Historia»Egungo aroa
Masa gizartea: hiritartzea eta ohiturak aldatzea
XIX. mendearen azkenetako eta XX.aren hasierako euskal gizarteak
eraldaketa handia jasan zuen. Biztanleriaren gorakada nabarmena
zela eta –hirietan batez ere–, gizarte masak lehen mailako faktore
bihurtu ziren. Espazioaren eta denboraren erabilpena aldatu egin ziren.
Euskal hiriak funtzionaltasun jakin baten arabera eratu ziren. Zorrotz
definitu zituen Adolfo Guiard margolariak Hego Euskal Herriko
hiriburuak: Bilbo, lantegi handi bat; Donostia, ostatu handi bat; Gasteiz,
sakristia handi bat. Iruñea falta da, orain probintzia bilakatutako erreinu
baten hiriburu zaharra. Azpiegitura sortze itzel bati ekin behar izan
zitzaion hirietan: kaleak, estoldak, zerbitzuak… Baina gizartearen
ohiturak ere aldatu ziren. Lantegiko ordutegiaren arabera antolatzen
hasi zen gizartea eta bizimodu berri bat nagusitzen joan zen, pixkaka,
lurralde guztian, hirian batik bat, eta askoz gutxiago herri txiki eta
nekazari kutsukoetan.XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren
lehen hamarraldietan, aldaketa sakon bat
gertatu zen Europako gizartean, maila desberdinetan,
baina euskal probintzietan ere
asko nabaritu zena. XIX. mendeko gizarte
tradizionala desagertu, eta beste bat sortu
zen, modernoagoa, biztanle masa noranahi
helduz eta aurreko ordena hautsiz. Aldaketa
horiek teknologia berri batzuen garapenarekin
zuten zerikusia, eta hortik sortu
da bigarren industria haustura-ren kontzeptua.
Produkzio sektore berriek –kimikoak
edo automoziokoak–, eta aurkikuntza
teknologikoen aplikazio praktikoek
–esaterako, elektrizitatearenak, altzairuarenak,
edo barne errekuntzako motorrarenak–,
ekonomiak aldarazi zituzten, kantitate
nahiz kalitatearen aldetik. Multzokako
produkzioaren hedatzearekin burutu zen
hori guztia; horren ondorioz, fabrikazio kostuak
merketu egin ziren, eta ugaritu merkaturako
egokituriko produktuak, halako
eran non lehen baino askoz erosle gehiagoren
eskura irits baitzitezkeen. Kontsumoa
ere masei zabaldu zitzaien beraz.
Biztanle masa –horixe da hitza–, gauza
guztien protagonista bihurtu zen, José Ortega
y Gasset filosofoak zabaldutako kontzeptuak
–masa gizartea–, edota haren obra
ezagunak –La rebelión de las masas (1930,baina prentsako artikuluetan 1927an argitaratzen
hasia)– adierazten duten bezala.
Ortegaren liburua pentsamendu joera
orokorrago batean txertatzen da; joera horrek,
alde batetik, gertaera berri bat aipatzen
du, aglomerazioena, eta egoeren berdintasun
izugarria salatzen, eta, beste alde
batetik, ondo adierazten ditu aldaketaren
perzepzioa eta aurreko eliteei gaineratu zitzaien
ezinegon eta larritasun sentimendua,
jendetza menderaezin batekin banatu behar
baitzuten orain eliteek espazioa eta gizarte
protagonismoa.
Aldaketak hazkunde demografiko nabarmen
batekin izan zuen hasieran zerikusia.
Hala, 1877an 745.883 biztanle izatetik
Hego Euskal Herrian, 1.096.650 izatera pasa
ziren 1920an, eta 1.237.593 1930ean. Leku
guztietan ez zen berdina izan biztanleen
ugaltze hori; aitzitik, prozesu honetan protagonista
izan ziren lekuetan gertatu zen
batez ere: hirietan. 1887 eta 1930 artean,
5.000 biztanle baino gehiagoko guneetan
bildutako biztanleria, Gipuzkoan, Bizkaian
eta Araban, %23,3 izatetik %40,4 izatera pasa
zen, eta %15,6etik %18,6ra Nafarroan. Bizkaia
izan zen kasurik nabarmenena: 1857ko
%14,8tik 1900eko %52,8ra pasa zen, eta
%70,4ra iritsi zen1930ean. XX. mendearen
hasieran baziren Bilboko hirian 83.306 biztanle,eta gainerako hiriburuei dagokienez,
Donostian 37.812 lagun ziren, eta Iruñean
eta Gasteizen berriz, hurrenez hurren,
28.886 eta 30.701.
Demografia hazkunde honekin batera
berrikuntza garrantzitsuak izan ziren, jendearen
bizimodua aldatuko zutenak: garraioak,
argindarra, masa egunkariak, kirolak,
zinema eta gisako ikuskizunak, edota
era guztietako elkarteen ugaltzea. 1890ean,
legezko izatea eman zien aldaketa horiei
denei gizonezkoen sufragio unibertsalak,
eta politikak berak ere aldatu behar izan
zuen. Modu horretan, eliteen politika baten
ordez, beste politika mota bat sortu zen,
herriaren protagonismoa kontuan hartu
behar zuena. Leku guztietan ez ziren berdinak
izan aldaketa horiek: oihartzun arina
izan zuten barnealdean, baina Bizkaian eta
Gipuzkoan oso azkar mamitu ziren, eta
baita hiriguneetan ere.
