Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Nazio baten sorrera: Ameriketako Estatu Batuak

Charles Cornwallis Estatu Batuetako Independentziako gerran errenditzen. John Trumbullen margolana.<br><br>

Egun Ameriketako Estatu Batuek (EEBB) duten eragin kulturala kontuan harturik, data gutxi izango da uztailaren 4a, hots, iparramerikarren jai nazionala baino ezagunagorik munduan. 1776. urteko egun horretan Ipar Ameriketako hamahiru britainiar koloniek independentzia aldarrikatu zuten eta modu horretara XX. mendearen hasieran munduko naziorik indartsuena bilakatuko zenaren historia abiatu zen. Metropoliaren eta haren erakundeen aurkako gatazka luze baten ondoren iritsi zen independentzia eta lortutakoan barne eztabaida bortitzak izan zituzten hamahiru estatu amerikar berri haiek nolatan egituratu behar zuten finkatzeko. Hitzarmen federala izan zen auziaren irtenbidea, gerora Europako mugimendu federalista askorentzat eredugarri gertatu zena.

1787ko konstituzioarekin Estatu federal berriaren eraikuntza bidea konplitu zen. Konstituzio horrek britainiar tradiziotik zenbait oinarrizko erakunde, sistema judiziala esaterako, bildu zituen, baina baita ordezkariek osatu gobernuen tradizio errepublikarretik ere ?federazio berriaren ordezkari nagusia, EEBBetako lehendakaria hautatzeko era?.

Hasieratik nazio berriak gizon zurien, kristauen (hainbat sinesbidetako protestanteak) eta anglosaxoien naziotzat hartu zuen bere burua. Lurralde haietako jatorrizko biztanleek eta hegoaldeko estatuetara, gehienbat, ekarritako afrikar esklabo ugariek ezaugarri horietarik bat ere betetzen ez zutenez, EEBBak komunitate guztiz baztertzaile gisa jaio eta garatu ziren beste arraza eta kulturekiko. Ondorioak bertako biztanleria, merkataritza eta industria bizkor aski handitzen hasi ?joan den mendean? eta orduan nabaritu ziren. Mendebal zabaleranzko hedapena indiar nazio eta herrien kontura burutu zen, horiek guda etsaitzat, mendeko herritzat hartu edo, besterik gabe, suntsitu egin zituztelako.

 

Hamahiru kolonia, hamahiru estatu

Britainia Handiak XVII. mendean burutu zuen Ipar Ameriketako mendebaleko kostaldearen kolonizazioa, merkataritza konpainien sistema zela bide. Ingeles monarkiak koloniak ezarri, lurraldea ustiatu eta produktuak merkaturatzeko aukera ematen zien kolonoei eta kolonia horiek gobernu erakunde bereziz hornitzen zituen (kolonia gutunak). Hala, britainiar jatorriko amerikarkolonoek beren gobernuak, batzarrak eta auzitegiak sortu zituzten, beren kolonien izaera politikoaz kontzientzia sakona hartzen zutelarik. XVIII. mendean, Ipar Ameriketako lurraldeak kontrolatzeagatik batez ere Frantziarekin izandako gerrak zirela eta, Londresetik britainiar koroak koloniekiko jarrera aldatu nahi izan zuenean, kolonoen kontzientzia politikoa gatazka handi bat pizteko adina garatua zegoen.

Ingalaterrak eta Frantziak sinaturiko Parisko bakearen (1763) ondorioz, kolonien defentsa eta mantenimendu kostuaren zatibat kolonoek ordain zezaten saiatu zen Ingalaterra.

Argudio hori erabili zuten Londresen parlamentu-neurri sail bati ekiteko; neurri horiek zerga berriak zekartzaten eta koloniak zuzen-zuzenean ukitzen zituzten.

1763 eta 1767 artean, hainbat legek ?Azukrearena, Tinbrearena, Townshenden legeak? aduana eskubideak eta merkataritzarako dokumentuak (paper tinbratua) ezarri zituzten hainbat produkturen gainean.

Neurri horiek berehalakoan arbuiatu zituzten kolonoek uste baitzuten, britainiar mendeko izanik, ez zutela zergarik ordaindu beharrik berak Londresko parlamentuan egon gabe. Ez protestek ez kolonoek Londresa bidalitako ordezkariek (Benjamin Franklin) ez zuten inolako eraginik izan, zeren eta Jorge III.a erregeak asaldura egoera aldarrikatu baitzuen kolonientzat, Bostongo (Massachusets) portuan Tearen Matxinada (1773) deituaren ondoren.

