Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Europako herrialdeen artean mundua nola banatu zuten

Emakumeak lanean, Frantziaren mendeko Indotxinan, 1920. urte inguruan.<br><br>

XIX. mendearen azken herenean Europan sekula gertatu den aldaketarik handienetako bat gertatu zen, ez mugak aldatu zirelako soilik, Europaren jarduera politikoaren eragina mundu guztira zabaldu zelako baizik.

Europako kontinente zaharra zen munduko gizarteen zentroa, nahiz eta Europaz kanpoko beste herrialde ahaltsu batzuen eragina ere nabarmentzen hasia zen, Estatu Batuen eta Japoniaren eragina esaterako.

1870ean Italiako lurren batasuna osatu zen, eta Alemaniako lurraldearena, gero, 1871n, Frantzia-Prusia arteko gerraren ondoren; batasun horiek zeharo aldarazi zuten Europako mapa, baina ez hori bakarrik, Europaren politika eta, beraz, munduko politika ere goitik behera aldatu ziren. Alemania bihurtu zen Europako herrialde ahaltsuena; Britainia Handiak eskumen handia izan zuen aurrerantzean ere, baina Europaz kanpoko lurretan; Frantziak ere, Europan behinola izandako indarra galdu zuelarik, Europaz kanpoko lurraldeak izan zituen keza nagusi; Italia, berriz, bigarren mailako herrialde bihurtu zen, Austria-Hungaria inperio osatu berria bezala (Errusia ere inperiohorretan sartu zen). Europako agintariek joera kontserbadoreagoa hartu zuten iraultza liberalen ondoren; gizartean aldaketa asko ari ziren gertatzen, hastear zen bigarren industria iraultza. Alemania-Frantzia arteko eta Errusiaren eta Austria-Hungaria inperioaren arteko liskarrak mugei edo eragin guneei buruzko liskarrak izan ziren, oro har, baina Europaren egonkortasuna kolokan jarri zuten behin eta berriro liskar haiek.

Kolonialismoa herrialde ahaltsuen arteko tirabirak areagotzeko baizik ez zen izan kasu gehienetan, izan ere, Europaz kanpoko istiluak Europako arazoen ondorioa besterik ez ziren izaten, eta alderantziz. Egoera horretan bereziki garrantzitsua izan zen politikari prusiar bat, Bismarck alemaniar kantzelaria.

Bismarck izan zen Alemaniako gobernu burua Alemania batu zenetik Gilen II.ak 1890ean bere kargutik egotzi zuen arte.

Diplomazia lan pragmatikoa egin zuen, eta hainbat aliantza eta sistema osatu zituen Europan Alemaniaren nagusitasuna areagotzeko eta Frantzia baztertzeko, Alemaniaren etsai izan baitzen beti Frantzia, bai lurraldeei bai ideologiari dagokienez. Bismarckek

 

Herrialde ahaltsuen arteko tirabirak

Europako mapa berria zela eta, hainbat tirabira sortu ziren indar hartzen ari ziren herrialdeen (Alemania) eta gaineehera zihoazenen (Frantzia) artean. Bereziki aipagarriak izan ziren Frantziaren eta Alemania batuaren arteko liskarrak. Frantzia-Prusia gerran (1870-1871) Frantzia atera zen galtzaile eta Alsazia eta Lorrenako lurrak galtzeaz gainera, Napoleon III.aren garaiko Frantziaren hondamena ekarri zuen galera hark. Harrezkero, eta Lehen Mundu Gerra bitartean, etengabe izan zen gatazka Frantziaren eta Alemaniaren artean. Britainia Handia bakartasun zoragarri batean bizi zen eta unean uneko egoera aztertu eta ahulenaren alde jartzen zen beti, balantza orekatu eta statu quoda iraunarazteko. Britainiaren kezka nagusia merkataritza zen, eta Alemania Europan nagusi izatea begi onez ikusten ez zuen arren, Frantziaren kontra borrokatu zen Egipton eta Mediterraneoaren kontrolerako lehian. Italiak ere gero eta indar handiagoa zuen; Austriarekin borrokan aritu zen Tirol eta Triesteren kontrola zela eta. Baina, zalantzarik gabe, Austriaren eta Errusiaren artean gertatu ziren gatazkarik aipagarrienak, Balkanetako lurraldeak zirela eta, batez ere. Izan ere, Balkanek segurtasuna ematen zieten bi herrialde haiei, eta aldi berean, hura zuten beste gune batzuetarako sarbidea. Baina Europako istiluez gainera, kolonietan ere izan ziren gatazkak, Afrikan batez ere, ingelesen eta frantsesen artean. Gerra haren ondorioz Berlingo Hitzarmena (1884-1885) bildu zen. Gorabehera handiak zeuden, eta bake armatua ezarri zen egoera nahasi hari aurre egiteko; bake armatu hura ezarri ondoren lehertu zen Lehen Mundu Gerra.

