Historia Unibertsala»Aro berria
Aurkikuntza handien eragina
Gizadiak bere historian izan duen aldaketa nagusietako bat 1400-1600 bitartean bizi
izan zuen. XV. mendearen hasieran, Lurrean ziren zibilizazio nagusiek ez zuten gainerako
zibilizazioen berri. Mundu Zaharrean, Ekialdearen eta Mendebalaren arteko merkataritza
harremanen bidez, balio handiko gaiez gainera, urruneko inperioei buruzko
zenbait berri zabaltzen ziren; berri horietan, ordea, errealitatea eta fantasia nahasten
ziren. Merkataritzak behartu zituen, hain zuzen ere, herri haiek –europarrak, musulmanak,
indiarrak eta txinatarrak– itsasoak zeharkatzera; baina herri horien artean Europa
kristaua izan zen nagusia. Hego Atlantikoan barrena joan ziren lehenak portugesak
eta gaztelarrak izan ziren, eta horien atzetik Europako iparraldeko beste erreinu batzuk.
Herri horien ahaleginari esker zeharkatu ziren ozeano handienak (Atlantikoa, Ozeano
Barea), osatu zen munduko geografiaren irudia, harremanean jarri ziren ordu arte
elkarren urrun zeuden ekonomiak eta zibilizazioak, Munduari bira egin zitzaion lehenengo
aldiz, eta Europak zabalkunde politikoa hasi zuen Afrikan, Ameriketan eta Asian.
XVI. mende bukaerarako Gizadia bat eta bakarra zen; lurbirako urruneneko herrien
artean era guztietako harremanak (kulturazkoak, erlijiozkoak, ekonomikoak) sortu ziren
etagaur egun ezagutzen dugun munduaren tankera hartu zuen Munduak.
Erdi Aroko geografia ezagutzak Europan
Erdi Aroan, zientziarekin eta idatzizko
kulturarekin harremana zutenek behintzat,
bazekiten Lurra biribila zela. Grezia klasikoan
gauza jakina zen hori: K.a. VI. mendean
Tarentoko Filolaok Lurraren forma
biribila zela frogatu zuen. Antzinako geografoen
idazkiak (Ptolomeo, Estrabon, Tiroko
Marino) erromatarrengandik musulmanengana,
eta haietatik berriz ere Europara,
zabaldu ziren eta onartu ere onartu zituzten.
Erdi Aroko ia mapamundi guztiak Ptolomeoren
lanen arabera osatu ziren.
Greziarrak berak ere saiatu ziren Lurraren
neurria zehazten; haietako bat, Zireneko
Eratostenes hain zuzen (k.a. 248-192), gauza
izan zen neurri haiek zehaztasun handiz
emateko. Aurkikuntza hark, ordea, ez zuen
aurrekoak adinako arrakasta izan, edo garai
hartakoei neurri handiegiak iruditu zitzaizkielako,
edo kalkulu horiiek mendeetan zehar
greziarren lan haiek europar erromantzeetara
iritsi ziren arte hizkuntzaz hizkuntza
itzuliz zihoazen ahala aldakuntzak edukiko
zituztelako. Arrazoi bata dela edo bestea dela,
haren ondorengo geografoek eman zituzten
neurrien arabera (Erdi Aroko jakintsuek ontzat
hartzen zituztenak), Lurra benetan dena
baino txikiagoa zen. Akats horri esker animatu
ziren, segur asko, esploratzaile asko
eta asko Atlantikoan barrena bidaiatzera,
Cristobal Colon besteak beste.
Erdi Aroan ozeano Atlantikoa hainbat
uharte fantastikoz osatua zela uste zen. Lurralde
horietako batzuk benetakoak ziren,
esate baterako Zorioneko uharteak (erromatarrek
Kanarietako uharteei emandakoizena), edo San Borondon edo Brandan
uharteak (irlandar monjeek XII-IX. mende
bitartean Atlantikoaren iparraldean barrena
egindako ebanjelizazio bideen erakusle).
Beste uharte batzuk, berriz, edo asmatuak
ziren edo elezaharrak bestela (Antilia, Brasilia,
Cibola…). Dena dela, kontuan hartu
behar da Atlantikoaren lehen esploratzaile
haientzat uharte haiek benetan existitzen
zirela, beren herrialdeak bezain egiazkoak
zirela. Gezurra badirudi ere, Ameriketan
lehorreratu ziren lehen europarren bidaiak
–bikingoak XI. mendean– ez zuen inongo
eraginik izan Erdi Aroko geografia ezagutzetan,
izan ere, Leif Eriksson Vinland-era
(segur asko, Ternua edo Labrador) iritsi zela
zioten kronikak ipuin fantastikotzat hartu
baitziren garai hartan.
