Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Austriar-hungariar inperioa eta Italia eta Alemaniaren batasunak

Bismark-en erretratua.<br><br>

Vienako kongresuak (1815) Estatuen sisteman oinarrituriko ordena jakin bat ezarri zuen Europako lurraldeetan: garaiko estatu indartsu handiek (Britainia Handia, Frantzia, Austria, Prusia eta Errusia) nahi zituzten bakea eta botere arteko oreka iraunkorrak izan zitezen komeni zitzaien ordena. Herriak, nazioak edo kulturak, esan gabe doa, ez zituen kontuan hartzen ordena horrek. Aginpidearen kontzepzio autoritarioan oinarriturik eta Metternich-ek iradokitako Vienako sistemaren arabera, herriek ez zuten tratamendu politikorik merezi, monarkia edo inperio ziren Estatu indartsuei baizik ez baitzegokien hori. Dena den, XIX. mendeko Europan arazo nazionalak bizirik ageri ziren.

Hogeita hamar eta berrogeita hamargarren urteetan iraultza gertaeren atzean mugimendu nazionalistak zeuden, tradizio liberala eta helburu nazionalistak elkarturik.

Mugimendu horiek 1848 eta 1849an azpiraturik gertatzea erabakiorra izan zen beren bilakaeran. Mendearen erditik aurrera, Europako nazionalismoek era pragmatikoagoetara jo zuten, aintzat har zitzaten, eta beren alderdi demokratiko eta errepublikarrak alde batera utzi zituzten gehienek. Izan ere, 1848 ondoko XIX. mendeko Europan, iraultzan naziogai (eslaviarrak, poloniarrak, hungariarrak, txekiarrak) azaldu ziren herrien edota antzeko beste mugimendu batzuen (Irlanda) helburu nazionalista gehienak ez ziren bete. Italiak eta Alemaniak baizik ez zituzten erdietsi helburu haiek, bi-bienak 1870 ondoko urteetan bete baitziren.

 

Piamonte eta Italiaren batasuna

Vienako Kongresuan Italiaren lurralde banaketa dinastikoa gordetzea erabaki zuten.

Hegoaldean, Sizilia Bietako borbondar erreinua, Siziliak eta antzinako Napoliko erresumak osatua; erdialdean, Aita Santuaren Estatuak, aita santuen erregetzapekoak; Toscanako Dukerri Handia eta gainerako dukerri txikiak (Modena, Parma eta Guastalla), Habsburgotarren mendekoak; iparraldean, Lonbardia eta Veneto, Austria etxearen mendekoak; azkenean, Piamonte-Sardinia erresuma, Savoiar dinastiaren eskuetan. Estatu multzo hori, Italian tradizioa zen bezala, heterogeneoa zen zentzu askotan. Guztiek nazio bat osatzen zutelako ideia ez zen berria, baina sentimendu nazional hori 1820-1830 ondoko urteetatik aurrera hasi zen batez ere azaleratzen, Rissorgimiento eta gisako kultura mugimenduen eta nazionalista izaerako aldizkari zein argitalpenen bidez, eta joera horretako lehen mugimenduen sorrerarekin.

Giuseppe Mazzinik zuzentzen zuen Giovine Italia (Italia Gaztea) zen, dudarik gabe, mugimendurik garrantzitsuena; ideia liberal-errepublikarrak, sentimendu nazionala eta italiar errepublika bat sortzeko ideia konbinatzen zituen.1848ko iraultzaren zoritxarreko ondorioak erabakiorrak izan ziren italiar batasunaren zentzua aldatzeko. Abertzaleen ekimenak suntsiturik geratu ziren; Piamonteko gudarosteak Austriakoaren aurka jasan zituen Custoza eta Novarako porrotak (1849) suntsitze horren sinbolo dira. Handik aurrera,Italiaren batasunaren ideiak Italiako Erresuma baten inguruan behar zuen mamitu.

Piamonte-Sardinia, Savoiako etxearen erreinua, buruzagi izan zen ideia hura bultzatzen, Vittorio Emanuele II.a errege izendatu berriarekin. Camilo Benso, Cavour-eko konde liberal moderatuak nazioarteko diplomaziaren estrategia erabili zuen penintsulako iparraldean italiar erreinua sortzeko ideia burutu ahal izateko. Krimeako gerran piamontarrek esku hartu izana erabili zuen Napoleon III.aren uste ona bereganatzeko; modu horretara, itun bat lortu zuen 1858an, ondoko urtean Austriaren aurkako borrokan Bonapartek laguntza ekar ziezaien.

