Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Lurralde antolamendua eta naturguneak

Arbaiungo arroila, Nafarroa.<br><br>

Lurralde antolamendua izan da azken urteotako bilakaerarekin ados ez zeuden pertsona eta taldeen xederik gutiziatuenetako bat, beren herrialdeei zegozkien lurralde eredu egokienak erabakitzerakoan eskuhartze zuzena izan nahi baitzuten. Lurraldea gobernatzen duten elementuek –gurea bezalako ekonomia batean, funtsean merkatuak (eskaintza-eskariaren dinamika)–, kontrolik gabe jokatu dutelako, ingurumenean eta pertsonen bizi kalitatean sortutako desorekak konpontzea izango litzateke eskuhartze honen helburua.

Hala, lurralde antolamendua espazioaren errealitatea ikertzen duen, haren egoerari buruzko diagnosia egiten duen eta aurkitutako arazoak konpontzeko eta ahaztuta dauden baliabideen erabilerak sor litzakeenaukerez baliatzeko jarduera bideak planteatzen dituen diziplina zientifiko bilakatu da.

Honekin guztiarekin batera, lurralde antolamendua administrazioaren egitekoa ere bada, administrazio publikoen ekimenak eta erabaki politikoak ere beharrezkoak baitira antolamendu saio horiek gauzatzeko.

Lurralde antolamenduaren helburua lurraldearen luzerako kudeaketa lortzea da, halako eran non baliabideen erabilera eta baliabide horien iraupena bat etor daitezen.

Helburu hau lortzeko oztoporik larriena, eskura dauden baliabide horiek erabiltzeko lehian dauden era bateko eta besteko interesak bateratu behar eta ezinean datza.

Batez ere gizarte eragile guztiek ez dutelako aukera berbera beren nahi edo interesak baliarazteko.

 

Naturguneak: lurraldea antolatzeko saioa

Giza jardueraren ondorioz gertatutako ekosistemen eta balio handiko ingurumenen etengabeko hondamendia zela eta, izendatu ziren XIX. mendearen amaieran babesturiko lehen naturguneak. Estatu Batuetako Yellowstoneko Parke Nazionala izan zen lehendabizikoa. Inguru horretan basoen ustiaketatik bizi zen komunitate txiki bat bizi zen. Parkea egiteko, esparru hori mugatu egin zen, giza-jarduketak zorrotz murriztu ziren eta bertako biztanleak, azkenean, kanpora bota zituzten. Hortaz, munduan egin zen lehen nagurgunea polemika sutsu baten erdian jaio zen eta administrazio federalaren eta bertako biztanleen arteko gatazka larria ekarri zuen izendapen horrek.

Espainian XX. mendeko bigarren hamarraldian izendatzen dira lehen Parke Nazionalak.

Hala ere kontzekptuaren sorrera lehenagokoa da. Paisajeari buruzko teoriak eta birsorkuntzari buruzkoak daude bere oinarrian.Birsorkuntzari buruzko teoriek, esate baterako, «errekonkistaren teoria» moduko baten antzera aurkezten dute izadiaren babesa, berrikuntza moral, estetiko eta ideologiko baten antzera, gizartearen eta politikaren krisialdia nabarmena den garai batean. Baina horrez gain, bada beste ikuspegi bat, naturguneak hirian gertatutako narriaduraren aurkako esparru bezala aurkezten dituena, haietan aurkitzen balira bezala hirian falta diren araztasunaren, ordenaren eta nobletasunaren balioak. Halako eran, non 1914. urtean garbiro planteatzen baita hirien aldarrikapen modura parke nazionalen politika baten beharra, hiri handietan berdeguneak egitea bultzatzen duen politikaren osagarri bezala. Naturgune babestuen kontzeptuaren sorreran, garrantzizkoa den lehen ideia bat aurkitzen dugu: kontzeptua hirian jaiotzen da, hiriko biztanleek kalitateko inguruneak izateko duten beharrari erantzunez eta baita XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako gizartearen eta politikaren birsorkuntzaren sinbolo bezala ere. Lehen hasiera horretan gutxi edo batere ez da hitz egiten bertako biztanleei buruz, ez ziren horiek, ezta gutxiagorik ere, miresten zena, «izadiaren eta paisajearen edertasuna» baizik. Ingurune naturaletan inbertsioak egiteko beharra planteatzen bada ez da bertan bizi direnen bizi baldintzak hobetzeko, hiritarrek eskurago izan dezaten eta inguru eredugarri honetaz gozatu ahal izan dezaten baizik.

Naturgune babestuen aldarrikapenarekin edo kudeaketarekin loturiko istiluak, naturguneak berak bezain zaharrak dira.

Pirinioetan dokumentatzen den lehen gatazka 1918koa da, Ordesa Bailarako Parke Nazionala sortu eta berehalakoa. Arazas finkaren erabilera tradizionalei ezarritako mugek, eta azkenik finka honen derrigorrezko desjabetzeak eragin zuten gatazka.

