Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Egungo aroa

Masa gizartea: hiritartzea eta ohiturak aldatzea

«Atso ipuinak», Díaz de Olanoren koadroa.<br><br>

XIX. mendearen azkenetako eta XX.aren hasierako euskal gizarteak eraldaketa handia jasan zuen. Biztanleriaren gorakada nabarmena zela eta –hirietan batez ere–, gizarte masak lehen mailako faktore bihurtu ziren. Espazioaren eta denboraren erabilpena aldatu egin ziren.

Euskal hiriak funtzionaltasun jakin baten arabera eratu ziren. Zorrotz definitu zituen Adolfo Guiard margolariak Hego Euskal Herriko hiriburuak: Bilbo, lantegi handi bat; Donostia, ostatu handi bat; Gasteiz, sakristia handi bat. Iruñea falta da, orain probintzia bilakatutako erreinu baten hiriburu zaharra. Azpiegitura sortze itzel bati ekin behar izan zitzaion hirietan: kaleak, estoldak, zerbitzuak… Baina gizartearen ohiturak ere aldatu ziren. Lantegiko ordutegiaren arabera antolatzen hasi zen gizartea eta bizimodu berri bat nagusitzen joan zen, pixkaka, lurralde guztian, hirian batik bat, eta askoz gutxiago herri txiki eta nekazari kutsukoetan.XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren lehen hamarraldietan, aldaketa sakon bat gertatu zen Europako gizartean, maila desberdinetan, baina euskal probintzietan ere asko nabaritu zena. XIX. mendeko gizarte tradizionala desagertu, eta beste bat sortu zen, modernoagoa, biztanle masa noranahi helduz eta aurreko ordena hautsiz. Aldaketa horiek teknologia berri batzuen garapenarekin zuten zerikusia, eta hortik sortu da bigarren industria haustura-ren kontzeptua.

Produkzio sektore berriek –kimikoak edo automoziokoak–, eta aurkikuntza teknologikoen aplikazio praktikoek –esaterako, elektrizitatearenak, altzairuarenak, edo barne errekuntzako motorrarenak–, ekonomiak aldarazi zituzten, kantitate nahiz kalitatearen aldetik. Multzokako produkzioaren hedatzearekin burutu zen hori guztia; horren ondorioz, fabrikazio kostuak merketu egin ziren, eta ugaritu merkaturako egokituriko produktuak, halako eran non lehen baino askoz erosle gehiagoren eskura irits baitzitezkeen. Kontsumoa ere masei zabaldu zitzaien beraz.

Biztanle masa –horixe da hitza–, gauza guztien protagonista bihurtu zen, José Ortega y Gasset filosofoak zabaldutako kontzeptuak –masa gizartea–, edota haren obra ezagunak –La rebelión de las masas (1930,baina prentsako artikuluetan 1927an argitaratzen hasia)– adierazten duten bezala.

Ortegaren liburua pentsamendu joera orokorrago batean txertatzen da; joera horrek, alde batetik, gertaera berri bat aipatzen du, aglomerazioena, eta egoeren berdintasun izugarria salatzen, eta, beste alde batetik, ondo adierazten ditu aldaketaren perzepzioa eta aurreko eliteei gaineratu zitzaien ezinegon eta larritasun sentimendua, jendetza menderaezin batekin banatu behar baitzuten orain eliteek espazioa eta gizarte protagonismoa.

Aldaketak hazkunde demografiko nabarmen batekin izan zuen hasieran zerikusia.

Hala, 1877an 745.883 biztanle izatetik Hego Euskal Herrian, 1.096.650 izatera pasa ziren 1920an, eta 1.237.593 1930ean. Leku guztietan ez zen berdina izan biztanleen ugaltze hori; aitzitik, prozesu honetan protagonista izan ziren lekuetan gertatu zen batez ere: hirietan. 1887 eta 1930 artean, 5.000 biztanle baino gehiagoko guneetan bildutako biztanleria, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, %23,3 izatetik %40,4 izatera pasa zen, eta %15,6etik %18,6ra Nafarroan. Bizkaia izan zen kasurik nabarmenena: 1857ko %14,8tik 1900eko %52,8ra pasa zen, eta %70,4ra iritsi zen1930ean. XX. mendearen hasieran baziren Bilboko hirian 83.306 biztanle,eta gainerako hiriburuei dagokienez, Donostian 37.812 lagun ziren, eta Iruñean eta Gasteizen berriz, hurrenez hurren, 28.886 eta 30.701.

Demografia hazkunde honekin batera berrikuntza garrantzitsuak izan ziren, jendearen bizimodua aldatuko zutenak: garraioak, argindarra, masa egunkariak, kirolak, zinema eta gisako ikuskizunak, edota era guztietako elkarteen ugaltzea. 1890ean, legezko izatea eman zien aldaketa horiei denei gizonezkoen sufragio unibertsalak, eta politikak berak ere aldatu behar izan zuen. Modu horretan, eliteen politika baten ordez, beste politika mota bat sortu zen, herriaren protagonismoa kontuan hartu behar zuena. Leku guztietan ez ziren berdinak izan aldaketa horiek: oihartzun arina izan zuten barnealdean, baina Bizkaian eta Gipuzkoan oso azkar mamitu ziren, eta baita hiriguneetan ere.

