Historia Unibertsala»Egungo aroa
Industria iraultza. Gertaerak
Eskulangintzaren iraultza gerta zedin laborantzaren aldaketa errotikakoak behar izan
ziren aurretik. Lurraren langintzan oso aldaketa sakonak izan ziren, eta horrek ekarri
zuen, batetik, langile asko soberan izatea –industriara joan ziren–, eta bestetik, kapitala
metatzeko aukera, eta kapital hori makina eta fabriketan inbertitzeko aukera, horrenbestez.
Gizonen ordez makinak erabiltzeko, industrializazioaren ezaugarri nagusia zertzeko
alegia, berrikuntza teknologikoak behar ziren, gehiago, denbora laburragoan, langile
gutxiagorekin eta merkeago ekoiztu ahal izateko. Bestalde, asmakari berrien erabileraren
eta merkatuen eskaeraren arabera bi aldi bereizi ziren industrializazioaren prozesuan:
lehena, ehunaren industrializazioa izan zen, eta bigarrena, ikatz, burdin eta altzairuarena,
eta burdinbideena.
Nekazaritzaren iraultza
Laborantzan eta abeltzaintzan XVIII.. endeaz geroztik Ingalaterran eta Herbehereetan
bizi izan ziren aldaketa sakonak
teknika eta tresna berriak erabiltzen hasi
izanaren ondorioz gertatu ziren. Zentzu horretan,
nekazaritza alorrean gertatu zena areago
hartu beharko litzateke garapen gisa
iraultza gisa baino, aldaketaren zenbaterainokoa
adierazteko egokia den arren bigarren
esapide hori. Nolanahi ere, zaila da
«nekazaritzaren iraultza» aldi berekorik gabe
industria iraultza ulertzea.
Industriaren aurreko historiaren ezaugarrietako
bat ekoizpenaren eta baliabideen
nola-halako oreka izan zen. Jende gehiena
laborantzan edo abeltzaintzan aritzen zen,eta hortik zuzenean ateratzen zuen bizibidea.
Tresnak eta ustiakuntza metodoak zaharkituak
zeuden, ordea, eta langile asko
behar zen soroetan… onura aski pobrea ateratzeko.
Biztanleria hazten zenean, ez ziren
haren maila berean hazten lurraren ekoizpena
eta emankortasuna, eta orduan premia,
gosea, eritasuna eta heriotza iristen ziren.
XVIII. mendean erabiltzen zen goldea
–eta Europaren hegoaldean baita mende bat
geroago ere–, ez zen erromatarrek erabiltzen
zutenaren oso bestelakoa.
Lurraren ekoizpenaren eta emankortasunaren
handitzea lurra lantzeko eremua zabaltzeak
ekarri zuen (lugorriak murriztuz,
padurak lehortuz edo bazterreko lurrak erabiliz),
eta batez ere, etekinak handitzeak.
Etekinak handitze hori teknika berriakaplikatuz lortu zen, hala adibidez haziak eta
arrazak hautatuz eta gurutzatuz, azienda
ukuiluetan sartuz, lugorriak baztertzen eta
lurraren kalitatea hobetzen zuten txandakako
sistema berritzaileak erabiliz (laboreak
eta bazka landareak edo lekariak txandaka
lantzea, Norfolk sistema, urteko eta
aldiko sistema gainditzen zuen lau urteko
errotazioa), oinarrizko tresneria hobetuz
(Rotherhamgo goldea, sega, ferra…) eta,
ondoren, mekanizazio bidez, nekazaritzaren
zikloaz kanpoko ongarri sistemak
aplikatuz eta arrazionalizatuz, gurdietan
zaldiak erabiliz idien ordez (eta, geroago,
lurrin makinak zaldien ordez)…
Nekazaritza gero eta pribatuagoa eta
arrazionalizatuagoa zen, ordea, aldaketak aldaketa.
Eremu irekien sistemak (openfields),
lurjabe txiki eta erdi mailakoen eraginez,
eremu itxiko sistemari utzi zion lekua (enclosures).
Lurrak hesitzea lurraren pribatizazio
prozesuaren ikur bihurtu zen: era
horretan, jabeek nahi bezala aplika zitzaketen
berrikuntzak, autokontsumoko laborantza
batetik ustiakuntza eta soberakinak lortzeko
eta merkaturatzeko sistemara igaroz,
baserri eta mendialdean soberan zegoen
jendea kanporatuz, eta nekazari pobreenak
babesten zituzten usadiozko eskubideak
mugatuz edo ezabatuz.
