Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ekialde Hurbila. Otomandar inperioaren bukaera

Turkiako sultanaren eta Gilermo II.aren arteko topaketa I. Mundu Gerraren atarian.<br><br>

LEHEN MUNDU GERRAREN AMAIERAREKIN DESAGERTU ZEN BEHIN BETIKO OTOMANDAR INPERIOA. UNE HORRETAN SORTU ZEN GAUR EGUNGO TURKIA, SORTALDEAREN ETA SARTALDEAREN ERDIBIDEAN.Hainbat eragilek bultzatu zuten otomandar inperioaren krisia. Lehenengoa babespean zuen lurraren hedadura, hau da hedadura handiko lurraldea kontrolatu beharra; bigarrena, inperioa osatzen zuten herri, arraza, kultura eta erlijio ugaritasuna; eta hirugarrena, garrantzitsuena agian, inperio erraldoia behera zetorrela XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako herrialde kolonial indartsuenek hari eragindako presioa.

Otomadar inperioa alemaniarren alde aritu zen Lehen Mundu gerran, eta gerraren ondoren, herri garaileak inperioa desegiten hasi ziren, edo, hobeto esanda, inperio haren heriotza izenpetu zuten. Prozesu hori Sevresko Itunarekin jarri zen abian, 1920an; Ankarako akordioa etorri zen gero, 1921ean; Parisko Konferentzia ondoren, 1922an, eta, azkenik, Lausanako Konferentzia, urte hartan bertan. Era horretan, Lehen Mundu gerrako potentzia garaile handien artean erabat zatitua geratu zen otomandar inperioa.

Ekialde Hurbileko esparru estrategikoa britainiarren (Irak eta Transjordaniako erreinu haxemiak) eta frantsesen eskumenean (Siria eta Libanoko eskualdeak) geratu zen.

Horrela, hasieratik bertatik izan zen nahasia eskualde horren egoera, lehian aritu baitziren beti frantsesak eta britainiarrak, eremu estrategikoa zen haren gaineko kontrola lortu nahian; izan ere, ez zen garrantzizko gunea merkataritzarako, baizik eta baita herri garatuentzat behar beharrezkoa gertatzen hasia zen baliabide bat, petrolioa, lortzeko ere. Honen guztiaren ondorio nagusia ordea otomandar inperioa desagertzea izan zen, eta inperioarekin batera sultanerria, era horretan Turkia berriari, Turkia laikoari, leku egiteko.

 

Otomandar inperioaren bukaera

Lehen Mundu gerra ez zen izan inperio zabal honen amaieraren eragile bakarra.

Faktore ekonomikoek eta barne tentsioek ere izan zuten zerikusirik inperioaren heriotzan.Otomandar inperioaren suntsitzea 1800.. rtetik 1923. urtea arte doan aldian gertatu zen; ondoren Turkia berria sortu zen, Mustafa Kemal Atatürk zuela buruzagi. Otomandar inperioa irizpide geografiko-administratiboen arabera zegoen banatua, ez arraza, hizkuntza edo erlijio irizpideen arabera.

1841ean ordea, herri kolonial indartsuen eraginez, irizpide horiek ere hartu ziren kontuan administrazioan. Era horretan, eta atzerritarren eragin gero eta handiagoaren pean, irizpide konfesionala sartu zen otomandar inperioaren antolamenduan, tradizio historikoan egin ez zen bezala. Hala, bi Eyalet handiren inguruan antolatua zegoen inperioa: ekialdekoa, Anatoliari zegokiona, eta mendebalekoa, Rumelia, hau da, Balkanak.

Mende bukaeran otomandar inperiotik aparte zeuden Afrika iparraldeko hiru probintzia handiak: Argelia frantsesek okupatu zuten 1830ean, Tunisia ere Frantziaren mende geratu zen 1881ean, eta Egipto, burujabetza nahi bazuen ere, britainiarren mende zegoen. Kanpoko presioak eragindako zatikatze honi, ordurako hilzorian zegoen inperioaren ekonomia egoera guztiz larria erantsi behar zaio. Labore asko esportatzen zuen, eta gai landuak inportatzen, Erresuma Batutik. Era horretan, ia-ia geldirik zeuden lehenago sortutako bankuak eta merkataritza ganbarak. P etrolioak bakarrik, Mesopotamian aurkitu zenean, arindu zuen apur bat ekonomia egoera larri hura.