Espazioa
Beren ingurunearen itxura bera izan zen
euskaldunek aldatzen ikusi zuten aurreneko
gauza, hiri inguruen itxura batez ere.
Biztanleen ugaltze azkarrak hirien ohiko
mugak gainditu zituen, zabaldu egin behar
izan ziren. XIX. mendeko Zabaluneak,
beraz, nahitaezko bihurtu ziren, baita euskal
hirietan ere; baina, beharrarekin batera,
beste funtsezko alderdi bat ere aipatu
behar da: espazialki egituraturiko lekuak
ziren hiriak. Hiri berrien diseinuak, izan ere,
hiriaren eraikuntzan interesatuen zegoen
gizarte taldeari, burgesiari, erantzuten zion,
bere ondasun higiezinetan egindako inbertsioa
errentagarri bihurtzeko lekua ikusten
baitzuen burgesiak espazio berri horietan,
eta orobat gizartearen eta funtzioaren arabera
ordenatu beharreko leku bat ere, gizarte
klase bakoitzak eta produkzio funtzio
bakoitzak zeinek bere tokia izan zezan.
Ikus dezagun nola antolatu ziren hirien
plano desberdinak. Bilbon, gobernuaren
baimen baten eskutik etorri zen Zazpi Kaletradizionalen gainditzea, 1861ean, Abandoko
harana, ibaiaren bestaldean, beretu eta
okupatu ahal izateko. Pablo de Alzola, hiriko
alkate 1877an, Ernesto Hoffmeyer ingeniaria
edota Severino Achúcarro arkitektoa,
izan ziren, 1876ko proiektu batean oinarrituta,
Hiribide Handiaren bi aldeetara
zabaldu zen hiri berri haren eragile nagusiak.
Espazio horretan hasi ziren biltzen
aginpidearen nolakotasun berria eta politikaren,
erakundeen eta ekonomiaren funtzionaltasuna
definitzen zituzten gune eta
funtzioetako batzuk: Burtsa (1905), Diputazioa
(1900), La Bilbaína elkartea (1913),
egunkarien erredakzioak, banku eta bulego
batzuk (Komertziokoa edo Aznar ontziolena),
tren geltokia… Aldi berean, kalitatezko
espazio bat zen hura, burgesen etxebizitzentzat
gordea. Baina, biztanleen ugaltze
azkarraren ondorioz, eta espazio haren
eraikitze eta okupatze motela zirela-eta
–espekulazioagatik–, hiri bitxi bat taxutu
zen, gizarte talde muturrekoenak lur eremu
txiki batean elkartu zituena: talde burgesak
eta erdi mailakoak Hiribide Handiaren
aldamenetan; eta herri xehe pobreena
haien ondoan, Las Cortes, San Frantzisko
edo Bilbo Zaharra bezalako auzoetan (lehenengo
bi auzoetako biztanleria, 1.800
biztanletik 1870ean, 22.000ra pasa zen
1915ean).
Biztanle ugaltze horren ondorioz, gizarte
sektore ahaltsuena ekonomian, goi mailako
burgesia, beste eremu batzuera aldatu zen,
urrutirago, bere pribilejioei eutsi nahian.
Hala, aberatsenak Negurira joan ziren, eta
oro har, Getxo aldera. Baina beste hirietan
ez bezala, Bilboko parte zaharrak –Zazpi
Kaleak eta Arenalaren luzapena– ekonomia
eta komertzio ekimen handia izan zuen XX.. endea ondo sartu arte, eta, hala, dendak,baita luxuzkoak ere, eta Udala, Arriaga Antzokia,
El Sitio elkartea, kafetegiak edota
Bilboko Bankuaren egoitzak, ez ziren lekuz
aldatu, bertan gelditu ziren.
Modu horretan, gizarte klase bakoitzari
espazio bat egokitu beharraren arabera
geratu zen definitua Bilboko hiriaren okupazioa,
aipaturiko salbuespenekin izan bazen
ere (urte gutxiren buruan, gauzak berriro
pentsatu beharra ekarriko zuten salbuespen
horiek). Nolanahi ere, zehatz definitua,
eginkizunen arabera, geratu zen Nerbioi
inguruko eremu osoaren eraikuntza:
hiriburua bera ekonomia eta administrazio
gune gisa, eta egoitza leku nahasi samar
baten moduan, geratu zen antolatua; ezkerraldea
erabat finkatu zen fabriken eta langileriaren
etxebizitzen egoitzarako; eta talde
burgesen egoitza bihurtu zen batez ere
eskuinaldea. Itsasadar osoa, eta ez Bilbo
bakarrik, geratu zen beraz espazialki egituratua.
Donostian, berriz, harresiak eraitsi ondoren
–1863-1864 urteetan– hasi ziren Zabalunea
eraikitzen. Urbanizatze eta eraikitze
lanak, baina, ez ziren 1890-1915 arte
osorik bukatu. Donostiako parte zaharra
txikia zen, eta inguruko lurrek ez zuten
ekonomia arazorik sortzen, udalarenak,
estatuarenak eta armadarenak baitziren.
Gainera, beste zenbait eremu erabilgarri
bihur zitekeen itsasoari edo ibaiari lurra irabazi
ondoren. Hori zela-eta, oso txukun lotu
ziren hiri zaharra eta berria, eta Udalak ez
zuen diru gehiegi gastatu beharrik izan
etorkizuneko hiria definitzen (lehenengo
zabaldiko 70 hektareetatik San Martin kaleko
lauretan bakarrik jo behar izan zen desjabetzera).
