Historia»Egungo aroa
1960-1970: eten urteak
Hirurogeigarren hamarraldian bigarren industrializazioaren ondorioak
eta neurri ezezaguneko gizarte aldaketak bizi izan zituen Euskal
Herriak. Aldaketa horren oinarrian, orain ere, etorkin multzo handien
etorrera eta gizartearen hiritartzea daude. Hego Euskal Herria esparru
industrial, hiritar, dinamiko eta oso modernoa bihurtu zen, Espainia
osoko errenta maila gorenak zituela. Baina, era berean, hirurogeigarren
hamarraldia izan zen euskal gizartearen eta frankismoaren arteko
haustura gauzatu zen aldia ere. Oposizio politikoa, gizarte sektore
garrantzitsuen parte hartzea eta herritarren gehiengoak frankismoari
erakutsi zion aurkakotasuna izan ziren haustura horren adierazgarriak.
Grebak, salbuespen egoerak, indarkeria… izan ziren sintoma
ikusgarrienak, eta ondorio garrantzitsuak izango zituen etorkizunean.Hego Euskal Herria, Nafarroa ere barne
dela, aurren-aurreneko muturrean egon
zen Espainia osoak 1960 ondoko urteetan
izan zuen aldakuntza prozesu guztian; horixe
izan da, hain zuzen, Espainiako ekonomiak
eta historia osoak XX. mende osoan
izan duen aldaketarik handiena. 1960 ondoko
hamarraldi horretan, izan ere, berebiziko
aurreramendua izan zuen ekonomiak,
industrializazioa arras azkartu zen,
emigrazio bortitza izan zen nekazaritza
mundutik industriara eta hirietara, kontrolik
gabe hazi ziren hiriak eta oldeka iritsi
zen turismoa. 1970 iritsi zenerako Espainia
ez zen gehiago industria garapenik gabeko
estatu atzeratu bat, nekazaritzara emana. Eta
kostu sozial handiak izanda ere, aski gizarte
dinamiko eta modernoa bilakatua zen,
aski gizarte aberatsa zen ordurako. Prozesu
horren guztiaren oinarrizko osagai eta eragile
zen aldetik bigarren industria iraultza
bat bizi izan zuen Hego Euskal Herri osoak,
Nafarroa ere barne zela, lehenengo industria
iraultza, 1880-1900 hamarraldietan Bizkaian,
eta Gipuzkoan XX. mendeko lehenengo
urteetatik aurrera bizi izandakoa
baino errotikoagoa, zabalagoa eta sakonagoa
alegia. 1960 ondoko urteetan izan ziren
aldaketak egiazko etena eragin zuten
historian: urte horietan iritsi zuen gailurra
eta zabaldu zen erabat herrialde honetan
guztian (Araba eta Nafarroa ere barne) gizarte
industrializatu eta teknifikatua, hirietan
kokatua, profesionaldua eta masifikatua
ekarri zuen aldakuntza.Espainiako ekonomiaren bultzada eta
modernizazioa eragin zuen oinarrizko faktorea
–ia hogei urteko autarkia aro baten
ondoren–, 1959ko Egonkortasunerako Plangintzaren
ondorioz hasi zen ekonomiaren
liberalizatzea izan zen batez ere. Euskal
Herriko industria iraultza berri hori ez zen,
ordea, estatuaren zuzeneko ekimenaren
ondorioz bideratu eta gauzatu: Espainian
1964tik aurrera antolatu ziren “garapen
gune”-etatik kanpora geratu baitzen, izan
ere, Hego Euskal Herria (edozeinetara ere,Nafarroan eta Araban beren Aldundien ekimenak
berebiziko eragina izan zuen probintzia
horietan industria indartzen has zedin);
beste alde batetik, Industriako Nazio
Institutuak, 1941ean Espainiako estatuan
sortua zen estatuaren enpresen holding
erraldoiak, oso parte txikia izan zuen Euskal
Herriko industrietan: Bilboko itsasadarreko
ontzigintzako zenbait industriatan
(Euskalduna eta Naval, 1969an Astilleros
Españoles-en sartuak biak), eta Araban eta
Nafarroan kokatu ziren lantegi berrietako
banaka batzuetan (Mevosa adibidez Araban,
eta Potasas de Navarra, SEAT, Auxini eta
besteren bat Nafarroan). Horiez gainera izan
ziren, jakina, gobernuaren bestelako zenbait
ekimen eta ekintza (zerga babesak, finantzaketarako
partaidetza, esportaziorako
kredituak eta gisa horretakoak), Hego Euskal
Herriko probintzien mesederako gertatu
zirenak: izan ere, garapen planak eta
eskualdekako garapen guneak aipatzen zituzten
erretorika ofizialak gorabehera, lehendik
ere garatuak ziren eskualdeen hazkundean
oinarritu zen azken finean Espainiako
ekonomiaren hazkuntza. Edozeinetara
ere, Hego Euskal Herriaren hazkundea,
Nafarroa ere barne, inbertsio pribatuaren etabertako industriek beren produktuak esportatzeko
zuten gaitasunaren ondorio izan zen
batez ere; komeni da hori berriro azpimarratzea;
beste era batera esanda, Euskal
Herriko bertako enpresa ekimenaren ondorio
izan zen batez ere hazkunde hori.
Prozesu horren emaitzak sekulakoak
izan ziren, lehen ere esan den bezala. Euskal
Herriko Barne Produktu Gordina
1960koa halako hiru bilakatu zen ia-ia
1973rako: 1960an 195.030 milioi pezeta izatetik,
1973an 481.058 izatera aldatu zen
(1975eko pezeta iraunkorretan); hamalau
urte horietan urteko ia %7ko hazkundea
izan zuen batez beste (Araban eta Nafarroan
hori baino gehiagokoa, Bizkaian eta Gipuzkoan
aldiz apalxeagoa). Erakusle guztiek
agerian jartzen zuten bezala, industriaren
garapenak eta aurreramenduak ekarri
zuen batez ere hazkunde hori. 1975ean
adibidez –urte hori jartzen baita hazkunde
aro haren amaiera bezala–, industriak sortzen
zuen Hego Euskal Herri osoaren Barne
Produktu Gordinaren %53,3 (1960an
%44,6 zena); zerbitzuen sektoreak BPGaren
%40,99 sortzen zuen (1960an %36,6):
nekazaritzak aldiz, Euskadiko hiru probintzietako
BPGaren %5 baizik ez, eta Nafarroan
%14,1 (1960an Euskadiko hiru probintzietan
%10,6 eta Nafarroan %35,4). Industriaren
balio erantsi gordina 1960koa
halako bi bilakatu zen 1971rako, pezeta
iraunkorretan (Araban eta Nafarroan lehen
halako hiru bilakatu zen). Industrian enplegatzen
zen biztanleria aktiboa ere neurri
beretsuan handitu zen: Nafarroan, adibidez,
1960an lanean ziharduen biztanleria
osoaren %30,9 zena, %40,4 izatera iritsi zen;
Araban %39,5etik %56,3 bilakatu zen, Gipuzkoan
%56,6tik %56,7; eta Bizkaian, Bizkaia
baitzen probintziarik industrializatuena,
eta ordurako hirugarren sektorea nagusitzenhasia baitzen, %59,3 izatetik %53,4
izatera aldatu zen. Eta alderantziz, nekazaritzan
(eta arrantzan) enplegatzen zen biztanleriaren
proportzioa 1960an lanean ziharduen
biztanleriaren %38,1 izatetik %28
izatera jaitsi zen 1971rako; Araban %30,5
izatetik 16,1 izatera; Gipuzkoan 12,5 izatetik
%9,9 izatera; eta Bizkaian, %12,6 izatetik
7,3 izatera.
