Historia Unibertsala»Historiaurrea
Historiaurreko arte higikorra
Arte higikorra, haitzuloetako artearekin batera, historiaurreko adierazpen eta komunikazio
bidea da. Arte higikortzat hartzen da euskarri inorganikoetan eta organikoetan egiten
diren grafien multzoa; euskarri horiek erraz eraman daitezke alde batetik bestera,
horretarako tamaina eta pisu egokia baitute. Beraz, arte adierazpen horiek, behin baino
gehiagotan, gizataldeekin batera mugitzen ziren. Artelanetarako erabiltzen ziren euskarriek,
helburu artistikoaz gainera, batzuetan, izaten zituzten beste helburu batzuk ere.
Europan Kantauri itsasoaren inguruan eta Frantzian daude arte mota honetako gune
nagusiak, eta Goi Paleolitos arokoak dira gehienak. Hala eta guztiz ere, Europa erdialdean
eta ekialdean ere badira era horretako objektuak. Haitzuloetako artean bezalaxe,
arte higikorrean ere badute zerikusirik eskualde bakoitzeko gizataldeen nortasunak,
bizilekuak eta gizarte-ekonomia harremanek, eta horregatik, zenbait egilek gizarte taldeak
bereiztea proposatzen dute.
Kronologiaren arabera, garrantzizko hiru aldi bereiz daitezke: Goi Paleolitos aroko
gizarte ehiztari-biltzaileak, Mesolitos arokoak, eta nekazari eta abeltzain gizarte taldeak.
Gizarte ehiztaribiltzaileen artegintza
Arte higikorraren lehenengo adierazpenak
Goi Paleolitos aldiaren hasierakoak dira,
La Gravette (orain dela 29.000 urte), eta Madalen
aldiaren bukaerakoak berriz azkenak
(orain dela 10.500 urte). Arte mota horren
aitzindari dira: Berekhat Ram-eko aztarnategian
aurkituriko “venus” gisa interpretatu
den irudi txiki bat (Israel; 200.000 urte), eta
Muster aldiko hainbat irudi lineal.
Artelanak hainbat eratako gainaldetan
egiten zituen gizakiak: gainalde inorganikoetan
(kararria, hematitea, hareharria) eta organikoetan
(hezurrak eta makilak). Gauzaki
batzuek, helburu artistikoak izateaz gainera,
funtzio ekonomikoak ere izaten zituzten,
hala nola ziri, azagaia, arpoi eta espatulek,
eguneroko lanetarako erabiltzen baitzituzten;
beste batzuetan, tresnak ez ziren
eguneroko lanetarako erabiltzen (bastoi
zulatuak, adibidez); azkenik, beste sail batean
sailkatu dira erabilera artistikoa besterik
ez duten tresnak (zintzilikarioak, xaflak).
Animalia irudiak, gizaki irudiak eta ikurrak
ikonoen sailekoak dira. Gehien marraztendiren animalia irudiak, berriz, hauek dira:
oreinak, arrainak, bisonteak, uroak, basahuntzak
edo sarrioak, hartzak, azeriak eta
hegaztiak. Nahiz eta, funtsean, haitzuloetako
artean ikusten diren ikur berak izan, irudi
mota guztiak ez dira maiztasun berarekin
agertzen mota bateko artean eta bestean.
Giza irudia, esaterako, gutxitan azaltzen da
arte higikorrean; eta azaltzen denean, gainera,
oso eskematikoa izaten da.
Ikurrak egunero erabiltzen diren tresnetan
ikus daitezke gehienbat. Forma askotakoak
izaten dira ikur horiek, lerro soiletik
hasi eta irudi konplexuetaraino; lerroak
errenkadan edo angeluak osatzen dituztela
(geziak, obaloak, erronboak, etab.) marrazten
dira.
Teknikak ere era askotakoak erabiltzen
zituzten: grabatua askotan erabiltzen zuten,
gutxiagotan irudi biribildu askeak, eta pintura,
noizean behin. Zenbaitetan, lana egin
aurretik, lanaren euskarria prestatzen zuten
gainaldeak leunduz; prestaketa lan hori,
batez ere, zerbidoen adarrak apaintzen zituztenean
egiten zuten.
Grabatuak egiteko hozka bat edo gehiago
egiten zuten gainalde berean, eta horretarako
harrizko tresnak erabiltzen zituzten.