 

Espazioa

Beren ingurunearen itxura bera izan zen euskaldunek aldatzen ikusi zuten aurreneko gauza, hiri inguruen itxura batez ere.

Biztanleen ugaltze azkarrak hirien ohiko mugak gainditu zituen, zabaldu egin behar izan ziren. XIX. mendeko Zabaluneak, beraz, nahitaezko bihurtu ziren, baita euskal hirietan ere; baina, beharrarekin batera, beste funtsezko alderdi bat ere aipatu behar da: espazialki egituraturiko lekuak ziren hiriak. Hiri berrien diseinuak, izan ere, hiriaren eraikuntzan interesatuen zegoen gizarte taldeari, burgesiari, erantzuten zion, bere ondasun higiezinetan egindako inbertsioa errentagarri bihurtzeko lekua ikusten baitzuen burgesiak espazio berri horietan, eta orobat gizartearen eta funtzioaren arabera ordenatu beharreko leku bat ere, gizarte klase bakoitzak eta produkzio funtzio bakoitzak zeinek bere tokia izan zezan.

Ikus dezagun nola antolatu ziren hirien plano desberdinak. Bilbon, gobernuaren baimen baten eskutik etorri zen Zazpi Kaletradizionalen gainditzea, 1861ean, Abandoko harana, ibaiaren bestaldean, beretu eta okupatu ahal izateko. Pablo de Alzola, hiriko alkate 1877an, Ernesto Hoffmeyer ingeniaria edota Severino Achúcarro arkitektoa, izan ziren, 1876ko proiektu batean oinarrituta, Hiribide Handiaren bi aldeetara zabaldu zen hiri berri haren eragile nagusiak.

Espazio horretan hasi ziren biltzen aginpidearen nolakotasun berria eta politikaren, erakundeen eta ekonomiaren funtzionaltasuna definitzen zituzten gune eta funtzioetako batzuk: Burtsa (1905), Diputazioa (1900), La Bilbaína elkartea (1913), egunkarien erredakzioak, banku eta bulego batzuk (Komertziokoa edo Aznar ontziolena), tren geltokia… Aldi berean, kalitatezko espazio bat zen hura, burgesen etxebizitzentzat gordea. Baina, biztanleen ugaltze azkarraren ondorioz, eta espazio haren eraikitze eta okupatze motela zirela-eta –espekulazioagatik–, hiri bitxi bat taxutu zen, gizarte talde muturrekoenak lur eremu txiki batean elkartu zituena: talde burgesak eta erdi mailakoak Hiribide Handiaren aldamenetan; eta herri xehe pobreena haien ondoan, Las Cortes, San Frantzisko edo Bilbo Zaharra bezalako auzoetan (lehenengo bi auzoetako biztanleria, 1.800 biztanletik 1870ean, 22.000ra pasa zen 1915ean).

Biztanle ugaltze horren ondorioz, gizarte sektore ahaltsuena ekonomian, goi mailako burgesia, beste eremu batzuera aldatu zen, urrutirago, bere pribilejioei eutsi nahian.

Hala, aberatsenak Negurira joan ziren, eta oro har, Getxo aldera. Baina beste hirietan ez bezala, Bilboko parte zaharrak –Zazpi Kaleak eta Arenalaren luzapena– ekonomia eta komertzio ekimen handia izan zuen XX.. endea ondo sartu arte, eta, hala, dendak,baita luxuzkoak ere, eta Udala, Arriaga Antzokia, El Sitio elkartea, kafetegiak edota Bilboko Bankuaren egoitzak, ez ziren lekuz aldatu, bertan gelditu ziren.

Modu horretan, gizarte klase bakoitzari espazio bat egokitu beharraren arabera geratu zen definitua Bilboko hiriaren okupazioa, aipaturiko salbuespenekin izan bazen ere (urte gutxiren buruan, gauzak berriro pentsatu beharra ekarriko zuten salbuespen horiek). Nolanahi ere, zehatz definitua, eginkizunen arabera, geratu zen Nerbioi inguruko eremu osoaren eraikuntza: hiriburua bera ekonomia eta administrazio gune gisa, eta egoitza leku nahasi samar baten moduan, geratu zen antolatua; ezkerraldea erabat finkatu zen fabriken eta langileriaren etxebizitzen egoitzarako; eta talde burgesen egoitza bihurtu zen batez ere eskuinaldea. Itsasadar osoa, eta ez Bilbo bakarrik, geratu zen beraz espazialki egituratua.

Donostian, berriz, harresiak eraitsi ondoren –1863-1864 urteetan– hasi ziren Zabalunea eraikitzen. Urbanizatze eta eraikitze lanak, baina, ez ziren 1890-1915 arte osorik bukatu. Donostiako parte zaharra txikia zen, eta inguruko lurrek ez zuten ekonomia arazorik sortzen, udalarenak, estatuarenak eta armadarenak baitziren.

Gainera, beste zenbait eremu erabilgarri bihur zitekeen itsasoari edo ibaiari lurra irabazi ondoren. Hori zela-eta, oso txukun lotu ziren hiri zaharra eta berria, eta Udalak ez zuen diru gehiegi gastatu beharrik izan etorkizuneko hiria definitzen (lehenengo zabaldiko 70 hektareetatik San Martin kaleko lauretan bakarrik jo behar izan zen desjabetzera).

