Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Bigarren Mundu Gerraren ondorioak

Churchill, Roosvelt eta Stalin Yaltako Batzarrean, 1945eko otsailean.<br><br>

Gerra handi guztiek bezala, 1939-45ekoak nazioarteko indarren erlazioak aldatu zituen, eta baita gizadiaren historia ere. Berlin-Tokio-Erroma ardatza garaitu izanak faxismoaren mehatxua desagertarazi zuen. Aldi berean ordea, Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna indar nagusi gisa sendotu ziren, Europak lehengo nagusitasuna galdu zuen, eta eremu zabalak deskolonizatu ziren, ordu arte “gizon zuriak” menderatuak. Anglo-amerikar-sobietar Aliantza Handiak gerra irabazteko balio izan zuen, ez bakea moldatzeko. Gerra ondoko mundua, bi herri nagusien arteko lankidetzaren emaitza izan ezik, haien areriotasunaren fruitu izan zen. Azken finean, Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna bi eredu (sozial, politiko, ekonomiko eta kulturala) ziren, elkarren kontrakoak. Roosvelten desioa, demokrazia politikoa, merkataritza askatasuna eta nazioarteko lankidetza landuz, mundua berritik antolatzekoa, Stalinen pragmatismoaren aurrez aurre zegoen, haren interes nagusia errusiar lurraldea zabaltzea eta Sortaldeko Europa menderatzea baitzen.

 

Bakerako bide neketsua

Aliantza Handia behin-behinekoa gertatu zen. Ez ziren garaileen kontrakotasun ideologikoak, ez errealitate geopolitikoak, ezta interes nazionalak ere gainditu. Britainia Handia, Sobiet Batasuna eta Estatu Batuen arteko harremanak beti egon ziren militarren errealismoaren eta beharren mende. Hori zela-eta, gerra ondoko munduaren ordena berria gehiago izan zen indar harremanen emaitza, plangintza baterakor batena baino.

 

Yaltatik Postdamera

Europan gerra amaitzekotan zela zirudienean, Yaltan elkartu ziren Churchill,Roosvelt eta Stalin (1945eko otsaila), munduaren ordena berri baten oinarriak eztabaidatzeko.

Giroa txarra ez bazen ere, berehala sortu ziren arazoak. Stalinek indemnizazio ekonomikoak eta lur anexioak eskatu nahi zizkien garaituei. Churchill, antikomunista irudikorra izanik, sobietarren eskaeren kontra zegoen. Roosveltek ordea onartu egin zituen. Horren ordez, Roosveltek Stalini eskatu zion egin zezala NBEaren sorreraren eta herri askatu berrietan bozketa libreak egitearen alde, eta gerra adieraz ziezaziola Japoniari. Aditu askok kritikatu egin zuten Roosvelten jarrera inozoa, agindu faltsuek engainatu zutelakoen. Ez zeukan ordea aukera handirik, armada gorria Berlingoateetan zegoela, eta bere osteak berriz Rhinen eta Ekialde Urrunean blokeaturik.

III. Reicha errenditu ondoren, Estatu Batuetako, Britainia Handiko eta Sobiet Batasuneko buruzagi nagusiak berriz ere elkartu ziren Postdamen (1945eko uztaila-abuztua).

Ez ziren bertan egon ez Roosvelt, hil berria zena eta Trumanek ordezkatu zuena, ezta Churchill ere, Attleek bozketetan gainditua.

Oraingo honetan giroa askoz ere gogorragoa izan zen. Liskar ugari sortu zen, errusiarrek eta amerikarrek ez baitzuten jada elkarren beharrik. Trumanek eskura zeukan bonba atomikoa, eta Japonia garaitzeko ez zegoen jada sobietarren laguntzaren mende (Japonia abuztuan errendituko zen). Stalin ez zegoen prest Europako mugan segurtasun eremu bati uko egiteko, eta armada gorriak hartutako herriak sobietartu nahi zituen.

Hala bada, aldi honetako bake akordioak guztiz murritzak izan ziren, bake akordioak idazterakoan ere ez baitziren ados jarri. Trumanek, Attleek eta Stalinek Alemaniaren okupazio eremuak zehaztu baino ez zuten egin, eta Aliatuen arteko Kontrol Kontseilu baten esku utzi zuten lur haien administrazioa; kontseilu hori, bestalde, desmilitarizazioaz, desnazifikazioaz eta gerrako krimenen erantzunkizunen zigorrez ere arduratu zen.

