Historia»Egungo aroa
Gerra zibila eta lehen frankismoa
1936-1939ko gerra zibilak bi espaziotan zatitu zuen Hego Euskal
Herria, Errepublikak eta Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen zuena bata,
eta matxinaturiko militar eta zibilen mende geratu zena bestea. Araba
eta Nafarroa bigarren alde horretan geratu ziren, eta Gipuzkoa eta
Bizkaia leial jarraitu zitzaizkion Errepublikari. Hala ere, altxatuen
aurrerrapen geraezinaren indarrez, urtebeterako frankisten kontrolpean
zegoen euskal lurralde guztia. Hortik aurrera, berrogei urte iraungo
zuen diktadura aldiari ekin zitzaion. Lehen bi hamarraldiak askatasun
falta beltzenarekin eta baliabide urritasunarekin lotzen dira.
Erresistentziak ekintza sinboliko gutxi batzuk egitera mugatu behar izan
zuen. Bestalde, politika eta erakunde aldetik antolatzen joan zen
errejimena, eta politikari berriak sortu zituen bere horretan iraun ahal
izateko.II. Errepublikarekin, Euskal Herria –Espainia
bezala–, XX. mendean sartu zen, eta
era horretan bere egitura politikoak Europa
osoan aurreko urteetan sortu zen masa
gizarte berriari egokitu zizkion –1918 inguruan,
Lehen Mundu Gerraren ondoren beraz,
sortu zen gizarte berri hori Europan–.
Aurreko ataletan ikusi den bezala, demokrazia
parlamentarioa, gizarte erreformismoa
eta estatuaren antolamendu berria, Euskal
Herriaren autonomia bideratu zuena, izan
ziren errepublikar errejimenaren zimenduak.
Bost urteren buruan, gerrak moztu
zuen saio hori (eta modernotasun politiko
eta errejimen monarkiko autoritarioaren
arteko dilema, 1930-1931n azaleratu zena),
izan daitekeen erarik txarrenean moztu ere:
odolarekin lehenbizi, eta, gero, eredu faxistako
estatu totalitario batek berez dakarren
askatasun falta erabatekoarekin (garai hartan
Italian eta Alemanian gertatzen zen
moduan). Bazterrean geratu zen horrela,
berrogei urterako, proiektu demokratiko
bat, herritarraren ongi izate material eta
askatasun orokorreko beharrei erantzun
nahi ziena; baztertuta geratu ziren gizarte
egituren, eta, jakina, egitura politikoen modernizatze
programen parte handi bat. Eta
banakako eta taldeko askatasun oro ezabatzen
zituzten gizarte txertakuntza formak
(hau da, alderdi bakarreko eta asmo totalitarioko
estatua), ezarri ziren. Denboraren
geldialdi bat izan zen, garai ilunak, garaileen
esanetan XIX. mendearen aztarnak suz
eta odolez garbitzetik jaio omen zirenak(izan ere, XIX mendea, uztailaren 18 hartan
matxinatu zirenek Espainiarentzat, eta
haren bihotza omen zen herri katoliko batentzat,
Nafarroarentzat, liberalismo zaharkitua
eta kaltegarria zen zerbaiten moduan
ulertzen zuten).
Gerra urteak
Ustekabean sortu zen gerra (aurreko
urteetako une nahasien ondoren, talde bizitza
zentzuzko baten oinarriak ipini zituen
Estatutuaren gaian erakunde mailako adostasunbatera iristeak, eta, euskal sozialismoaren
kasuan oso garbi, errepublikar
proiektuan txertatu zuen ezkerra), baina
parte guztiek bultzatu zuten gatazka zibileko
politika erabakior eta etengabe batek ere
eragin zuen gerra hura; eta, azkenik, politika
eta gizarte eskuinaren aldetik, gobernu
indartsuko errejimen baten eta praktika
autoritarioen aldeko apustu halaber erabakiorrak
ere bultzatu zuen gerra piztea.
Euskal Herriari dagokionez, gerra garaian
gauzatu zen lehen aldiz historian
Euzkadi politika eta erakunde errealitate
gisa. Baina Euzkadi horren ukapen biribilena
ere ekarri zuen gerrak, 1937an, Bizkaia
hartu zutenean, eta Bizkaia eta Gipuzkoako
foru haziendak (kontzertuak) ezabatu zirenean.
Anaiarteko gerra izan zen gainera
Euskal Herrian, herritarren arteko gatazka
zibila, Espainiako beste leku askotan ez
bezala. Eta, aldi berean, Gernika suntsitu
zuen piztia militarrak erasotutako euskal
aberri bateratuaren borroka gisa agertu zen
mundura, eta munduko hiritar askorengana,
36ko gerra (1937ko apirilaren 26a; Gernika,
nazien hegazkinek bonbardatua, ikurra
handik aurrera, Picassok plastikoki irudikatua).
Nolanahi ere, sofrimendu eta basakeria
izugarria izan zen, batez ere jasan
zutenen oroitzapenean geratu zena. Hala,bada, alde batetik gerra mitikoa izan zen
historiarentzat, idealismo zintzoenaz borrokatu
baitziren herritarrak (Eric Hobsbawm
historialari eta errepublikazaleak gogoratzen
duen bezala, adibidez, edota G.L.
Steer kazetariak bere garaian The Tree of
Guernica lanean agertu zuen bezala). Baina
gerra gogorra eta zaila ere izan zen, bere
errealitate gordinenean. Bi oroitzapen modu
horien desberdintasunetik (baterakorra eta
mitifikatua bat, anaiarteko gatazkak sorrarazten
duen sofrimendu sakonarena bestea),
etorri ziren gero 1970 eta 1980ko hamarraldietako
trantsizioko arazo ez gutxi.
Altxamendua eta gerra gertaerak
Uztailaren 17an, militarrak Afrikan Errepublikaren
gobernuaren aurka altxatu zirelako
albisteak zabaldu ziren. 18an, gudarosteak
koarteletan biltzea agindu zuten
gobernari zibilek, aldi berean gobernuari
leial zirautenak lasaiatzen saiatzen zirela.
Egun horretan bertan, euskal-nafar karlistek
–Requeté-aren inguruan herri talde armatu
handi bat antolatu zutenak– probintziako
hiriburuetara abiatzea agintzen zieten
beren mendekoei. Iruñean, Mola jeneralak
koordinatzen zituen militarren mugimendu
guztiak. Altxamenduak huts egin
zuen, eta berez etorri zen gatazka. Uztailaren
19rako (igandea zen), aski argi zegoen
gerraren mapa Euskal Herrian –egun horietan
bi miliziano taldek Gasteiz hartzeko
egin zuten alferreko saioaren ondoren batez
ere–. Bilbon, gobernari zibilak, Echeverría
Novoak, berehalaxe menderatu zuen
egoera, agintari militarren laguntzarekin
(Garellano batailoiko errebelderen bat eta
eskuineko indarrak neutralizatuz). Errepublikaren
Defentsa Batzordea antolatu zuen,
eta, segituan, miliziano talde bat-bateko bat
osatu zuten ezker sozialistek. Beste muturrean,
Iruñea matxinatuena zen, eta auto
sakramentalaren apoteosi bihurtu zuten hiria.
Molak hartu zuen operazio guztien zuzendaritza
militarra, eta karlistek Nafarroako
Gerra Karlistako Junta Zentrala osatu zuten,
XIX. mendeko iragan gerren oroitzapenetan.
Gasteiz, zalantzazko gau baten ondoren,
errebeldeek kontrolatu zuten koarteletatik,
Alonso Vega koronelaren indarrari
esker, eta karlismoaren erabateko mobilizazioaren
babesarekin gero. Donostiak hamar
egun eman zituen zalantzan, alde batetik
Loiolako koartelak baitzeuden, matxinatuak,
eta, bestetik, hiria bera, CNT eta
komunisten miliziek hartua, Errepublikaren
legezkotasuna babesten zutela. Azkenean,
garaitu egin zituzten errebeldeak Donostian.