Horren guztiaren ondorioz, gora egin zuten
lurraren ekoizpenak eta emankortasunak,
zenbaitetan industriara joan ziren
kapitalak metatu zituzten lurjabeek, landa
aldea gai landuen kontsumitzaile bihurtu zen
(ehunak, erramintak eta makinak, metalezko
objektuak…), eta landetako biztanleriaren
parte bat “libratu” egin zen (edo bota egin
zuten) industria ekoizpenaren aldera (proletarizazio
prozesua). Horiek, eta beste batzuk
izan ziren industriaren aldaketa iraultzailea
gertarazi zuten funtsezko eragileak.
Lanabesetatik makinara
Industria iraultzak lotura estua du lanabes
eta makina berrien aplikazioarekin. Alabaina,
asmakariak ez ziren industrializazioaren
eragile zuzenak izan. Asmakari horiek
eskaera sozialaren bultzadaz sortu ziren.
Esan daiteke, gehiegikeria bada ere, tresna
berri eta makina horiek leku eta une jakin
hartan bakarrik sor zitezkeela: biztanleriak
gora egin zuen, merkatuak handitu ziren,
eskaera igo zen, beste bizimodu bat (eta
ondasunak ekoiztu eta ustiatzeko beste
modu bat) hartu zuen gizarte klase baten
esku gelditu zen zuzendaritza politiko eta
soziala… Laburtuz, baldin garatu ez balitz
kapitalismo jaio berriak berekin zeraman
guztia, asmakariak, edo ez ziren sortuko,
edo ez ziren ustiatuko ustiatu ziren bezala.
Horregatik, “asmalariak” ez ziren ez espekulatzaileak
ez diletanteak izan, nekazari eta
eskulangile trebeak baizik.Makinek hartu zuten lanabesen lekua.
Langileak lanabesaz egiten duen mugimendua
mekanikoki egitea da makinaren ezaugarri
nagusia, baina langilearena ez den indarrak
mugiarazita. Horren ondorioz, langile
gutxiagorekin gehiago ekoizten da, eta
denbora laburragoan, gainera.
Mekanizatu zen lehen sektorea ehungintza
izan zen, eskaera gehiena zuena hain
zuzen. Ingalaterran, erlojugile batek, Kayk,
anezka hegalaria patentatu zuen, aurrekoak
baino pieza zabalagoak egiten zituena (langilearen
besoek hartzen zuten zabalerakoak
ziren zaharrak). Ehunaren ondoren irutea
etorri zen, oraingoan ehulearen behatzak
erabili gabe. Kotoiaren langintzaren aldaketa
hauek beste aldaketa batzuk ere ekarri zituzten.
Laster sortuko zen iruteko makina
edo spinning-jenny, geroago indar hidraulikoak
higiaraziko zuena (water-frame), eta
kotoiaren ehungintzak aski gora egin zuen
mule-jenny direlakoak aplikatu zirenean.
Azkenik, “selfaktino” izenekoekin (self-acting,
ingelesez) hobetu zen ehungailu mekanikoa,
eta era horretan lortu zen irute eta
ehuntze lanen berrikuntzan eta mekanizazioan
bilatzen zen oreka. Aldi berean, Watten
berrikuntzei esker, lurrina erabiltzen hasi
zen makinen usadiozko mugimenduaren
ordez (hidraulikoa batez ere). Gainerako
eskulanak –artilea, lihoa eta seda–, geroxeago
sartu ziren prozesu honetan.
Kotoiaren ehungintzarekin loturik egon
zen Ingalaterrako industrializazioaren lehen
aldia, eta ikatzari eta burdinari loturik berriz
bigarrena. Hasteko, harrikatza (coke),
ugari eta merkeagoa, erabili zen egur ikatzaren
ordez, labe garai berrien teknologiari
esker. 1830tik aurrera, eta sektore honetan
izan ziren beste aurreramenduen ondorioz,
harrikatzaren, eta burdinaren mende
–pixkana egurra ordeztu zuen burdinak–
geratu zen industrializazioa. Hala bada,
makinak asko ugaritu ziren, batez ere burdinezkoak,
eta baita burdinezko gauzaki
egunerokoak ere (iltzeak, orratzak…); izan
ere, halakoen eskaerak, makinez egiten zirelarik,
gora egin zuen. Horren guztiaren
lagungarri, garraiobide sistema aldatu zen,
burdinbidea agertu eta hedatu zenean bereziki;
izan ere, garraio berriek material
mugikorra eta finkoa behar zuten, burdinez
egina. Eta, azkenik, horren guztiaren
aldamenean ipini behar dira zubiak, gurdiak,
edo, geroago, itsasontziak, laborantzako
tresneria, nekazaritzaren mekanizazioa,
edota armada eta gudarosteen ohiko
eskaera (handiagoa ordu artekoa baino).
