Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Aro berria

Aginpidea, urrialdia eta zergak: gizarte gatazka

Nekazariak, golde burdina erakusten duen bandera batekin.<br><br>Alemaniako nekazarien gerra panfleto bateko irudia.<br><br>

Aro Berrian egonkortasunezko aldi luzeak eta indar handiko gatazkak izan ziren Euskal Herriko gizartean, eta gatazka horiek matxinada eta liskarrak sorrarazi zituzten, Euskal Herriko gizarteko kontraesanak agerian utzi zituztenak. Tokian tokiko gatazkak izan ziren haiek, ez beste leku batzuetakoak bezain odoltsuak, baina kutsu politiko handiagoa zutenak, aldika aldika erregearen aginpidea mehatxatzen zuten foru ezaugarrien eraginez. Agintea eskuratzeko borrokak, monarkiak bultzatutako zerga politika gogorrak eta merkatu sistema indarrean jarri ahala gizarte talde askok jasan behar izan zuten urrialdiak, gizarte gatazka gogorrak sortu zituzten aldi honetan.

Nolanahi ere, Aro Berriko lehenengo bi mendeetan jauntxoen eta zergen aurkako liskarrak nagusitu ziren, baina XVII. mendearen erdialdeaz geroztik oinarri-oinarrizko elikagaiak garestitu izana izan zen matxinada gehienen arrazoi nagusia.Begien bistako gauza dirudi gizabanakoen arteko liskarrek eta tirabirek ez dutela berez gizarte mugimendurik eratzen, baldin eta gizabanako horiek ez badira, jakina, elkarrekin ados jartzeko eta liskar horiek elkarrekin bat harturik aurkezteko gauza. Beraz, ezin har daitezke gizarte mugimendutzat agintariei, taldeei edo oro har gizarteari eskari jakin bat egiteko egintza kolektiboak baizik. Hala, gizarte mugimendu orok bakezko edo indarrezko eskari bat izaten du muinean eta oinarrian, norbaiten gogoa bereganatzeko edo, presioz ala beldurrez, hura amore ematera behartzeko.

Bere eskaria onartua izatea du gizarte mugimendu orok azken helburua.

Aro Berrian, egonkortasunezko aldi luzeak –edo azaleratu gabeko tentsio aldiak–, eta indar handiko baina iraupen gutxiko eta jarraitasunik gabeko gatazkak izan ziren Europako gizartean. Europa osoan estatuaren sorrerak, monarkia berez autoritarioa betiere gidari, Erdi Aroko antolamendua eta herentzia berritu eta gainditzeko ahalegina ekarri zuen, besteak beste, hala pentsaerari nola aginpidea baliatzeko erari zegokionez.

Errege berriek talde pribilejiatuen presioei eta aginpideari aurre egin behar izan zioten, lurraldea behar bezala antolatu beharizan zuten, lege sistema egokitu eta estatuaren erakunde berriak jarri, estamentuetan oinarritutako erakunde zaharren ordez.

Testuinguru horretan, gizarte liskarrak etengabeak izan ziren, eta liskar horiek krisialdietan gertatzen ziren, edota era askotako arrazoiek sorrarazitako oztopo politikoak izaten zirenean: erregea adingabea izan eta haren ordez senide bat edo tutore bat erregetzan zegoenean; atzerritar bat errege izendatzen zutenean; aginpide zentralaren eta erresuma zaharretako agintarien arteko liskarrak izaten zirenean; ministro gehien batek gehiegizko eskariak egiten zituenean; zerga berriak jartzen zituztenean; edo, bestela, erregearen eta haren aholkularien ahultasunaren eta izen txarraren eraginez.

Gogora ditzagun, azaletik bada ere, garai hartan gertatu ziren liskar nagusiak, batzuk herriak elezahar gisa hartuko zituenak: Gaztelako komunitateen eta Valentziako hermandadeen matxinada, 1520-1522 inguruan gertatuak biak; nekazari alemanen gerra 1524-1525ean, Luteroren erreforma lehen urratsak egiten ari zenean; Kett buru izan zuen ingeles matxinada, 1549an; Alpujarretako mairu kristauen matxinada(1568-1570); Aragoien 1591n izandako gorabeherak, Antonio Pérezen gertaerak zirela medio; Eskoziako matxinada (1638-1651), eta Irlandakoa (1641-1652); Evorako (Portugal) altxamenduak 1637an; 1640tik aurrera Katalunian, Portugalen, Napolin eta Sizilian izan ziren matxinadak; 1632-1645 inguruan Guyennen, Languedocen eta Proventzan izan ziren altxamenduak; “Fronda” izeneko matxinada Frantzian (1648-1653); Razin buru izan zuen matxinada Volga Behean (1670-1671); Kataluniako Barretinen altxamendua 1688an eta Valentziako hermandadeen bigarren altxamendua (1693-1695); Bulavin (1707-1708) eta Pugacheven (1773- 1774) matxinadak Sortaldeko Europan; Esquilacheren altxamendua Madrilen eta probintzietan 1766ko udaberrian; 1766ko gosearen matxinadak Ingalaterran, etab.

Oso zaila da kausa bakarra bilatzea gatazka horietan guztietan, bai horietako gatazka bakoitzean ere. Zerga astunek, espekulazioak, soldaduak indarrez biltzeak, tokian tokiko agintarien oligarkizazioak, auzoondasunen lapurretak, lurrak mugatzeak, ehizaren eta arrantzaren gaineko eskubideek, gastuak mugatzeko pragmatikek, politika eta administrazioa zentralizatzeko neurriek, etab… erantzun gogorra izan zuten nonahi herriaren aldetik, herriak betidanikako ordenari eusteko edo ordena hori berritzeko joera baitzuen. Erlijioa ahaztu gabe, jakina, XVI. eta XVII. mendeetako Europan ikur horren pean bildu baitziren gizarte mugimenduak, baita jatorriz erlijioarekin zerikusirik ez zutenak ere.

Euskal Herrian garai hartan izan ziren gatazkak ezin dira testuinguru horretatik kanpo ulertu. Esan beharra dago hala ere gehiago mugatu zirela herrietara edo eskualdeetara; oro har, ez ziren Europakoak bezain odoltsuak izan, eta erlijioak ez zuen haietan bezainbat indar izan. Euskal Herriko gatazka askotan, ordea, indar handiagoa izan zuen politikak, erregeek noizbehinka mehatxatzen zituzten foruak zirela-eta, baina baita euskal gizarteak bere baitan zituen kontraesanen ondorioz ere. Zentzu horretan, gatazka haiek oso herrikoiak izan ziren, nekazari girokoak batez ere, monarkiaren helburuak maiz aintzat hartzen zituzten oligarkiei aurre egiten zietenak. Nekazariak kontserbadore samarrak ziren, aurre egiten zieten berrikuntzari, zerga berriei, Erdi Aroko “erabilera txarrak” berriz baliatu nahiari, alegia, mendeen mendetatik ohiturazkoa izan zena aldatu nahi zuen orori. Jaunen, erregeen eta hirien garapenaren eraginez mende haietan aldatzen ari zen ordena morala, legala, baita kulturala ere lehengoratzea zuen helburu matxinada kolektiboak.

Beraz, herriak kalte zerrenda luze bati egiten zion erresistentziak sortu ziren Euskal Herriko gizarte gatazkak; kalte horiek –J. Madariagak egoki adierazten duen bezala– honela laburbildu daitezke kronologiaren arabera: lehenik XVI. eta XVII. mendeetan jauntxoek Erdi Aroan izan zuten nagusitasuna berriz ezartzeko izan zen prozesua; geroago, handiki gutxi batzuek udaletako eta probintzietako erakundeetako karguak gero eta gehiago kontrolatzeko eta kargu haietatik ekonomiaren eta zergen ardura bere gain hartzeko izan zuten joera; gainera, Espainiako eta Frantziako monarkiek zerga gehiago ezarri izana, estatu modernoaren antolamenduaren kostuak klase behartsuenen bizkar ordaintzeko ahaleginean; foru sistemak ahultzeko saioa eta beste zerga komun batzuk, gudarostea ordaintzeko zergak, adibidez, foru lurralde horietara zabaltzea; azkenik, merkatu sistema gero eta gehiago finkatzeak eta horrek ekarri zituen ondorioek –espekulazioa, kalea baserriari nagusitzea eta harreman ekonomikoen sistema tradizionala iraultzea–, erresistentziak eta kontrakotasunak sortu zituzten nekazarien artean.Nolanahi ere, laburbiltzearren eta ikuspegi orokorregia emateko arriskuaz, Euskal Herriko gatazkak hiru sailetan bana daitezke –gatazka bakoitzaren arrazoi nagusiaren arabera–: jauntxoen aurkakoak, XVI. mendean eta ia XVII. mende osoan nagusi izan zirenak; zergen aurkakoak, XVII. mendean; bizirik irautekoak, nahiz gizarte eta politika eduki handia izan, nola ziren XVIII. mendeko matxinadak.

 

Aginpidea eskuratzeko lehia: “jauntxoen” gatazkak XVI. eta XVII. mendeetan

Aro Berriko lehen berrehun urteetan, etengabeak izan ziren nobleziako kide garrantzitsuak modu batera edo bestera tarteko gertatu izan ziren liskarrak eta iskanbilak.

Batzuetan, liskar haiek herriaren erresistentziak sortuak izan ziren, aurre egiten baitzieten jauntxoak setaren setaz babesten eta indartzen tematzen ziren eta gehienbat Erdi Aroaz geroztik indarrean zeuden erabilera eta eskubide jakin batzuei. Besteetan, liskar haiek nobleziaren matxinadarako joerak sortu zituen, ez baitzeuden prest nagusitzen ari ziren eta beren aginpidea mugatzen zuten politika eta erakunde berriei amore emateko. Izan ere, txanpon beraren aldeak ziren biak.

Funtsean, justizia zibila eta kriminala, eskumen militarrak eta zergak izan ziren liskarbide, eta horrez gainera arazo zehatzago batzuk ere bai, hala nola lan zerbitzuak,ehotzearen monopolioa eta ehizarako, arrantzarako eta artzantzarako eskubideak, baita eskubide sinbolikoak ere, adibidez, jarlekuaren lehentasuna… Nekazarien eta haien jaunen harremanak tartean zirenean, horietako zergaren bat ordaintzen zuten komunitateak zergarik ez ordaintzeko eskubidea lortzen saiatzen ziren, gehienetan bake bidez: eskubide horiek erosiz, auzitara joz, erregearen lurretara bizitzera joanez, ohiko betebeharrak ez betez edo aurre egite pasiboaz. Ez da ahaztu behar baserri giroko biztanleak sakabanatuta bizi zirela eta sakabanatze horrek oztopatu egiten zituela nekazarien arteko harremanak eta, beraz, zaila zela talde protestarik egitea; horrez gainera, apaizek sermoietan behin eta berriz aipatzen zuten indarrean zegoen ordena defendatu behar zela, ordena hori uka zezakeen edozeren kontra. Gainerantzean, egoera hari ezin eutsi ziotenean, nekazariek beren egonezina bakarka edo talde txikietan protesta eginez adierazten zuten, eta ez hainbeste mugimendu kolektiboen bidez. Kontrabandoak, lapurretek, zergak kobratzen zituzten funtzionarioei egindako erasoek, eta gisa bereko beste ekintza askok, egoera horretan zuten oinarria, eta protesta jendetsuen arriskua saihesten edo gutxitzen zuten ihesbide gisakoak ziren. Hala ere, noiz edo noiz herriaren haserreak gainezka egin zuen, eta liskar handiak sortu zituen, ia gerra zibil baten neurrikoak.

Bake bideen adierazgarri gisa, Arabako Mendoza eta Mendibil herriek, 1554an, auzi luze baten ondoren, zeinek bere jaunarengandik, Infantadoko dukeengandik eta Hurtado de Mendozatarrengandik, justizia zibila eta kriminala eskuratu zuten, eta erregearen eta herriaren armarria zeuzkan pikota bat jarri zuten, jaun haien pikota zaharraren ordez. Handik urte batzuetara, 1652an, Senpereko (Lapurdi) herritarrek beren errota propioa eraikitzea lortu zuten, hitzarmen bidez, Cupenneko jaunaren irin monopolioa baztertuta. Bitartean, Gipuzkoako Aiztondo, Saiaz eta Areria herriek, auzi askoren ondoren, justizia makilak erosi zizkieten Oñaz-Loiola, Idiakez eta Lazkano etxeei, ordu arte etxe horiei lotuak baitzeuden.

Bizkaiko jaurerrian, XVI. mende hasieran, parrokia batzuetako biztanleek auzitara eraman zituzten beren ugazabak; hori egin zuten Deustuan Juan Alonso de Mujica y Butronen aurka, San Pedro elizako hamarrenak eskatzen baitzituen; baita Begoñakoek ere Juan de Escoriaza beren ugazabaren kontra, honek elizkizunetan leku berezi bat izan nahi baitzuen elizan, sagrarioaren ondoan; eta orobat Gipuzkoako Andoaingo eta Tolosako herritarrek, hautsi ere egin baitzituzten ugazaben hilobiak eta jarlekuak.