Kolonoak geroko sistema federala iragartzen zuen elkarte baten inguruan antolatu ziren; Filadelfian (Pennsilvania) egindako bi Kongresutan (1774 eta 1775) mamitu zen antolamendu hura. Kongresu horietako bigarrenean George Washington kolonietako gudarostearen jeneral buru aukeratu zuten, Jorge III.ak bidalia zuen ingeles ete aleman mertzenarioen armadari (kasaka gorriak) aurre egiteko. Ondoko urtean, 1776ko uztailaren 4an, kolonien independentzia aldarrikatu zuten. Eta hori ez zuten Britainia Handiaren aurrean egiten, mundu osoaren aurrean baizik: kolonoek beren kolonien burujabetza lortzera bultzatu zituzten arrazoiak ?zapalkuntza, zuzengabekeria eta despotismoa? adierazi nahi zizkieten gainerako nazioei. Horrenbestez, hamahiru estatu aske sortu ziren, haietako bakoitzak prozesu konstituziogile propioa hasia zuela, bere konstituzio testuko bereziak eginez eta bere gobernu erakundeak ezarriz. Oinarrizko printzipioak jatorri bikoitzekoak ziren: alde batetik, berezko eskubideen tradizio ilustratua eta bestetik britainiar garaietatik egokien iruditu zitzaizkien erakundeak (batez ere epaimahaien eta berezko epaileen bidezko auzi sistema).

Hamahiru koloniak jada hamahiru Estatu berriak ziren.

 

Ipar amerikar nazioa

Hamahiru estatu berriek batasun konfederal bat eratu zuten baina laster erakutsi behar zituen bere ahuleziak antolakuntza horrek. Soilki elkarren babeserako sistema gisa pentsatua izanik, Konfederazioak ezin zuen estatuetako batek beto emandako politikarik garatu eta ez zuen erakunde-egitura propioa finantzatzeko bidea emango zion ahalmen fiskalik. Horrenbestez, berehalaxe ohartu ziren erakunde eta aginpide federala zuen sistema nazional sendoagoa sortzeko premia zutela. 1786an eta 1787an Konstituzio federal bat eztabaidatu eta onartu zuten eta hori da, hain zuzen ere, 1787tik gaur arte indarrean jarraitzen duena. Zazpi ataleko dokumentu horretan aginpideak zehazten dira. Aginpide legegilea bi ganberatan banaturik dago; batek biztanleria ordezkatzen du eta besteak Estatuak (estatu guztiek ordezkari kopuru bera bidaltzen dute biztanle kopuruari erreparatu gabe).

Aginpide betearazlea nazio buru bien inguruan zentratua da: hautesleek zeharka aukeratzen duten lehendakaria eta lehendakariordea, hasieran bederen, lehendakaritzarako botoetan bigarren irtendakoa. Konstituzio honek xedatzen duenaren arabera, aginpide judiziala EEBBetako Auzitegi Gorenaren gain dago: eskubideak bermatzeko eginbidea du (aginpide betearazle eta legegileen egintzak berrikusteko ahala, judicial review, 1803an sarturikoa) eta federazioaren erakunde judizial nagusia da.

1791n lehen hamar zuzenketa erantsi zizkioten testu horri, Zuzenbideen Aldarrikapena deiturikoa (Bill of Rights).

Konstituzioa, hau da, sistema federala, traba askorekin onartu zen, Britainia Handiarengandik burujabetza lortu ondoren, aginpide betearazle zentral baten sorrerak susmo txarrak eragin baitzituen estatuetan.

Halaz eta guztiz, federazioaren aldeko iritzia garatu zen 1790 aurretxoan eta mendearen azken hamarraldian. Joera horren aldekoak federalistak ziren eta Alexander Hamilton zen haien buruzagi ezagunena.

Haien aurka, antifederalistek osatu taldea aginpide zentral ahularen aldekoa zen eta aginpide handiagoa gura zuten batasuneko estatu kideentzat. Ildo federalista gailentzeak ipar amerikar nazio baten sortzea ekarri zuen, egitura eta aginpide komunak zituena, bai eta merkataritza eta lurraldea hedatzeko programa zabal eta handinahia garatzeko bidea ere.

Eta horretan ihardun zuten lehenengo gobernuek. 1789an EEBBetako lehen lehendakaria, George Washington jenerala, karguaz jabetu zen. Fidagarritasun eta gaitasun ezagutuko ministroak (idazkariak) bildu zituen: John Adams (lehendakariordea), Hamilton (Ogasuna), Thomas Jefferson (Estatua), Edmund Randolph (Justizia). Aurreneko aldi hartan bertan garrantzi handiko gaiak ukitzen zituzten legeak aldarrikatu ziren: gerrako zor handiak, diru paperaren zirkulazioa, mendebaleko lurraldeak, merkataritza.

