Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Egungo aroa

1960-1970: eten urteak

Franco jenerala, diktaduraren azken urteetan Aieteko Jauregian egin zen ministro kontseilu batean.<br><br>

Hirurogeigarren hamarraldian bigarren industrializazioaren ondorioak eta neurri ezezaguneko gizarte aldaketak bizi izan zituen Euskal Herriak. Aldaketa horren oinarrian, orain ere, etorkin multzo handien etorrera eta gizartearen hiritartzea daude. Hego Euskal Herria esparru industrial, hiritar, dinamiko eta oso modernoa bihurtu zen, Espainia osoko errenta maila gorenak zituela. Baina, era berean, hirurogeigarren hamarraldia izan zen euskal gizartearen eta frankismoaren arteko haustura gauzatu zen aldia ere. Oposizio politikoa, gizarte sektore garrantzitsuen parte hartzea eta herritarren gehiengoak frankismoari erakutsi zion aurkakotasuna izan ziren haustura horren adierazgarriak.

Grebak, salbuespen egoerak, indarkeria… izan ziren sintoma ikusgarrienak, eta ondorio garrantzitsuak izango zituen etorkizunean.Hego Euskal Herria, Nafarroa ere barne dela, aurren-aurreneko muturrean egon zen Espainia osoak 1960 ondoko urteetan izan zuen aldakuntza prozesu guztian; horixe izan da, hain zuzen, Espainiako ekonomiak eta historia osoak XX. mende osoan izan duen aldaketarik handiena. 1960 ondoko hamarraldi horretan, izan ere, berebiziko aurreramendua izan zuen ekonomiak, industrializazioa arras azkartu zen, emigrazio bortitza izan zen nekazaritza mundutik industriara eta hirietara, kontrolik gabe hazi ziren hiriak eta oldeka iritsi zen turismoa. 1970 iritsi zenerako Espainia ez zen gehiago industria garapenik gabeko estatu atzeratu bat, nekazaritzara emana. Eta kostu sozial handiak izanda ere, aski gizarte dinamiko eta modernoa bilakatua zen, aski gizarte aberatsa zen ordurako. Prozesu horren guztiaren oinarrizko osagai eta eragile zen aldetik bigarren industria iraultza bat bizi izan zuen Hego Euskal Herri osoak, Nafarroa ere barne zela, lehenengo industria iraultza, 1880-1900 hamarraldietan Bizkaian, eta Gipuzkoan XX. mendeko lehenengo urteetatik aurrera bizi izandakoa baino errotikoagoa, zabalagoa eta sakonagoa alegia. 1960 ondoko urteetan izan ziren aldaketak egiazko etena eragin zuten historian: urte horietan iritsi zuen gailurra eta zabaldu zen erabat herrialde honetan guztian (Araba eta Nafarroa ere barne) gizarte industrializatu eta teknifikatua, hirietan kokatua, profesionaldua eta masifikatua ekarri zuen aldakuntza.Espainiako ekonomiaren bultzada eta modernizazioa eragin zuen oinarrizko faktorea –ia hogei urteko autarkia aro baten ondoren–, 1959ko Egonkortasunerako Plangintzaren ondorioz hasi zen ekonomiaren liberalizatzea izan zen batez ere. Euskal Herriko industria iraultza berri hori ez zen, ordea, estatuaren zuzeneko ekimenaren ondorioz bideratu eta gauzatu: Espainian 1964tik aurrera antolatu ziren “garapen gune”-etatik kanpora geratu baitzen, izan ere, Hego Euskal Herria (edozeinetara ere,Nafarroan eta Araban beren Aldundien ekimenak berebiziko eragina izan zuen probintzia horietan industria indartzen has zedin); beste alde batetik, Industriako Nazio Institutuak, 1941ean Espainiako estatuan sortua zen estatuaren enpresen holding erraldoiak, oso parte txikia izan zuen Euskal Herriko industrietan: Bilboko itsasadarreko ontzigintzako zenbait industriatan (Euskalduna eta Naval, 1969an Astilleros Españoles-en sartuak biak), eta Araban eta Nafarroan kokatu ziren lantegi berrietako banaka batzuetan (Mevosa adibidez Araban, eta Potasas de Navarra, SEAT, Auxini eta besteren bat Nafarroan). Horiez gainera izan ziren, jakina, gobernuaren bestelako zenbait ekimen eta ekintza (zerga babesak, finantzaketarako partaidetza, esportaziorako kredituak eta gisa horretakoak), Hego Euskal Herriko probintzien mesederako gertatu zirenak: izan ere, garapen planak eta eskualdekako garapen guneak aipatzen zituzten erretorika ofizialak gorabehera, lehendik ere garatuak ziren eskualdeen hazkundean oinarritu zen azken finean Espainiako ekonomiaren hazkuntza. Edozeinetara ere, Hego Euskal Herriaren hazkundea, Nafarroa ere barne, inbertsio pribatuaren etabertako industriek beren produktuak esportatzeko zuten gaitasunaren ondorio izan zen batez ere; komeni da hori berriro azpimarratzea; beste era batera esanda, Euskal Herriko bertako enpresa ekimenaren ondorio izan zen batez ere hazkunde hori.

Prozesu horren emaitzak sekulakoak izan ziren, lehen ere esan den bezala. Euskal Herriko Barne Produktu Gordina 1960koa halako hiru bilakatu zen ia-ia 1973rako: 1960an 195.030 milioi pezeta izatetik, 1973an 481.058 izatera aldatu zen (1975eko pezeta iraunkorretan); hamalau urte horietan urteko ia %7ko hazkundea izan zuen batez beste (Araban eta Nafarroan hori baino gehiagokoa, Bizkaian eta Gipuzkoan aldiz apalxeagoa). Erakusle guztiek agerian jartzen zuten bezala, industriaren garapenak eta aurreramenduak ekarri zuen batez ere hazkunde hori. 1975ean adibidez –urte hori jartzen baita hazkunde aro haren amaiera bezala–, industriak sortzen zuen Hego Euskal Herri osoaren Barne Produktu Gordinaren %53,3 (1960an %44,6 zena); zerbitzuen sektoreak BPGaren %40,99 sortzen zuen (1960an %36,6): nekazaritzak aldiz, Euskadiko hiru probintzietako BPGaren %5 baizik ez, eta Nafarroan %14,1 (1960an Euskadiko hiru probintzietan %10,6 eta Nafarroan %35,4). Industriaren balio erantsi gordina 1960koa halako bi bilakatu zen 1971rako, pezeta iraunkorretan (Araban eta Nafarroan lehen halako hiru bilakatu zen). Industrian enplegatzen zen biztanleria aktiboa ere neurri beretsuan handitu zen: Nafarroan, adibidez, 1960an lanean ziharduen biztanleria osoaren %30,9 zena, %40,4 izatera iritsi zen; Araban %39,5etik %56,3 bilakatu zen, Gipuzkoan %56,6tik %56,7; eta Bizkaian, Bizkaia baitzen probintziarik industrializatuena, eta ordurako hirugarren sektorea nagusitzenhasia baitzen, %59,3 izatetik %53,4 izatera aldatu zen. Eta alderantziz, nekazaritzan (eta arrantzan) enplegatzen zen biztanleriaren proportzioa 1960an lanean ziharduen biztanleriaren %38,1 izatetik %28 izatera jaitsi zen 1971rako; Araban %30,5 izatetik 16,1 izatera; Gipuzkoan 12,5 izatetik %9,9 izatera; eta Bizkaian, %12,6 izatetik 7,3 izatera.

