Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Legegintzako aginpidea: parlamentua

Iturria: Arend Lijphart, “Gaur egungo demokraziak”, Ariel, 1987, 108. orr.<br><br>

Munduko herrialde demokratiko gehienetan, parlamentua da Estatuaren erakundeetako organo nagusia. Erregimen parlamentarioan aginpide betearazlea, edo kabinete gobernua, aginpide legegilearen mende dago, bere erantzukizuna parlamentuari azaldu behar baitio, azken batean.

Ameriketako eredu presidentzialista, batez ere Estatu Bautetakoa, eta Frantziako erdipresidentzialismoa erregimen parlamentarioaren salbuespenak dira; izan ere, sistema horietan herritarrek aginpide legegilea hautatzeaz gain, aginpide betearazlea ere hautatu egiten baitute. Europa, Asia, Afrika eta Ozeaniako herrialdeetan egituraturikodemokraziek aginpide legegilearen hartzaile den parlamentua egin dute sistemaren ardatz.

Esan ohi denez, sistema demokratikoetan zilegitasun zabalena biltzen duen esparrua da aginpide legegilea, herritarrek beraiek aukeratzen baitute hauteskunde libreen bitartez. Dena dela, dinamika politikoaren eraginez, ahuldu egin da azkenaldi honetan parlamentuaren aginpidea bestelako politika organoen mesedetan. Ildo politiko nagusiak oraindik parlamentuak finkatzen baditu ere, nabaria da aginpide legegileak galdu duen garrantzia Estatuaren aginpide politikoen hierarkian.

 

Parlamentuaren definizioa

Estatu modernoen historian berebiziko garrantzia izan du parlamentuak, batez ere, Bigarren Mundu gerraren ondotik egituraturiko mendebaldeko demokrazia liberaletan.

Egun, parlamentu modernoak bost ezaugarri ditu: (1) Estatuaren organo asanblearioa da; (2) ordezkaritza politikoa eratzen du iraunkorrak diren (3) prozeduren bitartez; gizartearen aniztasun politikoa (4) ziurtatzeko ordezkari politikoak hautatzea (5) bermatzen du.

• Lehenik eta behin, ehundaka lagunek osatzen dute parlamentua, eta horretan datza, hain zuzen ere, aginpide legegilearen izaera asanblerioa. Parlamentarioen jarduera kolegiatua ez dago ezein hierarkiaren mende. Kideak talde parlamentarioetan biltzen dira interes publikoko gaiak eztabaidatu eta deliberatzeko.• Bigarrenik, herria ordezkatzen duen erakundea da, demokraziek duten tresnarik egokiena herritarren asmo politikoak adierazteko, alegia.

• Hirugarrenik, erakunde iraunkorra da parlamentua, esan nahi baita, bere aginpideak Estatuaren gainerako botereekiko mendekotasunik ez duenez gero, parlamentuak etengabe hartzen ditu erabakiak; iraunkortasun eta automatismorik ezean, independentzia galduko bailuke.

• Laugarrenik, gizartearen aniztasuna islatzen du parlamentuak, bere jardunbide legegilean irizpide ezberdinak ager daitezen.

• Azkenik, herritarrek hautatzen dituzte parlamentarioak, herriari baitagokio aginpide horren jabetza.Legebiltzarra oso aspaldi sorturiko erakundea da.

Islandian 1000. urtea aurretik eta Sizilian 1130ean sortu zituzten beren legebiltzarrak. Dena dela, Ingalaterran jaio zen, 1300. urtean, gerora beste ezaugarri batzuekin batzar erabakitzaileen eredu izango zena erakundea.XVIII. mendean britainiar legebiltzarrak, bertako hizkuntzaz mintzatzen ez zekiten erregeen ahultasunaz baliaturik, gobernu era bat zehaztu eta ezarri zuen, erregimen parlamentarioa, Batzarraren ardura gobernuari ematen diona, eta Frantzian eta Belgikan XIX. mende hasieratik imitatu zena.

