Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Alexandro Handia eta Sortaldearen konkista

Alexandro Handiaren burua.<br><br>

K.a. 336. urtean igo zen Mazedoniako tronora Alexandro Handia. Hamabi urte eskasetan, errege gazteak, bere konkistekin, Antzinateko inperio handienetako bat sortu zen, Sortaldea eta Sartaldea bateratzen zituena, Danubiotik hasi eta Indoraino.

Hogei urte eskas zeuzkan Alexandrok, haren aita, Filipo, hil zutelarik, Mazedoniako errege izendatu zutenean. Hiri grekoak menderatuta, eta erreinuaren iparraldeko mugak baketuta, K.a. 334. urtean gerra panheleniko bat jarri zuen Alexandrok abian grekoen aspaldiko arerioen kontra, hots, une hartan Dario III.a Kodomano ahula buruzagi zuen pertsiar inperio erraldoiaren kontra.

Alexandrok, 30.000 gizoneko armada batekin, Helespontoko itsasartea gurutzatu zuen. Graniko eta Issosko guduen ondoren, feniziar kostaldeko hiriez jabeturik, Egipton sartu zen; han, Alexandria fundatu zuen, eta faraon eta jainkotzat ezagutu zuten.

Gaugamelasko guduak, Tigris ibaiaren ondoan, pertsiar inperioko hiriburuen ateak –Susa eta Persepolis– zabaldu zizkion. Handik abiatuta, inperioko ekialdeneko probintzien konkista hasi zuen Alexandrok –gaurko Uzbekistan eta Afganistan–, eta hiri asko fundatu zituen. K.a. 327. urtean Indiaren konkista hasi zuen, eta Indo ibaiaren ertzeraino heldu zen. Armadak behartu zuelarik, 7.000 kilometro egin ondoren lehertuta baitzeuden soldaduak, eten egin behar izan zituen konkistak, eta Babiloniara itzuli zen. Inperio berriaren hiriburutik, grekoak eta ekialdetarrak bateratuz antolatu zituen Alexandrok lur konkistatuak, baina oso gazte hil zen (K.a 323), eta antolamendu hura behera etorri zen. Hil zenean, erreinu desberdinetan zatikatu zuten inperioa Alexandroren jeneralek.

Horrela hasi zen helenismoaren aroa, kultura grekoa Mediterraneo ekialdera zabaldu izana ezaugarri duena.III. mendean zehar, halako oreka bat lortu zuten Mazedonia, Siria eta Egiptoko hiru erreinu handiek, beste erakunde politikoei gailendurik, eta horrek zibilizazio helenistikoaren garapena erraztu zuen. Baina hurrengo mendearen amaieran, oreka hori hautsi egin zuen Erromaren eragin gero eta handiagoak, oreka sistema hori pixkanapixkana bere hegemoniaz ordeztu baitzuen.

Bestalde, Alexandroren inperio zaharren ekialdea, Eufratesetik Indora, iraniar potentzia berriaren eskuetan erori zen, partiarren eskuetan alegia. Augustok Egiptoren anexioa egin zuenean, K.a. 30ean, desagertu zen Alexandroren konkistekin sorturiko azken erreinua, eta Erromak beretu zuen helenismoaren herentzia, Sortaldean partiar inperioaren kontra defenditu behar izan zuena.

 

Erreinu helenistikoak

Alexandro hil zenean, haren jeneralek, diadokoek, urteak eta urteak eman zituzten borroka gogorrean, inperioko lurrak beretu nahian, eta borroka haietatik erreinu sail bat sortu zen. Errege berriek dinastiak fundatu zituzten. Nagusiak hauek izan ziren: Antigonidak, Mazedonian; Seleukotarrak, pertsiar inperio zaharrean, Asia TxikitikIndoraino; Lagidak edo Ptolomeoak, Egipton, eta Atalidak, Pergamon, Asia Txikiko erdiko kostaldean. Erregeek, konkista eskubidez baitziren beren erreinuen jabe, aginpide erabatekoa zuten, jainkozkoa izateak are sendoagotzen zuena, eta horrek gurtza ofiziala ekarri zuen berekin.

