Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Egungo aroa

Liberalismoa, sozialismoa, euskal nazionalismoa

I. Errepublikaren deuseztea, 1874ko urtarrilaren 3an, garai hartako grabatu baten arabera.<br><br>

Industriak ekarri zituen gizarte aldaketen adierazgarri, batez ere Bizkaian, hiru talde politiko berezi sortu ziren probintzia horretan, denborarekin sendotu eta Bizkaitik at ere zabaldu zirenak.

Monarkiazaleek «industriako kapitainak» ordezkatzen zituzten, aurreko merkatari burgesia aginpidetik baztertu zuen meatze eta lantegi handietako burgesia, alegia. Sozialistak, nolabait ere, sindikatuetan antolatutako langileriarekin identifikatzen ziren. Euskal abertzaleek, hasieran, industriak bere estatusetik baztertutako gizarte sektorea ordekatzen zuten, aurrez izandako nortasunaren galeragatik kezkatutako herritar sektorea.Eredu politiko berri bat sortzea izan zen Hego Euskal Herriak XIX. mende bukaeran izan zuen bilakaera historikoaren ezaugarri berezietako bat. Eredu hori Bizkaian jaio zen, eta harritzekoa da zer azkar sortu zen. Haustura gogorra ekarri zuen eredu politiko tradizionalekiko, eta, epe erdira, eragina izan zuen Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan. XIX. mende osoan ia –1830. urteaz geroztik, behinik behin–, Euskal Herriko politikak tradizionalismoaren eta liberalismoaren arteko bikoiztasuna izan zuen ardatza; tradizionalismoak karlismoa izan zuen ordezkari, liberalismoa, berriz, joera askotakoa izan zen (progresistak, moderatuak, errepublikazaleak, baina liberalismo foruzalea zen liberalen arteko joera nagusia, pentsaeraz monarkikoa, konstituziozalea, baina aldi berean foru batzuk iraunaraztearen aldekoa).

Bipolarizazio politiko hori bat zetorren gizartearen antolamenduarekin, eta, hala, bi joera politiko nagusi horiek pentsaeraz zeharo kontrajarriak ziren mundu banatan sustraitu ziren. Oro har esan daiteke karlismoa baserri giroan errotu zela, eta liberalismoa, berriz, higikunde zeharo hiritarra izan zela. Lotura hori ez da guztiz zehatza, bai baitzeuden talde liberalak eta tradizionalistak ekonomiaren eta gizartearen aldetik desberdinak ziren eremuetan, baina hemen azpimarratu nahi duguna da bikoiztasun politiko hori bat zetorrela, oinarrian, gizartearen pluralismoarekin, bai baitziren bi gizarte esparru elkarrengandik zeharobereziak, nork bere balio eskala, bere hierarkizazio sistemak eta baita bere jokabide ereduak zituela. Baserri giroaren eta kale giroaren arteko aldeari zegokion bereizkuntza hura; kale giroa kapitalismo liberalaren ereduen baitan zegoen ordurako, eta merkatariek menderatzen zuten; baserri giroak, berriz, lurraren jabetza zuen norberaren gizarte maila neurtzeko elementu garrantzitsuena, eta ohitura tradizionalekiko atxikimendua zuen ezaugarri nabarmenetako bat.

Bipolarizazio politikoa gizarte pluralismoak sortua zen, alegia, jokabidez eta antolamendu irizpideez desberdinak ziren gizarte bereziek: funtsezko ezaugarri horri esker ulerdaiteke ia XIX. mende osoan Euskal Herriak izan zuen bilakaera historikoa.

Azken karlistaldiaren bukaeran, 1876an hain zuzen, Hego Euskal Herria bat zetorren, oro har, arestian deskribatu dugun gizarte banaketa horrekin. Tradizionalistak liberalen kontra. Karlismoa liberalismo foruzalearen kontra. Hego Euskal Herriko ekonomia modernizatzen hasia bazen ere –berrogeita hamarreko hamarralditik aurrera banku, burdinbide eta industria jarduera berriak sortzen ari ziren–, gizartea eta politika azken mende erdiko ereduei zegozkien.

Karlistaldiaren ondorengo urteetan Hego Euskal Herriko politikak zituen ezaugarri nagusiak berrogeita hamar urte lehenagoko berberak ziren funtsean.

Nolanahi ere, 1900 ingururako, mende laurden geroago, alegia, aldaketa sakonak gertatuak ziren. Higikunde politiko berriak elkarren arteko lehian ari ziren, nork eragin handiagoa izango euskal gizartean.

Euskal nazionalismoa, langile higikunde sozialista, baita liberalismoaren kontzeptu berri bat ere nagusitu ziren liberalismo-karlismo bipolarizazio tradizionalaren ordez.

Izan ere, tradizionalismoak iraun egin zuen, baina bi zatitan banatua, karlismoa eta integrismoa, eta horiek jarraitu zuten izaten indar politiko nagusiak Euskal Herriko eskualde askotan. Era berean, hiri batzuetan kontzeptu liberalek ez zuten aldaketa handirik izan. Horrek ez du esan nahi XIX.. endeko azken bi hamarraldietan izan ziren aldaketak erabatekotzat har daitezkeenik.

Garrantzi handikoak izan ziren, gerora bipolarizazio tradizionala ordezkatu zuen eredu politiko berri bat sortu zuten neurrian.

Aldaketa horiek Bizkaian hasi ziren, baina, handik hamarraldi gutxira, probintzia horretan sortu ziren higikundeek Hego Euskal Herriko politika baldintzatu zuten.

Pluralismo politiko berri bat sortu zen, ezaugarri modernoak zituena, eta hiru joera nagusiren arteko lehian oinarritua: sozialismoa, euskal nazionalismoa eta liberalismo monarkikoa, berehala jarrera españolistak aldeztu eta foruzaletasunetik urrunduz joan zena. Horiek izan ziren karlismo-liberalismo bikoiztasun tradizionala ordezkatu zuten hiru ardatz berriak. Pluralismo moderno horren sorrerak ez zuen, noski, XIX.. endean nagusi izan ziren etsaitasunen amaiera goizetik gauera ekarri, ezta Bizkaian ere. Hori dela eta, 1900 inguruan, eta hurrengo hamarraldietan, oso konplexua zen Hego Euskal Herriko egoera politikoa. Indar eta higikunde sorreraz eta pentsamenduz elkarren oso desberdinak zeuden eremu berean. Joera berriak joera tradizionalei nagusitzen ari zitzaizkien, baina joera berri horiek hazten eta gaina hartzen joan baziren ere, joera tradizionalek beren eragin eremuei eutsi zieten, nahiz eta indarra galtzen joan.

Nolanahi ere, XIX. mendeko azken hogeita bost urteek arestian aipatu ditugun hiru higikunde horien sorrera azkarra izan zuten ezaugarri Euskal Herrian, nazionalismoaren, sozialismoaren eta liberalismo españolistaren sorrera, alegia. Pluralismo politiko berri bat zen hura, arestian esan dugun bezala. Hitz horren adierarik erabatekoenean.

Zeren eta pluralismo hori bat baitzetorren, karlismo-liberalismo bikoiztasuna bezala, gizartearen eta ekonomiaren aldetik zeharo bereizita zeuden gizarteekin.

Bestela esanda, hura ez zen izan soil-soilik higikunde politiko berrien sorrera hutsa.

Garrantzizkoena zen joera politiko horiek benetako gizarte pluralismo baten ondorio zirela, gizarte eta ekonomia eremu desberdinen isla, alegia, bakoitzak bere antolamendu, pentsamolde eta, nahi izanez gero, gizarte arazoen ikuspegi berezia zuela.

Mundu berezien gizarte bat sortu zen, eta talde politiko berrien sorrera izan zen horren ondorio nabarmenena.

Prozesu horretan gertatzen da euskal pluralismo berri horren sorreraren bizkortasuna eta erabatekotasuna. Lehen esan dugun bezala, gizarte eta ekonomia eremu berrien sorreran ditu prozesu horrek sustraiak.Horregatik, sorrera hori ezin da soilsoilik azaldu ideologia berriak, dotrina berriak, lider berriak agertu zirela esanez.

Ideologien erabideak eta liderren jarduerak eragina izan zuten, halabeharrez, higikunde berri horien asmo historiko zehatzetan.

Baina higikunde horien sorreraren, izatearen eta baita ere oinarrizko jardunbideen barne logika, hiru joera politiko nagusi eta kontrajarri, gizarte pluralismo berri baten sorreraren isla gisa, XIX. mendeko azken bi hamarraldietan Bizkaian ia batera sortu izanaren sakoneko arrazoietan bilatu behar da.

Kontuan har bedi aldaketa politikoak lasterragotu egin zirela, iraultzailetzat ere jo daitekeen prozesu batean, baldin eta lastertasun handiko aldaketak iraultzailetzat jotzen badira. Oso adierazgarria da hiru higikunde berri horiek garai bertsuan sortu izana. 1890: Greba Handia, Bizkaiko meategietako lehen greba modernoa, elkartasunez Nerbioi aldeko industria osoan eragina izan zuena. Gertaera hori langile mugimenduaren abiapuntutzat har daiteke, lehenengo elkarte sozialistak sortu eta handik urte gutxira. 1893: Sabino Aranak bere jarduera politikoa hasi zuen, ideia nazionalistak zabalduz, Vizcaya por su independencia idazlana argitaratu zuenean. 1893- 1895: Bizkaiko burgesiak protekzionismoaren aldeko borroka hasi zuen; ohiko liberalismo foruzalearen ordez, beste kontzeptu liberal bat sortu zen berehala, euskal industriarentzat babesa eskatzen zuena, eta, horretarako, nazionalismo espainol sortu berriarekin identifika zitezkeen kontzeptuak beretu zituena. Hori dena oso azkar gertatu zen, ia aldi berean. Eta gertaera hori ezin da argitu ideologiaren eta politikaren bilakaeren mailara mugatutako azalpen sinpleen bidez. Aitzitik, azalpen osoa behar du, kontuan harturik, gainera, Bizkaiaren barne antolamenduaren aldaketek sortu zutela gizarte pluralismo hori.

Guztiarekin ere, ez dago hari bakarreko azalpenik. Ezin du egon, hain dira garrantzitsuakXIX. mendearen azken hamarraldian izan ziren aldaketak. Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuko zuen pluralismoa sortu zuten bideak era askotakoak izan ziren. Hala ere, faktore batzuk erabakigarriak izan ziren, eragin handia izan baitzuten aipatzen ari garen aldaketetan. Eta, faktore horien artean, bada bat beste guztiei gailentzen zaiena: Bizkaiak, karlistaldiaren ondoren hain zuzen ere, bizi izan zuen industrializazio azkarra, meatokien goraldiaren eraginez. Aberaste prozesua oso azkarra izan zen, ikusgarria. Haren ondorioak ere ohi ez bezalakoak izan ziren, egitura ekonomikoak sakon eta errotik aldatu zituzten neurrian.