 

Parlamentarismoaren historia

Parlamentarismoa, asmaketa bat baino, eboluzioaren emaitza da, eta gobernu mota guztien artean erregimen parlamentarioetan gailentzen da gertaera hori. Aro Modernoan, biltzar ordezkatzaileak buru egin zion errege-erreginari, eta parlamentu modernoak historiaren prozesu horren zuzeneko ondorio dira. Bilakaera horretan, parlamentua erregearen aholku emailea izatetik Estatuaren organo gorena izatera iragan zen. Lehenik burgesiak eta ondotik herritarrek baliatu dute organo hori gobernu aparatua kontrolatzeko. Gizarte modernoaren aurreko erregimenetan errege-erreginarenarekin batera jarduten zuen parlamentuaren aginpideak, baina sistema modernoetan herriaren borondatearen zuzeneko adierazpena da parlamentua.

Gizarte egituraren aldaketaren arabera bilakatuz joan da parlamentarismoa: Erdi Aroko estamentu eredu zorrotz hartatik, XIX. mendeko eredu klasistara iragan zen, harik eta egungo gizabanako guztiak ordezkatzen dituen eredua azaldu arte. Ereduak aldatuz joan diren heinean, parlamentua hautatzeko sistemak ere aldatu dira.

Sistema modernoaren aurreko parlamentuetako kide izateko gizarte multzo jakin batzuetako partaide behar zen izan (britainiar Lorden Ganberako aristokratak) edota horretarako agindua behar zen jaso (gizarteko estamentu edo klase zenbaiten ordezkariak).

Parlamentu modernoetan, berriz, ezkutuko sufragio unibertsalaren bidez soilik hauta daitezke parlamentarioak.

Erdi Aroko eta egungo parlamentuen artean dagoen alde nagusia ordezkatuen eta ordezkarien arteko harreman motan datza.

Erdi Aroan, printzipio fiduziarioaren arabera jarduten zuen parlamentuak, hau da, hautesle eta hautetsien harremanak konfiantza pertsonalean oinarritzen ziren; ordezkariak hautesleen interesak aginduz babestu behar zituen, eta bere kargua baliogabe zitekeen.

Parlamentu modernoa, ordea, ordezkaritzaren printzipioan oinarritzen da, hots, hautesle eta hautetsien arteko harremanek konfiantza inpertsonala dute ardatz; ordezkariak hautetsien interesak ordezkaritzaz behar ditu babestu, eta bere kargua zuzenean indargabetu ezin daitekeenez, hurrengo hauteskundeetan ez bozkatzea da hura kargutik kentzeko modu bakarra.Estatu Batuetako konstituzioak (1787) kongresua ezartzen du lehendakariaren, hau da estatuburuaren, aurrez aurre. Bismarckek ez zuen ahalmenik Reichstagean ezer ezartzeko. Tsarrak duna bat bildu zuen 1905ean. Gaur egun estatu orok, dena delako erregimena duela ere, dauka bere legebiltzarra.

 

Parlamentuaren eginkizunak

• Sistema demokratikoetan, aginpide betearazlea hautatzea da parlamentuaren funtzio nagusia.

Herrialde gehienetan aginpide betearazlearen burua edo lehen ministroa parlamentuak hautatzen du, eta Estatu buruak, dela errege-erregina, dela presidentea, izendatzen du. Gobernua osatzeko lehen ministroak hautatzen ditu bere kabineteko kideak.

Gobernuak iraun dezan, parlamentuko gehiengoaren babesa lortu behar du.

Parlamentuari dagokio gobernuaren erantzukizuna ikuskatzea eta, hala erabakiz gero, babesa ematea aginpide betearazleari; horretarako, parlamentuak aldi oro onartu behar ditu gobernuaren programa eta jardunbideak. Gobernuak parlamentuaren aldeko botoa lortzen ez badu, ganbera legegilearen konfiantza galdu egiten du, eta, ondorioz, dimisioa aurkeztu behar du; dimisiorik ezean, hauteskundeen bidez gehiengo berria ziurtatu behar du gobernuak.

Babes parlamentariorik gabe, gobernua behin-behinekoa dela esan daiteke, bada.

• Parlamentuaren bigarren funtzioa gobernuaren jardunbidea kontrolatzea da.

Kontrol hori gauzatu ahal izateko hainbat bitarteko ditu gobernuak, hala nola, galderak, interpelazio parlamentarioak, ikerketa eztabaida, batzordeak, eta ohikoa ez den arren zentsura mozioa. Kabinetearen eta lehen ministroaren garrantzia indartuz joan den heinean, gobernua kontrolatzeko parlamentuak duen ahalmena ere aldatu da. Parlamentuz gaindiko joera are indartsuagoa da presidentea sufragioz hautatzen den kasuetan, Estatu buruak aurre egin baitiezaieke parlamentuari eta horrek aukeraturiko gobernuari, Estatu Batuetan eta Frantzian gertatzen den bezala. Alabaina, lehen ministroa parlamentuak hautatzen duen herrialdeetan ere gobernuaren ahalmena nabarmena da, parlamentua desegin eta hauteskunde berriak dei baititzake.