Erregeen inguruan sortu ziren gorteak, erreinuko hiriburuen egoitza zirenak, monumentu bikainez edertu zituzten, eta, hala, kultura grekoaren gune garrantzitsuak bihurtu ziren. Baina gorte horietan, aldi berean, etengabeak ziren azpikeriak, erregearen begikoek edo ahaideek –emazteek batez ere–, eragin handia, eta, zenbaitetan, kezkagarria, izaten baitzuten erregearen beraren gainean.

Mediterraneoko ekialde osoan ekonomia eta kultura batasun bat sortu zen, askatasunez garatu ahal izan zena, eremu politikoa menderatzen zuten potentzien arteko orekari esker. Greko eta mazedoniarrak lur konkistatu berrietara joan izanak, hirien fundazioak, arrazen bateratzeak, mertzenarioek, salgaien zirkulazioak eta esklaboen etorrerak, horrek guztiak arraza eta zibilizazio homogeneo bat sorrarazi zuen, hizkuntza batua zuena, lekuan lekuko hizkuntza ordeztu zuen koiné grekoa.

 

Hiri helenistikoa

Alexandroren politikagintzari jarraituz, errege helenistikoek hiri ugariez hornitu zituzten beren estatuak. Era askotakoak ziren hiriak. Batzuk, hainbat arrazoirengatik, berritik egin ziren: ekonomia bultzatzeko, osagai grekoak erakartzeko, helenizazio politikagatik, defentsa edo administrazio interesengatik… Hala sortu ziren Alexandria Egipton, Antiokia, Laodizea eta Seleukeia Sirian, harresiez eta eraikin handiez horniturik, bertan hartzeko greko-mazedoniar, indigena libre eta esklaboez osaturiko hiritarren biztanleria. Benetako polis-ak ziren, baina hiriko gobernariak erregearen ordezkari baten agintea onartu behar izaten zuen. Beste batzuetan, lehendik eraikitako hiriak ziren, kolono grekoak jasotzen zituztenak, funtzionarioak edo soldaduak gehienetan, hiria babesteko eginkizuna zutenak.

Horixe da Pergamo, Tarso eta Sardesen kasua, zeinek, denborarekin, hiri grekoen itxura hartu zuten, polis-en ohiko erakundeekin.

Hiri helenistikoaren eredu argiena Alexandria da, Ptolomoeoen hiriburua, Mediterraneoko gune intelektual nagusia bihurtuko zena. Dinastiaren sortzaileak berak, Ptolomeo I.ak, fundatu zuen Museoa, irakaskuntza eta ikerketako erakunde ofiziala, Antzinateko antzeko guneen eredu izango zena. Zientzialariek nahiz artistek, erregearen babespean eta haren laguntza materialarekin, baldintza ezin hobeak zeuzkaten Museoan, bestelako kezkarik gabe beren eginkizun intelektualetan jarduteko.

Museoari loturik, baziren beste instalazio batzuk ere: behatoki astronomikoa,anatomiako institutua eta parke zoologiko bat, eta, nagusia, Liburutegi famatua, milioi erdi liburu pasa zeuzkana.

Lagidek bezala, beste erregeek ere heldu zioten, arrakasta gehiagoz edo gutxiagoz, prestijio kulturalean oinarritutako politika bati. Atalidek gune intelektual aski interesgarria bihurtu zuten Pergamo, beren hiriburua, jakintsu asko erakarri zituena. Kultura guneak ziren halaber Antiokia, Esmirna, Rodas, Koseko uhartea eta Atenas zaharra, orduan lehen bezala, jakintza filosofikoaren hiri nagusia.

 

Kultura helenistikoa

Kulturaren ikuspuntutik, zibilizazio grekoa Alexandroren inperioa osatzen zuten ekialdeko herrietara eramatea suposatu zuen helenismoak. Emigrazio oldeak erakarri zituzten Greziatik errege greko-mazedoniarrek; aldez aurretik zeudenen gainean, sortu zituzten erreinuak, eta, hala, Sortalde osora zabaldu ziren hizkuntza, bizimodu, politika eta erakunde grekoak.Hiriak, antzina izan zuen esanahi politikoa galdurik, kultura horren gertaleku izaten jarraitu zuen. Baina, hiritarren bizitza politikoan parte hartzea ezabaturik, monarkiaren antolamendu zorrotzaren baitan mendeko bihurtu zen gizabanakoa. Filosofia eskola berriak sortu ziren, estoizismoa eta epikureismoa adibidez, gizonaren patuari buruzko erantzunak eman beharrak bultzatuta.