Nolanahi ere, hiriari berehala eman zitzaion funtzionaltasuna da Donostiako kasuaren ezaugarri nagusia. Segituanikusi zen turismoa negozio errentagarria zela. Kalkuluen arabera Donostiak, 1894- 1898 bitartean, 16.007 bisitari hartzen zituen udan (uztaila-iraila bitartean, eta batez ere abuztuan), eta 59.495, berriz, 1920-1924 urteetan. Bi datutan antzematen da turismo haren goi maila: 1910ean Gipuzkoa zen telefono gehien zituen Espainiako probintzia (15 telefono mila biztanleko), eta Donostiak, udan, Bilbo oparoak baino automobil matrikula gehiago zituen (434 batak eta 226 besteak, XX. mendeko bigarren hamarraldian). 1887an errege familiak Donostia hautatu zuenetik udako egoitza finko gisa (lehendik ere sarritan etorria zen), etxegintzaren negozioek eta horiei loturikoek (ostatuak eta abar) finkatu zuten Donostiako hiriaren burges izatea –ez bakarrik, inola ere, donostiar burgesiarentzat, baita kanpokoarentzat ere–, eta, modu horretan, hiriko ustiaketa gai nabarmenenaren zerbitzura jarri zen osorik hirigintza, Kontxaren zerbitzura alegia. Lortu nahi zen estetika burges hark beste interes batzuk baztertu zituen, baina, azkenean, interes haiek ere baliatuko ziren inguru osoaren edertasunaz. Baina ekonomiaren sektore apalenek inguruko auzoetara jo behar izan zuten (Gros aldera edo Antiguara), edo, gehienera ere, hiriko leku pobreenetan geratu behar izan zuten (parte zaharrean). Era berean, hiriaren egitura berezia zela eta, ez zen Bilbon bezain nabarmena izan goi mailako klaseen urruntzea, eta Ategorrietako pasealekua edo antzeko batzuk aipa daitezke, aipatzekotan.

Gasteizek 1865ean jarri zuen abian bere lehenengo Zabaltze proiektua, burdinbidea iritsi eta handik urte betera. Badira Gasteizen xehetasun batzuk Zabaltzearen paradigmaren hipotesia adieraz dezaketenak.

Erdi Aroko hiri zaharra, mendixka baten gainean baitzegoen, erabat bereizita geratu zen hiri berritik, hegoalderantz zabaldu baitzen hau, Olaguíbel arkitektoaren eraikuntza neoklasikoen (gaurko hiriaren ardatzak diren Plaza Berria edo Espainiakoaren eta Los Arquillos delakoarena) eta tren geltokiaren artean. Funtzionaltasunari dagokionez, eskema klasikoak errepikatu zituzten batak zein besteak: hiri zaharra herri xehearen egoitza eta bazterreko jardunentzat geratu zen (tabernak, apustu lekuak…), eta talde burgesek hartu zuten bizilekua hiri berrian, espazioaren hierarkia berria seinalatzen zuten eraikuntza guztiak ipinita (kasinoak eta zirkuluak, egunkariak, bankuak, kafetegiak, merkatua, erakunde publikoak…); aldi berean, hiriko sektore guztien sozializazio eremu nagusia bihurtu zen hiri berria (han ziren pasealekuak, dantzaleku publikoak, kaleko solasak…). Bizi eta ingurugiro baldintzetan bataren eta bestearen arteko aldeak zirela-eta, desberdinak ziren hilkortasun tasak ere. Izan zen Gasteizen ere lurraren espekulaziorik, industriainbertsioarekin baino gehiago zor publikoaren negozioarekin ohituago zegoen burgesia baten aldetik (horren adierazgarri geratu da Geltokiko kalearen traza, gaurko Eduardo Dato kalea); eta Gasteizen ere aldendu ziren ekonomia talde indartsuenak, hiriko parterik hegoaldekoena, burdinbidea baino haruntzagokoa hartu baitzuten XIX.. endearen bukaeratik aurrera, beren txalet eta guzti.

Iruñea, bestalde, oso berandu arte izan zen defentsa hiria, Frantziaren eta penintsularen arteko igarobidearen giltzarria baitzen, eta, hala, 1888. urtea arte aipatu ere ez zen egin harresi eraisterik hiria zabaltzeko.

Lehen zabaltzea, edo Zabalune Zaharra, oso mugatua izan zen –hain zuzen ere, harresiak bota gabe egin zelako–, eta ez zion irtenbiderik eman hiriaren arazo handienetako bati, etxebizitzen eskasiari.

