Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Egungo aroa

Gerra zibila eta lehen frankismoa

Euzko Gudarostea lubakietan, 1936-1939 bitarteko gerra zibilean.<br><br>

1936-1939ko gerra zibilak bi espaziotan zatitu zuen Hego Euskal Herria, Errepublikak eta Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen zuena bata, eta matxinaturiko militar eta zibilen mende geratu zena bestea. Araba eta Nafarroa bigarren alde horretan geratu ziren, eta Gipuzkoa eta Bizkaia leial jarraitu zitzaizkion Errepublikari. Hala ere, altxatuen aurrerrapen geraezinaren indarrez, urtebeterako frankisten kontrolpean zegoen euskal lurralde guztia. Hortik aurrera, berrogei urte iraungo zuen diktadura aldiari ekin zitzaion. Lehen bi hamarraldiak askatasun falta beltzenarekin eta baliabide urritasunarekin lotzen dira.

Erresistentziak ekintza sinboliko gutxi batzuk egitera mugatu behar izan zuen. Bestalde, politika eta erakunde aldetik antolatzen joan zen errejimena, eta politikari berriak sortu zituen bere horretan iraun ahal izateko.II. Errepublikarekin, Euskal Herria –Espainia bezala–, XX. mendean sartu zen, eta era horretan bere egitura politikoak Europa osoan aurreko urteetan sortu zen masa gizarte berriari egokitu zizkion –1918 inguruan, Lehen Mundu Gerraren ondoren beraz, sortu zen gizarte berri hori Europan–.

Aurreko ataletan ikusi den bezala, demokrazia parlamentarioa, gizarte erreformismoa eta estatuaren antolamendu berria, Euskal Herriaren autonomia bideratu zuena, izan ziren errepublikar errejimenaren zimenduak.

Bost urteren buruan, gerrak moztu zuen saio hori (eta modernotasun politiko eta errejimen monarkiko autoritarioaren arteko dilema, 1930-1931n azaleratu zena), izan daitekeen erarik txarrenean moztu ere: odolarekin lehenbizi, eta, gero, eredu faxistako estatu totalitario batek berez dakarren askatasun falta erabatekoarekin (garai hartan Italian eta Alemanian gertatzen zen moduan). Bazterrean geratu zen horrela, berrogei urterako, proiektu demokratiko bat, herritarraren ongi izate material eta askatasun orokorreko beharrei erantzun nahi ziena; baztertuta geratu ziren gizarte egituren, eta, jakina, egitura politikoen modernizatze programen parte handi bat. Eta banakako eta taldeko askatasun oro ezabatzen zituzten gizarte txertakuntza formak (hau da, alderdi bakarreko eta asmo totalitarioko estatua), ezarri ziren. Denboraren geldialdi bat izan zen, garai ilunak, garaileen esanetan XIX. mendearen aztarnak suz eta odolez garbitzetik jaio omen zirenak(izan ere, XIX mendea, uztailaren 18 hartan matxinatu zirenek Espainiarentzat, eta haren bihotza omen zen herri katoliko batentzat, Nafarroarentzat, liberalismo zaharkitua eta kaltegarria zen zerbaiten moduan ulertzen zuten).

 

Gerra urteak

Ustekabean sortu zen gerra (aurreko urteetako une nahasien ondoren, talde bizitza zentzuzko baten oinarriak ipini zituen Estatutuaren gaian erakunde mailako adostasunbatera iristeak, eta, euskal sozialismoaren kasuan oso garbi, errepublikar proiektuan txertatu zuen ezkerra), baina parte guztiek bultzatu zuten gatazka zibileko politika erabakior eta etengabe batek ere eragin zuen gerra hura; eta, azkenik, politika eta gizarte eskuinaren aldetik, gobernu indartsuko errejimen baten eta praktika autoritarioen aldeko apustu halaber erabakiorrak ere bultzatu zuen gerra piztea.

Euskal Herriari dagokionez, gerra garaian gauzatu zen lehen aldiz historian Euzkadi politika eta erakunde errealitate gisa. Baina Euzkadi horren ukapen biribilena ere ekarri zuen gerrak, 1937an, Bizkaia hartu zutenean, eta Bizkaia eta Gipuzkoako foru haziendak (kontzertuak) ezabatu zirenean.

Anaiarteko gerra izan zen gainera Euskal Herrian, herritarren arteko gatazka zibila, Espainiako beste leku askotan ez bezala. Eta, aldi berean, Gernika suntsitu zuen piztia militarrak erasotutako euskal aberri bateratuaren borroka gisa agertu zen mundura, eta munduko hiritar askorengana, 36ko gerra (1937ko apirilaren 26a; Gernika, nazien hegazkinek bonbardatua, ikurra handik aurrera, Picassok plastikoki irudikatua).

Nolanahi ere, sofrimendu eta basakeria izugarria izan zen, batez ere jasan zutenen oroitzapenean geratu zena. Hala,bada, alde batetik gerra mitikoa izan zen historiarentzat, idealismo zintzoenaz borrokatu baitziren herritarrak (Eric Hobsbawm historialari eta errepublikazaleak gogoratzen duen bezala, adibidez, edota G.L.

Steer kazetariak bere garaian The Tree of Guernica lanean agertu zuen bezala). Baina gerra gogorra eta zaila ere izan zen, bere errealitate gordinenean. Bi oroitzapen modu horien desberdintasunetik (baterakorra eta mitifikatua bat, anaiarteko gatazkak sorrarazten duen sofrimendu sakonarena bestea), etorri ziren gero 1970 eta 1980ko hamarraldietako trantsizioko arazo ez gutxi.

 

Altxamendua eta gerra gertaerak

Uztailaren 17an, militarrak Afrikan Errepublikaren gobernuaren aurka altxatu zirelako albisteak zabaldu ziren. 18an, gudarosteak koarteletan biltzea agindu zuten gobernari zibilek, aldi berean gobernuari leial zirautenak lasaiatzen saiatzen zirela.

Egun horretan bertan, euskal-nafar karlistek –Requeté-aren inguruan herri talde armatu handi bat antolatu zutenak– probintziako hiriburuetara abiatzea agintzen zieten beren mendekoei. Iruñean, Mola jeneralak koordinatzen zituen militarren mugimendu guztiak. Altxamenduak huts egin zuen, eta berez etorri zen gatazka. Uztailaren 19rako (igandea zen), aski argi zegoen gerraren mapa Euskal Herrian –egun horietan bi miliziano taldek Gasteiz hartzeko egin zuten alferreko saioaren ondoren batez ere–. Bilbon, gobernari zibilak, Echeverría Novoak, berehalaxe menderatu zuen egoera, agintari militarren laguntzarekin (Garellano batailoiko errebelderen bat eta eskuineko indarrak neutralizatuz). Errepublikaren Defentsa Batzordea antolatu zuen, eta, segituan, miliziano talde bat-bateko bat osatu zuten ezker sozialistek. Beste muturrean, Iruñea matxinatuena zen, eta auto sakramentalaren apoteosi bihurtu zuten hiria.

Molak hartu zuen operazio guztien zuzendaritza militarra, eta karlistek Nafarroako Gerra Karlistako Junta Zentrala osatu zuten, XIX. mendeko iragan gerren oroitzapenetan.

Gasteiz, zalantzazko gau baten ondoren, errebeldeek kontrolatu zuten koarteletatik, Alonso Vega koronelaren indarrari esker, eta karlismoaren erabateko mobilizazioaren babesarekin gero. Donostiak hamar egun eman zituen zalantzan, alde batetik Loiolako koartelak baitzeuden, matxinatuak, eta, bestetik, hiria bera, CNT eta komunisten miliziek hartua, Errepublikaren legezkotasuna babesten zutela. Azkenean, garaitu egin zituzten errebeldeak Donostian.

