Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Partaidetza politikoa

Hauteskundeetarako propagandak zalantzan dauden hiritarren botoa erakartzea du helburu.<br><br>

Hainbat ekintza mota biltzen dituen fenomenoari esaten zaio partaidetza politikoa; izan ere, ekintza horien bidez zuzeneko eragina izan nahi du komunitate batek erabaki politikoetan. Partaidetza politikoak herrialde jakin batean, herri, eskualde edo nazio mailan jarduera politiko-administratiboan edo politikaren beste alorretan agintariak hautatzeko eta kontrolatzeko konpromisoa hartzen duten pertsonen jarrera multzo bat (interesa, informazioa bilatzeko gogoa, protesta egitekoa edo zuzeneko esku-hartzeari ekiteko gogoa…) adierazten du.

McClosky adituaren arabera, agintarien hautaketan eta, zuzenean edo zeharka, gobernuaren politikaren osaeran parte hartzen duten gizarte bateko kideen borondatezko jarduerak dira ekintza horiek.

Tradizio demokratikoan bertutearen eta betebehar politikoaren arteko nahasketa da partaidetza politikoa, baina, eskuarki, hauteskundeetako partaidetza hartzen da homologaturikopartaidetza politikoaren oinarritzat eta ia forma bakartzat.

Partaidetza ez da soilik sistema politiko demokratikoen berezitasuna, baina demokraziaren oinarri ideologikoak herriaren esku hartzea sustatzea du helburua, arrazoi askorengatik.

Lehenik, jendeak bizitza publikoan eta komunitatearen kontuetan parte harturik, sendotu egiten delako sistema politikoaren egonkortasuna. Bestalde, gogogabeziak berekin batera ekartzen ditu ezegonkortasuna eta ahultasuna. Biztanleen parte handi batek era aktibo batez jarduten badu, talenturik handienak eskuragarri egongo dira, eta pertsona kopuru handiago baten gaitasuna baliatu ahal izango da. Gainera, partaidetza politikoak osatu eta hobetu egiten du informazioa, ardura eta kontzientzia politiko handiagoa eragiten du, eta eraginkortasun handiagoa ekartzen du. Parte hartzen dutenek egokiago ordezkatuta egoteko joera erakusten dute eta, ondorioz, zailagoa da gobernuarentzat herritarren beharrei eta interesei bizkar emanez jardutea.

Bestalde, goian planteatzen denaz beste, badira «masen diktadura» modernoetan partaidetza moldeak sekula ere borondatezkoak ez direla diotenak, partaidetza moldeak esku hartze-manipulatzaileen ondorio direla, zenbaitetan botereak berak bortxatuak, itxurazko zilegitasuna eman nahi dien arren.

Iparrameriketako politologo batzuen aburuz, partaidetza politikoak disfuntzioak eta emaitza negatiboak dakartza. Horien ustez, demokrazia ez da herriak hautatutako eta herriaren gobernua, gobernu metodo bat baizik, gizarte indarren arteko aldeen, desoreken eta liskarren artean oreka politikoa bilatzen duena. Haien iritziz, partaidetza politikoak bere arriskuak eta hutsarteak ditu, hasteko betetzen duen leku elitista horretatik masak ez duelako bere iritzi politiko konplexuak adierazteko eskuduntzarik.

Beren argudioen zirkuluari bira ematen diote esanez hiritarrak eskuarki gaizki informatuta daudela eta interes txikia ageri dutela kontu politikoetan, eta bukatzeko, parte hartze masibo batek sistema politikoaren porrota ekarriko zuten era askotako eskaera ugari eragingo zituela esaten dute.

 

Parte hartzeko erak

Era instituzional batez edo funtzio horretarako ezarririko bide eta erakundeen bidez eta bat-bateko moldeen bidez bidera daiteke partaidetza. Gainera ezin ahantzi ditzakegu, ezin dutelako edo nahi ez dutelako, politikan parte hartzen ez dutenak.

Lehen kategoriara biltzen dira sistema honetan erabakiak hartzeko mekanismoak zeintzuk diren ezagututa mekanismo horiek baliatzen dituztenak, edo beren talde eta elkarteen bidez parte hartzen dutenak.