Bizkaian, XIX. mendearen bukaera aldera eta XX. mendearen hasieran Bilboko itsasadarraren eta portuaren inguruan sortu ziren lantegi handien (Bizkaiko Labe Garaiak, Babcock-Wilcox, S.A. Echevarría, Basconia, Naval, Compañía Euskalduna, General Eléctrica, Firestone, etab.) eta Bilbo eta Bizkaiko bankuen inguruan biltzen zen probintzia horretako ekonomiaren gune nagusia. Horiek bultzatu eta eutsi zuten batez ere 1960 ondoko urteetako hazkundea eta hazkunde horrek ekarri zituen egitura aldaketak. Bizkaiko siderurgiak, eta euskal siderurgiak oro har, bere instalazioak eta produkzioa arrazionalizatu eta modernizatu beharra izan zuen (Espainiako estatuak 1950ean Asturiasen sortu zuen Ensidesako lantegi handia lanean hasi zenetik aurrera batez ere). Labe Garaietako enpresa Estatu Batuetako U.S. Steel siderurgia enpresarekin elkartu zen 1964an, eta Euskal Herriko beste hamalau enpresekin batera produkzio sektore horretarako Ekimen Bateraturako lehenengo programa sinatu zuen urte horretan bertan, gerora zinez emaitza onak ekarriko zituena. Labe Garaien altzairu produkzioa, 1960an 907.000 tonakoa izatetik, 2.012.000 tonakoa izatera iritsi zen 1972an. Urte horretan berorretan, euskal siderurgiak, oraindik ere beheraka ari zela, Espainiako estatu osoan produzitzen zen altzairu guztiaren %34 produzitzen zuen berak bakarrik.Bizkaiko ontzigintzak martxa onean jarraitu zuen 1974-1975 urteak arte: Bizkaiko ontzigintzaren produkzioa, 1959ean errejistro gordinean 227.102 tonakoa izana (96 itsasontzi), 341.368 tonakoa izatera iritsi zen 1973an (56 itsasontzi); Espainiako estatuko produkzio osoaren %28,4 zen hori. Bilboko portuak ere aparteko sartu-irten handia izan zuen hamarraldi horretan: salgai mugimendua, 1960an 3,9 milioi tonakoa izatetik, 1973an 20 milioi tona pasatxo izatera iritsi zen. Portu horrek eraginak izan ziren, gainera, hamarraldi horretan egin ziren bi inbertsiorik handienetakoak, Bizkaiaren etorkizunerako berebiziko eragina izango zutenak biak. 1968an petrolio findegi bat jartzeko baimena eman zitzaion Bizkaiko probintziari –Somorrostron jartzeko, portuaren irteeratik oso hurbil–; urtean 10 milioi tona inguru petrolio gordin fintzeko gaitasuna izango zuen findegi horrek. 1972an, ibaiko portuak zituen ezintasunak eta harrera estua ezaguturik, garai horretan petrolio garraioan ari ziren petrolio ontzi handientzat non kokaturik ez zuelako batez ere, bokalean portu handia egitea erabaki zen, Zierbena eta Galea muturraren bitartean: petrolio findegia 1971n inauguratu zen; portu handiaren lehenengo kaia 1973an jarri zen abian.

Gipuzkoaren hazkundeak Bizkaiarenak ez bezalako ezaugarriak izan zituen. Paperaren industriak eta kimikaren sektoreak berebiziko garrantzia izan bazuen ere, metalurgiaren sektoreak izan zuen batez ere indarra garai horretan (lanabesak, ferreteria, sarraileria, torlojugintza, armak, metalezko altzariak, errodamenduak, etxerako tresnak, makina lanabesak, elektrizitate gaiak, txirrinduak; xaflagintza eta altzairu bereziak); bere baitan oso produkzio mota asko hartzen zituen sektorea zen hori; probintzia guztian zituen, han eta hemen barreiaturik, lantegiak; sektorea enpresa eta enpresario aski apalez osatua zen gehienbat (Guerra Garridoren Cacereño eta Lectura insólita de El Capital eleberrietako José María Lizarraga hura bezalatsu). Gauza ohargarria da kooperatibek izan zuten hazkunde handia eta maiz izan zuten arrakasta ikaragarria. Jose Maria Arizmendiarrieta apaizak 1943an Arrasaten sortua zuen Lanbide Eskolan ikasitako bost mutil gaztek Ulgor kooperatiba sortu zuten 1959an Arrasaten bertan –Ulgor– etxerako tresnak egiteko.

Hiru urte geroago Ulgor kooperatibak Lanbide Aurrezki Kutxa sortzeko ekimena bultzatu zuen; Arrasaten jarri zen haren egoitza ere; kooperatiba mugimenduari finantza oinarri sendo bat emateko sortu zen kreditu erakunde hori; eta baita oinarria eman ere kooperatibek usteko ez zen zabalkundea izan zezaten: 1973an 63 kooperatiba ziren Lanbide Aurrezki Kutxaren inguruan bildurik (horietako 51 industria kooperatibak); 10.000 bazkidetik gora ziren; 13.000 langilek egiten zuen lan kooperatiben enpresetan; negozio kopurua urteko 20.000 milioi pezeta ingurukoa zen, eta Lankide Aurrezki Kutxak 62 bulego zituen zabalik (horietatik 34 Gipuzkoan).

Araban 1.363 enpresa sortu ziren 1960ko hamarraldian; horietatik %80 Gasteiz inguruko industria poligonoetan kokatu ziren (Ali Gobeo, Olarizu eta Gamarra, adibidez); Gasteiz, hain zuzen, bere Udalaren eta Arabako Aldundiaren planifikazio eta sustapen ekimenez, kokaera oneko garapen gune moderno eta ongi pentsatua, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomien hedaleku bilakatua baitzen garai horretan (Gipuzkoarentzat batez ere). Matalurgiaren sektorea, kimikarena eta eraikuntzarena izan ziren Arabako industriaren abiadaren bultzada ekarri zutenak; Forjas Alavesas (altzairu bereziak), Mevosa (Mercedes eta Volkswagen S.A., industriarako automobilak) eta Michelin (gurpiletarako pneumatikogintza), adibidez, bereziki aipatzekoak dira industriarik ahaltsuenen artean. Nafarroan ere antzeko gauza gertatu zen. Foru Aldundiak, bertako lehendakariorde zen Félix Huarte industria gizonaren ekimenez, bultzatu zuen Industria Sustapenerako Planaren ondorioz 337 enpresa sortu ziren Nafarroan 1964tik 1974rako hamarraldian; 20.000 milioi inguru pezeta inbertitu ziren, eta 30.000 lanpostu inguru sortu ziren industrian. Enpresa horien erdia edo gehiago, metalurgiakoak gehienak, Iruñerrian kokatu ziren. Arabangertatu zen bezala, Nafarroan ere berdin, ez ziren gehiago nekazaritzari emanda bizi ziren probintziak: lanean ari zen biztanleriaren 42,09 industrian ari zen 1970erako (nekazaritzan %25,30; zerbitzuetan %32,60).

1960 ondoko urteetan hasi eta 1974 arte iraungo zuen ekonomiaren garapen horrek erabat aldatu zuen, beraz, Hego Euskal Herria. Hego Euskal Herrian 33.831 enpresa zeuden guztira 1977an (horietatik 10.962 enpresak bazuen era bateko edo besteko lotura metalurgiarekin, horixe baitzen sektorerik garrantzizkoena, ikusi ahal izan den bezala). Biztanleriari dagokionez, 1960an ziren 1.773.696 biztanleetatik, 1975ean 2.556.367 biztanle izatera irisi zen; %44,38ko hazkuntza izan zen beraz urte horietan.

Horretan migrazioak izan zuen batez ere eragina. 1961etik 1970 bitartean 42.547 pertsonak inmigratu zuen Arabara; Nafarroan, 1901az gero errolda guztietan migrazio negatiboa izan ondoren, 18.127 pertsona ziren bertaratu berriak; Gipuzkoara 64.845; Bizkaira 148.804; lau probintziak batera hartuta 274.233 inmigrante beraz, guztira, Andaluziatik, Galiziatik, Gaztelatik, Aragoitik, Asturiastik, Extremaduratik, Santandertik, Murtziatik eta Errioxatik iritsiak (Raul Guerra Garridok ederki jaso zuen haien esperientzia gogorra bere Cacereño nobelan, 1969an). Lau probintzietan lanean ziharduen biztanle kopurua, 1961ean 752.567 izatetik 1970ean 981.587 izatera iritsi zen. Horietatik guztietatik %53,4 industrian ari zen lanean, %38,2 zerbitzuen sektorean, eta 7,3 nekazaritzan (eta arrantzan). 1971n Bizkaiak zuen Espainiako probintzia guztietan per capita errentarik altuena: Gipuzkoa bigarrena zen, Araba hirugarrena eta Nafarroa zortzigarrena.