Hiriburuetatik probintzia eta probintziaren
eraginpeko eskualdeak kontrolatzen zituzten,
hala adibidez Laudio Bilbotik.Nafarroa Espainia matxinatuaren bihotza
eta birikak izan zen. Handik ateratzen
ziren borondatezko soldaduak Madril lehen
unean setiatzera, han erabakitzen zen osteen
nodik-norakoa (afrikarrena izan ezik,
haiek Franco jeneralak gidatzen zituen),
handik eraso zioten lehenbizi Gipuzkoari
eta Bizkaiari gero. Araba Nafarroaren eraginaren
mende zegoen. Altxamenduaren
geografia zen hura, hantxe egingo zituen
karlismoak bere proiektu politikoaren saioak,
katolizismo behinola-nahiaren eta autoritarismo
modernoaren artean. Bizkaia eta
Bilbo izan ziren errepublikarren eta euskaltzaleen
babesleku. Gipuzkoa errepublikarren
esku zegoen, baina politikoki zatitua
geratu zen: Donostia ezkerreko Junta baten
esku gehienbat, Miguel Amilibia sozialista
zela buru, Eibar sozialismo moderatuaren
pean, eta Azpeitia Manuel Irujo nazionalista
lehendakari zen Junta baten mende.
Denbora gutxian ordea (urriaren hasiera
baino lehen), matxinatuen esku geratu
zen Gipuzkoa. Operazio militarra elkarren
paraleloan eraso zuten zutabe batzuk besterik
ez zen izan, ia indarrez batere jarki ez
zitzaion defentsa baten aurrean (kasu bakan
batzuetan izan ezik, Irunen adibidez). Urriaren
hasieran, Bizkaia bakarrik geratzen zen
Errepublikaren aldekoen esku.
Errepublikarrak etsita geratu ziren gerrako
lehen hilabeteetan euskal probintzietan
gertatuarekin. Horren arrazoia EAJk lehen
bi hilabeteotan izan zuen jarrera zalantzazkoan
bilatu beharko litzateke, Errepublikaren
aldean jarri zen arren. Abertzaleek
duda egiten zuten errepublikanismo
politikoaren eta sentimendu katolikoaren
artean (izan ere, matxinatuen helburuaren
alde egiten zuten Iruñeko eta Gasteizko gotzaineketa Vatikanoak, Gurutzada zela
adieraziz, alegia, laikotasunaren kontrako
erlijiozko gerra). Alabaina, Irujo abertzalea
Largo Caballeroren gobernuan sartu zenean
(hura izan zen larrialdiko lehen gobernu
errepublikarra), irailaren 25ean, eta urriaren
1ean Euskal Estatutua onartu zenean
–alderdi politiko guztien euskal gobernu
bateratu baten sorrera ekarri zuena, Jose
Antonio Agirre zela lehendakari–, sustraitik
aldatu zen egoera. Fronteak beren hartan
egon ziren 1937ko iraila arte, Albertia,
Kalamua eta Intxortako mendietan izan ziren
gatazkak gorabehera.
Alderdi militarretik, bi gauza ekarri zituen
euskal gobernua antolatzeak: batetik,
nazionalismoa erabat inplikatu zen euskal
lurren defentsan, eta, bestetik, Gudarosteko
gorputz erregular bat sortu zen, buruzagien
prestakuntzarekin eta hainbat errekluta
txandaren mobilizazioarekin. Era horretan
antolatu ahal izan zen Legutioren
gaineko operazioa, 1936ko azaroko 30aren
gaueko erasoa. Eraso hura plangintza zabalago
baten parte zen, azken helburua
Miranda de Ebron zuena, Burgosen beraz.
Saio hura aldaketa estrategiko sakon bat
gertatu ahal izan zen gerraren egoeran.
Baina, hegazkin eta artileriako borrokan
zuten behe maila, Legutioko matxinatuen
erresistentzia izugarria (beren hornigaiak
jarri zituzten erasotzaileen oztopo), eta,
batez ere, euskal ofizialen eskarmentu falta
zirela-eta, huts egin zuen erasoak. Legutiokoaren
ondoren, euskal gudarostea
lurraldearen defentsa antolatzeaz arduratu
zen, eraso saioak baztertuta.
Hasteko, 30 edo 40 mila gizon inguru
jarri zituzten soldadu, akademia militar bat
sortu zen ofizialak prestatzeko, batailoiakbrigadetan antolatu ziren gudaroste gorputz
bat osatzeko (milizien arteko lotura falta
gainditu nahian, baina gerraren bukaera
alderaino ez zuten lortu). Industria estrategikoaren
mobilizazioak (inoiz jarri ez ziren
arren eraginkortasun osoa iristeko moduko
bitartekoak), eta atzerrian erositako armek
ekarriko zuten defentsarako materiala.
Azkenik, lerro gotortu bat eraiki zen, burdinezko
hesi mitikoa, Bilboren inguruan
(frantses Maginot lerroak ez zuen oraindik
erakutsi zeinen ahula zen gudaroste alemanen
aurrean, eta Frantziak 1918an erabili
zuen defentsa estrategian sinesten zen).
Armada matxinatuaren erasoek ondo eutsiko
zietela espero zuten, gerraren hasieratik
Madrilen gertatzen zen bezala.
Molak, bere aldetik, 100 bat mila gizoneko
gudaroste bat bildu zuen; Nafarroako
Brigadak ziren eliteko indarrak (armada
alemanari esker, ongi hornitu, armatu eta
prestatuak zeuden, parterik handiena borondatezko
karlistek osatzen zutela), Bizkaiko
hego eta ekialdean. Madril hartzeko
ezintasuna zela eta, Estatu Nagusi matxinatuak
iparraldeari eraso egitea erabaki zuen,
euskal industriaren balio estrategikoa eta
borroka fronteetako bat garaitzeak ekarriko
zuen animo ondorioa kontuan hartuta.
1937ko martxoaren 31ko gauean hasi
ziren operazioak Bizkaiko frontean. Molaren
taktika, lekuaren zailtasunak zirela-eta,
gudarostea osoa eraso beharreko frontean
biltzea izan zen, frontea artileria eta hegazkinez
bonbardatu, ondoren infanteriarekin
asaltoz hartzeko, arerioen atzealdeko lerroak
hegazkinek suntsitzen zituzten artean.
Defentsazko taktikak are primarioagoa beharzuen izan, ez baitzegoen ez material
astunik ez hegazkinik Nafarroako Brigaden
erasoari kontra egiteko (eta horrek arazo
asko sortu zituen Bilboko gobernuaren eta
Errepublikakoaren artean, Bilbokoak hegazkinak
bidaltzea eskatzen baitzuen, eta Errepublikakoak
ezin zituen bidali). Erasoari
eustea izan zen helburua. Eta hala ere, izugarria
izan zen defentsa. Ekainaren 11n
ordea hautsi egin zuten burdinazko hesia
Aretxabalagañen (Artileriako 140 pieza, 100
hegazkin eta 30 batailoirekin; garai hartan
ikaragarrizko indarrak ziren), eta 19an sartu
ziren Bilbon oste matxinatuak. Ebakuazio
eszenak aurreneko egunetan (lehorretik
eta itsasotik, hala adibidez Habana itsasontzian
ateratako lau mila haurrak, euskal
diasporaren parte baten jatorria), eta leku
mitikoen sail oso bat, gerrako jazoeren gertaleku,
1937ko apirilaren 1aren eta ekainaren
19aren artean: Intxorta, Kanpantzar,
Kalamua, Sollube, Bizkargi, Peña Lemona,
Pagasarri, matxinatuen aurrerabidearen
mugarri izan ziren mendi tontorrak. Eta,
batez ere, Gernika. Apirilaren 26an, balio
militarra oso dudatan jartzekoa zuen operazio
batean –baliorik batere ez zuela ez
esateagatik–, baina ondorio psikologikoak
berriz oso agerikoak, hegazkinek herritarrak
bonbardatu zituzten, zibilak, eta baita
ingurukoak ere, azoka eguna baitzen; jendea
ehundaka hil zen. Era horretan estreinatu
zen Bigarren Mundu Gerran asko erabili
zen sistema bat: hirien bonbardatzea.
Helburu militar zehatzik gabe, etsaiari kalte
moral ahalik eta handiena egitea bilatzen
zen, kontuan izan gabe giza duintasunari
egindako eraso izugarria, eta horrek berekin dakarren bizitzeko eskubidearen ukatzea.
