitu ahal dio lanpostua, betiere bertan jarduteko eskakizunak betetzen baditu.

  2. – Izendapen ebazpenei dagokienez, haien zioak emango dira hautatu den hautagaiak deialdian eskatutako beharkizun eta zehaztapenak betetzen dituela adieraziz, eta izendatzeko organoak hartarako eskuduntzarik duela aipatuz.

  3. – Izendatzeko proposamenak dagokien aldizkari ofizialetan eta deialdian aurreikusitako gainontzeko hedabideetan argitaratuko dira.

  1. – Izendapen askeko lanpostuetarako izendatu diren funtzionarioen kasuan izendapena egin zuen organoak diskrezionaltasunez erabaki dezake funtzionarioa bere lanpostutik kendua izan dadin. Ebazpen horren arrazoia lanpostu-kentzearen eta ebazpena hartzeko eskumenaren baitakoa dela ulertuko da.

  2. – Beste bat behin betiko lortzen ez duen artean, lanpostutik kendu izanaren biharamuneko ondorioz, eta herri administrazio bakoitzak ezartzen duen prozedurari jarraituz, bere lanpostutik kendua izan dena beste lanpostu batean atxikiko da behin-behinean jardun dezan. Horretarako lehentasuna izango du lanpostu berriaren lurralde historikoa utzi arazitako lanpostuarenak izateak, alde batetik, eta lanpostu berria langilearen norbere graduarekiko bi maila baino beheragokoa ez izateak bestetik. Lanpostua betetzeko eskatzen diren eskakizun eta baldintza guztiak bete beharko ditu.

    Aurreko idatz-zatian adierazitako ezaugarriak betetzen dituen lanposturik ez balego, behin-behineko atxikipena egingo da beheragoko maila duen lanpostu batean eta doakionak osagarri iragankor bat jasoko du, esleitutako lanpostuaren mailaren oinarrizko berariazko osagarria eta norbere graduarekiko bi mailatan jaitsitakoari dagokion oinarrizko berariazko osagarriaren artean sortutako aldea bestekoa izango dena. Langileari parte hartzeko aukera ematen dion lehen lekualdatze-lehiaketa ebatzi arte iraungo du aipatutako osagarriak.

  1. – Lehiaketan edo izendapen askeko deialdian lorturiko lanpostua ezabatu delako bere lanpostutik kendua izan den karrerako funtzionarioa, bere kidegoko edo eskalako lanpostu bati atxikiko zaio bertan behin-behinean jardun dezan. Behin betiko beste bat lortzen ez duen artean, lehentasuna izango du ezabatu den lanpostuaren lurralde historiko bereko den lanpostuak. Halaber, lehentasuna izango du funtzionarioaren gradu pertsonalarenarekiko bi maila baino txikiagoa ez duen lanpostuak.

  2. – Lehengo idatz-zatian aipatutako funtzionarioek lehentasunezko eskubidea izango dute egin dadin hurrengo lehiaketan, eta behin bakarrik, herri berean egon daitezen lanpostu hutsak betetzeko. Lanpostuok ezabatutako lanpostuaren destino osagarri berdina edo txikiagoa izan beharko dute.

  3. – Lanpostu berriari esleitutako ordainsariak, ezabatutako lanpostuarenak baino txikiagoak badira, horien arteko aldeagatik osagarri iragankor bat jasoko du funtzionarioak. Osagarri horrek iraungo du funtzionarioak parte hartzerik duen lehengo lehiaketa ebatzi arte.

  1. – Lanpostuak betetzeko deialdietan muga psikiko, fisiko edo sentsorialengatik inor ezin da baztertu, betiere organo eskudunak emandako txostenaren arabera, izangaiak nahikotasunez eta bere kabuz bete beharreko lanpostuei esleitutako eginkizunetan eta zereginetan jarduterik badu.

  2. – Minusbaliotasunik duten funtzionarioek badute esku hartzerik eta onartuak izango dira lanpostuak betetzeko xedez Araudi honetan aipatutako edozein sistemetan gainerako izangaien aukera berdintasunean, baldin eta lanpostuaren zereginetan jarduterik badute.

