Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Indostango penintsula gaur egun: India, Pakistan, Bangladesh, Sri Lanka

Ganges ibaia Varanas herrian, Uttar Pradesh, India.<br><br>

INDOSTANEN BIZTANLE GEHIEGI BIZI DA, ETA MISERIA ETA ABERASTASUN OKITUA BATERA BIZI DIRA, HIZKUNTZA, ERLIJIO ETA KULTURA NAHASPILA BATEAN.Lur eremu horrek antzinako britainiar inperioaren eremua hartzen du (XVIII. mendea-1947).

Han bizi da munduko biztanleen %21 (biztanle guztien bostena), lurraren gainalde osoaren %2,3 hartzen duen lurraldean. Indostan osatzen duten herrialdeek munduko biztanle dentsitate eta hazkunde tasa handienak dituzte (%2 eta %3 hurrenez hurren). Indian 936 milioi biztanle bizi da, eta munduan biztanle gehien dituen bigarren herrialdea da; Pakistanek 140,5 milioi biztanle ditu, Bangladeshek 120,4 milioi, eta Sri Lankak (antzinako Zeilan) 18 milioi. Hau da, 4,3 milioi km 2 -tan 1.215 milioi lagun bizi dira. Horrez gainera, Indostango penintsula hizkuntza eta kultura anitzez osatutako Babelgo dorrea da. Indiako Konstituzioak 14 hizkuntza onartzen ditu, hinduaz eta ingelesaz gainera; baina kopuru horri ofizialtzat hartzen ez diren 1.600 hizkuntza eta dialekto gehitu behar zaizkio. Bestalde, inguru hori izan zen budismoaren eta hinduismoaren jaiolekua. Horregatik guztiagatik, inguru horretako biztanleek bizitzaz duten ikuspegia eta gurea erabat bestelakoak dira. Ekonomiari dagokionez, India da inguru horretako ekonomiaren sustatzaile, eta inguru hori da munduko eremu pobreenetako bat; Bangladesh eta Sri Lanka, adibidez, Giza Garapenaren Indizeetan azkeneko mailatan daude.

 

India. Asiako beste erraldoia

INDIA INDOSTANGO PENINTSULAKO POTENTZIA HANDIA DA. GERRA HOTZA AMAITU ZENEAN, EKONOMIAREN LIBERALIZAZIO PROZESUA HASI ZEN INDIAN; PROZESU HORREN EMAITZAK HALA-HOLAKOAK IZAN DIRA ORDEA.Nehruren heriotzaren ondoren (1967), historia aro berri bat hasi zen Indian, eta aro horretan ez zen jadanik independentziaren alde aritutako politikaririk. Kaxmireko auzia zela-eta, Indiaren eta Pakistanen arteko tirabirak ez ziren konpondu, eta 1965ean bigarren gerra hasi zen (lehena 1947an izan zen). NBEk soldadu hinduak Kaxmir-etik irten zitezen erabakia hartu zuen, baina horrek ez zuen egoera hura aldarazi.

Soldaduak ez ziren lurralde hartatik irten, eta hirugarren borroka aldia hasi zen (1971). Hirugarren gerra horretan Pakistanen ekialdea Indiaren alde jarri zen. Une horretatik aurrera, bi herrialdeen arteko tirabirek ez dute etenik izan, batez ere gerra hotzaren garaian (Pakistan Estatu Batuen aliatu zen) eta are gehiago errusiarrek Afganistan hartu zutenean (1979). Gerra hotza amaitu zenean aliantza haiek guztiak aldatu ziren. 1966an Indian Indira Ghandi (Nehrurenalaba) aginpidera iritsi zen eta hogei urtez izan zen buruzagi, harik eta 1984an sij estremistek hil zuten arte. Haren seme Rjid Ghandik hartu zuen aginpidea ama hil zenean, eta Kongresuko Alderdiaren babesa izan zuen. 1991an bere zaindari sij-ek hil zuten. Urte horretan bertan, Narasimha Rao hautatu zuten Lehen Ministro. Rao-k eta ekonomia ministroak liberalizazio prozesua hasi zuten. Prozesu horren bidez merkataritza bide nagusien barruan herrialde neutral bat sartzen saiatu ziren. Politika liberalizatzaile horren emaitzak hala-holakoak izan dira, ez baitute ekonomia nahi bezala indartu: Indiako biztanleen %40 pobretasun mailatik behera bizi da. Egoera horrek eta gorabehera nazionalistek ekarri zuten 1995eko hauteskundeetan Kongresuko Alderdiak nagusitasuna galtzea.