Hala ere, probintzietako lurraldea eta politika ordenatzen, antolatzen eta arautzen hasiak ziren erakunde eta politika egitura berrien bultzadari nobleek aurre egin zietenean, gertaerak are larriagoak izan ziren.

XV. mendeaz geroztik, garapen betean zeuden erakunde eta politika egitura berriek “irentsiko” ote zituen beldur baitzeuden, nobleek borroka odoltsuei ekin zieten beren aginpideari eta eskumenei eusteko.

Gipuzkoan hiru bider eraman zituzten auzitara Ahaide Nagusiak (1477-1516-1624).

Ahaide Nagusien bost ondorengok frantsesen aurkako gerra antolatzeko Billabonan egin zuten bilera izan zen azkeneko auziaren sorburua. Batzar Nagusiek, Ahaide Nagusiak itzuliko ote ziren beldur, susmoa hartu zioten helburu hari eta galdeketak egin zizkieten Ahaide Nagusien ondorengo elkar hartu haiei. Horrela lortu zuten bost gizon haiek aitor zezaten Ahaide Nagusien noblezia ez zela mailaz eta etorkiz Gipuzkoako gainontzeko biztanleena baino handiagoa.

Araban, jauntxoen eskumenak indar handiagoa izan baitzuen Aro Berri osoan zehar, hermandadeen, ahaldun nagusia buru zutela, eta Arabako jaunen arteko etsaitasunak bere horretan iraun zuen XVII.. endea arte. Izan ere, aldi hartan hermandade batzuk behin eta berriz saiatu ziren Arabatik bereizten –hori gertatu zen Aiaran, Biasterin, eta 1558an Bizkaiko Jaurrerian sartu zen Orozko bailaran–, jauntxoen eraginez gehienetan.

Jauntxoen ofizialek eta Arabako hermandadekoek tirabirak izan zituzten maiz eskumenen alorrean. Askoz tirabira gehiago sortu zituen alor militarrak. Gai horretan hermandadeek eta erregeak interes berberak zituzten, erregeak nobleziarenaginpidea suntsitu nahi baitzuen. Azken Erdi Aroko gatazka politiko eta sozial asko Erdi Aroko gudarostearen egiturari esker sortu ziren; gudaroste mota hura jauntxoen gerra taldeez osatua zegoen gehienbat; gerra talde horiek batzuetan erregearen zerbitzura jartzen ziren, baina aldi berean aukera ematen zioten nobleziari estamentu arteko liskarretan edo nekazariekiko borroketan indarkeria baliatzeko eta, ez gutxitan, merkatariei zergak bidegabeki eta indarrez kobratzeko.

1496an erregeak alardeak ez egitera eta bere lurretan gizon banaketak ez egitera behartu zituen Orgaz, Oñate eta Salinaseko kondeak, erregeak zerbitzu militarra egitera deitzen zituenean. Hala ere, nobleak edozein abagunez baliatzen ziren alor horretan zituzten pribilejioak berreskuratzen saiatzeko. Horrela, 1531n, jauntxo batzuek alardeak egin zituzten hala eta guztiz ere, eta 1597an Arabako Batzar Nagusiek zedula bat irakurri behar izan zuten “… ez jaun tituludunek ez probintzia honetako beste inork ez dezan probintzia honetan soldadu zerrendarik egin, aitzitik, eutsi diezaiotela orain arteko ohiturari…” Testuinguru horretan ordea, Araban eta Gipuzkoan gutxienez, komuneroen matxinada izan zen borroka horren adierazgarri nagusia.

 

Komunitateagatik hil?

1520eko ekainetik 1521eko apirila arte, altxamendu bat izan zen Gaztelako erresumako zati handi batean, historialari batzuen ustean Europako Aro Berri goiztiarreko hiri matxinada gogorrena izan zena eta, beste batzuen ustean, benetako iraultza izan zena. Altxamendu hura indarrean zegoen aginpidearen aurkakoa izan zen, gehienbat Isabel erregina 1504an hil ondoren administrazioa eta erakunde politikoak desegin izanak eta haren biloba Karlos I.ak Iberiako penintsulan egin zuen egonaldiko lehen aldian egin zituen hutsegiteek bultzatua.

Komuneroen erreibindikazioak, besteak beste, politikoak, administratiboak eta ekonomikoak izan ziren: erresumaren aginpidea, gorteek ordezkatua, indartzea erregearen aginpide gero eta handiagoaren aurrean; kargu publiko nagusiak, zibilak nahiz elizakoak, kontrolatzea eta gaztelarren esku uztea; hobekuntzak egitea justizia administrazioan pertsonaren eskubideak eta jabetza eskubidea errespetatzeko; neurri protekzionistak ezartzea Gaztelako ekonomiarentzat –ehun industria babestea, erregeak jarritako zerga berriei uko egitea, Ameriketatik ekarritako urrea eta zilarra babestea–, etab. Geroago gizarteko talde erradikalagoak bildu zitzaizkien komuneroei, erasotzen zietela handikiei, eta oro har aberatsei, eta haien pribilejioak desagertzea eskatzen zutela. Eskari horien aurrean, noble gehienek, handikiek alegia, erregearen alde egin zuten, nahiz hasieran neutralak izan ziren, eta haien laguntza erabakigarria izan zen komuneroen gudarostea Villalarrak 1521eko apirilaren 23an armez garaitzeko.Arabar noble batek “komunero gisa egin zituen ibilerak”Komuneroen higikundeak gorabehera handiak izan zituen Euskal Herrian, eta baita ezaugarri bereziak ere, leinuen arteko liskarrei lotuak. Araban eta Gipuzkoan izan zuen eraginik, gutxiago ordea Bizkaian.

Arabako higikundea ez zen, ustez, berezkoa izan. Probintzia hartan ez zen falta izan komuneroen egitarau politikoarekin bat egiten zuen pertsonarik, besteak beste, Antonio Gomez de Ayala jauna, Fray Juan de Vitoria, Fray Diego de Armas edo Alvaro de Mendoza jauna. Baina neurri batean, bere gogoaren kontra sartu zen Araba matxinada hartan, kanpoko presioen eraginez eta abagune zail hura bere interes partikularrak defendatzeko baliatu zuen pertsona baten bultzadaz, Aguraingo konde Pedro López de Ayalarenaz, alegia.

Gizon horrek harreman estuak izan zituen erregearen izenean gobernatu nahi izan zuen komuneroen batzarrarekin, egoitza hasieran Avilan eta gero Tordesillasen izan zuenarekin. Batzar horrek López de Ayala izendatu zuen Burgosko iparraldetik itsasora bitarteko eremuko komuneroen kapitain jeneral. Izendapen horrek aginpide handia eman zion, korrejidoreak, alkateak,diputatuak eta justizia administratzeko ardura zuten funtzionarioak izendatzeko ahalmena, baita zergei zegozkion eskubideak ere, bere esku zuela komuneroen batzarra ezagutzen zuten hiriak eta haren mende zeuden lurraldeak mantentzea.

Izan ere, izendapen hura taktika jakin bati zegokion: eragotzi beharra zegoen Burgosen zegoen Gaztelako Kondestablearen errege gudarosteak armak eta jakiak hartu, eta Gaztelako erdialdera joan zedin komuneroak zapaltzera. Gerra hartan, Arabak zuen kokalekua zela-eta, López de Ayalarekiko hitzarmena ezinbestekoa zen komuneroentzat; izan ere, erregearen soldaduek ez zituzten komuneroak Villalarren garaitu, harik eta Aguraingo kondea garaitu ez zuten arte. 1521eko otsailean agindua eman zioten Pedro López de Ayala jaunari, moztu ziezaiola bidea Hondarribitik abiaturik Kondestablearen gudarostea indartzera zihoan artileriako konboi bati. Komeni zen orobat euskal probintziak eta merindadeak akuilatzea komuneroen batzarraren alde altxa zitezen. Egintza hark arrakasta izan zuen, arrakasta iragankorra ordea. Lortu zuen aguraindar hark soldadu saldo handiekin destakamendu txiki hura zeharo garaitzea, baina komuneroek ez zituzten kanoiak eskuratu, erregearen soldaduek aldez aurretik suntsitu zituztelako. Gudu hura martxoaren 8an izan zen Arratiako bailaran.

Bitartean, buruzagi komunero hark setioan jarria zuen Gasteiz, eta, diotenez, haren kapitain Gonzalo de Barahonak hiri hartan sartzea ere lortu omen zuen oinezko 1.000 soldadurekin, banderak zabalik eta “Ayala, Ayala” oihu eginez. Arabako ahaldun nagusia Trebiñora joan zen ihesi, Kondestableagana eta Naxerako dukeagana babes bila. Erregearen gudarosteak berriz hartu zuen Gasteiz, Agurain beretu zuen eta jo eta su txikitu zuen Koartangoko bailara, López de Ayala kondearen feudoa, alegia.

Azken borroka 1521eko apirilean izan zen Duranako zubian, eta harrezkeroztik leku hura arabarren Villalar bihurtu zen.

Mendekuz, erregeak Pedro López de Ayala jaunaren jaurerriak beretu zituen eta su eman zion Ayalak Gasteizko San Bizente elizaren aldamenean zuen jauregiari; bitartean, Barahonari lepoa moztu zioten Egurraren plazan, Santo Domingo komentuaren aurrean. Zamorako Fermoselle gazteluan eta Portugaleko erresuman erbesteraturik ibili ondoren, Aguraingo kondea 1524ko maiatzaren 16an hil zen, batzuen ustez Burgosko errege espetxean eta, beste batzuen ustez, Burgosko Salinas kondearen jauregian, han giltzapetu baitzuten, erregeak barkatuko ziolako itxaropenaz Gaztelara itzuli ondoren.

Argi dago, beraz, komuneroen batzarrak ez zukeela Araban laguntza handirik izango, baldin eta Aguraingo kondea matxinatuizan ez balitz. Izan ere, bi alde horien arteko harremana ez zen batere naturala, komuneroen higikundea iraultzailea baitzen, Pedro López de Ayala jauna kide zuen lurralde nobleziaren aurkakoa.

Orduan, zerk bultzatu zuen Aguraingo kondea liskar hori sortzera? Batzuen ustez, kondea bihurria omen zen, diziplinarik onartzen ez duten horietakoa, izaeraz indarkeriari emana, indarkeria bere familiarekin ere maiz erabilia zuena. Beste batzuen ustez, berriz, Diego Martínez de Alava ahaldun nagusiari zion ezinikusia omen zen liskar horren arrazoi nagusia; ezinikusi hori areagotu egin omen zuen ahaldun jaunak kondearen bigarren emazte Margarita de Saluces y Foix andreari babesa eman izanak, emakume hori, kondeagandik zakarki bereizi ondoren, seme-alabak berekin eramanik Gasteizen gerizatu zenean.

Hala ere, pisu gehiagoko beste arrazoi batzuek eragina izan zuten Aguraingo kondearen jarreran. Lehenik, noble izateak berak estatu mota berri bati aurre egitera bultzatzen zuen, estatu moderno eta autoritario horrek, aristokrazia oinarri nagusitzat izanik ere, nobleziaren aginpidea eta autonomia mugatzen baitzuen. Bigarrenik, Arabako jaurreri garrantzitsuenetako baten jabe izateak Araban sortzen ari zen antolamendu politiko berria, jaunaren eskumenetik kanpokoa, atzeratzera bultzatzen zuen; 1463an sortu zen hermandadeak eta haren bi zutabe nagusiek, Batzar Nagusiak eta ahaldun nagusiak, gorpuzten zuten antolamendu berri hori. Ordenamendu hori mesedegarria zen hirietako oligarkientzat eta kaltegarria, berriz, goi nobleziarentzat.

Horrez gainera, baziren beste bi arrazoi aurrekoak bezain garrantzitsuak. Aguraingo kondeak Aiara, Urkabustaiz, Artziniega edo Aguraingo bere basailuekin izan zuen liskarra –haietako batzuek erregearen mende egon nahi zuten–, haiengan zuen aginpidea areagotu nahi izan baitzuen Erdi Aroari zegozkion tratu txarrak emanez. Eta, azkenik, goi nobleziako beste kide batzuekiko etsaitasuna, batez ere Gaztelako Kondestable Iñigo Fernández de Velasco jauna, Karlos I.a kanpoan zenean Erresumako gobernari zenarekikoa. Bi jaun horiek aspalditik zebiltzan liskarretan lur batzuen jabetza zela eta; horietako lur batzuk Palencian zeuden (Ampudia), eta XV. mende erdialdeaz geroztik Velascotarrak ziren hango familia ahaltsuena; beste lurrak, berriz, Koartango, Aiara, Laudio eta Okendoko bailara estrategikoetan zeuden, garrantzi handikoak ziren hain zuzen ere Arabako eta Gaztelako ipar-ekialdeko pasabidean, eta Aguraingo kondea zuten ia osorik edo zati batean lur haiek jaun eta jabe.