Hain espazio mugatuak –Gotorlekua eta parte zaharreko hiru guneak: San Zerningo burgua, San Nikolas eta Nafarreria–, hiru etxe sailetarako besterik ez zuen eman, eta eraikuntza batzuentzat: Justizia Jauregia, alondegia, Musika Akademia, Arte Eskola, Vïnculo (haren orubeetan eraiki zen Postetxea) eta koartel berriak. Bigarren zabalditik aurrera bakarrik –hegoaldeko harresia botata (1915), eta eraikuntza lanak hasi ondoren (1929)– hitz egin daiteke Iruñeko hiri espazioaren benetako zabaltzeaz. Zabaltze lanak ez ziren hala ere XX. mendearen erdialdea arte osorik bukatu. Nolanahi ere, 1940-1950 hamarraldian oraindik, bi zabaldiak ez ziren Erdi Aroko gune zaharra baino handiagoak. Bigarren zabaluneak damero formako egitura hartu zuen, zeharkako bi ardatzekin, XIX. mendeko espainiar zabalune guztien antzera, eta beste hiru euskal hiriburuen modura. Baina zabalune horien eraikuntzaren atzerapena zela-eta, eta eremu horren eta hiriaren lehen gunearen tamaina berdintasunagatik, parte zaharrak gorde zuen funtzio nagusitasuna, eta haretxek jarraitu zuen eraikuntza nagusien eta eguneroko bizitzaren sozializazioaren gertaleku gisa. Aldi berean, beste aglomerazio batzuk sortu ziren aldirietan, harresiez kanpo: Errotxapea –1936an jada 4.500 biztanle zituen–, eta La Magdalena –1901etik aurrera biak–, San Joan eta San Jorge.

Horrela bada, ekonomia eta gizarte eginkizun jakin batzuei egokitu zitzaien euskal hiri bakoitza. Garai hartako margolari batek, Adolfo Guiardek, primeran agertu zuen banaketa hori: “Bilbo fabrika ikaragarri bat izaten ahalegintzen zen, ostatu ikaragarri bat Donostia, eta Gasteiz sakristia ikaragarri bat”. Iruñea falta da, erreinu baten mendeetako hiriburua, XIX. mendearen lehen herenean probintzia bihurturiko erreinuarena; gogoetazko unibertso oso baten hiriburua, Nafarroarena. “…baserritarra, ofiziala eta militarra, lasaia, sosegatua, lokartua”ia, esan uzen Urabayenek. “Barneko beste hiri bat”, probintzianoa, Gasteiz bezala: “…historikoa, txukuna, ederra, baketsua”, “eliza baten barnearen itxura agurgarria eta mistikoa” zuena (Arantzazuko fraide batek deskribatu zuen bezala 1914. urte inguruan).

Beste gauza bat da biztanle masa ugari etengabeak sorturiko nahaste-borrasteari eman beharreko erantzuna. Gizarte klase bakoitza bere lekuan ezarririk, ondo mugatuak geratu ziren hiri espazioak, eta araututa lur eremuak, halako eran non lekuaren ezaugarri berezietan bere burua ezagut baitzezakeen talde bakoitzak: parte zaharrak edo aldiriak herri xehearentzat, erdi mailako klase eta burgesiarentzat zabaldiak, eta aldiri berezi batzuk goi mailako burgesia eta jabe handientzat. Azken talde horrek berehala agertu zuen gainerakoetatik bereizteko asmoa, bere eremua hautatuz eta hari bizi maila goragoa emanez. Neguriko etxe handien itxurak, edo Gasteizko hegoaldeko pasealekukoenak, Max Weberren hitzetan, karisma errutina bihurtzeko balioa izan zuten, hau da, hizkuntza sinboliko baten bitartez denei ikustarazteko zein talderen esku zegoen aginpidea, etxeen arkitektura arrandiatsuan adierazita. Gizarte masaren mehatxuaren aurrean, nahastearen eta espazio publikoak inbaditzeko mehatxu haren aurrean, mugatu eta arautu beharra zegoen lur eremua, alegia, leku jakin bat mugatu behar zitzaion gizarte klase bakoitzari.

Hiriek, azkenik, azpiegitura eta zerbitzu lan garrantzitsuak egiten hasi behar izan zuten urte haietan, eta ikaragarri hazi ziren udal aurrekontuak: 1880 eta 1880 artean, bikoiztu egin ziren Gasteizen, eta lau aldiz biderkatu Donostian eta Bilbon. Asko etaaskotarikoak ziren biztanleria biderkatzen ari zen hiriguneen beharrak. Ur hornidura eta estoldak izan ziren konpondu beharreko lehen arazoetako batzuk. Bilbok 1924 arte ez zuen konpondu ur horniduraren arazoa, hau da, Ordunteko urtegia egin zen arte. Urte horietan beretan zebiltzan Gasteizen Gorbeiakoak eraiki nahian, nahiz eta 1884 ezkeroztik ur horiekin hornitzen zen hiria; XX. mendearen hasieran Elgeako mendietatik ekarritako urak erantsi zitzaizkien Gorbeiakoei. Uraren arazoa oso larria zen Iruñean, eta 1893-1896 inguruan konpondu zen, Subitzako urei Artetakoak erantsi zizkietenean. Donostiako udalak milioi bat pezeta gastatu zuen ahalegin horretan 1895-1896ko ekitaldian. Estolda sareak, bestalde, pixkana-pixkana ezarri ziren, baina hirietako ibai eta erreketan izan zituzten luzaroan isurbideak. Azaldu beharrik ere ez dago estolden auziak hirietako hilkortasun tasan zituen ondorioak; ingurugiro arazoak zirela-eta, hiri inguruetako hilkortasun tasa landa inguruetakoa baino handiagoa zen oro har, nahiz eta hiriek sendagintza maila hobea izan. Zentzu horretan, garrantzitsua izan zen halaber hilerriak hirietatik kanpo eraikitzea: Donostiak 1875ean eraman zuen berea kanpora, eta Bilbok XX. mendearen hasieran eraiki zuen Deriokoa.