  3. – Minusbaliotasunik duten funtzionarioek parte hartzeko eskabidean bertan galda dezakete deialdian jasotako frogak egitearren, denbora eta baliabideak egoki daitezela.

  4. – Minusbaliotasunik duten funtzionarioek parte hartzeko eskabidean bertan galda dezakete eskatutako lanpostua edo lanpostuak, beren beharren arabera egoki daitezela, aldaketa hori antolakundearentzat gehiegizkoa ez bada. Balioespen batzordeak doakionari eska diezaioke, elkarrizketa pertsonalaren bidez ere, eskatutako egokitzapena egiteko beharrezko informazioa guztia. Halaber, administrazio eskuduneko organo teknikoei galda diezaieke egokitzapenaren bidezkotasunari buruz eta lanpostuaren eginkizun eta zereginetan jardutearekiko bateragarritasunari dagokionez beren irizpena eman dezatela. Lehiaketen deialdietan espresuki gai horien aipamena egingo da.

  1. – Giza baliabideen kudeaketa on eta eraginkorra izan dadin, edota zerbitzuak egoki ibili daitezen, bereizi gabeko lanpostuetan atxikitako langileak bete gabe dauden beste lanpostu batzuetan atxiki daitezke, betetzen ari direna ez beste lanpostuetan hain zuzen, baldin eta lanpostu berrien eskakizunen jabe badira eta honako irizpideok kontuan harturik:

    1. Birbanaketaren ondorioz funtzionarioak beteko duen lanpostuak, destino osagarriaren mailari dagokionez, lehenago betetzen ari zenaren berdina izatea. Gainera, lanpostu berriak, lanpostu-zerrendetan, lehenago betetzen ari zenaren betetzeko sistema berdina, eduki behako du.

    2. Birbanaketak berez herriz aldatzerik ez ekartzea, doakionarekin adostasunik badago salbu. Kasu guztietan kontuan hartuko da geografikoki hurbiltasunik handiena egotea.

  2. – Birbanatzeko ebazpenak langileei buruzko plangintzarekin loturik emango dira, eta erabakitako neurria justifikatzen duen memorian egiaztatutako zerbitzuaren beharretan arrazoituko dira.

  1. – Funtzionarioak lanpostu berria lehengoaren atxikipen berdinaz beteko du.

  2. – Urteen kalkulua, Araudi honen 10. artikuluak jasotakoa, birbanaketa egin zenean betetzen ari zen lanpostuan langilea behin betiko izaeraz sartu zeneko egunean hasiko da.

  3. – Giza-baliabideen birbanaketaren ondorioz bere lan-lekua aldatu behar duen funtzionarioak, eskubidea izango du gai horri buruzko arauetan kontzeptu horregatik ezartzen diren kalte-ordainak jasotzeko.

  1. – Giza-baliabideen kudeaketa on eta eraginkorra izateko, edota zerbitzuak egoki ibili daitezen bermatzeko xedez lanpostuak nahiz bertan diharduten bereizi gabeko lanpostuetan atxikitako langileak beste antolaketa atal batzuetan berratxiki daitezke honako irizpideoi jarraituz:

    1. Sortutako eginkizun berriek eta ordura arte betetakoek antzeko izaera edukitzea.

    2. Berratxikitzeak berez herriz aldatzerik ez ekartzea, doakionarekin adostasunik badago salbu. Kasu guztietan kontuan hartuko da geografikoki hurbiltasunik handiena egotea.

  2. – Lanpostuak berratxikitzea langileei buruzko plangintzarekin loturik egingo da eta erabakitako neurria justifikatzen duen memorian egiaztatutako zerbitzuaren beharretan arrazoituko da.

  1. – Berratxiki daitezen lanpostuetan ari diren funtzionarioek berorietan jarraituko dute eta ordura arte zituzten funtsezko lan-baldintza berberak izango dituzte.