Europaren zabalkundea Atlantikoan barrena
Irlandarren eta bikingoen espedizio
haiek, beraz, bidaldi handien aitzina baino
ez ziren izan. Bidaldi handien garaia XIII.. endean hasi zen, eta Europako hegoaldeko
herrialdeak izan ziren zeregin hartan
nagusi: gehienak merkatariek zuzenduak
ziren, eta musulmanekin eta ekialdeko beste
herriekin merkataritza harremanak edukitzeko
antolatu ziren. Europara ekartzen ziren
gaien (ongailuak, sedak, zura, esklaboak)
sorburu herrialdeekin zuzeneko bide
laburragoak aurkitzeko nahiak bultzatuta
joan ziren merkatariak India, Txina edo Preste
Juan-en lurra bilatzera. Lurralde haiek
ezagutu zituzten bidaiarien liburuek, Marco
Poloren Il Milione (1291) bereziki, bidaiak egiteko nahia indartu zuten. Hala,
mende bukaerarako Bartzelonako, Palma de
Mallorcako edo Pisako hainbat merkatarik
Gibraltargo itsasartea igaro eta Afrikako
kostaldetik hegoaldera egin zuten, Kanarietako
uharteetara iritsi arte.
Lehenengo espedizio haiek ez zuten
arrakastarik izan, besteak beste arrazoi teknikoak
zirela-eta. Itsasketarako tresna berriak
asmatu zirenean, brujula eta astrolabioa esate
baterako, eta Atlantikoaren itsasaldiei aurre
egiteko bela ontzi berriak egin zirenean,
bidaiak ugaritu egin ziren. Garai hartan genoatar
itsasgizonak nabarmendu ziren, Lanzelotto
esaterako; hark eman zion, hain zuzen,
izena 1320an Lanzarote uharteari.
XV. mendean bereziki indartu ziren esplorazio
geografikoak, izan ere, erregeak
hasi baitziren espedizioak zuzentzen eta antolatzen;
espedizio haiek antolatzeko arrazoiak
ekonomiari eta estrategiari zegozkion
gehienbat. Portugalek musulmanen kontrako
errekonkista amaitu zuenean –Europako
lurretan–, hurbileko afrikar kostaldera
eraman zituen borrokarako eginahal guztiak.
Portugalgo portuetako merkatari genoatarren
laguntzaz, Henrike printzeak,
Itsasgizona deituak (1394-1460), Afrika hegoalderako
espedizioei babesa eman zien
urrea, ongailuak eta esklaboak bila zitzaten.
Portugesek berehala bereganatu zuten
Afrikaren Atlantiko alderako kostaldea ia
osorik: Madeira (1419), Azoreak (1431),
Cabo Verde (1460), Ginea (1470). Mendearen
azken laurdenean, bidaiek helburu berri
bat zuten: Indiarako zuzeneko bidea bilatzea.
Helburu hori bi espediziok bete zuten,
batetik, Bartolomé Diasek, Esperantza
Oneko Lurmuturra aurkitu zuenean (1488),
eta bestetik, Vasco de Gamaren espedizioak,
Calicutera iritsi zenean (1498). Hala,
portugesek aukera zuten ordu arte ekialdeko
gaien gainean musulmanek zuten monopolioa
bereganatzeko.
Indietarako bide berria eta Amerikaren aurkikundea
Portugesen urratsei jarraituaz, Iberiako
penintsulako beste potentziak, Gaztelak alegia,
Afrikako kostaldean aurrera egiteko
saioak hasi zituen. Hala ere, erreinuaren
barruko arazoak eta Granadako erreinua
konkistatzeko ahaleginean xahutu zituzten
indarrak zirela-eta, gaztelarrek lurralde bat
besterik ez zuten bereganatu: Kanarietako
uharteak. Uharte horietan handienak, ordea,
ez zituzten 1496 arte konkistatu. Alcaçovas-
Toledo hitzarmenak (1474) Portugalek
Afrikan zuen nagusitasuna onetsi zuen.
Gaztelarrak, portugesak garaitu nahian eta
Afrikako bidea ezin egin zutenez, Asiarako
bidea Atlantikoa igaroz egiten saiatu ziren;
uste zuten ozeanoaz bestaldean Cipangoko
(Japonia) eta Catayko (Txina) kostaldea aurkitu
zutela. Horretan, Errege-erregina Katolikoek,
Fernandok eta Isabelek, Cristobal
Colon izeneko genoatar merkatari baten bidaia
proposamena onartu zuten. Cristobal
Colon hiru itsasontziko espedizio baten buru
zen; 1492an iritsi zen Ameriketara. Txinaren
pareko kostaldea zelakoan, haren ondoren
izan ziren gaztelar espedizioetan hainbat
kokaleku eraiki zituzten La Española (Santo
Domingo) eta Juana (Kuba) uharteetan Asiako
portuetako merkataritza gune gisa.