Horrenbestez, sistema politikoaren iraupena ziurtatu egiten da, sistema politiko hori presente dagoelako eta herritarren inplikazioari eta parte hartzeari sarrera egiten dien egituren multzoak sustaturik gehienen sostengua jasotzen duelako. Alderdi politikoak, sindikatuak eta presio taldeak, borondatez lan egiten dutenen elkarteak, komunikabideak eta herrialde bateko sare burokratiko osoa dira parte hartzeko bideak.

Bestetik, bada parte hartzeko beste molde bat, batzuek bat-batekoa esaten diotena ez dagoelako sistema politikoaren arauek egituraturik eta kodifikaturik. Molde honek gizartean ematen diren aldeak eta esplotazioa gainditu nahi ditu, eta, batzuetan, sistema politiko bera gainditzea planteatzen du. Partaidetza bide tradizionaletatik at garatzen dira, oro har, partaidetza molde hauek, bereziki kale-agerraldi kolektiboen bidez, eta arbuiatu egiten dituzte sistema politikoak proposaturiko egiturak eta parte hartzeko arauak.

 

Parte hartzeko faktoreak

Almond eta Verba adituek hiru kategoria zehaztu dituzte pertsonek politikan duten partaidetzari begira, eta sailkapen horren arabera, «probintziano», «hiritar pasibo» eta «parte hartzaile» taldeetara biltzen dira biztanleak. Lehenengo taldekoek ez dute esku hartzen politikan, ez dute horretarako gogorik eta ez dute inolako interesik erakusten sistema politikoarekiko. Bigarren multzokoak hiritar pasiboak dira eta konfidantza dute sisteman, bete egiten dituzte arauzko xedapenak segurtasunaren, zerbitzuen eta laguntzaren truke. Hirugarren taldera biltzen dira gizarte bateko kide aktiboak, prozesu politikoetan eta administratiboetan esku hartzen dutenak.

Zientzia Politikoan badira beste sailkapen batzuk, pertsonak jarduera politikoan ematen duten denboraren, energiaren eta baliabideen arabera sailkatzen dituztenak; honenbestez, partaidetza-mailaren arabera,pertsonak ikusle pasiboak izan daitezke edo lehiakide politikoak, konformistak edo erreformistak, aktibistak eta protestanteak.

Edozein kasutan, hona hemen planteatzen zaigun galdera: zeintzuk dira sistema politiko jakin batean partaidetza maila desberdina azaltzen duten arrazoiak eta faktoreak? Partaidetzari buruzko teoria sendorik ez dagoenez, faktore psikologiko edo pertsonal batzuk, faktore sozioekonomikoak, faktore politiko-instituzionalak eta politikaren kulturari dagozkion beste faktore batzuk azalduko ditugu galdera honi erantzuteko.

Politika kontuetan parte hartzeko joera erakutsi ohi dugu gizartearen aurrean sona eta ospea lortzeko, gailendu eta dirua irabazteko, gizartean onartua izateko edo ezagutzak geureganatzeko xedean. Hala eta guztiz ere, ez dira behar bezala aztertu partaidetzaren alderdi psikologikoak, eta faktore horien garrantzia alde batera utzirik ere, petsonen talde edo erreferentzia direnen bitartekaritzaren araberakoak dira aldagai psikologiko horiek.

Politologoei sarri askotan entzungo diegu esaten eskuarki emakumezkoen partaidetza-maila gizonezkoena baino apalagoa dela, gazteena adinekoena baino apalagoa, aberatsek esku hartze handiagoa dutela txiroen aldera, eta horrenbestez, nork bere taldearen edo estatusaren arabera politikan parte hartzeko joera handiagoa edo txikiagoa izango duela. Orokortasun hauek hain zuzen ere bide instituzionalen bidezko partaidetza-moldeari dagozkio, eta ezin aplikatu dakizkioke bat-bateko edo esku hartzeko ezarririko bideez kanpoko esan diogun partaidetza motari.

Pertsonen heziketa mailak garrantzi handia du partaidetza kontuetan, heziketa maila handiko pertsonak ondo jabetuta daudelako agintari politikoen erabakiek beren bizitzetan eta interesetan duten eraginaz, hobe informatuta egoten direlako, politika kontuez sarriago eztabaidatzen dutelako eta agintean dagoenaren erabakietan eragina izateari garrantzi handiagoa ematen diotelako.