Lau probintzietako Barne Produktu

 

Gizartearen aldakuntza

Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko ekonomiaren hazkunde harrigarri hark –aldianaldian bere krisiak eta gorabeherak ere izan zituelarik–, desoreka eta eskasia handiak izan zituen (lurralde honetan 1974-1975etik aurrera izan zen krisi luzean oso agerian azalduko zirenak, eta irtenbidea are zailago bihurtuko zutenak). Lurralde batetik besterako aldeak, adibidez, begien bistakoak izan ziren. Ekonomia jarduera gehienak, eta biztanleak ere, probintzietako hiriburuetan eta horien inguruetako herri eta eskualdeetan bildu ziren batez ere. Probintziaka harturik, Gipuzkoak baizik ez zuen izan halako hazkunde harmoniazkorik (bertan ere Donostialdea, Donostia-Irun bitartea eta Eibar aldeak gehiago eta okerrago hazi ziren arren). Arabako eta Nafarroako eskualde zabalak –Kanpezu, Arabako mendialdea, Arabako Sartaldeko ibarra, Nafarroako erdialdea, Nafarroako mendialdea, eta Pirinioetako ekialdeko ibarrak–, eta Bizkaian Enkartazioak eta Arratia aldeak, edo lehengo egoera bertsuan edo garapen ekimenetatik aparte geratu ziren, eta gehiago oraindik, eskualde horietako batzuek biztanleak galdu zituzten.

Hirigintzako prozesua, eta industriaren eta biztanleriaren kontzentratze prozesu hori, bizkorregiak, gehiegizkoak izan ziren, eta kontrolik gabe eta nahas-mahasean egin ziren gainera. 1975ean, Bilbo Handia deitzen hasi berria zen hiri multzoak Bizkaiko biztanleen %79 hartzen zuen berak bakarrik; Gasteizek Araba osoko biztanle guztien %73,1 hartzen zuen; Donostiak Gipuzkoako biztanleen %57,6, eta Iruñeak Nafarroako biztanleen %46,8. Bilboko biztanleria, hain zuzen, 1960an 306.886 biztanle izatetik 1970ean 410.490 izatera aldatu zen, eta Bilbo Handiarena –Galdakao, Zierbena eta Getxo artekoa–, 574.311 biztanle izatetik 816.676 izatera. Donostiak 1960an 135.149 biztanle zituen, 1970ean berriz 169.622, eta Donostia-Irun bitarteak 1960an 227.033 biztanle izanik, 348.605 zituen 1970ean. Gasteizko hiria 74.936 biztanletik 170.870 biztanle izatera aldatu zen 1960tik 1970ra bitartean, eta Iruñea 97.880 biztanle izatetik 165.277 biztanle izatera, urte horietxetan.

Hazkunde horrek guztiak, hirigintzari dagokionez, nahasmendu eta lardaskeria handiak ekarri zituen. Iruñeko hiriaren eta Gasteizkoaren hazkundea –1960-1970 bitartean Espainian izan zen hiri hazkunderik handienetakoa izan zuten hiriak biak, hain zuzen– ereduzkoa izan zen, zentzu bat baino gehiagotan: Ongi urbanizatutako zabalguneak antolatu ziren, izan ere, ongi horniturik, eroso eta premien arabera. Donostiak ere lehengoari eutsi zion neurri batean, eta 1970rako XIX. mendeaz gero izana zen udako turismo zentro soila ez bazen ere, Gipuzkoako zerbitzuen hiriburua zelarik ere, bere behinolako antolamendu ederra gordetzen zuen, bere arkitektura orekatu eta dotorea ez zuen galdu (“eraso” batzuk gorabehera), berdegune eta lorategi asko zituen, eta osasunerako ospitale, kirol guneeta irakaskuntzarako zentro asko zituen (unibertsitate mailako irakaskuntzarakoa salbu). Hori dena egia zen. Baina Gasteizen eta Iruñean hiri horietako eta probintzia horietako agintariek arreta handiagoa jarri zuten industriarako lekuak prestatzeko etxebizitza auzoak konpontzeko baino.

Horregatik hiri horien inguruetan –inguruko herri eta herrixketan, industria poligonoetatik hurbilekoetan–, langile auzo berriak sortu ziren, hirietatik baztertuta, gaizki urbanizaturik, zerbitzuz eta baliabidez gaizki horniturik. Donostia ingurua (Hernani, Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Usurbil, Urnieta, Lasarte), oso eta azkar industrializatua baitzen, arazo larriak zituen orobat: auzo pilakatuak, antolamendu eskas anarkikoa, hirigintza itsusia, egiturazko eskasiak, etxebizitza pobreak, zerbitzu urritasuna.

Bilbo Handia, batez ere, berebiziko makurra izan zen hirigintzari dagokionez.

Uste ziren neurri guztiez gainetik hazi zen.

Oso urte gutxiren buruan itomenezko hiria bilakaturik zen Bilbo (6.953 biztanle kilometro koadro bakoitzeko 1970ean); alde guztietatik langile auzoz inguratua zen (Otxarkoaga, Txurdinaga, Santutxu eta beste): arkitektura pobrea, etxebizitza urritasuna, kalitate eskasa, hornidura eta azpiegituretan eskasia larriak. 1970erako Bilbok ez zuen ia-ia lur urbanizagarririk, sekulako kutsadura mailak izaten zituen, ez zuen berdegunerik, eta kultura eta osasun gaietarako hornidura –hiriaren indar eta aberastasunarekin alderatuz–, arras zen urria eta premiez behetikoa. Errepide komunikazioei zegokienez, itorik zegoen, gainera, hiriak berak, portuak eta ibai inguruko industriekeragiten zuten automobil joan-etorriaren poderioz.

Bilboko hiria izugarrizko arazoa bilakatua zen beraz; eta arazo hori konpontzeko hirigintzaren jestio osoa goitik behera guztiz berrikusi eta aldatu beharra zegoen, urbanista, arkitekto eta soziologo askok eskatzen zuten bezala: hiri lurraren eta hiri garapenaren planifikazioa egin, berdeguneak sortzeko plangintzak prestatu, airearen kutsadura arazteko bideak bilatu, etxebizitzak eraikitzeko udalaren plangintzak prestatu, saneamendu eta higiene kolektiboa hobetzeko programak finkatu, bide eta trenbide sare berriak definitu, irakaskuntzarako, kirolerako eta sorospenerako hornigai eta ekipamendu berriak jarri. Oso berandu hasi zen ordea arazo horiei erantzuten.

1968an hasi ziren lehenengo aldiz Espainiako Eraikuntza Publikoetako Ministerioa, Bilboko Udala eta Bizkaiko Aldundia elkarturik Bilborako errepidezko sarreren arazoa –konpontzen batere erraza ez zena, zalantzarik gabe–, gainditzeko bideak aztertzen; hiri multzorako eta ingurunerako zenbait konponbide abiaraztea erabaki zen (hegoaldekoa, erdialdekoa, etab.); autopistak eraikitzea erabaki zen: Frantzia alderakoa (Bilbo-Behobia), Madril alderakoa eta Gasteiz-Zaragoza-Bartzelonarakoa (Bilbo- Miranda). Baina berez ere kostu handiko eta geldiro burutzeko obrak zirenez –are eta kostu gehiagokoak eta geldiroago egitekoak Bilboko geografiak agintzen duenez–, 1970 ondoko hamarraldiaren erdialdetik aurrera edo 1980 ondotxoan baizik ez ziren hasi azpiegitura horiek guztiak osatzen.