Horrenbestez, nazio berri baten sorrerak eta kokatu beharrak zekarten anitz kontraesan eta arazo gorabehera, EEBBak indartuz joan ziren 1787-1812 bitartean.

1792-1796 bitartean, hurrenez hurren, Kentucky eta Tennessee erantsi zitzaizkien, eta 1803an Louisiana erosi zioten Frantziari (1812an Estatu bihurtua), baita Ohio ere, azken honekin mendebalera hedatzen hasizen. 1812an beste gatazka bat piztu zen indiar tribu batzuekin elkar hartua zen Britainia Handirekin; liskar hori 1814a arte luzatu zen eta EEBBek nazioartekoan ordurako harturiko pisua erakutsi zuen.

 

Hedapenetik bereizkuntzara

Joan den mendeko bigarren hamarraldiaz geroztik, mendebalerako hedapenak zuzenki markatu zuen EEBBen politika. Virginiar jatorriko hiru lehendakarik (Jeferson, Madison, Monroe) politika hedakorra garatu zuten: indiar tribuen aurkako gerra, lurren erosketa edota Espainia bezalako europar estatuen aurkako gerra. James Monroek definitu zuen EEBBen politika: Amerikan zentratua, hego eta mendebaleko lurraldeen konkistan alegia, eta Europako estatuen esku hartzetik at (Monroe doktrina).

Andrew Jacksonek hedatze politika hori garatu zuen bere lehendakarialdian (1828- 1836). Florida ordurako bereturik (1819), Mexiko Espainiatik bereizi zen unetik (1823) mexikarrak ziren lurralde batzuk erantsi zituen (Texas, Kalifornia eta Muevo Mexiko); gainera Oregon ingeles-ipar amerikar administrazioaren azpian zegoen 1818tik.

Horrenbestez, kontinentearen kontrola, kostatik kostarainokoa, betea eta konplitua zen.

Garai horretan ere politika benetako ezaugari amerikarrak hartuz joan zen: bi alderdi edo bloke handik sistemaren zentralizazio handiago edo txikiagoaren aldekoak biltzen zituzten. Bestalde, Jackson bezalako lehendakariak amerikar ertainaren irudia ematen zuen: lur jabea eta, lehenbiziko aldiz, esklabotzaren aldekoa eta sortzaileetarikoa ez zen Estatu batekoa (Tennessee).

Etxe Zuria eta lehendakaritza orduan hasi ziren hartzen harrezkeroztik berenezaugarria izan den eginkizun erabakiorra.

Hedapenak beste ondorio erabakiorra ekarri zuen: EEBBen gizarte eta ekonomia lurraldekatzea. Zenbait hiri, New York edo Baltimore adibidez, biztanle kopuru handi samarra hartzen hasiak ziren, baina lurralde berrietan biztanleria guztiz barreiatua agertzen zen gaitzeko lurralde zabaletan eta gune txikietan, estatu gisa sendotu gabeko lurraldeetan. Begien bistako desberdintasuna zegoen, orobat, produkzioari eta gizarte egiturari dagokienez, iparraldearen, erdialdeko mendebalaren eta hegoaldearen artean. Iparraldea hiritsuena eta industrialena zen; erdialdeko mendebalean indiarren lurren konkistan eta harrapaketan beren lurrak lorturiko nekazariak bizi ziren, eta hegoaldeak esklaboen bidezko produkzio sistema batean oinarrituta jarraitzen zuen, hartarako etekin handia ematen zuten lur guztiz zabalak behar zirelarik.

Arrazoi horrexegatik esklabotzaren arazoak lehen planora pasa ziren 1840-1850 urteetan. Mugimendu abolizionistak, iparraldekoak gehienbat, mehatxu zuzentzat hartzen zituzten hegoaldeko lurjabeek zein Estatuek.

Berauek, Kongresuak esklabotza deusezteko edo esklaboak iparraldera ihes egitea bideratzeko konstituzioa aldatuko ote zuten beldurrez, beren burua posibilitate horren aurka babestu nahi izan zuten. Sezesio gerraren aurretik, egiatan, ez zegoen, ez demokraten ez eta errepublikarren artean, halako proiektu zehatzik Kongresuan gisa horretako legeren bat pasarazteko, nahiz eta iparraldeko gizartearen baitan eta muturreko zenbait eliza protestantetan esklabotzarekiko higuin sentimendua zabaldurik egon.

Ezin esan daiteke ezta Abraham Lincolnek ere, 1861n, bere agintaldiarekin batera gerra zibila hastear zegoen unean, ideia hori gogoan zerabilenik. Batasunari tinko tinko eustea zen haren asmo deliberatua.