Bat-batean, ahalmen ekonomiko ordu arte ezezaguna izan zuen burdinaren etekinak metatu zituen burgesia berriak. Burgesiaren aberaste eta ondasun metatze horrek Bizkaiko produkzio antolamendua aldatu zuen, mozkinak industriara bideratu baitzituen –lehenik, Nerbioiko ezkerraldeko siderurgietara–, elkarte anonimo berrietara –enpresa eredu hori 1890az geroztik nagusitu zen, baina aurreko hamarraldian ere izan zuen indarrik, kontuan hartu gabe gerra arteko garaian bide horretatik egin ziren inbertsio gutxiak–, bankuetara, burdinbideetara, ontzioletara… Harrezkero ezer ez zen berdina izango. Burgesia berri hura –Bilboko oligarkia–, burdinari esker sortua, saiatu zen Bizkaiko gizarteko goi mailara iristen, bai lortu ere. Betiko burgesia merkataria, Bilbok ederretsiak zituen hirigintza ezaugarriei luzaroan eutsi izan ziena, ez zen, izan ere, desagertu. Baina, 1890 inguruan, beste errealitate bat nagusitu zen. Burdina ustiatuz eta salduz aberastu ziren taldeek nagusitasun ekonomikoa iritsi zuten. Berehala egon ziren prest beren diru ahalmen gero eta handiagoa gizartearen eta politikaren alorretara eramateko.

Baina hori ez da, oraingoz –Bizkaiaren ekonomia eta gizarte antolamendu berrian eragina izan bazuen ere–, interesatzen zaiguna.

Garrantzitsuena da burgesia horreninbertsioak Bizkaiko gizartearen eta ekonomiaren antolamendua errotik eta betirako aldatzeko gauza izan zirela. Milaka eta milaka langile etorri ziren Bizkaira meatokietan lan egitera. Ezkerraldeko fabrika berri handiek ehundaka langile hartu zituzten –enpresa batzuek 3.000 langile ere hartu zituzten, La Vizcaya, Altos Hornos de Bilbao, zertxobait gutxiago San Francisco enpresak–.

Horietako langile gehienak, meatzariak adibidez, etorkinak ziren. Meatzariez eta industriako langileez gainera, Bilbo enplegatuz bete zen, industria berrien premiak hartaratuta.

Fenomeno hori ezin daiteke bakartuta aztertu. Garrantzi handiko ondorioak izan zituen gizarte tradizionalean, gizarteak aurre egin behar izan baitzien berrikuntza horiei guztiei. Eman dezagun datu bat: 1876 inguruan, 30.000 bat biztanle zituen Bilbok.

1900 inguruan, berriz, 80.000tik gora. Uste izan daiteke bizimodu tradizionalei atxikita zeudenak, edo, are gehiago, bizimodu horiek idealizatuta zeuzkatenak ez zirela hain aldaketa handiaz ohartu? Eta, beraz, gizartearen eta ekonomiaren aldaketa haiek ondorio kontrajarriak izan zituzten, ezin definituzkoak direnak gertaerak hari bakarreko ikuspegi batetik soilik aztertuz. Joera tradizionalei atxikitako sektoreek aurka egin zioten maketoen inbasioari. Bizkaiko meatzari guneetan eta Sestao, Barakaldo eta Bilboko fabrika eremuetan bizileku hartu zuten etorkinek mundu berezi bat eratu zuten, bere elkartasun kontzeptuak, bere elkarte politikoak, bere klase kontzientzia zituena. Eta burgesia industriala? Bere mundu propioa sortu zuen, Bilboko burgesiaren jauregiek 1910 inguruan Negurik, burgesia horren bizileku nagusiak, ordezkatzen zuen mundu hori baino hamarraldi batzuk lehenago bizilekua hartua zuten burgesen udaleku gisa sorturiko Areetan, eta Indautxuko edo Campo Volantín-eko txaletetan.

Burgesia industrialak orobat sortu zuen bere erantzun ideologikoa.

Dena oso azkar gertatu zen, zalantzarik gabe. Baina gertakizun horien ondorioak iraunkorrak izan ziren. Bilbo, XIX. mende bukaera: hori izan daiteke hurrengo mendea ulertzeko gakoa. Kulturak, jokabideak, tentsioak gurutzatu ziren; muturreko mundu bat sortu zen. Baina, horrexegatik agian, Bilbo inguru hura sormen handiko leku bihurtu zen. XX. mende bukaeran ezin da agian euskal nazionalismoa ulertu Goierri eta Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazari guneak kontuan hartu gabe. Baina egia da higikunde hori sortu zela –erantzun bat izan zen, dudarik gabe– XIX. mende bukaeran Bilbo larri hartan nahastu ziren kultura eta bizimoduen arragoan. Ez bakarrik nazionalismoa.

Baita ere errepublikanismoa, liberalismo monarkikoa –nazionalismo espainiar sortu berria, alegia–, sozialismoa… Uler al daiteke euskal nazionalismoaren erradikalizazioakontuan hartu gabe langileak, enplegatuak, goi mailako eta erdi mailako burgesak, bere bizimodua galtzen ari ziren eskulangileak eta haien ordez sortu ziren fabrika jabe berriak eremu txiki batean bildu zituen gizarte hiritar kontzentratu haren sorrera azkarra? Nolanahi ere, hamar edo hogei urteko epean bat-batean sortu ziren tentsioen irudi lauso bat besterik ez dezake eman interpretazio historikoak. Baina badago aztertzea higikunde berri haiek beren ideologia nola eratu zuten, eta higikunde bakoitzak nolako harremana izan zuen fenomeno berarekiko, Bizkaiak bizi izan zuen industrializazio prozesuarekiko, alegia.

Kapitalismo industrial berriak liberalismoaren aldaera berri baten sorrera bultzatu zuen. Aldaera horrek gobernuaren politika jakin bat aldezten zuen, Espainia zuena ardatz. Industria egitura berriak sendotzeko behar ziren muga zergen baldintzak aztertzeak ekarri zuen liberalismoaren joera horren sorrera. Industria gizon berriek protekzionismoa aldeztea izan zen enpresa gizonen arabera definitutako nazionalismo espainiarra ekarriko zuen bilakaera ideologiko baten lehen urratsa. Langile talde berriek, bestalde, beren ideologia sortu zuten.

Langile higikunde sozialista sortu zen. Higikunde horren erreibindikazioak eta pentsakera ulergarriak dira, baldin eta kontuan hartzen badira lehenengo industrializazioak langileei sortu zizkien bizi baldintza zailak.

Aldaketa ekonomikoek euskal gizarte tradizionalean sortu zuten erreakzioak euskal nazionalismoa izan zuen ordezkari.

Euskal nazionalismoak, karlismoak ez bezala, kontuan hartzen zituen bere sustraiak galbidean ikusten zituen mundu tradizionalean ekonomiaren modernizazioak izan zituen ondorioak.

Hiru higikunde berri horiek fenomeno berari, industrializazioari, erantzuten zioten, eta gizarte esparru desberdinak islatzen zituzten, zeinek bere arazo propioak zituztenak.

Hiru joera politiko horiek ziren, gainera,industriarekin batera hedatzeko joera zutenak. Joera bakarrak ez baziren ere, liberalismo berria, euskal nazionalismoa eta langile higikundea dira Errestaurazio eta II.

Errepublika garaiko euskal politikaren pluralismoaren adierazlerik onenak. Langile higikundeak eta euskal nazionalismoak masa mugimenduaren tankera hartu zuten.

Liberalismoa presio talde gisa antolatua zegoen, ez zegoen herrian sustraitua, baina aginpidea kontrolatzen zuen: Errestaurazioaren sistema politikoa, jauntxokerian oinarritua baitzen, aldeko izan zuen.

Facundo Perezagua sozialista, Sabino Arana nazionalista eta Víctor Chávarri industria gizona eta politikaria izan ziren pluralismo berriaren sorrera bultzatu zuten hiru liderrak. Gizarte eta ekonomia aldaketei eman beharreko erantzun politikoak haien esku egon ziren.

 

Espainiar nazionalismorantz

Liberalismo españolistaren sorrerak azterketa berezia behar du, II. Errepublika arte hegemonia politikoa haren esku egon zelako, besteak beste. Bilboko burgesiaren zati handi bat hasierako jarrera foruzaleetatik espainiar nazionalismorantz eraman zuen bilakabidea –eta euskal gizarte osoko goi mailako jendearen jarrera politikoetan eragina izango zuena–, XIX. mendearen azken hamarraldian hasi zen, protekzionismoaren aldeko higikundea Bizkaian indarra hartzen hasi zenean. Ondorio politiko sakonak izan zituen. 1891tik aurrera, Bizkaiko ia burgesia osoa higikunde hartara bildu zen, helburu bakarrarekin: zerga mugen bidez estatuak babes zezala Espainiako produkzioa, Espainian bertako produktuak bakarrik kontsumi zitezen.

Bizkaian nagusi zen taldeak Espainiako merkatuaren «nazionalizazioa» eskatu zion estatuari, XIX. mendearen erdialdean librekanbismoa indarrean jarri zenez geroztik atzerriko industriak bereganatua baitzuen merkatu hori. Siderurgiak sektore gisa zuen interesak behartu zuen Bizkaiko kapitala protekzionismoaren aldeko jarrera hartzera.

Baina jarrera hartze horrek Espainia osoa hartuko zuen higikunde politiko batean sartzera eraman zuen bertako burgesia, Kataluniako, Andaluziako, Asturiaseko eta Madrilgo protekzionismoaren aldekoekin batera. Gainera, talde horien argudioak espainiar nazionalismoaren aitzindariak izan ziren. Egitasmo nazionalista bat lantzen hasi zen Bizkaiko burgesia Espainiako ekonomiaren garapenerako, «España para los españoles.

¡Viva el trabajo nacional!» eta era horretako esaldiak ikurtzat harturik. Merkatuaren batasuna proiektu ideologiko etapolitiko bihurtu zen. Hala, euskal burgesia liberalarentzat protekzionismoaren aldeko joera zubi ideologiko bat izan zen, eta zubi horri esker zeharkatu ahal izan zuen ia XIX.. ende osoan aldeztu zuen foruzaletasunaren eta XX. mendeko aldi garrantzitsu batzuetan bere egin zituen joera españolisten arteko bitartea.

80ko hamarraldiaren bukaeran Bizkaiko siderurgian izan zen berrantolatzeak protekzionismoaren aldeko usteak zabaldu zituen talde burgesen artean. Siderurgia batzuek, Vizcayak eta San Franciscok, besteak beste –1878an eta 1882an sortuak, beren produkzioa esportatzeko– berrantolatzea erabaki zuten Espainiako merkatuan saldu ahal izateko. Eta, beraz, protekzionismoa Bizkaiko ekonomia gidatzen zuten taldeen premia bihurtu zen.

Itsas armadarentzat ontzi batzuk eraikitzeko lehiaketa izan zen helburu hori lortzeko lehenengo ekimena. Lehiaketa hori Martínez Rivas San Francisco siderurgiaren jabeari adjudikatu zioten 1888an, Bizkaiko industria gizonen presioari esker. Horrela egiaztatuta geratu zen estatuari presioa egiteak negozioen errentagarritasuna gehitzeko balio zuela. Eta presio hori egin ahal izateko, Bizkaiko ordezkaritza politiko nagusiak beretu zituzten industria gizonek.

