Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Historiaurreko arte higikorra

Elur oreinak hezur xafla batean grabatuak, Goi Madalen aldia, 12000 b.p.<br><br>

Arte higikorra, haitzuloetako artearekin batera, historiaurreko adierazpen eta komunikazio bidea da. Arte higikortzat hartzen da euskarri inorganikoetan eta organikoetan egiten diren grafien multzoa; euskarri horiek erraz eraman daitezke alde batetik bestera, horretarako tamaina eta pisu egokia baitute. Beraz, arte adierazpen horiek, behin baino gehiagotan, gizataldeekin batera mugitzen ziren. Artelanetarako erabiltzen ziren euskarriek, helburu artistikoaz gainera, batzuetan, izaten zituzten beste helburu batzuk ere.

Europan Kantauri itsasoaren inguruan eta Frantzian daude arte mota honetako gune nagusiak, eta Goi Paleolitos arokoak dira gehienak. Hala eta guztiz ere, Europa erdialdean eta ekialdean ere badira era horretako objektuak. Haitzuloetako artean bezalaxe, arte higikorrean ere badute zerikusirik eskualde bakoitzeko gizataldeen nortasunak, bizilekuak eta gizarte-ekonomia harremanek, eta horregatik, zenbait egilek gizarte taldeak bereiztea proposatzen dute.

Kronologiaren arabera, garrantzizko hiru aldi bereiz daitezke: Goi Paleolitos aroko gizarte ehiztari-biltzaileak, Mesolitos arokoak, eta nekazari eta abeltzain gizarte taldeak.

 

Gizarte ehiztaribiltzaileen artegintza

Arte higikorraren lehenengo adierazpenak Goi Paleolitos aldiaren hasierakoak dira, La Gravette (orain dela 29.000 urte), eta Madalen aldiaren bukaerakoak berriz azkenak (orain dela 10.500 urte). Arte mota horren aitzindari dira: Berekhat Ram-eko aztarnategian aurkituriko “venus” gisa interpretatu den irudi txiki bat (Israel; 200.000 urte), eta Muster aldiko hainbat irudi lineal.

Artelanak hainbat eratako gainaldetan egiten zituen gizakiak: gainalde inorganikoetan (kararria, hematitea, hareharria) eta organikoetan (hezurrak eta makilak). Gauzaki batzuek, helburu artistikoak izateaz gainera, funtzio ekonomikoak ere izaten zituzten, hala nola ziri, azagaia, arpoi eta espatulek, eguneroko lanetarako erabiltzen baitzituzten; beste batzuetan, tresnak ez ziren eguneroko lanetarako erabiltzen (bastoi zulatuak, adibidez); azkenik, beste sail batean sailkatu dira erabilera artistikoa besterik ez duten tresnak (zintzilikarioak, xaflak).

Animalia irudiak, gizaki irudiak eta ikurrak ikonoen sailekoak dira. Gehien marraztendiren animalia irudiak, berriz, hauek dira: oreinak, arrainak, bisonteak, uroak, basahuntzak edo sarrioak, hartzak, azeriak eta hegaztiak. Nahiz eta, funtsean, haitzuloetako artean ikusten diren ikur berak izan, irudi mota guztiak ez dira maiztasun berarekin agertzen mota bateko artean eta bestean.

Giza irudia, esaterako, gutxitan azaltzen da arte higikorrean; eta azaltzen denean, gainera, oso eskematikoa izaten da.

Ikurrak egunero erabiltzen diren tresnetan ikus daitezke gehienbat. Forma askotakoak izaten dira ikur horiek, lerro soiletik hasi eta irudi konplexuetaraino; lerroak errenkadan edo angeluak osatzen dituztela (geziak, obaloak, erronboak, etab.) marrazten dira.

Teknikak ere era askotakoak erabiltzen zituzten: grabatua askotan erabiltzen zuten, gutxiagotan irudi biribildu askeak, eta pintura, noizean behin. Zenbaitetan, lana egin aurretik, lanaren euskarria prestatzen zuten gainaldeak leunduz; prestaketa lan hori, batez ere, zerbidoen adarrak apaintzen zituztenean egiten zuten.

Grabatuak egiteko hozka bat edo gehiago egiten zuten gainalde berean, eta horretarako harrizko tresnak erabiltzen zituzten.

