Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Legegintzako aginpidea: parlamentua
Munduko herrialde demokratiko gehienetan,
parlamentua da Estatuaren erakundeetako
organo nagusia. Erregimen parlamentarioan
aginpide betearazlea, edo kabinete
gobernua, aginpide legegilearen
mende dago, bere erantzukizuna parlamentuari
azaldu behar baitio, azken batean.
Ameriketako eredu presidentzialista, batez
ere Estatu Bautetakoa, eta Frantziako erdipresidentzialismoa
erregimen parlamentarioaren
salbuespenak dira; izan ere,
sistema horietan herritarrek aginpide legegilea
hautatzeaz gain, aginpide betearazlea
ere hautatu egiten baitute. Europa, Asia,
Afrika eta Ozeaniako herrialdeetan egituraturikodemokraziek aginpide legegilearen
hartzaile den parlamentua egin dute sistemaren
ardatz.
Esan ohi denez, sistema demokratikoetan
zilegitasun zabalena biltzen duen esparrua
da aginpide legegilea, herritarrek
beraiek aukeratzen baitute hauteskunde
libreen bitartez. Dena dela, dinamika politikoaren
eraginez, ahuldu egin da azkenaldi
honetan parlamentuaren aginpidea
bestelako politika organoen mesedetan. Ildo
politiko nagusiak oraindik parlamentuak
finkatzen baditu ere, nabaria da aginpide
legegileak galdu duen garrantzia Estatuaren
aginpide politikoen hierarkian.
Parlamentuaren definizioa
Estatu modernoen historian berebiziko
garrantzia izan du parlamentuak, batez ere,
Bigarren Mundu gerraren ondotik egituraturiko
mendebaldeko demokrazia liberaletan.
Egun, parlamentu modernoak bost
ezaugarri ditu: (1) Estatuaren organo asanblearioa
da; (2) ordezkaritza politikoa eratzen
du iraunkorrak diren (3) prozeduren
bitartez; gizartearen aniztasun politikoa (4)
ziurtatzeko ordezkari politikoak hautatzea
(5) bermatzen du.
• Lehenik eta behin, ehundaka lagunek
osatzen dute parlamentua, eta horretan
datza, hain zuzen ere, aginpide legegilearen
izaera asanblerioa. Parlamentarioen
jarduera kolegiatua ez
dago ezein hierarkiaren mende. Kideak
talde parlamentarioetan biltzen
dira interes publikoko gaiak eztabaidatu
eta deliberatzeko.• Bigarrenik, herria ordezkatzen duen
erakundea da, demokraziek duten tresnarik
egokiena herritarren asmo politikoak
adierazteko, alegia.
• Hirugarrenik, erakunde iraunkorra da
parlamentua, esan nahi baita, bere
aginpideak Estatuaren gainerako botereekiko
mendekotasunik ez duenez
gero, parlamentuak etengabe hartzen
ditu erabakiak; iraunkortasun eta automatismorik
ezean, independentzia
galduko bailuke.
• Laugarrenik, gizartearen aniztasuna
islatzen du parlamentuak, bere jardunbide
legegilean irizpide ezberdinak
ager daitezen.
• Azkenik, herritarrek hautatzen dituzte
parlamentarioak, herriari baitagokio
aginpide horren jabetza.Legebiltzarra oso aspaldi sorturiko erakundea da.
Islandian 1000. urtea aurretik eta Sizilian 1130ean
sortu zituzten beren legebiltzarrak. Dena dela,
Ingalaterran jaio zen, 1300. urtean, gerora beste
ezaugarri batzuekin batzar erabakitzaileen eredu
izango zena erakundea.XVIII. mendean britainiar legebiltzarrak, bertako
hizkuntzaz mintzatzen ez zekiten erregeen
ahultasunaz baliaturik, gobernu era bat zehaztu eta
ezarri zuen, erregimen parlamentarioa, Batzarraren
ardura gobernuari ematen diona, eta Frantzian eta
Belgikan XIX. mende hasieratik imitatu zena.
