Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Industria iraultza. Funtsak

Meategia XIX. mendearen hasieran.<br><br>

Industria Iraultza prozesu historiko luze bat izan zen, XVIII. mendearen erdialdearen eta XIX.aren lehen hamarraldien artean Europako eskualde batzuetako bizimodua errotik aldatu zuen prozesu luzea (Britainia Handia, Belgikako eta Frantziako parte batzuk, Estatu Batuetakoak, etorkizuneko Alemania eta Txekoslovakiakoak). Hortik aurrera, kontinente zaharreko eta Ipar Ameriketako leku gehienetara zabaldu zen, eta baita Asiako eremu batzuetara (Japonia) ere. Gaur egun orokorra da prozesu hau, munduko azken eremuak orain ari baitira industrializatzen. Esan izan da, eta arrazoiz gainera, industriarena eta Neolitos arokoa izan direla gizadiaren bi iraultza handiak.

Industria Iraultzak erabat aldatu zituen eguneroko bizimodua, gizartearen antolamendua, ekoizpen eta merkataritza harremanak eta lan egiteko moduak, jardunbide politikoa, aberastasunaren eta aginpidearen nazioarteko oreka (herrialde aurreratuen eta atzeratuen arteko alde gero eta handiagoarekin), eta kultura eta zibilizazio guztia.

Denboraren eta espazioaren ikusmoldea bera ere aldatu egin zitzaien prozesu hau bizi izan zutenei eta dutenei.

 

Aldaketa konplexu bat

FUNTSEAN, INDUSTRIA IRAULTZA TEKNOLOGIA APLIKATUAN GERTATU ZEN ERABATEKO BERRIKUNTZAREKIN LOTZEN BADA ERE, ERA ASKOTAKO ERAGILEAK BATERATU ZIREN UNE JAKIN BATEAN, IRAULTZA HORI GERTA ZEDINIkatz eta altzairugintzari eta ehungintzari, edota garraio mota berriak mugiarazten zituen indarrari asmakari berriak aplikatzeak izugarri areagotu zuen sektore horien ekoizpen ahalmena. Alabaina, hori lortzeko langileasko behar zituen industriak, eta ekoizpen horren eskaria egingo zuen merkatu bat behar zuen inguruan. Hortaz, premiazkoak gertatu ziren teknologia, langileria zabala eta merkatua; horiekin batera ordea, beharrezkoak zen nekazaritzan zenbait aldaketa egitea, edota biztanleria handitzea, kapital inbertsio-egilea pilatzea eta eskura izatea, jabetzaren gaineko legeak berriztatzea; horrek guztiak politikaren eta moralaren ikusmolde berriak ere eskatzen zituen, halaber, eta horrekin batera aldaketa hori zuzendu eta baliatzeko prest legokeen klase sozial berri bat ere bai.Makinek gizonaren tokia hartu zuten arren, industrializazioak langile asko behar zuen, etxean nahiz fabriketan lan egiteko.

Beso berri horiek nekazaritzatik atera ziren, jadanik berritua baitzen nekazaritza eta langile gutxiagorekin gehiago ekoizteko gauza baitzen. Era berean, ziklo demografikoa ere aldatu egin zen, hilkortasuna murriztu baitzen. Jaiotza tasek, aldiz, gora jarraitu zuten (Frantzian izan ezik), eta denbora luze samarrean ez ziren jaitsi. Hala bada, 1750 eta 1870 artean bikoiztu egin zen Europako biztanleria, eta 140 milioi biztanle izatetik 310 milioi izatera igaro zen. Aldaketa hori bideratu zuten elikadura hobea izateak (laborantzaren eta garraiobideen iraultzagatik), eta, geroago, higienearen eta medikuntzaren hobekuntzak.

Inbertsioetarako behar zen kapitala, hasieran, ez zen oso handia. Irabaziak negozio txikietan inbertitzen ziren berriz, eta erdi mailako klaseetako industria gizonak, merkatariak edo nekazariak, edo haien semeak, izaten ziren haien buru. Baina prozesua konplexuago egiten zen neurrian, gero eta beharrezkoago gertatu zen kapitala. Hiru esparru hauetatik etorri zen baliabide ekonomikoen pilaketa: lurra, eskulana eta merkataritza.

Hortaz, Ingalaterran zegoena bezalako finantza sistema batek, mailegu eta banku arin eta malgukoa izanik (1793an baziren hirietan 400 banku, banku zentralaz gainera), erraztu egin zuen kapitalik ez zeukanak ere inbertsiorako maileguak hartu ahal izatea, eta, irabaziak handiak ziren uneetan, inbertsio horiek gehitzea.

Azkenik, legeek ere lagundu zioten ekonomiaren gorakadari. Ekonomiaren liberalizazioa berez etorri zen, eta orobat jabetza pribatuaren “legezkotzea”, jabeari jarduteko askatasun osoa ematen ziona, jabetza baino areago gozamena ziurtatzen zuten usadiozko arautegien mende egon beharrik gabe. Horretarako, zenbait lege eman behar izan zen, hala lurren hesitzeari buruzkoak, soberako jendea edo enplegurik gabea kanporatzen eta kontrolatzen zutenak (pobreen legeak edo poor laws), jabetza “esku hiletatik” (eliz ordenak, udalerriak) jabetza pribatu osora eramaten zutenak, edo eskulangileen usadiozko gremioak desegiteari buruzkoak.