Magentako guduaren ondoren (1859) Lonbardia bereturik, erdialdeko lurraldeak (Toscana, Modena, Parma) matxinatu eta Vittorio Emanuele II.aren alde azaldu ziren.

Prozesu horren bigarren aldia, partez Cavourren aurrikuste moderatu diplomatikoak gainditu zituen ekintza bati esker gertatu zen. Garibaldik Mazziniren bulkada abertzale-iraultzailea jarraitu zuen Siziliarako espedizioan (1860) eta geroko Napoliren konkistan eta anexioan. Frantziarekiko behin behineko itun diplomatikoen mende zegoen Piamonteko gortea (Savoia eta Niza emanak zizkion); bestalde, Garibaldiren mugimenduaren izaera iraultzaileari aurka egitearren, Piamonteko gudarostea bidali zuen haren Erromarako martxa galarazteko. Veneziaren anexioak (1866), urte horretako austriar-prusiar krisia aprobetxatuz egin zelarik, erreinuaren batasuna osatu zuen, Erroma salbu. Italiar abertzaleentzat sinbolismo handia zuen hiri hori 1871n anexionatu zen, Frantziaren eta Prusiaren arteko krisia zela eta, frantses gudarosteak Erroma utzi behar izan zutenean, Vatikanoak nazioarteko izaera izango zuela eta Italiako erreinuaren kontura finantzatuko zela bermeak (Bermeen legeak, 1871) ezarri ondoren.

 

Prusia eta Alemaniako II. Reich-a

Antzinako Erroma eta Germanietako Inperio Santua desegituraturik, 1804 eta 1806 artean, Vienako Kongresuak, Metternich zela bide, Germaniar Konfederazioa izeneko estatu sistema bat sortu zuen. Germaniar ingurunean bizirik eta indarrean zeuden berrogei Estatu eta hiri aske bildu behar zituen sistema horrek. Erakunde komunak izango zituen alemaniar estatu batu baten sorrera galaraztea zen sistema horren helburu deliberatua. Konfederazioak kanpora begira baizik ez zuen funtzionatu bere bi indar handien, Austriaren eta Prusiaren, zuzendaritzapean, zernahi mugimendu iraultzaile, liberal edo nazionalistaren aurrerabidea zapaltzen zuela. Alemaniako estatu sistema horrek maila erdiko monarkiak (Bavaria, Württemberg, Saxonia, Hannover) eta estatu txiki saila (Hessen, Nassau, Anhalt, etab.) hartzen zituen bere baitan; elkarren artean potentzia handien nagusitza orekatzea eta haiei eustea zen bi talde horien eginkizuna.

Lehen mendearen erdian, Alemaniako sentimendu nazionala kultura eremuan adierazi zen batez ere, unibertsitate eta akademia munduaren bitartez. Planteamentu nazionalista-liberalen (Mohl, Pfizer, Rotteck) ondoan, bertsio moderatu bat ere garatu zen Savigny-ren Eskola Historikoaren inguruan.

Bai 1830eko iraultzan eta bai, gehienbat, 1848-1849koetan, alemaniar Estatu baten ideia mamitzen hasi zen Prusiaren inguruan.

Lurralde hartako dinastia (Hohenzollern) XVIII. mendean sendotu zen, Brandenburgoko printze hauteslea Prusiako errege bilakatzean (1701).

Prusia gunetzat hartuko zukeen Alemania baten lehen proiektua 1830 ondoko urteetan agertu zen Alemaniako Aduanen Batasunarekin (Zollverein). Arian-arian alemaniar estatuen atxikimendua, Austriarena izan ezik, bilduz joan zen hitzarmen horrek salgaien zirkulazio librerako gune bat ezarri zuen, Prusiako diru sistemaren mende. Eta 1848an Hohenzollern prusiarrak buru izango zituen alemaniar Estatu baten sortzeko ideia azaldu zen. Horrek alemaniar estatu konstituzional bat sortzea ekarri behar zuen eta ideia hori ez zen Federiko Gilermo IV.aren gogobetekoa inolaz ere.

