Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Historiaurrea

Lehenengo gizaki harrapariak

Aurpegibiko lanabesa, bihotz itxurakoa, Behe Paleolitos arokoa.<br><br>

 

Behe Paleolitos aroa

Gizakiaren aztarna fisikoak –oinatzak eta giza hezurrak– aurkitzen joan ahala, gizaki horiek egindako lanen aztarnak ere aurkitu dira. Nola hasierako lan haiek oso sofistikazio gutxikoak ziren, lehen arazoa izan ohi da ea gizakiak nahita eraldatutako elementuak ote diren ala ez. Hala, tresna horienbenetakotasuna egiaztatzeko mekanismoa, inguruan giza aztarna fisikoak aurkitzea izaten da. Bi faktore horien konbinazioak, Afrika ekialde eta hegoaldera mugatzen ditu Homo habilis delakoaren aztarnategiak, eskualde horietan agiertu baitira, batik bat, gizaki horren hezurrak. Era berean erabakitzen da lehen tresna haien kronologia ere.

Segur aski bi milioi urtetik gorako antzinatasunadute Etiopiako aztarnategi zaharrenetakoek (Hadar: 2,6 milioi urte; Omo: 2,3 milioi urte) eta 1,8tik 1,5 milioi urte bitartekoa Tanzaniako Olduvai eta Etiopiako Melka Kunturen aurkitutakoek.

Gizakiaren lehen tresna haiek harrizkoak ziren: harri kozkor bat beste batez jo eta aho moduko bat ateratzen zioten. Alabaina, tresnatzat hartu badira ez da izan tresna gisa erabili zituztelako –animalia mota batek baino gehiagok erabiltzen ditu gauzakiak tresnatzat–, baizik eta zeregin jakin baterako eraldatu zituztelako. Ehundaka mila urteko bilakaera behar izan zen Behe Paleolitoseko ezaugarria den lehen tresna garrantzitsua asmatutzat emateko: alde bikoa. Harrizko tresnak dira, oso material eta forma desberdinetakoak izan daitezke, eta bi aldetatik landuak egotea da beren ezaugarri nagusia. Alde bikoak dira, hain zuzen, unibertsaltzat edo har daitekeen lehen giza kultura –Acheuil kultura– identifikatzeko erabiltzen diren fosilak.

Afrikan, Asian eta Europan (segur aski, kronologia ordena horretantxe gainera), Pebble Culture deitutakoaren barruan sartzen diren harkoskor landuak ere aurkitu dira ordea, Acheuil aldiaz aurretikoak. Denboran hain urrun geratzen zaizkigun gauzaki edo tresnak deskribatzea eta interpretatzea zaila gertatzen bada ere, badirudi habilis motako gizakien noizbehinkako egonlekuekin badutela zerikusia. Izaki haiek ez zuten ingurua ia batere egokitzen bizilekutarako.

Batez ere landarejaleak ziren (tuberkuluak, fruituak), baina noizean behin haragia ere jaten zuten, beste animalia harrapariren batek ehizatutakoa lortzen zutenean. Gaurkoz ez dago ehiztariak ziren frogarik eta beraz, harraparien barruan sailkatzen badira, ekoizle kontzeptuaren aurkakoa adierazteagatik da, eta ez ehizatzen zutelako.

Aurkitu diren aztarnategiak, bizilekuak baino areago, animalien gorpuzkinak zatikatzeko tokiak ziren, eta horri esker egiazta daiteke harri eta hezurrezko tresna haiek, armak ez baino, animaliak zatikatzeko eta lehengaiak lantzeko lanabesak zirela.

Homo erectus deitu zaiona Acheuil kulturako teknika konplexuagoekin erlazionatzen da, buru gaitasunaren aurrerakada koalitatibo handia nabarmentzen baita lan horietan (duela 1,2 milioi urterako agertu zen Afrikan, nahiz eta Europa gehienean, duela 400.000 urte arte itxaron beharra dagoen kultura horren oinatzak aurkitzeko). Antzeko jauzia gertatu zen gizakiaren eguneroko portaeran ere (izaki hauek izan ziren sua pizten eta etxekotzen asmatu zutenak, eta hala bereiztu zen Homo jeneroa, behin betiko, beste animalia jenero guztietatik). Harkoskor landuen kulturen eta Acheuil kulturaren arteko jarraitasuna –zeina lehenik Afrikan gertatu baitzen– era beretsuan zertu zen Asian eta Europan ere, gizakia azken lurralde hauek kolonizatzen joan ahala (aurreko atalean azaldu da prozesu hori). Hala ere, desfase handia dago kronologiaren ikuspegitik, gizadiaren jaioterritzat jotzen den lurraldearekiko. Bestalde, alde bikorik egiten ez zuten kulturek (gorago esan bezala, tresna hori baita Acheuil kulturaren ezaugarri) euren dinamika propioa zuten diasporako lurralde hauetan, eta aipatu dinamika, zenbait alditan, Acheuil beraren paraleloa zen (esan daiteke desberdintasun kronologikoak baino areago, funtzio desberdinak islatzen dituztela tresna batzuek eta besteek).

Europako lurraldera mugatuz, Acheuil kulturaz aurretiko harkoskor landuen aztarnategiak izateaz gainera, badira alde bikorik (edo apenas) ez zuten zibilizazioak ere, Acheuil kulturaren garaikideak, hala nola Clacton eta Tayac kulturak. Nolanahi ere, ez dago behar hainbat aztarna arkeologiko, ez kopuruz ez kalitatez, arazoa behar bezala ebazteko, eta Burgosko Atapuercakoa bezalako aurkikuntza asko beharko dira oraindik, sobera ilun dauden auzi asko argitzeko.