Hiriburuetatik probintzia eta probintziaren eraginpeko eskualdeak kontrolatzen zituzten, hala adibidez Laudio Bilbotik.Nafarroa Espainia matxinatuaren bihotza eta birikak izan zen. Handik ateratzen ziren borondatezko soldaduak Madril lehen unean setiatzera, han erabakitzen zen osteen nodik-norakoa (afrikarrena izan ezik, haiek Franco jeneralak gidatzen zituen), handik eraso zioten lehenbizi Gipuzkoari eta Bizkaiari gero. Araba Nafarroaren eraginaren mende zegoen. Altxamenduaren geografia zen hura, hantxe egingo zituen karlismoak bere proiektu politikoaren saioak, katolizismo behinola-nahiaren eta autoritarismo modernoaren artean. Bizkaia eta Bilbo izan ziren errepublikarren eta euskaltzaleen babesleku. Gipuzkoa errepublikarren esku zegoen, baina politikoki zatitua geratu zen: Donostia ezkerreko Junta baten esku gehienbat, Miguel Amilibia sozialista zela buru, Eibar sozialismo moderatuaren pean, eta Azpeitia Manuel Irujo nazionalista lehendakari zen Junta baten mende.

Denbora gutxian ordea (urriaren hasiera baino lehen), matxinatuen esku geratu zen Gipuzkoa. Operazio militarra elkarren paraleloan eraso zuten zutabe batzuk besterik ez zen izan, ia indarrez batere jarki ez zitzaion defentsa baten aurrean (kasu bakan batzuetan izan ezik, Irunen adibidez). Urriaren hasieran, Bizkaia bakarrik geratzen zen Errepublikaren aldekoen esku.

Errepublikarrak etsita geratu ziren gerrako lehen hilabeteetan euskal probintzietan gertatuarekin. Horren arrazoia EAJk lehen bi hilabeteotan izan zuen jarrera zalantzazkoan bilatu beharko litzateke, Errepublikaren aldean jarri zen arren. Abertzaleek duda egiten zuten errepublikanismo politikoaren eta sentimendu katolikoaren artean (izan ere, matxinatuen helburuaren alde egiten zuten Iruñeko eta Gasteizko gotzaineketa Vatikanoak, Gurutzada zela adieraziz, alegia, laikotasunaren kontrako erlijiozko gerra). Alabaina, Irujo abertzalea Largo Caballeroren gobernuan sartu zenean (hura izan zen larrialdiko lehen gobernu errepublikarra), irailaren 25ean, eta urriaren 1ean Euskal Estatutua onartu zenean –alderdi politiko guztien euskal gobernu bateratu baten sorrera ekarri zuena, Jose Antonio Agirre zela lehendakari–, sustraitik aldatu zen egoera. Fronteak beren hartan egon ziren 1937ko iraila arte, Albertia, Kalamua eta Intxortako mendietan izan ziren gatazkak gorabehera.

Alderdi militarretik, bi gauza ekarri zituen euskal gobernua antolatzeak: batetik, nazionalismoa erabat inplikatu zen euskal lurren defentsan, eta, bestetik, Gudarosteko gorputz erregular bat sortu zen, buruzagien prestakuntzarekin eta hainbat errekluta txandaren mobilizazioarekin. Era horretan antolatu ahal izan zen Legutioren gaineko operazioa, 1936ko azaroko 30aren gaueko erasoa. Eraso hura plangintza zabalago baten parte zen, azken helburua Miranda de Ebron zuena, Burgosen beraz.

Saio hura aldaketa estrategiko sakon bat gertatu ahal izan zen gerraren egoeran.

Baina, hegazkin eta artileriako borrokan zuten behe maila, Legutioko matxinatuen erresistentzia izugarria (beren hornigaiak jarri zituzten erasotzaileen oztopo), eta, batez ere, euskal ofizialen eskarmentu falta zirela-eta, huts egin zuen erasoak. Legutiokoaren ondoren, euskal gudarostea lurraldearen defentsa antolatzeaz arduratu zen, eraso saioak baztertuta.

Hasteko, 30 edo 40 mila gizon inguru jarri zituzten soldadu, akademia militar bat sortu zen ofizialak prestatzeko, batailoiakbrigadetan antolatu ziren gudaroste gorputz bat osatzeko (milizien arteko lotura falta gainditu nahian, baina gerraren bukaera alderaino ez zuten lortu). Industria estrategikoaren mobilizazioak (inoiz jarri ez ziren arren eraginkortasun osoa iristeko moduko bitartekoak), eta atzerrian erositako armek ekarriko zuten defentsarako materiala.

Azkenik, lerro gotortu bat eraiki zen, burdinezko hesi mitikoa, Bilboren inguruan (frantses Maginot lerroak ez zuen oraindik erakutsi zeinen ahula zen gudaroste alemanen aurrean, eta Frantziak 1918an erabili zuen defentsa estrategian sinesten zen).

Armada matxinatuaren erasoek ondo eutsiko zietela espero zuten, gerraren hasieratik Madrilen gertatzen zen bezala.

Molak, bere aldetik, 100 bat mila gizoneko gudaroste bat bildu zuen; Nafarroako Brigadak ziren eliteko indarrak (armada alemanari esker, ongi hornitu, armatu eta prestatuak zeuden, parterik handiena borondatezko karlistek osatzen zutela), Bizkaiko hego eta ekialdean. Madril hartzeko ezintasuna zela eta, Estatu Nagusi matxinatuak iparraldeari eraso egitea erabaki zuen, euskal industriaren balio estrategikoa eta borroka fronteetako bat garaitzeak ekarriko zuen animo ondorioa kontuan hartuta.

1937ko martxoaren 31ko gauean hasi ziren operazioak Bizkaiko frontean. Molaren taktika, lekuaren zailtasunak zirela-eta, gudarostea osoa eraso beharreko frontean biltzea izan zen, frontea artileria eta hegazkinez bonbardatu, ondoren infanteriarekin asaltoz hartzeko, arerioen atzealdeko lerroak hegazkinek suntsitzen zituzten artean.

Defentsazko taktikak are primarioagoa beharzuen izan, ez baitzegoen ez material astunik ez hegazkinik Nafarroako Brigaden erasoari kontra egiteko (eta horrek arazo asko sortu zituen Bilboko gobernuaren eta Errepublikakoaren artean, Bilbokoak hegazkinak bidaltzea eskatzen baitzuen, eta Errepublikakoak ezin zituen bidali). Erasoari eustea izan zen helburua. Eta hala ere, izugarria izan zen defentsa. Ekainaren 11n ordea hautsi egin zuten burdinazko hesia Aretxabalagañen (Artileriako 140 pieza, 100 hegazkin eta 30 batailoirekin; garai hartan ikaragarrizko indarrak ziren), eta 19an sartu ziren Bilbon oste matxinatuak. Ebakuazio eszenak aurreneko egunetan (lehorretik eta itsasotik, hala adibidez Habana itsasontzian ateratako lau mila haurrak, euskal diasporaren parte baten jatorria), eta leku mitikoen sail oso bat, gerrako jazoeren gertaleku, 1937ko apirilaren 1aren eta ekainaren 19aren artean: Intxorta, Kanpantzar, Kalamua, Sollube, Bizkargi, Peña Lemona, Pagasarri, matxinatuen aurrerabidearen mugarri izan ziren mendi tontorrak. Eta, batez ere, Gernika. Apirilaren 26an, balio militarra oso dudatan jartzekoa zuen operazio batean –baliorik batere ez zuela ez esateagatik–, baina ondorio psikologikoak berriz oso agerikoak, hegazkinek herritarrak bonbardatu zituzten, zibilak, eta baita ingurukoak ere, azoka eguna baitzen; jendea ehundaka hil zen. Era horretan estreinatu zen Bigarren Mundu Gerran asko erabili zen sistema bat: hirien bonbardatzea.

Helburu militar zehatzik gabe, etsaiari kalte moral ahalik eta handiena egitea bilatzen zen, kontuan izan gabe giza duintasunari egindako eraso izugarria, eta horrek berekin dakarren bizitzeko eskubidearen ukatzea.

