Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Aurkikuntza handien eragina

Atahualpa eta Pizarroren elkar topatzea.<br><br>

Gizadiak bere historian izan duen aldaketa nagusietako bat 1400-1600 bitartean bizi izan zuen. XV. mendearen hasieran, Lurrean ziren zibilizazio nagusiek ez zuten gainerako zibilizazioen berri. Mundu Zaharrean, Ekialdearen eta Mendebalaren arteko merkataritza harremanen bidez, balio handiko gaiez gainera, urruneko inperioei buruzko zenbait berri zabaltzen ziren; berri horietan, ordea, errealitatea eta fantasia nahasten ziren. Merkataritzak behartu zituen, hain zuzen ere, herri haiek –europarrak, musulmanak, indiarrak eta txinatarrak– itsasoak zeharkatzera; baina herri horien artean Europa kristaua izan zen nagusia. Hego Atlantikoan barrena joan ziren lehenak portugesak eta gaztelarrak izan ziren, eta horien atzetik Europako iparraldeko beste erreinu batzuk.

Herri horien ahaleginari esker zeharkatu ziren ozeano handienak (Atlantikoa, Ozeano Barea), osatu zen munduko geografiaren irudia, harremanean jarri ziren ordu arte elkarren urrun zeuden ekonomiak eta zibilizazioak, Munduari bira egin zitzaion lehenengo aldiz, eta Europak zabalkunde politikoa hasi zuen Afrikan, Ameriketan eta Asian.

XVI. mende bukaerarako Gizadia bat eta bakarra zen; lurbirako urruneneko herrien artean era guztietako harremanak (kulturazkoak, erlijiozkoak, ekonomikoak) sortu ziren etagaur egun ezagutzen dugun munduaren tankera hartu zuen Munduak.

 

Erdi Aroko geografia ezagutzak Europan

Erdi Aroan, zientziarekin eta idatzizko kulturarekin harremana zutenek behintzat, bazekiten Lurra biribila zela. Grezia klasikoan gauza jakina zen hori: K.a. VI. mendean Tarentoko Filolaok Lurraren forma biribila zela frogatu zuen. Antzinako geografoen idazkiak (Ptolomeo, Estrabon, Tiroko Marino) erromatarrengandik musulmanengana, eta haietatik berriz ere Europara, zabaldu ziren eta onartu ere onartu zituzten.

Erdi Aroko ia mapamundi guztiak Ptolomeoren lanen arabera osatu ziren.

Greziarrak berak ere saiatu ziren Lurraren neurria zehazten; haietako bat, Zireneko Eratostenes hain zuzen (k.a. 248-192), gauza izan zen neurri haiek zehaztasun handiz emateko. Aurkikuntza hark, ordea, ez zuen aurrekoak adinako arrakasta izan, edo garai hartakoei neurri handiegiak iruditu zitzaizkielako, edo kalkulu horiiek mendeetan zehar greziarren lan haiek europar erromantzeetara iritsi ziren arte hizkuntzaz hizkuntza itzuliz zihoazen ahala aldakuntzak edukiko zituztelako. Arrazoi bata dela edo bestea dela, haren ondorengo geografoek eman zituzten neurrien arabera (Erdi Aroko jakintsuek ontzat hartzen zituztenak), Lurra benetan dena baino txikiagoa zen. Akats horri esker animatu ziren, segur asko, esploratzaile asko eta asko Atlantikoan barrena bidaiatzera, Cristobal Colon besteak beste.

Erdi Aroan ozeano Atlantikoa hainbat uharte fantastikoz osatua zela uste zen. Lurralde horietako batzuk benetakoak ziren, esate baterako Zorioneko uharteak (erromatarrek Kanarietako uharteei emandakoizena), edo San Borondon edo Brandan uharteak (irlandar monjeek XII-IX. mende bitartean Atlantikoaren iparraldean barrena egindako ebanjelizazio bideen erakusle).

Beste uharte batzuk, berriz, edo asmatuak ziren edo elezaharrak bestela (Antilia, Brasilia, Cibola…). Dena dela, kontuan hartu behar da Atlantikoaren lehen esploratzaile haientzat uharte haiek benetan existitzen zirela, beren herrialdeak bezain egiazkoak zirela. Gezurra badirudi ere, Ameriketan lehorreratu ziren lehen europarren bidaiak –bikingoak XI. mendean– ez zuen inongo eraginik izan Erdi Aroko geografia ezagutzetan, izan ere, Leif Eriksson Vinland-era (segur asko, Ternua edo Labrador) iritsi zela zioten kronikak ipuin fantastikotzat hartu baitziren garai hartan.