Bilbo hartuta bukatu zen gerra euskal
lurretan, armadako gudarosteek, erretiratzerakoan,
borrokan jarraitu zuten arren –gogoz
kontra ordea–, Santoñako zakuan behin
betiko errenditu ziren arte (Kantabria,
abuztuaren 26an). Errepublikar zenbaitentzat
traiziozko ekintza izan zen hura, alegia,
matxinatuekin batera zetozen italiar
osteen aurrean aparte errenditzea; abertzaleentzat
berriz beregaintasun adierazpena
izan zen, posizio militarra eutsiezina zela
uste baitzuten, eta galdua zutela borrokaren
helburua: Euzkadiko lurrak. Nolanahi
dela ere, hantxe bukatu zen gerra euskaldun
askorentzat, hiri zibiletan bizi zirenentzat
edo preso hartutakoentzat. Beste askok
nolanahi ere borrokan jarraitu zuten, alde
batean zein bestean, 1939an gerra erabat
amaitu zen arte.
Estatu euskaldun eta demokratikoa
Gerra giro hartan onartu zen Euskal
Estatutua (1936ko urriaren 1ean). Eta Jose
Antonio Agirrek, urriaren 7an lehendakari
hautatuta, historiako lehen euskal gobernua
osatu zuen. Era horretan hasi zen gorpuzten
euskaldunen aberri-arekin, Euzkadirekin,
identifikatzen zen asmo politiko bat.
Nazionalismoarentzat proiektu bat besterik
ez zen hura, eta alderdi demokratikoentzat
ia amore ematea baizik ez zena, errealitate
ukigai sendo bihurtu zen bere mendeko
lurraldean indarrean egon zen gerrako urte
luzean (1936ko urriaren 7tik 1937ko ekainaren
19a arte). Gero erbestetik jarraituko
zuen gobernuak lanean.
Gobernua lau abertzalek (Agirre barne),
hiru sozialistak eta gobernuaren aldeko alderdi
bakoitzeko batek (ANV-EAE, Izquierda
Republicana, Unión Republicana eta
Alderdi Komunista) osatzen zuten. Gobernu
hark, abertzaleak nagusi zirela, eta gerra
egoeran, euskal estatu ia independente
bat jarri zuen abian. Armada eta polizia (ertzantza)
sortu zituen, dirua jo zuen, bere
esku izan zituen atzerriko harremanak,
administrazioa eta epaitegiak berrantolatu
zituen, unibertsitatea eraiki, esku hartu zuen
finantzetan eta industria estrategikoan, eta
hornidura antolatu zuen; hornigaiena ez zen
gauza kaxkarra izan, kontuan izanda
100.000 lagun bazirela beren etxeetatik alde
eginak 600.000 biztanleren ondoan, eta blokeoa
zegoela itsasotik eta lehorretik.
Gobernu haren ezaugarri nabarmenena,
agian, eta abuztuko eta iraileko Junten aldia
gaindituta, zuzenbidezko estatu bat eraikitzeko
asmo sendoa izan zen, ahalik eta
normalduena, gerrako baldintzak kontuan
hartuta. Bere eskupeko lurraldean, Errepublikak menderatzen zituen lurretan ez bezala,
ez zen prozesu iraultzailerik batere
abiatu: ez ziren bankuak edo enpresa handiak
kolektibizatu, gerratik zetozen lege
prozesuak normaltzeko ahalegina egin zen,
udalak eta diputazioak berrantolatu ziren
–ez alderdien juntak–, administrazio bideak
moldatu ziren gai publikoak bideratzeko,
etab., eta errespetatu egin zen gurtza katolikoa,
beste lekuetan, errebeldeena zelakoan,
esetsi egin zena.
Estatu sistema zinezko bat antolatu zen
beraz, zuzenbidezko estatu baten formei
zegokiena, eta, ahal izan zen neurrian, errejimen
parlamentariokoa, kontzentrazioko
gabinete batekin, larritasun egoera zela eta.
Agian, kudeatze egoki hark ondoko
belaunaldiei igorri zien irudi mitikoak –bere
gobernuaren inguruan bildutako herri baten
irudia, euskaldun herriaren borrokaren
irudia (euskaldun guztiena), kanpokoen
erasoen aurrean–, ez zuen ikusten utzi nola
lurralde hartan bertan beste parte bat, Euskal
Herrikoa hura ere, arerioaren aldean
zebilen borrokan, guztiz bestelakoak ziren
ideien alde (praktikan behintzat). Ez zuen
ulertzen utzi gerra zibila izan zela benetan,
herrikideak zirela bi aldeetako lubakietan,
eta adiskidetu beharra izango zuela etorkizunean
(alde batera utzita gerra hark sorrarazi
zuen makurkeria politikoaren kondena).
Agian oraindik ere ez dira oso-osorik
adostu gerraren oroitzapen mitikoa eta benetako
memoria.
Probintzia espainol frankistak
Izan ere, Nafarroatik eta Arabatik abiatuta,
nafarrak eta arabarrak, baina baita gipuzkoarrak
eta bizkaitarrak ere, frontearen
bestaldean defenditzen ziren ideiez oso
bestelako zerbaiten alde ari ziren borrokan.
Haietako batzuk herriko jendea ziren, Errepublika
bere-berea zuen munduari etengabe
erasotzen zion gauza bat balitz bezala
ulertu zuena, erlijioari erasotzen zion zerbait
balitz bezala alegia. Erdi mailako jendea
ere bazen, eta eskuin liberaletik edota
tradizionalismotik Europan indartsu zebiltzan
ideia autoritarioen aldera egindako
profesionalak ere bai. Eta haien artekoa zen
halaber interesen sindikatua, finantza eta
enpresa mundua, gustura ikusten zituena
Italia faxistan edota Alemania nazian onarturiko
nazionalismo ekonomikoko irtenbideak,
eta langileen mugimenduaren desagertarazteko
saioak.
Gerrako egun haietan, Nafarroan ere
modu autonomoan funtzionatu zuen lurralde
erakunde bat antolatu zen: Nafarroako
Gerra Karlistako Junta Zentrala. Tradizio
forala, XIX. mendeko gerren oroitzapenak
–izan ere, haietan beti sortu izan ziren probintziajunta haiek–, eta autoritarismo berria,
denak batera elkartzen ziren Juntan.
Hura arduratu zen soldaduak erreklutatzeaz
eta Nafarroako zuzendaritza politikoa antolatzeaz.
Haren eskuetan egon zen ekonomiaren
antolamendua eta haziendaren
zuzendaritza (Diputazioarekin batera). Junta
Zentrala arduratu zen, estatuko ohiko
erakundeen eginkizunak bereturik (alderdi
nazia, NSDAP, aleman estatuarekin nahasten
zen bezalaxe), udalak eta gerra aurreko
administrazioa berrantolatzeaz, kargu
publiko edo funtzionario errepublikazaleak
baztertu ondoren.
Arabak, diskrezioz, matxinatuen eskupeko
beste probintzia baten moduan funtzionatu
zuen, harik eta 1937 eta 1938an
foru totalitarismo moduko bat ezartzeko
ahaleginak egin ziren arte, Eladio Esparza
nafar kazetariaren eta José María Elizagárate
arabar politikariaren zuzendaritzapean
(mobilizazio handiko alderdi bakarra, estatu-alderdi
nahasketa, ideologia foral-katolikoa,
etab.).
Azkenean, antolamendu ahalmen oro
muturreko aginpideari eskaintzen ziotenek
gobernatu zuten euskal lurren parte hura.
Gizarte antolamendu totalitarioa defenditzen
zutenek. Gobernu ideia hark berez zekarren
ondorio izan ziren –ez salbuespen, ez
gerrako gorroto– ikaragarrizko hilketak, kartzelaratzeak,
erbesteratzeak, lanpostutik
baztertzeak, eta, oro har, disidentzia ororen
zapalkuntza, nahiz eta, sarritan gertatu
bezala, disidentzia susmo hutsa izan (3.000
heriotza ia, arrazoi politikoengatik, Nafarroan
bakarrik, epaiketa gabe gehienetan,
gerra urteetan). Urte ilunak deitu dudanaren
hasiera izan zen hura guztia.
Urte ilunak
Ba al dago esaterik Espainiak eta Euskal
Herriak mende erdi bat galdu zutela iraganeko
formetan murgilduta? Baietza erabatekorik
behintzat ezin da eman: Ardatzeko
herrien erortzeak 1945ean eta gerra hotzak
(ondorio gisa, Espainiak mendebaleko
sistemako alderdi batzuk bereganatzea
ekarri zutenak), eta gizarte zibilaren ekimenak
berak (frankismoak hasieran eten bai,
baina erabat suntsitu ez zuena), urte haiek
osorik ez galtzea eragin zuten. Alabaina, bizitza
publikoaren aldetik alferrik galdu ziren
urte haiek, eta orobat gizarte ohituren
eta kulturaren ikuspuntutik ere. Askatasunaren
ikuspuntutik galdu ziren, eta banakako
eta taldeko ikuspuntuen aldetik. Egia da
halaber, hurrengo ataletan ikusiko den bezala,
gizarte zibil berritu eta sendotu bat
sortu zela errejimen berriak bete gabe utzitako
tarteetatik, 1970eko hamarraldiko trantsizioaren
protagonista izango zena.