Matxinada galdurik asmo guztiak hutsean gelditu zitzaizkion López de Ayalari, eta jauntxoen aginpidea sendotu nahiabaztertua gelditu zen Araban. Diego Martínez de Alava jauna, Aguraingo kondearen etsai handia, izan zen hain zuzen bukaera horrek mesede handia egin zion arabarretako bat, erregeak haren familiari eman baitzizkion Agurain, Bernedo eta San Adriango jabetzak, ordu arte López de Ayala komuneroaren esku egonak.Komuneroen “gaitza” GipuzkoanGipuzkoan, komuneroen altxamenduak beste tankera bat izan zuen, baina gertakari hura ere ez zen bete-betean komuneroei zegokien zerbait izan. Gipuzkoako altxamendua Gaztelakotik bereiz hasi zen, geroago lotura eta harremana izan zuten, eta azkenerako bazirudien gipuzkoar matxinatuen nahiak komuneroenekin nahastuak zeudela. Komuneroen matxinada piztu baino askoz lehenago, liskarretan hasiak ziren Gipuzkoan Ahaide Nagusiak, Gipuzkoako bizitzan eta Batzar Nagusietako ordezkaritzan bigarren mailan egotera behartuak izatearen kezkaz. Ahaide Nagusien asmoak Getariko Batzar Nagusian gauzatu ziren –1517ko azaroa–, batzar hartan erabaki baitzen dozena erdi bat hiribilduk, 70 urte baino lehenagotik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan zuten aginpideari buru egiteko ordenantza bat egitea. Hiribildu horiek berek, Ahaide Nagusien jarrera ikusita, errejimen tradizionalaren eta Gipuzkoari gehien komeni zitzaionaren eusletzat agertu zuten beren burua.

Hala bada, Gipuzkoa bi alderditan zatitua gelditu zen. Batak, Donostia buru zuela, kostaldeko merkatari hiriak biltzen zituen, Karlos I.ari men egiten ziotenak eta estatuaren antolamendu zentralizatuena onartzen zutenak. Erregearen aldeko alderdia zen hura. Besteak, itxuraz komuneroa, Tolosa zuen buru eta Hernanin batzarra, barrualdeko nekazaritza eta abeltzaintzaren interes ekonomikoak aldezten zituen eta zeharo foruzalea zen. Alderdi bati zein besteari hiribildu asko bildu zitzaizkion, eta, askotan, hiribildu horiek aspaldi-aspaldiko aurkakotasunak sortutako elkarren arteko liskarrak berpiztu zituzten (ezaguna da Tolosaren eta Donostiaren arteko etsaitasuna, Donostiaren eta Hernaniren artekoa, Oiartzunen eta Errenteriaren artekoa, Hondarribiaren eta Irunen artekoa, etab.). Oro har, alderdi disidenteak lurralde handiagoa eta trinkoagoa hartu zuen, estrategiaren aldetik hobeto kokatua zena eta biztanle dentsitate handiagoa zuena.

1518ko udaberritik 1520ko uda bitarte bizi izan zuen Gipuzkoak tentsio mailarik handiena. Hernaniko batzarrak 4.000 gizoneko gudarostea deitu zuen gerrara eta Donostiakoak beste horrenbeste egin zuen.

Gerra iragartzera iritsi ez baziren ere, borrokaegin zioten elkarri, eta bi alderdietan izan zen hildakorik eta zauriturik. 1521eko udaberrian ezbehar handiak izan ziren, sagarrondoak bota zituzten, soroak hondatu eta etxeak erre, eta bi alderdiek prozedura laburreko sententziak eman zituzten eta jende askori ezarri zioten heriotza zigorra.

Baina, zergatik sortu zen nahaspila hura Gipuzkoan? Itxuraz, erregeak Gutierre Quixada korrejidore izendatu izanak piztu zuen iskanbila hura. Gizon hori, gainera, gerrako kapitain general zen Gipuzkoan eta bere esku zituen militar zein administrazio eskumenak. Korrejidore berria ez zen Gipuzkoara iritsi, eta bolada batean probintzia hori erregearen justiziarik gabe egon zen.

Hala ere, benetako liskarra haren ondorengo Cristobal Vázquez de Acuña lizentziaduna izendatu zutenean sortu zen, Gipuzkoako batzar partikularrek alde egin zezala eskatu baitzioten. Gizon hori erregearen kontseiluko kidea zen, eta 1508tik 1509ra Gipuzkoako korrejidore izana zen, geroztik, 1520 arte, lotura estuak izan zituela Gipuzkoarekin. Uste izan zuten beraz Gipuzkoak onartu egingo zuela izendapen hura, hain zuzen ere harremanak izan zituelako probintzia horrekin. Hala ere, Gipuzkoara iritsi zenean 1520an, hiribildu askok, barrualdekoek, gogo txarrez hartu zuten lehenengo egunetik, arbuiatu egin zuten eta ez zuten erregearen aginpidearen ordezkari eta korrejidore gisa onartu.

Hiribildu horien ustean, bi korrejidore horien izendapena Gipuzkoako pribilejioen eta foruen kontrakoa zen.

Orduan jarri zen harremanetan alderdi disidentea Tordesillaseko batzarrarekin.

Esan beharra dago, hala ere, Araban ez bezala, gipuzkoar asko komuneroen alderdiarenaldekoak zirela, kronikariek diotenez.

Hori zioen Pedro de Zuazola gipuzkoarrak, erregearen idazkariak, harriturik ikusiriz “lurralde hau ukitzen ez badute ere beste haiek dituzten kexuek, egin dute hain oker handia, nola baita legez makur eta desegitez labur diren komunitate horiei jarraitzea”. Komuneroen “gaitz” horren ondorioz Gipuzkoako komuneroek harremanak izan zituzten Frantziako erregearekin, dirua bidaltzen baitzien hark, gaztelarrei eta nafarrei bidaltzen zien bezala. Hori zioen behintzat Burgosko Diego López de Castrok.

Donostiak eta bere kideek erregeari leial iraun zuten, Hermandadeari, ordenantzei eta eskualdeko askatasunei uko egin gabe.

Hernani eta bere kideak erregeagandik eta bere erakunde zentraletatik urrundu ziren, eta harremanetan jarri ziren Gaztelako komuneroekin.

Azken bi talde horiek mesede batzuk egin zizkioten elkarri, baina ez ziren iritsi beren programak eta ekintzak bateratzera.

Arabak bezala, Gipuzkoak ere izan zuen “bere komuneroa”: Nicolas de Insausti, hiribildu disidenteen eta Tordesillaseko batzarraren arteko harremanen ardura zuena.

Gizon hori Mendaron (Gipuzkoa) jaio zen, eta erregearen etxeko goi mailako enplegatua izan zen, Isabel erregina Katolikoaren garaiaz geroztik. Nolanahi ere, haren karrerak gora egin zuen Joana I.a “Eroa” erreginaren gerizpean, eta harekin eta Felipe Ederra haren senarraren gorpuarekin batera ibili zen Burgosetik Tordesillasera alderrai.

Erregina horrekin hartu zituen erreginaren eta haren alaba Katalinaren jauregizain nagusiaren ordezkoaren kargua eta Bolañoseko gotorlekuaren gazteluzainarena; Fernando errege katolikoak oinordekotza egiteko baimena ere eman zion. Hala ere, Fernando erregea hil zenean, eta Joana erreginarekin izan zituen harremanak zirela eta, onespena galdu zuen Insaustik, eta “adeitasunez” baztertua izan zen Karlos V.aren politikatik. Zer-nolako horiek argitzen bide dute Insaustik komuneroen kausarekin berehala bat egin izana. Komuneroek, bestalde, aurki deitu zuten Insausti eta jarri zuten berriz lehen izan zuen kargu berean, eta gero fraide batzuekin batera Bizkaian eta Gipuzkoan barrena bidali zuten komuneroen kausaren proselitismoa egitera. Insaustik, erreginaren beste zerbitzari batzuek bezala, asko lagundu zuen familia eta erregea Joana erreginaren kontra azpijokoan ibiliak zirelako ideia egiaztatzen, horrela komuneroei beren helburu nagusirako argudiorik baliagarriena ematen zielarik: Karlosen eskuetatik haren amarenetara aldatzea erregetza.

1520ko abenduan, Tordesillas erregeen gizonen mende erori zenean, Insausti espetxean sartu zuten, baina hurrengo urteko udaberrian ihes egin zuen Tordesillaseko espetxetik; bizia salbatu zuen horrela, estatuaren kontrako saldukeriaz salatu baitzuten Gipuzkoa matxinatzera bultzatu izanagatik.

Izan ere, Insaustirekin batera espetxeratu zituzten batzarreko kideak hil egin zituzten. Baliteke Insaustik bere burua Aragoiko erresumara erbesteratu izana, baina Felipe II.a jaio zenean, Karlos V.ak zigorra kendu zion, eta orduz gero Insausti ahaztuta gelditu zen, harik eta Elgoibarren hil zen arte.

Baina hiribildu disidenteen eta komunitateen arteko lankidetza ez zen gutun bidezko harremanetara edo prokuradoreak bidaltzera mugatu. Alor militarrean ere bi aldeak lankidetzan ari izan ziren, bai gudaroste inperialari bidaltzen zioten gudako materiala bidean hartzeko, bai matxinatuei armak zuzenean bidaltzeko, hala Hondarribitik nola Arrasatetik, han arma lantegi handiak baitzeuden, eta han hornitu ziren halaber, ahal izan zuten bitartean, erregearen alderdikoak.

Aguraingo kondea, Arabako komuneroa ez ezik, Gipuzkoako hiribildu disidenteen bultzatzailea ere izan zen. Hala ere, Hernaniko batzarrak, haren laguntzaren premian bazegoen ere, nahiago izan zuen laguntza horri uko egin bere askatasuna noble baten baldintzapean jarri baino lehen, ez baitzen azken finean Erdi Aroko jauntxo hezikaitz bat baizik, komuneroen askatasunen defendatzaile itxuran ageri zena.

Aski ezaguna da gaur egun Naxerako dukeak Gipuzkoan egin zuen bitartekotasuna elkarri erasotzen zioten bi alderdiak baketzeko, eta mehatxatuta zeukan nahasmendutik Gipuzkoa libratzeko. Diego Sarmiento korrejidore izendatzeak bakea ekarri zuen, baina alderdien arteko gatazkari irtenbide zuzena eman baino gehiago, bide egokiak bilatu behar izan zituen gatazka horren ondorioak erremediatzeko eta bialderdiak etsai komun baten aurka bateratzeko: frantsesen aurka, alegia. Hortaz, frantsesek Hondarribia inbaditu zutenean eta Nafarroako gerra hasi zenean bukatu zen Gipuzkoako gatazka.

Orain arte aipatu ditugun liskarrez gainera, benetako gizarte borrokak oso bakanak izan ziren, nahiz baliabideen eta aginpidearen aldetik alde handia zegoen gizarteko taldeen artean, eta tirabira handiak izan estamentuen artean. Nolanahi ere, leku jakin batzuetan eragin handiko gertaerak izan ziren, aipatzea merezi dutenak.

 

Urkamendia, pikota eta errota

1538. urtean Oñatiko herritar batzuek, beren errejimentua buru zutela, jaunak justizia egiteko baliatzen zuen urkamendia bota eta beste urkamendi bat altxatu zuten hiribilduaren kontura. Erregearen kontseiluak erbesteratze zigor batzuk eman eta isun batzuk jarri zituen, eta alkatea izan zen zigortuena, pikotan jarri baitzuten jendaurrean lotsarazteko, eta karguak izateko ezindu.

Urkamendia lehengo lekuan jarri zuten berriz ere, baina 1602an urkamendia plazara eramatea erabaki zuen Oñatiko kondeak, elizaren eta Avilako apezpikuaren jauregiaren aurrean jartzea, herriak laidotzat hartu zuelarik lekualdatze hori. Ezinbestean auzitara berriz jo ondoren, azkenean urkamendia hasierako lekura eraman zuten, Jaumendira, alegia.

Handik urte batzuetara –1592an–, Larragako (Nafarroa) herritarrek jaunaren pikota botatzea erabaki zuten. Leringo kondea zuten jaun, haren zergapekoak ziren eta haren eskumendean zeuden. Herritik pasatzekoa zen Felipe II.aren segizioari bidea erraztearen aitzakian kendu, eta gero harriak gorde zituzten. Tirabira askoren ondoren, kondeak berriz altxatu zuen pikota, eta liskar haren buruzagiak gogor zigortu zituen, batzuk galeretara bidali zituen, eta isun gogorrak jarri zizkien besteei.