Industria hirien beste ezaugarri bat instalazio mordo nahasi baten agertzea izan zen: burdinbide sareak lurrean, hari elektrikoak zeruan, telefono alanbreak, argi publikoko farolak, hiri garraioak, erlojuak, publizitate irgarkiak… Argi publikoa, gasezkoa aurrena eta argindarrezkoa gero, XIX. mendearen hasieran hasi zen hirietan zabaltzen. 1860ko hamarraldiaren inguruan ezarri zen lehena, baina argindarrezkoa ezzen mendearen bukaera arte iritsi: 1898an Gasteiza, urte bete geroago Donostiara eta 1880ko hamarralditik aurrera Bilbora, nahiz eta 1903an gasezko argi publikoa estreinatu zen Zabaldian. Hiriko garraioek, tranbiek, Donostia edo Bilbo bezalako hiriak hartu zituzten pixkana-pixkana; gurdiekin edo zaldiek tiratutako omnibusekin edo “odolezko tranbiekin” lehenbizi, 1877tik aurrera (Bilbotik Algortara) eta 1882tik aurrera (Bilbotik Santurtzira); argindarrezkoak gero, 1896tik aurrera. Donostian 1886an sortu zen Tranbiaren Konpainia, hura ere abereekin lehenbizi, eta argindarrarekin gero (1897). Hornidura azokak, hala Gasteizkoa (1900), alondegiak, Bilbokoa adibidez, ospitaleak, Basurtokoa esate baterako (Epalza arkitektoarena; hark egina da Derioko hilerria ere), zubiak, eraikuntza publikoak… horiek izan ziren euskal hirietako paisajea errotik aldatu zuten beste eragileetako batzuk.

 

Denbora

Gizabanakoen eta gizataldeen bizimodua kokatzen den beste parametroaren aldaketa –denborarena– denboraren beraren bestelako perzepzio batek eragin zuen. Biztanle masaren agerpenak eta horren ondorioak aldatu zuten espazioa; denbora, berriz, bizitzeko erritmo desberdin batek, lastertasunak, aldarazi zuen; lastertasuna, bestalde, hainbat teknologia aplikatzearen emaitza zen. Ondo asko konturatu zen hortaz Ildefonso Cerdá, ingeniaria eta urbanista, aipatzen baitzuen jada 1860an “zibilizazio berri bat, ezaugarri nagusiak mugimendua eta komunikatzeko ahalmena dituena”.Garraioa –masa garraio merkea– dago aldaketa horien oinarrian. Euskal Herriko burdinbide sarea trinkoagoa egin zen hasierako sare nazionalen eskualdekako garapenarekin.

1880ko hamarraldiko azken urteetatik aurrera lotu ziren, bide estuko burdinbide berrien bitartez, Euskal Herriko hainbat eskualde eta hiri elkarrekin. Era horretan lur eremua ordenatu egin zen eta trukeak –gaien, pertsonen nahiz ideien trukeak– erraztu, joan-etorriak askoz laburragoak baitziren. Langileek eta enplegatuek ez zuten jada lantoki inguruan bizi beharrik.

Beste hainbeste gertatzen zen goi mailako burgesiarekin, eta, hala, Areeta edo Neguriko aldi baterako egoitzetan eman ahal izan zuen urte osoa, “ingelesen modura” biziz, batere arazorik gabe mugituz aisialdi gunetara (golfera, Itsas Klubera…) edota negozio gunetara (Bilbora).

Automobilak areagotu egin zuen joera hori, eta halako berezitasun eta banakotasun kutsu bat erantsi zion aldi berean. Garraio publikoak zekarren jokabide berdintasunaren aurrean, garraio pribatuak denbora nork bere gogara erabiltzeko aukera eman zuen. XIX. mendea bukatzen ari zela iritsi zen lehenengo automobila Bilbora.

Beste hainbeste esan daiteke telefonoaz, harekin denbora errealean egiten baitzen komunikazioa. Gipuzkoak, espainiar ranking-ean aurrena, eta Bizkaiak, laugarrena, berehala heldu zioten modernotasunaren ikur berri horri.

Jokabide gehienak geratu ziren lastertasunaren mende. XIX. mendeko ohitura burges patxadatsuen lekua –paseoa, ibilaldia, irakurketa, musika entzunaldia, solasaldia, mahai jokoak…– beste ohitura askoz ere zalapartatsuago batzuek hartu zuten:Ameriketatik zetozen dantza zaratatsuetatik hasi (fox-trot-a, txarlestona…), eta zinema ikusi edo kirolak egiteraino. Tabernak ziren –haiseran “barra amerikanoak” deitzen zitzaien– gizarte harremanak erraz, laster, klase bereizkuntzarik gabe egiteko lekuen adierazgarri behinenak, eta pixkana-pixkana lekua kendu zieten XIX. mendeko kafetegi estatikoei. Antzerkia bera ere gainbehera hasi zen zinematografoaren agerpenarekin.