 

Pakistan

PAKISTANEN INDEPENDENTZIAZ GERO (1945), TXANDAKA IZAN DIRA ALDI KONSTITUZIONALAK ETA ISLAMIAR ERRADIKALEN GOBERNU ALDIAKPakistango lehen konstituzioa 1956an onartu zen, eta hartan Errepublika Islamiartzat hartzen zen Pakistan. Handik bi urtera, ordea, Ayub Khan mariskalak estatu kolpeajo zuen. 1969ko hauteskundeetan Pakistan ekialdean bengaliarren indenpendentziaren aldeko Awami Ligak irabazi zuen. Gero eta atentatu gehiago izan ziren, eta Ayub Khanek dimisioa eman behar izan zuen; 1970ean Yahaa Khanek hartu zuen aginpidea.

Handik urtebetera Bangladeshek independentzia lortu zuen, eta Indiak ontzat hartu zuen. Baina Indiaren erabaki horrek gerra ekarri zuen. 1972an Herriaren Alderdiko buruzagi Z. Ali Buthok aginpidea hartu zuen. Hauek izan ziren Buthoren lehenengo neurriak: Bankuak eta estatuaren lantegiak nazionalizatzea eta kooperatibismoan oinarritutako nekazaritza berritzea. Neurri horiek guztiak sozialismo musulmanaren bideko neurriak ziren. Horrez gainera, bigarren konstituzioa ezarri zuen (1973), eta haren arabera bere esku gelditzen zen aginpide osoa. 1975ean Buthok Awami Ligako buruzagiak (Belukistango autonomiaren aldekoak) preso hartzeko agindua eman zuen.

1977an beste estatu kolpe bat izan zen, eta hartan, Zia ul-Hak jeneralak islamiar iraultza ezarri zuen. Handik bi urtera Butho urkatu zuten eta bere senideek erbestera aldegin behar izan zuten ihesi. 1988ko abuztuan ul-Hak hil zen, eta Butho Benazier hautatu zuten lehen ministro. Baina Buthok ez zituen hogei hilabete baino egin aginpidean, ustelkeriaz salatu baitzuten. Haren ondorengo Nawaz Shari izendatu zuten (1990), ul-Halk-en hurbileko islamista. Beraz, herrialde islamiar batean emakume bat aginpidean jartzeko asmoak ustel atera ziren.

Bestalde, ekonomian hartu ziren neurriei esker, miseriaz inguratutako aberastasun uharte bihurtu da Pakistan.

 

Bangladesh

BANGLEDESHEK BURUJABETASUNA LORTU ZUENETIK BERTATIK, DIKTADURA MILITARRAK IZAN DIRA AGINPIDEAN, HARIK ETA LAUROGEITA HAMARREKO HAMARRALDIAN HAUTESKUNDE LIBREAK IZAN ZIREN ARTE1971ko abenduan, Pakistanen kontrako gerra amaitu ondoren, Bangladesheko Errepublika osatu zen. Mujibur Rahman independentista izan zen estatuko buru. Gobernu berri hark hainbat hitzarmen izenpetu zituen Sobiet Batasunarekin eta Indiarekin, eta 1974an bakea hitzartu zuen Pakistanekin.

Ekonomiaren egoera, bestalde, eramangaitza zen, eta Biltzar Legegileak lehen ministroari ahalmen guztiak ematea erabaki zuen (1975). Hala, Bangladesh errepublika presidentzialista bihurtu zen. Baina urte horretako abuztuan estatu kolpe bat izan zen, eta lehendakaritza osatzen zuten kideak eta Awami Ligakoak hil zituzten. Estatu kolpe hartan Khondakar Ahmedek hartu zuen aginpidea; hala ere, Ahmedek berehalaeman behar izan zuen dimisioa, nahasmendu egoerak hartara beharturik. Azkenean, armadako komandante nagusi Ziaur Rahamek hartu zuen agintari kargua.

1981ean izan zen matxinada batean Z. Raham hil zuten, eta behin behineko agintari Abdru Satar izan zen, harik eta 1982ko martxoan Ershad jeneralak aginpidetza hartu zuen arte. 1991ean izan ziren Bangladesheko lehenengo hauteskunde libreak, hogei urtetan gobernu autoritarioak eduki ondoren, Kahleda Zia hautatu zuten lehen ministro, Ziaur Raham jeneralaren alarguna.