Parlamentarismoaren historia
Parlamentarismoa, asmaketa bat baino,
eboluzioaren emaitza da, eta gobernu mota
guztien artean erregimen parlamentarioetan
gailentzen da gertaera hori. Aro Modernoan,
biltzar ordezkatzaileak buru egin zion errege-erreginari,
eta parlamentu modernoak
historiaren prozesu horren zuzeneko ondorio
dira. Bilakaera horretan, parlamentua
erregearen aholku emailea izatetik Estatuaren
organo gorena izatera iragan zen. Lehenik
burgesiak eta ondotik herritarrek
baliatu dute organo hori gobernu aparatua
kontrolatzeko. Gizarte modernoaren aurreko
erregimenetan errege-erreginarenarekin
batera jarduten zuen parlamentuaren aginpideak,
baina sistema modernoetan herriaren
borondatearen zuzeneko adierazpena
da parlamentua.
Gizarte egituraren aldaketaren arabera
bilakatuz joan da parlamentarismoa: Erdi
Aroko estamentu eredu zorrotz hartatik,
XIX. mendeko eredu klasistara iragan zen,
harik eta egungo gizabanako guztiak ordezkatzen
dituen eredua azaldu arte. Ereduak
aldatuz joan diren heinean, parlamentua
hautatzeko sistemak ere aldatu dira.
Sistema modernoaren aurreko parlamentuetako
kide izateko gizarte multzo jakin batzuetako
partaide behar zen izan (britainiar
Lorden Ganberako aristokratak) edota horretarako
agindua behar zen jaso (gizarteko
estamentu edo klase zenbaiten ordezkariak).
Parlamentu modernoetan, berriz,
ezkutuko sufragio unibertsalaren bidez
soilik hauta daitezke parlamentarioak.
Erdi Aroko eta egungo parlamentuen
artean dagoen alde nagusia ordezkatuen eta
ordezkarien arteko harreman motan datza.
Erdi Aroan, printzipio fiduziarioaren arabera
jarduten zuen parlamentuak, hau da, hautesle
eta hautetsien harremanak konfiantza
pertsonalean oinarritzen ziren; ordezkariak
hautesleen interesak aginduz babestu behar
zituen, eta bere kargua baliogabe zitekeen.
Parlamentu modernoa, ordea, ordezkaritzaren
printzipioan oinarritzen da, hots,
hautesle eta hautetsien arteko harremanek
konfiantza inpertsonala dute ardatz; ordezkariak
hautetsien interesak ordezkaritzaz
behar ditu babestu, eta bere kargua
zuzenean indargabetu ezin daitekeenez,
hurrengo hauteskundeetan ez bozkatzea da
hura kargutik kentzeko modu bakarra.Estatu Batuetako konstituzioak (1787) kongresua
ezartzen du lehendakariaren, hau da estatuburuaren,
aurrez aurre. Bismarckek ez zuen ahalmenik
Reichstagean ezer ezartzeko. Tsarrak duna bat bildu
zuen 1905ean. Gaur egun estatu orok, dena delako
erregimena duela ere, dauka bere legebiltzarra.
Parlamentuaren eginkizunak
• Sistema demokratikoetan, aginpide
betearazlea hautatzea da parlamentuaren
funtzio nagusia.
Herrialde gehienetan aginpide betearazlearen
burua edo lehen ministroa parlamentuak
hautatzen du, eta Estatu buruak, dela
errege-erregina, dela presidentea, izendatzen
du. Gobernua osatzeko lehen ministroak
hautatzen ditu bere kabineteko kideak.
Gobernuak iraun dezan, parlamentuko
gehiengoaren babesa lortu behar du.