Eta ez hori bakarrik. Hego Euskal Herriko ekonomiaren hazkundeak sektoreka ere izan zituen desoreka handiak. Eskualde hauetan industriaren alde egin zen batez ere apustua, jarduera gehienak arlo bakan batzuetan kontzentratzearen alde: 1960 ondoko urteetan eta 1970 ondoko lehenengoetan metalaren sektoreak (altzairua, metalgintza, makineria) eta kimikarenak inbertsio guztien eta produkzioaren ia %70 eramaten zuten. Industria oso leku jakinetan kontzentratzeko joerak eta agintari publikoen zein enpresen beren kontrolik ezak hondamendira eramen zituzten garrantzi handiko ondasun natural asko (ibaiak, adibidez), eta airearen kutsadura oso maila larrietaraino jaso zuten leku askotan. Espainiako estatuak Bizkaian eta Gipuzkoan egin zituen inbertsio urrien ondorioak argi azaldu ziren probintzia horiek 1970-1975 inguruan azpiegiturazko baliabideetan zituzten urritasun nabarmenetan –osasunerako eta goi mailako irakaskuntzarako azpiegituretan, adibidez–; urritasun hori tokian tokiko korporazioen inbertsioek nolabait behintzat estaltzen zuten Araban eta Nafarroan. Bilbo Handia ia itorik zegoen, esan den bezala. Gipuzkoako komunikabide sarea –burdinbideak, errepideak, Hondarribiako aireportua–, Bizkaian gertatzen zen itomen hura bera gertatzen ez bazen ere, zaharkiturik zegoen arras, 1971n bertan Donostiako hegoaldeko ingurubidezko autopista zabaldu zen arren. Eta azkenik, industriaren hazkundea guztiz nabaria izan arren, ezin ezkuta zitekeen enpresa horietako asko eta asko txikiegiak zirela, inori konkurrentzia egiteko ahulegi, eta, batez ere, sektorerik oinarrizkoenetan kanpoko teknologien, kanpoko patenteen eta baimenen mende zeudela guzti-guztiak.

Hala eta guztiz ere, ekonomiaren hazkunde horrek erro-errotik aldatu zuen Hego Euskal Herriko bizitza soziala. 1970 inguruan Bilbok eta bertako ibai inguru osoak eskaintzen zuen lantegi, ontzigintza, tximinia, burdinbide, garabia, tren, ke, gar, kai, ontzi, hoditeria, labe garai, kable eta bestelako guztien ikuspegi txundigarri hura aberastasun oparo baten erakusgarri zen. Gipuzkoa lantegi bat zen ia-ia, hasi eta buka, probintzia osoa. Hego Euskal Herri osoak hiri eskualde bat osatzen zuen: lau probintzietako biztanleen %76,23, 10.000 biztanletik gorako herrietan bizi zen 1975ean.

Lurralde honetako gizarteak industria eta hiri inguruneko gizarte bati dagokion egitura soziala zuen urte horiek baino aski lehenago ere: nekazaritza neurri handian baztertu izana (Bizkaian eta Gipuzkoan oso kinka larrian jarri zen baserria), biztanleriaren proportzio handi bat soldatapeko izatea (1970an lanean ari ziren biztanleen %80 ia), industriako langile kopuru handia (lanean ari zen biztanleriaren %50 inguru urte horretan berorretan), enpresetan eta zerbitzuetan profesional ikasiek eta koadro teknikoek geroz eta indar handiagoa izatea.

Ekonomiaren hazkundearekin batera biztanleriarenongi izatea ere –diru sarrerak, errenta, familiaren gastua, ekipamendu eta hornidura–, arras hobetu zen 1960-1974 artean; hobekuntza hori nabariagoa izan zen, hala ere, 1960an atzeratuen zeuden probintzietan, Araban eta Nafarroan alegia. Etxeetako tresneria hornidura (etxeko tresnak, telebista, autoa, telefonoa, ura, berogailua eta gisa horretako ondasunak), 1960an Espainiako gainerako lurraldeetan bezala aski urria zena, 1970-1975 inguruan aski onargarria zen jada, Espainiako gainerako lurraldeetakoarekin alderatuz gero, hala ere, maila altukoa. 1975ean, adibide bat jartzeko, etxe guztien %80,5ek bazuen ur hotza eta beroa, eta %2,3 baizik ez zegoen komunik gabe; %86,2k bazuen hozkailua; %83,5ek bazuen telebista eta irratia; %36,4k bazuen automobila, eta ia erdiak bazuen telefonoa; proportzio horiek guztiak askoz handiagoak dira garai horretan Espainia osoan ziren batez bestekoak baino. 1960tik 1971ra pertsona bakoitzeko errenta 30.724 pezetatik 105.947 pezetara igo zen Bizkaian; Gipuzkoan 31.270 pezetatik 104.111 pezetara; Araban 20.655 pezetatik 101.719 pezetara; eta Nafarroan 31.041 pezetatik 84.160 pezetara. Urteko matrikulatu ziren autoen kopurua Araban, 1960tik 1970era, 820tik 3.772ra igo zen; Gipuzkoan, 2.355etik 10.826ra; Nafarroan, 1.862tik 7.777ra; eta Bizkaian 3.519tik 17.606ra.

1960-1970 urteetako Hego Euskal Herriko gizartea masa kontsumoko gizartea zen, azkenik. Bertako gizarteak lehenagotik ere bazituen zenbait gizarte ohitura, eguneroko txikiteoa, taldeak, koadrila, soziedadeak, esate baterako, galdu ez baino, indartu egin ziren; baina hamarraldi horretako ekonomiaren aberastasunak biztanleen aisia aukerak ugaldu egin zituen, eta neurri berean ugaldu zituen, uste izatekoa zenbezala, hiri eta industria giroko gizartearen ezaugarrizko diren aisia moduak, hala nola zinema, telebista, kirol ikuskariak, diskotekak, dantzalekuak, asteburu zuriak, urteroko oporraldiak. Aisia modu horietatik kirolari zegozkionak ziren estimatuenak, 1960 ondoko hamarraldi horretan euskal kirolariek aparteko emaitzarik lortu ez zuten arren. Bilbo Athleticek 1969an futboleko Kopa irabazi zuen, baina Real Sociedad bigarren mailan egon zen 1962tik 1967ra (Hego Euskal Herriko bi futbol talderik onenak baizik ez aipatzearren). Txirrindulari batzuek –Otaño, Gabika, Perurena, Lasa anaiak–, eta batez ere Gasteizko KAS taldeak, garaipen sonatuak lortu zituzten. Pilotan, eskuzko banakakoen artean Azkarate eta Atano X.a izan ziren nagusi. Astibia leitzarrak oso ezagun egin zituen aizkolariak, telebistari esker. 1965-1968 bitartean Hondarribiak irabazi zituen Donostiako estropadak. 1968an Urtain boxeolaria azaldu zen, euskaldunen aparteko indarraren mito zaharra berriro pizteko antolaketa komertzial ageriko baten bitartez.

Ekonomiaren aldakuntza horrek izan zituen beste bi ondorio ere, epe luzexeago batera Hego Euskal Herriko euskaldun guztien kontzientzia kolektiboan –ideietan, sinesteetan, balioetan eta sentiberatasun moralean–, berebiziko eragina izango zutenak: alde batetik unibertsitate bizitzaren sorrera; beste alde batetik gizartearen sekulartzea.

Hain zuzen ere, teknikariak eta profesionalak izateko premia berriak –eta baita geroz eta aurreramendu biziagoa zuen gizarte haren kultura eskari handiagoak ere–, lurralde honetan ordu arte zen unibertsitate mailako irakaskuntzaren eskaintza handitu beharra ekarri zuen; ordu arte Zaragozaren eta Valladoliden mendeko baitzen lurralde hau gai horietarako guztietarako.

1960an unibertsitate mailako bi ikastetxe baizik ez ziren Hego Euskal Herri osoan (2.739 ikasle, guztira); 1968an hogei ikastetxe ziren zegoeneko (14.500 ikasle).

Ikastetxe horietako zortzi Bilbon zeuden kokatuta; Bilbon, izan ere, 1963an unibertsitatetzat ezagutu ziren jesuitek Deustun zituzten institutuak eta fakultateak, eta 1968an Bilboko unibertsitate publikoa sortu zen.

