Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ekialde Urruna (XX. mendearen lehen herena)

Pekinen 1900. urtean nazioarteko gudarosteen eta boxer-en artean izan zen borrokari buruzko marrazki bat.<br><br>

Txinak eta Japoniak izan zuten harremanik Mendebaleko herriekin XIX. mendean, merkataritzaren eta misio kristauen bidez batez ere, baina harreman haien aurrean oso jarrera desberdina izan zuten batak eta besteak, nahiz eta biak ziren zibilizazio feudalak. Izan ere, Japoniak etekina atera zien harreman haiei, eta herrialdea modernizatzeko eta mendebaleko zenbait ezaugarri bereganatzeko prozesu bati ekin zion; Txinak, aldiz, ez zuen jakin harreman hark eragin zituen aldaketerara egokitzen. Japonia, berrikuntzak egin eta jarrera irekia hartu izanari esker, munduko herrialde ahaltsuenetakoa izatera iritsi zen XX. mende hasieran, ahalmen militarrari zein ekonomikoari zegokionez. Txinaren jarrerak, aldiz, hainbat istilu sorrarazi zuen; lehenik iraultza politikoa piztu eta Txinako inperioa desegin zen, ondoren gerra zibila etorri zen, eta, azkenik, errejimen komunista ezarri zen. Japoniak eta Txinak hain erantzun desberdina emateko arrazoia herrialde bateko kulturaren eta bestekoaren arteko desberdintasuna izan zen: txinatar elitea bere kulturaren nagusitasun eta perfekzioaren ideian hezia zen, eta oso uzkur agertu zen kanpotiko ekarpenen aurrean; japoniarrak, aldiz, borrokalariak eta merkatariak ziren, eta Mendebaleko eragina erronka gisa hartu zuten bertako eliteek. Emaitzak ere desberdinak izan ziren, jakina; Txinan xenofobia zabaldu zen eta Mendebalaren ekarpenak gaitzetsi ziren, eta Japoniak berriz zabalkundera bideratuko nazionalismoa bultzatu eta Mendebaleko kulturaren zenbait ezaugarri bereganatu zituen.

 

Iraultza, errepublika eta nazionalismoa Txinan

Txinak Japoniaren kontrako 1894-1895 urteetako gerra galdu ondoren, Asiako herrien gainean zuen nagusitasun ustezkoa ere galdu zuen. Horrek krisi larria sortu zuen inperioko agintean, bi jarrera bereizi baitziren: jarrera tradizionalista, Txinaren hondamena eragozteko antzinako balioak berreskuratu nahi zituena, batetik, eta erreformazalea, Txinaren etorkizuna Japoniako ereduaren araberako antolaketa batean ikusten zuena, bestetik. Errejimenaren aldeko talde kontserbadoreenek galarazi egin zituzten 1898an heziketa, administrazioa eta gudarostea eraberritzeko ahaleginak.

Erreakzio kontserbadoreak, gainera, herritarren artean xenofobia zabaldu eta boxeren iraultza sorrarazi zuen (1900); gorteak bultzatuta, ehundaka misiolari eta merkatari europar hil zituzten herritarrek. Nazioarteko gudarosteen erreakzioak –Japonia barne zen– Pekingo protokoloa sinatzera behartu zuen Txina (1901); Txinak kalte ordain handiak ordaindu behar izan zituen eta Txinan atzerriko gudarosteak sartzea eta Mendebaleko ekonomiak Txinakoan esku hartzea onartu behar izan zuen. Boxer-en iraultzaren ondorioz inperioa suntsitu egin zen, eta herritarren artean Mendebaleko eraginaren kontrako sentipena nagusitu zen.

Egoera horretaz baliatuta, nazionalismo iraultzailea zabaldu zen Txinan.

 