Ministro berriak, ordea, ez zuen hilabete baino gehiago iraun aginpidean, Kazi Jafar Ahmed-ek kendu baitzion kargua. Gizartean eta politikan izen ziren hainbat arazok bidea itxi zion demokraziari. Gizartea bitan banatu zen: alde batetik, nazioarteko erakundeek bultzaturiko merkataritza liberalizatzeko neurrien kontura aberastu zen gutxiengoa, eta bestetik, miseria hutsean bizi zen gehiengoa.

 

Sri Lanka (antzina Zeilan)

ZEILAN BRITAINIAR KOLONIATIK BEREIZI ETA BURUJABE BIHURTU ZENEAN, HAINBAT ZAILTASUN GAINDITU BEHAR IZAN ZITUEN: EKONOMIKOAK, SOZIALAK ETA ETNIKOAK.1984ko otsailean Sri Lankak burujabetza lortu zuen Commonwealthen barruan.

1959. urtea arte Alderdi Nazional Batuko (UNP) gobernu kontserbadoreek agindu zuten Sri Lankan, harik eta urte horretan Salomons Bandaranaike lehen ministroa hil zuten arte. 1960ko hauteskundeetan Sri Lankaren Askatasunerako Alderdiak irabazizuen, eta gobernu buru Salomonsen alargun Sirimavo Bandaranaike hautatu zuten.

Sirimavo 1977. urtea arte egon zen aginpidean (1965-1972 urte bitartea izan ezik).

1972ko maiatzaren 22an Zeilan Sri Lankako Errepublika bihurtu zen. Garai horretan hasi ziren tamilekin tirabirak: tamilek estatu burujabea eskatzen zuten, eta 1976an Tamilen Askatasunerako Frontea sortu zuten. 1977an Jayewardene (UNP) lehen ministro izendatu zuten, eta handik urtebetera, presidente.

1988ko hauteskundeetan Premadasa (UNP) hautatu zuten presidente; 1994. urtea arte izan zen aginpidean. Premadasaren gobernuak tirabira handiak izan zituen Indiarekin, batetik, Indiak soldadu asko zituelako Sri Lankara bidaliak, eta bestetik, ustelkeria arazoak zirela eta. 1994an Premadasa hil zuten, eta urte horretan bertan izan ziren lehendaritzarako eta batzorde legegilerako hauteskundeak: Kumaratunga hautatu zuten presidente, eta Sirimavo Bandaranike, lehen mininstro. Gobernuaren eta tamilen arteko gorabeherek bere horretan jarraitu zuten, eta ekonomiak ez zuen hobera egin.

1995ean gobernuak saioak egin zituen Tamilen Askatasunerako Gudarostearekin hitzarmen bat izenpetzeko, baina Tamilen Gudarosteak negoziazio horiek eten zituen.

 

SAARC, edo eskualdeen arteko elkarlanerako ekinaldia

1985ean Bangladeshek proposamen bat egin zuen: nazioarteko merkataritzan lehian aritu ahal izateko erakunde bat osatzea, herrialdeen arteko elkarlana oinarritzat harturik.

Eta hala, Dacca-ko (Bangladeshko hiriburua) adierazpenaren odorioz sortu zen SAARC: Asiako Hegoaldeko Herrialdeen Elkarlanerako Elkartea. Butan, India, Maldivak, Nepal, Pakistan eta Sri Lankak osatzen dute elkarte hori. Herrialde elkarrengandik desberdin horiek politikaren eta ekonomiaren hainbat alorretan elkartasunez aritzea onartu zuten, mundu globalizatuan sartzeko helburu nagusiarekin. Baina elkarte hark hainbat arazo izan zituen hasieratik bertatik: kultura desberdintasuna, biztanle dentsitate handia eta presio demografikoa –kontuan hartu behar da munduko herrialde pobreenetakoak direla ekarte horretako kide–, eta ekonomia lehen sektorean oinarritzea. Herrialde horietan nekazaritzak PIB-aren erdia hartzen du, eta horren atzetik daude bigarren eta hirugarren sektoreak. Elkarte horretatik etekin gehien ateratzen duen herrialdea, zalantzarik gabe, India da, eta gainera gero eta indar handiagoa ari da hartzen Indostango penintsularen ekonomian, merkataritzan, eta baita demografian ere.