Bilbo hartuta bukatu zen gerra euskal lurretan, armadako gudarosteek, erretiratzerakoan, borrokan jarraitu zuten arren –gogoz kontra ordea–, Santoñako zakuan behin betiko errenditu ziren arte (Kantabria, abuztuaren 26an). Errepublikar zenbaitentzat traiziozko ekintza izan zen hura, alegia, matxinatuekin batera zetozen italiar osteen aurrean aparte errenditzea; abertzaleentzat berriz beregaintasun adierazpena izan zen, posizio militarra eutsiezina zela uste baitzuten, eta galdua zutela borrokaren helburua: Euzkadiko lurrak. Nolanahi dela ere, hantxe bukatu zen gerra euskaldun askorentzat, hiri zibiletan bizi zirenentzat edo preso hartutakoentzat. Beste askok nolanahi ere borrokan jarraitu zuten, alde batean zein bestean, 1939an gerra erabat amaitu zen arte.

 

Estatu euskaldun eta demokratikoa

Gerra giro hartan onartu zen Euskal Estatutua (1936ko urriaren 1ean). Eta Jose Antonio Agirrek, urriaren 7an lehendakari hautatuta, historiako lehen euskal gobernua osatu zuen. Era horretan hasi zen gorpuzten euskaldunen aberri-arekin, Euzkadirekin, identifikatzen zen asmo politiko bat.

Nazionalismoarentzat proiektu bat besterik ez zen hura, eta alderdi demokratikoentzat ia amore ematea baizik ez zena, errealitate ukigai sendo bihurtu zen bere mendeko lurraldean indarrean egon zen gerrako urte luzean (1936ko urriaren 7tik 1937ko ekainaren 19a arte). Gero erbestetik jarraituko zuen gobernuak lanean.

Gobernua lau abertzalek (Agirre barne), hiru sozialistak eta gobernuaren aldeko alderdi bakoitzeko batek (ANV-EAE, Izquierda Republicana, Unión Republicana eta Alderdi Komunista) osatzen zuten. Gobernu hark, abertzaleak nagusi zirela, eta gerra egoeran, euskal estatu ia independente bat jarri zuen abian. Armada eta polizia (ertzantza) sortu zituen, dirua jo zuen, bere esku izan zituen atzerriko harremanak, administrazioa eta epaitegiak berrantolatu zituen, unibertsitatea eraiki, esku hartu zuen finantzetan eta industria estrategikoan, eta hornidura antolatu zuen; hornigaiena ez zen gauza kaxkarra izan, kontuan izanda 100.000 lagun bazirela beren etxeetatik alde eginak 600.000 biztanleren ondoan, eta blokeoa zegoela itsasotik eta lehorretik.

Gobernu haren ezaugarri nabarmenena, agian, eta abuztuko eta iraileko Junten aldia gaindituta, zuzenbidezko estatu bat eraikitzeko asmo sendoa izan zen, ahalik eta normalduena, gerrako baldintzak kontuan hartuta. Bere eskupeko lurraldean, Errepublikak menderatzen zituen lurretan ez bezala, ez zen prozesu iraultzailerik batere abiatu: ez ziren bankuak edo enpresa handiak kolektibizatu, gerratik zetozen lege prozesuak normaltzeko ahalegina egin zen, udalak eta diputazioak berrantolatu ziren –ez alderdien juntak–, administrazio bideak moldatu ziren gai publikoak bideratzeko, etab., eta errespetatu egin zen gurtza katolikoa, beste lekuetan, errebeldeena zelakoan, esetsi egin zena.

Estatu sistema zinezko bat antolatu zen beraz, zuzenbidezko estatu baten formei zegokiena, eta, ahal izan zen neurrian, errejimen parlamentariokoa, kontzentrazioko gabinete batekin, larritasun egoera zela eta.

Agian, kudeatze egoki hark ondoko belaunaldiei igorri zien irudi mitikoak –bere gobernuaren inguruan bildutako herri baten irudia, euskaldun herriaren borrokaren irudia (euskaldun guztiena), kanpokoen erasoen aurrean–, ez zuen ikusten utzi nola lurralde hartan bertan beste parte bat, Euskal Herrikoa hura ere, arerioaren aldean zebilen borrokan, guztiz bestelakoak ziren ideien alde (praktikan behintzat). Ez zuen ulertzen utzi gerra zibila izan zela benetan, herrikideak zirela bi aldeetako lubakietan, eta adiskidetu beharra izango zuela etorkizunean (alde batera utzita gerra hark sorrarazi zuen makurkeria politikoaren kondena).

Agian oraindik ere ez dira oso-osorik adostu gerraren oroitzapen mitikoa eta benetako memoria.

 

Probintzia espainol frankistak

Izan ere, Nafarroatik eta Arabatik abiatuta, nafarrak eta arabarrak, baina baita gipuzkoarrak eta bizkaitarrak ere, frontearen bestaldean defenditzen ziren ideiez oso bestelako zerbaiten alde ari ziren borrokan.

Haietako batzuk herriko jendea ziren, Errepublika bere-berea zuen munduari etengabe erasotzen zion gauza bat balitz bezala ulertu zuena, erlijioari erasotzen zion zerbait balitz bezala alegia. Erdi mailako jendea ere bazen, eta eskuin liberaletik edota tradizionalismotik Europan indartsu zebiltzan ideia autoritarioen aldera egindako profesionalak ere bai. Eta haien artekoa zen halaber interesen sindikatua, finantza eta enpresa mundua, gustura ikusten zituena Italia faxistan edota Alemania nazian onarturiko nazionalismo ekonomikoko irtenbideak, eta langileen mugimenduaren desagertarazteko saioak.

Gerrako egun haietan, Nafarroan ere modu autonomoan funtzionatu zuen lurralde erakunde bat antolatu zen: Nafarroako Gerra Karlistako Junta Zentrala. Tradizio forala, XIX. mendeko gerren oroitzapenak –izan ere, haietan beti sortu izan ziren probintziajunta haiek–, eta autoritarismo berria, denak batera elkartzen ziren Juntan.

Hura arduratu zen soldaduak erreklutatzeaz eta Nafarroako zuzendaritza politikoa antolatzeaz.

Haren eskuetan egon zen ekonomiaren antolamendua eta haziendaren zuzendaritza (Diputazioarekin batera). Junta Zentrala arduratu zen, estatuko ohiko erakundeen eginkizunak bereturik (alderdi nazia, NSDAP, aleman estatuarekin nahasten zen bezalaxe), udalak eta gerra aurreko administrazioa berrantolatzeaz, kargu publiko edo funtzionario errepublikazaleak baztertu ondoren.

Arabak, diskrezioz, matxinatuen eskupeko beste probintzia baten moduan funtzionatu zuen, harik eta 1937 eta 1938an foru totalitarismo moduko bat ezartzeko ahaleginak egin ziren arte, Eladio Esparza nafar kazetariaren eta José María Elizagárate arabar politikariaren zuzendaritzapean (mobilizazio handiko alderdi bakarra, estatu-alderdi nahasketa, ideologia foral-katolikoa, etab.).

Azkenean, antolamendu ahalmen oro muturreko aginpideari eskaintzen ziotenek gobernatu zuten euskal lurren parte hura.

Gizarte antolamendu totalitarioa defenditzen zutenek. Gobernu ideia hark berez zekarren ondorio izan ziren –ez salbuespen, ez gerrako gorroto– ikaragarrizko hilketak, kartzelaratzeak, erbesteratzeak, lanpostutik baztertzeak, eta, oro har, disidentzia ororen zapalkuntza, nahiz eta, sarritan gertatu bezala, disidentzia susmo hutsa izan (3.000 heriotza ia, arrazoi politikoengatik, Nafarroan bakarrik, epaiketa gabe gehienetan, gerra urteetan). Urte ilunak deitu dudanaren hasiera izan zen hura guztia.

 

Urte ilunak

Ba al dago esaterik Espainiak eta Euskal Herriak mende erdi bat galdu zutela iraganeko formetan murgilduta? Baietza erabatekorik behintzat ezin da eman: Ardatzeko herrien erortzeak 1945ean eta gerra hotzak (ondorio gisa, Espainiak mendebaleko sistemako alderdi batzuk bereganatzea ekarri zutenak), eta gizarte zibilaren ekimenak berak (frankismoak hasieran eten bai, baina erabat suntsitu ez zuena), urte haiek osorik ez galtzea eragin zuten. Alabaina, bizitza publikoaren aldetik alferrik galdu ziren urte haiek, eta orobat gizarte ohituren eta kulturaren ikuspuntutik ere. Askatasunaren ikuspuntutik galdu ziren, eta banakako eta taldeko ikuspuntuen aldetik. Egia da halaber, hurrengo ataletan ikusiko den bezala, gizarte zibil berritu eta sendotu bat sortu zela errejimen berriak bete gabe utzitako tarteetatik, 1970eko hamarraldiko trantsizioaren protagonista izango zena.