Hiri handien eraikuntzarekin espazio urbanoaren neurriak aldatu ziren, eta zientziek, arteek eta letrek aurrera egin zuten, prestijiozko arrazoiengatik erregeek sustaturik.

Helenismoan, hirietako kultura zenez gero, indar handia izan zuen hirigintzak.

Hirien plangintza egiterakoan, marrazki hipodamikoa deritzana erabili zen, lauki zuzenez osatua, kaleek eremu oso antzekoak mugatzen zituztela. Auzuneak funtzionalak ziren, eta osagai monumentalak izaten zituzten apaingarri: sarrera ateak, agora, antzokia, gimnasioa, elizak, zutabediak eta atariak.

Arkitekturan, handikeria eta arrandia dira ezaugarri nagusiak, Alexandriako Itsasargian edo Rodasko Heliosen estatuan ikusten den bezala («Koloso» ospetsua). Arte apaingarriak, eskultura eta pintura, aldendu egin ziren klasikoen neurrizkotasunetik, eta soiltasunak forma barrokoei utzi zien lekua, beti ere efektu dramatiko bat eragin nahian, mugarik eta baretasunik gabe. Aipagarria da, bestalde, gizabanakoaren gorestea, erretratugintzan gauzatu zena. Eskulturagintzan, Rodas eta Pergamo izan ziren bi eskola aipagarrienak. Rodasek, Lisiporen eragina baztertu gabe, gizonezkoen eredu atletikoak eta oinazetuak sortu zituen, adibide baterako Laokoonte eta Farnesio zezenak.

Pergamoko antze aberatsak asko zor dio Eskopasi: Zeusen aldareko friso erraldoiadu obra nagusia, Berlinen dagoena gaur egun. Baina, dudarik gabe, Samotraziako Garaipena, mugimendu zoragarrikoa, helenismoaren obrarik adierazgarriena da.

 

Erlijio helenistikoa

Helenismoa erlijio kezka eta asalduren garaia izan zen. Grekoen eta ekialdekoen nahasketak, zeinek bere usadiozko erlijioa zuela, jainko grekoen eta indigenoen ezaugarrien nahasketa eragin zuen. Grekoen hiri erlijio usadiozkoak, beraz, gainditu egin zuen hirien gainbehera politikoa eta erregearen gurtzarekin aberastu zen, dinastiarekiko leialtasunaren adierazgarri moduan.

Alabaina, erlijio ofizialaren aurrez aurre, bazegoen norbanakoaren erlijioa ere, gizabanakoaren erlijio sentimendu baitaratu baten moduan, gurtza bakartian nahiz talde txikika, mundu honetako larritasun eta estuasunetatik libratzea bilatzen zuena, salbamen pertsonala helburu obsesiboa bihurturik.

Horrela loratu ziren misteriozko gurtzak, jainkoarekiko harreman zuzena bideratzen eta gizonaren erosketa agintzen zutenak, hala adibidez misterio zahar asko: Demeter Eleusisen, Kabiriarrak Samotrazian, eta batez ere Dionisorenak.

Bestalde, Sortaldeko lekuan lekuko jainko zaharrak, ezaugarri berriak hartuta, jainko unibertsal bihurtu ziren, salbamen eta misteriozko tasunez jantzirik. Era horretan, Zibeles Ama Handiaren eta haren lagun Atisen gurtzak sinestun asko beretu zituen, eta orobat Sabazio, Atargatis, Baal, Adonis eta Mitrarenak. Baina, dudarik gabe, Isis eta Serapis, Egiptotik zetozenak, ziren bi jainko nagusiak, eta horiek, bikote modura, Mediterraneo osora zabaldu zituzten beren gurtzari loturiko misterioak.