Bitartean, Lapurdin, XVII. mendearen hasieran, fivatier 1 -ek uko egin zioten errentak jaunari ordaintzeari, jaunek noblezia agiriak erakusten ez zituzten bitartean, baina agiri gehienak galdu edo erre egin ziren XV. mendean, espainiarrek han egin zituzten sarraldien ondorioz. Lapurdiko nobleak Bordeleko legebiltzarrera joan ziren orduan beren eskubide tradizionalak babes zitzaten.

Baina lapurtarrek indarrez erantzun zioten ekimen hari, eta 1637an Ezpeletako baroiaren gaztelua suntsitu zuten. Beste batzuetanmetodo bakezkoagoak erabili zituzten; Senperen adibidez, Ibarrongo errota eraiki zuten, eta oraindik ere irakur daiteke errota horretan 1662ko idazkuna: “Hau da errota Senpereco herriak eraguinaracia”.

 

Fraideak eta petxak: jauntxoen aurkako matxinadak Nafarroan, XVII.. endean

Nafarroan XVII. mendean sortu ziren beste gizarte higikunde batzuk ere jauntxoen aurkakoak izan ziren. Komunitate batzuk matxinatu egin ziren jauntxoek, laiko zein elizgizon, zergak eta eskubideak errukirik gabe eskatzen zizkietelako. Elkarteko eta Muru-Azteraingo biztanleek, besteak beste, etengabeko liskarrak izan zituzten Irantzuko fraideekin XVI. eta XVII. mendeetan; Urraul Goiti eta Beiti, Esa eta Irunberriko herriak urrunago joan ziren, eta Irunberriko herritarrek Leireko monasterioa indarrez hartu ere egin zuten 1624an.

Baina, zalantzarik gabe, liskarrik gogorrenak Fiteron izan ziren. XII. mendeaz geroztik Santa Mariako abade elizak jauntxoenen gisako eskubide jakin batzuk zituen herritarren gainean. Herritarrak, berriz, 1524an onetsitako ordenantza batzuen bidez, herri batzarrean antolatuta zeuden, baina hala eta guztiz ere fraideen mendeko izaten jarraitzen zuten, eta liskar gogorrak zituzten haiekin, eskumen zibil eta kriminalak, ehiza eta arrantza eskubideak eta zerga batzuk zirela eta. Fiterotarrak era askotara saiatu ziren fraideekiko mendetasunetik askatzen. Batzuetan bake bideetara jo zuten, eskubideak erosiz, auzitara joz edo erregearen mende baizik egongo ez zen beste herri bat sortuz eta han finkatuz.

Baina ezer gutxi lortu izanak –lortu zutenak ez zuen luzaroan iraun– eta fraideenganako mendetasuna sendotu izanak, herriaren haserrea piztu zuen 1627an eta 1675ean.

Herritar batzuek “jauna” esan nahi ez abateari eta abateak herritar horiek giltzapetu zituenean sortu zen lehenengo matxinada.

Fraideek leku sakratuan babestu behar izan zuten fiterotar haserretuek jo eta bertan jipoitu nahi izan zituztenean. Liskar hura 1630ean izenpeturiko hitzarmen batez bukatu zen; hitzarmen horren bidez herritarrek eskumen bat erosteko aukera ere izan zuten, baina 1670ean, 8.000 dukat ordaindurik, eskumen hori berreskuratu zuten fraideek. Horri erantzunez, 1675eko ekainean monasterioari eraso zioten fiterotarrek, auzien eta diruaren bidez kendu zietena indarrez lortzeko asmo finkoarekin.

Maila guztietako 300 bat lagun, makilez etalanabesez armatuak, bandera gorri bat aurrean, abadian sartu ziren fray Jorge de Alcat abadearen eta fray Bernardo de Erviti prokuradorearen bila, bidean aurkitu zuten guztia txikituz eta lapurtuz. Fraideak, izututa, ezkutatu egin ziren edo leihotik behera saltatu, eta soroetan barrena joan ziren ihesi Cintruenigoko bidean. Kolpeak eta zauriak barra-barra eta nonahi izan ziren.

Jendea lasaitzeko, abateak, dorrean ezkutaturik, amore eman zuen, eta dokumentu baten bidez uko egin zien Fiteroko herriaren gainean zituen eskumenei eta matxinatuen aurka mendeku hartzeari.

Hala eta guztiz ere, liskarra bukatu ondoren, hitzartutakoa bete ordez, auzitara eraman zituzten fraideek ustez matxinada hartan ibiliak ziren 115 herritar, alkatea buru zutela. Aztertu beharrekoak aztertu ondoren, hogei lagun hiltzera kondenatu zituzten epaileek, hamaika galeretara bidali eta isun asko jarri zuten. Hala ere, 1677an zigorra barkatu zitzaien kondenatuei, baina, barkamenaren truke, 60 gizon bildu eta Joan Austriakoren gidaritzapean Kataluniara, frantsesen aurka borrokatzera, bidali behar zituen herriak.

Bi data horien artean, Nafarroako beste herri batek, Tuterak, une latzak bizi izan zituen. 1654an Nafarroako gorteek ehiza eta arrantza lege bat eman zuten, jarduera horretan aritzeko tuteratarrek betidanik izan zuten askatasuna mugatzen zuena. Erabaki horri erantzunez, 400 herritarrek alkateaatxilotu zuten eta udaletxeko giltzak ematera behartu zuten; gero, udaletxean gordeak zeuden armak harturik, lege hura onetsi zuten agintarien bila joan ziren, lege hura baliogabetu zezaten. Diruzainaren, fiskalaren eta herriko beste jauntxo batzuen etxeei eraso zieten, eta bereziki Gil de Echauri y Zárate Tuterako batzar buruaren etxeari, 6.000 dukateko kalteak egin zizkiotela; gizon hori diputatua zen gorteetan elizaren adarretik eta lege haren egileetako bat zen. Teilatuetatik ihes egin eta Añorben gerizatu zen, bere sorterrian. Liskar hark bizpahiru egun iraun zuen eta gauzak okerrera zihoazela ikusirik, Diputazioak erabaki zuen ehizaren legea bertan behera uztea, harik eta gorteak berriro bildu arte. Mendekuaren beldurrak ez zion Echauriri Tuterara itzultzen utzi. Orreagako fraideburu izendatu zuten, eta han eman zituen bere azken egunak.

 

Zergen zama astuna: zergen aurkako matxinadak XVII.. endean

Zergak izan ziren Aro Berriko lehen bi mendeetako liskarren arrazoi nagusia; XVII.. ende erdialdetik aurrera, ordea, oinarrioinarrizko elikagaiak garestitzea izan zen matxinada gehienen arrazoi nagusia, nahiz bestelako helburuak zituzten higikundeak ere izan ziren, tokian tokiko agintarien edo atzerritarren aurkakoak.

Oro har, eta salbuespenak salbuespen –1647-1652an Andaluziako hiri batzuetan izan ziren matxinadak, edo 1766an bizigaiek sortutakoak, adibidez–, egonezinak sortutako iskanbila horiek bat-batekoak eta bakartuak izan ziren, agintariek indarrez zapaldu zituzten, eta ez zuen indarkeria maila handirik iritsi bi aldeen arteko borrokak.

Liskar haiek ez ziren maizegi gertatu, edo ez bederen garai hartan bertan Frantzian, adibidez, izan ziren bezain maiz.

1591n, eta Milioien Zergaren ondorioz, iskanbilak izan ziren Gaztelako hiri batzuetan, eta, handik urtebetera, prokuradore talde batek protesta egin zuen gorteetan.

XVII. mendean, eta alde batera utzita Katalunia, Portugal edo Napolin zergen aurka izan ziren matxinadak, altxamendu batzuk izan ziren Felipe IV.aren agindupean ardoaren gaineko zerga berrien kontra, Errioxan, Palencian edo Mantxan. Baina zergen aurkako matxinada guztien artean, Bizkaikoa izan zen, zalantzarik gabe, garrantzitsuena.

 

Gatzaren matxinada Bizkaian (1631-1634) den euskal probintziak Ohiko Zerbitzu, Zerbitzu Berezi eta Milioien Zerbitzu zerizten zergetatik, eta batez ere ustez borondatezkoa zen Foru Opariaren bidez ordaintzen zioten erregearen haziendari. Bizkaian Gernikan bildutako Batzar Nagusiak erabakitzen zuen Foru Opariaren bilketa. Batzar hartan landako jauntxoak ziren nagusi, eta, pixkanaka-pixkanaka, nekazariak batzar horretatik baztertu zituzten, gaztelaniaz hitz egiteko eta –nekazariek nekezago egingo zutena–, idazteko betekizuna derrigor jarriz prokuradoreei. Nekazarien aurkako eraso hura udaletara ere iritsi ziren.

Gauzak horrela zirelarik, batzarrak gero eta gehiago men egin zien erregearen diru eskakizunei. Batzarrean nagusi ziren landako jauntxoak erregearen laguntzaren bila zebiltzan, are gehiago kontuan harturik zerga berriak nekazariek, arrantzaleek edo merkatariek ordainduko zituztela, eta ez berek. Diru bilketa, ez alferrik, kontsumoaren gaineko zergen bidez egiten zen.

Beraz, bizkaitarrei zerga berriak jarri zizkieten inportatutako salgaien eta oinarri-oinarrizko bizigaien gainean; zerga horiek neurririk gabe igoarazi zituzten salgaien eta elikagaien prezioak, eta igoera horrek arriskuan jarri zuen hornidura bera, azkenean salgai batzuk Bizkaiko portuetatik Donostia, Baiona eta Donibane-Lohizuneko portuetara eramaten baitzituzten. Gainera, 1630etik aurrera erregeak artileen gaineko zergak ordaintzera behartu zuen Bizkaiko jaurerria, nahiz ordu arte zerga hori ez zuen Gaztelako artileak baizik ordaindu behar.

Ez da harritzekoa, beraz, herri xehearen erreibindikazioak erradikalizatu eta Bizkaiko jaurerriko gobernua bera zalantzan jarri izana. Nolanahi ere, gertaera jakin batek piztu zuen matxinada. 1631ko uztailaren 18an Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusiak soldaduen zerbitzu berri bat, gatza saltzeko debekua eta erregeari egin beharreko oparia agindu zituen. Hortaz, “Jaurerrian egon daitekeen gatza bahituko da eta saltzea debekatuko, halatan ez dadin handik aurrera gatzik sal, ez bada erregearen haziendaren kontura…” Horrek esan nahi zuen gatzaren prezioa %40 igo zitekeela.

Zerga hori, gainera, Gaztelako Milioien zergaren baliokidea zen. Nekazariei, arrantzaleei eta eskulangileei egin zien kalte gehiena, kontsumitzaileak eta ekoizleak ziren aldetik. Ez da ahaztu behar oinarri-oinarrizko gaia zela gatza elikagaiak kontserbatzeko (arrainak eta haragiak gazitzeko), eta hainbat jardueratarako (azienda bazkatzeko, larruak ontzeko, larruak egiteko, etab…). Eta Euskal Herrian gatzaga batzuk baziren arren, Añanan, Buradonen, Leintz Gatzagan eta Gabirian, gatza nahitaez inportatu behar izaten zuten itsaso bidez.

Arestian aipatu diren taldeei merkatari txikiak elkartu zitzaizkien, zergek itotako

Bizkaiko Gatzaren Matxinada izan zen Aro Berrian zergen kontra sortu zen higikunde nagusia, bai iraupenez (1631ko iraila-1634ko maiatza), bai herriaren erreibindikazioaren konplexutasunez, zeren eta, eskari ekonomikoak gainditurik, aginpide politikoari ere zegozkionak zerikusi handia izan baitzuten. Mende hasieratik zalaparta handia zegoen Bizkaiko gizartean. 1601ean, Milioien Zerga ezarri nahiak –ordu arte euskal probintziek ez zuten zerga hori ordaindu beharrik izan–, herri matxinada bat sorrarazi zuen Bizkaian. Handik sei urtera, 1607ko abenduan, “taldekatu” zeriztenek iskanbila handia sortu zuten Bilbon. Antonio de Bilbao sindiku prokuradoreak 15 eskulangile salatu zituen (margolariak, eskudelgileak, jostunak, sokagileak, etab.).

Delitu hauek egozten zizkieten: “elkargo, ezkutuko batzar eta konfederazioak egitea… hiribildu honek duen gobernatzeko era eta modua hausteko”; azken finean, udalean nagusi ziren oligarken aginpideari aurre egitea, “jende arruntak” erakunde horretan parte hartu nahi baitzuen, beti egin izan zuen bezala. Taldekatuak zerizten haien nahiek esparru egokia aurkituko zuten berriz ere 1631-1634tik aurrera.