Kirolen erakargarritasuna –futbola, txirrindularitza, crossa, mendizaletasuna…– eragin handiko gizarte fenomenoa gertatu zen: 1913an bi estadio inauguratu ziren Bilbon –San Mames eta Deportivo–, eta bat Donostian –Atotxa–. Lau zinema areto zabaldu ziren Donostian urte haietan. Belaunaldien arteko harremanak apur bat lasaitu ziren gurasoen eta seme-alaben arteko zukakoarekin, eta emakumea independentzia eskuratzen hasi zen, ordu arte bakarrik gizonezkoei zegozkien ohiturak –erretzea, adibidez– bereganatuz.

Kirolaren “asmaketa” da aldaketa hauen guztien agerpen adierazkorrenetako bat, bai praktikari bai ikuskizun berria izateari dagokionez.

Izan ere, une honetan sortu zen indar handiz ikuskizunaren kontzeptua.

Pilota edo zezenak bezalako agerraldiak aspaldidanik ziren Euskal Herriko entretenimendu ohikoak. Hirien zabaltzeak, ikusleen ugaltzeak eta merkataritzak zezen plaza berriak zabaltzea ekarri zuen: Donostiakoa 1903an eta Gasteiz, Iruñea eta Bilbokoak lehenago, 1880 ondoko hamarraldian, eraiki ziren. Beste hainbeste gertatu zen frontoiekin: garai hartan eraiki zen adibidez Bilboko Euskalduna, Campos Elíseosen atzean. Txirrindularitza bezalako kirolek oso aldi oparoa izan zuten 1890-1910 bitartean Donostian, Atotxako belodromoan egin ziren nazioarteko lehiaketekin. Garai hartan hedatu ziren atletismoa eta crossa ere. Lehenengo crossak Bilbon eta Donostian egin ziren 1914an, eta 1919an egin zen aurrenekoz Behobia-Donostia arteko korrikaldia. Izan ere, gizaldi aldaketa hura izan zen mundu osoan kirolaren unea. Olinpiar Joko modernoak 1896an abiarazi zituen Coubertinek, Frantziako Itzulia 1903an jaio zen, eta sei urte geroago hasi zen Italiakoa. Euskal Herrikoa 1930 baino lehentxeago hasi zen, Excelsior bilbotar kirol aldizkariak antolatua.

Egunkari hori bera, 1924an sortua, kirolak ikuskizun gisa hartutako garrantziaren erakusgarri da. Excelsior izan zen Espainian argitaratu zen lehenengo kirol egunkari espezializatua, eta 20.000 ale argitaratzera ere iritsi zen; Euskal Herriko Itzulia eta gisako probak zirenean, hiru bider biderkatzen zen kopuru hori.

Futbola izan zen ordea, XX. mendearen lehen urteetatik aurrera, kirolik herrikoiena.

Athletic kluba 1898an fundatu zen, eta Erreala 1909an. 1930. urte inguruaneuskaldunak ziren Espainiako Liga –1928an hasia– jokatzen zuten hamar taldeetatik bost: aipaturiko biak, Irungo Real Unión, Arenas eta Alaves. 1935ean igo zen Osasuna lehen mailara. Hiru mila lagun ere mugitzen ziren partida bat ikusteko; sarrera txartelak pezeta bat balio zuen 1910ean. San Mames eta Atotxa futbol zelaiak orduan eraiki ziren, ikusle haiei leku egin eta negozio berriari irteera emateko. Ezin hobeto adierazten du futbolak klase gizarte berriak zer ekarri zuen. Sortu, jauntxoen entretenigarri sortu zen futbola, baina laster erakarri zuen ikuslego zabal bat; zelaietan eta zaletuen artean herritar xeheenak, erdi mailako klasea eta burgesia, denak batera elkartzen ziren. Era berean, talde jakin baten zale izateak hiriaren ezaugarriak mugatzeko ere balio izan zuen pixkana-pixkana, eta ageri dira jadanik garai hartako prentsan donostiarren eta bilbotarren arteko eztabaidak, klub baten edo bestearen aldeko agertuz.

Kirol ikuskizunaren merkatu berria, beraz, antzerkiarenari eta zinemarenari erantsi zitzaion. Masen kontsumoa oinarrizko produktuetara eta produktu berrietara heldu zen. Alde batetik, hirietako bizi baldintzen eta haien horniduraren hobekuntzarekin, hazi egin zen esne, haragi eta barazkien kontsumoa. Kontsumoa, gainera, dibertsifikatu egin zen; gai jakin batzuk saltzen zituzten denda espezializatuak zabaldu ziren, eta janari dendak geroago. Gai jakin bati edo kontsumo gaiei eskainitako dendak ere –idazteko edo josteko makinak, antigoaleko gauzak, ispiluak…– orduan hasi ziren ugaltzen; fenomeno bikoitz eta etengabe bat ageri da horretan ere, alegia, aldi berean gertatzen dira eskaintzaren espezializazioa eta horren berorren masifikazioa.

Prozesu hori, bestalde, berdin-berdin gertatu zen gainerako herrialde garatuetan ere: industrializazioak sekulako aldaketa eragin zuen “beharretan”, oinarrizko bizibeharrez bestelako premiak sortu baitzituen. Hala, elikatzea bezain nahitaezko bihurtu ziren tabernara joatea, erretzea, janztea, edota gizatalde haren jokabideetan parte hartzea, eta hori guztia kideen (edo kide izatea nahi zirenen) gizataldeari zegokion moduan.