Irudien inguruan egiten zituzten koska
kopuruaren arabera, grabatua soila edo askotarikoa
izan daiteke. Bigarren motako grabatuen
artean aipatzekoa da grabatu ildoduna,
irudien barrualdea marrazteko eta irudiari
forma emateko erabilia. Teknika horren
adibide argiak dira Altamirako eta Castilloko
Madalen behealdiko oreinen omoplatoak,
grabatuekin apainduak.Irudi aske edo erliebearen helburua hiru
dimentsioko irudia osatzea da, oinarrian.
Horretarako, leuntze eta marruskatze teknikak,
eta grabatu sakona eta zizelatzea landu
zituzten. Era horretako irudien artean
aipatzekoak dira Paleolitos aroko “venus”ak,
gorputz atal batzuk oso nabarmenduak
dituzten emakume irudiak. Aipagarriak dira
Willendorfeko aztarnategian aurkitutako
venusak. Bestalde, kontuan hartzekoak dira
Alemaniako Goi Paleolitos aroko animalia
irudiak.
Arte higikorrean gutxi dira pintura lanak.
Dena dela, zenbait ikerlariren arabera,
pintura askotan erabili zen, baina oso erraz
galtzen baita, ez dute gaur arte iraun.
Haitzuloetako artean bezala, irudion formak
eta estiloak asko aldatzen dira garai
batetik bestera. Dena dela, lan mugikorrak
eta haitzuloetakoak aztertzeko kontuan hartzen
diren ezaugarri kulturalak ez dira berdinak,
eta horregatik errazagoa da jakitea
arte higikorreko lan bat zein garaitakoa den.
Hasierakoak, Aurignac eta La Gravette estilokoak,
dira “venus paleolitikoak”; horien
ondoan grabatuta dauden animaliak zurrunak,
estatikoak, eta proportziorik gabeak
dira. Hurrengo aldian, Solutré aldian eta
Madalen aldiaren hasieran, eredu naturaletara
hurbiltzen saiatu ziren: mugimendua
adierazteko asmoz, soin adarrak makurtuta
irudikatzen zituzten; grabatu ildodunen bidez
adierazten zuten bolumena; azkenik,
xehetasun asko jartzen zizkieten irudiei;
esate baterako, ileak marrazten zizkieten
sabelaldean. Madalen aldiko azken garaietan
errealismoa gehiegizkoa ere bada, irudiak
xehetasunez josita baitaude. Dena dela,
joera “barroko” horren azken aldian era eskematikoan
marraztu ziren irudiak.
Mesolitos aroko gizarteen artegintza
Nahiz eta, neurri handi batean behintzat,
aurreko aldietako joeren jarraipena den
Mesolitos aroko artea, kopuruari dagokionez
nolabaiteko atzerapena izan zen garai
honetan, irudietan batez ere. Frantzian bereziki,
gutxixeago Iberiako Penintsulan,
osagai geometrikoak nagusi diren lanak
aurkitu dira, eta irudiak askoz eskasagoak
dira.
Irudi geometrikoak puntu eta lerroetara
soiltzen dira; puntuak eta lerroak euskarriak
inguratzeko erabiltzen dira. Euskarri erabilienak
harriak ziren; hezurrik ez zen ia erabiltzen.
Horrez gainera, grabatua baino gehiago
pintura lantzen zen, eta koloreetan
nagusia gorria (burdin oxidoa) zen; noiz edo
noiz beltza (manganeso oxidoa) ere ikus
daiteke.
Gizarte ekoizleen artegintza
Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bidez,
gizakiak ekoizpenean oinarritutako ekonomiara
egokitu zirenean, goitik behera aldatu
zen gizataldeen adierazpen mundua ere.
Gizakiek egiteko berri bat zuten izadian:
ingurua beren onurarako erabili. Inguruarekiko
zuten “ahalmen” berri horrez jabetu
zirenean, “sinboloen iraultza” gertatu zen.
Sedentarizazio prozesuak batetik, eta, bestetik,
gizartearen egitura gero eta konplexuagoek,
adierazpen moduak ere arras aldatzea
ekarri zuten ondorioz.
Neolitos aroko sinbolismoa ez da bakarrik
lan grafikoetan ikusten, baita hileta ohituretan
ere; azken horiek, poliki-poliki, sistematizatu
egin ziren.