Gizarte liskar haiek zerikusia izan zuten XVI. mendearen azken laurdenaz geroztik Gaztelako erresuma osoan eta bereziki Kantauri aldeko eremu batzuetan nagusitu zen ekonomiaren beheraldiarekin. Uzta txarrek eta 1596az geroztik Atlantikotik etorri, Castro Urdialesen barrena sartu eta lurralde horietan gogor jo zuen izurriak, gosea eta gaixotasuna zabaldu zuten bazterretan eta ahiturik utzi zuten biztanleria bolada baterako. Olivares konde-dukeak, Felipe IV.aren ministro gehienak, hondamenera zetorren inperioari kosta ahala kosta eutsi nahian, inperioari eusteko, eraberritzeko eta goraipatzeko bultzatu zuen politikaren ondorioz, arazoak larriagotu egin ziren 1627tik aurrera. Euskal probintziek, beren foruak eta zerga salbuespenak gorabehera, ez zuten ihes egiterik izan erregearen hazienda aseezinak, Europako abenturari eusteko, gero eta maizago eskatzen zituen zergetatik, nahiz Gaztelako gorteek abentura hori maiz gaitzetsia zuten.

Izan ere, denboraren buruan gatazka hori gatazka politiko bihurtu zen. Bizkaiko Batzar Nagusiek berek hautsi egin zituzten Bizkaiko forutasunaren zutabeak. Gogora dezagun euskal probintziak zergetatik salbuetsitako eremua zirela, aduana errejimen berezia zutela alegia, eta, beraz, bizkaitarrek inongo zergarik ordaindu gabe inporta eta esporta zitzaketela salgaiak.

Gainera, zergei zegokienez, salbuetsita zeunekazarien haserreaz baliaturik, baita bertako eta atzerriko merkatari talde bat ere, eta matxinatuei zuribidea eta laguntza ideologikoa eskaini zien elizgizonen bat ere.

Merkatari horiek izan ziren “jendea asaldatu nahian, jendeari burua berotzen eta herritarrak zitaltzen eta herri osoa hunkitzen zebiltzanak, basailuen betebeharrak kontuan hartu gabe, eta kontuan hartu gabe orobat printze eta erregeekin arrenka eta erreguka negoziatu behar dela, umiltasun eta mendetasun osoz, obedientziaz premiaturik…” Merkatariak matxinadara biltze horrek beren merkataritza interesei zegozkien erreibindikazio berriak ekarri zituen: burdinaren eta artilearen salerosketa librea, ohiko aduana tasak kentzea eta azienda libre sartu ahal izatea. Nolanahi ere, gatazka hura erradikalizatzen zihoan ahala, merkatari askok beste alderdira jo zuen.

1631ko iraila eta 1634ko maiatza bitartean izan ziren liskarrak. Urte hartako urtarrilaz geroztik areagotzen ari zen ezinegona indarrez lehertu zen irailaren 24an, Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusia Gernikako zuhaitzaren pean bildu zenean. Inguruko elizateetatik etorritako nekazari kopuru handi batek –1.500 Sagarminagaren ustez–, batzarra egitea eragotzi zieten han bildutakoei, batzar aretoan indarrez sartu zirelarik batzarra desegitera, eta oihuka eskatzen zutelarik hiz egin zezatela euskaraz eta aukera zitzatela diputatuak jende xehearen artean eta ez fraka beltzak janzten zituztenen artean, zaldunen artean, alegia. Eta kronikek diotenez “… arriskuan egon zen bai korrejidorearen bizia, eta bai beste hogei edo hogeita hamar zaldunena ere, BizkaikoJaurerriko eskubideak defendatzerakoan jendetzak, dudarik gabe, epelkeria edo axolagabekeria egozten baitzien.” 1632ko urrian berriz larriagotu zen liskarra.

Erregeari egin beharreko beste opari bat onartu zelarik, Alonso Enríquez jauna, Bizkaiko epaile nagusia, Bizkaiko Jaurerrira iritsi zen, erregeari eman beharreko diruak hango herrietan barrena eskatzen ibiltzeko, baina ardura handiegiaz bete omen zuen bere zeregina. Berehala egin zioten aurre: segituan jarri zizkioten iragarkiak haren etxeko atarian dirua indarrez kentzen ari zela esanez.

Hori gutxi balitz, erabaki zuten 424.314 marabedi banatuko zirela Bizkaia osoan, Enkartazioetan izan ezik, “gaur egun sortzen diren gastu asko ordaintzeko…” Irailean korrejidorearen ordezkoak tirabirak sorrarazi zituen berriz gatzari 25 errealeko prezioa jarri zionean, horietatik 11 zerga gisa. Bilboko herriak piztu zuen orduko matxinada –eskulangileek gehienbat: ferratzaileak, marinelak, ontzizainak, larru-ontzaileak, oratzaileak, bizargileak eta jostunak, baita behe mailako eskribau, letratu eta tratulari batzuek ere–, eta urritik abenduraino iraun zuen. Liskar hura besteak baino larriagoa izan zen, korrejidorearen auzitegiko prokuradore Domingo de Castañeda hil baitzuten matxinatuek, eta Pedro Villela jauna mehatxatu, haren aita opariaren arduradunetako bat eta galeoien zerbitzuko komisarioa izan zelako, ohar gisa urka bat jarri ziotelarik Mungian zuen etxean. Labayru ez zen batere neurritsua izan matxinada hartako gehiegikeriak aipatzerakoan, hauxe esan baitzuen: “… jendailak bere erresumina ase zuen, ustez korrejidorearekin kidetuta zeuden edo egin beharreko guztia egin ez zuten pertsonen bizkar”.

1632ko abenduaren 10ean, Bilbora itzuli zenean Lope de Morales korrejidore titularra alkatearen kargua hartzeko, zertxobait lasaitu zen Bilboko giroa. Baina 1633ko otsailean berriz matxinatu zen. Orduan egin zen batzarrean, herriaren erreinbindikazioak ez ziren foruen defentsara eta gatza saltzeko debekua kentzera mugatu. Matxinatuek 11 erreibindikazioko laburpen bat egin zuten, besteak beste: ordezkarien eta arduradunen izendapenak baliogabetzea, zerga berriak kentzea, Gasteizen eta Elgoibarren tasa berriak ez kobratzeko eskakizuna, Gaztelara esportatzen zen burdinari legeak agintzen zituenaz bestelako albala zergak ez jartzea eta Ribadaviako (Orense) ardoaren inportazioa debekatzea, merkataritza eta arrantza harremanak bultzatu eta Ingalaterrarekiko neurri murritzaileen aurka egingo zuen politika ekonomikoa sustatzea, eta Fernández del Campo eta foruak hautsi zituzten beste batzuk zigortzea.

Azken batean, zergen igoerak sortu zuen gatazka hasieran. Baina geroago higikunde hura gero eta erradikalago bihurtu zen, eta, azkenerako, Bizkaiko Jaurerriko gobernu osoa jarri zuen zalantzan. Higikundea erradikalizatu izanak leinu zaharren aldera bultzatu zituen merkatariak, eta hala eskatu zioten erregeari “erabaki zezala, matxinadako buruzagiak zigorturik, Bizkaiko Jaurerria gatzaren zergatik libratzea, eta jaurerri horri ematea lehen zuen gobernua, eta izendatzea ikuskari bat merkataritzak behera egin ez zezan”.

Olivaresek erabaki zuen bi ahoko politika egitea, alegia, aldi berean zaintzea Bizkaiko jaurerriaren interesak eta erregearenak.

Nolanahi ere, itxuraz bare baina lehertu beharrean egon zen giroa 1634ko udaberria arte. Azkenean, erregeak amore eman zien apirilean Bizkaiko Jaurerriko eskakizunei; hitz eman zuen beraz foruak beteko zituela, eta kenduko zuela gatza saltzeko debekua. Baina indarkeria erabili zuen aldi berean. 1634ko apirilaren 20an sartu ziren Bilbon erregearen soldaduak, Juan Alonso de Idiaquez gipuzkoarra, Ciudad Realeko dukea, buru zutela, matxinada hartako buruzagi nabarmenenak hiltzeko aginduarekin. Azkenean, erregeak bizia barkatu zien matxinadan parte hartu zutenei, atzerritarrei eta hamabi bizkaitarri izan ezik, gehienak bilbotarrak izaki, Idiakezek hil zituen seiak, besteak beste.

 

Zergen aurkako matxinadak Frantzian

Europako sartaldean garai berean izan ziren beste matxinada askoren arteko bestebat baizik ez zen izan Bizkaiko Gatzaren Matxinada, eta garai hartan Frantzian izan ziren matxinaden ezaugarri berberak izan zituen. Frantzian, Bizkaian bezala, zerga berriak izan ziren matxinadaren arrazoi nagusia. Baina bi matxinada horiek ez ziren horretan bakarrik izan antzekoak: orobat izan zituen Pirinioen bi aldeetan eragile berberak, alegia, behartsuak, eskulangileak eta nekazariak (menu peuple); gainera, gehien lehiatu ziren matxinoak hirikoak izan ziren, landako matxinoen laguntzaz eta, hasieran behintzat, burgesen bultzadaz edo neutraltasunaz, nahiz matxinada erradikalizatzen joan zen ahala burgesek “ordenaren” alderdiaren alde egin zuten. Bi aldeetako matxinadak berdintsu bukatu ziren, alegia, erregearen soldaduak istiluak zanpatzera etorri ziren, eta, matxinadako buruzagiak prozedura laburreko auzietan epaitu eta hil, edo ihes egin ondoren, erregeak amnistia eman zuen eta zertxobait arindu zituen zergak.

XVII. mendearen hasiera Espainian bezain korapilatsua izan zen Frantzian ere.

Izurriak eta eskasiak gogor jo zituen Frantziako probintzia gehienak, eta 1627-1632 bitartean mende hartako krisi demografikorik izugarriena izan zuen Frantziak. Bi izurrite horien ondorio zuzenez gainera, biztanleria zorpetu egin zen, hirietako diru ondasunak ahitu egin ziren eta, beraz, hirietako erakundeek erreka jo zuten. Egoera hartan, Richelieuk eta geroago haren pentsamendu politikoaren oinordeko izango zenak, Mazarinok, erabaki zuten Frantzia gogor borrokatu behar zela Viena eta Madrilgo Habsburgotarrek Europan zuten nagusitasunaren kontra. 1635eko maiatzaren 12an gerra aitortu zioten Espainiako errege Felipe IV.ari, eta 1659 arte gerra hartara deitu zituzten erresumako indar guztiak.

Pirinioak, Euskal Herria eta Rosselló, Lorrena eta Flandria gune estrategikoak izan ziren borroka hartan.

Frantziako gudarosteak nekez iristen zuen garaipenik, eta ahitzen ari ziren estatuaren diruak. Biztanleek ordaindu beharreko zergak gehitu egin zituzten beraz, bereziki taille izenekoa. Zerga hori erregearen altxorraren %60 zen, eta nekazariek ordaintzen zuten ia soil-soilik, zerga hori ordaintzetik salbuetsita baitzeuden ez bakarrik elizgizonak eta nobleak, baita hiritar gehienak ere, egoitzari zegozkion pribilejioak baitzituzten. Bada, 1634an, gerra bezperan, taille zergaren zenbatekoa bikoiztu egin zen; hori izan da ziur asko zerga igoerarik handiena Frantziako zergaren historia osoan.

Zerga bilketa hobetzeko, 1642. urteaz geroztik Richelieuk intendenteak –probintzietakoak ez ziren funtzionarioak–, izendatu zituen zerga biltzaile, ohiko finantza ofizialen ordez. Eskakizun ezinago gogorhaiek eta zerga bilketan sartu ziren berrikuntzek matxinadak sorrarazi zituzten.

1635ean matxinadak izan ziren Guyenneko ia herri guztietan. 1637an Périgorden eta Périgord inguruetan matxinada izan zen, Croquants-en, 1630ean Nu-Pieds-en matxinada (Normandian), eta 1642an altxamendua Gaskoinian; azkenik, 1635etik 1645era probintzietako kantoi batzuk gerran ari izan ziren etengabe, zergei indarrez uko eginez.Gatza berriz ere: Baionako matxinadakZerga gero eta gehiago igo izanak eragina izan zuen Baionan, eta hori zela eta, XVI. mende bukaeratik hurrengo mende bukaera arte, zeharo nahasi zen giroa Lapurdiko hiriburuan. Hala, 1590ean, 1641ean eta 1665ean, egoera larritu egin zen. “Menu peuple” edo eskulangileak, besalariak, eta hirietako jende xehea oro har, izan ziren matxinada horien eragile. 1590ean tindatzaileek aurka egin zioten landare kolore-emaileen gaineko zerga berri bati. Aldez aurretik zergarik ordaintzen ez zuten Gaskoinia eta Guyenne osoan indarrean jarri zen gatzaren eta kontsumoko beste gai batzuen gabela zergak altxamendu handi bat sorrarazi zuen 1641ean. Herri xeheak ordaindu behar izaten zituen prezio horiek bikoiztu ere egin ziren batzuetan.

Bestalde, baionesek uko egin zioten Baionan zabaldu nahi izan zuten zergak biltzeko bulego bati; 1640an Estatu Kontseiluak itsasontziak bidali zituen bulego hori indarrez ezartzeko. 1641ean, erregearen funtzionarioak bazetozela eta, matxinada piztu zen Baionan: 300 herritarrek, armak hartuta, funtzionario horiek zekartzan itsasontzia atzerarazi zuten, borroka gogor baten ondoren.