Arazo nagusia da oso gutxi direla hasierako egoeran jarraitzen duten aztarnategiak, ibairen batek edo higadurak ukitu ez dituenak. Horietantxe baizik ez baitago ingurunearen datuak lortzerik: fauna, lore hautsa, ikatza, datazio absoluturako elementuak, etab. Ez dago beste biderik, baldin eta gainditu nahi bada tresna gutxi batzuek eman dezaketen informazioaren bidez hain denboraldi luzeak esplikatzeko joera.

 

Erdiko Paleolitos aroa

Denboran gaurko egunera hurbildu ahala, aztarnategi arkeologiko gehiago eta egoera hobekoak aurkitu dira. Batez ere, Acheuil aldiaren azken aldetik aurrera (Behe Paleolitosaren amaiera aldera), gure aroa baino 150.000/ 100.000 urte lehenago. Erdiko pleistozenotik goikora igarotzearekin eta izotzaldi arteko azken aldiarekin batera (Afrikan, eurialdi artekoa), hobekuntza handia nabaritzen da arkeologia aztarnategien egoeran. Lehenengoz, egonlekuak asko ugaldu zirelako (hazkunde demografikoaren ondorioz, beharbada), eta bigarren, haitzuloak hartu zituztelako bizitokitzat. Leizeek abantaila handiak eskaintzen zizkien gizaki haiei: beste animalia harraparien aurkako babesa, eta beste zenbait erosotasun (aldaketarik gabeko hezetasuna, tenperatura epelak, iturrien kokaleku zehatza, etab.).

Gainera, batez ere haitzuloak alkalinoak badira, hezurrak oso ongi kontserbatzen dira, eta bestalde, lana errazten zaio arkeologoari, askoz errazagoa baita toki mugatu batean aztarnak aurkitzea, landa libreanbaino. Esandako horrek guztiak argitzen du zergatik ezagutzen den askoz hobeto giza kulturen historiaurrea, gizakia haitzuloetan bizitzen hasi zenetik aurrera.

Mundu Zaharra deitua osatzen duten ia lurralde guztietan aurkitu dira Erdi Paleolitoseko aztarnak, Muster aldia deitzen zaionarekin lotuta. Muster aldi horren barruan, dena den, guztiz forma desberdinak sartzen dira. Esan bezala, ipar buruko zirkuluaz kanpoko Mundu Zaharreko eskualde guztietan daude Muster aldiko aztarnategiak (Afrikaren erdialdean informazio hutsune nabarmena badago ere). Dirudienez, aldi horren azken aldera gertatu ziren –duela 40 bat mila urte– Australia, Ozeano Bareko uharte batzuk eta Amerika kolonizatuko zuten giza migrazioak, nahiz eta, Amerikari dagokionez, zalantzak dauden, eta aditu askok dioten ondotxoz geroago kolonizatu zela. Gainerako eskualdeetan (aztarnategiak oso ugariak dira Europan eta Ekialde hurbilean) antzeko parametroen barruan sartzen dira giza langintzen adierazpen materialak.

Horien artean, nabarmentzekoak dira teknikaren arloan egindako aurrerapenak, askoz lanabes hobeak egiten baitzituzten, eta horrek eragin ikaragarria izan zuen izaki haien eguneroko bizimoduan. Laburbilduz, esan daiteke hobeto baliatzen zituztela lehengaiak, eta lanabes txikiagoak, erabilgarriagoak eta bete behar zuten funtziora egokituagoak egiten zituztela. Gainera, harrizko tresnak lantzeko beste teknika bat ere garatu zen orduan: Levallois teknika deitu zaiona, hain zuzen.

Behe Paleolitosean ez bezala, Muster aldian bizi ziren gizakiek (Neanderthal arrazakoak, dirudienez) mota guztietako animaliak ehizatzen zituzten. Esandakoaren frogagarri dira aztarnategietan aurkitutako hezur hondakin ugariak (eta horietako batzuei nahiko argi antzematen zaie gizakiak akabatu zituela). Arma asko aurkitu dira, harrizko puntak eta aiztoak, batez ere, baina badakigu hezur eta zurezko elementuak ere erabiltzen zituztela.Ekonomia portaeraren ikuspuntutik, Mundu Zaharrean bizi ziren neanderthalek, erabat menderatzen zuten suaren teknika (berotzeko, gainerako animalietatik babesteko, eta beste zeregin askotarako erabiltzen zuten, eta gai ziren nahi zuten tokian pizteko). Badirudi zenbait eskualdetan –hala nola Iberiako Levante aldean–, elikagaiak kontserbatzeko teknikak ere ezagutzen zituztela, eta harrapakin txikien haragia (untxiena, aipatu den eskualdean) ketzen edo gazitzen zutela. Garai hartako gizakien elikadura aurrekoena baino askoz hobea zen, nahiz eta, zenbaitzuek uste izan duten bezala, haragi hutsezkoa ez izan. Landareki asko jaten zuten artean, gosete aldiak igarotzen zituzten aldizka eta, premia izanez gero, sarraskiak jateko ere ez zuten arazorik (ikertzaile askoren iritzian antropofagoak ere izan zitezkeen). Goi Paleolitosaren azken aldea arte ezin daiteke gizakia deskribatu harrapari espezializatu gisa.

Mundu Zaharreko giza taldeak dezente ugaldu zirela dirudi, garai hartatik aurrera.

Hori ondorioztatzen da behintzat aztarnategietatik, nahiz eta hondakinen kontserbazio egoera ez den beti nahi bezain ona.

Lehen hileta errituak ere garai hartatik aurrera hasi ziren ugaltzen, baina iritzi desberdinak daude erritu horien azpiko arrazoiez: espiritu edo erlijiozko arrazoiak ote ziren ala higienezko auzi hutsak.