Era berean, ezin esan daiteke politikaren
egoera hori atzera jotzearen ondorioa
zenik, alegia, XIX. mendeko agintaritza formen
berreskuratzearen ondorioa, esan izan
den bezala. Joana zen XIX. mendea, erremediorik
gabe joana, eta mendearekin batera
Errestaurazioa ere desagertu zen. Modernotasunaren
beraren forma patologiko
bat izan zen, beste ezer baino gehiago, estatu
berria; XX. mendeko erronka berriei
erantzunak eman nahiz, humanismoaren eta
aurreramenduaren balioak baztertu zituen
sistema zen (gerra arteko Europako joera
intelektual indartsu baten ildotik: Sorel,
Spengler, D’Annunzio, Jünger, Heidegger,Eliot edo Pound, euskal inteligentsia baten
oso gustukoak bestalde), gizartearen bizitza
soziala nazionalismoaren mitoetatik (nazionalismo
katoliko eta espainolaren mitoetatik),
eta askatasun faltaren eta autoritarismo
karismatikoaren hastapenetatik antolatzeko
gero.
Hitler eta Mussoliniren garaietatik bizirik
zirauen pertsonaia zen Franco, eta gizarte
txertakuntzaren eredu faxista –zentzu
zabalean– beretu zuen haren errejimenak.
II. Mundu Gerrekin ez zen galdu (nolabait
ere etorri egingo zitzaion neutraltasun bati
esker), eta horrexegatik, eta halako erreforma
zentzu praktiko batengatik, 1970 ondoko
hamarraldiraino iraun zuen (beti ere,
funtsean, autoritario jarraituko zuen arren).
Errejimen berriaren sendotzea
Gerra irabazteak, disidentzia adierazpide
guztien zapalkuntza gogorrak, eta gizartearen
parte ez txiki batek emandako babesak
–erdi mailako klase katoliko batek,
goi mailako burgesia industrialak eta negoziokoak,
eta errepublikaren oso kontrakoa
zen herriaren parte batek altxamenduaren
alde egin zuen lurralde batean–, erabatekoa
egin zuten frankismoaren garaipena
urte haietan (eta hori, ikusiko den bezala,
Euskal Herrikoa izanik Espainiako oposizio
egituratuena, aldi berean gizartearen
babesa ere beste lekuetan baino sendoagoa
zuela). Garaipen are osoagoa gertatu
zen, nazioarteko ordena berri bat ekarri
zuten Yaltako akordioek, herri nagusiek statu
quo-a onartzen zutela adierazten zutenak,
izenpetu ondoren (1945), errejimenak
oraindik ere bere horretan jarraitu zuenean.
Estilo totalitarioko estatu baten antolamenduan
oinarritu zen errejimenaren sendotzea
(gizartearen eta politikaren aldetik
horrek zekartzan ondorio guztiekin), eta
orobat politika ekonomiko nabarmen nazionalista
eta interbentzionista batean, Primo
de Riverak abian jarritako tradizioari
jarraituz eta italiar ekonomia autarkikoaren
arabera. Estatuaren antolamenduaren ideiari
dagokionez, espainiar nazionalismo tradizionalista
batean zetzan; horixe zen ideologia
ofizial berriaren oinarria eta funtsa.
Espainiako lurraldeen arteko desberdintasun
ororen erabateko ukatzea zekarren
ideologia horrek (eta hor, jakina, Euskal
Herria zegoen, eta Euskal Herriaren estatus
autonomikoaren kontra egin zuten borroka:
Rojo-separatismo-aren kontra, esaten
zen). Hala ere, eman zitzaion lekurik foruen
ideiari Borbondarren ideia atzerriratzaile-tik
baino Austriarren Espainiatik gertuago
zegoen Espainiaren ideia tradizional
batetik. Foruek administrazio eta ekonomia
ahalmen nabarmenak eman zizkien Nafarroako
eta Arabako lurraldeei (Konbenioa
eta Kontzertua indarrean zeudelako, eta foru
legeak zerbait garatu zirelako). Gipuzkoaeta Bizkaia, ordea, zigortu egin zituzten,
ikusi den bezala –bertako frankista batzuen
protestak gorabehera–, proiektu demokratiko
eta autonomiazale baten euskarri
izan zirelako (euskal gobernuak, osatu
zenean, Bizkaia besterik ez zuen kontrolatu).
Bi probintziei kendu zizkieten Kontzertuak,
eta etenda utzi zizkieten foru lege eta
erakundeak.
Autarkia eta interes ekonomikoak
1937an, hau da, Eusko Jaurlaritzaren
gerrako ahalegin betean, 195 mila tonaraino
jaitsi bazen ere Bizkaiko Labe Garaien
burdin mearen kontsumoa (1933an, krisi
urte batean, 329 mila tona izan ziren),
1938an, ordurako Bilbo matxinatuen esku
zegoela, 461 milara igo zen produkzioa.
%136ko hazkundea; gauza ikusgarria beraz.
Zementuaren kontsumoa 37 tonatik 109
milara igaro zen aldi berean: %195ko hazkundea.
Finantza munduari dagokionez,
Madrilgo Burtsan 1936 eta 1944 artean
errenta aldagarriaren kontratazioa bosten
batean jaisten zen bitartean –eta erdira Bartzelonan–,
Bilbon lehen halako sei bilakatu
zen (eta lehen halako hogeita hamar
errenta finkoa). 1935eko ia 24 milioietatik,
1948ko ia 143ra igo ziren Bilboko bankuen
irabaziak. Diruaren hiriburua zen matxinatuen
Bilbo hura.
Produkzioaren hazkundea eta finantza
jardunena, Bilbon batez ere, baina baita
Gipuzkoako metalurgian ere, izugarria izan
zen. Gauza bera gertatzen zen enpresa handien
eta bankuen irabazien tasarekin ere,
Bilbon eta Bizkaian batez ere. Era horretan,
bizkaitar familia handiak, Chabarri,
Gandarias, Urquijo, Ybarra, Ampuerotarrak
eta abar, oso estu lotu zitzaizkion errejimen
berriari –beste enpresa talde batzuk baino
askoz gehiago, katalanak baino gehiago
adibidez–, harekin guztiz sendotua ikusten
baitzuten beren posizioa.Nazionalismo ekonomikoko politika
gogor batean oinarritu zen gerra ondoko
ekonomiaren zabalkunde bizkor hura. Autarkiaren
garaia izan zen; izan ere, errejimenaren
buruzagiek nazioaren kudeaketa
ekonomikoaren eredutzat bultzatu baitzuten
autarkia. Italian indarrean zegoen eredua
zen, eta hartatik hartu ziren printzipioak,
erakundeak, eta baita legedia eta araudia
bera ere; nolanahi ere, neurri batean,
errejimena bakartuta zegoelarik, nazioarteko
egoerak berez ekarri zuen autarkia. Barneko
merkatuaren monpolioan oinarritzen
zen politika hura (izan ere, dinamikoagoa
zen urte haietan barne merkatua atzerrikoa
baino, gerra ondoko berreraikuntza lanei
esker, siderurgiako eta eraikuntzako ekai
askoren beharra baitzegoen, eta, diru inbertsio
handiak behar zirenez, egokiak ziren
euskal bankuak), inportazioen ordezkatzean
(eta horregatik garatu ahal izan ziren
metalurgia, Gipuzkoan bereziki, ongarri
nitrogenodunen fabriken sorrera, edota
merkataritzako itsasontzi sail baten eraikuntza
eta ontziolen jarduna), estatuaren esku
hartzean (legezko arautegiaren bidez zuzenean,
hala adibidez 1939 eta 1940ko industria
legeak, Industriako Nazio Institutuko
holding-aren sorreraren bidez, Italiako Instituto
per la Riconstruzione Industriale-ren
irudira, edota sail bakoitzeko sindikatuaren
bitarteko esku hartzearen bidez), eta, azkenik,
nekazaritzako kapitalen kopuru handiak
(merkatu beltz-eko prezioen gehiegikeriak
ekarriak) industriara eta finantza
sektoreetara igaro izanean (horixe izan zen
1950-1960 urteetan Espainiako hainbat lekutan,
Araban eta Nafarroan adibidez, gertatu
zen bigarren industrializazioaren giltzarria).