  2. – Lanpostuen berratxikipenaren ondorioz bere lan-lekua aldatu behar duen funtzionarioak,eskubidea izango du gai horri buruzko arauetan kontzeptu horregatik ezartzen diren kalte-ordainak jasotzeko.

  1. – Euskal herri administrazioek giza baliabideak arrazionalizatzeko programak onar ditzakete, euren buruak antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ostean. Programok euren berezitasunei egokituko zaizkie, eta funtzionarioei zein lan-kontratuko langileei buruzkoak izango dira. Hori guztia aurrekontuen mugen barne egin beharko da, gobernu-organoek langileei buruzko politikarako finka ditzaten jokabideen arabera.

  2. – Zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz ezinbestekoak eta aproposak diren langileez osaturiko antolakuntza-administratibo egokia lortzeko xedez, arrazionalizatzeko programek euren eraginpeko alorrean giza baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzeko garatu behar diren jarduketak hartuko dituzte batera. Baliteke jarduketok eragina edo ondorioak izatea, besteak beste, honako gaietan: langileen plantilen tamaina eta beharrizanen plangintza, lanpostuen sailkapena ordainsarietan dagozkien ondorioak aintzat harturik, lanpostuen hautaketa baita betetzea ere, langileen sustapena eta igoera, eta prestakuntza.

Giza-baliabideak arrazionalizatzeko programek euren baitan jaso ditzakete jarraian aipatutako neurri hauetako batzuk edo horiek guztiak:

  1. Antolakuntza-egiturak nahiz lanpostuak aldatzeko aurreikuspenak.

  2. Eraginpeko alorrean kanpoko langileak sartzea bertan behera uztea, sartze hori enplegu eskaintzaren bidez nahiz mugikortasun prozeduraren bidez gertatu bada.

  3. Alor jakinetako langileei mugaturiko lehiaketak egitea lanpostuak betetzeko.

  4. Langileen prestakuntza eta gaitasunerako plangintzak langileak berriro koka daitezen laguntzeko asmoz.

  5. Barne sustapenerako neurri bereziak.

  6. Langileen berrizendapena.

  7. Lanaldi partzialeko zerbitzuan jardutea.

  8. Beste herri administrazio batzuekin hitzarmenak sinatzea langileak berrizendatzeko xedez.

  9. Borondatezko lan-utzialdia, aurreraturiko erretiroa, jarduneko zerbitzua uztea edo jarduneko zerbitzuan behin betiko baja hartzea sustatzeko pizgarriak.

  10. Arrazionalizatzeko programaren helburuei dagozkien bestelako neurriak.

  1. – Giza baliabideak arrazionalizatzeko programek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baitan, sail, erakunde edo administrazio alor bati edo gehiagori eragin ahal diete.

  2. – Programok prestatzeko ekimena eragindako sail edo erakundearen esku geratuko da edo, elkarlanean, funtzio publikoaren eta ogasunaren alorretan eskuduntza duten sailen esku. Azkeneko kasua bada, aplika dakien sailei edo erakundeei txostena eskatuko zaie.

    Horri erantsiko zaio justifikaziozko espedientea non jasoko baitira hartutako neurrien zergati objektiboak, lortu nahi den helburua, ondorio ekonomikoari buruzko txostena, aplikatu beharreko neurri zehatzak, eta arrazionalizatzeko programaren eraginpeko alorrak, hau da, antolakuntza, denbora eta langileen gaiei dagozkienak.

  3. – Aurretik aipatutako txostenak lortu ondoren, langileen ordezkariekin negoziaketari ekingo zaio.

  4. – Funtzio publikoaren alorrean eskuduntzak dituen sailak onartuko ditu programok, aldez aurretik ogasun alorrean eskuduntza duen sailak aldeko txostena eman behar duelarik. Sail bati baino ez badiote eragiten, sail horrek onartuko ditu, lehenago aipatutako sailek aldez aurretiko aldeko txostena eman eta gero.

  5. – Funtzionarioen erregimen estatutarioaren oinarrietan ezarritakoaren arabera prestatuko dira arrazionalizatzeko programak.