Bizkaian, XIX. mendearen bukaera aldera
eta XX. mendearen hasieran Bilboko
itsasadarraren eta portuaren inguruan sortu
ziren lantegi handien (Bizkaiko Labe
Garaiak, Babcock-Wilcox, S.A. Echevarría,
Basconia, Naval, Compañía Euskalduna,
General Eléctrica, Firestone, etab.) eta Bilbo
eta Bizkaiko bankuen inguruan biltzen
zen probintzia horretako ekonomiaren gune
nagusia. Horiek bultzatu eta eutsi zuten
batez ere 1960 ondoko urteetako hazkundea
eta hazkunde horrek ekarri zituen egitura
aldaketak. Bizkaiko siderurgiak, eta
euskal siderurgiak oro har, bere instalazioak
eta produkzioa arrazionalizatu eta modernizatu
beharra izan zuen (Espainiako
estatuak 1950ean Asturiasen sortu zuen
Ensidesako lantegi handia lanean hasi zenetik
aurrera batez ere). Labe Garaietako
enpresa Estatu Batuetako U.S. Steel siderurgia
enpresarekin elkartu zen 1964an, eta
Euskal Herriko beste hamalau enpresekin
batera produkzio sektore horretarako Ekimen
Bateraturako lehenengo programa sinatu
zuen urte horretan bertan, gerora zinez
emaitza onak ekarriko zituena. Labe
Garaien altzairu produkzioa, 1960an 907.000
tonakoa izatetik, 2.012.000 tonakoa izatera
iritsi zen 1972an. Urte horretan berorretan,
euskal siderurgiak, oraindik ere beheraka
ari zela, Espainiako estatu osoan produzitzen
zen altzairu guztiaren %34 produzitzen
zuen berak bakarrik.Bizkaiko ontzigintzak martxa onean jarraitu
zuen 1974-1975 urteak arte: Bizkaiko
ontzigintzaren produkzioa, 1959ean errejistro
gordinean 227.102 tonakoa izana (96
itsasontzi), 341.368 tonakoa izatera iritsi zen
1973an (56 itsasontzi); Espainiako estatuko
produkzio osoaren %28,4 zen hori. Bilboko
portuak ere aparteko sartu-irten handia izan
zuen hamarraldi horretan: salgai mugimendua,
1960an 3,9 milioi tonakoa izatetik,
1973an 20 milioi tona pasatxo izatera iritsi
zen. Portu horrek eraginak izan ziren, gainera,
hamarraldi horretan egin ziren bi inbertsiorik
handienetakoak, Bizkaiaren etorkizunerako
berebiziko eragina izango zutenak
biak. 1968an petrolio findegi bat jartzeko
baimena eman zitzaion Bizkaiko probintziari
–Somorrostron jartzeko, portuaren
irteeratik oso hurbil–; urtean 10 milioi tona
inguru petrolio gordin fintzeko gaitasuna
izango zuen findegi horrek. 1972an, ibaiko
portuak zituen ezintasunak eta harrera estua
ezaguturik, garai horretan petrolio garraioan
ari ziren petrolio ontzi handientzat
non kokaturik ez zuelako batez ere, bokalean
portu handia egitea erabaki zen, Zierbena
eta Galea muturraren bitartean: petrolio
findegia 1971n inauguratu zen; portu
handiaren lehenengo kaia 1973an jarri zen
abian.
Gipuzkoaren hazkundeak Bizkaiarenak
ez bezalako ezaugarriak izan zituen. Paperaren
industriak eta kimikaren sektoreak
berebiziko garrantzia izan bazuen ere, metalurgiaren
sektoreak izan zuen batez ere
indarra garai horretan (lanabesak, ferreteria, sarraileria, torlojugintza, armak, metalezko
altzariak, errodamenduak, etxerako
tresnak, makina lanabesak, elektrizitate
gaiak, txirrinduak; xaflagintza eta altzairu
bereziak); bere baitan oso produkzio mota
asko hartzen zituen sektorea zen hori; probintzia
guztian zituen, han eta hemen barreiaturik,
lantegiak; sektorea enpresa eta
enpresario aski apalez osatua zen gehienbat
(Guerra Garridoren Cacereño eta Lectura
insólita de El Capital eleberrietako José
María Lizarraga hura bezalatsu). Gauza ohargarria
da kooperatibek izan zuten hazkunde
handia eta maiz izan zuten arrakasta
ikaragarria. Jose Maria Arizmendiarrieta
apaizak 1943an Arrasaten sortua zuen Lanbide
Eskolan ikasitako bost mutil gaztek Ulgor
kooperatiba sortu zuten 1959an Arrasaten
bertan –Ulgor– etxerako tresnak egiteko.
Hiru urte geroago Ulgor kooperatibak
Lanbide Aurrezki Kutxa sortzeko ekimena
bultzatu zuen; Arrasaten jarri zen
haren egoitza ere; kooperatiba mugimenduari
finantza oinarri sendo bat emateko
sortu zen kreditu erakunde hori; eta baita
oinarria eman ere kooperatibek usteko ez
zen zabalkundea izan zezaten: 1973an 63
kooperatiba ziren Lanbide Aurrezki Kutxaren
inguruan bildurik (horietako 51 industria
kooperatibak); 10.000 bazkidetik gora
ziren; 13.000 langilek egiten zuen lan
kooperatiben enpresetan; negozio kopurua
urteko 20.000 milioi pezeta ingurukoa zen,
eta Lankide Aurrezki Kutxak 62 bulego zituen
zabalik (horietatik 34 Gipuzkoan).
Araban 1.363 enpresa sortu ziren 1960ko
hamarraldian; horietatik %80 Gasteiz inguruko
industria poligonoetan kokatu ziren
(Ali Gobeo, Olarizu eta Gamarra, adibidez);
Gasteiz, hain zuzen, bere Udalaren eta Arabako
Aldundiaren planifikazio eta sustapen
ekimenez, kokaera oneko garapen gune
moderno eta ongi pentsatua, eta Bizkaiko
eta Gipuzkoako ekonomien hedaleku bilakatua
baitzen garai horretan (Gipuzkoarentzat
batez ere). Matalurgiaren sektorea,
kimikarena eta eraikuntzarena izan ziren
Arabako industriaren abiadaren bultzada
ekarri zutenak; Forjas Alavesas (altzairu
bereziak), Mevosa (Mercedes eta Volkswagen
S.A., industriarako automobilak) eta
Michelin (gurpiletarako pneumatikogintza),
adibidez, bereziki aipatzekoak dira industriarik
ahaltsuenen artean. Nafarroan ere antzeko
gauza gertatu zen. Foru Aldundiak,
bertako lehendakariorde zen Félix Huarte
industria gizonaren ekimenez, bultzatu zuen
Industria Sustapenerako Planaren ondorioz
337 enpresa sortu ziren Nafarroan 1964tik
1974rako hamarraldian; 20.000 milioi inguru
pezeta inbertitu ziren, eta 30.000 lanpostu
inguru sortu ziren industrian. Enpresa horien
erdia edo gehiago, metalurgiakoak
gehienak, Iruñerrian kokatu ziren. Arabangertatu zen bezala, Nafarroan ere berdin,
ez ziren gehiago nekazaritzari emanda bizi
ziren probintziak: lanean ari zen biztanleriaren
42,09 industrian ari zen 1970erako
(nekazaritzan %25,30; zerbitzuetan %32,60).
1960 ondoko urteetan hasi eta 1974 arte
iraungo zuen ekonomiaren garapen horrek
erabat aldatu zuen, beraz, Hego Euskal
Herria. Hego Euskal Herrian 33.831 enpresa
zeuden guztira 1977an (horietatik 10.962
enpresak bazuen era bateko edo besteko
lotura metalurgiarekin, horixe baitzen sektorerik
garrantzizkoena, ikusi ahal izan den
bezala). Biztanleriari dagokionez, 1960an
ziren 1.773.696 biztanleetatik, 1975ean
2.556.367 biztanle izatera irisi zen; %44,38ko
hazkuntza izan zen beraz urte horietan.
Horretan migrazioak izan zuen batez ere
eragina. 1961etik 1970 bitartean 42.547 pertsonak
inmigratu zuen Arabara; Nafarroan,
1901az gero errolda guztietan migrazio negatiboa
izan ondoren, 18.127 pertsona ziren
bertaratu berriak; Gipuzkoara 64.845;
Bizkaira 148.804; lau probintziak batera
hartuta 274.233 inmigrante beraz, guztira,
Andaluziatik, Galiziatik, Gaztelatik, Aragoitik,
Asturiastik, Extremaduratik, Santandertik,
Murtziatik eta Errioxatik iritsiak (Raul
Guerra Garridok ederki jaso zuen haien esperientzia
gogorra bere Cacereño nobelan,
1969an). Lau probintzietan lanean ziharduen
biztanle kopurua, 1961ean 752.567 izatetik
1970ean 981.587 izatera iritsi zen. Horietatik
guztietatik %53,4 industrian ari zen lanean,
%38,2 zerbitzuen sektorean, eta 7,3
nekazaritzan (eta arrantzan). 1971n Bizkaiak
zuen Espainiako probintzia guztietan per
capita errentarik altuena: Gipuzkoa bigarrena
zen, Araba hirugarrena eta Nafarroa zortzigarrena.