Kontserbadoreek aginpidea eskuratzearekin batera, berehala agindu zuten protekzionismoaren aldeko arautegi bat. Hala, 1891ren bukaeran zerga mugen legea kaleratu zuten. Lege horrek ondorio garrantzitsuak izan zituen Bizkaian. Politikan eta ekonomian joera berriak nagusitzen ari ziren garai hartan enpresa berri batzuk sortu ziren, Espainiako merkaturako produzitzekoasmoarekin. Ekimen horiek aldaketa ekarri zuten zerga mugen auziaren nondik norakoan. Jokoan zegoena ez zen jada siderurgiako enpresa gizon handien –gutxi batzuen, hala ere– interes jakinak. Kapitalista talde handi bat zegoen prest elkarte berrien bideragarritasunaren alde borrokatzeko.

Oro har, zerga mugen araudi berri hori nahiko ondo onartua izan zen. Bizkaiko industria gizonentzat bazuen, hala ere, kezkabiderik: gobernuak, merkataritza hitzarmenen bidez, zerga mugak behera zitzakeen; eta burdinbideetarako materiala inportatzeko tarifa bereziak mantendu egin ziren, produkzio hori, beraz, babesik gabe geratu zela.

1892an Bilboko siderurgia nagusiek protesta handiak egin zituzten, besteak beste: Sociedad Altos Hornos de Bilbao, «Vizcaya», Iberia, Sociedad de Talleres de Deusto, Aurrera, Talleres de Zorroza. Bilboko Merkataritza Ganbarak ere higikunde horretan parte hartu zuen. Baina lehenengo mobilizazio handia 1893an izan zen, gobernuari merkataritza hitzarmenak egiteko eskubidea ematen zion klausularen aurka protesta egiteko. Arazo horrek protekzionismoaren aldeko sektore guztietan zuen eragina, ez bakarrik siderurgian. Bilboko industria gizonak Kataluniako burgesiarekin batera borrokatu ziren, trebatuagoak baitziren horiek mota horretako presio politikoetan.

Alemaniarekin eta Italiarekin egindako hitzarmenaren sinadurak sortu zuen protesta hori. Hitzarmen horrek 1891ko zerga mugak baino askoz tarifa apalagoa ezartzen zuen, eta zerga muga horiek baliogabeturik uzten zituen. 1893ko abuztuan negoziatuzituen hitzarmen horiek gobernu liberal berriak. Bizkaiko industria nagusien ordezkariek bilkura handi bat egitea erabaki zuten, eta Fomento del Trabajo Nacional erakundearekin jarri ziren horretarako harremanetan.

Bilkura hura Bilbon egin zen, Antzoki Berrian (Arriagan), abenduaren 9an; protekzionismoaren aldeko Espainiako ordezkari asko bildu zituen, eta hari esker Bizkaiko burgesia eragin handiko presio talde gisa eratu zen. Mobilizazio ahalmen handia frogatu zuten, eta, hala, Espainiako protekzionismoaren aldekoen gidari izan ziren. Pablo Alzolak, higikunde horren ideologo nagusiak, harro asko esan zezakeen higikunde horretako 718 bazkide eta jarraitzaileak Espainia osoko 194.000 langileren ordezkari zirela.

1893ko mitineko hitzaldi batzuek ondo definitu zituzten higikunde haren ezaugarri ideologiko batzuk, eragin handia izango zutenak Bizkaiko burgesiak gerora izango zituen iritzietan. Horien artean aipagarria da ekonomiaren gidariek Espainia osoa ordezkatzen zutelako ustea. Sistema politiko liberalaren ikuspuntu bitxi bat nagusitu zen, enpresa gizonek guztiz zilegitzat zeukatelarik aginpidean eragina izatea. Protekzionismoaren aldekoen ikuspegitik, beren nahiak nazioaren benetako interesak ziren.

1893an jada definituta zuten euskal enpresa gizonek nazioaren sendotasuna eta ekonomiaren aurrerabidea parekatzen zituen espainiar nazionalismoa. Oso-osorik gaitzesten zuten enpresa gizonek politika, eta beraiek proposatzen zuten kudeatze ustez hobea kontrajartzen zioten. Uste horren arabera, politikoak ziren Espainiaren beheraldiaren erantzuleak. Euskal industria gizonen proposamenetan igarri zitekeen, baita ere, Espainiako ekonomiari eredu autarkiko bat ezarri nahia. Horretarako, hala zioten euskal enpresa gizonek, Espainiako sektore ekonomiko guztiek protekzionismoaren gerizan egon behar zuketen. Garbi esan gabe bada ere, liberalismo ortodoxoa ukatzen zuten, hain zuzen ere, helburu politiko nagusia gizabanakoaren askatasuna zuen hura.

Bizkaiko siderurgia babesteko eskakizunetik abiaturik, Bizkaiko burgesia proiektu nazionalista espainiar bat antolatzen ari zen, enpresa gizonen iritzi eta jarrerei lotua.

Espainiar nazionalismo berri baten sorrera igartzen zen, bada, politikoak politiko izate hutsagatik gaitzetsi, eta, beren buruari Espainiaren interesen ordezkaritza egokiena irizten ziotenez, politika ekonomikoa antolatzeko bere burua guztiz zilegitua ikusten zuen eskuin ekonomikoaren premien mende egongo zena.

Bizkaiko burgesiak gogor ekitea erabaki zuen protekzionismoa lortzeko. Bere helburuak merkataritza hitzarmenak ezabatze hutsa baino areagokoak ziren. Protekzionismoa hamarraldi batez mantentzea eta indarrean zeuden zerga mugei zegozkien pribilejioak kentzea eskatzen zuen. Errestaurazioaren funtzionamendu politikoa ondo ezagutzen zuenez, argi zegoen jardunbidea zein zen: presio talde iraunkor gisa antolatuta egotea eta aginpidea txandaka eskuratzen zuten alderdietako kideengan eragina izatea, beren ideia politikoak nagusitu zitezen. Horrela sortu zen Liga Vizcaína de Productores erakundea, Katalunia, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Asturiaseko ordezkariekin batera Liga Nacional de Productores erakundean sartu zena.

Liga horrek etengabe egin zuen presioa iritzi publikoagan, eta ohartarazten zion gobernuak kutsu librekanbistako neurriren bat hartzen zuenean. Bizkaiko «indar biziak» ere antolatu zituen, protekzionismoa aldezterakoan senadoreei eta diputatuei indarra eman ziezaieten. Azkenik, etengabeko zalaparta eta iskanbila giroa sortu zuen, mitinen, prentsa kanpainen eta Bilboko enpresen eta elkargoen protesten bidez. Merkataritza Ganbarak, Bizkaiko Diputazioak, Bilboko Udalak… Liga-ren eskakizunei erantzun zieten une batean edo bestean.

Negoziazio korapilatsuen ondoren, uztailaren 13an gobernuak behin betiko utzi zuen merkataritza hitzarmenen proiektua.

Liga Vizcaína de Productores elkartea ez zen desagertu. Interesgarria da 1894tik 1896ra sortu zituen iskanbilei erreparatzea.

Industria gizon katalanek edo Espainiako beste lurraldeetakoek ez zioten euskal burgesiari zeregin horretan ia lagundu. Bere helburu berriak –burdindibideen sektorearen pribilejioak kentzea– ez zuen eraginik Espainiako industria multzo osoan, ez behintzat merkataritza hitzarmenek adina.

Sektore jakin baten erreibindikazioa zen hura, ia soil-soilik Euskal Herriko siderometalurgiari zegokiona.

Egoera berri horren adibide garbia da Bizkaiko enpresa gizonek protekzionismoaren aldeko borrokan egin zuten ekitaldi nagusia: 1895eko urtarrilaren 20an Bilboko Campos Elíseos antzokian egin zuten mitina. Ekitaldi hura bertakoena eta bertakoentzat izan zen: bizkaitar hizlariak zerga mugek Bizkaiko industrian zuten eraginaz eta horrek sortzen zuen arazoaz hizketan.

Hori bai: Liga Vizcaína de Productores elkarteak klase sozial guztiena bailitzan aurkezten zuen bilkura hura, ez soil-soilik ugazabena zen ekimen baten gisara. 7.000 lagun bildu ere zituzten, langileak gehienak, gobernuari egiten zitzaion presioaren indargarri.

Burdinbideen tarifa bereziak kentzea ere erreibindikatu zuten. Eta, baita ere, prozedura politikoetan funtsezko aldaketak egitea.

Protekzionismoaren aldeko kanpainak berehala ekarri zuen estatuak ekonomian esku hartu behar zuelako erreibindikazioargia. Besteak beste, eskatzen zuten, adibidez, lan publikoetarako eta estatuaren zerbitzuetarako materialak hornitzerakoan Espainiako produktuak bakarrik onar zitezela.

Jardunbide politikorako prozedura berriak ere hasi ziren nagusitzen. Mitin hartako ondorioak gobernari zibilari helarazi zitzaizkion. Eta presio politikoa egin zitzaion ez bakarrik gobernuari, gorteei edo aginpidean txandaka ziharduten alderdiei, baita erreginaordeari berari ere; hala, langileen ordezkaritza bat bidali zitzaion, protekzionismoaren aldeko mezu baten emaile. Jardunbide horrek eragin politiko handiagoa izan zezakeen, nazioko aginpide gorenari egiten baitzitzaion, aginpidean txandaka aritzen ziren alderdiak baino goragokoari, alegia.

Cánovasek 1895eko martxoan Sagasta ordezkatu zuenean euskal burgesiak helmenean eduki zituen, eta behin betiko, bere erreibindikazioak. 1896ko irailean lortu zituen, gorteek burdinbideei laguntzeko legea onartu zutenean. Aldez aurretik, Bizkaiko industria gizonek mobilizatuak zituzten Liga de Productoresi atxikitako senadore eta diputatuak, eta mehatxu ere egin zuten fabrikak itxiko zituztela, baldin eta burdinbideetarako materialaren inportazio zerga gutxitzen zuten tarifa bereziak erabat baliogabetzen ez baziren. Víctor eta Benigno Chávarriren eta Casa Torreko markesaren ahaleginek burdinbide enpresen eta librekanbisten presioari nagusitzea lortu zuten.

1896ko legeak hobekuntza handia ekarri zion azkenean guztiz babestua zegoen industria siderurgikoari. Zerga mugaren estatus berriari esker, Espainiako industria siderurgikoak urrats handi bat egin zuen kartelizazio prozesuan. 1897ko otsailean sinatu zen Convenio o Sindicato de fabricantes para la venta de hierros y aceros, produktore guztien arteko hitzarmena, alegia, merkatua elkarren artean banaturik, aukera ematen ziena, Espainiako merkatua bakartzeko joera zuen protekzionismoaren aldeko arautegi hari esker, indarrean zeuden prezio altuez ahalik eta gehien baliatzeko.