Nurenbergeko prozesua, hau da, buruzagi nazi nagusien epaiketa (1945eko azaroa- 1946ko urria) izan zen amerikar-sobietarren arteko lankidetzaren azken ekitaldia.

 

Bake itunak

Europako eta Asiako mugak zuzentzeko negoziazioak, Estatu Batuen, Britainia Handiaren, Frantziaren, Txinaren eta Sobiet Batasunaren artean, oso luzeak izan ziren.

1947ko otsailaren 10ean izenpetu zen Parisen bakea III. Reicharen satelite izandakoekin (Bulgaria, Hungaria, Finlandia, Italia eta Errumania); haren ondorioz asko murriztu ziren haien eremuak. Baina oraindik ere gauza asko zegoen egiteko. Japoniarrek aparte izenpetu zuten bakea amerikarrekin (1951) eta errusiarrekin (1956); errusiarrak armistizioa izenpetu baino astebete lehenago sartu ziren gerran. Austria aliatuek eduki zuten militarki okupatua bake ituna izenpetu zen arte (1955). Alemaniak ere –aliatuek okupatua–, eremu asko galdu zuen; Europaren banaketaren ikur bihurturik ‘gerra hotzak’ iraun zuen artean, bi estatutan zatitu zen 1949an (Errepublika Federala eta Errepublika Demokratikoa).

Sobiet Batasuna izan zen Europako mapa aldatu izanaren onuradun handia: mendebaleko muga Artiar Itsasotik Itsaso Beltzera aldatu zuen, eta 700.000 km 2 anexionatu zituen. Ez zituen 1921ean galdutako lurrak bakarrik berreskuratu (Baltiar Errepublikak, Polonia ekialdekoa, etaErrumaniako Besarabia eta Bukovina), baita Ekialdeko Prusia alemanaren zatiak, Finlandiako zatiak (Karelia eta Petsamo) eta Txekoslovakiakoak ere (Karpatoen azpiko Rutenia). Errusiar muga lekuz aldatu zelarik, Poloniak –hark ere bere muga mendebalalderantz zabaldu zuen–, ordain moduan, Prusiako alemaniar lurrak hartu zituen, eta Oder eta Neisse ibaien arteko eremua. Italiak, garaitua izanik, Rodas Greziari eman zion, eta Istria Yugoslaviari. Horrez gainera, kolonietako jabetza guztiak galdu zituen (Etiopia, Libia eta Somalia), eta herri horiek independentzia lortu zuten NBEaren babespean.

Sortaldean, bere kolonietako inperioa galdu zuen Japoniak, eta 1845eko mugetara itzuli zen. Mantxuria Txinari itzuli behar izan zion, eta Koreako penintsula berriz errusiarrek eta amerikarrek hartu zuten.

Horrez gainera, Kuril uharteak eta Sakhalingo hegoaldea eman behar izan zion Sobiet Batasunari, eta Ozeano Bareko zenbait uharte Estatu Batuei.

 

Nazio Batuen Erakundea

Roosvelt lehendakariak, Nazioen Elkartearen mugak izanik gogoan, nazioarteko sistema berri bat sortu beharra adierazi zuen 1942an, herrien segurtasuna eta bakea zaintzeko.

Amerikarrek, errusiarrek, britainiarrek eta txinatarrek osaturiko batzorde batek oinarrizko akordioa idatzi zuen, azkenean Yaltan izenpetuko zena. 1945eko apirilaren 12an zendu zelarik, Roosveltek ezin izan zuen San Franciscoko Konferentzian parte hartu, ez ongietorria egin Nazio Batuen karta izenpetzen zuten 50 herrialdeen ordezkariei (1945eko ekainak 26). Gatazkei irtenbidea emateko gogorkeriari uko egin behar zitzaiola azpimarratzen zen bereziki karta hartan, eta orobat giza eskubideei zor zaien errespetua eta herriek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea (argudio hori erabili zuen NBEk deskolonizazioa eragiteko).

Biltzar Orokor batean bermatua geratzen zen estatuen berdintasunaren printzipioa.