Lau probintzietako Barne Produktu
Gizartearen aldakuntza
Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko ekonomiaren
hazkunde harrigarri hark –aldianaldian
bere krisiak eta gorabeherak ere izan
zituelarik–, desoreka eta eskasia handiak
izan zituen (lurralde honetan 1974-1975etik
aurrera izan zen krisi luzean oso agerian
azalduko zirenak, eta irtenbidea are zailago
bihurtuko zutenak). Lurralde batetik
besterako aldeak, adibidez, begien bistakoak
izan ziren. Ekonomia jarduera gehienak,
eta biztanleak ere, probintzietako
hiriburuetan eta horien inguruetako herri
eta eskualdeetan bildu ziren batez ere. Probintziaka
harturik, Gipuzkoak baizik ez
zuen izan halako hazkunde harmoniazkorik
(bertan ere Donostialdea, Donostia-Irun
bitartea eta Eibar aldeak gehiago eta okerrago
hazi ziren arren). Arabako eta Nafarroako
eskualde zabalak –Kanpezu, Arabako
mendialdea, Arabako Sartaldeko ibarra,
Nafarroako erdialdea, Nafarroako mendialdea,
eta Pirinioetako ekialdeko ibarrak–,
eta Bizkaian Enkartazioak eta Arratia aldeak,
edo lehengo egoera bertsuan edo garapen
ekimenetatik aparte geratu ziren, eta gehiago
oraindik, eskualde horietako batzuek
biztanleak galdu zituzten.
Hirigintzako prozesua, eta industriaren
eta biztanleriaren kontzentratze prozesu
hori, bizkorregiak, gehiegizkoak izan ziren,
eta kontrolik gabe eta nahas-mahasean egin
ziren gainera. 1975ean, Bilbo Handia deitzen hasi berria zen hiri multzoak Bizkaiko
biztanleen %79 hartzen zuen berak bakarrik;
Gasteizek Araba osoko biztanle guztien
%73,1 hartzen zuen; Donostiak Gipuzkoako
biztanleen %57,6, eta Iruñeak
Nafarroako biztanleen %46,8. Bilboko biztanleria,
hain zuzen, 1960an 306.886 biztanle
izatetik 1970ean 410.490 izatera aldatu
zen, eta Bilbo Handiarena –Galdakao,
Zierbena eta Getxo artekoa–, 574.311 biztanle
izatetik 816.676 izatera. Donostiak
1960an 135.149 biztanle zituen, 1970ean
berriz 169.622, eta Donostia-Irun bitarteak
1960an 227.033 biztanle izanik, 348.605 zituen
1970ean. Gasteizko hiria 74.936 biztanletik
170.870 biztanle izatera aldatu zen
1960tik 1970ra bitartean, eta Iruñea 97.880
biztanle izatetik 165.277 biztanle izatera, urte
horietxetan.
Hazkunde horrek guztiak, hirigintzari
dagokionez, nahasmendu eta lardaskeria
handiak ekarri zituen. Iruñeko hiriaren eta
Gasteizkoaren hazkundea –1960-1970 bitartean
Espainian izan zen hiri hazkunderik
handienetakoa izan zuten hiriak biak, hain
zuzen– ereduzkoa izan zen, zentzu bat baino
gehiagotan: Ongi urbanizatutako zabalguneak
antolatu ziren, izan ere, ongi horniturik,
eroso eta premien arabera. Donostiak
ere lehengoari eutsi zion neurri batean,
eta 1970rako XIX. mendeaz gero izana zen
udako turismo zentro soila ez bazen ere,
Gipuzkoako zerbitzuen hiriburua zelarik
ere, bere behinolako antolamendu ederra
gordetzen zuen, bere arkitektura orekatu eta
dotorea ez zuen galdu (“eraso” batzuk
gorabehera), berdegune eta lorategi asko
zituen, eta osasunerako ospitale, kirol guneeta irakaskuntzarako zentro asko zituen
(unibertsitate mailako irakaskuntzarakoa
salbu). Hori dena egia zen. Baina Gasteizen
eta Iruñean hiri horietako eta probintzia
horietako agintariek arreta handiagoa
jarri zuten industriarako lekuak prestatzeko
etxebizitza auzoak konpontzeko baino.
Horregatik hiri horien inguruetan –inguruko
herri eta herrixketan, industria poligonoetatik
hurbilekoetan–, langile auzo berriak
sortu ziren, hirietatik baztertuta, gaizki urbanizaturik,
zerbitzuz eta baliabidez gaizki
horniturik. Donostia ingurua (Hernani, Pasaia,
Errenteria, Oiartzun, Usurbil, Urnieta,
Lasarte), oso eta azkar industrializatua baitzen,
arazo larriak zituen orobat: auzo pilakatuak,
antolamendu eskas anarkikoa, hirigintza
itsusia, egiturazko eskasiak, etxebizitza
pobreak, zerbitzu urritasuna.
Bilbo Handia, batez ere, berebiziko
makurra izan zen hirigintzari dagokionez.
Uste ziren neurri guztiez gainetik hazi zen.
Oso urte gutxiren buruan itomenezko hiria
bilakaturik zen Bilbo (6.953 biztanle kilometro
koadro bakoitzeko 1970ean); alde
guztietatik langile auzoz inguratua zen
(Otxarkoaga, Txurdinaga, Santutxu eta beste):
arkitektura pobrea, etxebizitza urritasuna,
kalitate eskasa, hornidura eta azpiegituretan
eskasia larriak. 1970erako Bilbok
ez zuen ia-ia lur urbanizagarririk, sekulako
kutsadura mailak izaten zituen, ez zuen
berdegunerik, eta kultura eta osasun gaietarako
hornidura –hiriaren indar eta aberastasunarekin
alderatuz–, arras zen urria eta
premiez behetikoa. Errepide komunikazioei
zegokienez, itorik zegoen, gainera, hiriak
berak, portuak eta ibai inguruko industriekeragiten zuten automobil joan-etorriaren
poderioz.
Bilboko hiria izugarrizko arazoa bilakatua
zen beraz; eta arazo hori konpontzeko
hirigintzaren jestio osoa goitik behera guztiz
berrikusi eta aldatu beharra zegoen, urbanista,
arkitekto eta soziologo askok eskatzen
zuten bezala: hiri lurraren eta hiri
garapenaren planifikazioa egin, berdeguneak
sortzeko plangintzak prestatu, airearen
kutsadura arazteko bideak bilatu, etxebizitzak
eraikitzeko udalaren plangintzak
prestatu, saneamendu eta higiene kolektiboa
hobetzeko programak finkatu, bide eta
trenbide sare berriak definitu, irakaskuntzarako,
kirolerako eta sorospenerako hornigai
eta ekipamendu berriak jarri. Oso berandu
hasi zen ordea arazo horiei erantzuten.
1968an hasi ziren lehenengo aldiz Espainiako
Eraikuntza Publikoetako Ministerioa,
Bilboko Udala eta Bizkaiko Aldundia
elkarturik Bilborako errepidezko sarreren
arazoa –konpontzen batere erraza ez zena,
zalantzarik gabe–, gainditzeko bideak aztertzen;
hiri multzorako eta ingurunerako
zenbait konponbide abiaraztea erabaki zen
(hegoaldekoa, erdialdekoa, etab.); autopistak
eraikitzea erabaki zen: Frantzia alderakoa
(Bilbo-Behobia), Madril alderakoa eta
Gasteiz-Zaragoza-Bartzelonarakoa (Bilbo-
Miranda). Baina berez ere kostu handiko
eta geldiro burutzeko obrak zirenez –are
eta kostu gehiagokoak eta geldiroago egitekoak
Bilboko geografiak agintzen duenez–,
1970 ondoko hamarraldiaren erdialdetik
aurrera edo 1980 ondotxoan baizik
ez ziren hasi azpiegitura horiek guztiak osatzen.