Erlijioarekiko loturak era positiboan edo negatiboan eragin dezake partaidetza politikoaren aurrean, erlijio dotrina batzuek pasibotasuna sustatzen dute eta, beste batzuek, Askapenaren Teologiak esate baterako, beren kideen konpromisoa eta jarduera politikoa bultzatzen dute. Espektro politikoari dagokionez, ezkerrak joera handiagoa du eskuinak baino erreibindikatzeko eta partaidetza politikoa proposatzeko orduan, eta pertsona bat zenbat eta gehiago hurbildu mugimendu edo ideologia erradikaletara, orduan eta konpromiso politiko handiagoa hartu ohi du. Bestalde, zentroko alderdiak, hots, erregimen demokratiko etakonstituzionalaren oinarri eta euskarri gisa aurkezten direnak izan ohi dira pasiboenak eta prozesu politikoez at bizi direnak.

Partaidetza politikoari begira beste alderdi funtsezko bat egitura politikoa bera da, hau da, hauteskunde sistema eta alderdien sistema, deszentralizazio maila eta botereen banaketa, edo ekonomiaren garapen maila. Esate baterako, maiz esaten da ekonomiaren garapenarekin batera hazi egiten dela partaidetza politikoa, baina beldur gara argudio honi eusten diotenak ez ote diren soilik hauteskundeetan izaniko partaidetza mailaren neurketan oinarritzen.

Gainera, Ipar Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialdeetan, hautesleen %50 ere ez da hautesontzietara hurbiltzen lehendakaria aukeratzeko hauteskundeetan, sistema politikoaren hauteskunde nagusietan.

Eta jakina, gizarte maila altu eta ertainak dira horrelakoetan partaidetza maila handiena izaten dutenak, eta oraingoz ez du inolako arazorik eragiten iparramerikarren abstentzio masiboak.

 

Abstentzioaren hautua

Bazterrera gelditzen diren edo prozesu politikotik bazterrera uzten diren pertsona gogogabe eta isolatuak dira ideologia eta mugimendu antidemokratikoen eragina jasotzeko aukera handiena dutenak. Hala eta guztiz ere, balio eta emaitza desberdinak eman behar dizkiogu axolagabekeriagatik edo pasibotasunagatik parte hartzen ez dutenen abstentzioari ez bezala ezintasunsubjektiboagatik edo sistemak aitortzen duen legezko ezintasunagatik parte hartzeko eskubidea ukatzen zaienen abstentzioari, edo askatasun osoz eta ondo jabetuta parte ez hartzeko hautua egiten dutenen pertsonen abstentzioari.

Azken hauek, eskuarki, prozesu politikoarekiko adostasun eza (edo adostasuna) adierazteko partaidetza molde jakin baten aurreko interesa ageri dute.

Ahal izanez parte hartzen ez duten pertsonak dira abstentzionistak edo sistemarekiko pasiboak, izan ere, ez dira kontuan hartzen parte hartu nahi bai baina bazterrera uzten direnen iritziak eta proposamenak, esate baterako, herrialde jakin batean bizi diren atzerritarrenak edo botoa emateko adin txikikoak direnenak, nahiz eta espetxera eramateko edo lan egiteko adina izan.

Botoa ematen ez dutenen edo parte hartzen ez dutenen jarrera azaldu nahi izan da esanez pertsona horien gogorik eza eta pasibotasuna sistema politikoaren kontraesanen aurrean beren burua bakartutzat, atomizatutzat eta babesik gabe ikustearen ondorioa dela. Uste dute beren botoak edo jarduera politikoak ez duela ezertarako balio, eta beren egiteko politikoak ez badu balio pertsonalik edo talde-baliorik, zertarako parte hartu? Nolanahi ere, agerikoa da partaidetza badela, halaber, herrialdearen kultura politikoaren araberakoa, herrialde jakin batean nagusi diren eredu, balio eta sinismenen araberakoa, alegia. Eta beren erkidegoko kideei jarraibide positibo bat eskaintzeko joera duten eta konpromiso politikoa ahalegin pertsonalaren eta kolektiboaren ondoriotzat hartzen duten herrialdeak eta sistema politikoak dira partaidetzaren kulturaren adierazleak.