Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Zer dira gizarte zientziak?
Batasunetik aniztasunera; diskurtsotik zientziara
Entziklopedia honen liburuki honek Gizarte Zientziez dihardu. Liburuan, eta gaien hurrenkeran, zientzia multzo honetako aztergai nagusiak landuko ditugu zeren eta, hona hemen lehenengo gogoeta gaia, ez baitago gizarte zientzia bakarra, hainbat gizarte zientzia baino.
Lehenengo garaiak
Antzinaroan eta Erdi Aroan, ia Errenazimendua
arte, zientzia osoa lantzen zuten
«zientzialariek», jakintsuek. Horrelakoen jakinduriak
garaian garaiko jakintzagai guztiak
hartzen zituen: Filosofia, Historia, Teologia,
Artea, Matematikak, Teoria Politikoa
eta abar. Segur aski ikerketan eta zientzian
ziharduten denek ez zituzten menderatuko
jakintzagai guztietako ezagupen guztiak,
baina behintzat bazuten horiek denak eskuratzeko
asmoa, beren iritziz errealitatea
ezagutzeak berezko zuen-eta jakingura giza
gertaera guztietara hedatzea, gizakiarengana
eta gizatasunera –gizakiaren baldintza
edo egoera–. Errealitate horien guztien ikuspegi
globala nahi zuten izan.
Denetara iritsi nahi horren erakusgarririk
nabarmenena Errenazimendua izan zen;
Florentziako eta Rotterdameko humanistak
politikari ziren (Machiavelli), edo pintore
(Leonardo da Vinci) edo moralista (Erasmo),
baina den-denek asko zekiten bestelako
gaietan, eta jainko zein giza gauzak
xede eta ikuspegi bakarraren mendean aztertu
beharrekoak ziren, haien guztien
aburuz.
Izan ere, eta hona hemen analisi dimentsio
berri bat, lehengo garaietako zientziakbazuen helburu jakin bat; «zientzialariek»
gizakia eta mundua azaltzen zuten bizimodu
hobea –banakoa zein gizaldekoa– proposatzearren;
ezagumena lantzeak asmo
arautzaileak izan ohi zituen: jakiteak gizakiak
zoriontsuago egitea zuen helburua.
Eta, halaber uste zuten jakinduria onuragarri
izan zedin, modu bateratuan, artikulatuan
behar zela antolatu. Horrela, adibidez,
jakitate fisikoak erabilgarri ziren herritarra
libreago bihurtu ez ezik, gobernu onaren
artea trinkotzen ere baitzuen; eta, horrela,
herritarrek zein agintariek artea zein
morala behar zituzten biziera osatuagoa
lortzeko.
Errenazimenduan lortu zen batasunik
handiena; eta Errenazimenduan bertan hasi
ziren zientziak zatikatzen ere, anitz bihurtzen.
Lehenengo iraultza zientifikoa
Aurreneko zatiketa Zientzia Zehatzak
eratzean gertatu zen, hau da, zientzia hutsak
jakintzagai banandu eta berezi gisa agertzerakoan.
Aro Modernoko zientzialari handiek
(Galileo, Bacon, Newton), zientzia
esperimentalak bitarte, gizakiaren inguru
materiala arautzen duten legeak halako
zehaztasun eta egiatasun errotiko batez
ezagutu nahi zituzten, bestelako helburu
moralik gabe (jakitea ona da berez). Egia
esan, ezaguera horrek, zientzia modernotzat
jo dezakegunak, ez ditu gaitzesten ezagupen
moral eta politikoak, baina beste
ordena batean sailkatzen ditu; eduki nahi
diren ezaguerak dira, benetan, baina giza
portaera aldakor eta apetatsuaren mendeko
diren neurrian, ezagupen ez oso objektibotzat,
egiaztatzen zailtzat eta erregulartasun
aurretik ezin esanekotzat jotzen dituzte.