Beste zortzi ikastetxe Iruñean zeuden, Opus Dei erakundeak 1960an sortua zuen Nafarroako Unibertsitatearen barruan; eta beste hiru Donostian zeuden (Deustuko unibertsitatearen, Valladolidekoaren eta Nafarroakoaren mende ordea). Horiez gainera 1970ean Kolejio Unibertsitario bat sortu zen Gasteizen, gauzak aldatu artean behintzat, Valladolideko unibertsitateari atxikia hura ere. Horrekin guztiarekin, Hego Euskal Herriko lau probintzietako unibertsitario kopurua, artean handia ez bazen ere, 25.000 ingurukoa zen ordurako.Deustuko eta Nafarroako unibertsitateez gainera ia beste ezer ez zelakoxe hain zuzen, indar handia zuen elizak Hego Euskal Herriko unibertsitate mailako irakaskuntzan: 1974-1975 ikasturtean lurralde honetako unibertsitarioen ia %50 aipatu diren bi unibertsitate horietan ari zen ikasten. Bestalde, igandeetako meza entzuten zutenen proportzioa, eta antzeko beste indize batzuk, 1.000 biztanleko apaiz kopurua adibidez, askoz ere handiagoak ziren Hego Euskal Herriko lau probintzietan Espainiako gainerako probintzietan baino, urte horietan.

1972an adibidez, Hego Euskal Herriko biztanle guztien %71,3k zioen igandero mezetara joaten zela; urte horretan Espainiako batez bestekoa %34,6 zen. Horrexegatik esaten zen euskaldunak oso katoliko zirela. Gauzak ez ziren ordea ez horren argi ez horren egia. Elizaren unibertsitateetan banatzen ziren irakaskuntzetako gaiak gai teknikoak eta profesionalak ziren batez ere.

Erlijiozko egitekoak betetzeko joera oso indartsua zen 60 urtetik gorako pertsonen artean eta emakumezkoen artean, baina oso ahula 30 urtetik beherakoen eta inmigranteen artean. Apaizetarako bokazioak ere begien bistan ari ziren bakantzen. 1960an 754 apaizgai ziren Hego Euskal Herri osoan; 1970ean 140 baizik ez. 1955ean 106 apaiz berri egin ziren lau probintzietan; 1963an 75; 1975ean 18 baizik ez.

Erlijiozko mundu hori krisi larrian sartua zen. 1970-1975 inguruan erlijioak ez zuen gehiago Hego Euskal Herrian gizartearen kohesioa eragiteko behinola izandako eraginik (ez behintzat 1950 ondoko urteak arte izandakoa bezalakorik).

 

Frankismoarekiko etena

Kontua zen, edo konturik garrantzizkoenetako bat behintzat, ea 1960 ondoko urteetan Hego Euskal Herrian zegoen gizarte moderno aurreratu hura gauza izango zen ala ez Espainian 1975 arte gobernatuko zuen diktatura autoritario pertsonalaren –frankismoaren– mende bizitzera moldatzeko.

Egia esateko, 1960 inguru horretan frankismoak nahiko onespen zabala, aintzat hartzekoa, zuen Hego Euskal Herrian. Bazen, jakina, ezkutuko oposizio bat. Alderdi komunistak, azpian harrapatu nahi zuen zapalkuntza bortitza gorabehera, bazuen, Ramón Ormazábal –buruzagi nagusietako bat–, Agustín ibarrola pintorea, Julián Viejo, David Morín, Tomás Tueros eta beste zenbaiten eraginez, bere itzala Bizkaiko langileen artean (beste probintzietakoen artean askoz gutxiago). Antonio Amat, Ramón Rubial, Martín Santos idazlea, Nicolás Redondo,Eduardo López Albiso, eta geroago Múgica anaiak, sozialista ezagunak izan ziren, eta poliziaren esetsaldiak gorabehera, XIX. mendearen bukaeratik zetorren sozialismoaren memoria gordetzen asmatu zuten.

Juan Ajuriagerra, Luis M. Retolaza eta beste laguntzaile multzotxo bat Eusko Alderdi Jeltzalea berriro antolatzen ari ziren 1950 ondoko urteez gero. Horrek guztiak balio morala erakutsi zuen batez ere. Isilpeko oposizioa oso bakana zen, guztiz minoritarioa; 1960 ondotxoko lehen urteetan Hego Euskal Herriko gizartea, aldian behinka izaten zen liskarren bat edo beste gorabehera, gizarte desmobilizatua zen oso.

1964an bertan, Francoren errejimenak aski barregarriro bere “25 urteko bakea” ospatu zuenean ere, bazirudien urte horietan lortutako lan eta ongizatean oinarriturik –izan ere ez zen ia langabeziarik izan Hego Euskal Herri osoan hamarraldi hartan guztian–, urte askotarako egonkortasuna izateko esperantza bazuela Francoren errejimenak.

Baziren Hego Euskal Herriko politikari ezagunak aginpide barruko sareetan garrantzi handiko tokietan. Fernando Castiella Kanpo Arazoetako ministro izan zen 1962- 1969 urteetan. José Félix de Lequerica Espainiaren enbaxadore izan zen Nazio Batuetan 1963 arte. José M. de Areilza enbaxadore izan zen Parisen 1961etik 1965era, eta Juan Pablo Lojendio 1969 arte Bernan, eta Erroman urte horretatik aurrera. Antonio M.. e Oriol y Urquijo Justiziako ministro izan zen 1965-1973 bitartean; Antonio Iturmendi, 1951-1965 bitartean Justiziako ministro izana, Gorteetako lehendakari izan zen urte horretatik aurrera (kargu hori berori EstebanBilbao y Eguía bizkaitarrak izana zuen 1943az gero). Fermín Sanz Berrio iruñarra Lan Arazoetako ministro izan zen 1957-1962 bitartean; Jesús Romeo Gorría bilbotarrak, kargu bera izan zuen 1962-1969 bitartean.

José Antonio Elola-Olaso Kiroletarako Nazio Ordekaritzako buru izan zen 1956tik 1967ra. Iruñarra zen Tomás Garicano Goñi ere, urte askoz Gipuzkoan eta Bizkaian gobernadore zibil izan ondoren, 1969 arte Gobernazioko ministro izan zena. Nafarra zen orobat Lacalle Larraga jenerala, 1962- 1969 bitartean Aireko ministro izan zena.

Donostiako hiriaren funtzio soziala aldatua bazen ere, Espainiako udako hiriburua izaten jarraitzen zuen oraindik. Donostia zen Francok udako oporraldietarako gehien estimatzen zuen hiria; Aieteko jauregian eta “Azor” ontzian igarotzen zuen uda. Gernikak herri horretako harribitxizko domina eman zion Francori 1966an. Euskal probintzietako aldundietan eta udaletan Francoren errejimenaren konfidantzazko gizonak zeuden zuzendari. Plácido Careaga, Fernando de Ybarra eta Pedro Arístegui izan ziren Bizkaiko Aldundiko lehendakariak 1960 ondoko urteetan; Lorenzo Hurtado de Saracho, Javier de Ybarra (1963- 1969) eta Pilar Careaga Bilboko alkateak.

Vicente Asuero (1958-1964) eta Antonio Epelde (1964-1971) Gipuzkoako Aldundiko lehendakariak, Manuel Gortari (1952-1964) eta Félix Huarte (1964-1971) Nafarroako Aldundikoak, eta Manuel de Aranegui y Coll eta José Ruiz de Gordoa Arabako Aldundikoak; Nicolás Lasarte (1961-1964) eta José Manuel Elósegui (1964-1968) izan ziren Donostiako alkateak, Luis Ibarra Landete etaManuel Lejarreta Allende Gasteizkoak, eta Miguel Javier Urmeneta eta Joaquín M. Sagüés Iruñekoak. 1960an, jende guztiaren harriduraz, Hego Euskal Herriko 339 apaizek zenbait askatasun eskubide eskatuz gutun bat sinatu zuten arren, egoera zegoen zegoenean iraunarazteko zale ziren gotzain kontserbadoreen mende zegoen Hego Euskal Herriko eliza ere, edo edozeinetara ere Francoren errejimenarekin bat zetozen gotzainen mende behintzat: Pablo Gurpide izan zen Bilboko apezpiku 1956-1968 urteetan; Font y Andreu eta Lorenzo Bereciartúa izan ziren Donostiako apezpikuak, lehenengoa 1963 arte, eta bigarrena 1963- 1968 urteetan. Gasteizko elizbarrutiaren buru Francisco Peralta izan zen 1955-1975 urteetan, eta Iruñeko elizbarrutian (1956tik aurrera artzapezpikua zen bertako gotzaina), Enrique Delgado Gómez izan zen buru 1946tik 1968 arte.