Irudien inguruan egiten zituzten koska kopuruaren arabera, grabatua soila edo askotarikoa izan daiteke. Bigarren motako grabatuen artean aipatzekoa da grabatu ildoduna, irudien barrualdea marrazteko eta irudiari forma emateko erabilia. Teknika horren adibide argiak dira Altamirako eta Castilloko Madalen behealdiko oreinen omoplatoak, grabatuekin apainduak.Irudi aske edo erliebearen helburua hiru dimentsioko irudia osatzea da, oinarrian.

Horretarako, leuntze eta marruskatze teknikak, eta grabatu sakona eta zizelatzea landu zituzten. Era horretako irudien artean aipatzekoak dira Paleolitos aroko “venus”ak, gorputz atal batzuk oso nabarmenduak dituzten emakume irudiak. Aipagarriak dira Willendorfeko aztarnategian aurkitutako venusak. Bestalde, kontuan hartzekoak dira Alemaniako Goi Paleolitos aroko animalia irudiak.

Arte higikorrean gutxi dira pintura lanak.

Dena dela, zenbait ikerlariren arabera, pintura askotan erabili zen, baina oso erraz galtzen baita, ez dute gaur arte iraun.

Haitzuloetako artean bezala, irudion formak eta estiloak asko aldatzen dira garai batetik bestera. Dena dela, lan mugikorrak eta haitzuloetakoak aztertzeko kontuan hartzen diren ezaugarri kulturalak ez dira berdinak, eta horregatik errazagoa da jakitea arte higikorreko lan bat zein garaitakoa den.

Hasierakoak, Aurignac eta La Gravette estilokoak, dira “venus paleolitikoak”; horien ondoan grabatuta dauden animaliak zurrunak, estatikoak, eta proportziorik gabeak dira. Hurrengo aldian, Solutré aldian eta Madalen aldiaren hasieran, eredu naturaletara hurbiltzen saiatu ziren: mugimendua adierazteko asmoz, soin adarrak makurtuta irudikatzen zituzten; grabatu ildodunen bidez adierazten zuten bolumena; azkenik, xehetasun asko jartzen zizkieten irudiei; esate baterako, ileak marrazten zizkieten sabelaldean. Madalen aldiko azken garaietan errealismoa gehiegizkoa ere bada, irudiak xehetasunez josita baitaude. Dena dela, joera “barroko” horren azken aldian era eskematikoan marraztu ziren irudiak.

 

Mesolitos aroko gizarteen artegintza

Nahiz eta, neurri handi batean behintzat, aurreko aldietako joeren jarraipena den Mesolitos aroko artea, kopuruari dagokionez nolabaiteko atzerapena izan zen garai honetan, irudietan batez ere. Frantzian bereziki, gutxixeago Iberiako Penintsulan, osagai geometrikoak nagusi diren lanak aurkitu dira, eta irudiak askoz eskasagoak dira.

Irudi geometrikoak puntu eta lerroetara soiltzen dira; puntuak eta lerroak euskarriak inguratzeko erabiltzen dira. Euskarri erabilienak harriak ziren; hezurrik ez zen ia erabiltzen.

Horrez gainera, grabatua baino gehiago pintura lantzen zen, eta koloreetan nagusia gorria (burdin oxidoa) zen; noiz edo noiz beltza (manganeso oxidoa) ere ikus daiteke.

 

Gizarte ekoizleen artegintza

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bidez, gizakiak ekoizpenean oinarritutako ekonomiara egokitu zirenean, goitik behera aldatu zen gizataldeen adierazpen mundua ere.

Gizakiek egiteko berri bat zuten izadian: ingurua beren onurarako erabili. Inguruarekiko zuten “ahalmen” berri horrez jabetu zirenean, “sinboloen iraultza” gertatu zen.

Sedentarizazio prozesuak batetik, eta, bestetik, gizartearen egitura gero eta konplexuagoek, adierazpen moduak ere arras aldatzea ekarri zuten ondorioz.

Neolitos aroko sinbolismoa ez da bakarrik lan grafikoetan ikusten, baita hileta ohituretan ere; azken horiek, poliki-poliki, sistematizatu egin ziren.