Parlamentuari dagokio gobernuaren erantzukizuna
ikuskatzea eta, hala erabakiz
gero, babesa ematea aginpide betearazleari;
horretarako, parlamentuak aldi oro
onartu behar ditu gobernuaren programa
eta jardunbideak. Gobernuak parlamentuaren
aldeko botoa lortzen ez badu, ganbera
legegilearen konfiantza galdu egiten
du, eta, ondorioz, dimisioa aurkeztu behar
du; dimisiorik ezean, hauteskundeen bidez
gehiengo berria ziurtatu behar du gobernuak.
Babes parlamentariorik gabe, gobernua
behin-behinekoa dela esan daiteke,
bada.
• Parlamentuaren bigarren funtzioa gobernuaren
jardunbidea kontrolatzea da.
Kontrol hori gauzatu ahal izateko
hainbat bitarteko ditu gobernuak, hala nola,
galderak, interpelazio parlamentarioak,
ikerketa eztabaida, batzordeak, eta ohikoa
ez den arren zentsura mozioa. Kabinetearen
eta lehen ministroaren garrantzia indartuz
joan den heinean, gobernua kontrolatzeko
parlamentuak duen ahalmena ere
aldatu da. Parlamentuz gaindiko joera are
indartsuagoa da presidentea sufragioz hautatzen
den kasuetan, Estatu buruak aurre
egin baitiezaieke parlamentuari eta horrek
aukeraturiko gobernuari, Estatu Batuetan
eta Frantzian gertatzen den bezala. Alabaina,
lehen ministroa parlamentuak hautatzen
duen herrialdeetan ere gobernuaren
ahalmena nabarmena da, parlamentua
desegin eta hauteskunde berriak dei baititzake.
Aginpide legegilea eta aginpide
betearazlea alderdi beraren esku ez dauden
askotariko sistemetan, parlamentuaren
ahalmena gailentzen da, lehen ministroak
karguan segitzeko derrigorrezkoa baitu alderdi
ezberdinez osaturiko gehiengoaren
babesa.• Legegintza da parlamentuaren hirugarren
funtzioa.
Legeak egin eta onartzea, alegia. Legegintzak
parlamentarismoaren hastapenean
zuen garrantzia ahuldu da, gobernua indartzeko
joerak aurrera egin ahala. Izan ere,
gobernuaren ahalmen legegilea gero eta
nabarmenagoa da, lege egitasmo azkar eta
eragingarriak egiteaz gainera, parlamentuak
onarturiko lege orokorrak ere garatzen baititu
gobernuak, dekretuak eta araudiak
emanez. Parlamentarioek programa batean
oinarrituriko legeetan eragin dezakete, eta,
jakina, eztabaida orokorretatik kanpo ere
ministroei gai jakinei buruzko galderak egin
diezazkiekete. Baina lege berariazko eta
teknikorik ezin dute egin, horretarako gobernuak
dituen baliabideak ez baitituzte.
Batzorde parlamentarioa ez da legeak egiteko
gobernuz kanpoko botere gunea; izan
ere, aginpide legegileak gobernuz kanpoko
buruzagitza duen kasuetan soilik (Estatu
Batuetan bezala) da garrantzitsua parlamentuaren
jardun legegilea.• Laugarren funtzioa estuki loturik dago
hirugarrenarekin. Finantzazio funtzioaz ari
gara, alegia.
Organo legegileak kontrolatzen ditu
baliabide publikoak, eta berari dagokio,
ondorioz, Estatuaren aurrekontu orokorrak
legez onartzea. Lege hori gobernuak prestatzen
badu ere, parlamentuak egiten du
azken izapidea: irakurtzea eta onartzea.
Parlamentuaren ahalmena aski handia da
Estatuan indarrean egongo den sarrera eta
gastu sistema ezarri edota aldatzeko.• Parlamentuaren bostgarren funtzioa
askoren arteko lehia eta gizarte gatazka
arautzean datza.
