Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Industria iraultza. Gertaerak

St. Lazareko geltokia, Claude Monet.<br><br>

Eskulangintzaren iraultza gerta zedin laborantzaren aldaketa errotikakoak behar izan ziren aurretik. Lurraren langintzan oso aldaketa sakonak izan ziren, eta horrek ekarri zuen, batetik, langile asko soberan izatea –industriara joan ziren–, eta bestetik, kapitala metatzeko aukera, eta kapital hori makina eta fabriketan inbertitzeko aukera, horrenbestez.

Gizonen ordez makinak erabiltzeko, industrializazioaren ezaugarri nagusia zertzeko alegia, berrikuntza teknologikoak behar ziren, gehiago, denbora laburragoan, langile gutxiagorekin eta merkeago ekoiztu ahal izateko. Bestalde, asmakari berrien erabileraren eta merkatuen eskaeraren arabera bi aldi bereizi ziren industrializazioaren prozesuan: lehena, ehunaren industrializazioa izan zen, eta bigarrena, ikatz, burdin eta altzairuarena, eta burdinbideena.

 

Nekazaritzaren iraultza

Laborantzan eta abeltzaintzan XVIII.. endeaz geroztik Ingalaterran eta Herbehereetan bizi izan ziren aldaketa sakonak teknika eta tresna berriak erabiltzen hasi izanaren ondorioz gertatu ziren. Zentzu horretan, nekazaritza alorrean gertatu zena areago hartu beharko litzateke garapen gisa iraultza gisa baino, aldaketaren zenbaterainokoa adierazteko egokia den arren bigarren esapide hori. Nolanahi ere, zaila da «nekazaritzaren iraultza» aldi berekorik gabe industria iraultza ulertzea.

Industriaren aurreko historiaren ezaugarrietako bat ekoizpenaren eta baliabideen nola-halako oreka izan zen. Jende gehiena laborantzan edo abeltzaintzan aritzen zen,eta hortik zuzenean ateratzen zuen bizibidea.

Tresnak eta ustiakuntza metodoak zaharkituak zeuden, ordea, eta langile asko behar zen soroetan… onura aski pobrea ateratzeko.

Biztanleria hazten zenean, ez ziren haren maila berean hazten lurraren ekoizpena eta emankortasuna, eta orduan premia, gosea, eritasuna eta heriotza iristen ziren.

XVIII. mendean erabiltzen zen goldea –eta Europaren hegoaldean baita mende bat geroago ere–, ez zen erromatarrek erabiltzen zutenaren oso bestelakoa.

Lurraren ekoizpenaren eta emankortasunaren handitzea lurra lantzeko eremua zabaltzeak ekarri zuen (lugorriak murriztuz, padurak lehortuz edo bazterreko lurrak erabiliz), eta batez ere, etekinak handitzeak.

Etekinak handitze hori teknika berriakaplikatuz lortu zen, hala adibidez haziak eta arrazak hautatuz eta gurutzatuz, azienda ukuiluetan sartuz, lugorriak baztertzen eta lurraren kalitatea hobetzen zuten txandakako sistema berritzaileak erabiliz (laboreak eta bazka landareak edo lekariak txandaka lantzea, Norfolk sistema, urteko eta aldiko sistema gainditzen zuen lau urteko errotazioa), oinarrizko tresneria hobetuz (Rotherhamgo goldea, sega, ferra…) eta, ondoren, mekanizazio bidez, nekazaritzaren zikloaz kanpoko ongarri sistemak aplikatuz eta arrazionalizatuz, gurdietan zaldiak erabiliz idien ordez (eta, geroago, lurrin makinak zaldien ordez)… Nekazaritza gero eta pribatuagoa eta arrazionalizatuagoa zen, ordea, aldaketak aldaketa.

Eremu irekien sistemak (openfields), lurjabe txiki eta erdi mailakoen eraginez, eremu itxiko sistemari utzi zion lekua (enclosures).

Lurrak hesitzea lurraren pribatizazio prozesuaren ikur bihurtu zen: era horretan, jabeek nahi bezala aplika zitzaketen berrikuntzak, autokontsumoko laborantza batetik ustiakuntza eta soberakinak lortzeko eta merkaturatzeko sistemara igaroz, baserri eta mendialdean soberan zegoen jendea kanporatuz, eta nekazari pobreenak babesten zituzten usadiozko eskubideak mugatuz edo ezabatuz.

