Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Alexandro Handia eta Sortaldearen konkista
K.a. 336. urtean igo zen Mazedoniako tronora Alexandro Handia. Hamabi urte eskasetan,
errege gazteak, bere konkistekin, Antzinateko inperio handienetako bat sortu zen,
Sortaldea eta Sartaldea bateratzen zituena, Danubiotik hasi eta Indoraino.
Hogei urte eskas zeuzkan Alexandrok, haren aita, Filipo, hil zutelarik, Mazedoniako
errege izendatu zutenean. Hiri grekoak menderatuta, eta erreinuaren iparraldeko mugak
baketuta, K.a. 334. urtean gerra panheleniko bat jarri zuen Alexandrok abian grekoen
aspaldiko arerioen kontra, hots, une hartan Dario III.a Kodomano ahula buruzagi
zuen pertsiar inperio erraldoiaren kontra.
Alexandrok, 30.000 gizoneko armada batekin, Helespontoko itsasartea gurutzatu
zuen. Graniko eta Issosko guduen ondoren, feniziar kostaldeko hiriez jabeturik, Egipton
sartu zen; han, Alexandria fundatu zuen, eta faraon eta jainkotzat ezagutu zuten.
Gaugamelasko guduak, Tigris ibaiaren ondoan, pertsiar inperioko hiriburuen ateak –Susa
eta Persepolis– zabaldu zizkion. Handik abiatuta, inperioko ekialdeneko probintzien
konkista hasi zuen Alexandrok –gaurko Uzbekistan eta Afganistan–, eta hiri asko fundatu
zituen. K.a. 327. urtean Indiaren konkista hasi zuen, eta Indo ibaiaren ertzeraino
heldu zen. Armadak behartu zuelarik, 7.000 kilometro egin ondoren lehertuta baitzeuden
soldaduak, eten egin behar izan zituen konkistak, eta Babiloniara itzuli zen. Inperio
berriaren hiriburutik, grekoak eta ekialdetarrak bateratuz antolatu zituen Alexandrok
lur konkistatuak, baina oso gazte hil zen (K.a 323), eta antolamendu hura behera
etorri zen. Hil zenean, erreinu desberdinetan zatikatu zuten inperioa Alexandroren jeneralek.
Horrela hasi zen helenismoaren aroa, kultura grekoa Mediterraneo ekialdera
zabaldu izana ezaugarri duena.III. mendean zehar, halako oreka bat
lortu zuten Mazedonia, Siria eta Egiptoko
hiru erreinu handiek, beste erakunde politikoei
gailendurik, eta horrek zibilizazio helenistikoaren
garapena erraztu zuen. Baina
hurrengo mendearen amaieran, oreka hori
hautsi egin zuen Erromaren eragin gero eta
handiagoak, oreka sistema hori pixkanapixkana
bere hegemoniaz ordeztu baitzuen.
Bestalde, Alexandroren inperio zaharren
ekialdea, Eufratesetik Indora, iraniar potentzia
berriaren eskuetan erori zen, partiarren
eskuetan alegia. Augustok Egiptoren
anexioa egin zuenean, K.a. 30ean, desagertu
zen Alexandroren konkistekin sorturiko
azken erreinua, eta Erromak beretu zuen
helenismoaren herentzia, Sortaldean partiar
inperioaren kontra defenditu behar izan
zuena.
Erreinu helenistikoak
Alexandro hil zenean, haren jeneralek,
diadokoek, urteak eta urteak eman zituzten
borroka gogorrean, inperioko lurrak beretu
nahian, eta borroka haietatik erreinu sail
bat sortu zen. Errege berriek dinastiak fundatu
zituzten. Nagusiak hauek izan ziren:
Antigonidak, Mazedonian; Seleukotarrak,
pertsiar inperio zaharrean, Asia TxikitikIndoraino; Lagidak edo Ptolomeoak, Egipton,
eta Atalidak, Pergamon, Asia Txikiko
erdiko kostaldean. Erregeek, konkista eskubidez
baitziren beren erreinuen jabe, aginpide
erabatekoa zuten, jainkozkoa izateak
are sendoagotzen zuena, eta horrek gurtza
ofiziala ekarri zuen berekin.