Nolanahi ere, hiriari berehala
eman zitzaion funtzionaltasuna da Donostiako
kasuaren ezaugarri nagusia. Segituanikusi zen turismoa negozio errentagarria
zela. Kalkuluen arabera Donostiak, 1894-
1898 bitartean, 16.007 bisitari hartzen zituen
udan (uztaila-iraila bitartean, eta batez ere
abuztuan), eta 59.495, berriz, 1920-1924
urteetan. Bi datutan antzematen da turismo
haren goi maila: 1910ean Gipuzkoa zen
telefono gehien zituen Espainiako probintzia
(15 telefono mila biztanleko), eta Donostiak,
udan, Bilbo oparoak baino automobil
matrikula gehiago zituen (434 batak
eta 226 besteak, XX. mendeko bigarren
hamarraldian). 1887an errege familiak Donostia
hautatu zuenetik udako egoitza finko
gisa (lehendik ere sarritan etorria zen), etxegintzaren
negozioek eta horiei loturikoek
(ostatuak eta abar) finkatu zuten Donostiako
hiriaren burges izatea –ez bakarrik, inola
ere, donostiar burgesiarentzat, baita kanpokoarentzat
ere–, eta, modu horretan, hiriko
ustiaketa gai nabarmenenaren zerbitzura
jarri zen osorik hirigintza, Kontxaren zerbitzura
alegia. Lortu nahi zen estetika burges
hark beste interes batzuk baztertu zituen,
baina, azkenean, interes haiek ere baliatuko
ziren inguru osoaren edertasunaz. Baina
ekonomiaren sektore apalenek inguruko
auzoetara jo behar izan zuten (Gros aldera
edo Antiguara), edo, gehienera ere, hiriko
leku pobreenetan geratu behar izan zuten
(parte zaharrean). Era berean, hiriaren egitura
berezia zela eta, ez zen Bilbon bezain
nabarmena izan goi mailako klaseen urruntzea,
eta Ategorrietako pasealekua edo antzeko
batzuk aipa daitezke, aipatzekotan.
Gasteizek 1865ean jarri zuen abian bere
lehenengo Zabaltze proiektua, burdinbidea
iritsi eta handik urte betera. Badira Gasteizen
xehetasun batzuk Zabaltzearen paradigmaren
hipotesia adieraz dezaketenak.
Erdi Aroko hiri zaharra, mendixka baten
gainean baitzegoen, erabat bereizita geratu
zen hiri berritik, hegoalderantz zabaldu baitzen
hau, Olaguíbel arkitektoaren eraikuntza
neoklasikoen (gaurko hiriaren ardatzak
diren Plaza Berria edo Espainiakoaren eta
Los Arquillos delakoarena) eta tren geltokiaren
artean. Funtzionaltasunari dagokionez,
eskema klasikoak errepikatu zituzten
batak zein besteak: hiri zaharra herri xehearen
egoitza eta bazterreko jardunentzat
geratu zen (tabernak, apustu lekuak…), eta
talde burgesek hartu zuten bizilekua hiri berrian,
espazioaren hierarkia berria seinalatzen
zuten eraikuntza guztiak ipinita (kasinoak
eta zirkuluak, egunkariak, bankuak,
kafetegiak, merkatua, erakunde publikoak…);
aldi berean, hiriko sektore guztien
sozializazio eremu nagusia bihurtu zen
hiri berria (han ziren pasealekuak, dantzaleku
publikoak, kaleko solasak…). Bizi eta
ingurugiro baldintzetan bataren eta bestearen
arteko aldeak zirela-eta, desberdinak
ziren hilkortasun tasak ere. Izan zen Gasteizen
ere lurraren espekulaziorik, industriainbertsioarekin baino gehiago zor publikoaren
negozioarekin ohituago zegoen
burgesia baten aldetik (horren adierazgarri
geratu da Geltokiko kalearen traza, gaurko
Eduardo Dato kalea); eta Gasteizen ere aldendu
ziren ekonomia talde indartsuenak,
hiriko parterik hegoaldekoena, burdinbidea
baino haruntzagokoa hartu baitzuten XIX.. endearen bukaeratik aurrera, beren txalet
eta guzti.
Iruñea, bestalde, oso berandu arte izan
zen defentsa hiria, Frantziaren eta penintsularen
arteko igarobidearen giltzarria baitzen,
eta, hala, 1888. urtea arte aipatu ere
ez zen egin harresi eraisterik hiria zabaltzeko.
Lehen zabaltzea, edo Zabalune Zaharra,
oso mugatua izan zen –hain zuzen
ere, harresiak bota gabe egin zelako–, eta
ez zion irtenbiderik eman hiriaren arazo
handienetako bati, etxebizitzen eskasiari.