Era berean, ezin esan daiteke politikaren egoera hori atzera jotzearen ondorioa zenik, alegia, XIX. mendeko agintaritza formen berreskuratzearen ondorioa, esan izan den bezala. Joana zen XIX. mendea, erremediorik gabe joana, eta mendearekin batera Errestaurazioa ere desagertu zen. Modernotasunaren beraren forma patologiko bat izan zen, beste ezer baino gehiago, estatu berria; XX. mendeko erronka berriei erantzunak eman nahiz, humanismoaren eta aurreramenduaren balioak baztertu zituen sistema zen (gerra arteko Europako joera intelektual indartsu baten ildotik: Sorel, Spengler, D’Annunzio, Jünger, Heidegger,Eliot edo Pound, euskal inteligentsia baten oso gustukoak bestalde), gizartearen bizitza soziala nazionalismoaren mitoetatik (nazionalismo katoliko eta espainolaren mitoetatik), eta askatasun faltaren eta autoritarismo karismatikoaren hastapenetatik antolatzeko gero.

Hitler eta Mussoliniren garaietatik bizirik zirauen pertsonaia zen Franco, eta gizarte txertakuntzaren eredu faxista –zentzu zabalean– beretu zuen haren errejimenak.

II. Mundu Gerrekin ez zen galdu (nolabait ere etorri egingo zitzaion neutraltasun bati esker), eta horrexegatik, eta halako erreforma zentzu praktiko batengatik, 1970 ondoko hamarraldiraino iraun zuen (beti ere, funtsean, autoritario jarraituko zuen arren).

 

Errejimen berriaren sendotzea

Gerra irabazteak, disidentzia adierazpide guztien zapalkuntza gogorrak, eta gizartearen parte ez txiki batek emandako babesak –erdi mailako klase katoliko batek, goi mailako burgesia industrialak eta negoziokoak, eta errepublikaren oso kontrakoa zen herriaren parte batek altxamenduaren alde egin zuen lurralde batean–, erabatekoa egin zuten frankismoaren garaipena urte haietan (eta hori, ikusiko den bezala, Euskal Herrikoa izanik Espainiako oposizio egituratuena, aldi berean gizartearen babesa ere beste lekuetan baino sendoagoa zuela). Garaipen are osoagoa gertatu zen, nazioarteko ordena berri bat ekarri zuten Yaltako akordioek, herri nagusiek statu quo-a onartzen zutela adierazten zutenak, izenpetu ondoren (1945), errejimenak oraindik ere bere horretan jarraitu zuenean.

Estilo totalitarioko estatu baten antolamenduan oinarritu zen errejimenaren sendotzea (gizartearen eta politikaren aldetik horrek zekartzan ondorio guztiekin), eta orobat politika ekonomiko nabarmen nazionalista eta interbentzionista batean, Primo de Riverak abian jarritako tradizioari jarraituz eta italiar ekonomia autarkikoaren arabera. Estatuaren antolamenduaren ideiari dagokionez, espainiar nazionalismo tradizionalista batean zetzan; horixe zen ideologia ofizial berriaren oinarria eta funtsa.

Espainiako lurraldeen arteko desberdintasun ororen erabateko ukatzea zekarren ideologia horrek (eta hor, jakina, Euskal Herria zegoen, eta Euskal Herriaren estatus autonomikoaren kontra egin zuten borroka: Rojo-separatismo-aren kontra, esaten zen). Hala ere, eman zitzaion lekurik foruen ideiari Borbondarren ideia atzerriratzaile-tik baino Austriarren Espainiatik gertuago zegoen Espainiaren ideia tradizional batetik. Foruek administrazio eta ekonomia ahalmen nabarmenak eman zizkien Nafarroako eta Arabako lurraldeei (Konbenioa eta Kontzertua indarrean zeudelako, eta foru legeak zerbait garatu zirelako). Gipuzkoaeta Bizkaia, ordea, zigortu egin zituzten, ikusi den bezala –bertako frankista batzuen protestak gorabehera–, proiektu demokratiko eta autonomiazale baten euskarri izan zirelako (euskal gobernuak, osatu zenean, Bizkaia besterik ez zuen kontrolatu).

Bi probintziei kendu zizkieten Kontzertuak, eta etenda utzi zizkieten foru lege eta erakundeak.

 

Autarkia eta interes ekonomikoak

1937an, hau da, Eusko Jaurlaritzaren gerrako ahalegin betean, 195 mila tonaraino jaitsi bazen ere Bizkaiko Labe Garaien burdin mearen kontsumoa (1933an, krisi urte batean, 329 mila tona izan ziren), 1938an, ordurako Bilbo matxinatuen esku zegoela, 461 milara igo zen produkzioa.

%136ko hazkundea; gauza ikusgarria beraz.

Zementuaren kontsumoa 37 tonatik 109 milara igaro zen aldi berean: %195ko hazkundea.

Finantza munduari dagokionez, Madrilgo Burtsan 1936 eta 1944 artean errenta aldagarriaren kontratazioa bosten batean jaisten zen bitartean –eta erdira Bartzelonan–, Bilbon lehen halako sei bilakatu zen (eta lehen halako hogeita hamar errenta finkoa). 1935eko ia 24 milioietatik, 1948ko ia 143ra igo ziren Bilboko bankuen irabaziak. Diruaren hiriburua zen matxinatuen Bilbo hura.

Produkzioaren hazkundea eta finantza jardunena, Bilbon batez ere, baina baita Gipuzkoako metalurgian ere, izugarria izan zen. Gauza bera gertatzen zen enpresa handien eta bankuen irabazien tasarekin ere, Bilbon eta Bizkaian batez ere. Era horretan, bizkaitar familia handiak, Chabarri, Gandarias, Urquijo, Ybarra, Ampuerotarrak eta abar, oso estu lotu zitzaizkion errejimen berriari –beste enpresa talde batzuk baino askoz gehiago, katalanak baino gehiago adibidez–, harekin guztiz sendotua ikusten baitzuten beren posizioa.Nazionalismo ekonomikoko politika gogor batean oinarritu zen gerra ondoko ekonomiaren zabalkunde bizkor hura. Autarkiaren garaia izan zen; izan ere, errejimenaren buruzagiek nazioaren kudeaketa ekonomikoaren eredutzat bultzatu baitzuten autarkia. Italian indarrean zegoen eredua zen, eta hartatik hartu ziren printzipioak, erakundeak, eta baita legedia eta araudia bera ere; nolanahi ere, neurri batean, errejimena bakartuta zegoelarik, nazioarteko egoerak berez ekarri zuen autarkia. Barneko merkatuaren monpolioan oinarritzen zen politika hura (izan ere, dinamikoagoa zen urte haietan barne merkatua atzerrikoa baino, gerra ondoko berreraikuntza lanei esker, siderurgiako eta eraikuntzako ekai askoren beharra baitzegoen, eta, diru inbertsio handiak behar zirenez, egokiak ziren euskal bankuak), inportazioen ordezkatzean (eta horregatik garatu ahal izan ziren metalurgia, Gipuzkoan bereziki, ongarri nitrogenodunen fabriken sorrera, edota merkataritzako itsasontzi sail baten eraikuntza eta ontziolen jarduna), estatuaren esku hartzean (legezko arautegiaren bidez zuzenean, hala adibidez 1939 eta 1940ko industria legeak, Industriako Nazio Institutuko holding-aren sorreraren bidez, Italiako Instituto per la Riconstruzione Industriale-ren irudira, edota sail bakoitzeko sindikatuaren bitarteko esku hartzearen bidez), eta, azkenik, nekazaritzako kapitalen kopuru handiak (merkatu beltz-eko prezioen gehiegikeriak ekarriak) industriara eta finantza sektoreetara igaro izanean (horixe izan zen 1950-1960 urteetan Espainiako hainbat lekutan, Araban eta Nafarroan adibidez, gertatu zen bigarren industrializazioaren giltzarria).