 

Europaren zabalkundea Atlantikoan barrena

Irlandarren eta bikingoen espedizio haiek, beraz, bidaldi handien aitzina baino ez ziren izan. Bidaldi handien garaia XIII.. endean hasi zen, eta Europako hegoaldeko herrialdeak izan ziren zeregin hartan nagusi: gehienak merkatariek zuzenduak ziren, eta musulmanekin eta ekialdeko beste herriekin merkataritza harremanak edukitzeko antolatu ziren. Europara ekartzen ziren gaien (ongailuak, sedak, zura, esklaboak) sorburu herrialdeekin zuzeneko bide laburragoak aurkitzeko nahiak bultzatuta joan ziren merkatariak India, Txina edo Preste Juan-en lurra bilatzera. Lurralde haiek ezagutu zituzten bidaiarien liburuek, Marco Poloren Il Milione (1291) bereziki, bidaiak egiteko nahia indartu zuten. Hala, mende bukaerarako Bartzelonako, Palma de Mallorcako edo Pisako hainbat merkatarik Gibraltargo itsasartea igaro eta Afrikako kostaldetik hegoaldera egin zuten, Kanarietako uharteetara iritsi arte.

Lehenengo espedizio haiek ez zuten arrakastarik izan, besteak beste arrazoi teknikoak zirela-eta. Itsasketarako tresna berriak asmatu zirenean, brujula eta astrolabioa esate baterako, eta Atlantikoaren itsasaldiei aurre egiteko bela ontzi berriak egin zirenean, bidaiak ugaritu egin ziren. Garai hartan genoatar itsasgizonak nabarmendu ziren, Lanzelotto esaterako; hark eman zion, hain zuzen, izena 1320an Lanzarote uharteari.

XV. mendean bereziki indartu ziren esplorazio geografikoak, izan ere, erregeak hasi baitziren espedizioak zuzentzen eta antolatzen; espedizio haiek antolatzeko arrazoiak ekonomiari eta estrategiari zegozkion gehienbat. Portugalek musulmanen kontrako errekonkista amaitu zuenean –Europako lurretan–, hurbileko afrikar kostaldera eraman zituen borrokarako eginahal guztiak.

Portugalgo portuetako merkatari genoatarren laguntzaz, Henrike printzeak, Itsasgizona deituak (1394-1460), Afrika hegoalderako espedizioei babesa eman zien urrea, ongailuak eta esklaboak bila zitzaten.

Portugesek berehala bereganatu zuten Afrikaren Atlantiko alderako kostaldea ia osorik: Madeira (1419), Azoreak (1431), Cabo Verde (1460), Ginea (1470). Mendearen azken laurdenean, bidaiek helburu berri bat zuten: Indiarako zuzeneko bidea bilatzea.

Helburu hori bi espediziok bete zuten, batetik, Bartolomé Diasek, Esperantza Oneko Lurmuturra aurkitu zuenean (1488), eta bestetik, Vasco de Gamaren espedizioak, Calicutera iritsi zenean (1498). Hala, portugesek aukera zuten ordu arte ekialdeko gaien gainean musulmanek zuten monopolioa bereganatzeko.

 

Indietarako bide berria eta Amerikaren aurkikundea

Portugesen urratsei jarraituaz, Iberiako penintsulako beste potentziak, Gaztelak alegia, Afrikako kostaldean aurrera egiteko saioak hasi zituen. Hala ere, erreinuaren barruko arazoak eta Granadako erreinua konkistatzeko ahaleginean xahutu zituzten indarrak zirela-eta, gaztelarrek lurralde bat besterik ez zuten bereganatu: Kanarietako uharteak. Uharte horietan handienak, ordea, ez zituzten 1496 arte konkistatu. Alcaçovas- Toledo hitzarmenak (1474) Portugalek Afrikan zuen nagusitasuna onetsi zuen.

Gaztelarrak, portugesak garaitu nahian eta Afrikako bidea ezin egin zutenez, Asiarako bidea Atlantikoa igaroz egiten saiatu ziren; uste zuten ozeanoaz bestaldean Cipangoko (Japonia) eta Catayko (Txina) kostaldea aurkitu zutela. Horretan, Errege-erregina Katolikoek, Fernandok eta Isabelek, Cristobal Colon izeneko genoatar merkatari baten bidaia proposamena onartu zuten. Cristobal Colon hiru itsasontziko espedizio baten buru zen; 1492an iritsi zen Ameriketara. Txinaren pareko kostaldea zelakoan, haren ondoren izan ziren gaztelar espedizioetan hainbat kokaleku eraiki zituzten La Española (Santo Domingo) eta Juana (Kuba) uharteetan Asiako portuetako merkataritza gune gisa.