Horrek guztiak esportazioen bat-bateko
beherakada orekatu zuen; izan ere,
Alemania naziak eragindako lehen goraldi
baten ondoren, lur jota geratu ziren esportazioak,
hainbeste non 1945ean nazioko
produkzio siderurgikoaren %4 bat bakarrik
saltzen baitzen kanpoan.Euskal industriak oro har, eta, batez ere,
Bilboko industria eta finantzek, baldintza
ezin hobeak zituzten egoera ekonomiko
hartaz baliatzeko. Euskal nazionalismoaren
erabakiz, 1936ko irailean eta 1937an matxinatuen
esku erori zen iparraldeko industria
estrategikoak, ia oso-osorik gorde zuen
bere kapital organikoa (gobernu errepublikarraren
aginduari men egin gabe beraz,
haren aginduz etsaien eskuetara joango zen
industria estrategikoaren produkzio ahalmena
suntsitu beharra baitzegoen). Labe garaiak
1937an bertan jarri ahal izan ziren
abian. Ontziolak, industria kimikoa eta leherkariena,
industria metalurgikoa eta burdinbide
ekaiena, berehala prestatu ziren
gerra ondorengo berreraikuntza lanetan
hasteko (hasieratik geratu ziren orduantxe
sortutako Comisiones Militares de Incorporación
y Movilización-en mende, hau da,
errejimen militar baten pean). Beste horrenbeste
gertatu zen euskal finantzen sare
indartsuarekin: Bilboko Bankuak, Bizkaiko
Bankuak, etab., eta beren Aurrezki Kutxek,
laster berreskuratu zituzten errepublikar
gobernuak bahituriko ondasunak. Bestalde,
Arabako Kutxa eta Nafarroako Kreditua lehendik
ari ziren horretan.
Langileriari dagokionez, oso lanordu zehatzak
jarri ziren, eta ordutegi gero eta luzeagoa,
soldatak askotan aldatu ez baziren
ere (eta, jakina, protesta ahalmenik ere ez
zegoen). Lehengaien horniduraren zenbait
etenek eta energia elektrikoaren murrizpen
batzuek mugatu zuten industria horrek hazteko
zuen ahalmena.
Bizkaiko Labe Garaien oparoaldia izan
zen hura (Saguntoko Siderurgia Mediterránea-ren
kontrola eskuratu zuen 1940an), eta
halaber Firestone, Babcock-Wilcox, Sefanitro
(ongarrien produkzioa kontrolatzen zuena),
Iberduero (Hidroélectrica 1944an beste
enpresa batzuekin elkartu zenean sortua,
eta Espainiako produkzio elektrikoaren
parte handi bat bere esku zuena), eta Bilbo
eta Bizkaiko Bankuena. Oso harreman
onak zituzten enpresa haiek; hala, 1946an
Madrilgo AEBetako merkataritzako agregatua
joan zitzaien bisita egitera, gerra ondoko
kapital soberakinak industria horretan
inbertitzeko interesatuak baitzeuden AEBak,
eta 1947an –enbaxadoreak 1946an erretiratu
ondoren–, AEBetako negozio arduraduna,
Mr Culberston. Bisitaldi haiek argi adierazten
zuten laster hasiko zitzaizkiela AE-
Bak, gerra hotzaren testuinguruan, Francoren
errejimenari hurbiltzen. Eta bidea zabaltzen
zioten nazioarteko kapitalari, interesatua
baitzegoen hura merkatuak lurralde
berrietara zabaltzen, eta inbertsio eta
produkzio ardatz berriak aurkitzen, lanaren
nazioarteko zatiketa berriaren arabera.
Abrako Itsas Klubeko bazkari handien garaia
izan zen, Franco jeneralak bilbotarenpresa gizonez inguratua bazkaltzen zuenean.
Baina, aldi berean, garai hartantxe egin
zuen produkzioak zerbait behera, “langilearen
ahultzea zela eta, elikagaien eskasiagatik”,
patroien gordeko txostenek ziotenez.
Gose eta inflazio garaia zen; 1936 eta 1946
artean, prezioen indize klandestinoa hamar
aldiz biderkatu zen, eta hogei aldiz ogiarena,
soldatak %19 bakarrik igotzen ziren artean.
Era horretan, erosteko ahalmena ia
hamarren batean jaitsi zen. Arrazionamendu
eta gose garaia zen, oinarri-oinarrizko
gauzak falta baitziren, ogia, ikatza, haragia
edota arraina.
Gerrak txikituta utzi zuen euskal gizartea.
Jendeak oldeka aldatu behar izan zuen
bizilekuz (ehun bat mila gipuzkoar Bizkaira
1936 eta 1937 artean, eta ehun eta berrogeita
hamar mila erbesteratu Frantziara
aldi berean). Erbesteratuez gainera presoak
kontatu behar dira (pixkana-pixkana etxera
itzuliko zirenak, oso baldintza txarretan
ordea), hilketa sumarioak eta gerrako bajak.
Gerra garaian hasitako hornigai arazoek
are zailago egin zuten gerra ondoren herrialde
aliatuek eragindako blokeoari aurrera
egitea. Horrekin guztiarekin, eta kontuan
izanda etxebizitzen baldintza higieniko izugarri
txarrak, etxebizitzen pilaketak, hirien
inguruan sortu ziren txabolak, lehen mailako
elikagaien eskasia (tuberkulosi, tifus
eta disenteria berriz zabaltzea eragin zuena),
gora egin zuen hilkortasun tasak. Aldi
berean, gerra zela-eta, behera egin zuten
ezkontza eta jaiotza tasek. Gerra izanagatik
ere galdu ez zen industria haren erakargarritasunak
ordea, demografiak zertxobait
gora egitea ekarri zuen 1940 ondoko hamarraldiaren
bukaeran, oraindik ere mixerableagoziren Espainiako nekazari lurretatik
heldutako etorkinekin.
Estraperlo eta kontrabando urteak izan
ziren haiek; batzuentzat bizibidea atzeratzeko
moduak ziren, beste askorentzat berriz,
batez ere administrazioko goi karguentzat,
eta haiek erosteko moduko harremanak
zituzen zenbaitentzat, aberastasun iturri
oparoak. Egin ziren urte haietan eskasia
arautzeko ahaleginak, arrazionamendu txartelen
bitartez (beste ustelkeria mota baten
jatorri izan ziren); baina merkatuaren lege
errukigabeak eta goseak merkatu beltza
ekarri zuten, inflazio prozesu eskandaluzkoak
eta miseria oraindik handiagoa
(miseria materiala eta morala) eragin zituena.
Poz eta oparotasunezko garaiak batzuentzat,
gose eta miseriazkoak gehienentzat.
Estatu berria
Espainiar estatu totalitarioa lau zutaberen gainean zegoen antolatua: 1) naziek Gleichschaltung deitzen zutena (gizarte berdintasunerako erakundeak), pertsona oro estatuaren engranaian txertatzen zuena; 2) estatuko erakundeen antolamendu korporatiboa; 3) nazioa estatuaren funtzioaren eta haren helburuekin bat egiten zuen estatu ideologia, mito nazional baten gisara (eta, horrek berez zekarren ondorio gisa, bizitza sozialetik disidente oro baztertzea, elementu antinazional izateagatik); eta, 4), aurreko guztia herriari ulertarazteko, modu arrandiatsuz adierazteko, mundu sinboliko eta errituzko baten sortzea. Hori guztia, herriz herri, parrokiaz parrokia gauzatzeko, alderdi bakarra zegoen (Falange Española Tradicionalista y de las JONS, FET, karlismoaren eta Falangearen elkartzetik sortua, Dekretu-Legez, 1937an (liskarrak izan bazituzten ere, besteak beste, Begoñan arazo larriak sorrarazi zituztenak, lehergailu eta zaurituekin, 1942an), eta historian patu jakina izango zuen gizatalde nazional bat sortzeko ideia (eta, hortan, funtsezko papera jokatu behar zuten, eta jokatu zuten, elizak eta gudarosteak).