Eta ez hori bakarrik. Hego Euskal Herriko
ekonomiaren hazkundeak sektoreka
ere izan zituen desoreka handiak. Eskualde
hauetan industriaren alde egin zen batez
ere apustua, jarduera gehienak arlo
bakan batzuetan kontzentratzearen alde:
1960 ondoko urteetan eta 1970 ondoko
lehenengoetan metalaren sektoreak (altzairua,
metalgintza, makineria) eta kimikarenak
inbertsio guztien eta produkzioaren ia
%70 eramaten zuten. Industria oso leku jakinetan
kontzentratzeko joerak eta agintari
publikoen zein enpresen beren kontrolik
ezak hondamendira eramen zituzten garrantzi
handiko ondasun natural asko (ibaiak,
adibidez), eta airearen kutsadura oso maila
larrietaraino jaso zuten leku askotan. Espainiako
estatuak Bizkaian eta Gipuzkoan egin
zituen inbertsio urrien ondorioak argi azaldu
ziren probintzia horiek 1970-1975 inguruan
azpiegiturazko baliabideetan zituzten
urritasun nabarmenetan –osasunerako eta
goi mailako irakaskuntzarako azpiegituretan,
adibidez–; urritasun hori tokian tokiko
korporazioen inbertsioek nolabait behintzat
estaltzen zuten Araban eta Nafarroan. Bilbo
Handia ia itorik zegoen, esan den bezala. Gipuzkoako komunikabide sarea –burdinbideak,
errepideak, Hondarribiako aireportua–,
Bizkaian gertatzen zen itomen hura
bera gertatzen ez bazen ere, zaharkiturik
zegoen arras, 1971n bertan Donostiako
hegoaldeko ingurubidezko autopista zabaldu
zen arren. Eta azkenik, industriaren hazkundea
guztiz nabaria izan arren, ezin ezkuta
zitekeen enpresa horietako asko eta asko
txikiegiak zirela, inori konkurrentzia egiteko
ahulegi, eta, batez ere, sektorerik oinarrizkoenetan
kanpoko teknologien,
kanpoko patenteen eta baimenen mende
zeudela guzti-guztiak.
Hala eta guztiz ere, ekonomiaren hazkunde
horrek erro-errotik aldatu zuen Hego
Euskal Herriko bizitza soziala. 1970 inguruan
Bilbok eta bertako ibai inguru osoak
eskaintzen zuen lantegi, ontzigintza, tximinia,
burdinbide, garabia, tren, ke, gar, kai,
ontzi, hoditeria, labe garai, kable eta bestelako
guztien ikuspegi txundigarri hura aberastasun
oparo baten erakusgarri zen. Gipuzkoa
lantegi bat zen ia-ia, hasi eta buka,
probintzia osoa. Hego Euskal Herri osoak
hiri eskualde bat osatzen zuen: lau probintzietako
biztanleen %76,23, 10.000 biztanletik
gorako herrietan bizi zen 1975ean.
Lurralde honetako gizarteak industria
eta hiri inguruneko gizarte bati dagokion
egitura soziala zuen urte horiek baino aski
lehenago ere: nekazaritza neurri handian
baztertu izana (Bizkaian eta Gipuzkoan oso
kinka larrian jarri zen baserria), biztanleriaren
proportzio handi bat soldatapeko izatea
(1970an lanean ari ziren biztanleen %80
ia), industriako langile kopuru handia (lanean
ari zen biztanleriaren %50 inguru urte
horretan berorretan), enpresetan eta zerbitzuetan
profesional ikasiek eta koadro teknikoek
geroz eta indar handiagoa izatea.
Ekonomiaren hazkundearekin batera biztanleriarenongi izatea ere –diru sarrerak, errenta,
familiaren gastua, ekipamendu eta hornidura–,
arras hobetu zen 1960-1974 artean;
hobekuntza hori nabariagoa izan zen, hala
ere, 1960an atzeratuen zeuden probintzietan,
Araban eta Nafarroan alegia. Etxeetako
tresneria hornidura (etxeko tresnak, telebista,
autoa, telefonoa, ura, berogailua eta gisa
horretako ondasunak), 1960an Espainiako
gainerako lurraldeetan bezala aski urria
zena, 1970-1975 inguruan aski onargarria
zen jada, Espainiako gainerako lurraldeetakoarekin
alderatuz gero, hala ere, maila
altukoa. 1975ean, adibide bat jartzeko, etxe
guztien %80,5ek bazuen ur hotza eta beroa,
eta %2,3 baizik ez zegoen komunik
gabe; %86,2k bazuen hozkailua; %83,5ek
bazuen telebista eta irratia; %36,4k bazuen
automobila, eta ia erdiak bazuen telefonoa;
proportzio horiek guztiak askoz handiagoak
dira garai horretan Espainia osoan ziren
batez bestekoak baino. 1960tik 1971ra pertsona
bakoitzeko errenta 30.724 pezetatik
105.947 pezetara igo zen Bizkaian; Gipuzkoan
31.270 pezetatik 104.111 pezetara;
Araban 20.655 pezetatik 101.719 pezetara;
eta Nafarroan 31.041 pezetatik 84.160
pezetara. Urteko matrikulatu ziren autoen
kopurua Araban, 1960tik 1970era, 820tik
3.772ra igo zen; Gipuzkoan, 2.355etik
10.826ra; Nafarroan, 1.862tik 7.777ra; eta
Bizkaian 3.519tik 17.606ra.
1960-1970 urteetako Hego Euskal Herriko
gizartea masa kontsumoko gizartea
zen, azkenik. Bertako gizarteak lehenagotik
ere bazituen zenbait gizarte ohitura,
eguneroko txikiteoa, taldeak, koadrila, soziedadeak,
esate baterako, galdu ez baino,
indartu egin ziren; baina hamarraldi horretako
ekonomiaren aberastasunak biztanleen
aisia aukerak ugaldu egin zituen, eta neurri
berean ugaldu zituen, uste izatekoa zenbezala, hiri eta industria giroko gizartearen
ezaugarrizko diren aisia moduak, hala nola
zinema, telebista, kirol ikuskariak, diskotekak,
dantzalekuak, asteburu zuriak, urteroko
oporraldiak. Aisia modu horietatik kirolari
zegozkionak ziren estimatuenak, 1960
ondoko hamarraldi horretan euskal kirolariek
aparteko emaitzarik lortu ez zuten
arren. Bilbo Athleticek 1969an futboleko
Kopa irabazi zuen, baina Real Sociedad
bigarren mailan egon zen 1962tik 1967ra
(Hego Euskal Herriko bi futbol talderik
onenak baizik ez aipatzearren). Txirrindulari
batzuek –Otaño, Gabika, Perurena, Lasa
anaiak–, eta batez ere Gasteizko KAS taldeak,
garaipen sonatuak lortu zituzten. Pilotan,
eskuzko banakakoen artean Azkarate
eta Atano X.a izan ziren nagusi. Astibia
leitzarrak oso ezagun egin zituen aizkolariak,
telebistari esker. 1965-1968 bitartean
Hondarribiak irabazi zituen Donostiako
estropadak. 1968an Urtain boxeolaria azaldu
zen, euskaldunen aparteko indarraren
mito zaharra berriro pizteko antolaketa komertzial
ageriko baten bitartez.
Ekonomiaren aldakuntza horrek izan
zituen beste bi ondorio ere, epe luzexeago
batera Hego Euskal Herriko euskaldun guztien
kontzientzia kolektiboan –ideietan, sinesteetan,
balioetan eta sentiberatasun
moralean–, berebiziko eragina izango zutenak:
alde batetik unibertsitate bizitzaren
sorrera; beste alde batetik gizartearen sekulartzea.
Hain zuzen ere, teknikariak eta
profesionalak izateko premia berriak –eta
baita geroz eta aurreramendu biziagoa zuen
gizarte haren kultura eskari handiagoak
ere–, lurralde honetan ordu arte zen unibertsitate
mailako irakaskuntzaren eskaintza
handitu beharra ekarri zuen; ordu arte
Zaragozaren eta Valladoliden mendeko baitzen
lurralde hau gai horietarako guztietarako.
1960an unibertsitate mailako bi ikastetxe
baizik ez ziren Hego Euskal Herri
osoan (2.739 ikasle, guztira); 1968an hogei
ikastetxe ziren zegoeneko (14.500 ikasle).
Ikastetxe horietako zortzi Bilbon zeuden
kokatuta; Bilbon, izan ere, 1963an unibertsitatetzat
ezagutu ziren jesuitek Deustun zituzten
institutuak eta fakultateak, eta 1968an
Bilboko unibertsitate publikoa sortu zen.