1655ean beste altxamendu bat izan zen, aduanako funtzionarioak egoitza Baionan hartu behar zutela-eta sortua; altxamendu hori zigortzeko soldadu talde bat hirian kokatu zen aldi baterako, eta 1680tik aurrera soldadu talde horrek egoitza finkoa izan zuen Baionan.Sabelxuriak eta Sabelgorriak Lapurdin (1655-1659)Gatazka larri horrek jauntxoen aurkako borroka baten kutsua izan bazuen ere, gatazka politikoa izan zen funtsean: monarkia absolutistak Pays d’Elections-en administrazioa eta zergak (erregeak zuzenean kontrolatua) Pays d’Etats-era eta gune zergagabeetara (Euskal Herria) zabaltzeko egin zuen borroka, alegia. Garai hartan Cupenne familia ahaltsuari lotua zegoen Lapurdiko baile herri betidanikoaren ondorengoak sortu zuen gerra hura. Baile kargu hori Gaztelako korrejidorearenaren antzekoa zen, eta erregearen ordezkaritza zuen alor militarrean, zergetan eta auzietan. Luis XIV.ak Urtubiako Salvat de Alzat izendatu zuen kargu horretarako, Leonard de Coupenne, Senpereko jauna, izendatu ordez, haren aita Jeanen heriotzaren ondoren zegokion bezala. Lapurdiko biltzarrekosindiku nagusiak, Martin de Xuriok, Cupenneren bezeroa baitzen, uko egin zion erregearen erabakia onartzeari. Bestalde, erregearen prokuradore d’Arcangues jaunak Ustaritzeko biltzarrera deitu zuen, eta kargutik kendu zuen Xurio. Biltzarraren autonomiaren defentsak foruen aldeko kutsua eman zion Luis XIV.aren nahien aurkako erresistentziari. Lapurdiko gizartea bi zatitan banatu zen. Batetik, Alzaten eta prokuradorearen mende zegoen biltzarraren aginpidea onartzen zutenak; mila bat gizon ziren Lapurdiko gudarostean bilduak, eta gerriko zuri bat zuten adierazgarri (sabelxuriak).

Bestetik, Xurioren jarraitzaileak, Lapurdik zergak ez ordaintzeko zuen eskubidearen defendatzaileak; hiru mila bat lagun ziren, gerriko gorri bat zutenak adierazgarri (sabelgorriak). Hasieran sabelgorrien taldea nagusitu zen borrokan; Arrangoitzeko gaztelua armaz hartu zuten, gero Ustaritzeko espetxeari eraso zioten, Sokoako gotorlekuko kanoiak harrapatu eta Bordeleko parlamentuak bidali zuen gudarostea garaitu zuten Azkainen… Baina 1659rako sabelgorrien antolamendua deseginda zegoen eta, Xurio hil zenean, sakabanatu egin ziren haren jarraitzaileak. Erregearen aginpidea oso sendotu zen. Matxinoak auzitara eraman zituzten eta isun gogorrak jarri zizkieten, hala matxinoei nola lurralde osoari. Luis XIV.ari biltzarra kentzea ere bururatu zitzaion, baina azkenean biltzarrak iraun egin zuen, indar gutxirekin ordea. Erregeak 1660ko ekainaren 3an Donibane-Lohizunen sinatu zuen ordenantzaren arabera, biltzarrera ez zuen harrezkero sindikuak –herriaren ordezkariak– deituko, baileak baizik, erregearen ordezkariak alegia. Bailearen ordezkoak, hura ere erregearen funtzionarioa baitzen, berrikusi behar zituen sindikuaren proposamenak. Biltzarra, azken finean, Ustaritzeko auzitegian bakarrik bil zitekeen, erregearen gazteluan eta erregearen funtzionarioen kontrolpean; hala, erregearen funtzionarioek berenaginpidea gehitu zuten herriaren erakundeen kaltetan, biltzarraren eta sindikuaren kaltetan, alegia.Matalas eta 1661eko Zuberoako matxinadaLuis XIII.ak 1639an erregearen mendeko lurrak besterentzeko eman zuen ediktoaz geroztik, Frantziako monarkiak jauntxoen aginpidea indartzeko joera bultzatu izaneko testuinguruan sortu zen matxinada hau.

Handik urtebetera, 1640an, Zuberoako auzo lurrak, ordu arte erregearen mendekoak izanak, salgai jarri zituzten. Zuberotarrek ondasun eta eskubide horiek erosteko egin zituzten ahaleginek huts egin ondoren, Iruriko kondeak erosi zituen 70.000 liberatan.

Lur horien barne zeuden Berorizeko eta Atarratzeko baroigoa, Iruri konderri bilakatzea eta geroago Mauleko gaztelua. Arnaud-Jean de Peyrer Biarnoko merkatari aberastu baten semea zen, familia Irurin errotua zuena eta ospe handiko karrera militarra egina zuena, gortean ohore handiak iritsi zituelarik, besteak beste mosketeroen edo erregearen goardiako kapitain izatea. Zuberoan, lurralde hura jauntxoen mende uzteko, prozesu zabal bati ekin zion Iruriko kondeak; prozesu hark hasieran ez zituen bi burgo eta 14 eliz barruti baizik hartzen, baina 1641 eta 1642 artean lurralde osora zabaldu nahi izan zuen, bizkonderri izandako lurralde hura berpizteko asmoz.

Zuberotarrek aurre egin baitzioten asmo horri, erregeak berriz erosi behar izan zituen kondeak erositako eskubideak, baina zati handiena zuberotarrek ordaindu behar izan zuten, eta erregearen ordezkariek indarrez kobratu nahi izan zieten diru hori.

Herriaren matxinada 1661ean piztu zen bertako erakunde ekonomiko eta politikoen alde, eta jauntxoen nahien, apaizen eskubide batzuen eta protestanteen eta Mauleko hiriaren nagusitasun ekonomikoaren kontra.

7.000 bat gizon altxa ziren armatan, Mithikileko apaiza Bernard de Goyenetche, Matalas ezizenez ezagunagoa, buru zutela.

Matalasek ehun bat gizonez osatutako zaindari talde iraunkor bat eta gobernu ibiltari antzeko bat eratu zituen, eta saiatu zen bere ekintza politiko eta militarrez jauntxoen aginpidea eta Mauleren nagusitasuna desegiten.

Bordeleko parlamentuak eta bertako jauntxoek Calvo kapitain mertzenarioa buru zuen indar militar bat antolatu zuten matxinatuei aurre egiteko. Gudaroste horrek Sohütako guduan matxinoak garaitu eta gizon asko hil zituen, 100 bat batzuen ustez, eta 400 bat besteen ustez. Matalas Gotañen harrapatu zuten, 1661eko azaroaren 8an Maulen lepoa moztu zioten, eta haren burua gazteluko kanoi zuloan jarri zuten hiritarren zentzagarri. Beste bederatzi gizonhil zituzten eta beste batzuk bizi guztirako galeretara kondenatu. Matxinatu batzuk barkatuak izan ziren arren, zigorrak eta isunak hain gogorrak izan ziren, non jende asko Erronkarira erbesteratu baitzen. Matalasen oroitzapenak bizirik iraun du Zuberoan heroi zuzentzaile baten gisara.Lapurdiko altxamenduak (1669-1671)Militarrei ordaindu beharreko zergak izan ziren XVII. mende erdialdeaz geroztik Lapurdiko gizartea astindu zuten liskarren sorburua. Izurriteen mende eta zerga handiak ordaindu beharrez, garai hartan herritarrek bizi zuten egoera latza kontuan hartu gabe, Frantziak nahitaez izan behar zuela Luis XIV.aren gisako errege bati zegokion itsas armada bururatu zitzaion Colbert-i.

Berriz heldu zion beraz Richelieuk hasi baina Mazarinok bertan behera utzitako asmoari, alegia, ontzidia sortzeari (gerrarako eta merkataritzarako). Garai hartan Europan nagusi zen merkantilismoak “diruaren gerra” zeritzana sorrarazi zuen, zeinek bere estatua besteen aurrean indartzeko.

Beraz, 1661ean erregeak zeuzkan 18 itsasontziak 250 ziren 1683an, bere ministroa hil zenean.

Atlantikoko itsas armadarako ontzi gizonak biltzeko “premiazko” sistema erabiltzen zuten, alegia, estatuak premia handia zuenean, portuetako marinel guztiak ontziratzen zituen, beren borondatez ala indarrez.

Horrela, itsas armadarako gizonak behin eta berriz biltzen zituzten, ez bakarrik kostaldeko herrietan, baita barnealdeko herri batzuetan ere, Azkainen, Ahetzen edo Senperen. 1635ean 4.500 bat marinel eman zizkion Lapurdik erregearen itsas armadari, artean 70.000 bat biztanle zituela.

1669ko ordenantzaren bidez, eta 1673ko geroztikako ediktoaren bidez, gizonak biltzeko sistema zaharraren ordez sistema berri bat erabiltzea erabaki zuen Colbertek, “itsasoratzeko izena ematea” zeritzana. Sistema horren arabera, kostaldeko barrutietako gizon guztiek, arrantzale eta marinel, familiako betebeharren arabera hiru edo lau kategoriatan banaturik, hiru urtetik behin erregearen ontzietan zerbitzatu behar izaten zuten, ordainetan abantaila batzuk ematen zitzaizkiela.

Lapurdiko kostaldeko portuetan eragin handia izan zuen eta, gainera, gatzaren gabela zergarekin batera indarrean jarri zen bortxazko gizon biltze hura Lapurdiko libertateen aurkakoa zen. Ondorio politikoez gainera, gatazka hark ondorio ekonomikoak ere bazituen, itsas armadara joateko izena ematen zutenek Indietara joaten zirenek baino gutxiago irabaziko baitzuten.

Altxamendu hura Ziburu, Donibane- Lohizune, Urruña, Bidarte, Getaria, Senpere,Azkaine eta Ahetzeko herrietara zabaldu zen, eta borroka hartan Larralde seneskal ordea hil zen. Hala ere, Guiche kondearen bitartekotzari eta trebetasunari esker, ez zen odol gehiagorik isuri, indultua eskaini baitzien matxinatuei, baldin eta Euskal Herriko portuetako 152 marinel itsas armadan ontziratzen baziren.Donazaharreko iskanbila (1685)Gatzak beste gizarte higikunde bat sorrarazi zuen berriro ere, oraingoan Nafarroa Beherean. Intendentea zen erresumako bazter guztietan erregearen erabakien ordezkari nagusia; izan ere, kargu hori garrantzi handikoa izan zen XVII. mendean Frantzian egin zen erreforma administratiboan.

Nafarroa Beherean intendente kargua izan zutenen artean, Foucault intendentea gailendu zen erregearen interesak defendatzeko izan zuen lehia eta eginahalengatik; eta Foucault hori izan zen, neurri handi batean, liskar hura sorrarazi zuena. Aintzilako herritarrek gatz urezko iturri bat ustiatzen zuten auzolanean. 1683an dekretu bidez erabaki zen iturri hura erregeak beretuko zuela, gainera gabela zerga biltzeko bulego bat jarri zuten Donibane-Garazin, eta mugaz hegoaldetik zetorren gatza saltzea debekatu zuten.

Berri horrek iskanbila sortu zuen Donazaharren, baina iskanbila hartan ez zen odolik isuri. Hala ere, zentzagarri gisa Foucaultek bi matxinatu urkarazi zituen, eta beste bi galeratara bidali zituen. Zigorraren beldurrak herritarrak baretu zituen. Baina gorabehera askoren ondoren, Aintzilako gatzagak herriari itzuli zizkioten eta Nafarroa Behereko biztanleek berriz ere libre saldu ahal izan zuten gatza lurralde osoan.

 

Urrialdia eta espekulazioa: XVIII. mendeko matxinadak

1718ko irailean Bizkaian eta 1766ko apirilean Gipuzkoan herri matxinada bana izan zen, arrazoi desberdinengatik sortuak izanagatik, azken batean mende hartako gizarte gatazkaren eraginez piztuak biak.

Gatazka giro hark bi liskarbide izan zituen eragile eta pizgarri: Borbon etxearen berdintze eta zentralizazio politika erreformazalea eta euskal gizartearen barne kontraesanak; gainera, ekonomia jarduera “Erdi Aroko ezaugarrietara berriz itzuli izanak”, gizarte antolamenduaren hierarkizazioak eta mailakatzeak, eta gestio politikoaren oligarkizazioak,areagotu egiten zituen kontraesan horiek. Osagai horiek guztiek sorrarazi zuten gatazka hura.

Matxinada hitza matxin hitzetik dator –alegia, olagizonen patroi Martinen izenetik–, eta hain zuzen ere izen horrekin izendatzen zituzten olagizonak eta burdinolekin zerikusia zuten lanak egiten zituzten nekazariak. Geroztik, hitz horrek nahasmendua, jazarraldia, liskarra, iraultza adierazi izan du euskaraz. Matxinadak kate baten moduan zabaltzen ziren, herri batean matxinada sortu eta hurrengora zabaldu, eta horrela herri batetik bestera.