  1. – Giza-baliabideak arrazionalizatzeko programak aplikatu izanaren ondorioz lanpostu-ezabatzea pairatzen duten funtzionarioak berrizendapen bidez beste lanpostu batean atxiki daitezke.

  2. – Langileen berrizendapenak, langileen ordezkariekin negoziatuko diren giza-baliabideen arrazionalizazio-programak aplikatu izanaren ondorioz burutu daitezenak, gaitasunari, prestakuntzari, esperientziari eta antzinatasunari buruzko irizpide objektiboen arabera egingo dira. Irizpide horiek arrazionalizatzeko programetan zehaztuko dira.

  3. – Berrizendapen bidez esleitu den lanpostuari funtzionario bat atxikitzeak behin betiko indarra izango du.

  4. – Giza-baliabideak arrazionalizatzeko programak aplikatzearen barruan egiten den langile-berrizendapenaren eraginez funtzionario batek bere egoitza aldatu beharra izatea gertatuz gero, arlo honi buruzko arauetan finkatzen den kalte-ordaina eskuratzeko eskubidea izango du. Dena den, horrek ez dio eragozten dagokion akordioan ezar litezkeen bestelako diru-laguntzak ere jasotzeari.

    Eskubide berdinak aitortuko zaizkio aipatutako programaren baitan destinoa esleitzen zaion funtzionarioari derrigorrezko lan-utzialdian badago.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta beronen erakunde autonomoen eremuan, hiru alditan egingo da langileen berrizendapena:

    1. Lehenengo aldia: Funtzionarioak destinoa dueneko sailak, bere eremuaren barruan eta berari atxikitako erakundeen eremuaren baitan langilearen berrizendapena egingo du. Berrizendapen hori egiteko sei hilabeteko epea dago lanpostua ezaba dadin egunetik aurrera kontatzen hasita.

      Berrizendapenak obligaziozko izaera izango du udalerri bereko lanpostuei dagokienez, eta borondatezkoa ordea lanpostuak beste udalerri batekoak badira, bietan ezaugarri, eginkizun eta ordainsariak antzekoak direlarik. Aurreko lanpostuari zegokion ordainsaria eskuratuko du bigarren aldi honetan funtzionarioak.

    2. Bigarren aldia: Sail mailako berrizendapen aldian, funtzionario batek bere destinoa dueneko sailean lanposturik lortzen ez badu, funtzio publikoaren arloan eskuduntza duen sailak funtzionario horren aldeko berrizendapena egin ahal izango du beste sail batzuen eta horiei atxikitako erakundeen lanpostuetarako, eta lehengo lanpostuan zituen baldintzei eutsita. Horretarako emandako epea hiru hilabetekoa izango da. Bigarren aldi honetan zehar funtzionarioak eskuratuko duen ordainsaria aurreko lanpostuari zegokiona izango da.

      Aipatu diren bi fase horietan, eragindako funtzionarioen eskuetan ipini ahal dira berezko duten kidego edo eskalari dagozkion egitekoak.

    3. Hirugarren aldia: lehengo aldiak, hau da langileak berrizendatzekoak, igaro ondoren lanpostua lortu ez duten funtzionarioak, destinoaren zain daudelako egoeran, funtzio publikoaren arloan eskuduntza duen sailari atxiki ahal izango zaizkio. Hori berrizendapen-lanpostuen zerrenda berezien bidez egingo da. Sail horrek beste sail batzuetako eta horiei atxikitako erakundeetako beste lanpostu batzuetarako ere izendatu ahal izango ditu lanpostu horiek antzeko ezaugarriak badituzte.

      Berrizendapenak berez ekarriko du jarduneko egoerara itzuli beharra. Berrizendapenak obligaziozko izaera izango du lanpostuak lurralde historiko berean baldin badaude, eta borondatezkoa, ordea, beste lurralde historiko batean egonez gero.