Protekzionismo hark, hitzarmen monopolista hari esker ezin hobeki baliatuak, emaitza ikusgarriak egin zizkion Bizkaiko siderurgiari. 1899an Altos Hornos de Bilbao eta Vizcaya fabriken irabaziak inbertitutako kapitalaren %20ra iritsi ziren, eta hurrengo urteetan ere irabaziak kopuru bertsukoak izan ziren. 1897 arte Labe Garaien irabaziak %7 ingurukoak izaten ziren, eta Vizcayarenak, berriz, %5 ingurukoak. Euskal Herrian ez zen ordu arte industriarik izan bi siderurgia horiek XIX. mendeko azken bi urteetan lortu zituztenak bezain munta handiko irabazirik lortu zuenik. Hurrengo urratsa enpresa kontzentrazioa izan zen, konkurrentzia suntsitzea helburu, eta horretarako Altos Hornos de Vizcaya sortu zen,bi siderurgia nagusiak eta metalurgia bat elkarturik. Bizkaiko burgesia handia gidari zuen egoera politiko berriak ezaugarri nagusi hauek zituen: Madrilgo aginpidearen baitan sartuta egotea, «protekzionismoaren bost urteetan» arrakastaz saiatutako presiobideak baliatzea eta estatuak ekonomian esku har zezan eskatzeko korporazioek egin zuten politika.

Izan ere, euskal burgesiak hartu zuen bidearen berezitasuna ez zetzan mende bukaera hartan zituen jarrera ideologikoetan, 1870 inguruaz geroztik era horretako pentsaerak nagusi baitziren Europa osoan, Ingalaterran izan ezik. Jarrera haren berrikuntza hauxe zen, pentsaera monopolistak iritsi zirela, baina tartean ez zela egon enpresaren alorrean indibidualismoaren apologiaren eta bilakaeraren aldirik, liberalismo ortodoxoak aldezten zuenaren gisakorik, alegia. XIX. mende erdialdean nagusi zen korporatibismoaren ondoren, etorri zen, inongo etenaldirik gabe, beste korporatibismo monopolista bat, estatuaren laguntza bilatzen zuena.

Beraz, Euskal Herrian ez zen existitu ere egin gizabanakoaren konkurrentziaren bilakaeran oinarritutako tradizio liberalik. Ez zen izan, hortaz, joera demokratikoko liberalismo aurrerazale batekin bat egingo zuen tradizio historikorik. Liberalismoaren aldeko borroka ez zen izan Euskal Herrian negozio kapitalistak mugatzen zituen errejimen tradizionalaren kontrako borroka baizik, borroka batzuetan latza. Baina historiaren bilakaerak ez zuen utzi burgesen nahi biziak eredu liberal batean gauza zitezen, gizabanakoen, enpresen eta talde politikoen arteko konkurrentzian oinarritutako funtzionamendu politiko eta ekonomikoa izango zuen eredu liberal batean, hain zuzen ere.

 

Langile mugimendu sozialista

1890etik aurrera, euskal pluralismoaren ardatz berri bat sortu zen, bizitza publikoan eragile. Langile higikundea zen, hasieran Bilbora eta Nerbioi ibaiaren ezkerraldera mugatu zena, han gertatu baitziren berrikuntza ekonomikoak. Bizkaiko langile klasea bat-batean sortu zen, bat-batean zabaldu baitziren formula kapitalista berriak. 1877ko erroldan, Bilbo, Abando, Barakaldo, Sestao eta Portugaletek, denek batera, 44.200 biztanle zituzten. Hamar urteren buruan, 71.000 biztanlera iristen ziren. 1900. urtean biderkatu egin zen eremu horretako biztanleria, eta industria ekonomiaren bihotz bihurtu.

Garapen ikusgarri hori gizarte berri baten sorburu izan zen, usadiozko euskal munduarekin oso harreman gutxi baitzuen. Etorkinen sarrera saldokakoarengatik gertatu ahal izan zen horrelakorik. Leku pobreetatik zetozen, eta guztiz bizimodu mixerablea zuten beren sorlekuetan.

Bizkaiko lehen langile klase honetan bazen oinarrizko bereizkuntza bat: meatzariak eta industria langileak. Bizimodu eta laneko baldintzarik txarrenak meatzariek zituzten. Bizkaiko meagintzak langile kopuru handiak behar zituen, espezializaziorik gabeak, eta horrek berekin zekartzan soldata apalak eta ugazaben eskaeren aurreko babesik eza. Langile gehienak peoiak ziren, eta hasieran, aldian aldiko lanak egitera zetozen, nekazari lanetan gelditu beharreko hilabeteetarako bakarrik etorrita, edota urte batzuen ondoren sorlekura itzultzekoasmoa zutela, dirutxoren bat aurreztu eta gero. Iraunkortasunik gabeko langileak ziren beraz, ugazabak oso erraz ordezka zitzakeenak, langile eskaintza oso handia baitzen. Horregatik, langile horiek ez zuten ahalmen handirik enplegatzaileei soldata edo baldintza hobeak eskatzeko.

Horren guztiaren ondorioz, oso mantso hasi ziren agertzen langile elkarteak. Industriako langileen baldintzak hobexeagoak ziren, nolanahi ere. Lan egiten zuten herrian bizi ziren. Gainera, langile espezializatu gehiago zegoen, eta ahalmen handiagoa zuten enpresari presioa egiteko. Harreman pertsonalak iraunkorragoak izanik, elkartzeko aukerarik ere bazen.

Lan egoera desberdinetan bizi arren, Bizkaiko lehen langile klaseak bazituen ezaugarri bateratzaileak. Komuna zuten industria kapitalismo hasi berri hark eskatzen zituen lan baldintzei azkar –eta modu traumatikoz– egokitu beharra. XIX. mendearen bukaerako Bizkaiko langile klasearen ezaugarri ziren halaber bizimoduaren baldintza zailak. Horretan ere baziren aldeak meategietako eta lantegietako langileen artean, baina denak bizi ziren, maila desberdinetan izan arren, ezaugarri nagusia urritasuna zuten egoeretan: higiene, elikadura eta etxebizitza baldintza ezin txarragoak, lan ordu izugarri luzeak, jornal eskasak eta lan baldintza txarrak.

Heriotza tasak izugarri hazi ziren, eta bizitza itxaropena laburtu. Haurren heriotza kopuru handiak eta izurriek osatzen zuten itxura dramatiko hori, higiene, osasun eta lan baldintzen akatsen emaitza.

Jende pilaketa berez etorri zen langile herri eta auzoetan. Maila gorena meategi eremuetan iritsi zuen; barrakoiak ipintzen zituzten, eraikin ahulak, alegia, non kontramaisuakziren nagusi, eta haietan bizi behar izaten zuten nahitaez langileek, garbitasun baldintza negargarrietan, gizon gehiegi sartzen baitziren. Bilbo inguruan eta lantegi hirietan eraiki ziren langile bizitegietan ere izugarria zen pilaketa, eta oso eskasa higienea. Alokairuen garestitasuna zela-eta, etxeen gelak edo parteak bigarrenez alokatzen ziren. Elikadura ez zen hobea. Horretan ere okerrago zeuden meatzariak, enpresak berak ipinitako jantegietan kontsumitu behar baitzuten nahitaez.

Prezioak garestiak ziren, eta kalitate txarrekoak hornigaiak. Baina dieta urria ohiko gauza zen Bizkaiko langile guztien artean.

Horrez gainera, lanaldiak oso luzeak ziren, meatzarien kasuan egunsentitik ilunabarreraino luzatzen zirenak. Laneko baldintzek, bestalde, istripu asko eragiten zituzten, bai meategietan bai lantegietan.

Langile higikundea gizon haien artean sortu zen. Higikunde horren lehen agerraldiak, etorkizuneko bidea finkatuko zutenak, langile klase horren beraren nolakotasunak baldintzatu zituen. Lehen langile higikundearen ezaugarria sozialismoarekiko lotura izan zen, sozialistek izan baitzuten langileen ekintza politiko eta sindikalaren monopolioa 1880 ingurutik aurrera 1920-1930 arte. Joera hori azaltzeko, esan izan da Bizkaiko enpresaren ereduak berak lagundu ziola sozialismoari zabaltzen. Argudio horren arabera, probintzia horretako ekoizpen unitateen handitasunak, ehundaka gizon biltzen zituztela, antolamendu eredu sendoak osatu beharra zekarren. Eta horrelakoak eskaintzen zituzten sozialistek, anarkistek ez bezala; anarkistek lotura federatibo ahulak zituzten, eta arrakasta handiagoa izan zuten enpresa txikiak nagusi ziren lekuetan, Katalunian adibidez.

Nolanahi ere, sozialismoa Bizkaian errotu izana Facundo Perezaguak gidaturiko sozialisten ekimenari zor zaio hasieran, 1879an hark sortu baitzuen Pablo Iglesiasekin batera PSOE alderdia, eta 1886an iritsi baitzen Bizkaira, sozialisten dotrina eta ekintza moduak zabaltzeko. Hainbat gorabehera ere izan zen arrakasta haren lagungarri.

1886 inguruan ez zen Bizkaian tradiziorik langileen borrokan, ez langileen arteko organizazio sindikal edo politikorik.

Sozialistak izan ziren horrelakoak antolatzen lehenak. Haien jokamoldearen aitzindaritza erabakigarria izan zen, eta 1890etik aurrera izan zituzten lorpenak aitzindari paper hori finkatu zuten Bizkaiko langileen artean.

Bi antolamendu mota sortu ziren sozialismoaren baitan. Batetik, talde sindikalak, UGTren baitakoak, erresistentzia elkarteak, alegia; eta, bestetik, organizazio politikoak, PSOEri atxikitako Elkarte Sozialistak. 1887an jaio zen lehena, Bilbokoa, Perezaguak bultzatua.

Hurrengo urtean sortu ziren Urtuella, Sestao eta Zugaztietakoa, eta orobat lehen lanbide elkartea, tipografoena. Baina oso mantso zabaldu ziren. Izan zuten horretan zerikusirik bizitza eta lan baldintza kaskarrek, ugazabekiko mendekotasunak eta oso leku pobreetatik iritsitako langile haien kultura maila apalak; horrek guztiak ez zuen sortzen erreibindikazio taldeak agertzeko girorik egokiena.

1890eko maiatzeko greba orokorra erabakigarria izan zen Bizkaiko langile mugimenduaren sorreran. Haren arrakastak izugarri zabaldu zuen lider sozialisten ospea.

Greba hura berez sortu zen, baina, aldi berean, ezaugarri modernoak izan zituen.

Meategien eremuan sortu zen eta Zugaztietako sozialistek bideratu zuten; elkartasunez zabaldu zen fabriketako langileengana, eta probintzia osoan igarri zen, gerra egoera deklaratu baitzen. Grebaren garapenak, gainera, izan zuen zerikusirik gizarte harremanak urteetan ezaugarrituko zituzten mekanismo batzuen sorreran. Arazo hari irtenbidea emateko, erabakigarria izan zen Loma jeneralaren jokabidea. Hark ezarri zuen Lomaren Ituna deritzan akordioa, grebaren amaiera ekarri zuena. Grebalariek erabateko garaipena lortu zuten: nahi zuten lekuan bizitzeko askatasuna eman zieten ugazabek langileei; kontramaisuek ustiaturiko janlekuak desagertu egin ziren; eta 9 neguan eta 11 udan izango ziren lan orduak.

Lorpen horiek ez ziren behin betiko izan; hala, hurrengo urteetan ugazabak saiatu ziren, eta lortu ere egin zuten zenbaitetan, 1890 aurreko egoerara itzultzen. Hala ere, Lomako Ituna mugarri historikoa izan zen. Ikusarazi zuen bazirela presio bideak, eta lor zitezkeela haiekin emaitza garrantzitsuak.