 

Liberalismo ekonomikoa

Liberalismo ekonomikoaren aitak, Adam Smithek, adierazi zuen teoria ekonomikoak marko ideologiko baten balioa izan zuen britaniar industrializazioaren bultzatzaileentzat.

Smithi kontzeptu sinpleegiak egozten zaizkio (esku ikusezina, estatu ahula, irabaziaren moral bakarra, kapitalismo basa), baina izan, moraleko irakaslea izan zen batez ere, eta arazo etikoak zituen kezka nagusi.Hau zen Smithen abiapuntua: gizabanakoak, aldi berean, berekoikeriaz eta altruismoz jarduten du, batari zein besteari dagokionez kontzientziaren mende dagoelarik, eta kontzientziak, bere aldetik, plazerra eta irabazia bilatzen ditu, baina baita besteekiko begirunea eta errespetua ere.

Norberaren interesaren bilaketa ordenatu horrek, oinarrizkoena ziurtatzen duen baina subjektu pribatuen arteko harremanetan sartzen ez den estatu baten baitan, bideratzen du, oharkabean eta berez horretara joan gabe (merkatuaren esku ikusezina), denen onura, alegia, nazioen aberastasuna. Horregatik, norberaren interesa bilatzea, moralaren aldetik, bidezko gauza da, eta gizartearentzat onuragarri.

Smithen aburuz, lanean dago aberastasuna, eta lanaren fruituak nola areagotu daitezkeen asmatu beharra dago. Era horretan, lanak berekin dakartzan mugimendu fisikoak ondo banatzen badira, handiagoa izango da lanaren ondorengo emaitza (horren argigarri da orratzen lantegiaren adibidea).

Smith estatu ez handi baina bai indartsu baten aldeko da. Estatu horren eginkizuna “askatasun naturaleko sistema”, berez ez datorren eta, horrenbestez, erakundeen indarra behar duen sistema, defenditzea da.

Ez du sartu behar ez negozio pribatuetan ez pribatuen arteko harremanetan, ezta sektore hau edo hura babestu behar ere, ezta guztien onurarako balitz ere. Estatuak –dio Smithek–, ez daki hori egiten, eta ez du egin behar gainera: ez du ekimen pribatuaren tokia hartu behar, ezta onura orokorraren izenean ere. Aitzitik, konkurrentzia bermatu eta monopolioa baztertzen saiatu behar du huts-hutsik, barne ordena eta defentsa nazionala segurtatu behar ditu, garapenerako oinarrizko azpiegiturei eutsi (oinarrizko heziketa, komunikazioak…) behar die, eta baita justizia soziala babestu ere; izan ere, Smithentzat, herri bateko biztanleen artean banatua dagoen huraxe da nazioaren aberastasuna.

 

Lanaren banaketa

“Lanaren ekoizpen ahalmenaren aurreramendu garrantzitsuena, eta lan hori erabiltzean edo zuzentzen denean behar diren trebetasuna, abilezia eta zentzua, dirudienez, lanaren banaketaren ondorio izan dira.

(…) Har dezagun adibide gisa oso garrantzi gutxi duen langintza bat (…): orratzgintza.

Langintza honetan ohiturarik ez duen langile batek, orratzak egiteko erabiltzen den makinetan ohiturarik ez duenez, lan asko eginda ere ozta-ozta egingo du orratz bat egunean, eta, hori bai, ezingo ditu hogei egin. Baina, kontuan izanik nola egiten den gaur egun lan hori, langintza bera ogibideberezi bat da, baina ez hori bakarrik: aitzitik, horrez gainera, orratzgintza adar sail batean banatzen da, eta adar bakoitza ogibide partikular bat da.

Gizon batek alanbrea tenkatzen du, beste batek zuzendu, hirugarrenak moztu, laugarrenak zorroztu, bosgarrenak burua sartuko den muturra kamusten du; burua egiteak bi edo hiru operazio desberdin dakartza berekin, lan berezia da burua bere lekuan kokatzea, eta, orobat da berezia orratzei esmaltea ematea; hala bada, orratz bat egiteko eginkizun garrantzitsua hemezortzi bat operazio desberdinetan banatzen da, operazio horiek egiteko zenbait langile izango dira fabrika batzuetan, eta besteetan berriz gizon bakar batek egingo ditu bi edo hiru operazio. (…) Lan banaketari esker lan gehiago egiteko aukera zuen langile kopuru berak, hiru eragile hauei esker: lehenbizi, langile bakoitzaren trebetasuna areagotzea; bigarren, jardun batetik bestera igarotzean galdu ohi den astia aurreztea; eta, azkenik, lana errazten duten makinak asmatzea, makina horiei esker gizon batek askoren lana egin baitezake”.