Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Zer dira gizarte zientziak?

Gizarte Zientzien bilakaera.<br><br>

 

Batasunetik aniztasunera; diskurtsotik zientziara

Entziklopedia honen liburuki honek Gizarte Zientziez dihardu. Liburuan, eta gaien hurrenkeran, zientzia multzo honetako aztergai nagusiak landuko ditugu zeren eta, hona hemen lehenengo gogoeta gaia, ez baitago gizarte zientzia bakarra, hainbat gizarte zientzia baino.

 

Lehenengo garaiak

Antzinaroan eta Erdi Aroan, ia Errenazimendua arte, zientzia osoa lantzen zuten «zientzialariek», jakintsuek. Horrelakoen jakinduriak garaian garaiko jakintzagai guztiak hartzen zituen: Filosofia, Historia, Teologia, Artea, Matematikak, Teoria Politikoa eta abar. Segur aski ikerketan eta zientzian ziharduten denek ez zituzten menderatuko jakintzagai guztietako ezagupen guztiak, baina behintzat bazuten horiek denak eskuratzeko asmoa, beren iritziz errealitatea ezagutzeak berezko zuen-eta jakingura giza gertaera guztietara hedatzea, gizakiarengana eta gizatasunera –gizakiaren baldintza edo egoera–. Errealitate horien guztien ikuspegi globala nahi zuten izan.

Denetara iritsi nahi horren erakusgarririk nabarmenena Errenazimendua izan zen; Florentziako eta Rotterdameko humanistak politikari ziren (Machiavelli), edo pintore (Leonardo da Vinci) edo moralista (Erasmo), baina den-denek asko zekiten bestelako gaietan, eta jainko zein giza gauzak xede eta ikuspegi bakarraren mendean aztertu beharrekoak ziren, haien guztien aburuz.

Izan ere, eta hona hemen analisi dimentsio berri bat, lehengo garaietako zientziakbazuen helburu jakin bat; «zientzialariek» gizakia eta mundua azaltzen zuten bizimodu hobea –banakoa zein gizaldekoa– proposatzearren; ezagumena lantzeak asmo arautzaileak izan ohi zituen: jakiteak gizakiak zoriontsuago egitea zuen helburua.

Eta, halaber uste zuten jakinduria onuragarri izan zedin, modu bateratuan, artikulatuan behar zela antolatu. Horrela, adibidez, jakitate fisikoak erabilgarri ziren herritarra libreago bihurtu ez ezik, gobernu onaren artea trinkotzen ere baitzuen; eta, horrela, herritarrek zein agintariek artea zein morala behar zituzten biziera osatuagoa lortzeko.

Errenazimenduan lortu zen batasunik handiena; eta Errenazimenduan bertan hasi ziren zientziak zatikatzen ere, anitz bihurtzen.

 

Lehenengo iraultza zientifikoa

Aurreneko zatiketa Zientzia Zehatzak eratzean gertatu zen, hau da, zientzia hutsak jakintzagai banandu eta berezi gisa agertzerakoan.

Aro Modernoko zientzialari handiek (Galileo, Bacon, Newton), zientzia esperimentalak bitarte, gizakiaren inguru materiala arautzen duten legeak halako zehaztasun eta egiatasun errotiko batez ezagutu nahi zituzten, bestelako helburu moralik gabe (jakitea ona da berez). Egia esan, ezaguera horrek, zientzia modernotzat jo dezakegunak, ez ditu gaitzesten ezagupen moral eta politikoak, baina beste ordena batean sailkatzen ditu; eduki nahi diren ezaguerak dira, benetan, baina giza portaera aldakor eta apetatsuaren mendeko diren neurrian, ezagupen ez oso objektibotzat, egiaztatzen zailtzat eta erregulartasun aurretik ezin esanekotzat jotzen dituzte.