Administrazioak ez zuen agindutakoa bete, hau da, ez zuen debekatutako jarduketen ordezko izango ziren beste jarduketa ekonomiko batzuk ahalbideratuko zituzten azpiegiturak sortzeko inbertsiorik egin, eta beraz, askok eta askok aurrera jarraitu zuten erabilera tradizionalekin. Mende osoan zehar gertatu dira era honetako istiluak, eta ez Pirinioetan bakarrik, antzeko arrazoiak direla eta, itxura batean behintzat. Istilu hauek, bertako biztanleei, inoiz onartuko ez dituzten araudi mugatzaileak indarrez ezarrita konpondu izan dira batzuetan, eta besteetan, berriz, esparru bat babestutako gune izendatzeko ezintasuna onartuz.

1971. urtean Unescok bultzatutako Gizona eta Biosfera programaren barruan, Biosferako Erreserba kontzeptua sortzen da, halako gatazkak gainditzeko asmoz. Santutegi itxiaren ideia ahaztu arazteko asmoz eratu zen kontzeptu berri hau, edozein gizajarduketa, lurraren erabilera tradizionala, batik bat, erabat baztertzen baitzen ordu arte. Hortaz, gizonari eta gizarteari zegozkion alderdiak ere kontuan hartzen ziren, babes politikak egiterakoan eta beharrezkoak ziren jarduera programak zehazterakoan inguru fisikoari zegozkion kontuei adinako garrantzia ematen zitzaielarik.

Naturguneen kudeaketa bere osotasunean hartzen da eta neurri berberean babesten dira paisajearen aberastasuna eta bioaniztasuna, eta bertako biztanleen prestakuntza eta garapena.

Unesco den bezalako nazioarteko erakunde baten aldarrikapenak eta ekintza praktiko batzuk gora behera, naturgune izendaturiko eremurik gehienak gatazka iturri dira oraindik ere, batzuetan, ingurunearen babesarekin bateraezinak diren erabilerak direla eta, baina baita ingurunearen babesa eta luzerako garapen sozioekonomikoa bi-biak kontuan dituen kudeaketa politika orokorrak falta direlako ere.

 

Babesturiko naturguneak Euskal Herrian

Euskal Herriko naturguneen egoera ez da alde guztietan berdina, eta bi dira nagusiki desberdintasun horren eragileeak.

Alde batetik lurralde eredu desberdinak, eredu ondorioz natur ingurunearen errealitatea aski desberdina baita leku batean ala bestean. Esate baterako, ingurune batzuek urbanizatze prozesu bortitza jasan behar izan dute eta beste batzuetan, berriz, baserri egiturak bizirik diraute oraindik. Ingurune batzuk industrialak dira gehienbat, horrek gure garapen ereduan ingurumenarentzat dakartzan ondorio guztiekin, eta beste batzuetan, berriz, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak mantentzen dira, gero eta marjinalagoak badira ere. Baina lurraldez lurraldeko desberdintasun horrez gain bada beste bat hori bezain garrantzitsua, administrazio politikarekin zerikusia duena. Euskal Autonomia Elkarteko (EAEko) gobernuak garatutako politikak ez du antzik Nafarroako Gobernuak aurrera eramandakoarekin. Lurralde autonomo hauetako bakoitzak Espainiako estatukoaren hedapena den berezko legeria du. Estatu mailako oinarrizko legea, Naturguneen eta Basoko Faunaren eta Landarediaren Babeserako 4/98 Legea da. Lege horrek, besteak beste, babesturiko naturguneeak izendatzeko arauak eta prozedurak zehazten ditu.

 

Nafarroako egoera

Naturguneak izendatzearen aldeko lehen mugimenduak 70etako hamarraldian sortzen dira. Izadiaren Adiskideen Nafarroako Elkarteak zortzi erreserba pribaturen sortzeko bultzatu zuen, jabeek ingurunearen hondamena ekarriko zuen jarduerarik onartuko ez zutelako konpromisoa hartzen zutelarik. Ekimen hau hutsean amaitu zen instituzioen aldetik inolako laguntzarik jaso ez zuelako. 1972. urtean Nafarrako Foru Aldundiak Belagoako Ibarraren Antolakuntza, Babes eta Sustapenerako Plana aurkeztu zuen, handik eta urte batzuek pasa arte gauzatuko ez bazen ere. 1976. eta.

1977. uteetan lehen ehiza erreserbak izendatzen dira (Arbaiun eta Pitillas). Erreserba hauei ezin zaie oraindik naturgune izenik eman, babesa eta planifikazioa ez baita modu orokorrean egiten, zatika baizik (kirola ehiza debekatuz) Ehizaren Legeriatik datorren arau bati dagokion bezala. 1984.. rtean Bertizeko Jaurerriko Parke Naturala izendatzen da (2000 ha). Lurrak Nafarroako Gobernuarenak dira, aurreko jabeak egindakoemariaren ondorioz. Kantauriko ibarren Eskualdean aurkitzen da, Bidasoa ibaiaren ertzean eta hango basoak berezkoak dira neurri handi baean.