Urteak aurrera joan ahala, zientzia «fisiko»
horiek (Medikuntza, Matematika, Fisika
bera, Astronomia eta abar) berezko
estatutu berezia edukitzen hasi ziren, baitaezagutzeko modu berezia ere; behatzeak,
saiatzeak, errealitatea pasiorik erantsi gabe
ezagutzeak osatu zuten metodo berria.
Gainontzeko jakintzagaiak falta dira;
Politika, Historia, Filosofia. Hala ere, hainbat
urtetan oraindik, XIX. mendea arte, baturik
iraun zuten jakintzagai horiek, osorik, helburu
arautzailedun orotariko ikuspegi bakarra
eratuz; Ilustrazioko pentsalari itzaltsuak
(Kant, Hegel, Entziklopediaren sustatzaile
eta idazleak) moralista handiak dira; naturaz
eta gizakiaren jokabideaz (izpirituzkoa,
praktikoa, kolektiboa) dakitena gizakia eraldatzeko
idealaren mendeko jarri nahi zuten.
«Giza» zientzia horiek (fisikoen kontrakarrak)
baliagarri izan behar dute mundua
ulertu eta hobetzeko.
Bigarren iraultza zientifikoa
XIX. mendetik, apur-apurka eta etengabe
gaur arte, giza zientzia horiek, aurrerantzean
Gizarte Zientziak esango diegunak,
birritan itxuraldatu dira.• Bateko, elkarrengandik aldentzea.
XVI. mendeko humanistak jakintza alor
guztien ikuspegi antolatu eta artikulatua
izan bazezakeen ere eta XVIII. mendearen
amaierako ilustratuak kosmos ikuskeretan
gizakiaren izpirituaren eta bizialdiaren jakintza
guztiak laburbiltzen eta elkartzen
bazituen ere, giza zientzialari berria, gure
garaikidea, multzo zati batez baino ez da
arduratuko. Gizarte zientziak behin eta berriro
zatitzen dira. Historia, Filosofia, Teologia,
Politika, Ekonomia, Soziologia, Psikologia
eta abar jakintza alor autonomo bakanduak
bilakatuko dira. Giza jakintza espezializatuz
joango da... eta mugatuz. XIX. mendean,
artean, batzuek jakinduriaren osotasuna
aldarri zuten (Marx izango da segur
aski azken ilustratua eta lehenengo gizarte
zientzialaria), baina gure mendetik aurrera
gizarte zientziak analisi izugarriak izango
dira, espezialista... handienak.• Bigarren aldaketa ikusgarriagoa izan
zen. Gizarte zientzialari berriek, nork bere
alorrean, ezagupenak bestela bideratzen
dituzte. Kontua ez da, dagoeneko, diskurtso
moralak egitea, herritarrak zoriontsu izan
daitezen politikariek nola jokatu behar luketen
azaltzeko edo ekonomiak (ondasunak,
lana) nola egon behar duen kaltetuen
pentsuan, edo gizakiak nola izan
behar dituen grinak oinperaturik, horiek
guztiak azaltzeko. Orain kontua da jakitea
politikariek nola eta zergatik jokatzen duten
halako moduan eta ez bestela, eta
zergatik aukeratzen edo bertan behera lagatzen
dituzten herritarrek politikariak;
zergatik eta nola mugitzen, igotzen edo
jaisten diren salgai, prezio eta lansariak;
zergatik erotzen dituzten grinek gizakiak,
eta zergatik izaten dituen gizakiak ideia
moral edo erlijiosoak. Gizarte Zientziek
zientzia fisikoen itxura hartzea erabaki dute.
Zeregina ez da zer gertatzen den balioestea
eta beste gauzak beste era batera izango
diren itxaropena izatea. Zer gertatzen
den behatu, neurtu, saiatu eta zehatz-mehatz
azaltzea da kontua, behaketa horietan
oinarri hartuta arau finkoak ezartzea.
Zientzia Zehatzetan legez, legeak hor direla
egiaztatzea eta lege horiek erabilita,
gertaerak iragartzea da helburua. Gizakiaren
eta inguruaren gaineko diskurtso morala
zientzia bihurtu da; giza izaera eta zirkunstantzia,
ustez, zehazki ezagutzea.