Alemania batzeko prozesuak harrezkero Prusia izango zuen buru. 1862an Bismarck aginpidera iristeak behin betiko prozesua markatu behar zuen. Haren agintaldi luzea Prusiako parlamentuaren krisia sortuz abiatu zen. Gehiengo liberaleko parlamentu hark gogor egin zien aurkezturiko aurrekontuari eta gudarostea armaz hornitzeko proiektuari. Bismarckek parlamenturik gabe gobernatzea erabaki zuen eta Schleswig eta Holstein dukerrietako krisia aprobetxatu zuen Austria Danimarkaren aurkako gerran sartzeko eta, geroago, Austria bera bat-batean eta erabat garaitzeko Sadowa-ko guduan (1866), Habsburgotarren monarkiak Italiako fronte garrantzitsua (Lonbardia et Veneto) ere irekia zuen unean.

Hori izan zen 1815eko Germaniar Konfederazioaren amaiera, eta Austria erabat alboratzen zuen beste baten eraketa (Iparraldeko Alemaniar Konfederazioa).

Handik aurrera, Bismarck batasunari begira premiazko politikaritzat hartzen zuten goi burgesiaren eta maila ertaineko klaseen laguntza zabalarekin, Alemaniako lurraldeak oro batasunerantz bideratu ziren Prusiaren buruzagitzapean. Diplomazia eta engainua erabiliz, Bismarckek Napoleon III.aren aurkako gerra piztu zuen, eta berehala amaitu Sedan-go guduan (1870). Ondoko urtean,Versaillesen, Europa guztia ukitu zuen garaipen militar haren ondorio gisa, Alemaniako II. Reich-a sortu zen, Gilermo I.a Kaiserra buru eta Otto von Bismarck haren sortzaile nagusi zirela.

 

Habsburgotarrak eta austriar-hungariar inperioa

Habsburgotarren dinastiak disnastia bat beraren mendeko europar lurralde-gune handiena eratu zuen Aro Modernoan zehar.

Erroma eta Germarnietako Inperio Santuko printze hautesleak kargu inperial gorenean berretsirik, alemaniar erregeekin batera inperio zabala kontrolatzen zuten: Danimarkako hegoaldetik Italiako iparralderaino eta Frantziako ekialdetik Moraviaraino. Aldi berean, dinastiaren mendeko lurralde guztien gaineko jabetza zuzena zuten: Austriako artxidukerria, Hungariako erreinua, Bohemiakoa, Tirolgo Dukerri Handia, Salzburgo.

Multzo horri hainbat lurralde erantsi zioten XVIII. mendean: antzinako Herbehere espainiarrak (Belgika), Lonbardia eta Venetoko lurralde italiarrak, Poloniako erreinuaren hegoaldea zatiketaren ondoren (Galitzia) eta Balkanetako lurraldeetako zati bat.

Habsburgotarrek beren monarkia Austriar Inperio gisa definitu zuten 1804an jabetzen gaineko nagusigoa sendotzearren.

Eta hori aitortu zien Vienako Kongresuak, non Metternich Austriako kantzilerra ondo arduratu zen sendotze hori lortzelko, berretsirikgeratu baitzen Italiako iparraldearen eta Inperio turkiarraren mugako balkandar kostaren kontrola. Horrenbestez, Austriako monarkia anitza eratu zen, hamabi bat nazio eta hainbat hizkuntza eta erlijio biltzen zituena.

Metternichek asmatu gobernu sistemak ez zuen amore ematen konstituzioaren eremuan.

Administrazioaren aldetik, monarkia Vienako gortetik kudeatu zuten, Austriako eta Bohemiako nobleziaren (XVII. mendetik germaniartua berau) esku zegoen sistema baten bidez, gudaroste indartsua eta polizia sistema gogorra erabiliz. Inperioko hainbat herritan mugimendu abertzaleak sortu ziren 1830-1840 ondoko urteetan.

Mugimendu horiek Hungarian eta eslabiar herrietan (Txekia, Polonia, Kroazia) agertu ziren indartsuen. Mugimendu iraultzaile horiek guztiak gogor zapaldu zituen austriar gudarosteak: Viena eta Bohemia menderatu ondoren Hungariaren aurka jo zuten.

Iraultza azpiratu eta gero Frantzisko Jose enperadore berriak errejimen neoabsolutista ezarri zuen berriro hiru euskarriren gainean: aristokraziaren aginpidea, gudarostea eta polizia sistema. Eta Bismarcken Prusiaren aurreko ahuleziagatik eta Sadowako porrota gertatu eta Venezia (1866) behin betiko galdu ondoren berritu zen inperioa. Hain zuzen ere, Hungariaren beste matxinada bat galarazteko berriztatu zen; 1867ko Konpromezuaren bidez autonomia zabala ematen zion erreinu horri, baina Hungariak inperioaren gainerako herriak menderatzen laguntzearen trukean.