Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ozeania: kontinente bat Ozeano Barean

Ginea Berriko biztanlea. Australia eta Zeelanda Berriaren aurrean badira oraindik zenbait leku, Ginea Berria, adibidez, egungo aurrerapenek aldarazi gabeak eta guztiz atxikiak beren usadio zaharrei.<br><br>

OZEANIA XXI. MENDEAN BILAKAERA NABARMENA IZANGO DUTEN GUNEETAKO BATEAN DAGO, OZEANO BAREAN, ETA GUNE HORRETAN GARRANTZI HANDIKO ZEREGINA IZANGO DU, GAINERA, AUSTRALIA ETA ZEELANDA BERRIAREN ESKUTIKOzeanian daude munduko estatu aurreratuenetako bi: Australia eta Zeelanda Berria.

Horiez gainera beste hamaika estatu burujabe daude, baina lurralde eremu txikia hartzen dute eta biztanle gutxi dituzte. Azkenik, badira beste herri batzuen administraziopean mende edo beste egitura zabalago batzuen barnean dauden lurraldeak ere, Hawai (Estatu Batuak) edo Kaledonia Berria eta Polinesia (Frantziaren babespean). Ozeaniako estatu guztiak Ozeano Barearen mendebalean daude, eta, esan bezala, Australia eta Zeelanda Berria, Commonwealtheko kideak biak, dira aurreratuenak. Bi estatu hauek XX. mendearen hasieran lortu zuten burujabetasuna; gainerako estatuak deskolonizazioaren ondoren egituratu ziren, 1960-1980 bitartean gehienak. Ozeaniako biztanle kopurua ez da oso handia, eta biztanle dentsitate bereziki apaleko zenbait gune daude; biztanle gehien dituzten estatuak Australia (17 milioi biztanle), Zeelanda Berria (3 milioi biztanle) eta Papua (4 milioi biztanle) dira. Australia eta Zeelanda Berriaren aldean maila apalagoa dute uharteko gainerako mikroestatuek, eta kanpotik iristen zaien laguntzatik bizi dira.

 

Australia

II. MUNDU GERRAREN ONDOREN EKONOMIA BILAKAERA JARRAITUA ETA EPE LUZEKOA IZAN DU ESTATU HONEK ETA GAUR EGUN OZEANIAKO AURRERATUENA DAAustraliak 1931n lortu zuen burujabetasuna, Westminsterreko estatutuaren bidez, Commonwealthen baitan. Harrezkero hiru mailatan antolatuta dago hango politika: egitura federala, estatuarena eta lekuan lekuko erakundeena. Aginpide betearazlea erregetzak du, teorian behintzat, baina erregetzak ordezkari bat du, gobernadore orokorra.

Dena dela, eguneroko jarduera politikoa lehen ministroaren eta haren laguntzailearitzen den kabinetearen ?legebiltzarrak gehiengoz hautatua? esku dago. Baina egoera hori aldatzen hasi zen 1986an. Izan ere, urte horretan egindako erreferendumaren ondorioz Australia antolamendu politiko-administratibo hartatik aldentzen hasi zen; 2001. urterako beste erreferendum bat dago iragarrita, Australiako herritarrek orain arteko antolamendua onartzen duten ala errepublika ezarri eta Commonwealtharekin lotura hautsi nahi duten erabakitzeko.

Oro har, alderdi laborista izan da Australiaren historian eragin gehien izan duen alderdia, baina 1949tik 1972ra alderdi liberalak eta nekazarien alderdiak (zentro-eskuinekoa, gaur egun alderdi nazionala) osaturiko batasuna izan zen agintean; agintaldi horretan iritsi zuen bere gorena australiarren bizi mailak. Batasunaren agintaldiaren ondoren laboristak jarri ziren berriro gobernuan (1972-1975) eta atzetik nekazarien alderdia berriro, 1983 arte. Aurrerantzean ere horrela jarraitu dute, txandaketa sistemarekin alegia, eta horri esker gizarte babeserako munduko sistema onenetakoa eratu dute, ekonomia etekinak eta ondasunen banaketa elkarri egokitzen asmatu baitute.

Nazioarteko harremanei dagokienez, Australiak arazo larriak izan zituen Frantziarekin, frantziarrek Ozeano Barean saiakera nuklearrak egin baitzituen 1995-1996 urteetan; gatazka haren ondoren luzamendu nuklearra lortu zuten.