Era horretan hasi zen J.P. Fusik Bizkaiko langile higikundearen aldi militantea deritzana, 1912-1914 arte iraun zuena. Sozialisten erradikalismoa eta ugazaben eta langileen arteko harreman gogorrak izan zituen aldi horrek ezaugarri nagusi. Greba Handiaren adibideak ere izan zuen zerikusirik gogorkeria horretan: 1910 arte izan ziren beste lau greba orokorretan ere izan zen indarkeriarik. Aldi horretan oso hobekuntza txikiak lortu ziren langileen baldintzetan, hurrengo urteetan 90eko erreibindikazio berak errepikatu behar izanak frogatzen duen bezala. Mantsotasun horren zergatia ez zen huts-hutsik langile organizazioen berezitasuna izan; haien egoera kaskarrak ere izan zuen eraginik, organizazio sendoak finkatzea zailtzen baitzuen.

Horixe gertatu zen meategi aldea ardatz izan zuten liskarretan. 1903ko greba orokorra arte ez ziren behin betiko konpondu nahitaezko jantegi eta barrakoien arazoak.

Izan ere, langile higikundeak 1890eko grebagaraian zituen ezaugarriek gero ere jarraitu zuten. Greba Handiaren arrakastak klase kontzientzia zabalarazi zuen, eta ekintza kolektiboak bultzatu zituen, baina mobilizazioak oraindik ere ez zuen egitura sendorik, meategietan batez ere. Hobekuntzak lortzeko bide hobeago gisa, greba orokorrean jarri zuten langileek uste osoa.

Hala bada, langile higikundea ahula, sakabanatua eta antolamendu urrikoa zen. Zuzendaritza ez zegoen elkarte sindikalen esku, elkarte polikoen esku baizik, eta haiek antolatzen zituzten unean uneko greba batzordeak.

Ohiko gauza ziren, irtenbideak lortzeko, bortxazko presioa, eta langile eta ugazabez kanpoko bitartekoetara jotzea.

Sozialisten indarra, batez ere, langile talde handiak mugiarazteko indarrean eta gizarte bizitza hankazgoratzeko ahalmenean zetzan, horrela esku hartzera behartzen baitzituzten agintariak.

Langileen mugimenduak, lehen aldi honetan, zikloka gertatu ziren garbi-garbi.

Ekonomia urte oparoetan egindako grebak, ugazabek onura handienak zituztenean, eta, horregatik, mugimendu askatasun handiagoa zutenean, langileen garaipenez bukatu ziren. Horien atzetik, talde sozialistetan izena ematea eta greba higikunde gehiago zetozen. Krisia iristean, alderantzizko prozesua gertatzen zen. Enpresa buruen erresistentzia handiagoak langileen protestak hutsean gelditzea ekarri ohi zuen, asko kostatzen baitzitzaien laguntza lortzea. Horren atzetik jendeak taldeak uzten zituen, eta higikundea moteldu egiten zen, langileek, etsita, ez baitzuten beren lanpostua arriskuan jarri nahi.

Ekimen sindikalen ondoan, garrantzitsuak izan ziren ekimen politikoak ere.

Elkarte Sozialistek paper garrantzitsua izan zuten erreibindikazioak lortzeko mobilizazioetan, greba esanguratsuenen zuzendaritzaz arduratzen baitziren. Ez zuten hori izan eginkizun bakarra. Haien egiteko nagusietako bat hauteskundeena izan zen, 1890an sufragio unibertsala (gizonezkoena) onartu zenez geroztik hartu baitzuten parte haietan.

Hori bai, emaitza onak lortzeko zituzten aukerak oso eskasak ziren, Errestaurazioko kazike egiturak zirela-eta. Hala ere, Bizkaian –masen mugimenduak kontra egiten baitzion han kazikismoari–, uzten zioten aukeraren bat sozialisten jardunari.

PSOEk 1891n lortu zuen Bilbon lehen zinegotzia.

1890eko hamarralditik aurrera, Bilbon, eta meategi eta lantegi aldeetako udalerrietan, sozialistek zinegotzi batzuk lortu zituzten, nahiz eta nahikoak ez izan udalerri bakoitzeko politika baldintzatzeko.

Ideologia sozialistaren agerbidea 1893tik aurrera argitaratu zen La Lucha de Clases astekaria izan zen. Euskal sozialismoak ez zuen, espainiar sozialismoari buruz oro har,alde ideologiko esanguratsurik, ez bazen erradikalagoa izatea. Haren dotrinaren parte zen klaserik gabeko gizarte baten aldeko borroka, erreferentzia marxisten araberakoa; alderdi burgesen lankide izateari uko egitea; sistema kapitalistaren ikusmolde katastrofista, barne kontraesanak zirela-eta, sistema hori desagertzeko bidean zelakoan; eta greba iraultzailea hartzea kapitalismoa desegiteko arma nagusitzat. Baina erradikalismo ideologikoek bat etorri behar izan zuten errealitateei egokitu beharrarekin, erreibindikazio askoz ere apalagoekin beraz.

Horrez gainera, Perezaguaren erradikalismoaren aurrez aurre, joera moderatu bat sortu zen, gizarte aldaketak lortzeko bide mailakatu bat eskatzen zuena.

1911n jaio zen, Sabino Aranaren ikusmoldeen ondorio gisa, sozialismoari konkurrentzia egingo zion langile organizazio abertzalea; Aranaren ustean, euskal langileek uko egin behar zieten organizazio sozialistei, Euskadiren independentziarekin, eta ez bestela, lortuko baitzuten euskal langileek beren arazoen irtenbidea. Hala sortu zen beraz Solidaridad de Obreros Vascos, langile abertzaleak biltzeko. Sindikatu abertzalea eta katolikoa zen hura, eta urrun zegoen beren aurkari sozialisten klase planteamenduetatik.

SOV-en jokabideak, nolanahi ere, alde handiak izan zituen Elizak mendearen lehen hamarraldian bultzaturiko sindikatu katoliko ez erreibindikatiboekin.

Langile jatorriz euskaldunen artean zabaldu zen Solidaridad taldea; higikunde sozialistaren oinarri soziala, berriz, etorkinek osatzen zuten ia osorik, eta, hala, sozialismoa izan zen haientzat euskal gizartean bertakotzeko bidea. Baina sozialismoa ez zen oso-osorik etorkinen higikundea izan. Bizi baldintzak hobetzeko borrokak langile jatorriz euskaldunak ere erakarri zituen.

Horrez gainera, Bizkaitik kanpo sorturiko lehen gune langilezalea, euskal langileek osatua, sozialisten gune sendo bihurtu zen. Horixe da Eibarren kasua; hura izan zen Gipuzkoako herrien artean lehena industrializatzen, eta 1890eko hamarraldiaren lehen urteetan langile mugimendu bat sortu zen han, ezaugarri bereziak zituena. Eibarko sozialismoak indar handia hartu zuen, arma industriaren nolakotasunagatik bereziki, armagintzak oso langile espezializatuak behar baitzituen. Horregatik, presio ahalmen handia zuten armaginek. Eibarko tradizio liberala –oso antiklerikala, bestalde–, izan zen gune horren beste ezaugarri bat.

Garrantzitsua izanik ere, eibartar sozialismoa oasi bat izan zen Gipuzkoan. XX.. endearen lehen hamarraldian, errotu gabea zegoen oraindik Gipuzkoan industrializazio prozesua. Baina Eibarko gune sozialistaren agerpena esanguratsua da, adierazten baitu euskal pluralismoaren ardatz hori ez zela bakar-bakarrik Bizkaikoa.

 

Euskal nazionalismoa

XIX. mende bukaeran Euskal Herriak izan zuen berrikuntza politikoaren osagai funtsezkoetako bat euskal nazionalismoaren sorrera izan zen. Mendea amaitzean oraindik ere oso eragin eskasa zuen abertzaletasunak, baina ordurako itxuratuak zeuzkan planteamendu politikoak, ideologia eta antolamendu egiturak. Oro har, esan daiteke euskal nazionalismoa foruen ezeztatzeak gizarte tradizionalean izan zituen ondorioek sorrarazi zutela, eta, orobat, modernizazio ekonomikoak Bizkaira ekarri zituen aldaketek, eta horien ondorio guztiek, inmigrazioari eta gizarte aldaketari zegokienez.

Ideologia nazionalista Sabino Aranak mamitu zuen, tradizionalismoari loturiko euskal gizarteko hainbat sektoreren asmo eta nahi barreiatuak bateratuz. Nolanahi ere, jatorri liberaleko osagaiek ere izan zuten zerikusirik nazionalismoaren sorreran. 1876 ondoren, liberalismo foruzalearen sektore txiki batek jokamolde nazionalisten aldera egin zuen. Nafarroan horietakoak ziren Asociación Euzkara, eta Bilbon, Sociedad Euskalerría.

Alderdi monarkikoei uko egiten zieten, eta, ziotenez, euskaldunek haiengandik banatu beharko zuten, foruen bandera defendituko bazuten. Tesi horien azpian bazegoen ideia bat, hau da, euskaldunek nortasun propioa zutela, espainolena ez bezalakoa. Tesi horiek bazituen, beraz, euskal nazionalismoak geroago, 1890eko hamarraldian sortu baitzen, jasoko zituen elementuak.

Baina Aranaren nazionalismoa tradizionalismotik sortu zen, tradizionalisten jokamolde ideologikoari eusten baitzion –ez noski tradizionalismoak estatuaz zuen ikusmoldeari, baina bai gizartea ulertzeko zuen moduari–. Hori bai, karlismoak eta integrismoak ez bezala, kontuan hartzen zituen industria iraultzaren ondorioak, nahiz eta hasieran horietako ondorio batzuk ukatu.

Gauza da ideologia abertzalea gizarte eta ekonomia berrikuntzei emandako erantzun gisa zertu zela, Bizkaian usadiozko bizimodua desagertzen eta inmigrazioa euskara baztertzen hasi zen garaian; aldaketa horiei guztiei, bestalde, 1876an foruak ezeztatu izana erantsi behar zaie, hura izan baitzen nazionalismoaren beste sorburuetako bat. Izan ere, nazionalismoaren ideia nagusietako bat zen euskal probintziak independenteak izan zirela harik eta, 1839an, foruen ezeztatzea hasi zen arte.

Baina lehen hausnarketa nazionalistak azken karlistaldiaren ondoren Bizkaiko gizarteak eta ekonomiak bizi izan zituen aldaketekin du zerikusia. Prozesu intelektual horretan, higikunde berriak aldaketa bat nabarmenarazi zuen, hau da, Bizkaira heldu zen inmigrazioaren ondorioz gertatuzena. Ez da ahaztu behar Bilbon izan zuela abertzaletasunak abiapuntua, aldaketa demografiko eta sozialen erdigunean bertan, alegia. Sabino Aranarentzat maketoen inbasioa zen (espainolen inbasioa) euskal gizartearen kalteen sorburua. Era horretan, industriaren kontrako teoria bat osatu zuen, iraganeko egoera irudimenezko bat idealizatzen zuena, non modernizazioak ekarritako aldaketarik –horien artean, kanpoko biztanleen etorrera–, ez baitzen gertatu.