Askoren arteko lehia bitartekoen eta
helburuen arteko gatazka mugatua da, eta
parlamentarioak ditu protagonista. Parlamentuan,
gizarte gatazkaren antzezpena
egiten da, alderdi interesen arabera lehian
ala lankidetzan arituz. Lehia gatazkatsua
denean, parlamentuko gehiengoa eta oposizioa
norgehiagoka bortitzean murgiltzen
dira. Aldiz, lankidetza nagusitzen bada, hain
nabarmena ez den gehiengoak adostasuna
lortu nahi izaten du oposizioarekin. Hala
ez badirudi ere, gatazka politika arruntagoa
da ongi kohesionaturiko herrialdeetan, non
parlamentua gatazkaren erritual instituzionalizatuaren
adierazle baita. Zatituriko gizarteetan,
ordea, lankidetza eta adostasuna lortu
nahi izaten du politika parlamentarioak.Munduan zeharreko legebiltzarrak era askotako
errealitateei loturik daude. Herrialde gehienetan
errepublikari eta demokraziari loturik badago ere,
erregimen monarkikoetan eta mendebaldean
demokraziari buruz nagusi den ikuspegitik urrun
dauden gobernuetan ere izaten da legebiltzarra.Hainbeste mota desberdinetako erregimenek beren
herrialdeetako biztanleen ordezkari izango den
organismo bat edukitzearen beharra azpimarratzeak
erakusten du legebiltzarren funtsa: legebiltzarraren
esku dago, hain zuzen ere, herritarren ordezkaritzaren
monopolioa.
Parlamentua eta alderdi politikoak
Alderdi politikoek ez diote beti eman
izan gobernuaren buruzagitzari beharrezkoa
den herri oinarria. Hasieran, ministro jakin
batzuei babesa emateko ordezkari multzo
soila ziren alderdi politikoak. Sufragio unibertsala
ezarri baino lehen hautesleen artean
jarraitzaileak bazituzten ere, XIX. mendeko
azken hamarraldietan baino ez zen
agertu alderdien antolaketa modernoa,
buruzagiak babesteko alderdi parlamentarioen
koherentzia garai hartan finkatu
baitzen. Babes horrek, hautesleekiko konpromiso
gisa ulerturik, aukera eman zuen
alderdiko gobernua eragingarria izan zedin.
Alderdi politikoa parlamentuz kanpoko
herritarren erakundea baino, ordezkapen
prozesuko bitartekaria da. Alderdi parlamentarioak
kanpoko eraginak jaso badezake
ere, erabakiak hautaturiko alderdikideek,
bururuzagitzaren babesarekin, hartzen dituzte.
Parlamentarioen erantzukizuna hautesle
orok eska dezake, ez soilik alderdikideek.
Parlamentarioek alderdiko buruzagien
posizioak beretzen dituzte, eta posizio horien
arabera eratzen dute hautesleekiko
konpromisoa. Parlamentarioen jardunbidea
indibiduala eta kolektiboa da aldi berean,
zeren eta, beren alderdiaren ordezkari gisa
aritzen badira ere, parlamentuko diputatu
akta indibidual eta besterenezinaren arabera
herritar guztiak ordezkatzen baitituzte.
Alderdi politiko baten kohesioa, batez
ere gobernuari babesa ematen dionean,
nahitaezko elementua da aginpide betearazlea
egonkorra izan dadin sistema parlamentarioan.
Halaber, alderdiak, edo alderdien
arteko itunak, parlamentuaren gehiengoa
ere eskuratzea izugarri garrantzitsua da.
Parlamentarismoan, alderdi bakarreko eredua
bazterrean utzirik, bipartidismoa da
kasurik errazena, Britainia Handiko sistema
adibidez. Bi alderdi besterik ez dagoenean,
horietako batek gehiengo parlamentarioa
lortzea sobera samurra da, besteak
ez baitu aski eserleku parlamentuan alderdi
garaileari buru egiteko. Zenbaitetan hiru
alderdik edo gehiagok lehian parte hartzeak
ere ez du eragozten gehiengoa alderdi
bakar batek lortzerik.