XV. mendearen azken hamarraldian,
Gaztelako merkatariek Colonen sedaren bideari
jarraitu zioten; erregeekin egindako
hitzarmenen bidez, erreskate (merkataritza)
espedizioek Antillak, Florida, eta Hego Ameriketako
kostaldea –Panamatik hasi Amazonas
ibairaino– aztertu eta bertako kartografia
egin zuten. Frantsesek eta ingelesek ere
prestatu zituzten garai hartan espedizioak IparAmeriketako kostaldera, Giovanni Cabotorena
esaterako (1497). Portugesek, bestalde,
Pedro Alvares Cabral buru zuen espedizio
bati esker, Brasil izena eman zioten lurraldea
bereganatu zuten (1500). Aurkikuntza
berriekin abenturazaleek adore hartzen zutela
zirudien. Baina hasierako usteak ustel
atera ziren. Txinako eta Indiako merkatu
handiak ez zeuden uste bezain hurbil, erraz
lortu uste zituzten aberastasunak ez ziren iristen,
eta Antilletan berehala ahitu ziren urre
zainak. 1510. urte inguruan Mendebaleko
Indiak aurkitzeko asmoek beherantz egin
zuten; garai hartarako gauza jakina zen lurralde
haiek ez zirela Asiaren zati, eta haietatik
Asaiara bitartean Hegoaldeko itsasoa edo
Ozeano Barea zegoela (1513an iritsi zen hartara
Vasco Núñez de Balboa).
Amerikaren konkista
Gertaera batek erabat aldatu zuen ordu
arteko gertaeren martxa. 1519an gaztelar talde
bat, Hernán Cortés buru zuela, Mexikoko
kostaldean lehorreratu zen; handik bi urtera
haren mende zegoen inperio azteka osoa.
Konkista hark aberastasunean ito zituen konkistatzaileak,
eta Karlos V.ak erregetza berri
bat izan zuen bere eskuetan. Mexikoren konkistak
erabat nahastu zuen sortu berria zen
gizarte koloniala: kontinente hartako lurralde
guztietara abiatu ziren konkista espedizioak,
batzuek arrakasta izan zuten (Pizarroren
eta Almagroren espedizioak inken inperioa
hartu zuen, 1532); beste batzuek, aldiz,
ez zuten arrakastarik izan, irudimenezko
erreinuak baitziren haien helburu (El Dorado,
Patiti Handia, Zazpi Hiriak). Konkista
haren emaitza izugarria izan zen dena dela:
1550. urterako Gaztelak Mexikotik hasi eta
Rio de la Platarainoko lurralde osoa zuen
bere mende; haren barruan gelditu ziren
Hego Ameriketako indiar zibilizazio guztiak.Gaztelaren inperioa aberatsena zen, zalantzarik
gabe, Ameriketan zeuden europarren
artean. Hegoaldeko Itsasoan barruratu zirenean
eta munduaren inguruko lehen itzulia
osatu zenean (Juan Sebastian Elkanok zuzendua,
1519-1521) gaztelarren zabalkundea
goreneko mailara iritsi zen. Elkanoren espedizio
hartan lortu zuten gaztelarrek Asiako
konkista bakarra: Filipinetako uharteak, hain
zuzen (1565).
Europako gainerako erresumek Ameriketan
hartu zituzten lurraldeak ez ziren, ez
demografiaren ikuspegitik ez ekonomiaren
ikuspegitik, gaztelarrenak bezain aberatsak
eta erakargarriak. Hegoaldean, Brasilgo kostaldean,
portugesak kokatu ziren; zati hori
poldugaldarrei zegokien Gaztelarekin egindako
Atlantikoaren banaketaren arabera (Tordesillas,
1494). Portugesek nekazaritzaren
ustiakuntzan oinarritzen ziren koloniak ezarri
zituzten, lehenbizi palobrasil izeneko koloremailea
lortzeko, eta ondoren, azukregintzako
lantegiak eraikitzeko. 1540. urtean
Portugalgo erregeak gobernadore bat izendatu
zuen lurralde hartarako.
Frantsesak, ingelesak eta holandarrak
ere saiatu ziren, geroago, kontinente berri
hartan lurrak hartzen. XVI. mendean, Frantziak
saioak egin zituen hegoaldeko lurraldeak
menderatzeko, gaur egungo Brasilgo
kostaldea hain zuzen, baina portugesek
garaitu eta lur haietatik bota zituzten (1567).
Ipar Ameriketan, aldiz, zorte hobea izan
zuten, Verrazzanoren (1524) eta Cartierreren
(1534) bidaien bidez; hala ere, kolonizatu,
beranduago kolonizatu zituzten lur
haiek. Azkenik, frantsesak San Lorentzo
ibaiaren inguruan kokatu ziren, eta Québec
hiria (Frantzia Berriaren hiriburu izango
zena, 1608) sortu zuten. Ingelesek, bestalde,
kostaldean zenbait bizitoki sortu zituzten,
hala ere lehenengo kolonia ez zuten
1606. urtea arte sortu (Virginia).