 

Kolonialismoa. Krisia ala oreka?

Kolonialismoaren bidez Europan indarra galtzen ari ziren zenbait herrik, Frantziak adibidez, beren nagusitasuna erakusteko guneak aurkitu nahi zituzten, baina azkenean europarren arteko gatazka gune bihurtu ziren kolonizaturiko herriak ere. Inperialismoan oinarrituriko ideologia bati jarraituz kolonizatu ziren lurralde berriak, hau da, Europako herrialdeek beren eragina, hegemonia politikoa eta ekonomikoa agerian utziko zuen inperioa osatzearren hartu zituzten koloniak. Europarrek bigarren industria iraultzaren atarian hasi zuten kolonizazioa, hau da Europako herrialde ahaltsuen ?batez ere Britainia Handiaren eta Alemaniaren? aurrerapen ekonomiko handieneko unean. Zabalkundeak arrazoi ekonomikoak izan zituen: batetik, merkatu berriak lortu nahi ziren inbertsioak egiteko; bestetik, Europa salgaiez aseta zegoenez, beste gune batzuetara eraman nahi zen eskaintza, eta azkenik, industriarako lehengaiak lortu nahi ziren. Arrazoi politikoek ere izan zuten, ordea, eraginik kolonialismoan: interes geopolitikoak zeuden batetik, hau da merkataritzarako, komunikazioetarako edo gune jakin batzuen kontrolerako lurralderik onenak hartu nahi ziren; eta konkisten bidez ospea lortu nahi zen bestetik. Arrazoi horiekin batera, ez da ahaztu behar gizarteak begi onez ikusten zuela, oro har, lur berriak aurkitzea, misioak zabaltzeko aukera izango zutelako, arrazoi geografiko edo zientifikoengatik eta Europako demografiaren presioa arintzegatik. Baina Frantziak bakarrik izan zuen aukera Frantzia-Prusia gerran Alsazia eta Lorrena galdu ondoren kolonialismoaren bidez bere asmo militarrak betetzeko. Britainia Handiak merkataritzarako hartu zituen koloniak Afrikan eta Asian; eta Alemaniak eta Errusiak ere bide horri heldu zioten geroago, inertziaz benetako interesagatik baino areago. Hasieran, beraz, kolonialismoa Europako herrien artean oreka lortzeko bide bat izango zela uste izan zen arren, Europan herrialde ahaltsuen arteko gatazken isla izan ziren azkenean, adibidez Afrika mendebala eta Egipto, Frantziaren eta Britainia Handiaren arteko liskarrena, eta Asia, berriz, Errusia eta Japonia edo Frantzia beraren arteko liskarrena. Gorabehera horiek izan ziren, besteak beste, Gerra Handiaren eragileak.

 

Nazioarteko harremanak

Italia eta Alemania batu ziren garaitik Lehen Mundu Gerra bitartean nazioarteko harremanetan botereen orekan oinarrituriko sistema bat ezarri zen (balance of power).

Nazioarteko harremanei dagokioenez, hau zen Europako herri nagusien egoera: Britainia Handiak Europaz kanpoko merkataritza harremanak zituen kezka nagusi; Alemania Europako herrialde ahaltsuena zen; Austria gainbehera zetorren, eta Italia eta Errusia, berriz, gero eta indar handiagoa ari ziren hartzen. Alemania zen, beraz, Europako ardatza, Europa erdialdeko herrialde nagusia baitzen. Alemaniako diplomazia burua Bismarck zen (1870-1890). Bismarcken politikaren helburua Europan edonolako aliantzen sorrera galaraztea zen,baina aliantzarik osatzekotan ere, Alemaniak izan behar zuen aliantzaren burua. Bigarren helburua Frantzia baztertzea zen, Europako liberalismoaren ordezkaria baitzen Frantzia artean. Bismarcken helburuak lortzeko bide egokiena balance of power botereen orekaren sistema zen. Nazioarteko oreka lortzeko bide bat zen, baina ez zen ideologian oinarritua, herrialde bakoitzaren indarrean oinarritua baizik; horrela, herrialdeak nazioarteko politikan nolako eragina zuen, halako egoera izango zuen nazioarteko harremanetan. Laburbilduz, «zenbat zaren, hainbeste dagokizu» esapidearen arabera saikatuta zeuden Europako herriak. Horrenbestez, zenbait aliantza eta entente eratu zituen Alemaniak, nazioarteko harremanen buruzagi ez ezik, kontinente guztiko herrialde ahaltsuena zela erakustearren.