Beste zortzi ikastetxe Iruñean zeuden, Opus
Dei erakundeak 1960an sortua zuen Nafarroako
Unibertsitatearen barruan; eta beste
hiru Donostian zeuden (Deustuko unibertsitatearen,
Valladolidekoaren eta Nafarroakoaren
mende ordea). Horiez gainera
1970ean Kolejio Unibertsitario bat sortu zen
Gasteizen, gauzak aldatu artean behintzat,
Valladolideko unibertsitateari atxikia hura
ere. Horrekin guztiarekin, Hego Euskal
Herriko lau probintzietako unibertsitario
kopurua, artean handia ez bazen ere, 25.000
ingurukoa zen ordurako.Deustuko eta Nafarroako unibertsitateez
gainera ia beste ezer ez zelakoxe hain zuzen,
indar handia zuen elizak Hego Euskal
Herriko unibertsitate mailako irakaskuntzan:
1974-1975 ikasturtean lurralde honetako
unibertsitarioen ia %50 aipatu diren bi unibertsitate
horietan ari zen ikasten. Bestalde,
igandeetako meza entzuten zutenen
proportzioa, eta antzeko beste indize batzuk,
1.000 biztanleko apaiz kopurua adibidez,
askoz ere handiagoak ziren Hego Euskal
Herriko lau probintzietan Espainiako
gainerako probintzietan baino, urte horietan.
1972an adibidez, Hego Euskal Herriko
biztanle guztien %71,3k zioen igandero
mezetara joaten zela; urte horretan Espainiako
batez bestekoa %34,6 zen. Horrexegatik
esaten zen euskaldunak oso katoliko
zirela. Gauzak ez ziren ordea ez horren argi
ez horren egia. Elizaren unibertsitateetan banatzen
ziren irakaskuntzetako gaiak gai teknikoak
eta profesionalak ziren batez ere.
Erlijiozko egitekoak betetzeko joera oso
indartsua zen 60 urtetik gorako pertsonen
artean eta emakumezkoen artean, baina oso
ahula 30 urtetik beherakoen eta inmigranteen
artean. Apaizetarako bokazioak ere
begien bistan ari ziren bakantzen. 1960an
754 apaizgai ziren Hego Euskal Herri osoan;
1970ean 140 baizik ez. 1955ean 106 apaiz
berri egin ziren lau probintzietan; 1963an
75; 1975ean 18 baizik ez.
Erlijiozko mundu hori krisi larrian sartua
zen. 1970-1975 inguruan erlijioak ez
zuen gehiago Hego Euskal Herrian gizartearen
kohesioa eragiteko behinola izandako
eraginik (ez behintzat 1950 ondoko
urteak arte izandakoa bezalakorik).
Frankismoarekiko etena
Kontua zen, edo konturik garrantzizkoenetako
bat behintzat, ea 1960 ondoko urteetan
Hego Euskal Herrian zegoen gizarte
moderno aurreratu hura gauza izango zen
ala ez Espainian 1975 arte gobernatuko
zuen diktatura autoritario pertsonalaren
–frankismoaren– mende bizitzera moldatzeko.
Egia esateko, 1960 inguru horretan frankismoak
nahiko onespen zabala, aintzat hartzekoa,
zuen Hego Euskal Herrian. Bazen,
jakina, ezkutuko oposizio bat. Alderdi komunistak,
azpian harrapatu nahi zuen zapalkuntza
bortitza gorabehera, bazuen, Ramón
Ormazábal –buruzagi nagusietako
bat–, Agustín ibarrola pintorea, Julián Viejo,
David Morín, Tomás Tueros eta beste
zenbaiten eraginez, bere itzala Bizkaiko langileen
artean (beste probintzietakoen artean
askoz gutxiago). Antonio Amat, Ramón
Rubial, Martín Santos idazlea, Nicolás Redondo,Eduardo López Albiso, eta geroago
Múgica anaiak, sozialista ezagunak izan ziren,
eta poliziaren esetsaldiak gorabehera,
XIX. mendearen bukaeratik zetorren sozialismoaren
memoria gordetzen asmatu zuten.
Juan Ajuriagerra, Luis M. Retolaza eta
beste laguntzaile multzotxo bat Eusko Alderdi
Jeltzalea berriro antolatzen ari ziren
1950 ondoko urteez gero. Horrek guztiak
balio morala erakutsi zuen batez ere. Isilpeko
oposizioa oso bakana zen, guztiz
minoritarioa; 1960 ondotxoko lehen urteetan
Hego Euskal Herriko gizartea, aldian
behinka izaten zen liskarren bat edo beste
gorabehera, gizarte desmobilizatua zen oso.
1964an bertan, Francoren errejimenak aski
barregarriro bere “25 urteko bakea” ospatu
zuenean ere, bazirudien urte horietan lortutako
lan eta ongizatean oinarriturik –izan
ere ez zen ia langabeziarik izan Hego Euskal
Herri osoan hamarraldi hartan guztian–,
urte askotarako egonkortasuna izateko esperantza
bazuela Francoren errejimenak.
Baziren Hego Euskal Herriko politikari
ezagunak aginpide barruko sareetan garrantzi
handiko tokietan. Fernando Castiella
Kanpo Arazoetako ministro izan zen 1962-
1969 urteetan. José Félix de Lequerica Espainiaren
enbaxadore izan zen Nazio Batuetan
1963 arte. José M. de Areilza enbaxadore
izan zen Parisen 1961etik 1965era, eta
Juan Pablo Lojendio 1969 arte Bernan, eta
Erroman urte horretatik aurrera. Antonio M.. e Oriol y Urquijo Justiziako ministro izan
zen 1965-1973 bitartean; Antonio Iturmendi,
1951-1965 bitartean Justiziako ministro
izana, Gorteetako lehendakari izan zen urte
horretatik aurrera (kargu hori berori EstebanBilbao y Eguía bizkaitarrak izana zuen
1943az gero). Fermín Sanz Berrio iruñarra
Lan Arazoetako ministro izan zen 1957-1962
bitartean; Jesús Romeo Gorría bilbotarrak,
kargu bera izan zuen 1962-1969 bitartean.
José Antonio Elola-Olaso Kiroletarako Nazio
Ordekaritzako buru izan zen 1956tik
1967ra. Iruñarra zen Tomás Garicano Goñi
ere, urte askoz Gipuzkoan eta Bizkaian
gobernadore zibil izan ondoren, 1969 arte
Gobernazioko ministro izan zena. Nafarra
zen orobat Lacalle Larraga jenerala, 1962-
1969 bitartean Aireko ministro izan zena.
Donostiako hiriaren funtzio soziala aldatua
bazen ere, Espainiako udako hiriburua
izaten jarraitzen zuen oraindik. Donostia
zen Francok udako oporraldietarako
gehien estimatzen zuen hiria; Aieteko jauregian
eta “Azor” ontzian igarotzen zuen
uda. Gernikak herri horretako harribitxizko
domina eman zion Francori 1966an. Euskal
probintzietako aldundietan eta udaletan
Francoren errejimenaren konfidantzazko
gizonak zeuden zuzendari. Plácido Careaga,
Fernando de Ybarra eta Pedro Arístegui
izan ziren Bizkaiko Aldundiko lehendakariak
1960 ondoko urteetan; Lorenzo
Hurtado de Saracho, Javier de Ybarra (1963-
1969) eta Pilar Careaga Bilboko alkateak.
Vicente Asuero (1958-1964) eta Antonio
Epelde (1964-1971) Gipuzkoako Aldundiko
lehendakariak, Manuel Gortari (1952-1964)
eta Félix Huarte (1964-1971) Nafarroako
Aldundikoak, eta Manuel de Aranegui y Coll
eta José Ruiz de Gordoa Arabako Aldundikoak;
Nicolás Lasarte (1961-1964) eta José
Manuel Elósegui (1964-1968) izan ziren
Donostiako alkateak, Luis Ibarra Landete etaManuel Lejarreta Allende Gasteizkoak, eta
Miguel Javier Urmeneta eta Joaquín M. Sagüés
Iruñekoak. 1960an, jende guztiaren
harriduraz, Hego Euskal Herriko 339 apaizek
zenbait askatasun eskubide eskatuz
gutun bat sinatu zuten arren, egoera zegoen
zegoenean iraunarazteko zale ziren gotzain
kontserbadoreen mende zegoen Hego Euskal
Herriko eliza ere, edo edozeinetara ere
Francoren errejimenarekin bat zetozen gotzainen
mende behintzat: Pablo Gurpide
izan zen Bilboko apezpiku 1956-1968 urteetan;
Font y Andreu eta Lorenzo Bereciartúa
izan ziren Donostiako apezpikuak, lehenengoa
1963 arte, eta bigarrena 1963-
1968 urteetan. Gasteizko elizbarrutiaren
buru Francisco Peralta izan zen 1955-1975
urteetan, eta Iruñeko elizbarrutian (1956tik
aurrera artzapezpikua zen bertako gotzaina),
Enrique Delgado Gómez izan zen buru
1946tik 1968 arte.