Aginpide legegilea eta aginpide betearazlea alderdi beraren esku ez dauden askotariko sistemetan, parlamentuaren ahalmena gailentzen da, lehen ministroak karguan segitzeko derrigorrezkoa baitu alderdi ezberdinez osaturiko gehiengoaren babesa.• Legegintza da parlamentuaren hirugarren funtzioa.

Legeak egin eta onartzea, alegia. Legegintzak parlamentarismoaren hastapenean zuen garrantzia ahuldu da, gobernua indartzeko joerak aurrera egin ahala. Izan ere, gobernuaren ahalmen legegilea gero eta nabarmenagoa da, lege egitasmo azkar eta eragingarriak egiteaz gainera, parlamentuak onarturiko lege orokorrak ere garatzen baititu gobernuak, dekretuak eta araudiak emanez. Parlamentarioek programa batean oinarrituriko legeetan eragin dezakete, eta, jakina, eztabaida orokorretatik kanpo ere ministroei gai jakinei buruzko galderak egin diezazkiekete. Baina lege berariazko eta teknikorik ezin dute egin, horretarako gobernuak dituen baliabideak ez baitituzte.

Batzorde parlamentarioa ez da legeak egiteko gobernuz kanpoko botere gunea; izan ere, aginpide legegileak gobernuz kanpoko buruzagitza duen kasuetan soilik (Estatu Batuetan bezala) da garrantzitsua parlamentuaren jardun legegilea.• Laugarren funtzioa estuki loturik dago hirugarrenarekin. Finantzazio funtzioaz ari gara, alegia.

Organo legegileak kontrolatzen ditu baliabide publikoak, eta berari dagokio, ondorioz, Estatuaren aurrekontu orokorrak legez onartzea. Lege hori gobernuak prestatzen badu ere, parlamentuak egiten du azken izapidea: irakurtzea eta onartzea.

Parlamentuaren ahalmena aski handia da Estatuan indarrean egongo den sarrera eta gastu sistema ezarri edota aldatzeko.• Parlamentuaren bostgarren funtzioa askoren arteko lehia eta gizarte gatazka arautzean datza.

Askoren arteko lehia bitartekoen eta helburuen arteko gatazka mugatua da, eta parlamentarioak ditu protagonista. Parlamentuan, gizarte gatazkaren antzezpena egiten da, alderdi interesen arabera lehian ala lankidetzan arituz. Lehia gatazkatsua denean, parlamentuko gehiengoa eta oposizioa norgehiagoka bortitzean murgiltzen dira. Aldiz, lankidetza nagusitzen bada, hain nabarmena ez den gehiengoak adostasuna lortu nahi izaten du oposizioarekin. Hala ez badirudi ere, gatazka politika arruntagoa da ongi kohesionaturiko herrialdeetan, non parlamentua gatazkaren erritual instituzionalizatuaren adierazle baita. Zatituriko gizarteetan, ordea, lankidetza eta adostasuna lortu nahi izaten du politika parlamentarioak.Munduan zeharreko legebiltzarrak era askotako errealitateei loturik daude. Herrialde gehienetan errepublikari eta demokraziari loturik badago ere, erregimen monarkikoetan eta mendebaldean demokraziari buruz nagusi den ikuspegitik urrun dauden gobernuetan ere izaten da legebiltzarra.Hainbeste mota desberdinetako erregimenek beren herrialdeetako biztanleen ordezkari izango den organismo bat edukitzearen beharra azpimarratzeak erakusten du legebiltzarren funtsa: legebiltzarraren esku dago, hain zuzen ere, herritarren ordezkaritzaren monopolioa.

 

Parlamentua eta alderdi politikoak

Alderdi politikoek ez diote beti eman izan gobernuaren buruzagitzari beharrezkoa den herri oinarria. Hasieran, ministro jakin batzuei babesa emateko ordezkari multzo soila ziren alderdi politikoak. Sufragio unibertsala ezarri baino lehen hautesleen artean jarraitzaileak bazituzten ere, XIX. mendeko azken hamarraldietan baino ez zen agertu alderdien antolaketa modernoa, buruzagiak babesteko alderdi parlamentarioen koherentzia garai hartan finkatu baitzen. Babes horrek, hautesleekiko konpromiso gisa ulerturik, aukera eman zuen alderdiko gobernua eragingarria izan zedin.