 

Atatürken Turkia berria.

SORTALDEKO NAZIOETAN, ATATÜRKEN TURKIA IZAN ZEN EUROPA MENDEBALEKOEN ANTZEKO ESTATU- NAZIO BATEN MODURA ANTOLATU ZEN LEHENA, BAI BANAKETA ADMINISTRATIBOARI, BAI POLITIKAREN IKUSMOLDEARI DAGOKIONEZ.Sevresko itunaren ondoren (1920) Mustafa Kemal Atatürk turkiar ofizial gazteak heldu zion aginpidea lortzeko bideari.

1922an irtenbide askoz ere duinagoa eskaini zion Lausanako itunak ordurako desegina zen inperioari, ez baitzuen zatitu otomandar inperioak euskarri zuen gunea (gaurko Turkia). Hurrengo urtean, Kemalek, herriaren laguntzarekin, azken ukaldia eman zion sultanerriari. Estatu berriaren konstituzioa europar pentsalari handien irakasbideetan oinarritu zen. Era horretan, sultanaren banakako beregaintasuna turkiar nazioak eskuratu zuen, eta, hastapen erlijiosoetan oinarrituriko erakunde oro desagerturik, errepublikak hartu zuen sultanerriaren lekua.

1923ko urriaren 23an eratu zen Turkiako Errepublika, eta urte bete geroago onetsi zen Konstituzioa. Haren arabera, lau urtez behingo bozketa unibertsalaz hautatzen zen Nazio Biltzar baten inguruan eratu zen aginpide politikoa; Biltzar horrek zeukan ahalmen eragilea, berak hautautako errepublikako lehendakariarekin batera. Errepublikaren sorrerak, hasieran, ez zuen desgerrarazi kaliferria organo espiritual nagusi gisa. Baina arazoak sortu zirelarik aginpide zibilaren eta erlijiosoaren artean, 1924ko martxoaren 3an kaliferria deusezteko erabakia hartu zuten diputatuek. Era horretan, beste urrats bat egin zen Turkia modernoagotzeko bidean, errepublikari tankera guztiz laikoa emanez. 1925etik aurrera, turkiar gizartea modernoagotzen saiatu zen Kemal, eta horrek islamaren eraginaren kontrako borroka zekarren berekin. Hala, laizismoa, Kemalen egitasmoaren abiapuntua zena, neurri autoritarioen bidez lortu behar izan zen sarritan, islamaren eraginetik libre egon zitezen herriaren egitura politikoak eta ekonomikoak.

Lege laikoek ?horietan nagusia Turkiar Kode Zibila, Suitzakoaren berdinberdina, zen (1926)?, Zuzenbide sistemaren erreformak eta beste aldaketa batzuek ?hala, alderdi liberal baten sorrerak?, ezaugarritu zuten Turkia berria, otomandar iraganarekin zerikusirik batere ez zuena.

 

Ekialde Hurbileko britainiar esparruak: Irak eta Transjordania

LEHEN MUNDU GERRAREN ONDORENGO EKIALDE HURBILAREN ANTOLAMENDUAK, BRITAINIAR ETA FRANTSESEN ERAGINPEKO BESTE EREMU BAT SORTZEAZ GAINERA, ERABAKI ZUEN ESKUALDE HAREN IBILBIDEA.1920an britainiarren eskumenean geratu zen antzinako Mesopotamia, Irak izena hartuta.