Neolitosaren lehen zantzuak Ekialde Hurbilekoak direnez gero, hantxe aurkitu dira arte adierazpen berriak. Çatal Hüyük bizigunean, (Turkia), VI. milaldian, zenbait eraikin freskoen bidez apaindu zituzten: ehiza eszenak edo dantzak dira, sumendiak eztandan, edo saiak hilen gainean hegan. Garai horretan bertan, zeramika oso aurreratua zuten Mesopotamiako kulturek, eta pintura bidez apaintzen zituzten zeramikazko ontziak: gai geometrikoak dira oro har, eredu zurrun baten arabera eginak, eta animalia (oreinak, basahuntzak, itsas hegaztiak), eta giza irudi eskematikoak. Irudi horiek mugimendua adierazten dutela azaltzen dira (Hassunako kultura, esate baterako, Iraken). Lokatzezko eta harrizko hainbat iruditan ikus daiteke ama jainkosaren gurtza: Ain Munhata, Tepa Sorab (elkarrekin giltzatzen diren zatiez osatutako irud bitxi bat aurkitu da bertan) eta Çatal Hüyük-en, besteak bese. Gizonezkoen irudiak emakumezkoenak baino beranduagokoak direla dirudi, eta gizonezko irudi horien ikonografiak, Tell Sawwan-en adibidez, sumertarren formak iragartzen ditu.

Europan ere zeramika izan zen adierazpen artistikoaren bide nagusia; hala ere, hainbat kultura eremu bereizten dira. Egeo itsasoaren inguruan, luxuzko ontziak apaintzeko pintura erabili zen: begiak eta “garrak” Sesklon; irudi konplexuak “Dimini estiloan” (dameroak, ertza hautsiak). Danubioren arroan “banden zeramika” izan zen nagusia: espiralak, girlandak, etab. ziriekin edo orraziekin egindako zuloez apainduak.

Bestalde, Mediterraneo itsasoaren inguruan maskorrak (cardium) erabiltzen ziren ontziak apaintzeko: lerro horizontalak edo bertikalak, girlandak eta gurutzeak.

Europan ere izan zen Ama jainkosaren gurtzarik: lehenengo agirietako bat Seskloko antzinako neolitikoan aurkitu zen. Aztarnategi horretan aurkitutako irudien bidez,ikonografia honek izan zuen bilakaera ikus daiteke; hala adibidez, Neolitos aroaren amaierako irudi eder bat aurkitu da, buztinezkoa: ezaugarri aski naturalistekin, emakume bat irudikatzen da, jantzia, tronu batean eseria eta besoetan ume bat duela.

Neolitos eta Kalkolitos aroetako formek indar hartu zutenean, kulturak ugaritu egin ziren, eta baita haien sinboloak ere. Hortaz, zaila da Europako artearen ikuspegi orokorra ematea. Iberiako Penintsulan, adibidez, hainbat idoloren eskulturak aurkitu dira, penintsula horretatik kanpora baliokiderik ez dutenak. Hauek ziren euskarriak eta adierazpen kodeak: palota formako idoloak ardi-ahuntzen tibietan eginak, emakume irudi estilizatuekin; begi formako idoloak, morfologia zilindrikoko harrian edo hezurretan eginak; xafla itxurako idoloak, arbelean eginak, grabatuez eta gai geometrikoezapainduak; dameroak; idolo antropomorfoak, aurpegiko ezaugarriak eta ezaugarri sexualak dituztenak (bularrak); idolo falikoak, kono edo kono irauli baten formako iruditxoak, gizontasuna adierazten dutenak; gurutze formako irudiak, etab.

Estatua horiek, oro har, hilarrien barruan aurkitu dira. Hilarri horietan ikusgarrienak Neolitos aroaren bukaerako eraikin megalitikoak dira. Izan ere, megalitoak dira garai horretako adierazpen sinboliko nagusiak, ez bakarrik berez duten balioagatik, baizik eta hilarria osatzen duten harlosak irudi antropomorfoekin, animalien edo esan nahi konplexuagoko irudiekin apaintzen zirelako –pintatuta eta grabatuta–, eta, horrez gainera, hildakoaren gauzen artean apaingarriak ere gordetzen zirelako; apaingarri horiek ere gizartearen adierazpen eta komunikazio munduaren barruan sartzen dira, oro har.