Errepublikaren aldeko iraultza

1905ean Sun Yat-Sen medikuak Liga Iraultzailea sortu zuen, eta 1912an Txinako alderdi nazionalista, Kuomitang delakoa, sortu zen liga horretatik. Ligak hiru oinarri nagusi zituen: nazionalismoa, demokrazia eta ekonomiaren eraberritzea. Qing dinastia mantxua (tartariarra) agintetik egotzi eta Txina txinatarrei itzultzearen alde zegoen, eta errepublika, sufragio unibertsala eta lurraren banaketa eskatzen zituen. Programa horrek arrakasta handia izan zuen intelektual, unibertsitario eta militarren artean, eta administrazioko zenbait alorretan. Sunek mantxuen errejimenaren kontra altxatzeko deia egin zuen; 1911ko urrian hasi zen iraultza Hubei probintzian, eta handik Txinako hego eta erdialde guztira zabaldu zen. Abenduan Nankinen bildu zen batzar iraultzaileak Sun Yat-Sen izendatu zuen Txinako Probintzia Batuetako lehendakari, eta handik gutxira (1912-II-12) Pu-Yi enperadore gazteak abdikatu zuen eta errepublika ezarri zen. Iraultzak ordea ez zuen konstituzio errejimen liberala ekarri, uste zen bezala; herrialdearen batasuna erraztearren, Sunek errepublikako lehendakari kargua utzi eta Yuan Shikaik hartu zuen haren tokia. Lehendakari berriak prozesu konstituzionala eten eta diktadura militar iraultzailea ezarri zuen.Yuan Shikai hil ondorengo (1916ko ekaina) krisi politikoaren ondorioz aginpide zentrala suntsitu zen; eskualdeetako agintari militarren esku gelditu zen boterea –bidelapur hutsak ziren batzuk–, eta aginpidea eskuratzeko borroka handiak gertatu ziren probintzien artean. Aginpide zentralaren egoitza Pekin zen teorian –Pu-Yi berriro enperadore jartzeko ahaleginak egin ziren Pekinen–, baina hegoaldean Sun Yat-Senek gobernu errepublikazalea ezarri eta gobernu zilegi bakar gisa aurkeztu zuen bere burua. Intelektualek eta ikasleek aurre egin zioten egoera hari; Pekingo unibertsitatea gune nagusi harturik, Txinaren hondamen politiko eta sozialaren kontra borrokatu ziren berpizkunde kultural batean oinarrituta tradizionalismo txinatarrari kritika eginez. Berpizkundearen aldeko mugimenduak politikan ere esku hartu zuen gerora; ikasleek manifestazio bat antolatu zuten Pekinen (1919-V-4) Versaillesko hitzarmenean Alemaniak Txinan zituen lurralde batzuk Japoniari utzi zitzaizkiola-eta.

Maiatzaren 4ko mugimendua izena eman zitzaion mugimendu hari eta Xangai, Kanton eta beste hiri handi batzuetara zabaldu zen; mugimendu hark Txinako elite intelektualaren kontzientzia nazionalista eta erreformazalea nabarmendu zituen.

 

Iraultza nazionalista

Txina kaosetik atera eta gerraren jaunek zatitutako herrialdea berriro batzeko iraultza nazionala antolatu zen hegoaldean, Kantonen inguruan. Sun Yat-Senek nazioarteko komunisten laguntza eskatu zuen iraultza egiteko. 1923an Kuomitang alderdi nazionalista eta Txinako Alderdi Komunista sortu berria (1921, Xangai) batu zituen, baina argi utzita bere programa politikoaren funtsa «hiru printzipioek» osatuko zutela: herriaren batasuna (nazionalismoa), herriaren eskubideak (demokrazia) eta herriaren ongizatea (sozialismoa). Handik bi urtera, Sun hil ondoren, Kuomitang-eko Txiang Kai- Txek izendatu zuten alderdiaren buruzagi.

Herrialdearen errekonkista hasi zuen, eta hiru urtean bere errejimen presidentzialista militarraren mende jarri zuen Txinako parte handi bat. Estatuko administrazioa eta banku sistema modernizatu zuen, eta herri lan handiak hasi zituen, baina bazter utzi zuen Kuomitang-ak nekazaritza eraberritzeko prestatutako programa.

Txiangen jarrera Sunena baino eskuindarragoa zen, errepublika sasiburgesa aldarrikatu zuen, gudarostean eta gizatalde aberatsetan oinarrituriko errepublika bat nahi zuen: 1927an Kuomitang-eko ezkertiarren eta komunisten kontrako estatu kolpea jo zuen, eta haien kontrako esetsaldiari ekin zion. 1937an Japoniak Txina eraso zuenean bakarrik eten zuen esetsaldi hura; izan ere, eraso hark erreakzio nazionalista gogorra eragin zuen Txina guztian eta erreakzio horretaz baliatuta Japoniaren kontrako Fronte Batua osatzeko bildu zituen Txinaren etsai izandakoak.

 

Japoniar militarismoa

 

Militarismoaren sorrera

Meiji garaian, 1868az gero Japoniak bizi izan zuen bilakaeraren eta oparotasunaren ondorioz, indar handiko zabalkunde militarra hasi zuen Japoniak 1870 inguruan.

Tokugawatarren errejimen feudalaren kontrako 1868ko iraultzak goitik behera aldarazi zuen Japonia, berrikuntza handiak egin baitziren gudarostean, ekonomian eta heziketan. Industriak, banku sistema eraginkor baten laguntzarekin, indar handia hartu zuen, eta gobernuaren esku hartzea eta demografia hazkundea ere mesedegarri izan zitzaizkion iraultzari, herrialdearen naziotasuna sendotu eta gizarte antolaketa bideratzeko. Heziketa 1886an eraberritu zen; berrikuntza haien helburuak etika kolektiboa indartzea (ohorea, leialtasuna eta esanekotasuna) eta gazteei estatuaren, gudarostearen eta nazioaren mendeko sentipen nazionalista erakustea ziren. Nazio gudarostea osatu zen, Prusiako gudarostea eredu hartuta –inperio garaian samuraiek zituzten pribilejioak desagertu ziren–, eta itsas armada modernoa antolatu zen, britainiarraren antzera. Gudarostea eta itsas armada aginpide zibiletik bereizitako erakunde ahaltsu bihurtu ziren –ministerio gobernua etaparlamentu sistema ezarri zituen 1889ko konstituzioak–; bere aginpidea zabaltzeko grina eta nazionalismo sutsua ziren gudarostearen ezaugarri aipagarrienak, eta enperadoreari bakarrik egiten zion men.