Berriro aztertzeko garaiak
Hala ere, orain dela gutxi hasi dira berriro
aukera historiko hori aztertzen. Espezializazioak
hiperespezializaziora eroan
du. Ez dago halako gizarte zientzia bateko
espezialistarik, adibidez, zientzia politikoan;
batzuek partidu politikoak dituzte espezialitate,
bestetzuek gobernuen gizarte politikak
eta horrela etengabe. Gehiegizko zatiketa
horren ondorioz, erabat ezinezkoa
da mundua ezagutu eta interpretatzea; benetako
mundua harreman multzo aldakorra
baino ez delako. Gure adibideari jarraituta,
partiduak, hauteskunde politikoak, gobernuen
gizarte politikak eta abarrak daude
harremanetan, eta, gainera, mundu politiko
hori harremanetan egongo da ekonomi
egiturekin eta gizarte taldeekin, kulturekin,
eta horrela, etengabe. Egia da, mundua
gero eta konplexuagoa da eta ezinezko
gertatzen da gertaturiko guztiaren berri izatea,
baina, bestalde, ez dugu munduaren
zatitxo bat ezagutzerik izango –halako
zorroztasun apur batez–, harreman sortan
txertatu ezean: erronka gainditzen zaila,
baina garaitu beharrekoa. Bestela, gizarte
zientzien jarduna alfer lan hutsa izango da.
Eta hori bitarte dela zientzialariek gero eta
maizago aldarrikatzen dute diziplinartekotasuna,jakintza alorrak elkarrekin konbinatu
eta erlazionatu beharra. Atzera ere,
bada, ikuspegi bateratuetara.
Bigarren berrikuspenak beste aukera bat
dakar hizpidera. Ez da halako ageri-agerikoa
gizarte ekintzak eta gizakia eragile erabakigarri
duten gertaera eta harremanak modu
hotz eta objektiboan antzeman ote daitezkeen;
ezin dira aurretik zehazki iragarri
jokabide sozial, politiko eta ekonomikoak,
nahiz eta lehengo jokabideak neurtu, sailkatu
eta ordenatu diren. Gainera, ez dago
bat ere argi gizarte zientzialariek benetan
ez ote dioten azterturiko errealitateari balio
jakin bat aitortzen, ez ote duten aurretiko
ikuspegi edo jarrera bat izaten (jakinaren
gainean edo ezari-ezarian) errealitatehorri dagokionez, gizarte zientzialariak
errealitatearen deskribatzaile hotzak direla
esan ohi den arren.
Objektibotasun ezinezko edo zalantzazko
horrek berak eragin du bigarren itzulera;
berriro gogoan hartu behar izatea ea errealitate
sozial, politiko eta abar horien gaineko
ikerlanek ez ote dituzten balioespenak,
proposamenak eta ebazpideak ere eman
behar. Nabarmen-nabarmena da kontua ez
dela lehengo diskurtso moral txundigarri
bezain abstraktu eta urrunak berreskuratzea,
baizik eta onartzea giza gertakizunaren gaineko
ikerlanak halako prisma moral jakin
batetik egiten direla, balio mota batzuen (eta
ez besteren) alde aukera eginda; eta ezer ez
dela jazotzen horrela jokatu arren.