Begien bistakoa izan arren alderdi biko
sistemak lorturiko arrakasta, hori ez da
parlamentarismoaren ezaugarri nagusia. Are
gehiago, garrantzizko bi alderdi baino gehiago
dituzten hainbat herrialdek parlamentarismoari
eutsi diote, esaterako,
Eskandinaviako lurraldeak eta zenbait herrialde
anglofono, non sekula ez baita zatiketarik
gertatu. Italia, aldiz, kontrako adibidea
da; bertan sorturiko zatiketak kasik
ezinezkoa egiten du parlamentarismoa bideratzea.Gehiengoa eskura dezakeen alderdirik
ezean, hainbat baliabide dago gobernuak
beharrezkoa duen babes parlamentarioa
lortzeko. Formuletako batek aukera ematen
du alderdi nagusiak kabinetea bere kideen
artean osa dezan, nahiz eta horretarako
parlamentuaren gehiengoa lortzeko
beste alderdi baten edo batzuen aldeko
bozka behar duen. Bada beste formula bat
egonkorragoa dena eta alderdi nagusia indartzen
duena, alegia, kabinetea zenbait
alderdik osatzea. Horrelako koalizioetan
lehen ministroa alderdi nagusiko burua izan
ohi da, edo, bederen, koaliziorako funtsezkoa
den alderdi batena. Alderdi nagusiak
talde txikiago batekin edo birekin osa
dezake kabinetea. Alderdi gehienak edo
guztiak biltzeko aukera ere bada gobernua
osatzeko, baina bide horrek oposizioa indargabetzen
du eta, aldi berean, gobernu
alternatiba. Horrexegatik, koalizio zabalak
soilik gerra eta ezohiko egoeretan dira baliagarriak.
Ganbera bakarreko edo bi ganberako parlamentua
Herrialde baten egitura parlamentarioa
bi modutan era daiteke: ganbera bakarreko
eredua eta bi ganberako eredua.
Ganbera bakarreko ereduan, herritarren
ordezkapen politikoa irizpide bakar
baten inguruan eratzen da, eta indarrean
dagoen hauteskunde legearen araberakoa
da proportzionaltasuna. Ganbera bakarreko
ereduak ez dakar erabateko proportzionaltasuna,
parlamentuko eserlekuak banatzeko
bestelako irizpideak ere badarabiltzalako,
adibidez, barruti bakoitzari dagozkion
eserlekuak edo ordezkapena lortzeko
gutxieneko bozka kopurua. Oro har, esan
daiteke ganbera bakarra duten parlamentuak
Estatuko herritar guztiak ordezkatzeahelburu duten alderdi politikoetan oinarritzen
direla.
Bi ganberako eredua, aldiz, ordezkapen
irizpide ezberdinak bateratzen dituzten
herrialdeetan gailentzen da. Zenbaitetan,
historiaren bilakaerak bultzaturik, antzinako
parlamentuei egitura modernoa
emateko asmotan sortu izan da bigarren
ganbera, esaterako, Britainia Handian Lorden
ganbera osatzeko ezarri zuten Komunen
ganbera; beste batzuetan, kultura edo
nazio anitzeko Estatuek lurralde ordezkapena
eratzeko baliatu izan dute bigarren
ganbera, Estatu Batuek eta Espainiak, besteak
beste.
Bi ganberako parlamentuak bi ordezkapen
irizpide nahasten ditu. Batetik, batasun
irizpidea, Estatu bereko herritar guztiek
berdintasunean sostengaturiko ordezkapena
izan dezaten; bestetik, ezberdintasun
irizpidea, Estatu berean dauden giza talde
bereziek lurraldetasunean oinarrituriko
ordezkapen politikoa izan dezaten, hala
nola, Alemaniako estatuak Bundesrat-en
edo Espainiako autonomia erkidegoak
Senatuan.