      Lehenago aipatutako ondorioak gerta daitezen, ezaugarri antzeko lanpostutzat hartuko dira betetzeko sistema berdina izateaz gain, berrizendatua izan den funtzionarioa behin betiko atxikita zegoen lanpostuarekiko destino osagarri maila berdina dutenak.

  2. – Giza-baliabideak arrazionalizatzeko programak gainerako herri administrazioetan aplikatu izanaren ondorioz gertatu bada, langileen berrizendapena egingo da lehen aipatu diren gaiei buruzko irizpideak bermatuz, hau da, epeari, ordainsariari, mugikortasunari eta administrazio-egoerei buruzkoak.

Arrazionalizatzeko programa baten baitan, lanpostuak betetzeko deialdi itxiak egin daitezke beren ardurako zerbitzu publikoei aurre egiteko adina funtzionario ez duten atal edo erakundetan hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko. Lanpostu horiek bete beharko dira sobera duten atal edo erakundetatik eratorritako funtzionarioez.

Aurreko artikuluak aipatzen dituen lehiaketetan esku hartutako funtzionarioek destino berriren bat lortuko balute, horrelakoetan ezarritakoaren arabera jatorrizko lanpostuak edo antzekoak ezabatuak izango dira.

Premiazko arrazoiak edota zerbitzu-zioak bitartekoak direla, langileak zerbitzu-eginkizunetan atxiki daitezke behin-behinean hainbat lanpostu bete ditzaten, alegia, hutsik daudenak edo funtzionarioentzat edo beste zeregin jakin batzuk egiteko xedez gordeta daudenak.

  1. – Baliteke zerbitzu-eginkizunek derrigorrezko izaera edukitzea, betiere langileen borondatez betetzeko aukerarik ez dagoela eginkizun horiek premiazkoak badira eta dagokien jardunari dagokionez zerbitzuak atzeratzerik ez badu.

  2. – Bere esleipenerako, kasuan kasuko gorabeheren arabera honako irizpideok hartuko dira kontuan:

    1. Eremu funtzional berean diharduten funtzionarioak, sail berean daudenei lehentasuna emanez, erakunde autonomoak barne harturik.

    2. Funtzionarioen artean herri gertuenean destino baten jabe direnak edo bete beharreko lanpostu edo eginkizunarekin komunikatzeko errazen eta ongien dutenak.

    3. Senide-zamarik txikienak dituzten funtzionarioak.

    4. Antzinatasunik laburrena duten funtzionarioak.

  3. – Derrigorrezko zerbitzu-eginkizunen proposamena doakionari eta langileen ordezkaria den organoari jakinaraziko zaie, nahi badute bost eguneko epean alegazioak egin ditzaten. Proposamen horrek neurriaren zioak adieraziko ditu.

  4. – Lanpostuak esleiturik dituen ordainsariak langileak berezko duen lanpostuarenak baino txikiagoak badira, egoera horretan dirauen artean doakionak sortutako aldeagatik osagarri iragankor bat jasoko du, gai horri buruzko arauen arabera beste kalte-ordainak jasotzeko eskubidearen kalterik gabe.

  5. – Derrigorrez ezarritako zerbitzu-eginkizunek gehienez bi urteko iraupena izango dute, eta ez dute onartuko, bertara bidalitakoak bere borondatez zerbitzu-eginkizunak utzi izanaren ondorioz, haien amaiera izaterik.

  1. – Lanpostuak behin-behinean betetzeko zerbitzu-eginkizunek beti aldi baterako izaera edukiko dute eta amaituko dira honako zioengatik:

    1. Lanpostua gordeta zuen langilea jarduneko zerbitzura edo lanpostura itzuli delako.

    2. Lanpostua behin betiko bete delako edo funtzionarioa behin-behinean atxiki delako.

    3. Premiak eta beharrak bultzaturiko arrazoiak desagertu direla jotzen bada.

    4. Funtzionarioak zerbitzu-eginkizunei uko egitea onartua izanaren ondorioz.

    5. Zerbitzu-eginkizunak berariaz ezeztatu direnean edo bertan jarduteko aldez aurretik emandako epea amaitu delako.

  2. – Bete gabeko lanpostuak betetzeko zerbitzu-eginkizunek bi urte baino gehiago ezin dute iraun, lanpostua gordeta duen funtzionarioa aldi batez ez egotea haien zioa bada salbu.