Hori dena –gizartea Francoren errejimenera
moldatzea, ordena eta egonkortasun
esperantza horiek guztiak–, ekonomiaren
garapen eta aurreramenduzko hamarraldi
horren berorren azkenaldera hautsi zen
ordea. 1962an bertan Francoren errejimenak
salbuespen egoera ezarri behar izan
zuen Bizkaian eta Gipuzkoan, langileek
eragindako liskarrak mendean hartu eta
konpondu ahal izateko; salbuespen egoera
horren bidez biztanleen zenbait berme juridiko
indargabeturik geratu ziren, eta poliziaren
zapalkuntza lana errazten zen.
Salbuespen egoera hori ezartzea, ordea,
ohitura bilakatu zen 1967tik aurrera; urte
horretako apirilean Bizkaian ezarri zen, laneko
arazo larri batzuen ondorioz. 1968an
bi bider ezarri zen Gipuzkoan –abuztuan
eta urrian–, oraingo honetan ETAren zenbaitekintzari erantzunez; 1970ean Gipuzkoan
ezarri zen lehendabizi (abenduaren
4an) eta ondoren, hilabete horretako
14tik aurrera, Espainia guztirako ezarri zen,
ETArekin zerikusia zuela berriro; hilabete
hartan –1970eko abendua–, Burgosen terrorismo
salaketapean epaitzen zituzten ETAko
zenbait kideren kontrako auzia zela-eta
batez ere Hego Euskal Herrian izan zen
gizartearen mugimendua menderatzeko
asmoz.
Hego Euskal Herriko liskarrak eta arazoak
bi eratakoak izan ziren hain zuzen:
alde batetik lan arazoak eta lanuzteak, geroz
eta zabalagoak, eta geroz eta indar handiagokoak;
beste alde batetik, ETAk bere
borroka armatuzko estrategiari jarraituz
egindako bortxazko ekintzak. Eta horiez
gainera beste faktore bat, berebiziko garrantzia
izan zuena hau ere: Francoren errejimenaren
eta Elizaren arteko elkarren aurkako
jarrera, Euskal Herriko apaiz kopuru
aski esanguratsu batek (geroz eta gehiagok)
lan arazoetan langileei eta batez ere ETAri
ematen zieten babesaren ondorioz.
1960-1970 urteetan langileriaren mugimendua
berriro indartze hori, inmigraziotik
eta Francoren garaiko ekonomiaren aurreramendutik
sortutako langileria berriak
bultzatua, 1959-1962 bitartean onartu eta
ezarri zen lan harremanetarako sistema
berriaren ondorioa izan zen. Lanuztea debekaturik
zegoen oraindik ere, baina Hitzarmen
Kolektiboak negoziatzeko printzipioa
sartu zen; horren ondorioz enpresa
juratua, sindikatu harremanetarako arduradunak
indarberritu ziren, eta soldatak eta
lan baldintzak enpresarioen ordezkarien eta
langileenen arteko zuzeneko negoziazioaz
arautu ziren handik aurrera (eta ez, ordu
arte bezala, Lan Ministerioaren aginduz).
Urte askotan izan zen lehenengo lanuzte
handia –1961ean Basaingo CAF enpresan
izan zena–, hitzarmen kolektiboaren negoziazioak
eragina izan zen hain zuzen; hurrengo
urtean bertan beste lanuzte luze
gogor bat izan zen arrazoi berberagatik
Bilboko Basconia enpresan. 1962ko urte
horretako berorretako udaberrian 50.000
langile inguruk lanuztea egin zuen Bizkaian
eta Gipuzkoan –eta gobernuak salbuespen
egoera ezarri zuen horrenbestez–, Asturiasen
beren hitzarmen kolektiboa negoziatzen
ari zirela lanuztea egiten ari ziren meatzariekiko
solidaridadez.
1963tik aurrera laneko liskarrak eta lanuzteak
ohiko gauza izan ziren –zapalkuntza
gorabehera–, Bizkaiko eta Gipuzkoako
enpresetan; soldata arazoak konpontzeko
izan ohi ziren genienak, baina baita lanetik
kanpora botatakoak lanean berriro hartzera
behartzeko ere, edota arrazoi politikoengatik
ere; hala izan zen, adibidez, Maiatzaren
Lehenean, frankismoak debekaturik
zeukan langileen jai eguna (langile mugimenduhorien buru Comisiones Obreras
izan zen gehienbat; era berri bateko isilpeko
sindikatua zen, 1962an Bizkaian sortua;
komunistek eragin handia zuten sindikatu
horretan, baina ez ziren bakarrak). Izatez,
Gipuzkoa izan zen 1964an Espainia guztian
lan arazo eta liskar gehien izan zuen probintzia;
Espainiako lanuzte guztien (484
inguru) %16 Gipuzkoan izan baitzen. Bizkaia
hirugarren probintzia izan zen urte
horretan laneko arazo eta liskar kopuruari
dagokionez; 1965ean bigarrena izan zen
(Espainian izan ziren 234 lanuzteetatik %19
Bizkaian izan baitzen). 1966an 103 lanuzte
izan ziren Espainian: horietatik 20 Bizkaian
izan ziren; 1967an 341 lanuzte izan ziren
Espainian, eta horietatik 71 Bizkaian eta 4
Gipuzkoan. 1967-1972 bitartean 525 lan
arazo eta liskar izan ziren Gipuzkoan, 502
Bizkaian eta 121 Nafarroan. Etxebarriko
Bandas de Laminación enpresako 564 langileak
izan ziren frankismoaren garaiko lan
liskar luzeenaren protagonista: 163 egunez
egon ziren greban, 1966ko abendutik
1967ko maiatza arte; solidaridade ekintza
asko antolatu ziren Espainia osoan (Euskal
Herriko 107 apaizek langile horien aldeko
idazki bat sinatu zuten, adibidez); gobernuak
salbuespen egoera ezarri zuen Bizkaian
–1967ko apirila–, eta langileen buruzagiak
eta isilpeko oposizioko buruzagi ezagunenak
atxilotu eta auzitara eraman zituen.
ETAren sorrera, bere aldetik, gutxi asko
EAJ alderdiarekin lotura zuten gazte erakundeetako
zenbait burkidek –Jose Luis Alvarez
Enparanza, Julen Madariaga, Jose Manu
Agirre eta Jose M. Benito del Valle–, frankismoak
eta industriaren garapenak Euskal
Herrian eratutako errealitate berriari erantzuteko
gai izango zen nazionalismo berri
bat oinarritzeko zuten asmoaren ondorioizango zen. ETA (Euskadi ta Askatasuna)
isilpean jaio zen 1959an, zenbait urtez prestaketan
aritu ondoren. Alde batetik Francoren
errejimenak ezarri zuen askatasunik
gabeko egoeraren ondorio izan zen zalantzarik
gabe. Baina orobat zen zapalkuntzaren
ondorioz, ekonomiaren hazkundearen
ondorioz, langileen oldekako inmigrazioaren
ondorioz euskaldunen nazio sentimendua
1950 ondoko urteetan itxuraz nozitzen
ari zen apalaldiaren ondorio ere, eta baita
isilpean eta erbestean zegoen euskal nazionalismo
historikoaren sorgortasun eta egonean
egoteko joeraren kontrako erantzun
ere.
ETA mugimendu abertzale, independentista,
demokratiko eta erlijio harturik gabekotzat
definitu zen hasieran (1959-1962);
euskara jartzen zuen euskal nazioaren hizkuntza
nazional bakar eta oinarritzat. Geroago,
Kubako, Aljeriako eta Vietnamgo
nazio askatasunaren aldeko borroken eraginez
–eragin hori ageri-agerian ikusten da,
adibidez, Federiko Krutwigen Vasconia
(1963) obran, Julen Madariagaren Guerra
revolucionaria: la insurrección en Euzkadi
(1964) liburuxkan eta ETAren IV. Biltzar
Nagusiaren erabakietan (1965eko ekaina)–,
ETAren ideologia nazionalismoa eta marxismo-leninismoa
bat egiten ahalegindu zen,
eta borroka iraultzailea hasi zen proposatzen
Euskal Herria askatzeko bide bezala.