Ikergaia; lehenengo azalpena
Gizarte Zientziak errealitateari buruzko
jakintzagai eta ikuspegi multzoa dira, elkarri
lotuago egon behar izan arren, benetan ia
iker alor bananduak diren ikuspegiak. Zeintzuk
dira jakintzagaiok? Lehendik esana
dugu giza jokabidea zuzen edo zeharrez
aipatzen duten guztiak direla. Hala ere,
«gizarteko edo sozial» deiturak zirkulua areago
mugatzen du. Horrela, Gizarte Zientziatzat
joko genituzke gizakia testuinguruan,
harremanetan azaltzen dituzten ikasketak,
zehazkiago, harreman edo inguruhoriek azaltzekoak. Beraz, Soziologiak
gizaldeekiko eta gizarte klaseekiko harremanean
zein gizarte talde horiek eratzen
dituzten harreman multzoa kontuan izanik
azalduko du gizakia. Eta beste hainbeste
esan liteke Ekonomiaz eta Politikaz. Lehenengoaz
den bezainbatean, garrantzizkoak
izango dira ekonomi egitura eta koiunturen
aldaketak, bigarrenean aginpide politikoaren
eta gizarteko banakoen arteko erabaki
eta eskakizunen joan-etorri eta harahona
guztiak. Bide horretatik, Historiak
berariaz ikertzen du (edo ikertu behar luke)
lehengo garaietako harreman sozial, ekonomiko
eta politikoen multzoa. Laburbilduta
esan genezake jarrera edo inguru kolektiboak
nahiz jarrera edo inguru kolektiboenzergatikoak eta ondorioak aztertzen
dituztela Gizarte Zientziek.
Horrela, hasteko, ez dira gizarte zientzien
multzora biltzen Psikologia edo Filosofia
edo Erlijioa (nahiz eta, begi bistan
dago, Giza Zientziatzat jotzen ditugun) horietan
gizakiaren jarrerak, pentsamendua,
arrazoia, joera transzendentea ikertzen diraeta,
inguru kolektibotik landa.
Baina ageri-agerikoa da horrelako jakintza
alorretan oso eztabaidagarria dela indibidualtasunak
kolektiboaren aurrean duen
lehentasuna. Horrela bada, Psikologiak
oso arlo berezitzat du gizarte Psikologia,
gizarte inguruak sorturiko giza jarreren
motibazioak ikertzen dituenez gero; eta
kulturak zein ideologiek; hauek batez ere;proposamenak azalduko dizkigute mobilizazio
sozialerako zein arau eta jarrera
kolektiboetarakoak, diskurtso etikotik eta
filosofia moraletik oso mugatzen zailak
direla. Eta azkenik erlijio praktikak konnotazio
sozial ukaezinak ditu eta sarritan
(ikus, adibidez islamismoa), munta handikoak.
Hori dela eta, giza zientzia batzuen eta
besteen gizarte dimentsioa beharbada ez
da intentsitate kontua baino. Zientzia batzuetan
–entziklopedia honetan azterturikoak,
Historia eta Zuzenbidea izan ezik–
sozialtasuna, kolektiboa nonahikoa da eta,
ezbairik gabe, erabakitzailea. Bestetzuetan
–liburu honetan aztertzen ez diren
gainontzeko giza zientziak, erlijioak jokabide
kolektibo gisa izan ezik– sozialtasunaren
eragina eta agerpena ez da halako
garrantzitsua.
Ikergaia; deskribapen liskartsua
Gure gizarte zientzien multzoa aukeratu
dugula –Soziologia, Ekonomia, Giza
Geografia (Soziologiaren eta Ekonomiaren
nahasketa), Politika, ideologiak eta erlijioak–,
horiek guztiak konparatu beharko ditugu;
edo, zehatzago, hierarkiak ezarri zientzia
horien artean. Galde baikenezake: zein
da garrantzitsuena? Galderak inozoa badirudi
ere, umeak zein baino zein indartsuago
dabiltzanean legez, erantzunak tinta
ugari isurarazi du.
Lehenengo eta behin, diskurtso moralak
zientzia «zientifikoak» (barka errepikatzea)
bihurtutakoan, lehentasuna aitortu
zitzaion gizarte inguruen multzoari gizakiaren
borondatearen eta askatasunaren
aurretik. Zientziaren mendea zen XIX.. endearen hasieran historia eta gizakiaren
bilakaera gizakiaren planifikazio borondate
autonomoaren mendean zegoelako adierazpena
hasi ziren jotzen munduaren gaineko
ikuspegi idealista eta sineskortzat. Ikuspegi
berriek esango digute gizakiaren lantoki,
bizitoki eta hausnar-toki diren testuinguruek,
inguruek –ekonomi egitura, klase
sozialak, ideologiak, sistema politikoa–
modu esanguratsuan baldintzatzen dituztela
gizakiaren ulermena, nahimena eta ekimena.