Neolitosaren lehen zantzuak Ekialde Hurbilekoak
direnez gero, hantxe aurkitu dira
arte adierazpen berriak. Çatal Hüyük bizigunean,
(Turkia), VI. milaldian, zenbait eraikin
freskoen bidez apaindu zituzten: ehiza eszenak
edo dantzak dira, sumendiak eztandan,
edo saiak hilen gainean hegan. Garai horretan
bertan, zeramika oso aurreratua zuten
Mesopotamiako kulturek, eta pintura bidez
apaintzen zituzten zeramikazko ontziak: gai
geometrikoak dira oro har, eredu zurrun
baten arabera eginak, eta animalia (oreinak,
basahuntzak, itsas hegaztiak), eta giza irudi
eskematikoak. Irudi horiek mugimendua
adierazten dutela azaltzen dira (Hassunako
kultura, esate baterako, Iraken). Lokatzezko
eta harrizko hainbat iruditan ikus daiteke ama
jainkosaren gurtza: Ain Munhata, Tepa Sorab
(elkarrekin giltzatzen diren zatiez osatutako
irud bitxi bat aurkitu da bertan) eta Çatal
Hüyük-en, besteak bese. Gizonezkoen irudiak
emakumezkoenak baino beranduagokoak
direla dirudi, eta gizonezko irudi
horien ikonografiak, Tell Sawwan-en adibidez,
sumertarren formak iragartzen ditu.
Europan ere zeramika izan zen adierazpen
artistikoaren bide nagusia; hala ere,
hainbat kultura eremu bereizten dira. Egeo
itsasoaren inguruan, luxuzko ontziak apaintzeko
pintura erabili zen: begiak eta “garrak”
Sesklon; irudi konplexuak “Dimini
estiloan” (dameroak, ertza hautsiak). Danubioren
arroan “banden zeramika” izan zen
nagusia: espiralak, girlandak, etab. ziriekin
edo orraziekin egindako zuloez apainduak.
Bestalde, Mediterraneo itsasoaren inguruan
maskorrak (cardium) erabiltzen ziren ontziak
apaintzeko: lerro horizontalak edo
bertikalak, girlandak eta gurutzeak.
Europan ere izan zen Ama jainkosaren
gurtzarik: lehenengo agirietako bat Seskloko
antzinako neolitikoan aurkitu zen. Aztarnategi
horretan aurkitutako irudien bidez,ikonografia honek izan zuen bilakaera ikus
daiteke; hala adibidez, Neolitos aroaren
amaierako irudi eder bat aurkitu da, buztinezkoa:
ezaugarri aski naturalistekin,
emakume bat irudikatzen da, jantzia, tronu
batean eseria eta besoetan ume bat duela.
Neolitos eta Kalkolitos aroetako formek
indar hartu zutenean, kulturak ugaritu egin
ziren, eta baita haien sinboloak ere. Hortaz,
zaila da Europako artearen ikuspegi
orokorra ematea. Iberiako Penintsulan,
adibidez, hainbat idoloren eskulturak aurkitu
dira, penintsula horretatik kanpora baliokiderik
ez dutenak. Hauek ziren euskarriak
eta adierazpen kodeak: palota formako
idoloak ardi-ahuntzen tibietan eginak,
emakume irudi estilizatuekin; begi formako
idoloak, morfologia zilindrikoko harrian edo
hezurretan eginak; xafla itxurako idoloak,
arbelean eginak, grabatuez eta gai geometrikoezapainduak; dameroak; idolo antropomorfoak,
aurpegiko ezaugarriak eta ezaugarri
sexualak dituztenak (bularrak); idolo
falikoak, kono edo kono irauli baten formako
iruditxoak, gizontasuna adierazten
dutenak; gurutze formako irudiak, etab.
Estatua horiek, oro har, hilarrien barruan
aurkitu dira. Hilarri horietan ikusgarrienak
Neolitos aroaren bukaerako eraikin megalitikoak
dira. Izan ere, megalitoak dira garai
horretako adierazpen sinboliko nagusiak, ez
bakarrik berez duten balioagatik, baizik eta
hilarria osatzen duten harlosak irudi antropomorfoekin,
animalien edo esan nahi
konplexuagoko irudiekin apaintzen zirelako
–pintatuta eta grabatuta–, eta, horrez gainera,
hildakoaren gauzen artean apaingarriak
ere gordetzen zirelako; apaingarri horiek ere
gizartearen adierazpen eta komunikazio
munduaren barruan sartzen dira, oro har.