Hori dena –gizartea Francoren errejimenera moldatzea, ordena eta egonkortasun esperantza horiek guztiak–, ekonomiaren garapen eta aurreramenduzko hamarraldi horren berorren azkenaldera hautsi zen ordea. 1962an bertan Francoren errejimenak salbuespen egoera ezarri behar izan zuen Bizkaian eta Gipuzkoan, langileek eragindako liskarrak mendean hartu eta konpondu ahal izateko; salbuespen egoera horren bidez biztanleen zenbait berme juridiko indargabeturik geratu ziren, eta poliziaren zapalkuntza lana errazten zen.

Salbuespen egoera hori ezartzea, ordea, ohitura bilakatu zen 1967tik aurrera; urte horretako apirilean Bizkaian ezarri zen, laneko arazo larri batzuen ondorioz. 1968an bi bider ezarri zen Gipuzkoan –abuztuan eta urrian–, oraingo honetan ETAren zenbaitekintzari erantzunez; 1970ean Gipuzkoan ezarri zen lehendabizi (abenduaren 4an) eta ondoren, hilabete horretako 14tik aurrera, Espainia guztirako ezarri zen, ETArekin zerikusia zuela berriro; hilabete hartan –1970eko abendua–, Burgosen terrorismo salaketapean epaitzen zituzten ETAko zenbait kideren kontrako auzia zela-eta batez ere Hego Euskal Herrian izan zen gizartearen mugimendua menderatzeko asmoz.

Hego Euskal Herriko liskarrak eta arazoak bi eratakoak izan ziren hain zuzen: alde batetik lan arazoak eta lanuzteak, geroz eta zabalagoak, eta geroz eta indar handiagokoak; beste alde batetik, ETAk bere borroka armatuzko estrategiari jarraituz egindako bortxazko ekintzak. Eta horiez gainera beste faktore bat, berebiziko garrantzia izan zuena hau ere: Francoren errejimenaren eta Elizaren arteko elkarren aurkako jarrera, Euskal Herriko apaiz kopuru aski esanguratsu batek (geroz eta gehiagok) lan arazoetan langileei eta batez ere ETAri ematen zieten babesaren ondorioz.

1960-1970 urteetan langileriaren mugimendua berriro indartze hori, inmigraziotik eta Francoren garaiko ekonomiaren aurreramendutik sortutako langileria berriak bultzatua, 1959-1962 bitartean onartu eta ezarri zen lan harremanetarako sistema berriaren ondorioa izan zen. Lanuztea debekaturik zegoen oraindik ere, baina Hitzarmen Kolektiboak negoziatzeko printzipioa sartu zen; horren ondorioz enpresa juratua, sindikatu harremanetarako arduradunak indarberritu ziren, eta soldatak eta lan baldintzak enpresarioen ordezkarien eta langileenen arteko zuzeneko negoziazioaz arautu ziren handik aurrera (eta ez, ordu arte bezala, Lan Ministerioaren aginduz).

Urte askotan izan zen lehenengo lanuzte handia –1961ean Basaingo CAF enpresan izan zena–, hitzarmen kolektiboaren negoziazioak eragina izan zen hain zuzen; hurrengo urtean bertan beste lanuzte luze gogor bat izan zen arrazoi berberagatik Bilboko Basconia enpresan. 1962ko urte horretako berorretako udaberrian 50.000 langile inguruk lanuztea egin zuen Bizkaian eta Gipuzkoan –eta gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen horrenbestez–, Asturiasen beren hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari zirela lanuztea egiten ari ziren meatzariekiko solidaridadez.

1963tik aurrera laneko liskarrak eta lanuzteak ohiko gauza izan ziren –zapalkuntza gorabehera–, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresetan; soldata arazoak konpontzeko izan ohi ziren genienak, baina baita lanetik kanpora botatakoak lanean berriro hartzera behartzeko ere, edota arrazoi politikoengatik ere; hala izan zen, adibidez, Maiatzaren Lehenean, frankismoak debekaturik zeukan langileen jai eguna (langile mugimenduhorien buru Comisiones Obreras izan zen gehienbat; era berri bateko isilpeko sindikatua zen, 1962an Bizkaian sortua; komunistek eragin handia zuten sindikatu horretan, baina ez ziren bakarrak). Izatez, Gipuzkoa izan zen 1964an Espainia guztian lan arazo eta liskar gehien izan zuen probintzia; Espainiako lanuzte guztien (484 inguru) %16 Gipuzkoan izan baitzen. Bizkaia hirugarren probintzia izan zen urte horretan laneko arazo eta liskar kopuruari dagokionez; 1965ean bigarrena izan zen (Espainian izan ziren 234 lanuzteetatik %19 Bizkaian izan baitzen). 1966an 103 lanuzte izan ziren Espainian: horietatik 20 Bizkaian izan ziren; 1967an 341 lanuzte izan ziren Espainian, eta horietatik 71 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan. 1967-1972 bitartean 525 lan arazo eta liskar izan ziren Gipuzkoan, 502 Bizkaian eta 121 Nafarroan. Etxebarriko Bandas de Laminación enpresako 564 langileak izan ziren frankismoaren garaiko lan liskar luzeenaren protagonista: 163 egunez egon ziren greban, 1966ko abendutik 1967ko maiatza arte; solidaridade ekintza asko antolatu ziren Espainia osoan (Euskal Herriko 107 apaizek langile horien aldeko idazki bat sinatu zuten, adibidez); gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen Bizkaian –1967ko apirila–, eta langileen buruzagiak eta isilpeko oposizioko buruzagi ezagunenak atxilotu eta auzitara eraman zituen.

ETAren sorrera, bere aldetik, gutxi asko EAJ alderdiarekin lotura zuten gazte erakundeetako zenbait burkidek –Jose Luis Alvarez Enparanza, Julen Madariaga, Jose Manu Agirre eta Jose M. Benito del Valle–, frankismoak eta industriaren garapenak Euskal Herrian eratutako errealitate berriari erantzuteko gai izango zen nazionalismo berri bat oinarritzeko zuten asmoaren ondorioizango zen. ETA (Euskadi ta Askatasuna) isilpean jaio zen 1959an, zenbait urtez prestaketan aritu ondoren. Alde batetik Francoren errejimenak ezarri zuen askatasunik gabeko egoeraren ondorio izan zen zalantzarik gabe. Baina orobat zen zapalkuntzaren ondorioz, ekonomiaren hazkundearen ondorioz, langileen oldekako inmigrazioaren ondorioz euskaldunen nazio sentimendua 1950 ondoko urteetan itxuraz nozitzen ari zen apalaldiaren ondorio ere, eta baita isilpean eta erbestean zegoen euskal nazionalismo historikoaren sorgortasun eta egonean egoteko joeraren kontrako erantzun ere.

ETA mugimendu abertzale, independentista, demokratiko eta erlijio harturik gabekotzat definitu zen hasieran (1959-1962); euskara jartzen zuen euskal nazioaren hizkuntza nazional bakar eta oinarritzat. Geroago, Kubako, Aljeriako eta Vietnamgo nazio askatasunaren aldeko borroken eraginez –eragin hori ageri-agerian ikusten da, adibidez, Federiko Krutwigen Vasconia (1963) obran, Julen Madariagaren Guerra revolucionaria: la insurrección en Euzkadi (1964) liburuxkan eta ETAren IV. Biltzar Nagusiaren erabakietan (1965eko ekaina)–, ETAren ideologia nazionalismoa eta marxismo-leninismoa bat egiten ahalegindu zen, eta borroka iraultzailea hasi zen proposatzen Euskal Herria askatzeko bide bezala.

