Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

1914-1918ko Gerra Handia: operazio militarrak

Estatu Batuetako infanteriaren lehenengo ekinaldietako bat (1918ko uztaila). François Flameng-en urmargoa. Gudarostearen Museoa, Paris.<br><br>

Lehen Mundu gerrak lau urte baino gehiago iraun zuen; zuzenean borrokan jardun zuten herriek 186.000 milioi dolar gastatu zuten, eta 150.000 milioi behar izan ziren suntsiketek eragindako kalteak ordaintzeko. 37 milioi soldadu hil ziren guduetan; zibilak, gerrak nolabait eraginda, ia hamar milioi. Hori izan zen Versaillesko Itunen (1919) funtsa, baina hala lortu zen bakea (ez Alemania ezeztea, ez haren nahiak asetzea) egonkortasunik gabea izan zen, 1939an frogatu zen bezala.Abuztuaren 2an bertan, Schlieffen Plangintza jarri zuen Alemaniak abian (1892an Estatu Nagusiko buruzagi zenak antolatua, 1905ean onetsia eta Moltkek 1911n aldatua).

Plangintza haren asmoa zen, Belgika hartu ondoren, Frantzia azkar eta osorik garaitzea, atzegoardian beste fronte bat zabalduko zuen mugimendu laster eta inguratzaile baten bidez. Bitartean, alemaniar armadako VIII. gorputzak eta Austriako oste guztiek errusiarren mobilizazioari eutsiko zioten ekialdean. Parisko ateetarainoko aurreramendu bizkorrak (Marne ibaia) eta ekialdean sortu ziren zailtasunek (Prusia ekialdeakoaren ebakuazioa eta Tannenbergeraino atzera egin beharra; abuztuak 12- 20), Alemaniari sinetsarazi zioten mendebalean abantaila erabakiorra izango zuela; ekialdean, berriz, agerikoa zen laguntza beharra.

Hindenburg aleman jeneralak erabat garaitu zituen errusiarrak Tannenebergeko guduan (abuztuak 26-29). Baina mendebalean, aliatuek, Josseph Joffre buru zutela, Marneko garaipen erabakiorra lortu zuten (irailak 6-8). Alemaniarrek ere lortu zuten frantsesen kontraerasoei aurre egitea Alsazia eta Lorrena aldean (abuztuak 14-19), errusiarrek Lembergen garaitu zituzten austriarrak (irailak 8-12) eta Galitzia eta Bukovinan barneratu ziren. Huts egin zuelarik Schlieffen Plangintzak, bai mugimenduen moteltasunagatik, bai kalkulu okerrengatik, alemaniarrak bestelako estrategiarik gabe geratu ziren. Bi armadak itsasorako lehiaketaren bidez Mantxako Itsasarteko portuak menderatu nahian eta Flandriako ertzetatik gaina elkarri hartu nahian (azaroa eta abendua) aritu ondoren, frontea, azkenik, mendebalean finkaturik gelditu zen. Gudarosteak lubakietan geratu ziren, 650 kilometrotan zehar, Iparraldeko Itsasotik Suitzako mugaraino. Estratega ausartenek antolatutako mugimendu gerraren amaiera zen.

Mugimenduak motelegiak ziren, eta eskasa hornidura. Errekuntzako motorrekiko ibilgailuak ezinbestekoak ziren (tankeak, gurdi blindatuak, motorrak, autoak, kamioiak),estrategia berria, Bigarren Gerrako ?gerra tximista? alegia, eraginkorra izan zedin.

Beste fronteetan ez zen halako mugimendurik izan. Austriarrek hiru bider eraso zioten Serbiari, baina serbiarrek atzera eragin zieten hiru aldietan. Turkiarrak, bestalde, urriaren 29an sartu ziren gerran, alemaniarren aldean, Itsaso Beltzeko errusiar portuak itsasontzietatik bonbardatuz. Abenduan hasi zuten otomandarrek Kaukasoko alderdi errusiarreko inbasioa, indar handirik gabe ordea.

 

Gerra etena

1915eko urtarriletik aurrera, mendebaleko fronteko gudarosteek beren posizioak finkatu zituzten hesi arantzadun, lubaki, lur zaku, metrailadore eta artilleriazko sare nahasi baten atzealdean, lohia noranahi zabaldurik, gerrako beste osagai bat bihurtuta.