Ganbera bakarreko ereduaren ordezkapen
erantzukizuna egonkor samarra
da. Bi ganberako ereduaren zehaztasuna
murritzagoa da, ordea, ganbera bakoitzaren
zilegizkotasuna ezberdina baita. Parlamentuaren
bi ganberek konstituzioez
gaindi finkatzen dute aginpide legegilearen
egitura. Herrialde batzuetan bi ganberen
arteko parekotasuna nabaria da,
batez ere Alemania kasu Estatua osatzen
duten lurraldeei dagozkien gaien inguruan.
Hala eta guztiz ere, bi ganberako parlamentuetan
eredu asimetrikoa gailentzen
da, ordezkapen irizpideak aurrea hartzen
baitio aurre berezien fenomenoari, izan
ere.
Parlamentua, gehiengoa eta gutxiengoa
Gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko
harremanak izan ohi dira demokrazia
modernoek izan duten arazo historikoa.
Adostasun eta desadostasun arazo horri
aurre egiteko parlamentuak bi bide har
ditzake. Txanda politikoa da lehen baliabidea,
baldin eta aldi batean gutxiengoa
duen taldeak gehiengoa lor badezake
hurrengo legegintzaldian. Bigarren irtenbidea
desberdintasuna onartzean datza,
Estatu batean dauden gutxiengo etniko,
kultural, historiko edo erlijiosoek ordezkapena
izan dezaten.Gutxiengo eta gehiengoek gizartea isla
dezaten, parlamentuaren egiturak askotarikoa
behar du izan, eta iritziak eta jardunbide
politikoak uztartzen dituen araudia
egin behar du. Araudi hori da, izan ere,
aniztasun politiko horren adierazle eta o-
narpena.
Parlamentuak ordezkapena egiteaz
gainera, erabakiak ere hartzen ditu. Indar
guztien adirazpenak erabakien esparrura
iristea eskatzen du aniztasunak. Jardunbide
parlamentarioko arauen ezaugarri formalak
ala informalak xedatzen dituzte herrialde
baten ordezkapen kulturak eta ereduak.
Lijphart-ek dioenez, ordezkapen ereduak
gehiengo bakunaren arautik hasita (gehiengo
txikia), gehiengo zabalaren arauraino (ia
erabateko adostasuna) doaz.
Herrialde bakoitzean indarrean dauden
hauteskunde sistemak eta alderdi sistemak
dute erabakitzen ordezkapen eredua.Estatu mailako alderdiekin batera gehiengo
sinplea indarrean dagoen herrialdeetan,
gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko
binomioan egituratzen da parlamentua,
hots, gobernuaren eta oposizioaren
arteko binomioan. Aitzitik, gehiengo zabalaren
sistema duten herrialdeetan, bien arteko
mendekotasun-nagusitasun harremanak
murriztu egiten dira, gutxiengoak
aukera izaten baitu erabakietan eragiteko.
Gobernu koalizio askotarikoetan, gutxiengo
eta gehiengo kontuak ia guztiz desagertzen
dira, alderdi txikiek nahiz handiek
ia ardura bera baitute gobernuko zereginetan.Gobernu mota presidentzialistetan (Estatu
Batuak) eta erdipresidentzialistetan
(Frantzia) aipaturiko bi binomioek (gehiengoa-gutxiengoa
eta gobernua-oposizioa)
ez dute elkar gainditzen; are gehiago,
aginpide legegilean eta betearazlean
alderdi ezberdinak egon daitezkeenez,
batak besteari indarra ken diezaioke. Horrelakoetan
aski zaila izaten dira gutxiengoaren
eta gehiengoaren arteko negoziazioak.
Parlamentuaren lana
Parlamentuaren osaketa kontuan harturik,
organo legegileak bi modutan jarduten
du lanean: osoko bilkurako lana eta batzordekako
lana. Gizarte garatuetan, bi
modu horietan lanean aritzeko gaitasunak
ematen dio legezkotasuna parlamentuari.