Japoniar militarismo berria berehala nabarmendu zen; 1872an Japoniak Riu-Kiu uharteak eskatu zizkion Txinari, babes herri bihurtu zituen, eta 1875ean Kuril uharteak anexionatu zituen. Korearen kontrola lortzearren Txinarekin izandako gerra (1894- 1895) irabazi, eta Europako herrialde ahaltsuenek boxer-en iraultza xenofoboa (1900) zapaltzen lagundu izanak indartu egin zuen, gainera, Japoniaren militarismoa. Horrela, Britainia Handiarekin babes hitzarmen bat sinatu zuen 1902an, errusiarrak Asian hartzen ari ziren indarrari aurre egiteko; hura izan zen Europako eta Asiako bi potentziaren arteko berdintasunezko lehen hitzarmena.

Errusia-Japonia artean Mantxuria hegoaldea eta Korea eskuratzeko izandako gerran ere erakutsi zuen Japoniak bere ahalmen militarra. 1904an Japoniako itsas gudarosteak ustekabean eraso zuen Port Arthur txinatar portua (errusiarren esku 1898az gero), Korea okupatu zuen eta Mantxuriaraino iritsi zen; Baltiko aldean Errusiak zuen itsas gudaroste zaharkitua erabat suntsitu zuen. Porstmoutheko bakearen ondoren (1905) –Estatu Batuen laguntzarekin sinatu zen– Errusiak Japoniari itzuli behar izan zizkion Sakhalin uharteen hegoaldea eta Port Arthur; gerrako kalte ordaina eman behar izan zion, eta Japoniaren babes herri b¡hurtu ziren Korea –zuzeneko anexioa 1910ean– eta Mantxuria hegoaldea.

 

Militarismoa eta nazionalismoa

Japonia ahalmen militar handiko herrialdea zen, beraz, XX. mende hasieran. Garai hartan, bestalde, Japoniaren nagusitasun militar eta ideologikoaren bidez Asiaren berpizkundea lortu zela zioten talde ultranazionalistak indar hartzen hasi ziren, eta ideia horrekeragin handia izan zuen Japoniako armadan; zeharo bereizi zen aginpide zibiletik, aginpide zibilak nazioarteko egoera baretzeko ahaleginak egin zituelako, eta 1920 inguruan Txinarekin adiskidetu nahi izan zuelako Kato Takkakiren gobernuak –gizonentzat sufragio unibertsala ezarri zuen Japonian–.

Baina ultranazionalismoak gudarostean zuen eragina 1931-1932 urteetan nabarmendu zen batez ere, Kwantuneko gudarosteak bere kabuz Mantxuria guztia okupatu zuenean. Japoniako gobernuak ekinaldi hura bertan behera uzteko agindua eman zuen, baina alferrik izan zen. Gazte ultranazionalista batzuek Inukai Tsuyoshi lehendakaria hil zuten 1932ko maiatzean eta alderdien gobernua desegin zen; harrezkero, enperadorearen konfiantza osoko kideen esku egon zen gobernua; ez ziren alderdietako kideak hartu gehiago, enperadorearen konfiantza eta gudarostearen aurrean autoritatea zuten kideak baizik.

Japoniak, bere zabalkunde militaristari jarraituz, Txina eraso zuen 1937ko uztailean.

Pekin, Tientsin, Txinako iparraldea eta Xangai okupatu zituen berehala, eta Nankinen Txinako Errepublikako Gobernu Eraberritua ezarri zuen, Sun Yat-Senen laguntzaile Wang Ching-Wei zela lehendakari. Britainiarrek eta Estatu Batuek Txinari lagundu, eta txinatar gerrilla komunistak japoniarren erasoari aurre egin zion arren, Japoniak 1942rako Txina ia guztia menderatu zuen, eta Frantziaren mendeko Indotxinako lurraldeak ere hartu zituen. 1942an, II. Mundu gerra hasita zegoela, Birmania, Malaysia, Singapur, Filipinak eta Indonesia bereganatu zituen. Japoniarrek Pearl Harbour uhartea eraso zuten 1941eko abenduaren 7an, eta aliatuek eraso horren kontra erantzun zutenez –Japonia Berlin-Erroma Ardatzari lotu zitzaion 1939ko abenduan–, Txina-Japonia arteko gatazka ere II. Mundu Gerran sartu zen. Japoniak gerra galdu zuen, eta horrela eten zen bere zabalkunde militarista eta hasi zen herrialdearen desmilitarizazioa.