Hori guztia gerra bukatu eta berehala hasi zen taxutzen Euskal Herrian. Gerran bertan, 1938 ezkero, eta, legez, 1939tik aurrera, aisialdiko elkarte guztiak (hala adibidez, Vitoriana de Espectáculos, SA, Iruñeko Orfeoia, eta Euskal Herriko beste batzuk), gerora Obra Sindical de Asociación y Descanso izango zenean txertatu ziren, italiar Dopolavoro-ren ereduari jarraituz.
Elkarte horren bitartez antolatu ziren langileen kirol jardun guztiak (futbola, gimnasia, etab.), eta aisialdikoak (irtenaldiak, udako oporrak, etab.), gizon produzitzailearen era guztietako jardunak gobernuak bultzatutako organizazioetan txertatzea baitzen helburu nagusia.
Jardun hori, eta ondorengoak, Lanaren Foruak inspiratu eta arautu zituen (Carta del Lavoro-ren espainiar bertsioa, 1938ko martxoan onartua); “Magna Carta” nazional sindikalista baten moduko proposamena zen, kapitalismo liberal eta materialismo marxista zeritzanaren artean bitarteko bidea ezarri nahi zuena, gizarte katolizismoaren osagaiak erantsita, Espainian, eta Euskal Herrian, sustrai sakonak baitzituen katolizismoak. Azken finean, produkzioaren mundu osoa estatuak kontrolaturiko antolamendu batean txertatzea zen lehen xedea, helburu nazional bat gauzatuko zuen klaseen arteko harmoniaren filosofiaren arabera. Bestalde, aurrekoari erantsita, baziren gizarte babeseko proposamenak (soldata minimoa, eritasun laguntza, jubilazio pentsioak) eta adiskidetzekoak ere (lan magistraturak), garrantzi handikoak izango zirenak hurrengo urteetan.
Biztanleria oso-osorik egituratzeko proiektu hura, Organizazio eta Ekintza Sindikaleko Ministeriotik egin nahi izan zen hasieran. Baina laster antolatu ziren “zerbitzu sindikalak”, probintzia bakoitzean, CESO sindikatu katolikoaren hondakinak eta helburu horretxekin karlistek (ONC) eta falangistek (CONS) bultzatzen aritu ziren zerbitzuak bildu ondoren (lehen biak batez ere, Euskal Herrian oso sartuak). Hori dena FETaren Probintziako Ordezkariaren zaintza arretatsuaren pean egin zen (laster elkartuko zitzaion ordezkari kargu hori Gobernari Zibilarenari), eta apirilean dekretuz sorturiko organizazio sindikal handi baten barruan (Central Nacional Sindicalista, CNS). Hartan sartu ziren, langile guztiez gainera (ezabatu egin ziren langile sindikatuak), patroien organizazioak (Produktoreen Liga Bizkaitarrak eta Liga Gipuzkoarrak,nekez, baina iraun egin zuten), Merkataritza
Ganbarak eta Nekazaritzakoak, profesionalen
elkarteak, eta beste ekonomia eta
aisialdiko erakundeak ere.
Urte askoan, eta Obra Sindical erakundearen
bidez, CNSk esku hartu zuen etxebizitza
kopuru handi baten eraikuntzan,
hirietan nahiz herri txikietan, eta orobat
Eritasunaren Aseguru Nahitaezkoaren administrazioan
(1942ko Legea) eta beste eratako
mutualitate eta aseguru etxeetan, irakaskuntzan
oro har eta lanbide eskolen
sorreran (bat baino gehiago sortu zen Euskal
Herrian), nekazaritza, industria eta kontsumoko
kooperatiben sorkuntzan, aisialdiaren
antolamenduan kirolen eta bestelakoen
bitartez, ongarrien banaketan, ureztatzeetan
eta labore sailen kontzentrazioan, eta, oro
har, probintziako ekonomia jardun osoan,
Consejo Económico Sindical-aren bidez.
Antzeko eginkizuna zuten (biztanleria
egituratu eta, lanaren munduko eguneroko
bizitzaren alderdi guztietan, ekimen pribatuaren
ordezkari izan) Sección Femenina-k
emakumeen artean (“Escuelas de Hogar”
deitu zituztenak sortuz, eta kantu eta dantzako
taldeekin), eta Frente de Juventudesek
belaunaldi gazteenei zegokienez (Gazteen
Etxeak herri eta hirietan, eta, batez ere,
udako kanpalekuak).
Ez zen gizarte jardunik (batzuetan, ezta
pribaturik ere), estatutik aparte egin zitekeenik.
Nazioko kide guztien gizarteratzea
zaindu behar zuen estatuak, bere organizazio
sarearen bidez.
Estatuak, bestalde, FET alderdi bakarrari
atxikitako ordezkaritza eta azpiordezkaritza
sare zabal bat zuen oinarrian; alderdia, batetik,
nahasi egiten zen administrazioarekin,
eta, bestetik, administrazioaren zerbitzari
izateko zen. FET-aren halako burokratizazioa
zela-eta, Serrano Suñer gobernutik
baztertu ondoren, parlamentu korporatibo
berri bat eraiki zen, Estatuko Gorte Orokorrak,1942an (1943an bildu zen lehen aldiz).
Egitura korporatibo hori (hartara bidaltzen
zituzten beren ordezkariak FET-ek,
organizazio sindikalak, hiri nagusietako
udalek, unibertsitateek, organizazio ekonomiko
eta profesionalek, etab.), 1966an berritu
zen, Tercios-en sorrerarekin (udal, sindikatu
eta familiarenak), ikusmolde korporatibo
berari jarraituz, eta itxurazko ordezkaritza
printzipio baten arabera, batzordekideak
batzordeak berak aukeratzen baitzituen,
eta erabakiak gobernuan hartzen ziren,
ezin zelarik Gorte haietan apelaziorik
egin. Printzipio hori, nolanahi ere, nazioaren
ikusmolde antiliberal batean zegoen
oinarritua, nazioa gorputzez osatua ikusten
baitzen, ez gizabanakoz, bere borondate
historiko eta patu bereziarekin gainera (batez
ere Víctor Pradera euskaldunak sakondu
zuen ideia).
Estatu hark, izan ere, ideologia ofizial
bat zuen: nacional-catolicismo zeritzan, eta
katolizismoan jartzen zuen espainiar nazioaren
funtsa, halako eran non ideologia horretatik
atera behar baitzituen –eta ateratzen
zituen– bere kultura, ohiturak, legedia,
pentsamoldea eta historian zuen eginbeharra.
Teodizea moduko bat, herriaren ikusmolde
teokratikoa. Elizak lagundu zuen,
neurri batean, gauzen ikusmolde hori zabaltzen;
Euskal Herriko Eliza, ordea, oso
azkar hasi zen katolizismo nazionalaren
irakurketa ortodoxotik aldentzen (1939an
Eugenio Beitia eliz barrutiko bikario nagusi
izendatu zutenetik jada, eta 1943tik aurrera
gotzaindegiko buru zen Carmelo Ballester
gotzainarekin batez ere), jarrera espiritualagoen
aldera hasieran, eta jarrera kritikoagoetarantz
hurrengo urteetan.
Hura izan zen luzaroan dotrina ofiziala,
nolanahi ere; lehen irakaskuntzatik bertatik
hasten zen dotrinaren zabalkundea,
eskolako lehen orduan soldaduak bezala
lerrotan jarri beharra zegoenean, banderajaso, ondoren errezatu, eta nazio himnoak
kantatu eskolak berak hasi aurretik.
Ideia hori sendotzera, Euskal Herriko
Andre Mari eta zaindari ezagunenen koroatze
sail bat etorri zen, sekulako jendetzak
bildu zituztenak (1937ko abuztuaren 15ean
jadanik, Begoñako Andre Mariaren irain
ordearen eguna ospatu zen, aita santuaren
nuntzioa, Antoniutti jauna, bertan zela).
1941eko irailean Estibalizko Andre Maria
izendatu zuten Arabako zaindari. 1943an
estatuko buruzagi gorena (Franco jenerala)
joan zen Arantzazuko Amari bere egunean
ohore egitera. Eta 1952ko irailean, ospe
handiz eta jendetza ikaragarriak bilduz,
Uxueko Andre Mariaren koroatzea antolatu
zuen Nafarroako Diputazioak.
Corpus Christiko prozesioak, Jesusen Bihotzekoak,
edo Ostiral Santukoak, aberriaren
goreste egun handi gisa antolatuak.