Mugimenduzko gerraren ondoren, desgasteko gerra etorri zen. Egoera horretan, askoz ere errazagoa zen babesa erasoa baino.

Leku hesitu batean posizioari eustea, metrailadoreak eta kanoi lasterrak ematen zuten indarrarekin, askoz ere errazagoa zen arerioaren armapean eta lohiez eta burdin hesiz inguraturik aurrera egitea baino. Era horretan, infanteriaren erasoen ondorioz hiltzen zirenen kopurua kontaezina izaten zen (alferrekoa zen zalditeria, eta 1917 arte ez ziren ibilgailu blindatuak erabiltzen hasi), eta lur eremurik, berriz, ez zen ia irabazten (eremurik baldin bazegoen). Babeseko osteak berehala ordezkatzen zituzten burdinbidez, eta erasokoak berriz askoz nekezago mugitzen ziren ibili ezinezko lurretan.

Gauzak horrela, 1915an aliatuek eraso asko egin zuten, Artois, Champagne, Neuve Chapelle eta Loosen. Denek huts egin zuten. Aliatuak, 1916an, lerroak hausten saiatu ziren, Somme ibaiaren eskualdean eraso masiboak eginez. Baina alemaniarrek lehenago hasia zuten Verdungo gudua (otsailak 21). Gudu izugarri gogor baten ondoren, Douaumont, Vaux eta Thiaumontekogotorlekuak hartu zituzten, baina ez Pétain jeneralak defenditzen zuen Verdun.

Azkenik, uztailaren 1ean, eraso masibo bat egin zuten Sommen. Azaroa arte iraun zuen.

Hartan, britainiarrek aurreneko aldiz erabili zituzten gudu gurdiak, nahiko kaskarrak (irailak 15). Frantsesak Douaumont eta Vaux konkistatu zituzten berriz (azaroak 2), eta otsaileko egoerara etorri ziren atzera.

600.000 lagun hil ziren bando bakoitzean, eta hala ere ez zen frontea haustea lortu.Mendebalean ezinezkoa zen mugimenduzko gerra hura, ekialdean, ordea, egingarria zen, arma eta borrokalari dentsitatea txikiagoa baitzen, eta zenbaitetan oso modu eraginkorrez gainera. Errusiarrek ekialdeko fronteko erasoa hartu zuten beren gain. Errusiar armadako lau gorputzek aurrera egin zuten etengabe Galitzian barna, Karpatoetan zehar Hungarian barneratzeko modua aurkitu zuten arte, 1915eko martxoaren erdialdean (austriar-alemaniar gudaroste bateratu batek gerarazi zituen Karpatoetan).

Maiatzean, oste zentralek eraso handi bati ekin zioten Polonian, errusiar lerroak Dvina ibaiaren atzealdera eramanez (1915eko iraila). Inperio Zentralek ez zuten operazio erabakigarririk egin ekialdeko frontean, baina Errusia hain zegoen akitua, non une horretatik aurrera ezin izan baitzuen eraso garrantzitsurik egin. 1916an Vilnaren iparekialdean egin zuten erasoak huts egin zuen.

Irailean bakarrik lortu zuten alemaniarrei atzera eragitea, 65 bat kilometroz fronte osoan. Une horretan sartu zen Errumania gerran, aliatuen aldean (1916ko abuztuak 27). Transilvaniara eraman zituen osteak (abuztua eta iraila), baina egotzi egin zituzten, Inperio Zentralek eta Bulgariak inbaditu zuten Errumania (azaroa eta abendua), eta era horretan petrolio erreserba garantzitsuak lortu zituzten.

Serbiar fronteak aldaketarik gabe iraun zuen 1915eko urria arte: orduan, Salonikan lehorreratu ziren oste aliatuak. Bulgaria gatazkan sartzea eragotzi nahi zen. Baina Bulgaria Serbian sartu zen 1915eko urriaren 14an, eta oste aliatuak kanporatu zituen. Serbiarrek atzera egin zuten, Montenegro, Albania eta Korfura; aliatuek Salonikara jo zuten (ondoren izan ziren beste erasoaldi batzuk neutralizatu egin zituzten).

Dardanelo Itsasartean, britainiar itsas armadak bi bider lortu zuen Gallipoliko Penintsulan lehorreratzea. Alabaina, bietan huts egin zuten (1915eko apirila-1916ko urtarrila).