Produkzioaren merketzea eta soldata errealen hobekuntzari esker, eskaintza eta masen eskaera adostu ahal izan ziren. Azkenik, merkatu eta produktu espezializatuak sortu ziren errenta handiagoko sektoreak hornitzeko, haien kontsumoaren osagai klasista eta hierarkikoaren erakusgarri ere bazirenak (automobilak, janzkiak, modaren garapena, produktu garestiak erostea…).

Kontsumo nabarmena deritzana da.

Bereizkuntza berez etorri zen, masak gizartearen baitan arautzeko. Gizarte klase bakoitzak zeinek bere bizilekua behar duela, eta gizarte maila desberdinek espazio kalitatez desberdinak behar dituztela erakutsiz,talde bakoitza alderdi urbanotik hezi nahi zen bezala, era berean zabaldu zen araudi hori bestelako gauzetara ere. Ikusi da hori hirigintzan eta kontsumoan, baina beste hainbeste gertatzen zen gizarte ohitura eta praktiketan. Masa kirolen ondoan, elite kirolak sortu ziren, klub dotoreetan egiten zirenak: Itsas Kluba, Nautikoa, Real Sporting Club, Sociedad Bilbaína (kulturaren eremuan), Club Alavés edo Vitoria Club, adibidez. Bela ontziak, tenisa, zaldiak eta automobil lehiaketak ziren ikuskari, kirol eta jardun berezi horiek. Antzerkian gertatzen zen bezalaxe, edota gerora futbol zelaietan gertatuko zen bezalaxe, bi mundu bereizten ziren, sarreren preziotik hasita: tribuna, palkoa eta butaka patioa batetik eta “oilategia” eta orotarikoa bestetik. Eta beharkizun berriek lehiaren izpiritua zekarten berekin. Bizitzeko borrokatik izatera iristeko borrokara pasa ziren, erdi mailako klaseak batez ere. Hala, burgesek uda Donostianematen baldin bazuten, gauza bera behar zuten egin haiek ere, baita miseriazko ostatua hartu behar bazuten ere, edota trenean joan, “billete de recreo” batekin, merkeagoa baitzen.

Hala bada, masen kultura hasi zen gizartean nagusitzen. Kultura hori era askotara gauzatzen zen, eta gizarte balio berriak zabaltzen zituen, hala adibidez dirua aurreztea, arrakasta izan eta gizartean gora egin nahia, edota, langileen artean, errespetagarritasuna erdietsi beharra. Kultura hori adierazpide berrien bitartez ezagutarazi zen, zinematografoaren bidez esate baterako –urrutiko herrietan produzituriko errealitateak eta mitoak hurbiltzen zituen–, edota, eta batez ere, prentsaren bidez. XIX. mendean zutenaren oso bestelako itxura hartu zuten garai honetan egunkariek. Horren adibide argienetako bat El Noticiario Bilbaíno da, 1875ean sortua, Echevarría familiarena.

Ideologiaz independentea zen –“diario imparcial” zioen azpitituluak–, eta haren ardura nagusia, batetik, politika gaiak eztabaidatzea zen –XIX. mendeko prentsan ohikoa zen eran–, eta, bestetik, irakurlego ahalik eta zabalenari informazioa eskaintzea.

Masen prentsa ordea, ideia batzuk defenditzeaz gainera, dirua irabazteko iturria ere bazen, eta, horregatik, itxura arinagoa zuen, eta profesionalagoak eta ugariagoak edukiak. Horrekin batera, leku gehiago hartu zuen publizitateak, eta hori, bestalde, jadanik aipatu diren beste gertaera batzuen errealitatearen adierazgarri da: masa kontsumoarena, edota gai espezializatuen salmentarena.

Bilboko “Noti” izan zen kalean saldu zen lehenengo egunkaria, eta horretxegatik beste tradizio zahar bat hautsi zuena, alegia, prentsaren salmenta harpidetzan oinarritzea.

Garraiobideen eta informazio igorgailuen iraultzak (telegrafoa, telefonoa…), eta inprentaren berrikuntzak, egunkari herrikoiak egiteko aukera ekarri zuten, orri gehiagorekin, merkeagoak, erakargarriagoak, tirada handiagokoak, eta albiste freskoago eta gero eta urrunagokoak zekarzkitenak.

Era horretan, gero eta leku zabalagoa hasi ziren hartzen gertuko jazoerak nahiz leku ezezagunetakoak; gauza bera gertatuko zen laster kirol, elkarrizketa, erreportaje, emakumeari eskainitako sailekin, argazki edota komikiekin. Euskal prentsaren modernizazioa, produktu gisa, eta negozio edo enpresa gisa, 1901ean berretsi zen, bi egunkari, ideologiaz guztiz kontrakoak, baina kalitatezkoak biak, agertu zirenean Bilbon: La Gaceta del Norte, katolikoa eta kontserbadorea, eta El Liberal, izenak dioenez liberala, baina, azkenean, errepublikazalea eta sozialista. Bilbotik kanpora, antzeko berrikuntzak izan ziren beste hiriburuetan ere: Gasteizen sortu ziren La Libertad (1890) eta Heraldo Alavés (1901);Donostian, La Voz de Guipúzcoa, errepublikarra, Jamar anaiek sortua (1885), eta El Pueblo Vasco, Picaveak fundatua (1903); Iruñean, Diario de Navarra (1903), Raimundo García “Garcilaso”k zuzendua, El Pensamiento Navarro (1897) baino askoz ere modernoagoa, El Pensamiento Navarro karlista baitzen, eta ikusmoldez XIX. mendekoa.