Lehen nazionalismoak, pentsalmolde tradizionalistarekin loturik, kontra egiten zien industrializazioaren kalte guztiei, baina bat azpimarratzen zuen bereziki, inmigrazioa.

Sabindar ideologiaren izaera tradizionalista, bestalde, erlijioari eman zitzaion pisuak azpimarratzen zuen, nazionalismoari eginkizun salbatzaile bat egozten baitzitzaion, erlijiosoa, Gu Euzkadirentzat Ta Euzkadi Jaun-Goikuarentzat esapidean, besteak beste, adierazia. Aranarentzat, «espainiar inbasioa» zen euskal gizarteari hain ondorio moral larriak zekarzkion sorburua.

Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra (JEL), hots, nazionalismoaren ikurra, elementu erlijioso eta tradizionalari ematen zitzaion garrantziaren adierazle zen.

Sabino Aranaren proposamenak bere adierazpen independentziazalean gauzatu ziren, proposamen funtsezko batean bilduta: Euzkadi da euskaldunen aberria. Hori, jakina, urrun zegoen tradizionalismo karlistatik, eta orobat XIX. mendeko foruzaletasunetik.

Ikusmolde nazional berri bat berrestea zen hura, eta ikusmolde horrek aurreko hamarraldietan adierazitako bertsio euskaltzaleak hausten zituen. Adierazpen hori abertzaleek argudio historizisten bidez zilegitzen zuten. Abertzaleen asmoak iraganaren berrinterpretazioetan oinarritzen ziren, adieraziz euskal probintziak (Aranak euskal estatu ohiak deitu zituenak) independenteak izan zirela 1839 arte. Historian ere oinarritzenzuten beren egitasmo politikoa, askorik zehaztu gabe ordea, Euskal Herriko formazio tradizionaletara itzultzea proposatzen baitzuten, «usadioak eta ohiturak» berrezarriz.

Gaitz guztiak bukatuko ziren itzulirik tradiziora, irudimenezko nekazari gizarte batera; euskal arrazako baserritarrek osatuko zuten gizarte hori, berdinak denak legearen aurrean, elkarkideak demokrazia akatsik gabe batean, liberalismoak eta espainolismoak zekartzaten tentsiorik gabe. Industriaren aurreko gizarte baserritar baten gorespena zen hura. Dudarik ez da ikusmolde hori ulertezina litzatekeela sorburu zuen eremu urbanoa kontuan hartu gabe, zeren eta erruralismoa –baserriaren eta baserri inguruaren idealizazioa–, hirian egindako elaborazio ideologikoa izan ohi baita, eta hiria zuten Arana eta bere jarraitzaileek jarduera eremu.

Hasieran, nazionalismoa, Bizkaian ondua, bizkaitarrismoarekin identifikatu zen.

Izan ere, argudio historiko-foralak banaka hartzen zituen kontuan probintziak. Aranaren tesien arabera, euskal probintzia bakoitza estatu independente bat izan zen. Bere estatua, bere teoriaren arabera, Bizkaia izan zen. Horregatik, Bizkaia aipatzen zuten Aranaren lehen idatziek. Ikurriña bera ez zuen asmatu Euskal Herri osorako, Bizkaiko bandera gisa baizik.

Baina Aranaren ikusmoldeak, probintziaka adierazita ere, nazio teoria bat inplikatzen zuen, bere ibilbide politikoa hasi eta urte batzuk geroago Euzkadi deituko zen hura. Laburtuz, sabindar ideiak euskal arraza baten existentzian oinarritzen ziren: arrazarena sabindar pentsamoldearen oinarrizko kontzeptua da. Horren garrantzia azaltzeko, kontuan hartu behar dira, batetik, XIX. mende bukaerari dagozkion zenbait kultura kontzeptu, eta, bestetik, eta batez ere, etorkinen aurrean izan zuen erreakzioa, etorkinen arraza euskaldunena ez bezalakotzat jo baitzuen Aranak, euskal arrazaren hondatzailetzat. Horrek guztiak bazuen ondorio bat, arrazaren bidetik Bizkaiko mugak gainditzea. Arabak, Nafarroa Behereak, Gipuzkoak, Lapurdik, Nafarroak eta Zuberoak bazuten funtsezko berdintasun bat Bizkaiarekin. Horren ondorioz, Estatu euskarianoen Konfederazio bat proposatu zuen; estatu horiek lotuak egongo ziren «ordena sozialean eta atzerriko harremanei zegokienean», eta denek izango zuren banatzeko aukera.

XIX. mende bukaeran europar nazionalismoak bi ikusmolde nagusiren arabera zeuden, oro har, banatuta: tradizionalista eta liberala. Lehen euskal nazionalismoa eredu erromantiko edo tradizionalistaren araberakoa zen: ezaugarri objektiboen arabera definitzen zuen nazioa, gizabanakoen borondatetik kanpoko ezaugarri batzuen arabera. Bost osagaik osatzen, zilegitzen eta definitzen zuten euskal nazionalismoa: arrazak; hizkuntzak; gobernuak eta legeak; nortasunak eta usadioak; nortasun historikoak. Arraza zen osagai nagusia, inbasio maketoaren erreakzioz. Lehen nazionalismoarentzat bazen euskal arraza bat, jatorrizkoa eta «garbia», baina ez zen arraza hori definitzen saiatu. Berretsi baino ez zuen egiten haren orijinaltasuna, euskararen existentziak frogatzen zuena. Euskal abizena zuena jotzen zen euskalduntzat. Era horretan, sabindar arrazismoa abizentasun bitxi batera heldu zen, oinarri zientifiko batere gabe. Hartatik ordea dinamika bereizle bat etorri zen, nazionalismoaren errotzea zailtzen zuena, eragozpenak jartzen baitzituen euskal abizenik ez zuena bere baitan onartzeko.

Hizkuntza, sabindar pentsamoldean, bigarren zetorren arrazaren ondoren. Bazuen ordea paper garrantzitsu bat: euskal arrazaren orijinaltasuna eta garbitasuna frogatzeko balioa. Elementu bereizle gisa hartzen zen, eta tresna funtzioa zuen: euskara euskal arrazako pertsonen artean zabaldu behar zen, eta ez utzi maketoei ikasten.

Naziotasunaren beste hiru faktore definitzaileak ez ziren hain garrantzitsuak, baina euskal arrazaren bertuteak zehazten zituzten, eta ideologia nazionalista zilegitzen.

Euskal nazio bat bazelako proposamena gauza berria zen, dudarik gabe, Azpimarratu behar da ordea tradizionalista zela nazioaren kontzeptu hori. Karlismoaren Jaun-Goikua, Aberria, Foruak, Erregea esapidearen ordez, Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra proposatu zuen (JEL). Erlijioaren pisuari eusten zion, baina Lagi-Zarrak karlismotik aldentzen zuen; karlisten akatsa, Aranaren arabera –tradizionalismotik zetorren bera, eta aita buruzagi karlista izan zuen azken gerratean–, foruen auzia dinastia bati lotzea izan zen. Forua, izan ere, pribilejioarekin nahas zitekeen: haren ordez, lagi-zarra proposatu zuen, lege zaharra, tradiziozko usadioak eta ohiturak. Elizaren eta estatuaren arteko harremanen ikur zen, azkenik, eta hitza. Aranak bi eremu horiek zehatz bereiztea proposatzen zuen, baina, haren ustez, legedi zibilak arau katolikoetara makurtu behar zuen.

Lehen nazionalismoa, tradizionalista eta baserrizalea, industria gizarte berrian negozioak baztertuak geratu zitzaizkion mundu tradizionalari loturiko gune burgesetatik zetorren. Horren agerpide egoki dira Aranatarrek Abandon izan zituzten lantegiak; gerra arteko urteetan itsasontziak egiten zituzten ibai ertzeko ontziola batean, hau da, lurrinezko itsasontziak iristean desagertu zen espezializazio bat zuten. Higikunde abertzalea, bestalde, Bilbon jaio zen, eta han izan zituen lehen jarraitzaileak eta arrakasta politikoak. Industriaren kontrako jarrera etorkinen kontrakoa ere bazen, baina aldi berean kapitalista berriei ere kritika isil bat egiten zitzaien, egoera berriaren erantzule ziren neurrian. Alternatiba abertzaleak mundu ideal bat gogorarazten zuen, independentzia lortzean eratu beharrekoa.Sabino Arana 1893an hasi zen politikagintzan.

Larrazabalgo hitzaldian bere dotrinaren oinarriak adierazi zituen. 1894an Euzkaldun Batzokija elkarte nazionalista fundatu zuen, ia 200 kide bazituena. Talde batzuen gartsutasun politikoak independentismoa hedatzea ekarri zuen. Horren adierazgarri dira 1893ko Sanrocada –Gernikan foruak goresteko egin zen ekitaldia–, urte bereko Donostiako manifestazioa –Gora Foruak! esapidea ikur zuena–, edo Gamazada –Nafarroan 1893an eta 1894an egin ziren mobilizazioak, autonomia fiskala hausten zuen proposamen baten kontra, Gamazo Hazienda ministroaren dimisioa ekarri zutenak–. Nahasmendu giro horretan jatorri liberaleko foruzaletasuna izan bazen ere protagonista, giro egokia sortu zuen dotrina abertzalea sustrai zedin.

Liberalismo foruzalearen baitan, Fidel de Sagarminaga, Bizkaiko azken diputatu foralak sorturiko Sociedad Euskalerria-ko sektore batek posizio nazionalisten aldera egin zuen. Sota zen elkarteko buru, eta elkarte horretako kide asko ziren ontziolen jabeak.

Hasieran Aranak ez zituen onartzen, liberalak zirela-eta: «Jainkoak libra gaitzala liberalismoan hazitako politika bat agertzetik, gure aberriaren independentzia eskatzeko!», idazten zuen euskal nazionalismoaren sortzaileak Euskalerriakoez ari zela, «españolista, regionalista, extranjerista, fenicio, maquetófilo…» ere esan zien. Hala eta guztiz ere, Sotaren taldeak, 1897an jada, nazionalisten dotrina bera aitortzen zuen, nahiz eta ez zetorren bat ikusmolde berriaren zabaltzea oztopatzen zuen zorroztasunean.

Espainia osoan hain eragin sakona izan zuen 1898ko krisiarekin batera, oso aldaketa garrantzitsuak izan ziren nazionalismoaren tankeran ere. Garrantzitsuena: bat egin zuten sabindarrek eta Euskalerriakoek. Azken horiek nazionalismoan sartu ziren. Talde burges ez monopolista zen Euskalerriakoena, ez zuen teoria abertzale berezirik, eta beraz Aranarena beretu zuen; hark, bestalde, onartu egin zituen Euskalerria-tik zetozen liberalak. Izan zuten agian zerikusirikhorretan lehen euskal nazionalismoaren finantza arazoek, gobernuaren erasoek eta erradikalismo garbizalearen mugak. Nazionalismoa sendotu gabe zegoen oraindik.