Hain espazio mugatuak –Gotorlekua eta
parte zaharreko hiru guneak: San Zerningo
burgua, San Nikolas eta Nafarreria–, hiru
etxe sailetarako besterik ez zuen eman, eta
eraikuntza batzuentzat: Justizia Jauregia,
alondegia, Musika Akademia, Arte Eskola,
Vïnculo (haren orubeetan eraiki zen Postetxea)
eta koartel berriak. Bigarren zabalditik
aurrera bakarrik –hegoaldeko harresia
botata (1915), eta eraikuntza lanak hasi
ondoren (1929)– hitz egin daiteke Iruñeko
hiri espazioaren benetako zabaltzeaz. Zabaltze
lanak ez ziren hala ere XX. mendearen
erdialdea arte osorik bukatu. Nolanahi
ere, 1940-1950 hamarraldian oraindik, bi
zabaldiak ez ziren Erdi Aroko gune zaharra
baino handiagoak. Bigarren zabaluneak
damero formako egitura hartu zuen, zeharkako
bi ardatzekin, XIX. mendeko espainiar
zabalune guztien antzera, eta beste hiru
euskal hiriburuen modura. Baina zabalune
horien eraikuntzaren atzerapena zela-eta,
eta eremu horren eta hiriaren lehen gunearen
tamaina berdintasunagatik, parte zaharrak
gorde zuen funtzio nagusitasuna, eta
haretxek jarraitu zuen eraikuntza nagusien
eta eguneroko bizitzaren sozializazioaren
gertaleku gisa. Aldi berean, beste aglomerazio
batzuk sortu ziren aldirietan, harresiez
kanpo: Errotxapea –1936an jada 4.500
biztanle zituen–, eta La Magdalena –1901etik
aurrera biak–, San Joan eta San Jorge.
Horrela bada, ekonomia eta gizarte
eginkizun jakin batzuei egokitu zitzaien
euskal hiri bakoitza. Garai hartako margolari
batek, Adolfo Guiardek, primeran agertu
zuen banaketa hori: “Bilbo fabrika ikaragarri
bat izaten ahalegintzen zen, ostatu ikaragarri
bat Donostia, eta Gasteiz sakristia
ikaragarri bat”. Iruñea falta da, erreinu baten
mendeetako hiriburua, XIX. mendearen
lehen herenean probintzia bihurturiko erreinuarena;
gogoetazko unibertso oso baten
hiriburua, Nafarroarena. “…baserritarra, ofiziala
eta militarra, lasaia, sosegatua, lokartua”ia, esan uzen Urabayenek. “Barneko
beste hiri bat”, probintzianoa, Gasteiz bezala:
“…historikoa, txukuna, ederra, baketsua”,
“eliza baten barnearen itxura agurgarria
eta mistikoa” zuena (Arantzazuko fraide
batek deskribatu zuen bezala 1914. urte
inguruan).
Beste gauza bat da biztanle masa ugari
etengabeak sorturiko nahaste-borrasteari
eman beharreko erantzuna. Gizarte klase
bakoitza bere lekuan ezarririk, ondo mugatuak
geratu ziren hiri espazioak, eta araututa
lur eremuak, halako eran non lekuaren
ezaugarri berezietan bere burua ezagut
baitzezakeen talde bakoitzak: parte zaharrak
edo aldiriak herri xehearentzat, erdi
mailako klase eta burgesiarentzat zabaldiak,
eta aldiri berezi batzuk goi mailako burgesia
eta jabe handientzat. Azken talde horrek
berehala agertu zuen gainerakoetatik
bereizteko asmoa, bere eremua hautatuz eta
hari bizi maila goragoa emanez. Neguriko
etxe handien itxurak, edo Gasteizko hegoaldeko
pasealekukoenak, Max Weberren hitzetan,
karisma errutina bihurtzeko balioa
izan zuten, hau da, hizkuntza sinboliko
baten bitartez denei ikustarazteko zein talderen
esku zegoen aginpidea, etxeen arkitektura
arrandiatsuan adierazita. Gizarte
masaren mehatxuaren aurrean, nahastearen
eta espazio publikoak inbaditzeko mehatxu
haren aurrean, mugatu eta arautu beharra
zegoen lur eremua, alegia, leku jakin
bat mugatu behar zitzaion gizarte klase bakoitzari.
Hiriek, azkenik, azpiegitura eta zerbitzu
lan garrantzitsuak egiten hasi behar izan
zuten urte haietan, eta ikaragarri hazi ziren
udal aurrekontuak: 1880 eta 1880 artean,
bikoiztu egin ziren Gasteizen, eta lau aldiz
biderkatu Donostian eta Bilbon. Asko etaaskotarikoak ziren biztanleria biderkatzen
ari zen hiriguneen beharrak. Ur hornidura
eta estoldak izan ziren konpondu beharreko
lehen arazoetako batzuk. Bilbok 1924
arte ez zuen konpondu ur horniduraren
arazoa, hau da, Ordunteko urtegia egin zen
arte. Urte horietan beretan zebiltzan Gasteizen
Gorbeiakoak eraiki nahian, nahiz eta
1884 ezkeroztik ur horiekin hornitzen zen
hiria; XX. mendearen hasieran Elgeako
mendietatik ekarritako urak erantsi zitzaizkien
Gorbeiakoei. Uraren arazoa oso larria
zen Iruñean, eta 1893-1896 inguruan
konpondu zen, Subitzako urei Artetakoak
erantsi zizkietenean. Donostiako udalak
milioi bat pezeta gastatu zuen ahalegin
horretan 1895-1896ko ekitaldian. Estolda
sareak, bestalde, pixkana-pixkana ezarri
ziren, baina hirietako ibai eta erreketan izan
zituzten luzaroan isurbideak. Azaldu beharrik
ere ez dago estolden auziak hirietako
hilkortasun tasan zituen ondorioak; ingurugiro
arazoak zirela-eta, hiri inguruetako
hilkortasun tasa landa inguruetakoa baino
handiagoa zen oro har, nahiz eta hiriek sendagintza
maila hobea izan. Zentzu horretan,
garrantzitsua izan zen halaber hilerriak
hirietatik kanpo eraikitzea: Donostiak
1875ean eraman zuen berea kanpora, eta
Bilbok XX. mendearen hasieran eraiki zuen
Deriokoa.