Alderdi politikoa parlamentuz kanpoko herritarren erakundea baino, ordezkapen prozesuko bitartekaria da. Alderdi parlamentarioak kanpoko eraginak jaso badezake ere, erabakiak hautaturiko alderdikideek, bururuzagitzaren babesarekin, hartzen dituzte.

Parlamentarioen erantzukizuna hautesle orok eska dezake, ez soilik alderdikideek.

Parlamentarioek alderdiko buruzagien posizioak beretzen dituzte, eta posizio horien arabera eratzen dute hautesleekiko konpromisoa. Parlamentarioen jardunbidea indibiduala eta kolektiboa da aldi berean, zeren eta, beren alderdiaren ordezkari gisa aritzen badira ere, parlamentuko diputatu akta indibidual eta besterenezinaren arabera herritar guztiak ordezkatzen baitituzte.

Alderdi politiko baten kohesioa, batez ere gobernuari babesa ematen dionean, nahitaezko elementua da aginpide betearazlea egonkorra izan dadin sistema parlamentarioan.

Halaber, alderdiak, edo alderdien arteko itunak, parlamentuaren gehiengoa ere eskuratzea izugarri garrantzitsua da.

Parlamentarismoan, alderdi bakarreko eredua bazterrean utzirik, bipartidismoa da kasurik errazena, Britainia Handiko sistema adibidez. Bi alderdi besterik ez dagoenean, horietako batek gehiengo parlamentarioa lortzea sobera samurra da, besteak ez baitu aski eserleku parlamentuan alderdi garaileari buru egiteko. Zenbaitetan hiru alderdik edo gehiagok lehian parte hartzeak ere ez du eragozten gehiengoa alderdi bakar batek lortzerik.

Begien bistakoa izan arren alderdi biko sistemak lorturiko arrakasta, hori ez da parlamentarismoaren ezaugarri nagusia. Are gehiago, garrantzizko bi alderdi baino gehiago dituzten hainbat herrialdek parlamentarismoari eutsi diote, esaterako, Eskandinaviako lurraldeak eta zenbait herrialde anglofono, non sekula ez baita zatiketarik gertatu. Italia, aldiz, kontrako adibidea da; bertan sorturiko zatiketak kasik ezinezkoa egiten du parlamentarismoa bideratzea.Gehiengoa eskura dezakeen alderdirik ezean, hainbat baliabide dago gobernuak beharrezkoa duen babes parlamentarioa lortzeko. Formuletako batek aukera ematen du alderdi nagusiak kabinetea bere kideen artean osa dezan, nahiz eta horretarako parlamentuaren gehiengoa lortzeko beste alderdi baten edo batzuen aldeko bozka behar duen. Bada beste formula bat egonkorragoa dena eta alderdi nagusia indartzen duena, alegia, kabinetea zenbait alderdik osatzea. Horrelako koalizioetan lehen ministroa alderdi nagusiko burua izan ohi da, edo, bederen, koaliziorako funtsezkoa den alderdi batena. Alderdi nagusiak talde txikiago batekin edo birekin osa dezake kabinetea. Alderdi gehienak edo guztiak biltzeko aukera ere bada gobernua osatzeko, baina bide horrek oposizioa indargabetzen du eta, aldi berean, gobernu alternatiba. Horrexegatik, koalizio zabalak soilik gerra eta ezohiko egoeretan dira baliagarriak.

 

Ganbera bakarreko edo bi ganberako parlamentua

Herrialde baten egitura parlamentarioa bi modutan era daiteke: ganbera bakarreko eredua eta bi ganberako eredua.

Ganbera bakarreko ereduan, herritarren ordezkapen politikoa irizpide bakar baten inguruan eratzen da, eta indarrean dagoen hauteskunde legearen araberakoa da proportzionaltasuna. Ganbera bakarreko ereduak ez dakar erabateko proportzionaltasuna, parlamentuko eserlekuak banatzeko bestelako irizpideak ere badarabiltzalako, adibidez, barruti bakoitzari dagozkion eserlekuak edo ordezkapena lortzeko gutxieneko bozka kopurua. Oro har, esan daiteke ganbera bakarra duten parlamentuak Estatuko herritar guztiak ordezkatzeahelburu duten alderdi politikoetan oinarritzen direla.