Urteak aurrera joan ahala, zientzia «fisiko» horiek (Medikuntza, Matematika, Fisika bera, Astronomia eta abar) berezko estatutu berezia edukitzen hasi ziren, baitaezagutzeko modu berezia ere; behatzeak, saiatzeak, errealitatea pasiorik erantsi gabe ezagutzeak osatu zuten metodo berria.

Gainontzeko jakintzagaiak falta dira; Politika, Historia, Filosofia. Hala ere, hainbat urtetan oraindik, XIX. mendea arte, baturik iraun zuten jakintzagai horiek, osorik, helburu arautzailedun orotariko ikuspegi bakarra eratuz; Ilustrazioko pentsalari itzaltsuak (Kant, Hegel, Entziklopediaren sustatzaile eta idazleak) moralista handiak dira; naturaz eta gizakiaren jokabideaz (izpirituzkoa, praktikoa, kolektiboa) dakitena gizakia eraldatzeko idealaren mendeko jarri nahi zuten.

«Giza» zientzia horiek (fisikoen kontrakarrak) baliagarri izan behar dute mundua ulertu eta hobetzeko.

 

Bigarren iraultza zientifikoa

XIX. mendetik, apur-apurka eta etengabe gaur arte, giza zientzia horiek, aurrerantzean Gizarte Zientziak esango diegunak, birritan itxuraldatu dira.• Bateko, elkarrengandik aldentzea.

XVI. mendeko humanistak jakintza alor guztien ikuspegi antolatu eta artikulatua izan bazezakeen ere eta XVIII. mendearen amaierako ilustratuak kosmos ikuskeretan gizakiaren izpirituaren eta bizialdiaren jakintza guztiak laburbiltzen eta elkartzen bazituen ere, giza zientzialari berria, gure garaikidea, multzo zati batez baino ez da arduratuko. Gizarte zientziak behin eta berriro zatitzen dira. Historia, Filosofia, Teologia, Politika, Ekonomia, Soziologia, Psikologia eta abar jakintza alor autonomo bakanduak bilakatuko dira. Giza jakintza espezializatuz joango da... eta mugatuz. XIX. mendean, artean, batzuek jakinduriaren osotasuna aldarri zuten (Marx izango da segur aski azken ilustratua eta lehenengo gizarte zientzialaria), baina gure mendetik aurrera gizarte zientziak analisi izugarriak izango dira, espezialista... handienak.• Bigarren aldaketa ikusgarriagoa izan zen. Gizarte zientzialari berriek, nork bere alorrean, ezagupenak bestela bideratzen dituzte. Kontua ez da, dagoeneko, diskurtso moralak egitea, herritarrak zoriontsu izan daitezen politikariek nola jokatu behar luketen azaltzeko edo ekonomiak (ondasunak, lana) nola egon behar duen kaltetuen pentsuan, edo gizakiak nola izan behar dituen grinak oinperaturik, horiek guztiak azaltzeko. Orain kontua da jakitea politikariek nola eta zergatik jokatzen duten halako moduan eta ez bestela, eta zergatik aukeratzen edo bertan behera lagatzen dituzten herritarrek politikariak; zergatik eta nola mugitzen, igotzen edo jaisten diren salgai, prezio eta lansariak; zergatik erotzen dituzten grinek gizakiak, eta zergatik izaten dituen gizakiak ideia moral edo erlijiosoak. Gizarte Zientziek zientzia fisikoen itxura hartzea erabaki dute.

Zeregina ez da zer gertatzen den balioestea eta beste gauzak beste era batera izango diren itxaropena izatea. Zer gertatzen den behatu, neurtu, saiatu eta zehatz-mehatz azaltzea da kontua, behaketa horietan oinarri hartuta arau finkoak ezartzea.

Zientzia Zehatzetan legez, legeak hor direla egiaztatzea eta lege horiek erabilita, gertaerak iragartzea da helburua. Gizakiaren eta inguruaren gaineko diskurtso morala zientzia bihurtu da; giza izaera eta zirkunstantzia, ustez, zehazki ezagutzea.