Industria hirien beste ezaugarri bat instalazio
mordo nahasi baten agertzea izan
zen: burdinbide sareak lurrean, hari elektrikoak
zeruan, telefono alanbreak, argi
publikoko farolak, hiri garraioak, erlojuak,
publizitate irgarkiak… Argi publikoa, gasezkoa
aurrena eta argindarrezkoa gero,
XIX. mendearen hasieran hasi zen hirietan
zabaltzen. 1860ko hamarraldiaren inguruan
ezarri zen lehena, baina argindarrezkoa ezzen mendearen bukaera arte iritsi: 1898an
Gasteiza, urte bete geroago Donostiara eta
1880ko hamarralditik aurrera Bilbora, nahiz
eta 1903an gasezko argi publikoa estreinatu
zen Zabaldian. Hiriko garraioek,
tranbiek, Donostia edo Bilbo bezalako hiriak
hartu zituzten pixkana-pixkana; gurdiekin
edo zaldiek tiratutako omnibusekin edo
“odolezko tranbiekin” lehenbizi, 1877tik
aurrera (Bilbotik Algortara) eta 1882tik aurrera
(Bilbotik Santurtzira); argindarrezkoak
gero, 1896tik aurrera. Donostian 1886an
sortu zen Tranbiaren Konpainia, hura ere
abereekin lehenbizi, eta argindarrarekin
gero (1897). Hornidura azokak, hala Gasteizkoa
(1900), alondegiak, Bilbokoa adibidez,
ospitaleak, Basurtokoa esate baterako
(Epalza arkitektoarena; hark egina da Derioko
hilerria ere), zubiak, eraikuntza publikoak…
horiek izan ziren euskal hirietako
paisajea errotik aldatu zuten beste eragileetako
batzuk.
Denbora
Gizabanakoen eta gizataldeen bizimodua
kokatzen den beste parametroaren aldaketa
–denborarena– denboraren beraren
bestelako perzepzio batek eragin zuen. Biztanle
masaren agerpenak eta horren ondorioak
aldatu zuten espazioa; denbora, berriz,
bizitzeko erritmo desberdin batek, lastertasunak,
aldarazi zuen; lastertasuna, bestalde,
hainbat teknologia aplikatzearen emaitza
zen. Ondo asko konturatu zen hortaz
Ildefonso Cerdá, ingeniaria eta urbanista, aipatzen
baitzuen jada 1860an “zibilizazio berri
bat, ezaugarri nagusiak mugimendua eta komunikatzeko
ahalmena dituena”.Garraioa –masa garraio merkea– dago
aldaketa horien oinarrian. Euskal Herriko
burdinbide sarea trinkoagoa egin zen hasierako
sare nazionalen eskualdekako garapenarekin.
1880ko hamarraldiko azken
urteetatik aurrera lotu ziren, bide estuko
burdinbide berrien bitartez, Euskal Herriko
hainbat eskualde eta hiri elkarrekin. Era
horretan lur eremua ordenatu egin zen eta
trukeak –gaien, pertsonen nahiz ideien
trukeak– erraztu, joan-etorriak askoz laburragoak
baitziren. Langileek eta enplegatuek
ez zuten jada lantoki inguruan bizi beharrik.
Beste hainbeste gertatzen zen goi mailako
burgesiarekin, eta, hala, Areeta edo
Neguriko aldi baterako egoitzetan eman
ahal izan zuen urte osoa, “ingelesen modura”
biziz, batere arazorik gabe mugituz
aisialdi gunetara (golfera, Itsas Klubera…)
edota negozio gunetara (Bilbora).
Automobilak areagotu egin zuen joera
hori, eta halako berezitasun eta banakotasun
kutsu bat erantsi zion aldi berean. Garraio
publikoak zekarren jokabide berdintasunaren
aurrean, garraio pribatuak denbora
nork bere gogara erabiltzeko aukera
eman zuen. XIX. mendea bukatzen ari zela
iritsi zen lehenengo automobila Bilbora.
Beste hainbeste esan daiteke telefonoaz,
harekin denbora errealean egiten baitzen
komunikazioa. Gipuzkoak, espainiar ranking-ean
aurrena, eta Bizkaiak, laugarrena,
berehala heldu zioten modernotasunaren
ikur berri horri.
Jokabide gehienak geratu ziren lastertasunaren
mende. XIX. mendeko ohitura
burges patxadatsuen lekua –paseoa, ibilaldia,
irakurketa, musika entzunaldia, solasaldia,
mahai jokoak…– beste ohitura askoz
ere zalapartatsuago batzuek hartu zuten:Ameriketatik zetozen dantza zaratatsuetatik
hasi (fox-trot-a, txarlestona…), eta zinema
ikusi edo kirolak egiteraino. Tabernak ziren
–haiseran “barra amerikanoak” deitzen
zitzaien– gizarte harremanak erraz, laster,
klase bereizkuntzarik gabe egiteko lekuen
adierazgarri behinenak, eta pixkana-pixkana
lekua kendu zieten XIX. mendeko kafetegi
estatikoei. Antzerkia bera ere gainbehera
hasi zen zinematografoaren agerpenarekin.