XV. mendearen azken hamarraldian, Gaztelako merkatariek Colonen sedaren bideari jarraitu zioten; erregeekin egindako hitzarmenen bidez, erreskate (merkataritza) espedizioek Antillak, Florida, eta Hego Ameriketako kostaldea –Panamatik hasi Amazonas ibairaino– aztertu eta bertako kartografia egin zuten. Frantsesek eta ingelesek ere prestatu zituzten garai hartan espedizioak IparAmeriketako kostaldera, Giovanni Cabotorena esaterako (1497). Portugesek, bestalde, Pedro Alvares Cabral buru zuen espedizio bati esker, Brasil izena eman zioten lurraldea bereganatu zuten (1500). Aurkikuntza berriekin abenturazaleek adore hartzen zutela zirudien. Baina hasierako usteak ustel atera ziren. Txinako eta Indiako merkatu handiak ez zeuden uste bezain hurbil, erraz lortu uste zituzten aberastasunak ez ziren iristen, eta Antilletan berehala ahitu ziren urre zainak. 1510. urte inguruan Mendebaleko Indiak aurkitzeko asmoek beherantz egin zuten; garai hartarako gauza jakina zen lurralde haiek ez zirela Asiaren zati, eta haietatik Asaiara bitartean Hegoaldeko itsasoa edo Ozeano Barea zegoela (1513an iritsi zen hartara Vasco Núñez de Balboa).

 

Amerikaren konkista

Gertaera batek erabat aldatu zuen ordu arteko gertaeren martxa. 1519an gaztelar talde bat, Hernán Cortés buru zuela, Mexikoko kostaldean lehorreratu zen; handik bi urtera haren mende zegoen inperio azteka osoa.

Konkista hark aberastasunean ito zituen konkistatzaileak, eta Karlos V.ak erregetza berri bat izan zuen bere eskuetan. Mexikoren konkistak erabat nahastu zuen sortu berria zen gizarte koloniala: kontinente hartako lurralde guztietara abiatu ziren konkista espedizioak, batzuek arrakasta izan zuten (Pizarroren eta Almagroren espedizioak inken inperioa hartu zuen, 1532); beste batzuek, aldiz, ez zuten arrakastarik izan, irudimenezko erreinuak baitziren haien helburu (El Dorado, Patiti Handia, Zazpi Hiriak). Konkista haren emaitza izugarria izan zen dena dela: 1550. urterako Gaztelak Mexikotik hasi eta Rio de la Platarainoko lurralde osoa zuen bere mende; haren barruan gelditu ziren Hego Ameriketako indiar zibilizazio guztiak.Gaztelaren inperioa aberatsena zen, zalantzarik gabe, Ameriketan zeuden europarren artean. Hegoaldeko Itsasoan barruratu zirenean eta munduaren inguruko lehen itzulia osatu zenean (Juan Sebastian Elkanok zuzendua, 1519-1521) gaztelarren zabalkundea goreneko mailara iritsi zen. Elkanoren espedizio hartan lortu zuten gaztelarrek Asiako konkista bakarra: Filipinetako uharteak, hain zuzen (1565).

Europako gainerako erresumek Ameriketan hartu zituzten lurraldeak ez ziren, ez demografiaren ikuspegitik ez ekonomiaren ikuspegitik, gaztelarrenak bezain aberatsak eta erakargarriak. Hegoaldean, Brasilgo kostaldean, portugesak kokatu ziren; zati hori poldugaldarrei zegokien Gaztelarekin egindako Atlantikoaren banaketaren arabera (Tordesillas, 1494). Portugesek nekazaritzaren ustiakuntzan oinarritzen ziren koloniak ezarri zituzten, lehenbizi palobrasil izeneko koloremailea lortzeko, eta ondoren, azukregintzako lantegiak eraikitzeko. 1540. urtean Portugalgo erregeak gobernadore bat izendatu zuen lurralde hartarako.

Frantsesak, ingelesak eta holandarrak ere saiatu ziren, geroago, kontinente berri hartan lurrak hartzen. XVI. mendean, Frantziak saioak egin zituen hegoaldeko lurraldeak menderatzeko, gaur egungo Brasilgo kostaldea hain zuzen, baina portugesek garaitu eta lur haietatik bota zituzten (1567).

Ipar Ameriketan, aldiz, zorte hobea izan zuten, Verrazzanoren (1524) eta Cartierreren (1534) bidaien bidez; hala ere, kolonizatu, beranduago kolonizatu zituzten lur haiek. Azkenik, frantsesak San Lorentzo ibaiaren inguruan kokatu ziren, eta Québec hiria (Frantzia Berriaren hiriburu izango zena, 1608) sortu zuten. Ingelesek, bestalde, kostaldean zenbait bizitoki sortu zituzten, hala ere lehenengo kolonia ez zuten 1606. urtea arte sortu (Virginia).