 

Berriro aztertzeko garaiak

Hala ere, orain dela gutxi hasi dira berriro aukera historiko hori aztertzen. Espezializazioak hiperespezializaziora eroan du. Ez dago halako gizarte zientzia bateko espezialistarik, adibidez, zientzia politikoan; batzuek partidu politikoak dituzte espezialitate, bestetzuek gobernuen gizarte politikak eta horrela etengabe. Gehiegizko zatiketa horren ondorioz, erabat ezinezkoa da mundua ezagutu eta interpretatzea; benetako mundua harreman multzo aldakorra baino ez delako. Gure adibideari jarraituta, partiduak, hauteskunde politikoak, gobernuen gizarte politikak eta abarrak daude harremanetan, eta, gainera, mundu politiko hori harremanetan egongo da ekonomi egiturekin eta gizarte taldeekin, kulturekin, eta horrela, etengabe. Egia da, mundua gero eta konplexuagoa da eta ezinezko gertatzen da gertaturiko guztiaren berri izatea, baina, bestalde, ez dugu munduaren zatitxo bat ezagutzerik izango –halako zorroztasun apur batez–, harreman sortan txertatu ezean: erronka gainditzen zaila, baina garaitu beharrekoa. Bestela, gizarte zientzien jarduna alfer lan hutsa izango da.

Eta hori bitarte dela zientzialariek gero eta maizago aldarrikatzen dute diziplinartekotasuna,jakintza alorrak elkarrekin konbinatu eta erlazionatu beharra. Atzera ere, bada, ikuspegi bateratuetara.

Bigarren berrikuspenak beste aukera bat dakar hizpidera. Ez da halako ageri-agerikoa gizarte ekintzak eta gizakia eragile erabakigarri duten gertaera eta harremanak modu hotz eta objektiboan antzeman ote daitezkeen; ezin dira aurretik zehazki iragarri jokabide sozial, politiko eta ekonomikoak, nahiz eta lehengo jokabideak neurtu, sailkatu eta ordenatu diren. Gainera, ez dago bat ere argi gizarte zientzialariek benetan ez ote dioten azterturiko errealitateari balio jakin bat aitortzen, ez ote duten aurretiko ikuspegi edo jarrera bat izaten (jakinaren gainean edo ezari-ezarian) errealitatehorri dagokionez, gizarte zientzialariak errealitatearen deskribatzaile hotzak direla esan ohi den arren.

Objektibotasun ezinezko edo zalantzazko horrek berak eragin du bigarren itzulera; berriro gogoan hartu behar izatea ea errealitate sozial, politiko eta abar horien gaineko ikerlanek ez ote dituzten balioespenak, proposamenak eta ebazpideak ere eman behar. Nabarmen-nabarmena da kontua ez dela lehengo diskurtso moral txundigarri bezain abstraktu eta urrunak berreskuratzea, baizik eta onartzea giza gertakizunaren gaineko ikerlanak halako prisma moral jakin batetik egiten direla, balio mota batzuen (eta ez besteren) alde aukera eginda; eta ezer ez dela jazotzen horrela jokatu arren.

 