1941eko javierada (nafar gazteen erromesaldia
Xabierrera, hura baitzen Nafarroako
zaindari Xabierko Frantziskoren sorterria),
36ko gerrako gurutzadaren jarraipen moduan
antolatua, kanpainako mezak kalean,
Gurutze Bide jendetsuak (hala adibidez
Bilbon 1940an egina), Jesusen Bihotzaren
imajinak ipintzea, Eukaristia Batzarrak (Araban
1942an, eta 1944an Bizkaian), Misio
publikoak eta jendetsuak, misio barrokoak
gogorarazten zituztenak; halako erlijio eta
aberri irrika batean biziarazten zuen horrek
denak garai hartako jendea.
Sistema hartan, Dahrendorfen hitzak
erabiliz, estatuaren kontrol eta araupean
zegoen “herritarren” bizitzako egite eta hitz
bakoitza. Estatu hark izpiritu katolikoak
piztutako nazioaren pertsonifikazio gisa
ikusten zuen bere burua, eta hori dena
Caudillo-aren irudian gauzatzen zen, hura
baitzen nazioaren buruzagi eta estatuaren
esentzia. Ideia horiek ageri dira 1945ean
onartutako Espainolen Foruan, eta orobat
1947ko uztailean, aldeko %92 botorekin,
plebiszitoz onartu zen Ondoretza Legean.
FET-eko Probintzien Ordezkaritza Nazionalak
plebiszitoaren gaiarekin galdeketa bat
egin zuenean, Nafarroa eta Arabako probintziak
“dudazkoak” suertatu ziren baiezko
botoa %50 ingurukoa izan zelako, eta
“etsaiak” Bizkaia eta Gipuzkoa, kopuru hori
%40 bat izanik; ohore hori Espainiako beste
lau probintziak besterik ez zuten, eta “dudazkoak”
ziren haiek. Gainerako probintziak
“atxikiak” ziren –aldeko botoen %50
baino gehiago–, Madril eta Bartzelona horien
artean. Agerikoa gertatzen da hor nolako
presioa eta esku hartzea jasan behar
zituen herriak.
Era horretan antolaturiko egituraren
gainean zegoen eraikia aginpide sistema. Finantzen
eta industriaren Euskal Herrian,
diruaren elitearen esku zeuden probintziako
karguak eta hiri handietako udalak. Estatukoegituraren goren mailak ere iritsi zituzten
Careaga, Ybarra, Lequerica, Oriol,
Areilza, Rodezno eta beste familia handi batzuek,
idazkariordetzetatik hasita ministerio
eta enbaxadetaraino, eta era horretan tratu
bereziki onuragarria lortu zuten errejimenaren
aldetik. Beheko mailetan (sindikatuen
ordezkaritzetan, Movimiento Nacional-aren
bulegoetan, herrietako alkate karguetan;
gobernari zibil eta Movimiento-aren probintzia
buruzagiaren ardurapean zeuden denak),
klase politiko berri bat hasi zen biltzen,
gazte eta profesionalena, aginpide
berriaren itzalpean aurrera egin zutenena,
aginpide ekonomikotik abiatuta.
Gainerakoan, Hitzarmenean eta Kontzertuan
adierazitako foru egituran sartuta
jarraitzen baitzuten Nafarroak eta Arabak,
bertako eliteentzat oso gustagarriak gertatzen
ziren Diputazio Probintzialak (ordutik
aurrera eta Foralak deitu zirenak). Diputazioen
inguruan gora egin zuten probintzietako
familia onek, eta baita abizen berriren
batek ere; hala Huartek adibidez, Espainiako
iparraldeko eraikuntza enpresa garrantzitsuenaren
–eta Espainiako garrantzitsuenetako
baten– buru bihurtu baitzen
denbora laburrean (Errepublikako urteetan
hain justu, eta ekarri zion horrek buruko
minen bat).
Erbestea eta barneko erresistentzia
Hala gertatzen zen, atxikimenduz nahiz
hartaratuta, errejimenarekin bat etorritako
jendearen artean. Gauzak bestelakoak ziren
gobernuari kontra egiten zion jendeari,
edo, besterik gabe, gobernuarekin bat ez
zetorrenari zegokionez. Haiekin bakeak
egiteko ahalegintxoren bat izan bazen ere
(inoiz ez kristau barkamena baino gehiago),
esestea izaten zen tratabidea, eta jarrera
haiek zigortzea, baita pentsatzeko
moduak ere. Amaierarik ez zuen gerra ostea
zen hura: baziren garaileak, onuraren
eskubidea lortu zutenak (alor guztietan), eta
baziren garaituak, eta haientzat apurrak
berak ere, gehiegizko opari. Horrelakoxea
zen eguneroko bizimoduan nagusitzen zenegoera, eta egoera horretxetan oinarritzen
zen legedia.
Askatasun falta erabatekoa zen: ez zen
ez prentsa askatasunik, ez sindikatu, elkarte
edo adierazpen askatasunik ere. Giza
eskubidek, sistemaz, ez ziren betetzen.
Edozein euskalduntasun agerpenek zapalkuntza
jasaten zuen, estatu berrian nagusi
zen Hispanidad-aren ideiaren kontrako
adierazpen garbia zelakoan (euskal izenak
debekatzeraino: Jon izena zutenek Juan
behar zuten, eta Iñakiak Ignacio bihurtu
ziren berriz ere). Lanaren munduari dagokionez,
protesta pentsaezina zen, mendekotasunak
erabatekoa behar zuen, arazoak
–beti ere pertsona baten arazo moduan–,
laneko magistraturaren aurrean behar ziren
aurkeztu (taldeko negoziazioa 1958ko apirila
arte ez zen arautu).
Gerra garaian salbuespenezko epaitegiak
eta hilketa sumarioak izan ziren. Gerra
ondoan zapalkuntza tresna horiek
erakunde bihurtu ziren, eta Ondasunen
Bahiketa Batzordeak antolatu ziren probintzietan
(batez ere garai horretan erbestean
zegoen Eusko Jaurlaritzaren mende egondakoetan
jardun zirenak), erakunde ofizialetako
depurazio batzordeak, eta Erantzukizun
Politikoen Epaitegia, egoitza Burgosen
zuena eta euskal probintzien gainean
esku zuena; hartatik pasa zen herritar asko
eta asko, ondorengo isun, erbesteratze, lanetik
bidaltze eta abarrekin.
Euskal Eliz barrutian bertan ere izan zen
garbiketarik Javier Lauzurica gotzainaren
garaian (1937-1943; “Francoren gotzaina”
deitzen du Sánchez Erauskinek): deportazioak
izan ziren, parrokoak bere ohiko eliztarretatik
bereizi zituzten, eliz barrutiko goi
mailako eta Gasteizko apaizgaitegiko karguak
berritu ziren, erlijio ordenetan fraideak
ez ohiko lekuetara bidali zituzten, etab.
Gerra galdu zutenen oposizioa klandestinitatetik
edota erbestetik egin behar izan
zen, oso egoera zailean (Europa Hitlerren
mende zegoen). Aldi berean ordea, itxaropenik
ere bazen –laster desagertua baina–,
1942tik aurrera Ardatzaren herriak atzeraka
hasi zirela-eta, eta Hitler eta Mussoliniren laguntzarekin aginpidea eskuratu zuen
Franco hura aliatuek baztertuko zutelakoan.
1939 eta 1947 urte artean oposizioak ez
zuen inolako egonkortasunik izan. Hala ere,
espainiar oposizioan haustura eta liskar asko
zegoen, baina Euskal Herrian oso handia
zen batasuna, eta baita barneko koordinazioa
ere.
Hasieran ez zen erakunde bateratzailerik
izan (1940 eta 1941 artean jardun zen
Euskal Kontseilu Orokor bat, ingelesen
babespean), Eusko Jaurlaritza egonkor bat
erbestean sortu zen arte, AEBen eta Vatikanoren
babesarekin, Agirre lehendakariaren
ospearen inguruan (EAJ, sozialisten eta
komunisten laguntzarekin; komunistak gerra
hotzaren garaian kanporatuko zituzten).