Winston Churchillek, kolonietako britainiar ministroak, esparru hau bi eremu handitan banatzea erabaki zuen. Lehena Irak ingurukoa, Faisalen agintepean, zeina frantsesek Siriatik egotzi baitzuten; eta bigarrena Transjordaniako Emirerriaren inugurukoa, Abdullah-k gobernatua. Iraken, biztanleria askotarikoa zela-eta, arazoak sortzen hasi ziren berehala. Hala, talde txiki batzuk, xiiak eta kurdoak, matxinatu egin ziren, beren herriak baztertu eta aginpidea sunnien esku utzi zelako, nahiz eta biztanle gutxiago izan sunniak xii eta kurdoak baino. Borrokaldi etengabeak izan ziren, baina anglo-iraniar akordioa sinatu zen 1922an eta 1924ko Konstituzioarekin amaitu ziren borrokak. Konstituzio haren arabera, bazen zeharkako bozketaz hautaturiko biltzar bat, erregeak izendaturiko senatu bat, eta legebiltzarraren aurrean erantzule zen gobernu bat. 1930ean beste itun bat izenpetu zen, Iraki ahalmen handiagoak ematen zizkiona eta independentziarako bidea prestatzen zuena. Independentzia hori 1932an gauzatu zen, Nazioen Elkartean Irak beste estatu baten mailan onartu zutenean. Transjordanian, bestalde, Abdullah-ren adar haxemiaren eta britainiarren arteko lankidetzari esker, lan handia egin ahal izan zuen hark. 1920an garrantzi handiko gune politikoa bihurtu zen Transjordania, britainiarrentzat batez ere, frantsesen zabalkundea gerarazi nahi baitzuten. 1923ko maiatzaren 25ean aldarrikatu zen, azkenik, Transjordaniaren independentzia, nahiz eta Londresen eta Ammanen artean lotura estua izan zen aurrerantzean ere; une horretatik aurrera, aski izan zen Britainia Handiaren zeharkako eragina, beti ere bere interes ekonomikoen alde, eta frantsesen aurrerabidearen eta interesen kontra, Ekialde Hurbileko eremua kontrolatzeko. Geroago, Ekialde Hurbileko Prusia deitu izan zitzaion Transjordaniari, militarizazioaren ondoren. Arabiarren batasuna lortzeko ahaleginak zirela-eta, hasi zuen herri horrek bere aurrerabidea eskualdeko potentzia nagusia izate aldera, Hafez el-Assad alahuitaren eskutik.

 

Frantsesen agintea: Siria eta Libano

FRANTZIA IZAN ZEN EKIALDE HURBILEKO BESTE POTENTZIA AHALTSUA, BRITINIARREK BEZAIN ONURA HANDIAK ATERA EZ ZITUEN ARREN.1920ko irailaren 20an onetsi zen ofizialki Libanoko estatua, Siriako gainerako lurretatik banatua. Bi urte lehenago, Faisal emirrak, Damaskon garaile sartu ondoren, Siriako erreinu arabiarra sortu zuen, zeinak, bere aldetik, beretzat eskatzen zituen Palestina eta Libano. Berehala etorri zen frantsesen erreakzioa, eta gudarostea bidali zuten Damaskora. Era horretan, kristau maroniten eskaerei erantzuten zien batez ere Libanoko estatu berriak. Libano handi bat sortzea zen libanotar nazionalisten asmoa. Hala bada, Libanoko estatu berria talde kristau eta musulmanen bat egitetik sortu zen, erakunde politiko komun baterantz. Baina Libano handi baten sorrerak eragotzi egiten zituen Frantzia eta Siriaren arteko harremanak; izan ere, arabiar herrien batasuna bultzatzen baitzuen 1920ko Siriako Konstituzioak. Hala bada, frantsesen eta siriarren arteko harremanek okerrera egin zuten, batez ere 1925ean, eta horretan jarraitu zuten Siriar Bloke Nazionalistak aginpidea bere esku eduki zuen artean.

Negoziazio saioak egin ziren arren, akordio duin bat lortzea ezinezkoa zen ia.Libanon agerikoa gertatu zen orobat herrien ugaritasuna, eta horrek ere arazoak ekarri zituen. Baina 1941 arte ez zen aldarrikatu Libanoren erabateko independentzia, eta 1946an alde egin zuen frantses armadak Siriako lurretatik.

 

Anaia musulmanak

Anaidi hau 1928. urtean sortu zuen Hassan el Bannak Egipton. Organizazio hau islamismo klasikoaren jarraitzaile da, baina ez dio uko egiten kulturaren eta zientziaren aurrerabideari. Liberalismoaren eta marxismoaren kontra egon zen, eta, hori zela-eta, gogor jarri zen egiptoar gobernuaren kontra. Horren ondorioz halaber, alemanen lankide izan zen Bigarren Mundu gerran. 1945 eta 1948 artean zerikusia izan zuen bi lehen ministro egiptoarren hilketetan.

Erantzun gisa, Banna buruzagi musulmana hil zuten. Urte batzuk geroago, 1965ean, Nasserrek beste buruzagi bat, Qobt, espetxeratu zuen. 1981ean anaia musulmanen adar erredikalak Anwar al Sadat hil zuen. Mundu arabiar osoan daude zabalduak anaia musulmanak, eta ez dago zehatz jakiterik zenbat diren. Zenbaiten ustez, badira bi milioi baino gehiago ere.