Iruñean liskar gogorrak izan ziren XX.. endearen hasieran La Nueva Navarra-ren –Basilio Lacort errepublikarrarena– eta La Vieja Navarra-ren artean. Horrek argi erakusten du zenbateraino zabaldu zen kontzeptu berri bat, alegia iritzi publikoa, zeina, formaz, aurreko gizaldiko kontzeptua bazen ere –egunkarien arteko eztabaida eta borroka politikoa–, beste aukera batzuekin adierazten zen oraingoan. Urte batzuk geroago, 1925ean, irrati igorgailuak sortu zirenez geroztik Bilbon eta Donostian, irratia ere sartu zen ordu arte prentsa idatziaren esku zegoen informazioaren eta eraginen munduan, bai konkurrentzia egiteko bai informazioa osatzeko.

Masa kontsumoa, masa kultura, masa bitartekoak… masa politika deritzanaren aitzindari izan behar zuten horiek denek. Gizonezkoek boto eskubidea izateak (1890), eta biztanle gehienen eskaerak alderdi, sindikatu eta era askotako elkarteen bidez egituratzeak, aldarazi egin zituzten pixkanapixkana ordu arteko politikaren formak eta kontzeptuak. Hasieran, masa alderdiak hasi ziren egituratzen, XIX. mendeko ohiko eliteko alderdiak ez bezalakoak. Euskal Herria primerako eszenatokia izan zen euskal sozialistak edo nazionalistak bezalako taldeak osa zitezen, lehenago karlismoarekin gertatu bezala; karlistena izan zen dudarik gabe, beren gogoz kontra seguraski, Espainiako lehen masa alderdia. Denen artean politikaren formak aldarazi zituzten: mitinak, kanpainak (XX. mende hasieran, Kontzertuenberrikuntza zela eta izandakoa, edota “giltzarrapoaren legea” izenaz ezagunagoa zen Erlijio Elkarteen Legea bideratzeko eztabaida), ospakizunak (Maiatzaren Lehena edo, geroago, Aberri Eguna), kontzentrazioak, manifestazioak, hautagaien barne aukera, hautatuen kontuen berri ematea, organizazioen baitako demokrazia, eta politikaren ohiko mugak gainditzen zituen gizarte sare baten antolamendua (kasinoak, batzokiak, herriko etxeak…), edota, gero eta gehiago, herria mugiarazteko, hunkigarritasunaren erabiltzea. Zentzu horretan, honela zioen Indalecio Prietok bere lehen masa agerraldian: “Ez dut fede handirik diskurtsuen eraginkortasunean, eta, nire ustez, mitin hauetara ez dago etortzerik filosofia kontuez jardutera, aitzitik, grinak piztera etorri behar da, orro egitera, sentimenduak gerrako turuten deiadarrekin ziztatzera, haien oihartzunak borrokaren berotasuna eraman dezan arimetara”. Sindikatuen hedatzea ere, haien aukeren eta kideen ugaritzea, dinamika horren parte da; orobat kanpainen eta perzepzioen berdintzea, gertaleku gero eta zabalago batean, herria gaindituta –gertaleku espainol batean betiere, euskal nazionalismoak edota lokalismo batzuek garrantzi handia izan arren–.

Nazio mailako kanpainak, hauteskundeak, greba orokorrak, 1905 edota 1906koak bezalakoak, arrakasta gutxikoak biak, edota 1917koa, langile gehienek egin zutena, denak dira politika egiteko eta ulertzeko modu desberdin horren adierazpide. Eta egoera berriak prozedurak berritzera behartu zituen ohiko eliteak, XX. mendearen hasieran izan zituzten galeren ondoren (hala, “La Piña” bizkaitarrak, edota gipuzkoar liberal-errepublikazale nahasketak); hala, garai bateko boto erostetik hautesle desberdin batekin solas egitera pasa behar izan zuten, masan egituratua egotearen babesa baitzuen. Horretan saiatu ziren hemen ere maurista, katoliko edo kontserbadore taldeak, gehienetan hala ere oso arrakasta esakasaz.

Hala bada, laburtuz, aldaketa isila eta etenik gabea gertatu zen XX. mende hasieran euskal gizarte urbanoetan. Errotiko aldaketa izan zen, jendearen, pertsona bakoitzaren bizimoduaren funtsari eragin ziona.

Aldaketa hori segituan antzeman zen hiri modernoenetan, Bilbon eta Donostian, mantsoago edo zailago, berriz, Gasteiz edota Iruñean, eta ez zen nabaritu, edo oso kasu bakanetan, herri txikietan, haietan beti bezain patxaratsu jarraitzen baitzuen bizimoduak, mundu urbanoaren ezaugarri ziren aglomerazio eta asalduratik urrun.

Bizitza, beraz, bere forma barrukoenetatik ari zen demokratizatzen, politikaren alorrean oraindik ere urte batzuk falta ziren arren aldaketa horiek sendotu ahal izateko.