Aipatu ditugunez gainera, asko izan ziren XVIII. mendean Euskal Herrian sortu ziren matxinadak: itsas armadarako gizonak indarrez biltzeak Irunen 1731n sortua; 1733an Soraluzeko arma oletan izan ziren istiluak; alearen prezioa garestitzeak 1731n Azpeitin sortu zuen altxamendua; 1743an Hernanin izan zen zalaparta, auzo mendietan egin zituzten belar eta egur mozketen eraginez; 1756an haragiaren prezioak Gipuzkoan sortu zuen matxinada saioa, etab.

Horiez gainera, izan zen beste gatazkarik ere, hala nola Gasteizen 1738an gertatutako istiluak, edo Lapurdin mende horretako azken hogeita bost urteetan emakumeek egin zuten altxamendua, baina horiek geroago aztertuko ditugu.

 

“Zergapeko egin nahi gintuzten”.

1718ko matxinada eta aduanen auzia

Borbon etxeak aginpidea hartu zuenean asko indartu zen zentralismoa. Hori frogatzen du dinastia berriaren lehenengo ordezkariak, Felipe V.ak, aduanen eragina gehitu nahi izanak, erregearentzat diru sarrera gehiago eta aldian aldiroago lortzeko eta, bide batez bere lurralde guztiak sartzeko sortu nahi zuen estatu eredu berriaren baitan. Hala, 1717ko abuztuaren 31n, barrualdeko aduanak itsas portuetara eta Portugaleko eta Frantziako mugetara eraman behar zirela agindu zuen errege dekretu batek. Neurri horrek oihartzun berezia izan zuen euskal probintzietan. Ordu arte, euskal probintziak Kantabriako Barrutia zeritzanaren baitan zeuden, ez Gaztelako aduana errejimenaren pean, aduanak Euskal Herriaren eta Gaztelaren artean baitzeuden (Urduña, Balmaseda, Gasteiz). Beraz, kanpora esportatzen ziren Euskal Herriko produktuek ez zuten zergarik ordaintzen, eta, ordaintzekotan, oso zerga txikiak ordaintzen zituzten. Ordainetan, produktu inportatuak libre sartzen ziren Euskal Herrian eta libre saltzen ziren orobat. Baina produktu inportatu horiek Gaztelan sartzen zirenean esportaziorako ziren Gaztelakosalgaiak bezalaxe ordaindu behar izaten zuten. Gaztelara bidaltzen ziren Euskal Herriko salgaiek ere ez zuten zergarik ordaindu behar izaten. Euskal probintziek truke libreko eremu baten gisa funtzionatzen zuten, eta Euskal Herria zeharkatzen zuten produktu eta salgaiek Gaztelako erresumako mugak zeharkatzean bakarrik ordaindu behar zituzten aduana eskubideak.

Hori aspaldi-aspalditik zen horrela, eta horretan zetzan hain zuzen ere Euskal Herriaren zerga salbuespena. 1717ko errege aginduak amaiera ematen zion Euskal Herriko “eremu zergagabeari”, eta bistan dago erabaki horrek eragin handia izan zuela merkataritzan eta prezioetan.

Neurri horrek ez zuen eragin bera izan hiru euskal probintzietan, eta gizarte talde guztiek ez zuten neurri hori berdin jasan behar izan. Hasteko, Arabak ale asko ekoizten zuenez, eta bere burua hornitzeko aukera gehiago zituenez, beste bi probintziak baino prestatuago zegoen aldaketa horien ondorioak gorabehera handirik gabe eramateko.

Aitzitik, kostaldeko bi probintziak inportazioen askoz mendeago zeuden eta, gainera, nekazaritzan ez ziharduten askoz biztanle gehiago mantendu behar zituzten.

Baina, arestian esandakoa gorabehera, Arabako egoera ere ez zen batere ona. 1690 eta 1720 bitartean Arabako nekazaritzak oso egoera zaila bizi zuen; gari uztak %42raino gutxitu ziren aldi hartan, XVI. mendearekin konparatuz gero. Horrez gainera, neurri berri horrek galera handiak sortuko zituen kontrabandoan, izan ere kontrabandoa ez baitzen aldian behingo jarduera bat, aitzitik Euskal Herriko biztanleriaren zati handi baten ekonomiarentzat oinarrizko jarduera ere bazen, irabazi handiak ematen zituena. Gainerantzean, ez da harritzekoa euskal herritarrek, kontsumitzaile ziren neurrian, uko egin izana aduanak lekuz aldatzeari, mendetasun handia baitzuten aduanekiko eta, gainera, foruen eta pribilejioen aurkako eraso zuzentzat hartzen baitzuten lekualdatze hura. Protestak gorabehera, errege dekretu hura indarrean jarri zen eta aduanak kostaldera eraman zituzten 1718ko martxoan. Matxinada berehala piztu zen Bizkaian.

Istiluak nonahi izan baziren ere, Enkartatazioetatik Oiartzuneraino, Gasteiz tartean, istilu larrienak Bizkaian (Biboko hinterlanda-a, Ibaizabal itsasadarra, Mundaka-Gernika itsasadarra) eta Gipuzkoako sartaldean izan ziren (Bergara, Arrasate, Mutriku, Deba, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Elgeta, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati). Ziurtasun osoz ez bada ere, esan liteke matxinadak itsas portuetan eta itsas portuen inguruko nekazari guneetan izan zuela indar gehiena, eremu horiek bizigaien inportazioaren mendetasun handia baitzuten eta, gainera, aduanen kokaleku berriak eremuhoriei egiten baitzien kalte handiena. Barrualdeko eskualdeetan matxinadak ez zuen indar handirik izan, laborez errazago horni baitzitezkeen Arabako lautadatik edo Burgosko iparraldetik, eta beren burua hornitzera iritsi ere irits baitzitezkeen.

Matxinadak, zentzurik estuenean, 1718ko martxotik 1719ko urtarrileraino iraun zuen. Lehenengo istiluak 1718ko abuztuan izan ziren: zerga biltzaile bat hil zuten Bilbon, eta Bermeon eta Algortan aduana zaintzaileen itsasontziak erre zituzten.

Hala ere, istiluak larritu egin ziren irailaren 4tik aurrera. Egun hartan Deustua, Arrigorriaga eta Begoña elizate hurbiletako nekazariak saldoan sartu ziren Bilbon, korrejidorearen bila, aldaketa horiek baliogabetuko zituen dokumentu bat sina zezan.

Korrejidoreak uko egin zion dokumentu hori sinatzeari, eta ondorioak ikaragarriak izan ziren. Jaurerriko, hiribilduetako eta kontsulatuko gobernuaren arduradunen eta jauntxoen etxeak txikitu zituzten, baita 1710ean ahaldun nagusi izana zen Miguel Antonio de Castañosek Gernikan zuen etxea ere. Matxinoek hil egin zituzten horietako handiki batzuk: Enrique de Arana ahaldun nagusia, “matxinoen ustez aduanak aldatzearen eragile nagusia izan zena…”, Bilboko Hareatzan labankadaz hil zutena; Martín Antonio de Escoiquiz eta Juan Gregorio Esterripa, Bilboko alkatea eta zinegotzi nagusia, Bermeon hilak; Rocaverdeko markesa, Bergarara ihes egin zuena eta Otxandion hil zutena, etab.

Nekazariak matxinatu zirenean bilbotarrak ezer egin gabe gelditu ziren. Bitartean,araupeko apaizek argi eta garbi jokatu zuten jauntxo aberatsen alde, arrakasta handirik gabe ordea. Alkatea eta korrejidorea jesuiten komentuan gerizatu ziren, eta jesuitak izan ziren, gainera, Aldareko Jaunaren irudia kalera atera zuten lehenak “ea bide horretatik suteak geldiaraz zitezkeen ikusteko”.

Bilboko herritarrek armak hartzea erabaki zuten inguruetako nekazariengandik babesteko, bolbora bezain bizi zabaldu baitzen Somorrostro gatazka, Portugalete eta beste herri batzuetara, eta Bermeon hiru jauntxo ere hil baitzituzten urriaren 10ean.

Pixkanaka-pixkanaka higikunde hura Gipuzkoara iritsi zen, hain zuzen ere Deba bailarara, eta Bergaran indarkeriazko ekintzak izan ziren. Eskualde hartako zaldun nagusi askori eraso zieten, eta haien jauregiak txikitu eta erre zituzten; ziztu bizian alde egin behar izan zuten, beraz, leku seguruagoetara edo babes eskean joan behar izan zuten leku sakratuetara. Bizkaian gertatuaren jakitun eta larriturik, handikiek Legazpi, Oñati, Bergara, Antzuola, Urretxu, Segura, Arrasate eta Ormaiztegiko herrien Batasuna eta Hermandadea antolatu zuten, bai 400 gizoneko indar armatu bat eratu ere, liskarrik izanez gero elkar babesteko.

Irailerako bildua zen Tolosan Gipuzkoako batzar berezia. Batzar horretan erabaki zuten bi mezulari bidaltzea Madrila “probintzia hauei lehen zuten askatasuna edo aduana eskubideak ordaintzeko salbuespena” berriz ematea eskatzeko. Giroa lasaitzeko edo, urriaren erdialdean Alberoniministroaren gutun batek erregearen dekretuaren zentzua zehaztu, eta libre utzi zuen probintzia barruan kontsumitzekoak ziren produktu guztien sarrera.

Hala ere, Bizkaiko gertaerak zehatz-mehatz aztertzea eskatu zuen Felipe V.a erregeak, eta orobat bidali zituen 3.000 gizon, Blas de Loya mariskal gorena buru, eta Bizkaiko jaurerriko agintariek beren esker ona erakusten ziotela. 1719aren hasieran De Loyaren soldaduek ia Bizkaia osoa hartu zuten.

Matxinoak nekazariak izan ziren gehienbat, batez ere Bilbo inguruko elizateetakoak edo kostaldekoak, baina nolanahi ere herri xehe gehienak matxinadan parte hartu zuen. Bergaran idatzitako gutun batean izan ezik, sekula ez zitzaien matxino deitu, baserritar, nekazari, jendalde eta Arana hilez geroztik “jendilaje zital eta zikina” eta “gaizkileak” baizik. Bestalde, matxinoek “aberri-saltzaileak” esaten zieten beren aurkariei.

Handikiak ziren horiek, batzuk Bilbon bizi zirenak, besteak landa giroan; haietako batzuek goi mailako noblezia tituluak zituzten, edo goi mailako karguak, Bizkaiko jaurerriko gobernuan. Merkatari batzuk ere esetsiak izan ziren.

Bizkaiko jaurerriko nekazari askoren aduanen aurkako jarrerak oinarri ekonomikoak zituen. Berdin zergapetzen zituzten kontsumitzeko inportatutako produktuak, nola Gaztelan sartzeko inportatuak, itsas portuetan lehorreratu orduko produktuek ordaindu behar izaten zituzten aduana eskubideek.

Bizkaiko jaurerriko biztanleentzat, beraz, igoera hura zeharkako zergen igoera zen. Horregatik matxinoek “zergapeko egin nahi zituela” egozten zioten Enrique de Arana jaunari. Begien bistako gauza zen, eta hala adierazi zuen matxinadak, kostaldeko portuetako eta kostaldetik hurbil zeuden nekazaritza giroko herrietako biztanleen ustez haiek izango zirela erabaki haren eragina gehien jasango zutenak, haiek zeuden-eta laboreen, bakailoaren, ehunen, eta abarren inportazioaren inor baino mendeago. Hori dela eta, logikoa da Durango, Arratia, Orozkoko bailara eta Enkartazioetako ekialdeko merindadeak ez matxinatu izana: barrualdean zeuden eta aleez beren buruak hornitzeko gauza ziren nolabait –Orozko–, edo laboreez hornitzen ziren Arabatik –Arratia eta Durango–, edo Burgosetik –Enkartazioak–.

Bergarako, inguruko beste hiribildu batzuetako eta Otxandioko matxinadak, beste matxinadak baino askoz beranduago gertatuak –azaroaren hasieran–, erregearen gudarostearen sarraldiari egindako erresistentzia saio bat izan ziren. Horregatik zioten Leintz-Gatzagako mugara joan beharra zegoela Gipuzkoa eta bere foruak defendatzera.Matxinatuen ezinikusia korrejidorearengana eta beste agintariengana bideratu zen, alegia, aduana berrietako ofizialengana, baina batez ere landako jauntxo eta foru eta udal agintariengana, “golillas” zeriztenengana, foru askatasunak defendatzerakoan epelkeria eta beren interes partikularrak herriaren interes orokorren gainetik jartzea egozten baitzieten. Izan ere, nekazariek ez zuten zalantzarik jauntxo askok amarru bidez jardunak zirela erregearen alde, edo ez ziotela indarrez aurre egin 1717ko abuztuaren 31ko dekretuari, eta ez zirela beraz bizkaitarrek zuten salerosketa askatasunaren alde borrokatu.