Horrek guztiak esportazioen bat-bateko beherakada orekatu zuen; izan ere, Alemania naziak eragindako lehen goraldi baten ondoren, lur jota geratu ziren esportazioak, hainbeste non 1945ean nazioko produkzio siderurgikoaren %4 bat bakarrik saltzen baitzen kanpoan.Euskal industriak oro har, eta, batez ere, Bilboko industria eta finantzek, baldintza ezin hobeak zituzten egoera ekonomiko hartaz baliatzeko. Euskal nazionalismoaren erabakiz, 1936ko irailean eta 1937an matxinatuen esku erori zen iparraldeko industria estrategikoak, ia oso-osorik gorde zuen bere kapital organikoa (gobernu errepublikarraren aginduari men egin gabe beraz, haren aginduz etsaien eskuetara joango zen industria estrategikoaren produkzio ahalmena suntsitu beharra baitzegoen). Labe garaiak 1937an bertan jarri ahal izan ziren abian. Ontziolak, industria kimikoa eta leherkariena, industria metalurgikoa eta burdinbide ekaiena, berehala prestatu ziren gerra ondorengo berreraikuntza lanetan hasteko (hasieratik geratu ziren orduantxe sortutako Comisiones Militares de Incorporación y Movilización-en mende, hau da, errejimen militar baten pean). Beste horrenbeste gertatu zen euskal finantzen sare indartsuarekin: Bilboko Bankuak, Bizkaiko Bankuak, etab., eta beren Aurrezki Kutxek, laster berreskuratu zituzten errepublikar gobernuak bahituriko ondasunak. Bestalde, Arabako Kutxa eta Nafarroako Kreditua lehendik ari ziren horretan.

Langileriari dagokionez, oso lanordu zehatzak jarri ziren, eta ordutegi gero eta luzeagoa, soldatak askotan aldatu ez baziren ere (eta, jakina, protesta ahalmenik ere ez zegoen). Lehengaien horniduraren zenbait etenek eta energia elektrikoaren murrizpen batzuek mugatu zuten industria horrek hazteko zuen ahalmena.

Bizkaiko Labe Garaien oparoaldia izan zen hura (Saguntoko Siderurgia Mediterránea-ren kontrola eskuratu zuen 1940an), eta halaber Firestone, Babcock-Wilcox, Sefanitro (ongarrien produkzioa kontrolatzen zuena), Iberduero (Hidroélectrica 1944an beste enpresa batzuekin elkartu zenean sortua, eta Espainiako produkzio elektrikoaren parte handi bat bere esku zuena), eta Bilbo eta Bizkaiko Bankuena. Oso harreman onak zituzten enpresa haiek; hala, 1946an Madrilgo AEBetako merkataritzako agregatua joan zitzaien bisita egitera, gerra ondoko kapital soberakinak industria horretan inbertitzeko interesatuak baitzeuden AEBak, eta 1947an –enbaxadoreak 1946an erretiratu ondoren–, AEBetako negozio arduraduna, Mr Culberston. Bisitaldi haiek argi adierazten zuten laster hasiko zitzaizkiela AE- Bak, gerra hotzaren testuinguruan, Francoren errejimenari hurbiltzen. Eta bidea zabaltzen zioten nazioarteko kapitalari, interesatua baitzegoen hura merkatuak lurralde berrietara zabaltzen, eta inbertsio eta produkzio ardatz berriak aurkitzen, lanaren nazioarteko zatiketa berriaren arabera.

Abrako Itsas Klubeko bazkari handien garaia izan zen, Franco jeneralak bilbotarenpresa gizonez inguratua bazkaltzen zuenean.

Baina, aldi berean, garai hartantxe egin zuen produkzioak zerbait behera, “langilearen ahultzea zela eta, elikagaien eskasiagatik”, patroien gordeko txostenek ziotenez.

Gose eta inflazio garaia zen; 1936 eta 1946 artean, prezioen indize klandestinoa hamar aldiz biderkatu zen, eta hogei aldiz ogiarena, soldatak %19 bakarrik igotzen ziren artean.

Era horretan, erosteko ahalmena ia hamarren batean jaitsi zen. Arrazionamendu eta gose garaia zen, oinarri-oinarrizko gauzak falta baitziren, ogia, ikatza, haragia edota arraina.

Gerrak txikituta utzi zuen euskal gizartea.

Jendeak oldeka aldatu behar izan zuen bizilekuz (ehun bat mila gipuzkoar Bizkaira 1936 eta 1937 artean, eta ehun eta berrogeita hamar mila erbesteratu Frantziara aldi berean). Erbesteratuez gainera presoak kontatu behar dira (pixkana-pixkana etxera itzuliko zirenak, oso baldintza txarretan ordea), hilketa sumarioak eta gerrako bajak.

Gerra garaian hasitako hornigai arazoek are zailago egin zuten gerra ondoren herrialde aliatuek eragindako blokeoari aurrera egitea. Horrekin guztiarekin, eta kontuan izanda etxebizitzen baldintza higieniko izugarri txarrak, etxebizitzen pilaketak, hirien inguruan sortu ziren txabolak, lehen mailako elikagaien eskasia (tuberkulosi, tifus eta disenteria berriz zabaltzea eragin zuena), gora egin zuen hilkortasun tasak. Aldi berean, gerra zela-eta, behera egin zuten ezkontza eta jaiotza tasek. Gerra izanagatik ere galdu ez zen industria haren erakargarritasunak ordea, demografiak zertxobait gora egitea ekarri zuen 1940 ondoko hamarraldiaren bukaeran, oraindik ere mixerableagoziren Espainiako nekazari lurretatik heldutako etorkinekin.

Estraperlo eta kontrabando urteak izan ziren haiek; batzuentzat bizibidea atzeratzeko moduak ziren, beste askorentzat berriz, batez ere administrazioko goi karguentzat, eta haiek erosteko moduko harremanak zituzen zenbaitentzat, aberastasun iturri oparoak. Egin ziren urte haietan eskasia arautzeko ahaleginak, arrazionamendu txartelen bitartez (beste ustelkeria mota baten jatorri izan ziren); baina merkatuaren lege errukigabeak eta goseak merkatu beltza ekarri zuten, inflazio prozesu eskandaluzkoak eta miseria oraindik handiagoa (miseria materiala eta morala) eragin zituena.

Poz eta oparotasunezko garaiak batzuentzat, gose eta miseriazkoak gehienentzat.

 

Estatu berria

Espainiar estatu totalitarioa lau zutaberen gainean zegoen antolatua: 1) naziek Gleichschaltung deitzen zutena (gizarte berdintasunerako erakundeak), pertsona oro estatuaren engranaian txertatzen zuena; 2) estatuko erakundeen antolamendu korporatiboa; 3) nazioa estatuaren funtzioaren eta haren helburuekin bat egiten zuen estatu ideologia, mito nazional baten gisara (eta, horrek berez zekarren ondorio gisa, bizitza sozialetik disidente oro baztertzea, elementu antinazional izateagatik); eta, 4), aurreko guztia herriari ulertarazteko, modu arrandiatsuz adierazteko, mundu sinboliko eta errituzko baten sortzea. Hori guztia, herriz herri, parrokiaz parrokia gauzatzeko, alderdi bakarra zegoen (Falange Española Tradicionalista y de las JONS, FET, karlismoaren eta Falangearen elkartzetik sortua, Dekretu-Legez, 1937an (liskarrak izan bazituzten ere, besteak beste, Begoñan arazo larriak sorrarazi zituztenak, lehergailu eta zaurituekin, 1942an), eta historian patu jakina izango zuen gizatalde nazional bat sortzeko ideia (eta, hortan, funtsezko papera jokatu behar zuten, eta jokatu zuten, elizak eta gudarosteak).