Erregeen inguruan sortu ziren gorteak,
erreinuko hiriburuen egoitza zirenak, monumentu
bikainez edertu zituzten, eta, hala,
kultura grekoaren gune garrantzitsuak bihurtu
ziren. Baina gorte horietan, aldi berean,
etengabeak ziren azpikeriak, erregearen
begikoek edo ahaideek –emazteek batez
ere–, eragin handia, eta, zenbaitetan,
kezkagarria, izaten baitzuten erregearen
beraren gainean.
Mediterraneoko ekialde osoan ekonomia
eta kultura batasun bat sortu zen, askatasunez
garatu ahal izan zena, eremu politikoa
menderatzen zuten potentzien arteko
orekari esker. Greko eta mazedoniarrak lur
konkistatu berrietara joan izanak, hirien fundazioak,
arrazen bateratzeak, mertzenarioek,
salgaien zirkulazioak eta esklaboen etorrerak,
horrek guztiak arraza eta zibilizazio
homogeneo bat sorrarazi zuen, hizkuntza
batua zuena, lekuan lekuko hizkuntza ordeztu
zuen koiné grekoa.
Hiri helenistikoa
Alexandroren politikagintzari jarraituz,
errege helenistikoek hiri ugariez hornitu
zituzten beren estatuak. Era askotakoak ziren
hiriak. Batzuk, hainbat arrazoirengatik,
berritik egin ziren: ekonomia bultzatzeko,
osagai grekoak erakartzeko, helenizazio
politikagatik, defentsa edo administrazio
interesengatik… Hala sortu ziren Alexandria
Egipton, Antiokia, Laodizea eta Seleukeia
Sirian, harresiez eta eraikin handiez
horniturik, bertan hartzeko greko-mazedoniar,
indigena libre eta esklaboez osaturiko
hiritarren biztanleria. Benetako polis-ak ziren,
baina hiriko gobernariak erregearen
ordezkari baten agintea onartu behar izaten
zuen. Beste batzuetan, lehendik eraikitako
hiriak ziren, kolono grekoak jasotzen
zituztenak, funtzionarioak edo soldaduak
gehienetan, hiria babesteko eginkizuna zutenak.
Horixe da Pergamo, Tarso eta Sardesen
kasua, zeinek, denborarekin, hiri grekoen
itxura hartu zuten, polis-en ohiko
erakundeekin.
Hiri helenistikoaren eredu argiena
Alexandria da, Ptolomoeoen hiriburua, Mediterraneoko
gune intelektual nagusia bihurtuko
zena. Dinastiaren sortzaileak berak,
Ptolomeo I.ak, fundatu zuen Museoa,
irakaskuntza eta ikerketako erakunde ofiziala,
Antzinateko antzeko guneen eredu
izango zena. Zientzialariek nahiz artistek,
erregearen babespean eta haren laguntza
materialarekin, baldintza ezin hobeak
zeuzkaten Museoan, bestelako kezkarik
gabe beren eginkizun intelektualetan jarduteko.
Museoari loturik, baziren beste instalazio
batzuk ere: behatoki astronomikoa,anatomiako institutua eta parke zoologiko
bat, eta, nagusia, Liburutegi famatua, milioi
erdi liburu pasa zeuzkana.
Lagidek bezala, beste erregeek ere heldu
zioten, arrakasta gehiagoz edo gutxiagoz,
prestijio kulturalean oinarritutako politika
bati. Atalidek gune intelektual aski interesgarria
bihurtu zuten Pergamo, beren hiriburua,
jakintsu asko erakarri zituena. Kultura
guneak ziren halaber Antiokia, Esmirna,
Rodas, Koseko uhartea eta Atenas zaharra,
orduan lehen bezala, jakintza filosofikoaren
hiri nagusia.
Kultura helenistikoa
Kulturaren ikuspuntutik, zibilizazio grekoa
Alexandroren inperioa osatzen zuten
ekialdeko herrietara eramatea suposatu zuen
helenismoak. Emigrazio oldeak erakarri zituzten
Greziatik errege greko-mazedoniarrek;
aldez aurretik zeudenen gainean, sortu
zituzten erreinuak, eta, hala, Sortalde
osora zabaldu ziren hizkuntza, bizimodu,
politika eta erakunde grekoak.Hiriak, antzina izan zuen esanahi politikoa
galdurik, kultura horren gertaleku izaten
jarraitu zuen. Baina, hiritarren bizitza
politikoan parte hartzea ezabaturik, monarkiaren
antolamendu zorrotzaren baitan mendeko
bihurtu zen gizabanakoa. Filosofia
eskola berriak sortu ziren, estoizismoa eta
epikureismoa adibidez, gizonaren patuari
buruzko erantzunak eman beharrak bultzatuta.