Lehen bi egunkari nazionalistak gobernuak itxiarazi zituen. 1897an desegin zen Euzkeldun Batzokija, bi urte lehenago gobernuaren aginduz debekatua. 1895ean sortu zen Eusko Alderdi Jeltzalea, Bilbora eta Bizkaiko herri batzuetara mugatua hasieran.

1898tik aurrera sortu zen egoera berriak gauzak aldatu zituen. Euskalerriakoen eta sabindarren elkartzea errentagarria izan zen.

Baina aldi berean mugimendu konplexu bat sortu zen, sektore tradizionalak eta burges liberalak biltzen zituena; liberal horiek industrializazioa ez zuten baztertzen, ezta independentismoa sakratu bihurtzen ere.

Haien interesak (ez zuten eskatzen protekzionismoaren ildotik estatuak esku hartzea, bai ordea espainiar merkatuaren batasuna) areago ziren autonomiazaleak. Ideia hori ez zuten argi adierazi, eta eremu ideologikoan ez zuten auzitan jarri ortodoxia independentziazalea (praktikan bai ordea), baina sabindar erradikalismoa pragmatismo burgesari lotu ahal izan zitzaion. 1898tik aurrera baztertu egin ziren industrializazioaren kontrako joera erradikalak, galdu ez zen arren baserriaren idealizazioa.

XX. mendearen hasieran, nazionalismoak, udalerri batzuetan zinegotzi batzuk bazituela (Bilbon, Bermeon, Mundakan, Arteagan…), zapalkuntza gogorragoa jasan behar izan zuen. 1902an, Arana kartzelan zela, Liga de Vascos Españolistas sortzeko ideia zabaldu zen. Dirudienez, alderdi bat sortu nahi zen, konstituzioa onartuko zuena baina autonomiaren alde borrokatuko zena, lege arazoak saihesteko eta euskal naziotasuna hobeto defenditzeko. Arana hil zenean, 1903an, bide hori baztertu egin zen.

Desagertu zen orobat berrikuntza teorikoak egiteko aukera. Sabindar erradikalismoaren edozein aldaketa ere geldiarazi zen, fundatzailearekiko leialtasunaren izenean; izan ere, Arana hil zenean mitifikatu egin zen haren irudia.

XX. mendeko lehen hamarraldian higikunde nazional baten forma hartu zuen euskal nazionalismoak, komunitatearen ideia zabaldu eta indartuta. Gero eta gehiago ari zen zabaltzen gizartean, Bizkaian bezala Gipuzkoan ere. Ideologiaz, sabindar ortodoxiari lotua jarraitzen zuen, eta handik aurrera aldaketa gabe egin zuen aurrera, higikunde horren nahien erabateko adierazpide gisa, bilakaera ideologikorik gabe. Aldaketak praktikan gertatu ziren, autonomiazaletasunak etorkizunean izango zuen arrakastak ekarriak. Paradoxaz, industria burgesia higikunde nazionalistan sartu izanak bultzada erabakigarria eman zion bere dotrina industriaren kontrako usteetan oinarrituta eratu zuen higikunde horri berari, baina, betiere, ideologia bera aldatu gabe, ezaugarri guztiz tradizionalistak gorde baitzituen.

 

Pluralismoaren praktika politikoa

Liberalismo berri baten sorrera, nazionalismoarena eta langileen higikundearena XIX.. endearen amaieran gertatu zen, baina ez zuen bat-batean aldatu Euskal Herriaren dinamika politikoa. Politika horren ezaugarri nagusia liberalismo dinastiazaleak hauteskundeetan zuen hegemonia izan zen, nahiz eta dinamika desberdinak izan Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Sozialismoa eta nazionalismoa, masa higikundeak biak, aginpidetik baztertuak geratu ziren, ia txertatu gabe, Errestaurazioaren hauteskunde kontroleko baliapideei esker funtsean oligarkiaren nagusitasunak definitzen zuen sistema batean.

Aldaketa ideologikoak ordea ez ziren Euskal Herri osora zabaldu. Agertu dugun bilakaera hori, epe luzera eta are lehenago ondorio sakonak izango zituen arren, Bizkaian bakarrik gertatu zen. Liberalismo foruzaleak –gerra arteko garaian politikan funtzionatu zuenaren antzekoak–, eta tradizionalismoak, bere horretan jarraitu zuten industrializazioaren eragin zuzena izan ez zuten eremuetan. Gero eta gutxiago izan arren, Gipuzkoako eta Arabako liskar politikoak, urte askoan, aurreko garaiko egoeraren arabera uler daitezke, nahiz eta, ageriko gauza denez, Errestaurazioaren baldintza politikoek eta aldaketa modernizatzaile zenbaiten perzepzioak eraginik izan probintzia horietan ere.

Errestaurazioaren errejimena, Cánovas del Castillok sortua, bi alderdi dinastikoen (liberal eta kontserbadore) txandan oinarritzen zen, aginpidea aldizka zutela. Gobernuak ez ziren hauteskundeetatik ateratzen, aitzitik, alderantziz gertatzen zen. Alderdi batek aginpidea hartzen zuenean, hauteskundeak egiten zituen, era horretan gehiengo eroso bat lortzeko. Herriko kazikeak arduratzen ziren gobernuak nahi zituen emaitzak eskuratzeaz, hauteskundeak faltsutuz; sistema hori ez zen aldatu ezta sufragio unibertsala (1891, gizonezkoena) ezarri ondoren ere. Euskal Herrian, sistema politiko bitxi honek bere dinamika berezia izan zuen. Kazikeen sistema eta hauteskundeetako ustelkeria sartu ziren, baina gehienetan lekuan lekuko oligarkia gailentzen zitzaien gobernuaren joerei. Hala bada, Errestaurazioko oligarkiaren eta kazikismoaren muturreko kasu bat da Euskal Herrikoa, herrietako eliteek beren joera politikoak definitzen baitzituzten, baita gobernuaren borondatearen gainetik ere.

Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharra dago probintzia bakoitzak bere dinamika propioa izan zuela. Oro har, bi mota bereiz daitezke, modernizazio prozesuaren sarrera maila desberdinen ondorio zirenak.

Kazikeen errejimenaren funtzionamendu politikoa –Espainiako gainerako lekuetakoaez bezalakoa–, Araban eta Gipuzkoan, batez ere, liberalismoaren ahultasunari zor zitzaion, aurre egin behar baitzion tradizionalismoaren konkurrentziari.

Ez zuen alderdi txanda ezartzerik lortu, elkarren kontrako planteamenduak zituzten liberalen koalizioak sortu beharra izan baitzuen sarritan. Zenbaitetan, egin ziren baita ere talde kontserbadoreetatik hasi eta errepublikanismo erradikaleraino zihoazen taldeak biltzen zituzten aliantza liberalak.

Horixe zen prozedura bakarra zenbait barrutitan, baita Gasteiz bezalako hirietan ere, liberalismoak nagusitasuna har ziezaion tradizionalismoari; tradizionalismoa ere, bere aldetik, nagusi zen zenbait barrutitan, eta haren aginpide egiturak ezaugarri kazikezaleak zituen.

Bizkaian, Errestaurazio osoan zehar ia, liberal dinastikoak izan ziren nagusi –1917- 1919 aldi laburrean izan ezik, orduan nazionalistek garaitu baitzituzten–. Tradizioz, beste probintzietan baino pisu handiagoa zuten, eta, horrez gainera, industria aldaketek jarrera burgesei laguntzen zieten, eta horiek behin betiko baztertu zuten tradizionalismoa.

Liberalismo dinastikoaren hegemonia gorabehera, probintzia honetan ere ez zen aldizkako alderdien sistema sartu.

80ko hamarraldian alderdi liberalak bakarrik izan zuen sarrera, alderdi kontserbadorearen ospe gaiztoagatik, haiei egozten baizitzaien foruen ezeztapena. Geroago, hegemonia talde berria, mea, industria eta finantza oligarkia, osorik igaro zen Cánovasen alderdira, Cánovasek protekzionismoa defenditzen zuelako. Beraz, beti egon ziren Bizkaiko eliteak aldizkako sistematik aparte. Monopolioa liberalismo fusionistarena izan zen hasieran, Cánovasen aldeko kontserbadoreena gero: gobernuak oso eragin eskasa izan zuen Bizkaiko hauteskundeen garapenean. Baziren bestelako arrazoiak ere, herrietako eliteak aginpide zentralari gaina har ziezaion. Batez ere, probintziaren kontrola ziurtatzeko nahia, helburu oinarri-oinarrizkoa, kontuan hartzen badira Diputazioak administrazio, ekonomia eta zerga auzietan zituen ahalmen zabalak.

Nolanahi ere, eta Espainiako gainerako lekuetan gertatzen zen bezala, aldian aldiko alderdiak (liberalak nahiz tradizionalistak izan), ez zuten ez antolamendu iraunkorrik, ez egitarau definiturik. Goi mailako pertsonen taldeak ziren, ideologian bat zetozenak, eta beren eragin sareak hauteskundeetan biltzen zituztenak. Kazikeen jardunak erabakitzen zituen hauteskundeetako emaitzak, eta emaitza horiek ez zuten herriaren borondatea adierazten. Horretan ere Euskal Herriak bazituen ezaugarri bereziak.

Garrantzitsuena, azkar zabaldu zela botoak erosteko ohitura, Bizkaian batez ere, nahiz eta Gasteizen garrantzitsua izan ohitura hori, eta Gipuzkoan ere botoak erosi. Ez ziren beraz aski bozketa iruzurra, aktak faltsutzea edota garai hartan aginpidea beretzeko erabilitakobeste edozein bide –kazikearen fabore administratiboak, hilerrien botoa, etab.–, nahiz eta bitarteko horiek guztiak ere erabili ziren Euskal Herrian.

1891tik aurrera, sufragio unibertsala ezarri zenez geroztik, hauteskunde guztietan erosi izan ziren botoak. Esan izan da ustelkeriazko sistema horrek halako kontzientzia politiko bat behintzat adierazten zuela, hautesleak gutxienez prezio bat jartzen ziolako bere botoari. Baina, aldi berean, prozedura horren bidez eman zioten irtenbidea beren liskarrei burges aberastu berriek, zeren, eragin sarerik gabe, beren baliapide ugariak erabili baitzituzten politikara eramateko lortu berria zuten hegemonia ekonomikoa.

Zenbaitetan, asko iraun zuen kazikeak bere barrutian zuen nagusitasunak –Errestaurazioko hauteskundeak barrutika egiten ziren, ordezkari bana hautatzen zela–. Muturreko kasuak izan ziren Urquijotarren nagusitasuna Amurrioko barrutian, Gandariastarrena Gernikan, Casa de Torreko markesarena Durangon edo Joaquín de Arteagarena Zumaian. Hauteskunde askotan izan ziren garaile. Gainerakoetan, kazikeen arteko borroken ondoren lortzen zen barrutian nagusitasuna; ideologia arrazoiak izaten zituzten borroka horiek oinarri –tradizionalisten eta liberalen arteko liskarrak Gipuzkoako eta Arabako zenbait barrutitan–, baita arrazoi pertsonalak, edota gizartean eta politikaren alorrean onetsia izan nahia ere –hori da Rivasen eta Chávarritarren arteko arazoen kasua, XIX. mendearen azken hamarraldian–.