Hori guztia gerra bukatu eta berehala hasi zen taxutzen Euskal Herrian. Gerran bertan, 1938 ezkero, eta, legez, 1939tik aurrera, aisialdiko elkarte guztiak (hala adibidez, Vitoriana de Espectáculos, SA, Iruñeko Orfeoia, eta Euskal Herriko beste batzuk), gerora Obra Sindical de Asociación y Descanso izango zenean txertatu ziren, italiar Dopolavoro-ren ereduari jarraituz.

Elkarte horren bitartez antolatu ziren langileen kirol jardun guztiak (futbola, gimnasia, etab.), eta aisialdikoak (irtenaldiak, udako oporrak, etab.), gizon produzitzailearen era guztietako jardunak gobernuak bultzatutako organizazioetan txertatzea baitzen helburu nagusia.

Jardun hori, eta ondorengoak, Lanaren Foruak inspiratu eta arautu zituen (Carta del Lavoro-ren espainiar bertsioa, 1938ko martxoan onartua); “Magna Carta” nazional sindikalista baten moduko proposamena zen, kapitalismo liberal eta materialismo marxista zeritzanaren artean bitarteko bidea ezarri nahi zuena, gizarte katolizismoaren osagaiak erantsita, Espainian, eta Euskal Herrian, sustrai sakonak baitzituen katolizismoak. Azken finean, produkzioaren mundu osoa estatuak kontrolaturiko antolamendu batean txertatzea zen lehen xedea, helburu nazional bat gauzatuko zuen klaseen arteko harmoniaren filosofiaren arabera. Bestalde, aurrekoari erantsita, baziren gizarte babeseko proposamenak (soldata minimoa, eritasun laguntza, jubilazio pentsioak) eta adiskidetzekoak ere (lan magistraturak), garrantzi handikoak izango zirenak hurrengo urteetan.

Biztanleria oso-osorik egituratzeko proiektu hura, Organizazio eta Ekintza Sindikaleko Ministeriotik egin nahi izan zen hasieran. Baina laster antolatu ziren “zerbitzu sindikalak”, probintzia bakoitzean, CESO sindikatu katolikoaren hondakinak eta helburu horretxekin karlistek (ONC) eta falangistek (CONS) bultzatzen aritu ziren zerbitzuak bildu ondoren (lehen biak batez ere, Euskal Herrian oso sartuak). Hori dena FETaren Probintziako Ordezkariaren zaintza arretatsuaren pean egin zen (laster elkartuko zitzaion ordezkari kargu hori Gobernari Zibilarenari), eta apirilean dekretuz sorturiko organizazio sindikal handi baten barruan (Central Nacional Sindicalista, CNS). Hartan sartu ziren, langile guztiez gainera (ezabatu egin ziren langile sindikatuak), patroien organizazioak (Produktoreen Liga Bizkaitarrak eta Liga Gipuzkoarrak,nekez, baina iraun egin zuten), Merkataritza Ganbarak eta Nekazaritzakoak, profesionalen elkarteak, eta beste ekonomia eta aisialdiko erakundeak ere.

Urte askoan, eta Obra Sindical erakundearen bidez, CNSk esku hartu zuen etxebizitza kopuru handi baten eraikuntzan, hirietan nahiz herri txikietan, eta orobat Eritasunaren Aseguru Nahitaezkoaren administrazioan (1942ko Legea) eta beste eratako mutualitate eta aseguru etxeetan, irakaskuntzan oro har eta lanbide eskolen sorreran (bat baino gehiago sortu zen Euskal Herrian), nekazaritza, industria eta kontsumoko kooperatiben sorkuntzan, aisialdiaren antolamenduan kirolen eta bestelakoen bitartez, ongarrien banaketan, ureztatzeetan eta labore sailen kontzentrazioan, eta, oro har, probintziako ekonomia jardun osoan, Consejo Económico Sindical-aren bidez.

Antzeko eginkizuna zuten (biztanleria egituratu eta, lanaren munduko eguneroko bizitzaren alderdi guztietan, ekimen pribatuaren ordezkari izan) Sección Femenina-k emakumeen artean (“Escuelas de Hogar” deitu zituztenak sortuz, eta kantu eta dantzako taldeekin), eta Frente de Juventudesek belaunaldi gazteenei zegokienez (Gazteen Etxeak herri eta hirietan, eta, batez ere, udako kanpalekuak).

Ez zen gizarte jardunik (batzuetan, ezta pribaturik ere), estatutik aparte egin zitekeenik.

Nazioko kide guztien gizarteratzea zaindu behar zuen estatuak, bere organizazio sarearen bidez.

Estatuak, bestalde, FET alderdi bakarrari atxikitako ordezkaritza eta azpiordezkaritza sare zabal bat zuen oinarrian; alderdia, batetik, nahasi egiten zen administrazioarekin, eta, bestetik, administrazioaren zerbitzari izateko zen. FET-aren halako burokratizazioa zela-eta, Serrano Suñer gobernutik baztertu ondoren, parlamentu korporatibo berri bat eraiki zen, Estatuko Gorte Orokorrak,1942an (1943an bildu zen lehen aldiz).

Egitura korporatibo hori (hartara bidaltzen zituzten beren ordezkariak FET-ek, organizazio sindikalak, hiri nagusietako udalek, unibertsitateek, organizazio ekonomiko eta profesionalek, etab.), 1966an berritu zen, Tercios-en sorrerarekin (udal, sindikatu eta familiarenak), ikusmolde korporatibo berari jarraituz, eta itxurazko ordezkaritza printzipio baten arabera, batzordekideak batzordeak berak aukeratzen baitzituen, eta erabakiak gobernuan hartzen ziren, ezin zelarik Gorte haietan apelaziorik egin. Printzipio hori, nolanahi ere, nazioaren ikusmolde antiliberal batean zegoen oinarritua, nazioa gorputzez osatua ikusten baitzen, ez gizabanakoz, bere borondate historiko eta patu bereziarekin gainera (batez ere Víctor Pradera euskaldunak sakondu zuen ideia).

Estatu hark, izan ere, ideologia ofizial bat zuen: nacional-catolicismo zeritzan, eta katolizismoan jartzen zuen espainiar nazioaren funtsa, halako eran non ideologia horretatik atera behar baitzituen –eta ateratzen zituen– bere kultura, ohiturak, legedia, pentsamoldea eta historian zuen eginbeharra.

Teodizea moduko bat, herriaren ikusmolde teokratikoa. Elizak lagundu zuen, neurri batean, gauzen ikusmolde hori zabaltzen; Euskal Herriko Eliza, ordea, oso azkar hasi zen katolizismo nazionalaren irakurketa ortodoxotik aldentzen (1939an Eugenio Beitia eliz barrutiko bikario nagusi izendatu zutenetik jada, eta 1943tik aurrera gotzaindegiko buru zen Carmelo Ballester gotzainarekin batez ere), jarrera espiritualagoen aldera hasieran, eta jarrera kritikoagoetarantz hurrengo urteetan.

Hura izan zen luzaroan dotrina ofiziala, nolanahi ere; lehen irakaskuntzatik bertatik hasten zen dotrinaren zabalkundea, eskolako lehen orduan soldaduak bezala lerrotan jarri beharra zegoenean, banderajaso, ondoren errezatu, eta nazio himnoak kantatu eskolak berak hasi aurretik.

Ideia hori sendotzera, Euskal Herriko Andre Mari eta zaindari ezagunenen koroatze sail bat etorri zen, sekulako jendetzak bildu zituztenak (1937ko abuztuaren 15ean jadanik, Begoñako Andre Mariaren irain ordearen eguna ospatu zen, aita santuaren nuntzioa, Antoniutti jauna, bertan zela).

1941eko irailean Estibalizko Andre Maria izendatu zuten Arabako zaindari. 1943an estatuko buruzagi gorena (Franco jenerala) joan zen Arantzazuko Amari bere egunean ohore egitera. Eta 1952ko irailean, ospe handiz eta jendetza ikaragarriak bilduz, Uxueko Andre Mariaren koroatzea antolatu zuen Nafarroako Diputazioak.

Corpus Christiko prozesioak, Jesusen Bihotzekoak, edo Ostiral Santukoak, aberriaren goreste egun handi gisa antolatuak.