V. Biltzar Nagusian, azkenik –1966ko abenduan eta 1967ko martxoan ospatu zen, erakundea zatibiturik eta Eugenio del Riok eta Patxi Iturriozek gidatzen zuten burkide multzoa “desbideratze espainolista”-tzat salatu eta erakundetik kanpora egotzirik–, ETAk, Xabi eta Jose Antonio Etxebarrieta anaien, Jose M. Eskubiren, Krutwigen, Gregorio Lopez Irasuegiren, J.L. Unzuetaren.

J.M. Bilbao Barrenaren, E. Lopez Adanen eta beste burkide batzuen gidaritzapean “nazio askatasunerako euskal mugimendu sozialistatzat” definitu zuen bere burua; era horretara batera jartzen zituen erro-errotiko independentzia zaletasuna, marxismotik hartutako hizkera (“euskal langileria” euskal iraultzaren eta nazioaren oinarri), eta ekintza armaturako deia; erakundearen definizio hori izango zen azkena, gerora ere, 1970ean eta 1974an, garrantzi handiko zatiketak izango zituen arren.

ETA burkide multzo txiki baten gogoaren emaitza izan zen. Hasieran propagandarako ekintzak baizik ez zituen egin: “Gora Euskadi” pintadak, ETAren akronimoa margotzea, euskal ikurriña agerian eta jende asko zebilen lekuetan jartzea, eta era horretako ekintzak. Lehergailu batzuk ere jarri zituen arren, 1961eko uztailaren 18an 1936ko gerran Francoren alde aritutako soldaduak zihoazen trenari trenbidea mozteko ahalegina egin zuen arren ere, ETAren ekintzek ez zuten bestelako garrantzirikizan 1969-1970 ingurua arte. Trenaren kontrako atentatua bera, esate baterako, oso erraz birrindu zuen poliziak, eta jendearen gehienak ez zuen jakin ere ezer gertatu zenik; 1964 eta 1965eko iraultza gerrarako dei haiek ideia platonikoak gehiago izan ziren errealitatezkoak baino. ETAk ez zuen burkide askorik: 250-300 inguru 1963an; 300-450 1966an. 1960 ondoko urteetako buruzagi gehienek erbesteratu beharra izan zuten; polizia behin baino gehiagotan iritsi zen erakundea ia ezabatzera (horrek berorrek erakusten du gauzak beste era batera ere ezin gertaturik ez zela izan).

Hala eta guztiz ere, ETAk, V. Biltzar Nagusiaz gero fronte desberdinetan antolaturik (fronte militarra, fronte politikoa, kultura frontea, langile frontea) geroz eta ekintza militar gogorragoak egin zituen –banku lapurretak, frankismoaren eraikuntza ofizialen eta monumentuen kontrako bonbak, poliziaren eta Goardia Zibilaren kontrako tiroketak–, 1967ko udaz geroztik; horrekin batera “masa ekintzak” bultzatzen ahalegintzen zen, langile eta greba mugimenduekin bat hartuz. Lehenengo gertaera garrantzizkoak 1968an izan ziren. Ekainaren 7an, Goardia Zibilak Adunan (Gipuzkoan) Xabi Etxebarrieta eta Iñaki Sarasketa zihoazen autoari alto eman ziolarik, Etxebarrietak tiro eman eta José Pardines guardia zibila hil zuen; handik zenbait ordutaraGoardia Zibilak Etxebarrieta hil zuen –Tolosan–, eta hurrengo egunean haren laguna, Sarasketa, atxilotu zuen. Handik pixka batera, abuztuaren 2an, ETAko komando batek Melitón Manzanas polizia komisarioa hil zuen Irunen.

Gertaera haiek erabakiorrak izan ziren guztiz. Francoren errejimenak, Manzanasen kontrako atentatuari erantzuteko, salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan, eta ETAren ekimenen gorakadari ez zion zapalkuntza orokorra beste erantzunik ematen jakin. Era horretara euskaldun gehienen gogoa bere kontra jarri zuen, baita hasieran ETAren aldeko ez zirenena, edota are haren kontrako zirenena ere. Frankismoa bera izan zen bere logika autoritario eta zapalkuntzazkoaren nozitzaile. Polizia indarrek okupaziozko gudaroste bat balira bezalaxe jokatu zuten salbuespen egoerak izan zirenetan: 1969an 434 pertsona atxilotu zituzten; 1969an 1.953; 1970an 831. 1970ean ETArekin lotura zutela salaturik espetxeratutakoak 328 ziren; beste 500 inguru Ipar Euskal Herrira ihes eginak ziren.

Era horretara abiarazi zen ekintza-zapalkuntza-ekintza zurrunbilo hura ETAren asmo eta helburuetarako izan zen batez ere mesedegarri. Izatez, jendearen egonezinaren eta matxinatu nahiaren katalizatzaile bilakatu zen. Euskal elizaren erradikalizatzeak ere –bere erlijio krisia agerian jartzenzuelarik–, mesede egin zion, gorago ere esan den bezala, estrategia hari. Ohargarria da ETAren V. Biltzar Nagusiaren lehenengo zatia Gazteluko (Gipuzkoa) apaiz etxean egin izana. Etxebarrietaren heriotzaren ondoren apaiz asko izan ziren, eliz agintarien aginduei jaramonik egin gabe, haren arimaren alde mezak eta hileta elizkizunak ospatu zituztenak, era horretara ETAko buruzagi gazte hura erakunde horren lehenengo nazio mailako heroi bihurtzen zutela.

Beste apaiz askok ere salatu zuten zapalkuntza, Espainiako gobernuak 1968ko abuztuan bandidaje eta terrorismoaren zapalkuntzarako legea ezarri zuenetik aurrera batez ere, ETAren delituak auzitegi militarren esku geratzen baitziren lege haren bitartez, eta atxilotuak torturatu egiten zirela begien bistan geratu zenetik aurrera batez ere. Berrogei apaizek –1968ko abuztuan–, Bilboko gotzaitegiko bulegoak hartu zituzten, Gurpide apezpikuak, Lorenzo BereziartuaDonostiako apezpikuak hilabete horretako 22an egina zuen bezala, egoera horren aurrean jarrera jakin bat har zezan: Gurpide apezpikuak ezer esaten ez zuelarik, beste 63 apaiz sartu ziren Derioko apaizgaitegian, haren dimisioaren eske.

1969ko apirilean, Cirarda apezpiku berriak protesta egin zuen arren, poliziak sei apaiz atxilotu zituen, Jose Angel Ubieta, Bilboko elizbarrutiko bikario orokorra, besteren artean, ETAren laguntzaile zirela salaturik; maiatzaren 30ean beste bost apaizek (Xabier Amuriza, Alberto Gabikagogeaskoa, Jesus Naberan, Julen Kalzada eta Nikolas Telleriak) gose greba bat hasi zuten elizbarrutiko egoitzaren bulegoetan torturaren eta atxiloketen kontra protesta egiteko; hori zela eta –Cirarda apezpikuak oraingo honetan ere protesta egin zuen arren–, preso hartu zituzten, auzitara eraman eta 10-12 urtetarainoko kartzela zigorrak eman zizkieten, “errebolta militarra” egin zutela eta.1970eko ekainean Cirardak berak salatu eta gaitzetsi zuen zapalkuntza, eta frankismoarentzat hori baino ere ezin onartuzkoagoa izan zena egin zuen: ez zuen ospatu nahi izan Francoren gudarosteak 1937an Bilbon sartu zirenekoa gogoratzeko Bilboko eliza nagusian urtero ospatu ohi zen meza. Nahita ala nahi gabe (eta batzuek nahi ere nahi zuten) euskal apaizek ETAren jokabidea zilegizko egiten zuten horrela; izan zen, gainera, apaizen babes horretan oinarriturik, ETAren sortzean halako euskal milenarismo moduko bat ikusi zuenik ere (1981ean Juan Aranzadi bizkaitar antropologoak argitaratu zuen liburuaren izenburu bera erabiltzeagatik); milenarismo horretan mistika abertzale bortxazko batek zuen nonbait hartua ordu arte euskaldunen elizkoitasun sutsuaren zimentarri izanak ziren bulkada mesianiko erredentziozkoaren lekua.