Gizakia erabakimenaren jabe da,
baina inguru kolektibo horiek erabakia
markatzen dute, aurretik definitzen.
Bigarren unean, eztabaidak eutsiko die
gizarte zientzien barne lehentasunei. Eztabaidagaia
ez da aldez edo moldez zehaztea
zein egiturak eta koiunturak eratzen
dituen aurretik banakoaren giza borondateeta jokaera, zein errealitate kolektibok, baizik
eta jakitea zein egiturak menderatzen
dituen gainontzeko egiturak.
Eztabaida horretan lehenengo erantzuna
marxismoak eman zuen. Pentsamolde
horren iritziz, ekonomia –gizakiak nola sortzen,
saltzen eta lan egiten duen, eta nola
jabetzen den bere lanaz eta besteenaz– bera
da egitura nagusia; berak definitzen du nola
pentsatzen dugun, nola antolatzen dugun
aginpide politikoa –Estatua–, laburbilduta,
nola bizi garen.
Baina, espero izatekoa zen, gizarte zientzialari
guztiek ez zuten, ez dute, iritzi bera.
Soziologiak sozialtasuna erdigunea dela aldarrikatuko
du; gizarte talde eta komunitateek
(familiatik talde etniko edo erlijiosoraino)
eratuko dute giza jarduera, gizakia halako
taldeetako kide izan ez ezik, horietatik
beste talde edo erakunde batzuekin lankidetzan
edo aurka ere dihardutela.
Ezin gutxiago izan eta politologoek protagonista
politika, Estatua dela esango dute.
Estatuak –esango digute– bideratzen du
ekonomia, horretatik bizi dira (batzuk oztaozta)
gizarte klase edo talde guztiak eta
berak biltzen ditu, azken buruan, gure nahi
eta interesak. Aginpide politikoak «diosku»
zer nahiago, eskatu eta erabaki behar dugun
(legeak, jardunbideak, ideologi mezu
batzuetan ezkutuak eta abar erabilirik).
Azkenik, Kulturaren defendatzaileak
sortu dira. Horien ustez, errealitatea ikusteko
modu objektibo eta kolektibo aurretik
zehaztuen erdian bizi dira gizakiak; kultura
horrexek (edo diskurtsoa edo ideologia;
kontzeptu antzekoak baina ez berdinak)
«esango dio» bakoitzari nola jokatu
behar duen munduan, zein tresna erabili
helburuak lortzeko eta zein bizi proiektu
aukeratu behar dituen gizarteak onartzen
dituenen artetik.
Zalantzatik bitarteko helmeneko joeretara
Gustura proposatuko genuke behin
betiko ebazpena eztabaida amaigabe honetarako,
ranking moduko bat errealitate horiek
guztiak behin betiko hierarkia batean
jartzeko. Baina lan alferra da. Inoiz ezingo
ditugu finkatu behin betiko eta erlazio guztietan
indar lerro handiak, egituraren eta
giza ekintzaren arteko eragin erabakigarriak
–eta egituren artekoak–. Beraz, ildo batzuk,
gida batzuk baino ez ditugu aipatuko, mundu
sozial horiek hobeto (inoiz ez guztiz)
ulertu ahal izateko.
Ondo jabetuta gaude mundua ulertzeko
gauza guztiak elkarrekiko harremanetan
daudela, azterkizun ditugun errealitate
guztien arteko elkar harremanak gogoan
izan behar direla esatea pelloren egia dela,
gutxi esatea dela. Benetan gizabanakoa
–hainbat gune eta egoeratan– determinismo
sozial batzuek aldarrikatu izan dutenabaino autonomoagoa dela gutxi esatea bezain
gutxi. Baina askotan ezin dezakegu gehiago
esan, ezin dezakegu esan nor eta zein
elkarrekiko harreman jakinetan den benetako
protagonista nagusia: koiuntura politikoa?,
gobernuaren politika? hezkuntza sistemaren
krisia?