Horren guztiaren ondorioz, gora egin zuten lurraren ekoizpenak eta emankortasunak, zenbaitetan industriara joan ziren kapitalak metatu zituzten lurjabeek, landa aldea gai landuen kontsumitzaile bihurtu zen (ehunak, erramintak eta makinak, metalezko objektuak…), eta landetako biztanleriaren parte bat “libratu” egin zen (edo bota egin zuten) industria ekoizpenaren aldera (proletarizazio prozesua). Horiek, eta beste batzuk izan ziren industriaren aldaketa iraultzailea gertarazi zuten funtsezko eragileak.

 

Lanabesetatik makinara

Industria iraultzak lotura estua du lanabes eta makina berrien aplikazioarekin. Alabaina, asmakariak ez ziren industrializazioaren eragile zuzenak izan. Asmakari horiek eskaera sozialaren bultzadaz sortu ziren.

Esan daiteke, gehiegikeria bada ere, tresna berri eta makina horiek leku eta une jakin hartan bakarrik sor zitezkeela: biztanleriak gora egin zuen, merkatuak handitu ziren, eskaera igo zen, beste bizimodu bat (eta ondasunak ekoiztu eta ustiatzeko beste modu bat) hartu zuen gizarte klase baten esku gelditu zen zuzendaritza politiko eta soziala… Laburtuz, baldin garatu ez balitz kapitalismo jaio berriak berekin zeraman guztia, asmakariak, edo ez ziren sortuko, edo ez ziren ustiatuko ustiatu ziren bezala.

Horregatik, “asmalariak” ez ziren ez espekulatzaileak ez diletanteak izan, nekazari eta eskulangile trebeak baizik.Makinek hartu zuten lanabesen lekua.

Langileak lanabesaz egiten duen mugimendua mekanikoki egitea da makinaren ezaugarri nagusia, baina langilearena ez den indarrak mugiarazita. Horren ondorioz, langile gutxiagorekin gehiago ekoizten da, eta denbora laburragoan, gainera.

Mekanizatu zen lehen sektorea ehungintza izan zen, eskaera gehiena zuena hain zuzen. Ingalaterran, erlojugile batek, Kayk, anezka hegalaria patentatu zuen, aurrekoak baino pieza zabalagoak egiten zituena (langilearen besoek hartzen zuten zabalerakoak ziren zaharrak). Ehunaren ondoren irutea etorri zen, oraingoan ehulearen behatzak erabili gabe. Kotoiaren langintzaren aldaketa hauek beste aldaketa batzuk ere ekarri zituzten.

Laster sortuko zen iruteko makina edo spinning-jenny, geroago indar hidraulikoak higiaraziko zuena (water-frame), eta kotoiaren ehungintzak aski gora egin zuen mule-jenny direlakoak aplikatu zirenean.

Azkenik, “selfaktino” izenekoekin (self-acting, ingelesez) hobetu zen ehungailu mekanikoa, eta era horretan lortu zen irute eta ehuntze lanen berrikuntzan eta mekanizazioan bilatzen zen oreka. Aldi berean, Watten berrikuntzei esker, lurrina erabiltzen hasi zen makinen usadiozko mugimenduaren ordez (hidraulikoa batez ere). Gainerako eskulanak –artilea, lihoa eta seda–, geroxeago sartu ziren prozesu honetan.

Kotoiaren ehungintzarekin loturik egon zen Ingalaterrako industrializazioaren lehen aldia, eta ikatzari eta burdinari loturik berriz bigarrena. Hasteko, harrikatza (coke), ugari eta merkeagoa, erabili zen egur ikatzaren ordez, labe garai berrien teknologiari esker. 1830tik aurrera, eta sektore honetan izan ziren beste aurreramenduen ondorioz, harrikatzaren, eta burdinaren mende –pixkana egurra ordeztu zuen burdinak– geratu zen industrializazioa. Hala bada, makinak asko ugaritu ziren, batez ere burdinezkoak, eta baita burdinezko gauzaki egunerokoak ere (iltzeak, orratzak…); izan ere, halakoen eskaerak, makinez egiten zirelarik, gora egin zuen. Horren guztiaren lagungarri, garraiobide sistema aldatu zen, burdinbidea agertu eta hedatu zenean bereziki; izan ere, garraio berriek material mugikorra eta finkoa behar zuten, burdinez egina. Eta, azkenik, horren guztiaren aldamenean ipini behar dira zubiak, gurdiak, edo, geroago, itsasontziak, laborantzako tresneria, nekazaritzaren mekanizazioa, edota armada eta gudarosteen ohiko eskaera (handiagoa ordu artekoa baino).