Gilen II.ak bere kargutik kendu zuen Bismarck 1890ean, baina haren politikak nazioartean zuen eragina nabarmena izan zen Lehen Mundu Gerra arte ia. Burdinazko kantzelariaren hondamenaren ondoren Alemaniak Weltpolitik edo nazioarteko politikan mundu guztia hartu zuen kontuan. Horrek esan nahi zuen Europa ez zela jada Alemaniako diplomaziaren helburu bakarra, Bismarcken sistemaren kontrako bidea hartu zuela beraz, haren politikak Europa baitzuen ardatz nagusi eta bakarra.

Horrela, Alemaniak ez zuen lortu Frantzia Europatik baztertzerik, eta Alemaniaren egoera gero eta gehiago larritu zen.

 

Ententeak, hitzarmenak, nazioarteko aliantzak

Botereen arteko oreka lortzeko herrialde ahaltsuen artean sinaturiko aliantzak eta hitzarmenak izan ziren Bismarcken politikaren lorpen aipagarrienak. Bismarck Burdinazko kantzelariak hainbat aliantza egin zituen Europako ahaltsuenen artean, bi helburu hauekin: batetik Frantzia bazter utzi nahi zuen, eta bestetik, Alemania Europako edozein mugimenduren ardatza zela erakusteko.

Hiru enperadoreen liga sinatu zen lehenik (1873); Alemaniako Gilen I.a, Austriako Frantzisko Jose eta, azkenik, Errusiako Alexandro II.ak sinatu zuten hitzarmen hura.

Bai Austriak bai Errusiak Frantziako errepublikaren kontrako jarrera har zezaten lortu zuen Bismarckek liga haren bidez, alde batera utzirik errusiarrek eta austriarrek Danubio arroaren eta Balkanetako lurraldearen gainean zituzten istiluak. Babeserako liga bat zen, eta Frantziak beste bi herrialde haietakoren batekin bat egitea galarazi zuen Bismarckek. Baina liga sinatu zuten hiru herrialdeen arteko aldea hain zen handia, ezen berehala desegin baitzen. Berlingo kongresuaren ondoren (1878) Errusia etaAlemania arteko harremanak, eta batez ere, Errusia eta Austriaren artekoak, zeharo gaiztotu ziren. Errusiaren ordez Italia aukeratu zuen orduan Bismarckek. Italiak arazoak zituen Austriarekin Adigio garaia eta Trieste zirela eta, baina frantsesek Tunisia hartu izanak (1881) bultzatu zuen Italia elkarte hartan sartera. 1882an Hiruen Aliantza osatu zen; Frantziaren aurkako hitzarmena zen, garbi-garbi, eta sinatzaileek elkarri lagunduko ziotela agindu zuten baldin eta hitzarmena sinatu zuen herrialderen bat bi edo gehiago herrialdek erasotzen bazioten, edo herrialde bakar batek, Frantziak, erasotzen bazuen. Errusia bazter gelditu zen horrela, Frantzia iraultzailearekin batera. Baina bazterketa hura ez zen batere erosoa Alexandro III.arentzat eta Errusia ere Hiru enperadoreen ligan sartu zen, azkenean. 1887an ordea ez zuen erabaki hura berretsi, arazo ekonomikoak zirela eta, eta Bismarckek Ingalaterra-Alemania arteko aliantza eratu zuen. Errusiarrek berehala erantzun zioten ahalegin hari, eta urte hartan bertan Bigarren bahituraren hitzarmena sinatu zuen Errusiak Alemaniarekin, elkarri ez erasotzeko zina eginez. Bismarck bere kargutik kendu zutenean (1890) desagertu egin ziren hark eratutako sistemak, baina ez ziren berehalakoan desagertu sistema haien ondorioak.