Francoren errejimenak erronka eta dixidu gaitza zuen, beraz, bere kontra Hego Euskal Herri osoan. Bizkaia eta Gipuzkoa Espainiako probintziarik liskartsuenen artean zeuden, lanuzteei begiratuz gero. Euskaldunen arazoa, frankismoak ustez ezabatua zuena, berriro ari zen pizten. Euskal kultura ez zen desagertu industriaren eta hirien aurreramenduarekin. 1965etik aurrera garbi ikusi zen ETAren ekintzez gainera nola erakunde nazionalistek klandestinitatetik eta erbestetik antolatzen zituzten Aberri Egunetan ere, geroz eta mobilizazio handiagoak egiten ziren, poliziaren zapalkuntza gorabehera; 1970eko irailaren 18an 1936ko gerran aritutako nazionalista batek bere buruari su emanik Francoren beraren aurrera jauzi egin zuen, protesta gisa, Donostian ospatzen ari zen pilota partida batean.

Frankismoaren legezko onargarritasuna geroz eta ahulagoa zen. Francoren errejimenak 1966ko abenduaren 14an Estatuaren Lege organikoa –errejimen haren oinarrizko testuetako bat– onartzeko antolatu zuen erreferendumean adibidez, sekulako abstentzioa izan zen Gipuzkoan eta Bizkaian (Espainia osoko handiena: %24,2 Gipuzkoan eta %21,3 Bizkaian, Espainian batez bestekoa %10,8 izan zelarik). 1967ko azaroan familia ordezkaritzako herenerako prokuradore hauteskundeetan –Francoren errejimenak iraun zuen 40 urteetan antolatu zuen hauteskunde demokratikoen gauzarik antzekoenean, hain zuzen–, %40ra ere ez zen iritsi jendearen parte hartzea. Nafarroan, ordu arte karlismo tradizionalaren plaza nagusi izan arren, 1960 ondoko urteetan ekonomian eta gizartean gertatzen ari ziren aldakuntzak erro-errotik ari ziren aldatzen probintzia horretako politika ohiturak.

Lanuzteak nabarmen-nabarmen hasi ziren ugaltzen 1966tik aurrera: Iruñeak eta gainerako industria leku nagusiek greba orokor luze eta ikaragarri gogorra bizi izanzuten, Nafarroako historia osoan lehenengoa, 1973ko ekainaren 12tik 22ra. Nafarroako unibertsitatean ere ikasle mugimendu demokratiko bat sortu zen 1970 aurretxoan.

Karlismoaren zati batek frankismoarekin zituen lotura guztiak eten zituen: 1965etik aurrera Carlos Hugo de Borbon errege nahiak jarrera aurrerakoiagoetarantz eraman nahi izan zuen karlismoa, mugimendu horren helburu bezala sozialismo autojestionarioa jarriz, eta aldi berean alderdi horren euskalduntasuna azpimarratuz (hain zuzen ere, alderdi horren hasiera-hasieratik Nafarroaz gainera lotura bereziak baitzituen izanak gainerako euskal probintziekin).

Norgehiagokaren gailurra 1970eko abenduan gertatu zen azkenik, Burgosko auziaren inguruan: ordu arte ETAren kontra egindako epaiketarik handiena zen; auzitegi militar batek erakunde horretako 16 burkide epaitu behar zituen (horien artean hiru emakume: Itziar Aizpurua, Jone Dorronsoro eta Arantxa Arruti, eta Etxabe eta Kalzada apaizak); sei heriotza zigor eskatzen zituen (Izko de la Iglesia, Uriarte, Gorostidi, Onaindia, Larena eta Dorronsoro auzipetuentzat), eta 518 urteko kartzela. Auzi horren bitartez ETAren ekintza gorakada errotik eta gogorki moztu nahi zuten errejimen frankistako agintariek; auzi hori ordea, berebiziko hondamen politiko eta propagandazkoa bilakatu zen frankismoarentzat.

Lehenik eta behin nazioartean Espainiako errejimenaren kontra sekulako kanpaina bizi bat zela hasi zen auzia. Azaroaren 23an Donostiako eta Bilboko gotzainek, Argaiak eta Cirardak, sona handia izan zuengutun bat argitaratu zuten, beren elizbarrutietako eliza guztietan irakurtzeko, errejimenari erruki eskatuz; azaroaren 27an aita santuak berak ere eskari horixe bera egin zuen. Abenduaren 2an, auzia hasi bezperan alegia, ETAk Eugenio Beihl, Alemaniako kontsula bahitu zuen, ausardiazko ekintza batez, eta haren zoria auziaren ondorioen araberakoa izango zela jakinarazi zuen.

Greba eta manifestaldi handiak, ordena publikoko arazo larriekin, izan ziren Hego Euskal Herri osoan abenduaren 3 eta 4tik aurrera, eta ez ziren geratu hilaren bukaera arte, esateko; protesta haietako batean Roberto Pérez langile gaztea hil zuten Eibarren.

Abenduaren 5ean Espainiako gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan.

Espainiako prentsak eta telebistak, zentsura ofizialaren mende bazeuden ere, informazio asko zabaldu zuten gertakariez: auzian bertan auziperatuek argi eta garbi desafio egin zieten epaileei; behin beren goardien kontra oldartu ere egin ziren; horrek guztiak barren-barrenetik hunkitu zuen iritzi publikoa. Liskarrak Espainia osoan zehar zabaldu ziren. Ia unibertsitate guztietan izan ziren protestak eta manifestaldiak; probintzia eta enpresa askotan izan ziren grebak eta lanuzteak.

Abenduaren 12an Kataluniako 300 intelektual (Miró, Tapies, Serrat, Raimon etab.) Montserrateko abatetxean sartu ziren eta manifestu bat argitaratu zuten presoentzako amnistia eta gutxiengo errejionalentzat beren eskubideak ezagutu zekizkien eskatuz.Francoren errejimenak gogor erantzun zuen. Abenduaren 14an Espainia guztirako ezarri zuen salbuespen egoera. Gero bere jende osteak mugitu zituen: manifestaldi “patriotiko” handiak egin ziren abenduaren 16an eta 17an Burgosen eta Madrilgo Plaza de Orienten (hilaren 24an Bilbon eta Iruñean ere egin ziren). Partida galdua zuen ordea.

Hilaren 25ean ETAk Beihl askatu zuen. Hilaren 28an Burgosko auziaren epaiak eman ziren, eskatu zirenak baino zigor gogorragoak ezarriz (9 heriotza zigor sei auzipeturentzat, eta 518 urteko kartzela); abenduaren 30ean heriotza zigorrak kartzela zigorrez aldatzen zirela jakinarazi zuen Francok.

Espainia guztia, eta batez ere Hego Euskal Herria, lasaitu zen albiste horrekin. Bake laburra izan zen ordea. Burgosko auziak bihurgunea ekarri zuen historiaren ildoan: frankismoak lurralde honetan izan zezakeen izen onaren eta estimazioaren bukaera izan zen, esan den bezala. Horrez gainera, euskaldunen nazio kontzientziaren esnatzea eragin zuen. ETAren ekintzak, frankismoaren gaitzespena eta euskal nortasunaren sentipena, gutxitu eta apaldu ez baina, arras indartu ziren 1970etik aurrera. Francoren errejimenak ez zuen ETA birrindu, alderantziz baizik, zilegizko bihurtu zuen, diktaduraren azkeneko krisialdiaren eragile nagusi (1970- 1975 urteetan) eta euskalzaletasunaren indartzearen abangoardia izan zen aldetik.

Gauzak goitik behera aldatu ziren, beraz, 1960-1970 bitartean: hamarraldi gutxi izango da Hego Euskal Herriaren historian 1960 ondoko urte horiek izan duten bezalako eragina izan duenik.