Bi ganberako eredua, aldiz, ordezkapen irizpide ezberdinak bateratzen dituzten herrialdeetan gailentzen da. Zenbaitetan, historiaren bilakaerak bultzaturik, antzinako parlamentuei egitura modernoa emateko asmotan sortu izan da bigarren ganbera, esaterako, Britainia Handian Lorden ganbera osatzeko ezarri zuten Komunen ganbera; beste batzuetan, kultura edo nazio anitzeko Estatuek lurralde ordezkapena eratzeko baliatu izan dute bigarren ganbera, Estatu Batuek eta Espainiak, besteak beste.

Bi ganberako parlamentuak bi ordezkapen irizpide nahasten ditu. Batetik, batasun irizpidea, Estatu bereko herritar guztiek berdintasunean sostengaturiko ordezkapena izan dezaten; bestetik, ezberdintasun irizpidea, Estatu berean dauden giza talde bereziek lurraldetasunean oinarrituriko ordezkapen politikoa izan dezaten, hala nola, Alemaniako estatuak Bundesrat-en edo Espainiako autonomia erkidegoak Senatuan.

Ganbera bakarreko ereduaren ordezkapen erantzukizuna egonkor samarra da. Bi ganberako ereduaren zehaztasuna murritzagoa da, ordea, ganbera bakoitzaren zilegizkotasuna ezberdina baita. Parlamentuaren bi ganberek konstituzioez gaindi finkatzen dute aginpide legegilearen egitura. Herrialde batzuetan bi ganberen arteko parekotasuna nabaria da, batez ere Alemania kasu Estatua osatzen duten lurraldeei dagozkien gaien inguruan.

Hala eta guztiz ere, bi ganberako parlamentuetan eredu asimetrikoa gailentzen da, ordezkapen irizpideak aurrea hartzen baitio aurre berezien fenomenoari, izan ere.

 

Parlamentua, gehiengoa eta gutxiengoa

Gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko harremanak izan ohi dira demokrazia modernoek izan duten arazo historikoa.

Adostasun eta desadostasun arazo horri aurre egiteko parlamentuak bi bide har ditzake. Txanda politikoa da lehen baliabidea, baldin eta aldi batean gutxiengoa duen taldeak gehiengoa lor badezake hurrengo legegintzaldian. Bigarren irtenbidea desberdintasuna onartzean datza, Estatu batean dauden gutxiengo etniko, kultural, historiko edo erlijiosoek ordezkapena izan dezaten.Gutxiengo eta gehiengoek gizartea isla dezaten, parlamentuaren egiturak askotarikoa behar du izan, eta iritziak eta jardunbide politikoak uztartzen dituen araudia egin behar du. Araudi hori da, izan ere, aniztasun politiko horren adierazle eta o- narpena.

Parlamentuak ordezkapena egiteaz gainera, erabakiak ere hartzen ditu. Indar guztien adirazpenak erabakien esparrura iristea eskatzen du aniztasunak. Jardunbide parlamentarioko arauen ezaugarri formalak ala informalak xedatzen dituzte herrialde baten ordezkapen kulturak eta ereduak.

Lijphart-ek dioenez, ordezkapen ereduak gehiengo bakunaren arautik hasita (gehiengo txikia), gehiengo zabalaren arauraino (ia erabateko adostasuna) doaz.

Herrialde bakoitzean indarrean dauden hauteskunde sistemak eta alderdi sistemak dute erabakitzen ordezkapen eredua.Estatu mailako alderdiekin batera gehiengo sinplea indarrean dagoen herrialdeetan, gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko binomioan egituratzen da parlamentua, hots, gobernuaren eta oposizioaren arteko binomioan. Aitzitik, gehiengo zabalaren sistema duten herrialdeetan, bien arteko mendekotasun-nagusitasun harremanak murriztu egiten dira, gutxiengoak aukera izaten baitu erabakietan eragiteko.