Kirolen erakargarritasuna –futbola,
txirrindularitza, crossa, mendizaletasuna…–
eragin handiko gizarte fenomenoa gertatu
zen: 1913an bi estadio inauguratu ziren
Bilbon –San Mames eta Deportivo–, eta bat
Donostian –Atotxa–. Lau zinema areto zabaldu
ziren Donostian urte haietan. Belaunaldien
arteko harremanak apur bat lasaitu
ziren gurasoen eta seme-alaben arteko
zukakoarekin, eta emakumea independentzia
eskuratzen hasi zen, ordu arte bakarrik
gizonezkoei zegozkien ohiturak –erretzea,
adibidez– bereganatuz.
Kirolaren “asmaketa” da aldaketa hauen
guztien agerpen adierazkorrenetako bat, bai
praktikari bai ikuskizun berria izateari dagokionez.
Izan ere, une honetan sortu zen
indar handiz ikuskizunaren kontzeptua.
Pilota edo zezenak bezalako agerraldiak
aspaldidanik ziren Euskal Herriko entretenimendu
ohikoak. Hirien zabaltzeak, ikusleen
ugaltzeak eta merkataritzak zezen plaza
berriak zabaltzea ekarri zuen: Donostiakoa
1903an eta Gasteiz, Iruñea eta Bilbokoak
lehenago, 1880 ondoko hamarraldian, eraiki
ziren. Beste hainbeste gertatu zen frontoiekin:
garai hartan eraiki zen adibidez Bilboko
Euskalduna, Campos Elíseosen atzean. Txirrindularitza
bezalako kirolek oso aldi oparoa
izan zuten 1890-1910 bitartean Donostian,
Atotxako belodromoan egin ziren nazioarteko
lehiaketekin. Garai hartan hedatu
ziren atletismoa eta crossa ere. Lehenengo
crossak Bilbon eta Donostian egin ziren
1914an, eta 1919an egin zen aurrenekoz
Behobia-Donostia arteko korrikaldia. Izan
ere, gizaldi aldaketa hura izan zen mundu
osoan kirolaren unea. Olinpiar Joko modernoak
1896an abiarazi zituen Coubertinek,
Frantziako Itzulia 1903an jaio zen, eta sei
urte geroago hasi zen Italiakoa. Euskal
Herrikoa 1930 baino lehentxeago hasi zen,
Excelsior bilbotar kirol aldizkariak antolatua.
Egunkari hori bera, 1924an sortua, kirolak
ikuskizun gisa hartutako garrantziaren
erakusgarri da. Excelsior izan zen Espainian
argitaratu zen lehenengo kirol
egunkari espezializatua, eta 20.000 ale argitaratzera
ere iritsi zen; Euskal Herriko Itzulia
eta gisako probak zirenean, hiru bider
biderkatzen zen kopuru hori.
Futbola izan zen ordea, XX. mendearen
lehen urteetatik aurrera, kirolik herrikoiena.
Athletic kluba 1898an fundatu
zen, eta Erreala 1909an. 1930. urte inguruaneuskaldunak ziren Espainiako Liga –1928an
hasia– jokatzen zuten hamar taldeetatik
bost: aipaturiko biak, Irungo Real Unión,
Arenas eta Alaves. 1935ean igo zen Osasuna
lehen mailara. Hiru mila lagun ere mugitzen
ziren partida bat ikusteko; sarrera txartelak
pezeta bat balio zuen 1910ean. San
Mames eta Atotxa futbol zelaiak orduan
eraiki ziren, ikusle haiei leku egin eta negozio
berriari irteera emateko. Ezin hobeto
adierazten du futbolak klase gizarte berriak
zer ekarri zuen. Sortu, jauntxoen entretenigarri
sortu zen futbola, baina laster erakarri
zuen ikuslego zabal bat; zelaietan eta zaletuen
artean herritar xeheenak, erdi mailako
klasea eta burgesia, denak batera elkartzen
ziren. Era berean, talde jakin baten zale izateak
hiriaren ezaugarriak mugatzeko ere
balio izan zuen pixkana-pixkana, eta ageri
dira jadanik garai hartako prentsan donostiarren
eta bilbotarren arteko eztabaidak,
klub baten edo bestearen aldeko agertuz.
Kirol ikuskizunaren merkatu berria,
beraz, antzerkiarenari eta zinemarenari
erantsi zitzaion. Masen kontsumoa oinarrizko
produktuetara eta produktu berrietara
heldu zen. Alde batetik, hirietako bizi baldintzen
eta haien horniduraren hobekuntzarekin,
hazi egin zen esne, haragi eta
barazkien kontsumoa. Kontsumoa, gainera,
dibertsifikatu egin zen; gai jakin batzuk
saltzen zituzten denda espezializatuak zabaldu
ziren, eta janari dendak geroago. Gai
jakin bati edo kontsumo gaiei eskainitako
dendak ere –idazteko edo josteko makinak,
antigoaleko gauzak, ispiluak…– orduan hasi
ziren ugaltzen; fenomeno bikoitz eta etengabe
bat ageri da horretan ere, alegia, aldi
berean gertatzen dira eskaintzaren espezializazioa
eta horren berorren masifikazioa.
Prozesu hori, bestalde, berdin-berdin gertatu
zen gainerako herrialde garatuetan ere:
industrializazioak sekulako aldaketa eragin
zuen “beharretan”, oinarrizko bizibeharrez
bestelako premiak sortu baitzituen. Hala,
elikatzea bezain nahitaezko bihurtu ziren
tabernara joatea, erretzea, janztea, edota
gizatalde haren jokabideetan parte hartzea,
eta hori guztia kideen (edo kide izatea nahi
zirenen) gizataldeari zegokion moduan.