V. Biltzar Nagusian, azkenik –1966ko abenduan
eta 1967ko martxoan ospatu zen,
erakundea zatibiturik eta Eugenio del Riok
eta Patxi Iturriozek gidatzen zuten burkide
multzoa “desbideratze espainolista”-tzat salatu
eta erakundetik kanpora egotzirik–,
ETAk, Xabi eta Jose Antonio Etxebarrieta
anaien, Jose M. Eskubiren, Krutwigen, Gregorio
Lopez Irasuegiren, J.L. Unzuetaren.
J.M. Bilbao Barrenaren, E. Lopez Adanen
eta beste burkide batzuen gidaritzapean
“nazio askatasunerako euskal mugimendu
sozialistatzat” definitu zuen bere burua; era
horretara batera jartzen zituen erro-errotiko
independentzia zaletasuna, marxismotik
hartutako hizkera (“euskal langileria” euskal
iraultzaren eta nazioaren oinarri), eta
ekintza armaturako deia; erakundearen
definizio hori izango zen azkena, gerora ere,
1970ean eta 1974an, garrantzi handiko zatiketak
izango zituen arren.
ETA burkide multzo txiki baten gogoaren
emaitza izan zen. Hasieran propagandarako
ekintzak baizik ez zituen egin:
“Gora Euskadi” pintadak, ETAren akronimoa
margotzea, euskal ikurriña agerian eta
jende asko zebilen lekuetan jartzea, eta era
horretako ekintzak. Lehergailu batzuk ere
jarri zituen arren, 1961eko uztailaren 18an
1936ko gerran Francoren alde aritutako
soldaduak zihoazen trenari trenbidea mozteko
ahalegina egin zuen arren ere, ETAren
ekintzek ez zuten bestelako garrantzirikizan 1969-1970 ingurua arte. Trenaren
kontrako atentatua bera, esate baterako, oso
erraz birrindu zuen poliziak, eta jendearen
gehienak ez zuen jakin ere ezer gertatu
zenik; 1964 eta 1965eko iraultza gerrarako
dei haiek ideia platonikoak gehiago izan
ziren errealitatezkoak baino. ETAk ez zuen
burkide askorik: 250-300 inguru 1963an;
300-450 1966an. 1960 ondoko urteetako
buruzagi gehienek erbesteratu beharra izan
zuten; polizia behin baino gehiagotan iritsi
zen erakundea ia ezabatzera (horrek berorrek
erakusten du gauzak beste era batera
ere ezin gertaturik ez zela izan).
Hala eta guztiz ere, ETAk, V. Biltzar
Nagusiaz gero fronte desberdinetan antolaturik
(fronte militarra, fronte politikoa,
kultura frontea, langile frontea) geroz eta
ekintza militar gogorragoak egin zituen
–banku lapurretak, frankismoaren eraikuntza
ofizialen eta monumentuen kontrako
bonbak, poliziaren eta Goardia Zibilaren
kontrako tiroketak–, 1967ko udaz geroztik;
horrekin batera “masa ekintzak” bultzatzen
ahalegintzen zen, langile eta greba mugimenduekin
bat hartuz. Lehenengo gertaera
garrantzizkoak 1968an izan ziren. Ekainaren
7an, Goardia Zibilak Adunan (Gipuzkoan)
Xabi Etxebarrieta eta Iñaki Sarasketa
zihoazen autoari alto eman ziolarik,
Etxebarrietak tiro eman eta José Pardines
guardia zibila hil zuen; handik zenbait ordutaraGoardia Zibilak Etxebarrieta hil zuen
–Tolosan–, eta hurrengo egunean haren
laguna, Sarasketa, atxilotu zuen. Handik
pixka batera, abuztuaren 2an, ETAko komando
batek Melitón Manzanas polizia
komisarioa hil zuen Irunen.
Gertaera haiek erabakiorrak izan ziren
guztiz. Francoren errejimenak, Manzanasen
kontrako atentatuari erantzuteko, salbuespen
egoera ezarri zuen Gipuzkoan, eta
ETAren ekimenen gorakadari ez zion zapalkuntza
orokorra beste erantzunik ematen
jakin. Era horretara euskaldun gehienen
gogoa bere kontra jarri zuen, baita hasieran
ETAren aldeko ez zirenena, edota are
haren kontrako zirenena ere. Frankismoa
bera izan zen bere logika autoritario eta zapalkuntzazkoaren
nozitzaile. Polizia indarrek
okupaziozko gudaroste bat balira bezalaxe
jokatu zuten salbuespen egoerak izan
zirenetan: 1969an 434 pertsona atxilotu zituzten;
1969an 1.953; 1970an 831. 1970ean
ETArekin lotura zutela salaturik espetxeratutakoak
328 ziren; beste 500 inguru Ipar
Euskal Herrira ihes eginak ziren.
Era horretara abiarazi zen ekintza-zapalkuntza-ekintza
zurrunbilo hura ETAren
asmo eta helburuetarako izan zen batez ere
mesedegarri. Izatez, jendearen egonezinaren
eta matxinatu nahiaren katalizatzaile
bilakatu zen. Euskal elizaren erradikalizatzeak
ere –bere erlijio krisia agerian jartzenzuelarik–, mesede egin zion, gorago ere
esan den bezala, estrategia hari. Ohargarria
da ETAren V. Biltzar Nagusiaren lehenengo
zatia Gazteluko (Gipuzkoa) apaiz etxean
egin izana. Etxebarrietaren heriotzaren ondoren
apaiz asko izan ziren, eliz agintarien
aginduei jaramonik egin gabe, haren arimaren
alde mezak eta hileta elizkizunak ospatu
zituztenak, era horretara ETAko buruzagi
gazte hura erakunde horren lehenengo
nazio mailako heroi bihurtzen zutela.
Beste apaiz askok ere salatu zuten zapalkuntza,
Espainiako gobernuak 1968ko abuztuan
bandidaje eta terrorismoaren zapalkuntzarako
legea ezarri zuenetik aurrera
batez ere, ETAren delituak auzitegi militarren
esku geratzen baitziren lege haren bitartez,
eta atxilotuak torturatu egiten zirela
begien bistan geratu zenetik aurrera batez
ere. Berrogei apaizek –1968ko abuztuan–,
Bilboko gotzaitegiko bulegoak hartu zituzten,
Gurpide apezpikuak, Lorenzo BereziartuaDonostiako apezpikuak hilabete horretako
22an egina zuen bezala, egoera horren
aurrean jarrera jakin bat har zezan:
Gurpide apezpikuak ezer esaten ez zuelarik,
beste 63 apaiz sartu ziren Derioko apaizgaitegian,
haren dimisioaren eske.
1969ko apirilean, Cirarda apezpiku berriak
protesta egin zuen arren, poliziak sei
apaiz atxilotu zituen, Jose Angel Ubieta,
Bilboko elizbarrutiko bikario orokorra, besteren
artean, ETAren laguntzaile zirela salaturik;
maiatzaren 30ean beste bost apaizek
(Xabier Amuriza, Alberto Gabikagogeaskoa,
Jesus Naberan, Julen Kalzada eta Nikolas
Telleriak) gose greba bat hasi zuten elizbarrutiko
egoitzaren bulegoetan torturaren
eta atxiloketen kontra protesta egiteko; hori
zela eta –Cirarda apezpikuak oraingo honetan
ere protesta egin zuen arren–, preso
hartu zituzten, auzitara eraman eta 10-12
urtetarainoko kartzela zigorrak eman zizkieten,
“errebolta militarra” egin zutela eta.1970eko ekainean Cirardak berak salatu eta
gaitzetsi zuen zapalkuntza, eta frankismoarentzat
hori baino ere ezin onartuzkoagoa
izan zena egin zuen: ez zuen ospatu nahi
izan Francoren gudarosteak 1937an Bilbon
sartu zirenekoa gogoratzeko Bilboko eliza
nagusian urtero ospatu ohi zen meza. Nahita
ala nahi gabe (eta batzuek nahi ere nahi
zuten) euskal apaizek ETAren jokabidea
zilegizko egiten zuten horrela; izan zen,
gainera, apaizen babes horretan oinarriturik,
ETAren sortzean halako euskal milenarismo
moduko bat ikusi zuenik ere
(1981ean Juan Aranzadi bizkaitar antropologoak
argitaratu zuen liburuaren izenburu
bera erabiltzeagatik); milenarismo horretan
mistika abertzale bortxazko batek zuen
nonbait hartua ordu arte euskaldunen elizkoitasun
sutsuaren zimentarri izanak ziren
bulkada mesianiko erredentziozkoaren lekua.