Gobernu koalizio askotarikoetan, gutxiengo eta gehiengo kontuak ia guztiz desagertzen dira, alderdi txikiek nahiz handiek ia ardura bera baitute gobernuko zereginetan.Gobernu mota presidentzialistetan (Estatu Batuak) eta erdipresidentzialistetan (Frantzia) aipaturiko bi binomioek (gehiengoa-gutxiengoa eta gobernua-oposizioa) ez dute elkar gainditzen; are gehiago, aginpide legegilean eta betearazlean alderdi ezberdinak egon daitezkeenez, batak besteari indarra ken diezaioke. Horrelakoetan aski zaila izaten dira gutxiengoaren eta gehiengoaren arteko negoziazioak.

 

Parlamentuaren lana

Parlamentuaren osaketa kontuan harturik, organo legegileak bi modutan jarduten du lanean: osoko bilkurako lana eta batzordekako lana. Gizarte garatuetan, bi modu horietan lanean aritzeko gaitasunak ematen dio legezkotasuna parlamentuari.

Batzordea baligarriagoa da lan deszentralizatu eta teknikoak egiteko, eta osoko bilkura, berriz, sinbolikoagoak diren ekintzak bultzatzeko.Lau irizpideren arabera neurtzen da batzorde parlamentarioen baliagarritasuna: • batzordearen espezializazioa; • gobernuaren jarduna kontrolatzen duen lanaren iraunkortasuna; • batzordeko kideen izaera eta profesionaltasuna; • batzordearen nagusitasuna, eta gehiengoa duen alderdiak zuzenduriko batzordeen eta oposizioko alderdiek zuzenduriko batzordeen arteko ezberdintasunak.

Irizpide horietan oinarriturik, esan daiteke batzorderik indartsuenek espezializazio handia eta iraunkortasuna dituztela, prestakuntza handiko kidez osatuta daudela eta talde txiki bateko buruzagiek zuzentzen dutela. Aldiz, espezializazio gutxirekin aldi baterako eratu direnak edo prestakuntza urriko kideez osatuta eta gobernuko alderdiak zuzenduta daudenak batzorde ahulak dira. Batzordeen autonomiak aukera ematen du alderdien interes dinamikoa pizteko eta gobernuaren jardunbidea hobeki kontrolatzeko.

Batzorde indartsuek lehia politikoaren gardentasuna areagotzen dute, azken batean.

Dena dela, batzordekako funtzionamendu politikoaren oihartzuna txikiagoa denez, arriskuak ere baditu batzorde lanak: aukera gehiago daude, irizpide tekniko soilen edo interes politikoen itzalean, legezkotasunik ez duten ekintzak egiteko, gobernuak formalki ez baitu batzordeetan parte hartzen.

Bestalde, batzordeetan arerio politikoen jarrerak hurbildu egiten dira, osoko bilkuran ez bezala. Komenigarria da parlamentario guztien parte hartzea gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak eztabaidatu eta erabakitzeko, hortaz.

 

Parlamentuaren ebaluazioa munduan

Herrialde garatuek demokrazia erakunde parlamentario indartsu eta iraunkorretan eraiki badute ere, ez dago argi eredu hori baliagarria den garapen bidean diren herrialdeentzat. Zenbait politologoren arabera, herri horien sistema parlamentarioak ez dira hain iraunkorrak, eta, ondorioz, oso bestelakoak dira indartu beharreko atalak, nazio eraikuntza egitea edo eragingarria den aginpidea bultzatzea, esaterako.

Egun, frogarik ez dago ziurtatzen duenik gobernu parlamentarioa baliagarria dela sortu zen mendebaldetik kanpo, baina begien bistakoa da gutxi izan direla mendebaldetik at iraun duten erregimen parlamentarioak. Mendebaldeko Europan ere urriak dira gobernu parlamentarioek lorturiko emaitzak. XX. mendeko lehen sei hamarkadetan, Europako Estaturik indartsuenek (Alemania, Frantzia, Italia) ezin izan zioten eutsi sistema parlamentarioari.

XX. mendean sorturiko gobernu demokratiko berri gehienentzat eredu izan da sistema parlamentarioa. Sistema hori gaur egun ere baliagarria da Estatuez gaindiko erkidegoa osatzeko Europan. Eta hala ere, neketsua, ia ezinezkoa, gertatzen ari da Europako herritarrek onartuko luketen aginpide legegile indartsu, eragingarri eta zilegizko bati eustea. Organo legegile indartsurik ezean, badirudi europar sistema ez dela gai izango herritar guztientzat onargarria den eredu osatu bat antolatzeko.