Urte haietan, aliatuek esku hartuko zutelako
itxaropena –bere funtsa bazuena–,
zabaldu zen, Espainia Europako gerran sartuko
zelakoan, eta, hori zela-eta, oposizio
lan eraginkorra egin zen, kanpotik bideratua
(New Yorketik batez ere; han, Jose
Antonio Agirrek, Estatu Batuetako euskal
koloniaren laguntzarekin, eta Ameriketako
kontinente osoan Estatu Batuetako zerbitzu
sekretuen lankide ziren euskaldunen
laguntzarekin –gogoan izan Jesús Galíndez–,
Euskal Herri beregain batera iristeko
aukerak aztertzen zituen Roosvelten gobernuarekin,
estatutuaren legezkotasuna
baino haruntzago joango zena, “iberiar
espazio politiko” baten baitan). Gainerakoan,
laguntza handia eman zitzaien
euskal erbesteratuei, ideologia bereizketarik
gabe (eta hori nabarmentzekoa da, kontuan
izanda espainiar errepublikarren artean
Prietozale eta Negrinizaleen artean
izandako liskarrak), haur eta emakumeentzat
babeslekuak edota La Roseraieko ospitalea
antolatuz. 1939tik aurrera, itzultzea
aholkatu zitzaien mendekurik jasateko
arriskurik ez zutenei.
Barnean, nazionalistek (1943rako kartzeletatik
kanpo zeuden gehienak), ia ukitugabe
zituzten egiturak, eta sareak antolatu
ziren (“zerbitzuak” zeritzatenak), kartzelakoei
laguntzeko eta aliatuei informazioa
emateko, Bilboko kontsulatuen bitartez
(sare horietako bat 1940ko irailean erori
zen, eta 1943ko maiatzean sareko buruzagi
nagusia fusilatu zuten, Luis Alava). Erresistente
sare bat ere izan zen (Euzko-Naia),
prestakuntza militarrarekin, eta elitezko gorputzekin,
Euzko Gudarostearen aurreko egituretan
oinarriturik (haren egiturak erraz
berrantolatu baitziren), aliatuen balizko inbasio
bati barnetik laguntzeko, Europako
gerrak iraun zuen artean.
Gerraren bukaeran ordea, Yaltako hitzarmenaren
izenpetzeak Francoren errejimenak
bere hartan jarraitzen zuen artean
(batez ere, Hitlerren iritziz, alemanentzat
balio estrategiko urria zuelako, eta horregatik
ez zen Espainia gerran sartu), etaamerikarrek Espainiari buruz bat-batean
erakutsi zuten interesak, gerra hotzean sartuak
zirela ordurako, bestelako estrategia
bat ekarri zuen. Oraingoan, Eusko Jaurlaritza
berrantolatzea zen xedea, eta Errepublikaren
legezkotasunaren alde egitea (eta
horretan, bat zetozen klandestinitateko bi
euskal alderdi nagusiak, PSOE eta EAJ, hitzarmena
1946 arte gauzatu ez bazen ere).
Era horretan bildu zen aurreneko aldiz Eusko
Jaurlaritza New Yorken 1945ean, eta
izenpetu zen Baionako hitzarmena 1946an;
azken horrekin berrantolatu zen Eusko Jaurlaritza
errepublikar legezkotasunaren oinarriaren
gainean.
1946 eta 1947 inguruan protesta publikoko
ekintza asko egin ziren. Ardatza
osatzen zuten herriek gerra galdu zuten, eta
Espainian ez zirela aliatuak sartuko jakina
zen arren, oraindik ere bazen diktadorearen
kontra nazioartean laguntza izango zelako
ustea. Jende askoko manifestaldiak
egin ziren Bilboko San Francisco kalean,
grebaren edo beste (Gasteiz, 1946ko maiatza),
eta pintadak eta esku paperak Francisco
de Vitoria legegizonari nazioarteko
omenaldian (1946).
Testuinguru horretan, eta langileen bizitzaren
baldintza txarrak azpimarratuz, greba
orokor bat antolatu zuen Erresistentzia
Juntak (erbesteko Eusko Jaurlaritzaren mendeko
erakundea zen), 1947ko maiatzean.
Sekulako jendetzak parte hartu zuen, eta
zapalkuntza ere erabatekoa izan zen.
Kanpoan izugarrizko eragina izan zuen.
Baina arrakasta hark ez zituen eraman aliatuak,
ordurako garaile zirenak, Espainian
parte hartzera (oposizio demokratikoak
oraindik ere espero zuen bezala). Ez ziren
urruti gerra hotzeko egunak.
1951n hainbat greba izan zen Espainian.
Martxoan, tranbien greba egin zen
Bartzelonan. Apirilean, Eusko Jaurlaritzak
Bizkaia eta Gipuzkoako langileak mugitzera
bultzatu zituen (baina laneko arazoengatik
bakarrik), eta maiatzean bi greba saio
izan ziren, orduantxe sortzen ari zen higikunde
langile eta katoliko bati lotuak,
Araban eta Nafarroan. Acción Católica-ko
Higikunde Apostoliko Langileetatik abiatuta,
eta espainiar apezpikuek Pio XII.ari
ad limina egindako bisitaldi bati lotuta
(izan ere, Pio XII.a Espainian errejimen
aldaketa bat izango ote zen zebilen), HOAC
organizazioa ari zen taxutzen, Italiako
ACLI-aren eredura (CGILi-en txertaturiko
langileen organizazioa, eta herri hartako
Kristau Demokraziarekin oso lotua). Pixkana-pixkana,
organizazio katoliko hura,
gerra ezagutu ez zuten gazteei oso erakargarria
gertatzen zitzaiena, Elizako hierarkiari
buruzko autonomia lortzen hasi zen,
eta langileen aldeko jarrerak hartzen, ikusi
den bezala, egoera benetan mixerablean
baitzegoen langile jendea.Mugimendu haien emaitza oso onuragarria
izan zen Espainiako langileen erreibindikazioentzat.
Baina eragin politikorik ez
zuten ia izan. Erbesteko Eusko Jaurlaritzan
elkartua zegoen oposizioaren estrategia
gainbehera zetorren: aliatuek ez zieten lagunduko.
Barnean, alderdien berrantolamenduen
garaia izan zen: Ajuriagerrak,
EAJtik, atzerriaren araberako estrategia hautsi
zuen, eta epe luzerako estrategia baten
arabera prestatu zuen barneko antolamendua.
Aldi berean, Nerbioi ibaiaren ezkerraldean,
sindikalismoaren inguruan hasiak ziren
sozialistak elkarrekin biltzen. Garaitsu
hartan agertu zen Ekin taldea, ETA organizazioaren
aurreko urratsa.
1950 ondoko aldaketa urteak
1950eko hamarraldiaren bigarren erdian
eta 1960koan funtsezko aldaketa bat gertatu
zen Euskal Herrian. Urte horietan, errejimena,
kanpoan bere posizioa finkatua zuela
1950ean nazioarteko eszenan onartu zutenean
(NBak esklusio akordioak indargabetu
zituen), eta AEBekin defentsazko hitzarmena
eta Vatikanoarekin Konkordatoa izenpetu
ondoren, bere politika modu autoritarioak
biguntzen eta zabaltzen hasi zen.
Ildo beretik, nazioarteko erakunde ekonomikoen
proposamenak onartu zituen, eta
Garapen Plan sail bat jarri zen abian, Espainiako
produkzio egiturak berriztatuko
zituena (Nafarroa eta Arabako probintzien
industrializazio sakonaren unea da; lehenagotik
ere, 1949 eta 1950ean, Gipuzkoako
makina-lanabesaren esportazioa bultzatu
zen, G eta M-1 operazioekin; aldi berean,
industriari laguntzeko plan fiskalak eta industria
eremuak sortzeko planak onetsi zituzten
Diputazioek eta hiriburuetako udalek).
Espainia, gerra hotzaren testuinguruan,
Mendebalean ari zen pixkana sartzen. Horixe
izan zen 1970eko hamarraldian errejimen
demokratiko baterantzeko trantsizio
ezinbestekoa ekarriko zuen aldaketa handia.
Urte haietan hautsi ziren kanpoko oposizioaren
eta barrukoaren arteko harremanak.
Urte haietan halaber hasi zen mamitzen
langile higikunde berri bat, Comisiones
Obreras, eta hasi ziren legezko tresnak
erabiltzen langileen erreibindikazioen borrokan.
Urte onak izan ziren ekonomian,
eta elkarrekin aritu ziren talde katolikoak
eta langile komunistak, Comisiones Obreras-en
bultzatzaileak, 1962an Bizkaiko eta
Gipuzkoako greben protagonista izan zirenak.
1970 ondoko hamarraldiko aldaketa
handiak etorri ziren ondoren, ororen gainetik
ekonomiaren garapena nahi zen garaia,
hurrengo ataletan aztertuko dena.