1941eko javierada (nafar gazteen erromesaldia Xabierrera, hura baitzen Nafarroako zaindari Xabierko Frantziskoren sorterria), 36ko gerrako gurutzadaren jarraipen moduan antolatua, kanpainako mezak kalean, Gurutze Bide jendetsuak (hala adibidez Bilbon 1940an egina), Jesusen Bihotzaren imajinak ipintzea, Eukaristia Batzarrak (Araban 1942an, eta 1944an Bizkaian), Misio publikoak eta jendetsuak, misio barrokoak gogorarazten zituztenak; halako erlijio eta aberri irrika batean biziarazten zuen horrek denak garai hartako jendea.

Sistema hartan, Dahrendorfen hitzak erabiliz, estatuaren kontrol eta araupean zegoen “herritarren” bizitzako egite eta hitz bakoitza. Estatu hark izpiritu katolikoak piztutako nazioaren pertsonifikazio gisa ikusten zuen bere burua, eta hori dena Caudillo-aren irudian gauzatzen zen, hura baitzen nazioaren buruzagi eta estatuaren esentzia. Ideia horiek ageri dira 1945ean onartutako Espainolen Foruan, eta orobat 1947ko uztailean, aldeko %92 botorekin, plebiszitoz onartu zen Ondoretza Legean.

FET-eko Probintzien Ordezkaritza Nazionalak plebiszitoaren gaiarekin galdeketa bat egin zuenean, Nafarroa eta Arabako probintziak “dudazkoak” suertatu ziren baiezko botoa %50 ingurukoa izan zelako, eta “etsaiak” Bizkaia eta Gipuzkoa, kopuru hori %40 bat izanik; ohore hori Espainiako beste lau probintziak besterik ez zuten, eta “dudazkoak” ziren haiek. Gainerako probintziak “atxikiak” ziren –aldeko botoen %50 baino gehiago–, Madril eta Bartzelona horien artean. Agerikoa gertatzen da hor nolako presioa eta esku hartzea jasan behar zituen herriak.

Era horretan antolaturiko egituraren gainean zegoen eraikia aginpide sistema. Finantzen eta industriaren Euskal Herrian, diruaren elitearen esku zeuden probintziako karguak eta hiri handietako udalak. Estatukoegituraren goren mailak ere iritsi zituzten Careaga, Ybarra, Lequerica, Oriol, Areilza, Rodezno eta beste familia handi batzuek, idazkariordetzetatik hasita ministerio eta enbaxadetaraino, eta era horretan tratu bereziki onuragarria lortu zuten errejimenaren aldetik. Beheko mailetan (sindikatuen ordezkaritzetan, Movimiento Nacional-aren bulegoetan, herrietako alkate karguetan; gobernari zibil eta Movimiento-aren probintzia buruzagiaren ardurapean zeuden denak), klase politiko berri bat hasi zen biltzen, gazte eta profesionalena, aginpide berriaren itzalpean aurrera egin zutenena, aginpide ekonomikotik abiatuta.

Gainerakoan, Hitzarmenean eta Kontzertuan adierazitako foru egituran sartuta jarraitzen baitzuten Nafarroak eta Arabak, bertako eliteentzat oso gustagarriak gertatzen ziren Diputazio Probintzialak (ordutik aurrera eta Foralak deitu zirenak). Diputazioen inguruan gora egin zuten probintzietako familia onek, eta baita abizen berriren batek ere; hala Huartek adibidez, Espainiako iparraldeko eraikuntza enpresa garrantzitsuenaren –eta Espainiako garrantzitsuenetako baten– buru bihurtu baitzen denbora laburrean (Errepublikako urteetan hain justu, eta ekarri zion horrek buruko minen bat).

 

Erbestea eta barneko erresistentzia

Hala gertatzen zen, atxikimenduz nahiz hartaratuta, errejimenarekin bat etorritako jendearen artean. Gauzak bestelakoak ziren gobernuari kontra egiten zion jendeari, edo, besterik gabe, gobernuarekin bat ez zetorrenari zegokionez. Haiekin bakeak egiteko ahalegintxoren bat izan bazen ere (inoiz ez kristau barkamena baino gehiago), esestea izaten zen tratabidea, eta jarrera haiek zigortzea, baita pentsatzeko moduak ere. Amaierarik ez zuen gerra ostea zen hura: baziren garaileak, onuraren eskubidea lortu zutenak (alor guztietan), eta baziren garaituak, eta haientzat apurrak berak ere, gehiegizko opari. Horrelakoxea zen eguneroko bizimoduan nagusitzen zenegoera, eta egoera horretxetan oinarritzen zen legedia.

Askatasun falta erabatekoa zen: ez zen ez prentsa askatasunik, ez sindikatu, elkarte edo adierazpen askatasunik ere. Giza eskubidek, sistemaz, ez ziren betetzen.

Edozein euskalduntasun agerpenek zapalkuntza jasaten zuen, estatu berrian nagusi zen Hispanidad-aren ideiaren kontrako adierazpen garbia zelakoan (euskal izenak debekatzeraino: Jon izena zutenek Juan behar zuten, eta Iñakiak Ignacio bihurtu ziren berriz ere). Lanaren munduari dagokionez, protesta pentsaezina zen, mendekotasunak erabatekoa behar zuen, arazoak –beti ere pertsona baten arazo moduan–, laneko magistraturaren aurrean behar ziren aurkeztu (taldeko negoziazioa 1958ko apirila arte ez zen arautu).

Gerra garaian salbuespenezko epaitegiak eta hilketa sumarioak izan ziren. Gerra ondoan zapalkuntza tresna horiek erakunde bihurtu ziren, eta Ondasunen Bahiketa Batzordeak antolatu ziren probintzietan (batez ere garai horretan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren mende egondakoetan jardun zirenak), erakunde ofizialetako depurazio batzordeak, eta Erantzukizun Politikoen Epaitegia, egoitza Burgosen zuena eta euskal probintzien gainean esku zuena; hartatik pasa zen herritar asko eta asko, ondorengo isun, erbesteratze, lanetik bidaltze eta abarrekin.

Euskal Eliz barrutian bertan ere izan zen garbiketarik Javier Lauzurica gotzainaren garaian (1937-1943; “Francoren gotzaina” deitzen du Sánchez Erauskinek): deportazioak izan ziren, parrokoak bere ohiko eliztarretatik bereizi zituzten, eliz barrutiko goi mailako eta Gasteizko apaizgaitegiko karguak berritu ziren, erlijio ordenetan fraideak ez ohiko lekuetara bidali zituzten, etab.

Gerra galdu zutenen oposizioa klandestinitatetik edota erbestetik egin behar izan zen, oso egoera zailean (Europa Hitlerren mende zegoen). Aldi berean ordea, itxaropenik ere bazen –laster desagertua baina–, 1942tik aurrera Ardatzaren herriak atzeraka hasi zirela-eta, eta Hitler eta Mussoliniren laguntzarekin aginpidea eskuratu zuen Franco hura aliatuek baztertuko zutelakoan.

1939 eta 1947 urte artean oposizioak ez zuen inolako egonkortasunik izan. Hala ere, espainiar oposizioan haustura eta liskar asko zegoen, baina Euskal Herrian oso handia zen batasuna, eta baita barneko koordinazioa ere.

Hasieran ez zen erakunde bateratzailerik izan (1940 eta 1941 artean jardun zen Euskal Kontseilu Orokor bat, ingelesen babespean), Eusko Jaurlaritza egonkor bat erbestean sortu zen arte, AEBen eta Vatikanoren babesarekin, Agirre lehendakariaren ospearen inguruan (EAJ, sozialisten eta komunisten laguntzarekin; komunistak gerra hotzaren garaian kanporatuko zituzten).