Francoren errejimenak erronka eta dixidu
gaitza zuen, beraz, bere kontra Hego
Euskal Herri osoan. Bizkaia eta Gipuzkoa
Espainiako probintziarik liskartsuenen artean
zeuden, lanuzteei begiratuz gero. Euskaldunen
arazoa, frankismoak ustez ezabatua
zuena, berriro ari zen pizten. Euskal
kultura ez zen desagertu industriaren eta
hirien aurreramenduarekin. 1965etik aurrera
garbi ikusi zen ETAren ekintzez gainera nola
erakunde nazionalistek klandestinitatetik eta
erbestetik antolatzen zituzten Aberri Egunetan
ere, geroz eta mobilizazio handiagoak
egiten ziren, poliziaren zapalkuntza gorabehera;
1970eko irailaren 18an 1936ko gerran
aritutako nazionalista batek bere buruari
su emanik Francoren beraren aurrera jauzi
egin zuen, protesta gisa, Donostian ospatzen
ari zen pilota partida batean.
Frankismoaren legezko onargarritasuna
geroz eta ahulagoa zen. Francoren errejimenak
1966ko abenduaren 14an Estatuaren
Lege organikoa –errejimen haren oinarrizko
testuetako bat– onartzeko antolatu
zuen erreferendumean adibidez, sekulako
abstentzioa izan zen Gipuzkoan eta Bizkaian
(Espainia osoko handiena: %24,2 Gipuzkoan
eta %21,3 Bizkaian, Espainian
batez bestekoa %10,8 izan zelarik). 1967ko
azaroan familia ordezkaritzako herenerako
prokuradore hauteskundeetan –Francoren
errejimenak iraun zuen 40 urteetan antolatu
zuen hauteskunde demokratikoen gauzarik
antzekoenean, hain zuzen–, %40ra ere
ez zen iritsi jendearen parte hartzea. Nafarroan,
ordu arte karlismo tradizionalaren
plaza nagusi izan arren, 1960 ondoko urteetan
ekonomian eta gizartean gertatzen
ari ziren aldakuntzak erro-errotik ari ziren
aldatzen probintzia horretako politika ohiturak.
Lanuzteak nabarmen-nabarmen hasi
ziren ugaltzen 1966tik aurrera: Iruñeak eta
gainerako industria leku nagusiek greba
orokor luze eta ikaragarri gogorra bizi izanzuten, Nafarroako historia osoan lehenengoa,
1973ko ekainaren 12tik 22ra. Nafarroako
unibertsitatean ere ikasle mugimendu
demokratiko bat sortu zen 1970 aurretxoan.
Karlismoaren zati batek frankismoarekin
zituen lotura guztiak eten zituen:
1965etik aurrera Carlos Hugo de Borbon
errege nahiak jarrera aurrerakoiagoetarantz
eraman nahi izan zuen karlismoa, mugimendu
horren helburu bezala sozialismo autojestionarioa
jarriz, eta aldi berean alderdi
horren euskalduntasuna azpimarratuz (hain
zuzen ere, alderdi horren hasiera-hasieratik
Nafarroaz gainera lotura bereziak baitzituen
izanak gainerako euskal probintziekin).
Norgehiagokaren gailurra 1970eko
abenduan gertatu zen azkenik, Burgosko
auziaren inguruan: ordu arte ETAren kontra
egindako epaiketarik handiena zen; auzitegi
militar batek erakunde horretako 16
burkide epaitu behar zituen (horien artean
hiru emakume: Itziar Aizpurua, Jone Dorronsoro
eta Arantxa Arruti, eta Etxabe eta
Kalzada apaizak); sei heriotza zigor eskatzen
zituen (Izko de la Iglesia, Uriarte, Gorostidi,
Onaindia, Larena eta Dorronsoro auzipetuentzat),
eta 518 urteko kartzela. Auzi
horren bitartez ETAren ekintza gorakada
errotik eta gogorki moztu nahi zuten errejimen
frankistako agintariek; auzi hori ordea,
berebiziko hondamen politiko eta propagandazkoa
bilakatu zen frankismoarentzat.
Lehenik eta behin nazioartean Espainiako
errejimenaren kontra sekulako kanpaina
bizi bat zela hasi zen auzia. Azaroaren
23an Donostiako eta Bilboko gotzainek,
Argaiak eta Cirardak, sona handia izan zuengutun bat argitaratu zuten, beren elizbarrutietako
eliza guztietan irakurtzeko, errejimenari
erruki eskatuz; azaroaren 27an aita
santuak berak ere eskari horixe bera egin
zuen. Abenduaren 2an, auzia hasi bezperan
alegia, ETAk Eugenio Beihl, Alemaniako
kontsula bahitu zuen, ausardiazko ekintza
batez, eta haren zoria auziaren ondorioen
araberakoa izango zela jakinarazi zuen.
Greba eta manifestaldi handiak, ordena
publikoko arazo larriekin, izan ziren Hego
Euskal Herri osoan abenduaren 3 eta 4tik
aurrera, eta ez ziren geratu hilaren bukaera
arte, esateko; protesta haietako batean Roberto
Pérez langile gaztea hil zuten Eibarren.
Abenduaren 5ean Espainiako gobernuak
salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan.
Espainiako prentsak eta telebistak,
zentsura ofizialaren mende bazeuden
ere, informazio asko zabaldu zuten gertakariez:
auzian bertan auziperatuek argi eta
garbi desafio egin zieten epaileei; behin
beren goardien kontra oldartu ere egin ziren;
horrek guztiak barren-barrenetik hunkitu
zuen iritzi publikoa. Liskarrak Espainia
osoan zehar zabaldu ziren. Ia unibertsitate
guztietan izan ziren protestak eta
manifestaldiak; probintzia eta enpresa askotan
izan ziren grebak eta lanuzteak.
Abenduaren 12an Kataluniako 300 intelektual
(Miró, Tapies, Serrat, Raimon etab.)
Montserrateko abatetxean sartu ziren eta
manifestu bat argitaratu zuten presoentzako
amnistia eta gutxiengo errejionalentzat
beren eskubideak ezagutu zekizkien eskatuz.Francoren errejimenak gogor erantzun
zuen. Abenduaren 14an Espainia guztirako
ezarri zuen salbuespen egoera. Gero bere
jende osteak mugitu zituen: manifestaldi
“patriotiko” handiak egin ziren abenduaren
16an eta 17an Burgosen eta Madrilgo Plaza
de Orienten (hilaren 24an Bilbon eta Iruñean
ere egin ziren). Partida galdua zuen ordea.
Hilaren 25ean ETAk Beihl askatu zuen. Hilaren
28an Burgosko auziaren epaiak eman
ziren, eskatu zirenak baino zigor gogorragoak
ezarriz (9 heriotza zigor sei auzipeturentzat,
eta 518 urteko kartzela); abenduaren
30ean heriotza zigorrak kartzela zigorrez
aldatzen zirela jakinarazi zuen Francok.
Espainia guztia, eta batez ere Hego Euskal
Herria, lasaitu zen albiste horrekin. Bake
laburra izan zen ordea. Burgosko auziak
bihurgunea ekarri zuen historiaren ildoan:
frankismoak lurralde honetan izan zezakeen
izen onaren eta estimazioaren bukaera izan
zen, esan den bezala. Horrez gainera, euskaldunen
nazio kontzientziaren esnatzea
eragin zuen. ETAren ekintzak, frankismoaren
gaitzespena eta euskal nortasunaren sentipena,
gutxitu eta apaldu ez baina, arras indartu
ziren 1970etik aurrera. Francoren errejimenak
ez zuen ETA birrindu, alderantziz
baizik, zilegizko bihurtu zuen, diktaduraren
azkeneko krisialdiaren eragile nagusi (1970-
1975 urteetan) eta euskalzaletasunaren indartzearen
abangoardia izan zen aldetik.
Gauzak goitik behera aldatu ziren, beraz,
1960-1970 bitartean: hamarraldi gutxi
izango da Hego Euskal Herriaren historian
1960 ondoko urte horiek izan duten bezalako
eragina izan duenik.