Beharbada halako espazio eta denbora
jakinean zein joera diren nagusi proposatu
eta egiaztatzen saiatu besterik ezin
dugu egin (hala jokatu beharko lukete zientzialari
sozialek, eta halaxe egiten dute noiz
edo noiz).
Esatea dugu, adibidez, gizarte mugimenduen
sorrerari dagokionez, kulturak (edo
zehazkiago, kontrakulturak) oso toki nabarmena
izan zuela ekologi mugimenduan eta
langile mugimenduan ekonomi egitura dela
aldagai erabakigarriena; eta halaber esan daiteke
bi mugimendu horien bilakaeran testuinguru
politikoa, aginpide politikoarekiko
harremanak erabakigarriak direla arrakasta
edo porrota izango den eragitzerakoan.
Eta joeraren espazioa eta denbora hedatzea
ere badugu. Eta ondoriozta dezakegunez,
sasoi batzuetan gizartea bera zengarrantzizkoena, bestetzuetan erlijioa izan
zen, aurrerago ekonomiak dena hartu zuela,
berrikitan estatua protagonismo handiagoa
hartuz joan dela eta aspaldi honetan
ez dagoela oso argi jakiterik erdigunea non
den. Hedatze horiek asko iradoki dezakete
(azkenak iradoki baino, deprimitu egiten
du) baina akats txiki bat dute. Egiaztatzen
ezinak edo nekez egiaztatzekoak dira. Hori
dela eta, gaur egun zientzialari sozialek ez
dute proposatzen bitarteko helmeneko eredu
eta joerak baino, tamainagatik eta ondorioengatik
erraz egiazta baitaitezke. Eta,
argi dago, zientzialariak ekarri ditugu hizpidera,
hau da, errealitatean benetan zer
gertatzen den ahalik eta zehazten ikertzen
saiatzen diren lagun tolesgabeak, ez errealitatea
manipulatuta eta norberaren interes
eta helburuetara egokituta, pulpitutik bezala
munduaren txartasunaren edo ontasunaren
gainean mintzo den jendaila.
Nolako zientzia?
Amaiera gisa, galdera bat. Gizarte Zientzia
horiek, benetan ote dira zientzia? Zientzia
Zehatzetan bezala, lege objektibo unibertsal
eta denboraz landakorik proposa ote
dezakegu? Ezetz ihardetsi behar. Gaur egun
Zientzia Zehatzak uste bezain zehatz ez
direla esaten bada, zalantzak areago joko
ditu Gizarte Zientziak, esan dugun bezala
horrelako zientziei giza faktoreak aurretik
esateko ezintasun sistematikoa gehitzen
dienetik. Gainera, sarritan, eta hala adierazi
dugu arestian, teoria sozial asko, hain dira
lauso eta orokor, non kontua ez baita egia
ala gezurra diren esaterik ez edukitzea,
horiek erabilita ezer frogatzerik ez izatea
baino. Ez dira faltsugarriak, ezin da
demostratu faltsuak ala egiazkoak diren.
Horregatik Gizarte Zientziak zientzia
direla esan ahal izateko, zientzia irizpide
apalagoari oratu beharko diogu. Uko egin
behako diogu ustezko lege eternal horiek
ezagutzeari eta artez adierazi munduaren
zientzia ere dela, eta gizakiaren errealitate
jakin bat hobeto ezagutu nahi izateko
saioa; jakite horrek gai beraren gaineko
beste jakituria batzuk gainditzea, ez behin
betiko egiarik eskuratu duelako, baizik eta
lehengo jakintzak baino kausa, ondorio,
erlazio eta datu gogoangarri gehiago dakartzalako.
Horrexegatik aberasten duela.
Gizarte Zientzia agertuko da jakintza
hazterakoan, edo, hobeto esateko, hobetzerakoan;
eta horrela jazoko da mundua
eta gizakia ikertzen badira pasiorik gabe
(baino ez neutraltasunez), modu diziplinartekoan
(baina sintesi abstraktuetara mugatu
gabe), eta zehatz-mehatz (baina ez guztiz
zatika). Horixe dugu erronka. Eta lantegi
horretan dihardugu.