Bitartean, Mesopotamian sartu ziren Indiako britainiar osteak. Bagdad aldera zihoazela, turkiarrek gerarazi zituzten (1915eko azaroa). Era berean, eraso egin zieten 1916an Palestina eta Arabiako eremuei.

Arabian, turkiarrek aurre egin behar izan zioten Mekako jerifearen matxinadari (1916ko ekaina). Britainiarren laguntzarekin, errege izendatu zuten jerifea (abendua).

Arabiar matxinada ez zen eten (T.E. Lawrence, Arabiako Lawrence, zela buruzagia), eta ingelesek, arabiarren laguntzarekin, aurrera egin zuten Sinai eta Palestina aldera; arabiarrek, al-Aqabako turkiar hiria hartu ondoren (1917ko uztaila), sarritan eraso zioten turkiar burdinbideari. Italiak gerra deklaratu zion Austria-Hungariari (1915eko maiatzak 23), baina huts egin zuen Trieste konkistatzeko helburuaz Isonzo ibaian egin zituen erasoaldietan.

1916aren bukaera aldean, alemaniarrak harrapatuta zeuden hainbeste beldurtzen zituen bi frontetan; aldi berean ordea, aliatuek ez zuten lortzen fronteak aurrera eraman eta alemaniarrak erabat inguratzea.

 

Bakerako saioak eta bitartekaritza, 1916

1916ko negua oso gogorra izan zen: frontea geldirik eta gainezka eginda zegoen, handiak ziren zibilen sofrimenduak. Gero eta sarriagoak ziren istiluak eta grebak.

Izan ziren bake saioak (Lugano eta Zimmerwald), baina ez alde batek ez besteak ez zuten ahaleginak egiteko erabakimenik.

1916aren bukaera aldean, Alemaniaren bi ekimen izan zirela-eta (itsaspeko gerraren amaiera, eta aliatuek atzera bota zuten ohar ilun bat), Woodrow Wilson EEBBetako lehendakariak bake negoziatu baterako harremanak hastea erabaki zuen. Britainia Handiak ezezkoa eman zion eskaintzari: Inperio Zentralek konkistatu berria zuten Errumania, eta Alemaniaren anexio eskaerek kanpora uzten zuten halamoduzko bake bat. Azkenean, berriz ere bete-betean hasi zelarik itsaspeko gerra, Zimmermann telegrama aurkituta, eta EEBBak aliatuekin lotzen zituzten era guztietako interesak zirela-eta, Wilsonen ahalegina EEBBak (ordu arte neutral) gerran sartzearekin amaitu zen, 1917ko apirilaren 6ko guduan.

 

Estatu Batuak gerran sartzen dira, Errusia erretiratzen da

Estatu Batuak gerran sartzea izan zen 1916-1917ko neguko borrokaldiaren ondorio nagusia. Era berean, funtsezkoa izan zen martxoko iraultza (martxoak 15), tsarra aginpidetik eraitsi zuena eta aliatuak ekialdeko frontean egoera larrian utzi zituena.

Gobernu gero eta indartsuagoek egiten zuten gerra. Alemanian, aginpide zibil ororen gainetik, ?diktadura isila? ezarri zuten militarrek. Austrian ez zen deialdirik egiten legebiltzarra biltzeko. Ingalaterrak eta Frantziak bi gizon indartsu zituzten buru, LloydGeorge eta Clemenceau, aginpide handikoak biak. Apirilean greba handiak izan ziren Berlinen eta Leipzigen baldintzarik gabeko bakearen eske. Hura zen alemaniar sozialistek ematen zioten erantzuna Errusiako iraultzari. Maiatzean, frantsesek ere arazo larriak izan zituzten: 1917an bi erasoaldi handi egin zituzten aliatuek mendebalean.

Frantsesak Arrastik Hindeburg Lerrora iritsi ziren, eta gudu latzak izan ziren Aisnen eta Champagneko eskualdean (apirilak 9-maiatzak 21). Aurrerakada oso txikia izan zen, baina 270.000 frantses soldadu hil ziren. Haserreak eta etsipenak matxinadak eragin zituzten 112 dibisioetatik 68tan.

Nivelle jenerala Pétainek ordezkatu zuen (maiatzak 15). Bigarren erasoaldi handia britainiar Espedizio Osteak egin zuen, Flandrian, emaitza argirik gabe hura ere. Azpimarratzekoa da Cambraiko gudua (azaroaabendua); hartan britainiarrek 400 tankerekin eraso zuten. Hura izan zen borroka gurdiak eskala handian erabili ziren lehenengo aldia historia militarraren, ez zen hartatik, ordea, etekinik atera.