 

Fabrika

Fabrika da industrializazioaren irudirik klasikoena. Fabrikak, ordea, industria iraultza abian zela sortu ziren, eta, iritsi zirenean,ez ziren desagertu bestelako ekoizpen sistema eta lantegiak. Nolanahi dela ere, fabrika ekoizpen espazio eta sistema bat dela azpimarratu behar da, baliabide materialak eta giza materialak ahalik eta errentagarrien bihurtzeko helburua duena, eta, horrekin batera, baita langileen lana antolatu eta arautzekoa ere.

Fabrikaren aurretik, “aurrerapenezko sistema” (edo putting out system, edo verlagsystem) izan zen industrializazioaren oinarria: merkatari-enpresarioak lehengaiak erosi eta familia nekazarien artean banatzen zituen; haiek beren etxeetan lantzen zituzten, langintza hori laborantzako lanarekin aldizkatuz. Handik denbora puska batera, enpresarioak piezak jasotzen zituen, eta halako kopuru bat ordaintzen zion familiari.

Normalean ez ziren pieza erabat bukatuak izaten, eta azken ukitua betiko eskulangileek, hirikoek, egiten zuten. Azkenik, merkatari-enpresarioak merkaturatzen zuen gai bukatua. Modu horretan, aldi berean ikusten ziren, batetik, usadiozko sistemaren funtsa, eta, bestetik, etorkizuneko lanaren salerosketaren eta banaketaren zantzu garbiak.

Eskaerak, makinak, kapitalaren inbertsioak eta langile kopuruak gora egin izanaren ondorioz sortu zen fabrika, etxeko lana aski ez zela ikusi zenean. Pixkanapixkana sendotu ziren fabrikak, landa aldean lehenbizi, energia iturrietatik gertu, eta hirietan gero, merkatuetatik eta langileetatik hurbil, makinen, energiaren eta langileen kontzentrazioa ahalik eta gehien baliatzeko. Horiek guztiak arautzeko, arrazionalizatzeko eta errentagarriago egiteko baliabide gisa sortu zen fabrika, eta orobat, ahalegin eta aukera horiek guztiak ahalik eta egokien elkarri lotzeko eta orekatzeko baliabide gisa.

 

Bigarren industria iraultza

Zientzia ezagueren aplikaziotik eratorritako teknika berriek berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituzten (telefonoa, bonbila, eztanda motorra, dinamoa…: horien aurretik, altzairuaren eraldaketa lortu zuen Bessemerrek), 1870 edo 1880tik aurrera, eta berrikuntza horiek, beren aldetik, industria berriak ekarri zituzten, hala automobila, industria kimikoa, elektrizitatearen eta petrolioaren ekoizpena eta banaketa, altzairuzko eraikuntza, metal berrien aplikazioa industrian –aluminioarena adibidez–, edota suzko armen fabrikazioa. Teknologiaren berrikuntza hori beste gertaera berri batekin batera etorri zen: demografiak nabarmen egin zuen gora, eta biztanle pilatzen handiak gertatu ziren hirietan; kapitala elkarte anonimoetan eta finantza gune handietan bildu zen, inbertsio ahalmen handiarekin; fabrika instalazio handiak egin ziren; gizartearen masa handi baten erosteko ahalmenaren gehitu, eta horrekin batera, kontsumoko gaiak ugaritu ziren; estatuaren presentziaren zabaldu zen; industriak aurrea hartu zien beste ekoizpen sektore batzuei… Serieko fabrikazioa zabaldu zen, eta baita lanaren antolamendu zientifikoaren prozesua (taylorismoa eta fordismoa) ere, ahalik eta kostu txikienaz ekoizteko ahaleginetan beti ere. Azken finean, industrializazioaren bigarren aldi bat zetorren, kantitateari eta kalitateari zegokienez aurrekoa ez bezalakoa. Aldi berean, “munduko lantegi” eta industria iraultzaren sorleku izan zen herriak, Britainia Handiak, leku egin behar izan zion beste herrialde batzuen konkurrentziari –Ipar Ameriketako Estatu Batuenari besteak beste– eta Britainia Handiaren hegemonia ere kolokan jarri zuten denbora gutxian.