Ikergaia; lehenengo azalpena

Gizarte Zientziak errealitateari buruzko jakintzagai eta ikuspegi multzoa dira, elkarri lotuago egon behar izan arren, benetan ia iker alor bananduak diren ikuspegiak. Zeintzuk dira jakintzagaiok? Lehendik esana dugu giza jokabidea zuzen edo zeharrez aipatzen duten guztiak direla. Hala ere, «gizarteko edo sozial» deiturak zirkulua areago mugatzen du. Horrela, Gizarte Zientziatzat joko genituzke gizakia testuinguruan, harremanetan azaltzen dituzten ikasketak, zehazkiago, harreman edo inguruhoriek azaltzekoak. Beraz, Soziologiak gizaldeekiko eta gizarte klaseekiko harremanean zein gizarte talde horiek eratzen dituzten harreman multzoa kontuan izanik azalduko du gizakia. Eta beste hainbeste esan liteke Ekonomiaz eta Politikaz. Lehenengoaz den bezainbatean, garrantzizkoak izango dira ekonomi egitura eta koiunturen aldaketak, bigarrenean aginpide politikoaren eta gizarteko banakoen arteko erabaki eta eskakizunen joan-etorri eta harahona guztiak. Bide horretatik, Historiak berariaz ikertzen du (edo ikertu behar luke) lehengo garaietako harreman sozial, ekonomiko eta politikoen multzoa. Laburbilduta esan genezake jarrera edo inguru kolektiboak nahiz jarrera edo inguru kolektiboenzergatikoak eta ondorioak aztertzen dituztela Gizarte Zientziek.

Horrela, hasteko, ez dira gizarte zientzien multzora biltzen Psikologia edo Filosofia edo Erlijioa (nahiz eta, begi bistan dago, Giza Zientziatzat jotzen ditugun) horietan gizakiaren jarrerak, pentsamendua, arrazoia, joera transzendentea ikertzen diraeta, inguru kolektibotik landa.

Baina ageri-agerikoa da horrelako jakintza alorretan oso eztabaidagarria dela indibidualtasunak kolektiboaren aurrean duen lehentasuna. Horrela bada, Psikologiak oso arlo berezitzat du gizarte Psikologia, gizarte inguruak sorturiko giza jarreren motibazioak ikertzen dituenez gero; eta kulturak zein ideologiek; hauek batez ere;proposamenak azalduko dizkigute mobilizazio sozialerako zein arau eta jarrera kolektiboetarakoak, diskurtso etikotik eta filosofia moraletik oso mugatzen zailak direla. Eta azkenik erlijio praktikak konnotazio sozial ukaezinak ditu eta sarritan (ikus, adibidez islamismoa), munta handikoak.

Hori dela eta, giza zientzia batzuen eta besteen gizarte dimentsioa beharbada ez da intentsitate kontua baino. Zientzia batzuetan –entziklopedia honetan azterturikoak, Historia eta Zuzenbidea izan ezik– sozialtasuna, kolektiboa nonahikoa da eta, ezbairik gabe, erabakitzailea. Bestetzuetan –liburu honetan aztertzen ez diren gainontzeko giza zientziak, erlijioak jokabide kolektibo gisa izan ezik– sozialtasunaren eragina eta agerpena ez da halako garrantzitsua.

 

Ikergaia; deskribapen liskartsua

Gure gizarte zientzien multzoa aukeratu dugula –Soziologia, Ekonomia, Giza Geografia (Soziologiaren eta Ekonomiaren nahasketa), Politika, ideologiak eta erlijioak–, horiek guztiak konparatu beharko ditugu; edo, zehatzago, hierarkiak ezarri zientzia horien artean. Galde baikenezake: zein da garrantzitsuena? Galderak inozoa badirudi ere, umeak zein baino zein indartsuago dabiltzanean legez, erantzunak tinta ugari isurarazi du.

Lehenengo eta behin, diskurtso moralak zientzia «zientifikoak» (barka errepikatzea) bihurtutakoan, lehentasuna aitortu zitzaion gizarte inguruen multzoari gizakiaren borondatearen eta askatasunaren aurretik. Zientziaren mendea zen XIX.. endearen hasieran historia eta gizakiaren bilakaera gizakiaren planifikazio borondate autonomoaren mendean zegoelako adierazpena hasi ziren jotzen munduaren gaineko ikuspegi idealista eta sineskortzat. Ikuspegi berriek esango digute gizakiaren lantoki, bizitoki eta hausnar-toki diren testuinguruek, inguruek –ekonomi egitura, klase sozialak, ideologiak, sistema politikoa– modu esanguratsuan baldintzatzen dituztela gizakiaren ulermena, nahimena eta ekimena.