  1. – Premiak eta zerbitzuen beharrek bultzaturiko arrazoiak bitarteko direla, funtzionarioak zerbitzu-eginkizunetan atxiki daitezke hainbat zeregin bete ahal izateko. Egiteko horiek dira, hain zuzen ere, lanpostu bati berariaz atxiki ez zaizkion zeregin jakinak, edo denboran bolumen handia dutelako edo bestelako gorabeherek eraginda, bere gain atxikita dituzten funtzionarioek nahikotasunez bete ezinekoak.

  2. – Zerbitzu-eginkizunek beti aldi baterako izaera izango dute eta amaituko dira beren sorrera ekarri zuten premia edota behar-arrazoiak desagertu direlako jotzen bada, atxikitako funtzionarioak uko egitegatik, berariaz ezeztegatik, edo bestela bertan jarduteko aldez aurretik emandako epea bukatu bada. Zereginak betetzeko zerbitzu-eginkizunek bi urte baino gehiago ezin dute iraun.

    Bi urtebeteko luzapena bakarrik onar daiteke zerbitzu-eginkizunak lanpostu bati berariaz atxiki ez zaizkion zereginak egitekoak badira.

  1. – Euskal herri administrazioek bere funtzionarioei baimena eman ahal diete, beste herri administrazio batzuetan borondatezko zerbitzu-eginkizunetan jardunean, lanpostuak, elkarlanerako eginkizun, edo programak behin-behinean bete ditzaten, betiere funtzio publiko alorrean horien organo eskudunek hala eskatu badute. Horretarako, gehienez emandako epea bi urtebetekoa izango da.

  2. – Oro har, zerbitzu-eginkizunak beste herri administrazio batzuetako funtzionarioei eman ahal zaizkie, baldin eta jatorrizko administrazioaren funtzionarioei ematerik ez dagoela lanpostu-zerrenden arabera eragindako lanpostuak beste funtzionario haiek betetzerik badute edo, lanpostuen lan-profila kontuan harturik, Administrazioaren beraren langileek behin-behinean bete ezineko lanpostuak edo eginkizunak badira.

  3. – Beste herri administrazio batean zerbitzu-eginkizunetan daudenak administrazio horren lan-baldintzekin loturik daude, lan barne sustapena eta zerbitzutik kentzeari buruzko gaietan salbu.

  4. – Beste herri administrazioetan zerbitzu-eginkizunak indarrik gabe geratuko dira araudi honen 49. eta 50. artikuluetan ezarritako zioengatik, eta baita ere eragindako edozein herri administraziok edonoiz berariaz ezeztatzen badu.

  1. – Funtzio publikoan eskuduntza duen organoak funtzionarioei baimena eman ahal die nazioarteko erakundeen edo atzerriko erakundeen nahiz gobernuen zerbitzura daudeneko programa edo nazioarteko egitekoetan parte har dezaten, beti ere aipatutako programa edo egitekoetan funtzionario horiek parte hartzean Administrazioak interesik baduela nabaria bada. Partaidetza hori gehienez sei hilabetekoa izango da, kasu berezietan salbu.

  2. – Zerbitzu-eginkizunak baimentzen dituen ebazpenak, egin beharreko kooperazioaren arabera erabakiko du jaso beharreko ordainsaria jatorrizko administrazioaren kontura den, edo bete beharreko lanpostuaren kontutarakoa.

  1. – Araudi honen 49. eta 50. artikuluen arabera, zerbitzu-eginkizunetan diharduen funtzionarioak, betetzen ari den lanpostuari edo eginkizunei dagozkien ordainsariak jasoko ditu. Zerbitzu-eginkizunak zereginak betetzekoak badira, funtzionarioak jasoko dituen ordainsariak inola ere ezin dira hark berezko duen lanpostuari atxikitakoak baino txikiagoak izan.