Batzordea baligarriagoa da lan deszentralizatu
eta teknikoak egiteko, eta osoko bilkura,
berriz, sinbolikoagoak diren ekintzak
bultzatzeko.Lau irizpideren arabera neurtzen da
batzorde parlamentarioen baliagarritasuna:
• batzordearen espezializazioa;
• gobernuaren jarduna kontrolatzen duen
lanaren iraunkortasuna;
• batzordeko kideen izaera eta profesionaltasuna;
• batzordearen nagusitasuna, eta gehiengoa
duen alderdiak zuzenduriko batzordeen
eta oposizioko alderdiek zuzenduriko
batzordeen arteko ezberdintasunak.
Irizpide horietan oinarriturik, esan daiteke
batzorderik indartsuenek espezializazio
handia eta iraunkortasuna dituztela,
prestakuntza handiko kidez osatuta daudela
eta talde txiki bateko buruzagiek zuzentzen
dutela. Aldiz, espezializazio gutxirekin aldi
baterako eratu direnak edo prestakuntza
urriko kideez osatuta eta gobernuko alderdiak
zuzenduta daudenak batzorde ahulak
dira. Batzordeen autonomiak aukera ematen
du alderdien interes dinamikoa pizteko
eta gobernuaren jardunbidea hobeki kontrolatzeko.
Batzorde indartsuek lehia politikoaren
gardentasuna areagotzen dute,
azken batean.
Dena dela, batzordekako funtzionamendu
politikoaren oihartzuna txikiagoa denez,
arriskuak ere baditu batzorde lanak: aukera
gehiago daude, irizpide tekniko soilen
edo interes politikoen itzalean, legezkotasunik
ez duten ekintzak egiteko, gobernuak
formalki ez baitu batzordeetan parte hartzen.
Bestalde, batzordeetan arerio politikoen
jarrerak hurbildu egiten dira, osoko
bilkuran ez bezala. Komenigarria da parlamentario
guztien parte hartzea gizartearentzat
garrantzitsuak diren gaiak eztabaidatu
eta erabakitzeko, hortaz.
Parlamentuaren ebaluazioa munduan
Herrialde garatuek demokrazia erakunde
parlamentario indartsu eta iraunkorretan
eraiki badute ere, ez dago argi eredu
hori baliagarria den garapen bidean diren
herrialdeentzat. Zenbait politologoren arabera,
herri horien sistema parlamentarioak
ez dira hain iraunkorrak, eta, ondorioz,
oso bestelakoak dira indartu beharreko
atalak, nazio eraikuntza egitea edo eragingarria
den aginpidea bultzatzea, esaterako.
Egun, frogarik ez dago ziurtatzen duenik
gobernu parlamentarioa baliagarria
dela sortu zen mendebaldetik kanpo, baina
begien bistakoa da gutxi izan direla
mendebaldetik at iraun duten erregimen
parlamentarioak. Mendebaldeko Europan
ere urriak dira gobernu parlamentarioek
lorturiko emaitzak. XX. mendeko lehen sei
hamarkadetan, Europako Estaturik indartsuenek
(Alemania, Frantzia, Italia) ezin
izan zioten eutsi sistema parlamentarioari.
XX. mendean sorturiko gobernu demokratiko
berri gehienentzat eredu izan da
sistema parlamentarioa. Sistema hori gaur
egun ere baliagarria da Estatuez gaindiko
erkidegoa osatzeko Europan. Eta hala ere,
neketsua, ia ezinezkoa, gertatzen ari da
Europako herritarrek onartuko luketen
aginpide legegile indartsu, eragingarri eta
zilegizko bati eustea. Organo legegile
indartsurik ezean, badirudi europar sistema
ez dela gai izango herritar guztientzat
onargarria den eredu osatu bat antolatzeko.