Gipuzkoako modernizazioaren moteltasunak, eta Arabako modernizazio faltak, agertzen dute bi probintzia horietan kontrakotasun nagusia tradizionalisten eta liberalen artekoa izatea aldi horretan, aurreko hamarraldietan bezala. Hori bai, betiko prozeduraz gainditzen zen Errestaurazioko errejimen liberal berezian kontrakotasun hori, alegia, kazikeen presioa erabiliz talde desberdinen bezeria politikoen gainean. Horregatik, nahitaezkoa zuten batzuek zein besteek, emaitza onak lortu nahi bazituzten, aliantzak egitea, ez ideologikoak, jauntxoen artekoak baizik, elkarren eragin sareak bateratzearren.

Nolanahi ere, aldaketa politiko-ideologiko batzuk azpimarratu behar dira bi probintzietako tradizionalismoan eta liberalismoan.

Azken finean, praktikan, bi joera horiek euskal pluralismo politikoaren parte garrantzitsua ziren.

Tradizionalismoak, azken gerra galdu ondoren, zaila izan zuen gerra ondorena, bere azalpen ideologikoetan eta egitura polikoetan antzematen den bezala. Karlisten artean desagertu egin ziren Erregearen aipamenak, Karlos VII.ak garai bateko izen ona galdu baitzuen gerra garaian bere jarraitzaileen artean. Ikusmolde ultrakatolikoekin loturiko foruak eta Elizak politikanesku hartzearen defentsa izan ziren propagandaren ardatzak. Era horretan, eta auzi dinastikoa erabat baztertu gabe ere, ideia erlijiosoak azpimarratzen ziren, eta bigarren mailan uzten zen foruzaletasuna, mundu tradizonalaren irudikapen gisa ulertzen baitzen.

Aldaketa traumatikoak izan ziren gainera tradizionalismoaren barne osakeran.

1888an banakuntza bat izan zen karlismoan, Ramón Nocedal izan zuela banakuntza horrek buru. Karlos VII.a «liberaltzat» jotzen zuten. Izan ere, erregenahiak gehiago egiten zuen alderdi irekiago baten alde, politikari erlijioari baino garrantzi gehiago emanez.

Era horretan talde berri bat sortu zen, intregrista, dinastia auzitik aparte, eta «egia katoliko osoa» defenditzen zuela zioena: gizartearen sekulartzearen kontra borroka egitea eta berriz kristautzea zituen helburuak.

Estatu karlistaren proiektua alboratu zuten, eta esaten zuten Jesukristoren erreinu soziala besterik ez zela behar. «Kristo Gure Errege» zuten ikur esapidea. Euskal Herrian, herri xehearen artean, ez zuen karlismoak bezalako atxikimendurik lortu, baina izan zuen eraginik elite intelektualengan, eta muturreko tradizionalismo erlijiosoari leial ziren elizgizonen artean. Prentsa karlistak, karmeldarrek eta jesuitek parte hartu zuten integrismoan, eta inoiz edo behin lortu zuten barrutiren batean irabaztea eta hausteskundeetan emaitza onik izatea.

Araba eta Gipuzkoako liberalek ere aurreko dotrina oinarrietan finkaturik jarraitu zuten hasieran. Talde heterogeneoa osatzen zuten, hiriburuetatik eta herri handi samarretatik kanpo indar gutxi zuena. Une latzak bizi izan zituzten gerraren amaierarekin, amaiera horrek berak liberalismoaren ideologiaren uste historiko batzuk aldatu baitzituen. Eragin handiena 1876ko uztailaren 21eko legeak ekarri zuen foruen ezeztapenak izan zuen. Nora jo ez zekitela utzi zituen foruzaletasuna erreferentzia gisa hartzen zutenak, liberal foruzale gisa definitzen baitzuten beren burua. Lotura hori ez zuten baztertu, eta, zenbaitetan, foruen erreibindikazioa ere egin zuten. Nolanahi ere, oso jarrera ideologiko ahula zuten, kontuan izanik defenditzen zuten foru errejimena zela foruzaletasunaren amaieraren erantzulea. Hori bai: Kontzertu Ekonomikoen sistemak bigundu egin zuen foruen galera, eta pixkana-pixkana ahaztu egin zen foruen erreibindikazioa. Gainerakoan, liberalismoa Araban eta Gipuzkoan ez zen batere uniformea. Zatikatua zegoen kontserbadore, liberal eta joera desberdineko errepublikanoetan.

Ez zuten bateratzeko modu errazik, karlismoarekiko etsaitasunak bakarrik elkartzen baitzituen. Sarritan, hala ere, alde batera utzi behar izan zituzten alde ideologikoak, eta akordioetara iritsi, hauteskundeen kontrolari eusteko, ez zitezenarriskuan gertatu politika eta antolamendu aldeak zirela-eta.

Epe luzera begiratuz, sektore liberalek arrakasta izan zuten Araban nahiz Gipuzkoan, aginpidearen kontrola izan zuten heinean, batez ere aginpidearen giltzarrien kontrola, hau da, udaletxe, Diputazio eta gorteetako ordezkaritzarena. Nolanahi ere, XIX. mendearen azken laurdenean beretu ahal izan zituen tradizionalismoak udaletako eta diputazioko aginpidearen parte batzuk, eta lortu ahal izan zituen ordezkariak gorteetan.

Nolanahi ere, eskala politikoan gora egin ahala, orduan eta ordezkari gutxiago izan zituzten. Eremu zabaleko udalerriak zituzten mendean, eta inoiz Gasteiz ere menderatu zuten, baina askoz apalagoa zen probintziaren aginpidean zuten parte hartzea –Diputazioetan, Kontzertu Ekonomikoek sorturiko egituran organo erabakigarriak zirelarik Diputazioak–, zenbait urtez gehiengoa izan zuten arren Gipuzkoako Diputazioan eta, inoiz edo behin, Arabakoan.

Gorteetan berriz askoz ere murritzagoa zen tradizionalisten kopurua, diputatu nahiz senadoreena.

Gipuzkoan eta Araban tradizionalisten eta liberalen arteko banaketa ondo igertzen zen geografiaren ikuspegitik, espazio batzuk liskarbide ziren arren. Tradizionalistak nagusi ziren zenbait barrutitan. Tolosako eta Azpeitiko barrutiak ez zien ia inoiz itzuri egin. Liberalek, aitzitik, Donostia, Irun eta Amurriokoak menderatzen zituzten. Bergara, Zumaia, Biasteri eta Gasteizko barrutiak, berriz, bi taldeen arteko borrokaleku ziren.

Emaitzak izaten ziren bai liberalen edo tradizionalisten barne aliantzen araberakoak, bai tarteka izaten zituzten desadostasunen araberakoak, bai une jakin batzuetan bezeria politikoak mobilizarazteko zuten ahalmenaren araberakoak. Ez behintzat behin ere iritzi publikoaren aldaketen araberakoak, Errestaurazioko hauteskundeak ez baitziren inoiz izan, arestian esan den bezala, herriaren borondatearen emaitza.

Bizkaiko kasua guztiz bestelakoa da.

Horren arrazoia tradizionalismoaren ezabatze politiko azkarra izan zen, berehala geratu baitzen herri batzuetako hauteskundeetan baztertua, eta galdu ere baitzuen bere betiko barrutia, Durangokoa. Zerikusia izan zuen horretan, liberalen posizio finkoez gainera, 1880ko hamarraldian sortu ziren negozio burges berrietan elite karlista batzuk sartu izana. Lankidetza ekonomikoak, kasu honetan, esan nahi zuen posizio ideologikoek indarra galdu zutela, edo, gutxienez, bizitza politikoaren kontrola gutxiagotu egin zela tradizio karlistako barrutietan. Hala bada, Bizkaian, liberalismo dinastikoak beretu zuen kontrol politikoa. Baina izan ziren barne aldaketa garrantzitsuak ere. Burgesia tradizionalaren lekua –merkataritzatik zetorrena, eta gerra arteko liberalismoaren ondorengo zuzena zena– burdinaren salmentatik eta industrializazio prozesutiksortu zen burgesia berri batek hartu zuen. 1890 inguruan burgesia industrial berriak beretu zituen gorteetako ordezkariak eta hartu zituen mendean udalerri eta diputazio nagusiak. Ez zuten beren interesen defentsa politikari profesionalen esku utzi, gorteetara beraiek joan baitziren. Horren agergarri da enpresen garapenerako Madrilgo erabaki guneek zuten garrantzia, eta, halaber, aberastu berriek gizartean ospea lortu nahia. Areilza doktorearen esaldi grafikoan, «bilbotarren bizioa umeak ondo jantzi eta hauteskundeak irabaztea da».

Nolanahi ere, salbuespenezko kasu bat da hori, oligarkak berak zuzenean izatea aginpidea, eta bihurtzea –zenbaitetan, diru asko gastatuz–, gorteko diputatu eta senadore.

Nagusitasun politiko hori bat zetorren herrietan, eta, batez ere, probintzian zutenarekin.

Aldaketa politiko honen aitzindaria Víctor Chávarri mea eta industria gizona izan zen, 1886ko hauteskundeetan jadanik Balmasedako diputatu izan zena. Hurrengo bozketetan, 1891n, ohiko gauza izan zen enpresa gizon handiak gorteetako hauteskundeetara aurkeztea. Mende bukaera aldean, gorteetako diputatuen zerrendak eta senadoreenak antz handia zuen enpresa nagusien administrazio batzordeak osatzen zituzten zerrendekin. Chávarri, Gandarias, Aznar, Martínez Rivas, Urquijo, Ybarratarrek beretu zituzten Bizkaiko ordezkaritza politikoak.

Oligarkiaren nagusitasun politiko hori bera agertu zen gero probintzia mailan.

Chávarrik izan zuen horretan eraginik handiena: batzuetan probintzia diputatuak «Chávarrizale» gisa hartzen ziren, besterik gabe. Bilbon, biztanle kopuru handiak eta era askotako joera politikoak egoteak, –tradizionalistak, errepublikanoak, sozialistak, nazionalistak eta foruzaleak– zaildu egiten zuen liberalismo dinastikoaren kazike sareen nagusitasuna. Hori izan zen «la Piña» delako sortzeko arrazoia; izen hori eman zitzaion Chávarrik bultzaturiko «Unión Liberal» taldeari, liberalen arteko liskarrak saihesteko eta 1897ko udal hauteskundeak prestatzeko antolatuari. Behin eta berriz sortu ziren horrelako ekimenak. La Piña-k garbi adierazten zuen kazikeek sufragioaren gain zuten kontrola, eta Bizkaiko burgesia handiaren nagusitasuna.

XIX. mendea bukatzen ari zela, euskal nazionalistak eta sozialistak hasiak ziren jadanik hauteskundeetan parte hartzen, baina arrakasta handirik gabe ordea, ezin baitzieten buru egin Bizkaiko oligarkiaren kazike egiturei. Masa higikundeak ziren ordea, eta horrek aldaketa handia ekarri zuen bizitza politikora. Masa higikunde horien zabalkunde gero eta handiagoak, eta Bizkaiko burgesiaren aukera ideologiko berriek –joera espainolistak, protekzionismoaren bidetik helduak–, Euskal Herriko politika mundua aldatuko zuten hamarraldi batzuetan.