Produkzioaren merketzea eta soldata errealen
hobekuntzari esker, eskaintza eta masen
eskaera adostu ahal izan ziren. Azkenik,
merkatu eta produktu espezializatuak
sortu ziren errenta handiagoko sektoreak
hornitzeko, haien kontsumoaren osagai klasista
eta hierarkikoaren erakusgarri ere bazirenak
(automobilak, janzkiak, modaren
garapena, produktu garestiak erostea…).
Kontsumo nabarmena deritzana da.
Bereizkuntza berez etorri zen, masak
gizartearen baitan arautzeko. Gizarte klase
bakoitzak zeinek bere bizilekua behar duela,
eta gizarte maila desberdinek espazio
kalitatez desberdinak behar dituztela erakutsiz,talde bakoitza alderdi urbanotik hezi
nahi zen bezala, era berean zabaldu zen
araudi hori bestelako gauzetara ere. Ikusi
da hori hirigintzan eta kontsumoan, baina
beste hainbeste gertatzen zen gizarte ohitura
eta praktiketan. Masa kirolen ondoan,
elite kirolak sortu ziren, klub dotoreetan
egiten zirenak: Itsas Kluba, Nautikoa, Real
Sporting Club, Sociedad Bilbaína (kulturaren
eremuan), Club Alavés edo Vitoria Club,
adibidez. Bela ontziak, tenisa, zaldiak eta
automobil lehiaketak ziren ikuskari, kirol
eta jardun berezi horiek. Antzerkian gertatzen
zen bezalaxe, edota gerora futbol zelaietan
gertatuko zen bezalaxe, bi mundu
bereizten ziren, sarreren preziotik hasita:
tribuna, palkoa eta butaka patioa batetik eta
“oilategia” eta orotarikoa bestetik. Eta beharkizun
berriek lehiaren izpiritua zekarten
berekin. Bizitzeko borrokatik izatera
iristeko borrokara pasa ziren, erdi mailako
klaseak batez ere. Hala, burgesek uda Donostianematen baldin bazuten, gauza bera
behar zuten egin haiek ere, baita miseriazko
ostatua hartu behar bazuten ere, edota
trenean joan, “billete de recreo” batekin,
merkeagoa baitzen.
Hala bada, masen kultura hasi zen gizartean
nagusitzen. Kultura hori era askotara
gauzatzen zen, eta gizarte balio berriak
zabaltzen zituen, hala adibidez dirua aurreztea,
arrakasta izan eta gizartean gora egin
nahia, edota, langileen artean, errespetagarritasuna
erdietsi beharra. Kultura hori adierazpide
berrien bitartez ezagutarazi zen,
zinematografoaren bidez esate baterako
–urrutiko herrietan produzituriko errealitateak
eta mitoak hurbiltzen zituen–, edota,
eta batez ere, prentsaren bidez. XIX. mendean
zutenaren oso bestelako itxura hartu
zuten garai honetan egunkariek. Horren
adibide argienetako bat El Noticiario Bilbaíno
da, 1875ean sortua, Echevarría familiarena.
Ideologiaz independentea zen –“diario imparcial” zioen azpitituluak–, eta haren
ardura nagusia, batetik, politika gaiak
eztabaidatzea zen –XIX. mendeko prentsan
ohikoa zen eran–, eta, bestetik, irakurlego
ahalik eta zabalenari informazioa eskaintzea.
Masen prentsa ordea, ideia batzuk defenditzeaz
gainera, dirua irabazteko iturria
ere bazen, eta, horregatik, itxura arinagoa
zuen, eta profesionalagoak eta ugariagoak
edukiak. Horrekin batera, leku gehiago
hartu zuen publizitateak, eta hori, bestalde,
jadanik aipatu diren beste gertaera batzuen
errealitatearen adierazgarri da: masa
kontsumoarena, edota gai espezializatuen
salmentarena.
Bilboko “Noti” izan zen kalean saldu
zen lehenengo egunkaria, eta horretxegatik
beste tradizio zahar bat hautsi zuena,
alegia, prentsaren salmenta harpidetzan oinarritzea.
Garraiobideen eta informazio igorgailuen
iraultzak (telegrafoa, telefonoa…),
eta inprentaren berrikuntzak, egunkari herrikoiak
egiteko aukera ekarri zuten, orri
gehiagorekin, merkeagoak, erakargarriagoak,
tirada handiagokoak, eta albiste freskoago
eta gero eta urrunagokoak zekarzkitenak.
Era horretan, gero eta leku zabalagoa
hasi ziren hartzen gertuko jazoerak
nahiz leku ezezagunetakoak; gauza bera
gertatuko zen laster kirol, elkarrizketa, erreportaje,
emakumeari eskainitako sailekin,
argazki edota komikiekin. Euskal prentsaren
modernizazioa, produktu gisa, eta negozio
edo enpresa gisa, 1901ean berretsi
zen, bi egunkari, ideologiaz guztiz kontrakoak,
baina kalitatezkoak biak, agertu
zirenean Bilbon: La Gaceta del Norte, katolikoa
eta kontserbadorea, eta El Liberal, izenak
dioenez liberala, baina, azkenean, errepublikazalea
eta sozialista. Bilbotik kanpora,
antzeko berrikuntzak izan ziren beste
hiriburuetan ere: Gasteizen sortu ziren La
Libertad (1890) eta Heraldo Alavés (1901);Donostian, La Voz de Guipúzcoa, errepublikarra,
Jamar anaiek sortua (1885), eta El
Pueblo Vasco, Picaveak fundatua (1903);
Iruñean, Diario de Navarra (1903), Raimundo
García “Garcilaso”k zuzendua, El Pensamiento
Navarro (1897) baino askoz ere
modernoagoa, El Pensamiento Navarro karlista
baitzen, eta ikusmoldez XIX. mendekoa.