1987. urtean Lurraldearen Babes eta Erabilerarako Eskualdeetako Arau Urbanistikoen 1/87 Foru Legea ateratzen da.

Lege honek interesa duten esparruak babesteko kategoria multzo bat zehazten du.

Lege hau garatuz, zenbait foru dekretu atera dira 3 erreserba oso, 38 izadi erreserba eta 26 izadi gune izendatu dituztenak.

Babesgune hauez gain, 1991. urtean Hegaztien Babes Berezirako 14 zona izendatu ziren, Europako Batasunaren 79/409 Zuzentaraua garatuz.

Epe laburrera 3 Parke Natural berri izendatzeko aukera aurrikusten da, bai Piriniotan eta bai Mediterraneoko esparruan.

1989-1990 bitartean Pirinioetako esparrua hartzen zuen halako izendapen saio bat izan zen, baina mendialde horretako biztanleek ezezkoa eman zioten.

 

EAEko egoera

Nafarroan bezala, 70etako hamarraldian sortu ziren izadi gune batzuen aldeko lehen gizarte mugimenduak. 1976. urtean, Zain Dezagun Busturialdea, Murueta Ontziola enpresa Gernikako itsasadarrean burutzen ari zen dragatze lanen aurka atera zen. Aurreraxeago, Gorbeia, Urkiola eta gisako guneen aldeko mugimenduak batuko zitzaizkion ekimen horri. Helburu bat eta bera zuten guztiek, hots, esparru horiek Parke Natural izendatzea eta etengabean gertatzen ari zen endekatzea geldiarazteko bitaterkoak jartzea.

Urdaibai izan zen, 1989. urtean, osorik babestu zen lehen gunea, horren aurretik, 1984. urtean UNESCOk gune hori Biosfera Erreserba bezala izendatua bazuen ere.

Izendapen horren ondoren Urkiolari zegokiona etorri zen 1990ean, Valderejokoa 1992an, Aralar eta Gorbeiakoak 1994ean eta Aiako Harriarena 1995ean. Ondoren Aitzgorri, Entzia, Izkiz, Pagoeta eta Raneroko Aitzak izendatu ziren. Zerrenda honetan ez dira jasotzen Ehiza babeslekuak, batez ere Gipuzkoan garrantzi handia dutenak, antolamendu orokorrak ez baina zatikako jarduerak direlako. Esparru hauetan ehiza debekatuta dago, oro har, etenik gabe.

1994. urtean Euskal Herriko Izadiaren babeserako Legea onetsi zen (94/7/27ko EHAA). Bertan hiru tipologia zehazten dira izadi guneen artean: Parke Naturalak, Biotopo Babestuak eta Zuhaitz Babestuak.

Lege horrek tipologia horietako bakoitzari dagozkion Antolamendu eta Kudeaketa baliabideak zehazten ditu, Parke Naturalei dagozkienak baizik ez badaude ere argi eta garbi. Asko zehazten du gainera oinarrizkolegeria (89/4ko Legea) garapen sozioekonomikoari dagokion atalean, izadi guneen izendapenak dakartzan erabileraren murrizketak eragindako biztanleei zor zaizkien ordain sozioekonomikoei dagokienez.

Lege honek zehazturiko tipologiari jarraituz Biotopo Babestu izendatu da, jada Gorbeiako Parke Naturalaren barruan zegoen Itxinako eremua. Horrez gainera beste Biotopo batzuk ere izendatu dira, hala nola, Leitzaran, Laguardiako Aintzirak, Zarautzko Dunak, San Juan Gaztelugatxekoa… Biotopo Babestuei dagokienez eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako ikerketa batzuen arabera, 22 izenda daitezke guztira Araban, 12 Bizkaian eta 17 Gipuzkoan.

Orain artekoak, egin diren izendapenen zifrak dira, hau da, azterketa kuantitatiboak.

Askotan, tamalez, horretan amaitzen da eztabaida, emaitzen baloraziorik egin gabe. Eremu bat naturgune izendatzeak ez du haren babesa ziurtatzen, ez behintzat euskal administrazio publikoak bultzatzen ari diren ereduari jarraituz. Parke natural batzuetan aurrera jarraitzen dute, eta zenbait kasutan areagotu egin dira, harrobien ustiaketa (Urkiolan, adibidez) eta ehiza (hau ia parke natural guztietan gertatzen da erreserbaturiko zonetan izan ezik). Gainera, eremu hauek zituzten zenbait arazori amairik ez emateaz gain, beste arazo bat da zona bat naturgune izendatzeak igo egiten duela haren balioa, eraikuntzari dagokionez, adibidez, eta parkeetako eremurik babestuenetan kontrola oso zorrotza bada ere, ez da gauza bera gertatzen gainerakoetan, hedadurari dagokionez zabalenak direnetan. Bisitarien emana ere ikaragarri hazten da eremu bat izadi gune izendatzearekin (Valderejon gertatzen den bezala), eta horren ondorioz artean inoiz izan gabeko arazoak hasten dira sortzen eta beste batzuetan, Urkiolan edo Gorbeian esate baterako, larriagotu egiten dira lehendik zeudenak.