 

Zeelanda Berria

OZEANO BAREKO SUZKO GERRIKOA DEITZEN DEN HORRETAN DAGO HERRIALDE HAU ETA IPARRALDEKO ETA HEGOALDEKO UHARTEAK ETA STEWART UHARTEAK HARTZEN DITUAustraliak bezala Zeelanda Berriak ere 1931n lortu zuen burujabetasuna, Commonwealthen barruan. Erakundeei eta politikari dagokienez ere Australiaren antz handia du. Gobernadore orokor bat dago, erregetzaren ordezkari, baina jarduera politikoa lehen ministroaren eta legebiltzarraren laguntzaz osaturiko kabinetearen esku dago. 1949 arte laboristak izan ziren agintari; haien lanari esker gizarte babeserako programa bikainak eratu ziren. Haien ondoren alderdi nazionalak hartu zuen aginpidea (zentro-eskuinekoa) eta harrezkero alderdi nagusien ?laborista eta nazionala? arteko txandaketa erabili da. Zeelanda Berriak harreman handia du Estatu Batuekin eta Australiarekin: 1951n ANZUS segurtasun hitzarmena sinatu zuten hiru herrialde horiek. Baina harreman horrek okerrera egin zuen 1986an, Zeelanda Berriak ez baitzuen onartzen Ozeano Barean arma nuklearrak garraiatzen ari ziren ontziak ibiltzerik, eta hori ez zetorren bat Frantziaren eta, batez ere, Estatu Batuen interesekin.

1995ean liskarrak izan zituen berriro, Frantziarekin ordukoan, Ozeano Barean Frantziak egindako saiakera nuklearrak zirela eta. Zeelanda Berriko ekonomiaren oinarria lehen sektorea da, batez ere behi eta ardien esportazioa; landa lurren %90erabiltzen da behi eta ardi aziendak hazteko.

Jarduera horren bidez nekazaritza-abeltzaintzak eta elikagaien ekoizpenak garrantzi handia hartu du: alor horiek hartzen dute Zeelanda Berriaren esportazio guztien %90.

1980az gero Australiarekin zenbait hitzarmen sinatu ditu, bi estatuen artean pertsonen eta salgaien merkataritza askea bideratzeko.

Azkenik, Zeelanda Berria APEC erakundeko (Asiatik Ameriketarainoko Ozeano Bareko herrien ekonomia erakundea) kide da erakunde hori sortu zenez gero.

 

Papua-Ginea Berria

PAPUA-GINEA BERRIA 1975 ALDEAN SORTU ZEN ARREN, OZEANIAKO HIRUGARREN ESTATUA DA, AUSTRALIA ETA ZEELANDA BERRIAREN ATZETIK.

LEHENENGO BIEN ALDEAN, ORDEA, PAPUAK ASKOZ ERE GORABEHERA GEHIAGO DITU POLITIKAREN ALORREANGinea Berria eta beste zenbait uharte txikiago hartzen ditu; Ginea Berriaren mendebaleko muturra, Irian Barat, Indonesiaren mende dago. Papua-Ginea Berriko estatua 1975an sortu zen, Commonwealthen barruan, eta harrezkero Papuako agintariek banakuntzarako mugimendu etengabeei aurre egin behar izan diete, batez ere 1976az gero, Bougainville uhartekoari.

Uharte horrekin sortu zen liskar gogorra zela eta, autonomia estatutu berezia eman zitzaion, baina gaur egun oraindik ere ez da autonomia hori gauzatu. 1977az gero Pangu Pati eta alderdi progresistaren arteko batasuna dago Papuako agintean, eta modernizazioa eta egitura ekonomiko, sozial eta politiko guztiak eguneratzea izan da gobernuaren ardura nagusia. Horretarako harremanak sendotu ditu Asiako herriekin, batez ere Indonesiarekin, hurbiltasunagatik, eta Ozeaniako bi herrialde ahaltsuenekin, hau da Australia eta Zeelanda Berriarekin. Alor honetan garrantzi handiko hitzarmena sinatu zuen Australiarekin; hitzarmen horren arabera Australiak esku hartuko zuen Papuak Bougainville uhartearekin, bereziki hango gudaroste iraultzailearekin, zuen arazoan (hainbat aldiz borrokatu izan dira Bougainvilleko gudaroste iraultzailea eta Papuako gobernuaren gudarostea). 1994an bakea elkarrizketak hasi ziren, baina gaur egun ez atzera ez aurrera daude, itxuraz, 1995eko irailean Cairnsen (Australia) bilkura bat egin zen arren. Papuako gobernuak, bestalde, mertzenarioak erabili ditu arazoa konpontzeko eta horrek arazoak areagotu ditu 1997an gudarostearen eta gobernuaren artean.