  2. – Kasu guztietan, zerbitzu-eginkizunek dirauen artean, funtzionarioei beren lanpostua gordeko zaie salbuespen batekin, araudi honen 54,3 artikuluan jasotakoa hain zuzen.

  1. – Lanpostuak behin-behinean atxiki daitezke jarraian jasotako hauetakoren bat gertatzen bada:

    1. Lehiaketaz edo izendapen askez lorturiko lanpostua ezabatu bada, eta halaber lehiaketaz lorturiko lanpostuaren edukia gerora aldatu delako langilea lanpostutik mugiarazi denean.

    2. Izendapen askeko lanpostu batetik kentzea.

    3. Lehiaketaz lorturiko lanpostuan jarduteko gai ez delako, funtzionario lanpostutik mugiarazi behar denean.

    4. Lanpostuari uko egitea, izendapena egin zuen organoak onartutakoa.

    5. Itzulera jarduneko zerbitzura.

  2. – Aurreko kasuetan, funtzionarioa bere kidego edo eskalako lanpostu bati atxikiko zaio. Baliabideen kudeaketa eraginkorra eta meritu eta gaitasun printzipioak bat egiten dituzten irizpide objektiboen arabera zehaztuko da lanpostu hori zein den, irizpide horiek garatzeko araudian ezarrita datozelarik.

    Artikulu honen 1. puntuko e) idatz-zatian jasotako kasua bada, itzulerak baldintza bat izango du, alegia aurrekontu zuzkiduraz bete gabeko lanposturik egotekoa.

    Lehengo puntuan adierazitako gertakizunak ageri arren, funtzionarioa atxikitzea ez da beharrezkoa izango, ordurako, aldi baterako betetzeko sistema baten bidez, beste lanpostu batean jardunean baldin badago.

  3. – Lanpostu bati behin-behineko atxikipena iraungiko da, dagokionean, lanpostua gordeta zuena jarduneko zerbitzura edo lanpostura itzuli bada, edo behin betiko atxikipenaz edo lanpostua ezabatu denean. Halaber, atxikipena indarrik gabe geratuko da behin-behinean atxikitakoa beste lanpostu batera, behin-behinean edo behin betiko, badoa, edo jarduneko zerbitzua ez den beste egoera batera igaro bada.

Premiak edo beharrak bultzaturiko arrazoien ondorioz, bitarteko funtzionarioak izenda daitezke herri administrazioek ordaindutako zereginetan aldi baterako jardun dezaten, karrerako funtzionarioek zeregin horiek betetzea ezinezkoa delarik aurrekontuko zuzkidurarik badago eta premia edo behar-arrazoiek dirauten artean.

  1. – Bitarteko funtzionarioak lanpostutik kenduak izango dira honako zioetako batengatik:

    1. Aldi baterako betetzen ari zen lanpostua edo plaza arauetan jasotako betetzeko sistema baten bidez karrerako funtzionario batek hartzen badu.

    2. Antolakuntzari dagozkion zioengatik lanpostua ezabatua denean.

    3. Administrazioaren ustez, aldi baterako betetzea bultzatu zuten behar edo premiazko arrazoiak desagertu badira.

  2. – Ordezkatua izan zen funtzionarioak lanpostua gorde ziezaioten zuen eskubidea iraungi ondoren lanpostuan karrerako funtzionarioek jardutea oraindik ezinezkoa bada, bitarteko funtzionarioak bere zerbitzu-harremanari eutsiko dio, baina horretarako izendatua izateko legezko zioa aldatuko da.

Bitarteko funtzionarioei funtzionario publikoen araubide estatutario aplikatuko zaie, beren harremanaren izaerak hala uzten duen heinean.

  1. – Bitartekoen hautaketa egingo da gai horri buruz administrazio bakoitzak ezartzen dituen arauen arabera. Hautatzeko prozedurek, berdintasun, ageritasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatzen dituzten irizpideak izango dituzte oinarri, aldi berean irizpideok prozedura horiek ahalik eta zaluenak izatea bideratzen dutela.