Gizakia erabakimenaren jabe da, baina inguru kolektibo horiek erabakia markatzen dute, aurretik definitzen.

Bigarren unean, eztabaidak eutsiko die gizarte zientzien barne lehentasunei. Eztabaidagaia ez da aldez edo moldez zehaztea zein egiturak eta koiunturak eratzen dituen aurretik banakoaren giza borondateeta jokaera, zein errealitate kolektibok, baizik eta jakitea zein egiturak menderatzen dituen gainontzeko egiturak.

Eztabaida horretan lehenengo erantzuna marxismoak eman zuen. Pentsamolde horren iritziz, ekonomia –gizakiak nola sortzen, saltzen eta lan egiten duen, eta nola jabetzen den bere lanaz eta besteenaz– bera da egitura nagusia; berak definitzen du nola pentsatzen dugun, nola antolatzen dugun aginpide politikoa –Estatua–, laburbilduta, nola bizi garen.

Baina, espero izatekoa zen, gizarte zientzialari guztiek ez zuten, ez dute, iritzi bera.

Soziologiak sozialtasuna erdigunea dela aldarrikatuko du; gizarte talde eta komunitateek (familiatik talde etniko edo erlijiosoraino) eratuko dute giza jarduera, gizakia halako taldeetako kide izan ez ezik, horietatik beste talde edo erakunde batzuekin lankidetzan edo aurka ere dihardutela.

Ezin gutxiago izan eta politologoek protagonista politika, Estatua dela esango dute.

Estatuak –esango digute– bideratzen du ekonomia, horretatik bizi dira (batzuk oztaozta) gizarte klase edo talde guztiak eta berak biltzen ditu, azken buruan, gure nahi eta interesak. Aginpide politikoak «diosku» zer nahiago, eskatu eta erabaki behar dugun (legeak, jardunbideak, ideologi mezu batzuetan ezkutuak eta abar erabilirik).

Azkenik, Kulturaren defendatzaileak sortu dira. Horien ustez, errealitatea ikusteko modu objektibo eta kolektibo aurretik zehaztuen erdian bizi dira gizakiak; kultura horrexek (edo diskurtsoa edo ideologia; kontzeptu antzekoak baina ez berdinak) «esango dio» bakoitzari nola jokatu behar duen munduan, zein tresna erabili helburuak lortzeko eta zein bizi proiektu aukeratu behar dituen gizarteak onartzen dituenen artetik.

 

Zalantzatik bitarteko helmeneko joeretara

Gustura proposatuko genuke behin betiko ebazpena eztabaida amaigabe honetarako, ranking moduko bat errealitate horiek guztiak behin betiko hierarkia batean jartzeko. Baina lan alferra da. Inoiz ezingo ditugu finkatu behin betiko eta erlazio guztietan indar lerro handiak, egituraren eta giza ekintzaren arteko eragin erabakigarriak –eta egituren artekoak–. Beraz, ildo batzuk, gida batzuk baino ez ditugu aipatuko, mundu sozial horiek hobeto (inoiz ez guztiz) ulertu ahal izateko.

Ondo jabetuta gaude mundua ulertzeko gauza guztiak elkarrekiko harremanetan daudela, azterkizun ditugun errealitate guztien arteko elkar harremanak gogoan izan behar direla esatea pelloren egia dela, gutxi esatea dela. Benetan gizabanakoa –hainbat gune eta egoeratan– determinismo sozial batzuek aldarrikatu izan dutenabaino autonomoagoa dela gutxi esatea bezain gutxi. Baina askotan ezin dezakegu gehiago esan, ezin dezakegu esan nor eta zein elkarrekiko harreman jakinetan den benetako protagonista nagusia: koiuntura politikoa?, gobernuaren politika? hezkuntza sistemaren krisia? Beharbada halako espazio eta denbora jakinean zein joera diren nagusi proposatu eta egiaztatzen saiatu besterik ezin dugu egin (hala jokatu beharko lukete zientzialari sozialek, eta halaxe egiten dute noiz edo noiz).