 

Kaledonia Berria, kolonialismoaren jarraipena

FRANTZIAREN ITSASOZ HARAINDIKO LURRALDE HAU UHARTEKO JATORRIZKO KANAKA KULTURAREN ETA FRANTZIAREKIKO MENDEKOTASUN ADMINISTRATIBOAREN ARTEAN BANATUA DAGOKaledonia Berria Frantziaren mende dago gaur egun, baina Cook britainiarrak aurkitu zuen 1774an. 1854 arte britainiar administraziopean egon zen, baina urte horretan Despointes almirante frantsesak menderatu zuen.

Harrezkero gatazka handiak izan ziren uharte hartako Kanaka herriarekin. 1884an ezarri zen administrazio zibila eta mende horren bukaeran hasi zen uhartearen bilakaera, mea eta nikeletan zuen aberastasunari esker batez ere.

Horrek Europa, Java eta Indonesiako emigrante oldeak erakarri zituen. 1914an 50.000 biztanletik gora zituen, baina hala ere esan beharra dago I. Mundu gerrak asko gelditu zuela hazkundea. Bigarren Mundu gerran aliatuen base nagusietakoa izan zen Ozeano Barean. 1946an, II. Mundu gerra amaitu ondoren Frantziako errepublikaren itsasoz haraindiko lurralde bihurtu zen. 1956an oinarrien lege bat onartu zen; lege horren bidez goi mailako komisario batek hartzen zuen Frantziako gobernuaren ordezkaritza, gobernu kontseilu bat zuela lagunzailea. 1988an subiranotasunaren arazoari irtenbidea emateko, Matignongo akordioak sinatu ziren Frantziako gobernuaren, europar jatorriko «kaldotxe» herriaren eta «kanaka» melanesiar komunitate burujabearen artean. Akordio horren klausularik aipagarrienak erreferendum bat agintzen zuen 1998 hasierarako, herritarrek erabaki zezaten bere etorkizunaz. Akordio horren interpretazio berria egin zen, ordea,eta horren ondorioz kanaka independentziazaleek elkarrizketetatik alde egin zuten.

Gaur egungo egoera aski nahasia da, kanakek ez baitute proiektu homogeneo bat: independentziaren alde daude batzuk, eta beste batzuk, berriz, subiranotasuna nahi dute baina Frantziaren barnean. Hori dela eta erreferendumaren ondoren gauzak orain arte bezalatsu geldituko dira seguru aski.

 

Commonwealth: inperioa berpiztea

Commonwealth erakundea 1921ean sortu zen, eta antzina Britainiako inperioarenak izandako lurralde gehienak hartzen ditu, britainiar koroa dutela lotura eta buru. Gaur egun 54 herrialde biltzen ditu, elkarren oso desberdinak guztiak: hor daude, esaterako, Kanada, Australia, Hegoafrika, Nigeria, India, Papua-Ginea Berria? Antolaketari dagokionez, idazkari orokor bat dago eta bi urtez behin, ordena jakinik kontuan hartu gabe, bilkura orokorra egiten da. 1997an Siant Andrewsen (Eskozia) egindako bileraz gero, erakunde komun horren lotura ekonomikoa sendotzeko lanean ari da Commonwealtha.

Ekonomian indar handia du, eta erakunde horretako herrialdeek ekoizten dute munduko te, kautxu, kakao, artile eta nikel gehiena.

Hori dela eta, hainbat herrialde dago erakunde horretan sartzekotan, adibidez palestinarrak eta Irlandako Errepublika. Prozesu horretan, ordea, bi oztopo daude: batetik Britainia Handiak ez du neurri horretako proiektu bati aurre egiteko ekonomia ahalmenik; eta, bestetik, Britainia Handiak interes handia du Europako Batasunean, eta batasun horrek ez ditu begi onez ikusten era horretako erakundeak.

Horra hor Britainiako inperio-merkatuak dituen arazoak eta abantailak.