Hiri handien eraikuntzarekin espazio
urbanoaren neurriak aldatu ziren, eta zientziek,
arteek eta letrek aurrera egin zuten,
prestijiozko arrazoiengatik erregeek sustaturik.
Helenismoan, hirietako kultura zenez
gero, indar handia izan zuen hirigintzak.
Hirien plangintza egiterakoan, marrazki hipodamikoa
deritzana erabili zen, lauki zuzenez
osatua, kaleek eremu oso antzekoak
mugatzen zituztela. Auzuneak funtzionalak
ziren, eta osagai monumentalak izaten zituzten
apaingarri: sarrera ateak, agora, antzokia,
gimnasioa, elizak, zutabediak eta atariak.
Arkitekturan, handikeria eta arrandia
dira ezaugarri nagusiak, Alexandriako
Itsasargian edo Rodasko Heliosen estatuan
ikusten den bezala («Koloso» ospetsua). Arte
apaingarriak, eskultura eta pintura, aldendu
egin ziren klasikoen neurrizkotasunetik,
eta soiltasunak forma barrokoei utzi zien
lekua, beti ere efektu dramatiko bat eragin
nahian, mugarik eta baretasunik gabe. Aipagarria
da, bestalde, gizabanakoaren gorestea,
erretratugintzan gauzatu zena. Eskulturagintzan,
Rodas eta Pergamo izan ziren
bi eskola aipagarrienak. Rodasek, Lisiporen
eragina baztertu gabe, gizonezkoen eredu
atletikoak eta oinazetuak sortu zituen, adibide
baterako Laokoonte eta Farnesio zezenak.
Pergamoko antze aberatsak asko zor
dio Eskopasi: Zeusen aldareko friso erraldoiadu obra nagusia, Berlinen dagoena gaur
egun. Baina, dudarik gabe, Samotraziako
Garaipena, mugimendu zoragarrikoa, helenismoaren
obrarik adierazgarriena da.
Erlijio helenistikoa
Helenismoa erlijio kezka eta asalduren
garaia izan zen. Grekoen eta ekialdekoen
nahasketak, zeinek bere usadiozko erlijioa
zuela, jainko grekoen eta indigenoen ezaugarrien
nahasketa eragin zuen. Grekoen hiri
erlijio usadiozkoak, beraz, gainditu egin
zuen hirien gainbehera politikoa eta erregearen
gurtzarekin aberastu zen, dinastiarekiko
leialtasunaren adierazgarri moduan.
Alabaina, erlijio ofizialaren aurrez aurre,
bazegoen norbanakoaren erlijioa ere, gizabanakoaren
erlijio sentimendu baitaratu
baten moduan, gurtza bakartian nahiz talde
txikika, mundu honetako larritasun eta
estuasunetatik libratzea bilatzen zuena, salbamen
pertsonala helburu obsesiboa bihurturik.
Horrela loratu ziren misteriozko gurtzak,
jainkoarekiko harreman zuzena bideratzen
eta gizonaren erosketa agintzen zutenak,
hala adibidez misterio zahar asko:
Demeter Eleusisen, Kabiriarrak Samotrazian,
eta batez ere Dionisorenak.
Bestalde, Sortaldeko lekuan lekuko
jainko zaharrak, ezaugarri berriak hartuta,
jainko unibertsal bihurtu ziren, salbamen eta
misteriozko tasunez jantzirik. Era horretan,
Zibeles Ama Handiaren eta haren lagun Atisen
gurtzak sinestun asko beretu zituen, eta
orobat Sabazio, Atargatis, Baal, Adonis eta
Mitrarenak. Baina, dudarik gabe, Isis eta Serapis,
Egiptotik zetozenak, ziren bi jainko
nagusiak, eta horiek, bikote modura, Mediterraneo
osora zabaldu zituzten beren gurtzari
loturiko misterioak.