Hala ere, gertaera berri batek goitik behera aldatu zuen egoera. Azaroan boltxebikeek aginpidea hartu zuten Errusian, eta beren aldetik izenpetu zuten bakea alemaniarrekin Brest-Litovsk-en (abendua). Alemaniarrek, azkenean, mendebaleko frontera bil zitzaketen ahalegin guztiak, ahuldurik eta matxinaturik zeuden oste batzuen kontra (frantsesak eta ingelesak). Militar alemaniarrek garaipena lor zezaketela uste izan zuten (Estrategiari buruzko Konferentzia, azaroak 17), baldin eta Estatu Batuen Espedizio Osteari esku hartzeko aukera eman baino lehen ekiten bazuten (Frantzian ari ziren jada entrenatzen). 1918ko martxoaren 21ean, erasoaldi gogor bat egin zuen Alemaniak belgikarren lerro guztian, arrakastaz hasieran. Baina uztailaren 15ean, aliatuen indarrek, Foch jeneralak koordinaturik, Marnen gerarazi zuten erasoaldia.

Abuztuaren 8an amerikarrak arrakastaz borrokatu ziren Sommen. Egun horretatik aurrera, aliatuak etengabe eraso zioten Hindeburg Lerroari, hautsi zuten arte (1918ko irailak 27-30). Gudu hark erabakiko zuen gerra.

Bestalde, britainiarrek Bagdad hartu zuten Mesopotamian (1917ko martxoa).

Arabiar osteekin elkartu ondoren, Libano eta Siria hartu zuten (1917ko urria). Frantses itsas armadak bestalde Beirut hartu zuen, eta gobernu otomandarrak armistizio bat eskatu zuen (urriaren 30ean izenpetua).

Era berean, Inperio Zentralek atzera egin zuten Balkanetan 1918an zehar. 700.000 soldadu aliatu inguruk osaturiko oste batek, frantsesak, britainiarrak, grekoak, serbiarrak eta italiarrak tartean zirela, eskala handiko erasoaldi bat abiarazi zuen Mazedonian.

Hilabete bukaerarako, bulgariarrek,erabat garaiturik, izenpetua zuten armistizio bat. Errumania berriz ere gerran sartu zen, aliatuekin batera. Serbiarrek eta errumaniarrek azaroaren 1ean hartu zuten Belgrado.

Zenbait erasoaldiren ondoren, Trieste eta Fiume hartu zuten italiarrek (egungo Rijeka), azaroaren 3an eta 5ean hurrenez hurren. Garaiturik, matxinada iraultzaileak izan ziren Austriar-Hungariar Inperioan (batez ere barne nazionalismoek bultzatuak: txekiarrak, hegoaldeko eslabiarrak, hungariarrak).

1918ko azaroaren 3an izenpetu zuen Austria-Hungariak armistizioa.

 

Gerraren amaiera

Abuztuan, alemaniar militarrek uste zuten irabazia zutela gerra; irailean, Marneko bigarren borrokaldiaren ondoren eta garaiturik bere aliatuak, armistizioa komenigarriagoa zela erabaki zuten. Irailaren 27an, Reichsweher-en buru zen Ludendorff jeneralak zibilen gobernu bat osatzea, armistizioa izenpetzeko gauza izango zena, proposatu zion Koroaren Kontseiluari (Kaiserrak, haren esanetara, urriaren 3an izendatu zuen). Urriaren 12an Wilsonen ?14 puntuak? onartu ziren. Hilabete horretan, alemaniar ontzidia matxinatu zen Kielen. Azaroaren 7an Sobieta aldarrikatu zen Munichen; handik egun gutxira, Kaiserrak Berlinen bertan abdikatu zuen. Sozialistak (Friedrich Elbert) arduratu ziren gobernuaz, zapaldu zuten matxinada, eta azaroaren 11rako gai ziren aliatuekin armistizioa izenpetzeko.

Jeneralak garaitu gabeak zetozen frontetik bueltan (alemaniar armada ez zen lur jota geratu gudu lerroetan, beste armadei gertatu zitzaien bezala); aldi berean, zibilek izenpetu behar izan zuten porrota, eta administratu ondoren. Horrek oso ondorio larriak izan zituen, Alemanian nahiz Europa osoan.