Iruñean liskar gogorrak izan ziren XX.. endearen hasieran La Nueva Navarra-ren
–Basilio Lacort errepublikarrarena– eta La
Vieja Navarra-ren artean. Horrek argi
erakusten du zenbateraino zabaldu zen kontzeptu
berri bat, alegia iritzi publikoa, zeina,
formaz, aurreko gizaldiko kontzeptua
bazen ere –egunkarien arteko eztabaida eta
borroka politikoa–, beste aukera batzuekin
adierazten zen oraingoan. Urte batzuk geroago,
1925ean, irrati igorgailuak sortu zirenez
geroztik Bilbon eta Donostian, irratia
ere sartu zen ordu arte prentsa idatziaren
esku zegoen informazioaren eta eraginen
munduan, bai konkurrentzia egiteko bai informazioa
osatzeko.
Masa kontsumoa, masa kultura, masa
bitartekoak… masa politika deritzanaren aitzindari
izan behar zuten horiek denek. Gizonezkoek
boto eskubidea izateak (1890),
eta biztanle gehienen eskaerak alderdi, sindikatu
eta era askotako elkarteen bidez egituratzeak,
aldarazi egin zituzten pixkanapixkana
ordu arteko politikaren formak eta
kontzeptuak. Hasieran, masa alderdiak hasi
ziren egituratzen, XIX. mendeko ohiko eliteko
alderdiak ez bezalakoak. Euskal Herria
primerako eszenatokia izan zen euskal
sozialistak edo nazionalistak bezalako taldeak
osa zitezen, lehenago karlismoarekin
gertatu bezala; karlistena izan zen dudarik
gabe, beren gogoz kontra seguraski, Espainiako
lehen masa alderdia. Denen artean
politikaren formak aldarazi zituzten: mitinak,
kanpainak (XX. mende hasieran, Kontzertuenberrikuntza zela eta izandakoa,
edota “giltzarrapoaren legea” izenaz ezagunagoa
zen Erlijio Elkarteen Legea bideratzeko
eztabaida), ospakizunak (Maiatzaren
Lehena edo, geroago, Aberri Eguna), kontzentrazioak,
manifestazioak, hautagaien
barne aukera, hautatuen kontuen berri
ematea, organizazioen baitako demokrazia,
eta politikaren ohiko mugak gainditzen zituen
gizarte sare baten antolamendua (kasinoak,
batzokiak, herriko etxeak…), edota,
gero eta gehiago, herria mugiarazteko,
hunkigarritasunaren erabiltzea. Zentzu horretan,
honela zioen Indalecio Prietok bere
lehen masa agerraldian: “Ez dut fede handirik
diskurtsuen eraginkortasunean, eta,
nire ustez, mitin hauetara ez dago etortzerik
filosofia kontuez jardutera, aitzitik, grinak
piztera etorri behar da, orro egitera,
sentimenduak gerrako turuten deiadarrekin
ziztatzera, haien oihartzunak borrokaren berotasuna
eraman dezan arimetara”. Sindikatuen
hedatzea ere, haien aukeren eta kideen
ugaritzea, dinamika horren parte da;
orobat kanpainen eta perzepzioen berdintzea,
gertaleku gero eta zabalago batean,
herria gaindituta –gertaleku espainol batean
betiere, euskal nazionalismoak edota lokalismo
batzuek garrantzi handia izan arren–.
Nazio mailako kanpainak, hauteskundeak,
greba orokorrak, 1905 edota 1906koak bezalakoak,
arrakasta gutxikoak biak, edota
1917koa, langile gehienek egin zutena,
denak dira politika egiteko eta ulertzeko
modu desberdin horren adierazpide. Eta
egoera berriak prozedurak berritzera behartu
zituen ohiko eliteak, XX. mendearen
hasieran izan zituzten galeren ondoren
(hala, “La Piña” bizkaitarrak, edota gipuzkoar
liberal-errepublikazale nahasketak);
hala, garai bateko boto erostetik hautesle
desberdin batekin solas egitera pasa
behar izan zuten, masan egituratua egotearen
babesa baitzuen. Horretan saiatu ziren
hemen ere maurista, katoliko edo kontserbadore
taldeak, gehienetan hala ere oso
arrakasta esakasaz.
Hala bada, laburtuz, aldaketa isila eta
etenik gabea gertatu zen XX. mende hasieran
euskal gizarte urbanoetan. Errotiko
aldaketa izan zen, jendearen, pertsona bakoitzaren
bizimoduaren funtsari eragin ziona.
Aldaketa hori segituan antzeman zen
hiri modernoenetan, Bilbon eta Donostian,
mantsoago edo zailago, berriz, Gasteiz
edota Iruñean, eta ez zen nabaritu, edo oso
kasu bakanetan, herri txikietan, haietan
beti bezain patxaratsu jarraitzen baitzuen
bizimoduak, mundu urbanoaren ezaugarri
ziren aglomerazio eta asalduratik urrun.
Bizitza, beraz, bere forma barrukoenetatik
ari zen demokratizatzen, politikaren
alorrean oraindik ere urte batzuk falta ziren
arren aldaketa horiek sendotu ahal izateko.