Esatea dugu, adibidez, gizarte mugimenduen sorrerari dagokionez, kulturak (edo zehazkiago, kontrakulturak) oso toki nabarmena izan zuela ekologi mugimenduan eta langile mugimenduan ekonomi egitura dela aldagai erabakigarriena; eta halaber esan daiteke bi mugimendu horien bilakaeran testuinguru politikoa, aginpide politikoarekiko harremanak erabakigarriak direla arrakasta edo porrota izango den eragitzerakoan.

Eta joeraren espazioa eta denbora hedatzea ere badugu. Eta ondoriozta dezakegunez, sasoi batzuetan gizartea bera zengarrantzizkoena, bestetzuetan erlijioa izan zen, aurrerago ekonomiak dena hartu zuela, berrikitan estatua protagonismo handiagoa hartuz joan dela eta aspaldi honetan ez dagoela oso argi jakiterik erdigunea non den. Hedatze horiek asko iradoki dezakete (azkenak iradoki baino, deprimitu egiten du) baina akats txiki bat dute. Egiaztatzen ezinak edo nekez egiaztatzekoak dira. Hori dela eta, gaur egun zientzialari sozialek ez dute proposatzen bitarteko helmeneko eredu eta joerak baino, tamainagatik eta ondorioengatik erraz egiazta baitaitezke. Eta, argi dago, zientzialariak ekarri ditugu hizpidera, hau da, errealitatean benetan zer gertatzen den ahalik eta zehazten ikertzen saiatzen diren lagun tolesgabeak, ez errealitatea manipulatuta eta norberaren interes eta helburuetara egokituta, pulpitutik bezala munduaren txartasunaren edo ontasunaren gainean mintzo den jendaila.

 

Nolako zientzia?

Amaiera gisa, galdera bat. Gizarte Zientzia horiek, benetan ote dira zientzia? Zientzia Zehatzetan bezala, lege objektibo unibertsal eta denboraz landakorik proposa ote dezakegu? Ezetz ihardetsi behar. Gaur egun Zientzia Zehatzak uste bezain zehatz ez direla esaten bada, zalantzak areago joko ditu Gizarte Zientziak, esan dugun bezala horrelako zientziei giza faktoreak aurretik esateko ezintasun sistematikoa gehitzen dienetik. Gainera, sarritan, eta hala adierazi dugu arestian, teoria sozial asko, hain dira lauso eta orokor, non kontua ez baita egia ala gezurra diren esaterik ez edukitzea, horiek erabilita ezer frogatzerik ez izatea baino. Ez dira faltsugarriak, ezin da demostratu faltsuak ala egiazkoak diren.

Horregatik Gizarte Zientziak zientzia direla esan ahal izateko, zientzia irizpide apalagoari oratu beharko diogu. Uko egin behako diogu ustezko lege eternal horiek ezagutzeari eta artez adierazi munduaren zientzia ere dela, eta gizakiaren errealitate jakin bat hobeto ezagutu nahi izateko saioa; jakite horrek gai beraren gaineko beste jakituria batzuk gainditzea, ez behin betiko egiarik eskuratu duelako, baizik eta lehengo jakintzak baino kausa, ondorio, erlazio eta datu gogoangarri gehiago dakartzalako.

Horrexegatik aberasten duela.

Gizarte Zientzia agertuko da jakintza hazterakoan, edo, hobeto esateko, hobetzerakoan; eta horrela jazoko da mundua eta gizakia ikertzen badira pasiorik gabe (baino ez neutraltasunez), modu diziplinartekoan (baina sintesi abstraktuetara mugatu gabe), eta zehatz-mehatz (baina ez guztiz zatika). Horixe dugu erronka. Eta lantegi horretan dihardugu.