Urte haietan, aliatuek esku hartuko zutelako itxaropena –bere funtsa bazuena–, zabaldu zen, Espainia Europako gerran sartuko zelakoan, eta, hori zela-eta, oposizio lan eraginkorra egin zen, kanpotik bideratua (New Yorketik batez ere; han, Jose Antonio Agirrek, Estatu Batuetako euskal koloniaren laguntzarekin, eta Ameriketako kontinente osoan Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen lankide ziren euskaldunen laguntzarekin –gogoan izan Jesús Galíndez–, Euskal Herri beregain batera iristeko aukerak aztertzen zituen Roosvelten gobernuarekin, estatutuaren legezkotasuna baino haruntzago joango zena, “iberiar espazio politiko” baten baitan). Gainerakoan, laguntza handia eman zitzaien euskal erbesteratuei, ideologia bereizketarik gabe (eta hori nabarmentzekoa da, kontuan izanda espainiar errepublikarren artean Prietozale eta Negrinizaleen artean izandako liskarrak), haur eta emakumeentzat babeslekuak edota La Roseraieko ospitalea antolatuz. 1939tik aurrera, itzultzea aholkatu zitzaien mendekurik jasateko arriskurik ez zutenei.

Barnean, nazionalistek (1943rako kartzeletatik kanpo zeuden gehienak), ia ukitugabe zituzten egiturak, eta sareak antolatu ziren (“zerbitzuak” zeritzatenak), kartzelakoei laguntzeko eta aliatuei informazioa emateko, Bilboko kontsulatuen bitartez (sare horietako bat 1940ko irailean erori zen, eta 1943ko maiatzean sareko buruzagi nagusia fusilatu zuten, Luis Alava). Erresistente sare bat ere izan zen (Euzko-Naia), prestakuntza militarrarekin, eta elitezko gorputzekin, Euzko Gudarostearen aurreko egituretan oinarriturik (haren egiturak erraz berrantolatu baitziren), aliatuen balizko inbasio bati barnetik laguntzeko, Europako gerrak iraun zuen artean.

Gerraren bukaeran ordea, Yaltako hitzarmenaren izenpetzeak Francoren errejimenak bere hartan jarraitzen zuen artean (batez ere, Hitlerren iritziz, alemanentzat balio estrategiko urria zuelako, eta horregatik ez zen Espainia gerran sartu), etaamerikarrek Espainiari buruz bat-batean erakutsi zuten interesak, gerra hotzean sartuak zirela ordurako, bestelako estrategia bat ekarri zuen. Oraingoan, Eusko Jaurlaritza berrantolatzea zen xedea, eta Errepublikaren legezkotasunaren alde egitea (eta horretan, bat zetozen klandestinitateko bi euskal alderdi nagusiak, PSOE eta EAJ, hitzarmena 1946 arte gauzatu ez bazen ere).

Era horretan bildu zen aurreneko aldiz Eusko Jaurlaritza New Yorken 1945ean, eta izenpetu zen Baionako hitzarmena 1946an; azken horrekin berrantolatu zen Eusko Jaurlaritza errepublikar legezkotasunaren oinarriaren gainean.

1946 eta 1947 inguruan protesta publikoko ekintza asko egin ziren. Ardatza osatzen zuten herriek gerra galdu zuten, eta Espainian ez zirela aliatuak sartuko jakina zen arren, oraindik ere bazen diktadorearen kontra nazioartean laguntza izango zelako ustea. Jende askoko manifestaldiak egin ziren Bilboko San Francisco kalean, grebaren edo beste (Gasteiz, 1946ko maiatza), eta pintadak eta esku paperak Francisco de Vitoria legegizonari nazioarteko omenaldian (1946).

Testuinguru horretan, eta langileen bizitzaren baldintza txarrak azpimarratuz, greba orokor bat antolatu zuen Erresistentzia Juntak (erbesteko Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundea zen), 1947ko maiatzean.

Sekulako jendetzak parte hartu zuen, eta zapalkuntza ere erabatekoa izan zen.

Kanpoan izugarrizko eragina izan zuen.

Baina arrakasta hark ez zituen eraman aliatuak, ordurako garaile zirenak, Espainian parte hartzera (oposizio demokratikoak oraindik ere espero zuen bezala). Ez ziren urruti gerra hotzeko egunak.

1951n hainbat greba izan zen Espainian.

Martxoan, tranbien greba egin zen Bartzelonan. Apirilean, Eusko Jaurlaritzak Bizkaia eta Gipuzkoako langileak mugitzera bultzatu zituen (baina laneko arazoengatik bakarrik), eta maiatzean bi greba saio izan ziren, orduantxe sortzen ari zen higikunde langile eta katoliko bati lotuak, Araban eta Nafarroan. Acción Católica-ko Higikunde Apostoliko Langileetatik abiatuta, eta espainiar apezpikuek Pio XII.ari ad limina egindako bisitaldi bati lotuta (izan ere, Pio XII.a Espainian errejimen aldaketa bat izango ote zen zebilen), HOAC organizazioa ari zen taxutzen, Italiako ACLI-aren eredura (CGILi-en txertaturiko langileen organizazioa, eta herri hartako Kristau Demokraziarekin oso lotua). Pixkana-pixkana, organizazio katoliko hura, gerra ezagutu ez zuten gazteei oso erakargarria gertatzen zitzaiena, Elizako hierarkiari buruzko autonomia lortzen hasi zen, eta langileen aldeko jarrerak hartzen, ikusi den bezala, egoera benetan mixerablean baitzegoen langile jendea.Mugimendu haien emaitza oso onuragarria izan zen Espainiako langileen erreibindikazioentzat.

Baina eragin politikorik ez zuten ia izan. Erbesteko Eusko Jaurlaritzan elkartua zegoen oposizioaren estrategia gainbehera zetorren: aliatuek ez zieten lagunduko.

Barnean, alderdien berrantolamenduen garaia izan zen: Ajuriagerrak, EAJtik, atzerriaren araberako estrategia hautsi zuen, eta epe luzerako estrategia baten arabera prestatu zuen barneko antolamendua.

Aldi berean, Nerbioi ibaiaren ezkerraldean, sindikalismoaren inguruan hasiak ziren sozialistak elkarrekin biltzen. Garaitsu hartan agertu zen Ekin taldea, ETA organizazioaren aurreko urratsa.

 

1950 ondoko aldaketa urteak

1950eko hamarraldiaren bigarren erdian eta 1960koan funtsezko aldaketa bat gertatu zen Euskal Herrian. Urte horietan, errejimena, kanpoan bere posizioa finkatua zuela 1950ean nazioarteko eszenan onartu zutenean (NBak esklusio akordioak indargabetu zituen), eta AEBekin defentsazko hitzarmena eta Vatikanoarekin Konkordatoa izenpetu ondoren, bere politika modu autoritarioak biguntzen eta zabaltzen hasi zen.

Ildo beretik, nazioarteko erakunde ekonomikoen proposamenak onartu zituen, eta Garapen Plan sail bat jarri zen abian, Espainiako produkzio egiturak berriztatuko zituena (Nafarroa eta Arabako probintzien industrializazio sakonaren unea da; lehenagotik ere, 1949 eta 1950ean, Gipuzkoako makina-lanabesaren esportazioa bultzatu zen, G eta M-1 operazioekin; aldi berean, industriari laguntzeko plan fiskalak eta industria eremuak sortzeko planak onetsi zituzten Diputazioek eta hiriburuetako udalek).

Espainia, gerra hotzaren testuinguruan, Mendebalean ari zen pixkana sartzen. Horixe izan zen 1970eko hamarraldian errejimen demokratiko baterantzeko trantsizio ezinbestekoa ekarriko zuen aldaketa handia.

Urte haietan hautsi ziren kanpoko oposizioaren eta barrukoaren arteko harremanak.

Urte haietan halaber hasi zen mamitzen langile higikunde berri bat, Comisiones Obreras, eta hasi ziren legezko tresnak erabiltzen langileen erreibindikazioen borrokan.

Urte onak izan ziren ekonomian, eta elkarrekin aritu ziren talde katolikoak eta langile komunistak, Comisiones Obreras-en bultzatzaileak, 1962an Bizkaiko eta Gipuzkoako greben protagonista izan zirenak.

1970 ondoko hamarraldiko aldaketa handiak etorri ziren ondoren, ororen gainetik ekonomiaren garapena nahi zen garaia, hurrengo ataletan aztertuko dena.