Fabrika
Fabrika da industrializazioaren irudirik
klasikoena. Fabrikak, ordea, industria iraultza
abian zela sortu ziren, eta, iritsi zirenean,ez ziren desagertu bestelako ekoizpen sistema
eta lantegiak. Nolanahi dela ere, fabrika
ekoizpen espazio eta sistema bat dela
azpimarratu behar da, baliabide materialak
eta giza materialak ahalik eta errentagarrien
bihurtzeko helburua duena, eta, horrekin
batera, baita langileen lana antolatu eta arautzekoa
ere.
Fabrikaren aurretik, “aurrerapenezko sistema”
(edo putting out system, edo verlagsystem)
izan zen industrializazioaren oinarria:
merkatari-enpresarioak lehengaiak erosi
eta familia nekazarien artean banatzen zituen;
haiek beren etxeetan lantzen zituzten,
langintza hori laborantzako lanarekin
aldizkatuz. Handik denbora puska batera,
enpresarioak piezak jasotzen zituen, eta
halako kopuru bat ordaintzen zion familiari.
Normalean ez ziren pieza erabat bukatuak
izaten, eta azken ukitua betiko eskulangileek,
hirikoek, egiten zuten. Azkenik,
merkatari-enpresarioak merkaturatzen zuen
gai bukatua. Modu horretan, aldi berean
ikusten ziren, batetik, usadiozko sistemaren
funtsa, eta, bestetik, etorkizuneko lanaren
salerosketaren eta banaketaren zantzu
garbiak.
Eskaerak, makinak, kapitalaren inbertsioak
eta langile kopuruak gora egin izanaren
ondorioz sortu zen fabrika, etxeko
lana aski ez zela ikusi zenean. Pixkanapixkana
sendotu ziren fabrikak, landa aldean
lehenbizi, energia iturrietatik gertu,
eta hirietan gero, merkatuetatik eta langileetatik
hurbil, makinen, energiaren eta
langileen kontzentrazioa ahalik eta gehien
baliatzeko. Horiek guztiak arautzeko, arrazionalizatzeko
eta errentagarriago egiteko
baliabide gisa sortu zen fabrika, eta orobat,
ahalegin eta aukera horiek guztiak
ahalik eta egokien elkarri lotzeko eta orekatzeko
baliabide gisa.
Bigarren industria iraultza
Zientzia ezagueren aplikaziotik eratorritako teknika berriek berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituzten (telefonoa, bonbila, eztanda motorra, dinamoa…: horien aurretik, altzairuaren eraldaketa lortu zuen Bessemerrek), 1870 edo 1880tik aurrera, eta berrikuntza horiek, beren aldetik, industria berriak ekarri zituzten, hala automobila, industria kimikoa, elektrizitatearen eta petrolioaren ekoizpena eta banaketa, altzairuzko eraikuntza, metal berrien aplikazioa industrian –aluminioarena adibidez–, edota suzko armen fabrikazioa. Teknologiaren berrikuntza hori beste gertaera berri batekin batera etorri zen: demografiak nabarmen egin zuen gora, eta biztanle pilatzen handiak gertatu ziren hirietan; kapitala elkarte anonimoetan eta finantza gune handietan bildu zen, inbertsio ahalmen handiarekin; fabrika instalazio handiak egin ziren; gizartearen masa handi baten erosteko ahalmenaren gehitu, eta horrekin batera, kontsumoko gaiak ugaritu ziren; estatuaren presentziaren zabaldu zen; industriak aurrea hartu zien beste ekoizpen sektore batzuei… Serieko fabrikazioa zabaldu zen, eta baita lanaren antolamendu zientifikoaren prozesua (taylorismoa eta fordismoa) ere, ahalik eta kostu txikienaz ekoizteko ahaleginetan beti ere. Azken finean, industrializazioaren bigarren aldi bat zetorren, kantitateari eta kalitateari zegokienez aurrekoa ez bezalakoa. Aldi berean, “munduko lantegi” eta industria iraultzaren sorleku izan zen herriak, Britainia Handiak, leku egin behar izan zion beste herrialde batzuen konkurrentziari –Ipar Ameriketako Estatu Batuenari besteak beste– eta Britainia Handiaren hegemonia ere kolokan jarri zuten denbora gutxian.