  2. – Berariazko araurik ez badago, hautaketa oro har egingo da funtzionario izateko edo aldi baterako enpleguaren poltsak eratzeko, izandako hautaketa prozesurik gainditu dutenen artean.

  3. – Giza-baliabideen kudeaketa eraginkorrari eragozten ez dion heinean, euskal herri administrazioek elkarri elkarlana eskainiko diote, bitarteko funtzionarioak izendatzeko xedez beren lan-poltsetan sarturiko langileak maileguan utziz.

  4. – Izangaiak hartzeko premiarik edo zailtasunik baldin badago, salbuespen bezala eta justifikaturiko memoria bitarteko delarik, enplegu zerbitzu publikoetaz baliatzeko aukera egongo da.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen eremuan, zerbitzu-eginkizunetan lanpostuak aldi baterako betetzeko funtzionarioak oro har hautaketa baten bidez hautetsiko dira.

    Zuzenean funtzionarioak zerbitzu-eginkizunetan atxiki daitezke baldin eta garatzeko araudian adierazitako inguruabarrak baldin badaude, premian eta giza baliabideen kudeaketa eraginkorrean oinarritutakoak hain zuzen.

  2. – Lehiaketa bereziarentzat gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko zerbitzu-eginkizunen deialdiak izango dira oraingo araudi honetan prozedura honentzat ezarritako arauen arabera.

    Merituak balioesteko batzorde tekniko bat eratuko da. Batzorde horren kideak bakarrik izan daitezke dei egin duen sail edo erakundearen ordezkariak eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzakoak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoen eremuan, zerbitzu-eginkizunetan karrerako funtzionarioak atxiki daitezke jarduketa-lerro, plan edo egitasmo berriak martxan ipintzeko lagunduko duten eginkizunak egiteko xedez.

  2. – Aurreko atalean jasotako plan edo egitasmoak Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu beharko ditu aurretik. Onartu aurretik, sailak Aurrekontu Zuzendaritzaren eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren aldeko txostena eskatuko du, non, eginkizunen eta zereginen izaera aztertu ondoren, ordainsariak eta betetzeko eskakizunak zehaztuko baitira. Txosten horiek lotesle izaera izango dute.

  3. – Agindutako eginkizunak amaitu arte iraungo dute zerbitzu-eginkizunek, gehienez bi urtebeteko muga dutelarik. Horien luzapena behin batez, eta gehienez bi urtebetez, onar daiteke. Horretarako, aurretik egiaztatu behar da egitasmoa ezin dela lehenago amaitu.

  1. – Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoen baitan onargarria da zereginak behin-behinean atxikitzeko zerbitzu-eginkizunak funtzionarioei ematea. Horrela, beste lanpostu horren zeregin nagusiak beren borondatez betetzeko aukera ematen da, lanpostuaren jabeak erantzunik eman ezin dion epe labur horretan, aldi berean ordura arte betetzen ari ziren lanpostuan jarduteari eusten diotela.

  2. – Esleitutako eginkizunak bat baldin badatoz zerbitzu-eginkizunetarako izendatutako langilearena baino mailaz goragokoa den lanpostuarenekin, zerbitzu-eginkizunetan ari den funtzionarioak, berezko duen lanpostuari dagozkion ordainsariez gain, osagarri bat ere jasoko du. Osagarri horren kopurua izango da, hain zuzen ere, bi lanpostuen ordainsarien arteko aldea bestekoa, hau da berezko duen lanpostuaren ordainsariak eta betetzeko agindu dizkioten eginkizunen lanpostuari dagozkion ordainsarien artekoa. Esleitutako eginkizunen maila eta berezko duen lanpostuarena berdinak badira, eskuratuko duen osagarria goitik hurren duen mailarekiko aldea bestekoa izango da.

Bakarra.– Abian diren prozedurak.

Dagokion deialdia argitaratzen den unean indarrean dagoen araudiak arautuko ditu gaur egun lanpostuak betetzeko abian dauden prozedurak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.