Baina printzipio hori ‘bost handiek’ orekatzen zuten (Frantzia, Britainia Handia, Txina, Sobiet Batasuna eta Estatu Batuak); izan ere, haiek, Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor izanik, betoa jar ziezaieketen Biltzar Orokorraren erabakiei. Sorrera dokumentuak gudaroste berezi baten –‘kasko urdinak’– esku hartzea aipatzen zuen, erasotzaileak zigortzeko edota borrokan ziharduten parteak banatzeko. Nazioarteko lankidetza bultzatzeko, gizarte, ekonomia eta kultura gaietako organismo sail bat sortu zen. Nazio Batuen Erakundea, gerra hotzaren garaian, amerikar-sobietar gatazkan baliatu bazuten ere, eta beto eskubideak ahalmenak murriztu zizkion arren, munduaren kontzientzia edo bihurtu da, herrien behar eta nahiei dagokienez.

 

Munduaren ordena berri baterantz

Bigarren Mundu gerrak bukarazi zuen ‘kontinente zaharraren’ nagusitasuna, eta bai Sobiet Batasuna bai Estatu Batuak suerpotentzien mailara goratu zituen. Izan ere, bi herri horiek izan dira XX. mendearen bigarren erdian munduko politikaren arbitroak.

 

Europaren gainbehera

Militarki garaitua, akitua ekonomian, moralean nahasia eta noragabe politikan, Europa erabat banatzeko zorian zegoen Bigarren Mundu gerraren amaieran. Hain zen agerikoa metropolien ahultasuna, non kolonietako lurralde askok independentziaren alde egin baitzuten. Herri batzuek, hala Britainia Handiak, nahiago izan zuten mugimendu independentistekin akordioak egin gerrara iritsi baino lehen; beste batzuek, Frantziak adibidez, oso garesti ordaindu zuten beren obsesio inperiala; Ipar Amerikaren laguntza gabe (laguntza ekonomiko eta teknologikoa), ezin izango zuten beren herria eraiki. Mendebaleko Europak bere ahalmenetan zeukan konfiantza falta hain zen handia, non Estatu Batuei babes militarra eskatu baitzien Sobiet Batasunaren inbasioaren beldurrak eraginda.

 

Superpotentzien goraldia

1939an Polonia banatzeko itun germaniar-sobietar bat egin zen arren, eta 1941az geroztik izugarrizko galerak izan baziren ere, gizakienak nahiz materialak, Sobiet Batasuna oso indartua atera zen gerratik. Sobietar herriaren sofrimendu latzek ahaztarazi egin zituzten beren buruzagien amarrukeriak.

Armada gorriak, Hitlerren kontrakoborrokan nagusi izan zelarik, 600 dibisio zeuzkan jarriak 1945ean Berlin eta Moskuren artean. Milaka intelektualek, mundu osoan, Sobiet Batasuna gizadiaren etorkizuneko askatzailetzat jotzen zutelarik, Stalinek dekretuz agindu zuen Europako ekialdeko nahitaezko sobietartzea. 1949an SESBk CO- MECOMa eratu zuen bloke sozialistako ekonomia antolatzeko, eta amerikarren nagusitasun nuklearra gainditu zuen lehen bonba atomikoa leherraraziz. Urte hartan bertan iraultza komunista zabaldu zen Mao Zedongen Txinan, eta horrek are indartu zuen sobietarren posizioa herri kapitalistei aurrez aurre.

Estatu Batuek ere beren onurarako erabili zuten garaipena. 1944ko uztailean 45 herritako ordezkariak elkartu zituzten diru Bretton Woodsen politikak koordinatzeko, eta gerra ondoko finantza sistemaren oinarriak ipintzeko. Beren indar ideologiko eta ekonomikoen babesarekin, dolarraren nagusitasuna ezarri zuten. Horrela, amerikar gobernuak nazio diruen egonkortasuna bilatzen zuen, eta hitzarmena izenpetu zuten herriak ekonomia kapitalistan erabat txertatzea, Nazioarteko Diru Fondoak (NDF; ingelesez, IMF) eta Berreraikuntza eta Garapenerako Nazioarteko Bankuak emandako kredituei esker. Bi erakunde horiek Washingtonen zuten egoitza. Geroago, 1947ko urrian, herri horiek gehienek izenpetu zuten General Agreement on Tarisffs and Trade (GATT) izeneko hitzarmena ere.

Aduanetako tarifak pixkana murriztuz, eta edozein eratako diskriminazioa galaraziz nazioarteko merkataritzan, GATT hitzarmenak mundu osoko merkatua ziurtatzen zien Estatu Batuetako gaiei. Dolarraren merkataritza eta finantza nagusitasuna ziurtatzen zuten bi akordio horiek, ‘pax americana’ delakoaren beste bertsio bat dira.