Gerta zitekeen, 1631-1634an bezala, batetik jauntxoek, aginpide zentralari oso atxikiak baitziren, ez interesik izatea kargu ofizialak ematen zizkionaren kontra egiteko, eta bestetik, merkatariak artilearen salerosketa Santanderrera eramango ote zuten beldurrez egotea. Matxinoen ezinikusia indarrean zegoen ordenaren ordezkari guztiengana zabaldu zen: “auzo nagusiak”, “lehen mailako jendeak”, “zaldunak”, “goi mailako pertsonak”, alegia, agintariez eta landako jauntxoez gainera, ugazaba laikoak eta merkatari aberatsak ere biltzen zituen oligarkiagana.

Izan ere, oligarkia lurren jabeak, salgaietan eskuratzen zituenez hamarrenak, errentak eta eskubideak, begi onez ikusten zuen merkataritza askatasuna indarrean jartzea, nekazaritza gaien soberakinak saldu ahal izango baitzituen horrela. Bitartean, Bilbo, Donostia eta Gasteizko merkatariek ontzat hartzen zuten aduanak lekuz aldatzea, zeren eta aldaketa horrek beren esku uzten baitzituen Amerikarekiko merkataritza librearen aukerak. Apaizek, batez ere araupeko apaizek (domingotarrak, frantziskotarrak, agustindarrak eta jesuitak), herriaren haserrea ez baitzen haiengana iritsi, handikien alde egin zuten, matxinoak lasaitzen eta baretzen saiaturik.

Aduanen lekualdatzari buruz 1717ko abuztuaren 31n erregeak emana zuen dekretua baliogabetzea izan zen matxinatuen erreinbindikazio nagusia, baina landako jauntxoak ere zigortu nahi zituzten “aberrisaltzaileak” izateagatik.

Matxinadaren zapalketaren ondorioz 32 pertsona hiltzera kondenatu zituzten –31 Bizkaian eta 1 Gipuzkoan–, eta kartzela zigorrak, isunak eta ondasun bahiketak agintzen zituzten sententzia asko eman zituzten.

Matxinoek beren eskari nagusia lortu zuten: 1717ko dekretu zorigaiztokoa baliogabetzea.

1722ko abenduaren 16ko dekretu batek aduanak barrualdean jarrarazi zituen berriz, 1723ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Azkenean, 1726ko abenduaren 22an, erregeak indultua eman zien matxinadanparte hartu zuten guztiei. Lehenengo ekinaldiak ez zuen ez galtzailerik ez irabazlerik izan, baina foru pribilejioak mehatxatuta gelditu ziren: aduanak lehengo tokian jarri zituzten berriz, baina gauzak ez ziren inoiz 1717 baino lehen ziren bezalakoak izango.

1718ko matxinada arrazoi askorengatik izan zen gatzaren matxinadaren antzeko.

Matxinada hartan bezala, honetan ere aldez aurretik tirabirak izan ziren, ondo ezagutzen ez direnak baina ezin ukatuzkoak.

Zerga igoera izan zen bi kasuetan, zuzenean edo zeharka, arrazoi nagusia. Bi altxamendu horiek agerian jarri zituzten handikien eta nekazarien arteko tirabirak, handikien eta erregearen arteko harremanak, nekazariek probintziako gobernuarekiko zuten mesfidantza… Badago alderik, jakina, matxinada batetik bestera, eta, bereziki, bilbotarrek altxamenduan ez parte hartu izana, 1631-1634an egin zuten bezala.

Hala ere, bazirudien 1718ko matxinadak gehiago begiratzen zuela iraganera 1766ra edo 1804ra baino.

 

“Handinahiaren kalteak”: 1738an Gasteizen gertatuak

Gasteizen 1738tik 1748ra bitartean izan ziren gertakariak ez ziren beste matxinadak bezain gogorrak izan, nahiz tirabira handiak izan ziren; nolanahi ere, argi geratu zen hiritarrek aurre egiten ziotela aginpidean zegoen oligarkiari, eta haren handinahiariegozten ziotela orobat hiri hartan zegoen “kalte saldo hura”.

1738ko martxoaren azken egunetan, Gasteizko hiria eratzen zuten 21 auzoetatik 20k kexa zerrenda bat aurkeztu zioten Gaztelako kontseiluari, karguan egon ziren bitartean behar bezala ez gobernatu izana egotzirik beren agintariei. Ordu arte ezkutuan bildu izan ziren auzokideak, nobleziaren gehiegikeria batzuk salatzen zituzten iragarki batzuek deituta.

Jesusen konpainiaren ikastetxe bat Gasteizen eraiki nahiak piztu zuen matxinada hura, gasteiztar gehienak ikastetxe horren kontra baitzeuden –apaiz talde gehienak ere bai–. XVI. mendeaz geroztik zebiltzan jesuitak ikastetxe hori sortu nahian, baina hiritarren presioak bertan behera utzia zuen asmo hori. Urte hartan, jesuitak, nobleen laguntzaz, azpijokoen bidez sartu ziren hirian.

Hala ere, badirudi altxamendu hark beste arrazoi batzuk izan zituela. Matxinadak “Merkataritzako Jendeen” ordezkariak izan zituen buru, ez nobleak aginpidetik botatzeko, aginpidera iristeko eta aginpideaz nobleekin batera baliatzeko baizik.

Kontsumitzaile gaixoak, nobleek udaletik oinarri-oinarrizko gaien gainean jarri zizkieten zergek itota, erraz lotu zitzaizkion oligarkiaren aurkako “gizarte erantzunari”, besteak beste hauxe egotzirik nobleei: diruak bidegabeki erabiltzea, hausteskundeetan iruzur egitea eta beste “gehiegikeria, nagusikeria eta tiranokeria asko (…) eta haien jauntxokeria hain da antzina-antzinakoa, non garai batzuetan familia prestu batzuek etxea hustu behar izan duten, eta hiritik alde egin…” Gasteizko burgesiak udaleko ofizio nagusiak kontrolatzeko premia handia izan zuen orduan. Gatazka horrek zerikusia izan zuen nolabait XVIII. mendeko lehenengo hamarraldietako beste gatazka batzuekin.Begien bistakoa da 1718ko matxinadak ez zuela Araban Bizkaian bezainbat indar izan.

Hala ere, erregetzak orduan izan zuen jarrerak, eta hurrengo urteetan izango zuenak, gogor mehatxatzen zuen Arabako merkataritza, batez ere tradizionalena, burdinari eta artileari lotua zegoena.

Burgosek, Santanderrek eta Bilbok merkataritza bide tradizionalak kontrolatzeko elkarren artean izan zituzten liskarrek arriskuan jarri zuten Gasteizen etorkizuna merkataritza gune gisa. Bilbotarren eta santandertarren arteko borrokak kalte egin zion Gasteizko merkataritzari. Patiño estatu idazkariak 1731tik aurrera Burgos-Santander bide zuzenari eman nahi izan zion bultzadak (geroago, 1748-1753 bitartean, Gaztelaren eta Santanderren arteko bide zuzena eraikitzera eraman zuena), bide alternatiboak bilarazi zizkion Bilboko burgesiari.

Hiru proposamenetik bik –Balmasedakoak eta Urduñakoak–, alde batera uzten zuten Gasteiz nahitaezko pasabide gisa.

Gatazka hura konpondu bitartean, 1738tik 1742ra, gelditu egin zen Gasteizko bizitza politikoa. Nafarroako Kontseiluko Entzule Gonzalo Muñoz de Torres jaunari esker, eguneroko jarduera politikoa berriz hasi zenean, Gasteizko burgesiak bere amets irrikatua lortu zuen 1742 eta 1748 artean: udaleko kargu nagusiak eskuratu ahal izatea. Burgesiak ez zuen gehiegi iraun aginpidean, baina hala ere ordenantza berri batzuk onartu ahal izan zituen Gasteiz hirirako, baita arantzel berri bat ere, Gasteiztik pasako ziren salgaien gaineko zergak arautzeko. Fernando VI.a erregeak nobleen alde esku hartu zuenean urak bere bidera etorri ziren. Nolanahi ere, burgesiak urte hartan iritsi zituen lorpen batzuk ezin izan zituen inork atzera bota.

 

Haragiaren matxinada Gipuzkoan

Matxinada “saio” hura Gipuzkoatik azienda ateratzea debekatzen zuten Gipuzkoako Diputazioaren 1754ko eta 1755eko dekretu batzuek piztu zuten. Espekulazioa eta kontrabandoa indartu, eta prezioak are gehiago garestitu, besterik ez zuten egin neurri protekzionista horiek.

Leku batzuetan abeltzaintzak ordezkatzen edo osatzen zuen nekazarien ekonomia urri eta gorabehera handikoa. Abereak esportatzeko aukerak, mugatuak baziren ere, lasaitasuna zekarkioten nekazariari.

Baina abeltzaintza gero eta garrantzitsuagoa izan zen neurrian, hainbat eta espekuladore eta trafikante gehiago agertu zen, nekazaritzaren mundutik kanpokoak eta diru iturri oparo horrek erakarriak, abeltzaintzamerkaturatzeko eta esportatzeko prest.

Ganadu azokek izan zuten bultzadak –1757an hamarretik gora egin ziren Gipuzkoan–, badu zerikusia negozio onuragarri horrekin. Gipuzkoako haragi hornidura azoken bidez antolatzen zen, baina azokak orobat izan zitezkeen baliagarriak trafikanteei eta salerosleei haragiaren merkatuaren berri emateko.

Araba eta Nafarroa aldameneko lekuetako nekazariek izaten zuten azoka horietan beren abereak merkaturatzeko eta saltzeko aukera; baina Diputazioaren dekretu berriek itxi egiten zuten bide hori. Dekretu horiek, hasieran behintzat, bertako kontsumitzailea babestu nahi izan zuten espekulatzaileen aurrean, baina ahaztu egin zitzaien, hain zuzen ere, Araba eta Nafarroaren mugakide ziren eremu horietako nekazariak haragia esportatzeko askatasunetik bizi zirela.

Dekretu horien aurkako higikundea Bergaran eta inguruko herrietan hasi zen lehenik, han azaldu baitziren lehenengo iragarkiak, eta Deba eta Urola bailaretako beste hamabi herrietara zabaldu zen gero (1718an iskanbilak izan ziren eremu berera): Zegama, Ormaiztegi, Segura, Idiazabal, Ataun, Ordizia eta Berastegi, hegoaldetik muga Araban eta Nafarroan duten herriak hain zuzen, eta geroago bildu zitzaizkien Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate, horiek ere hegoaldetik muga Araban dutenak. Batzuek zein besteek beren “berezko merkatua” defendatzen zuten, eta azienda saltzeko askatasuna eskatzen zuten.

Matxinadaren eragileak landako jabe txikiak, maizterrak eta oinordekotzaren jabe txikiren bat izan ziren; matxinatu horiei herri xehea bildu zitzaien gero, Batzar Nagusien erabakien gaitzespena adierazteko eta, neurri batean, aginpidea monopolioan hartua zuten agintari eta landako jauntxoen aurka egiteko. Agintariek berehala erantzun zioten altxamendu hari: gudaroste bat antolatu zuten, gudaroste horrek erresistentziarik gabe hartu zituen herri matxinatuak, eta errotik zapaldu zuen hasia besterik ez zen matxinada hura. Azkenean, Batzar Nagusiek atzera bota zuten beren erabakia eta 1755ean dekretu berri bat eman zuten abereak Gipuzkoatik kanpo libre ateratzen uzten zuena. Bitartean, isunekin eta ondasunen bahiturekin zigortu zituzten matxinada eragin zutenak.

 

Alearen salerosketa librearen matxinada (1766)

Lehenengo hiru errege Borbondarren erregetza bitartean ez zen ziur asko 1766komatxinadak baino gertakari larriagorik izan, bai hedaduraz –70 bat herri–, eta bai estatuan izan zuen eraginaz (erregeak hiriburutik alde egin beharra eta erreforma programa).

Historialari askoren ustean, Esquilache ministroa gidari zuen erreformismoaren aurkako taldeek herritarren masak manipulatu izanaren ondorioa baizik ez zen izan liskar multzo hura. Hala ere, badirudi beste zer-nolako batzuk ere zerikusia izan zutela altxamendu hartan. Batetik, egiturazko arrazoiek –izan ere, prezio igoerek eta gobernuak aleen gainean hartu zituen neurri liberalizatzaileek larriagotu besterik egin ez zuten krisi ekonomikoa–; bestetik, arrazoi xenofoboek, erregearen ministro eta zerbitzari atzerritaren kontrako etsaitasunak adierazten zuen bezala; azkenik, matxinada haren arrazoia jesuiten konspirazioari egozten zioten arrazoiak, hori zela eta –arrazoi hori eman zuen Campomanes ministroak–, handik urte batzuetara Espainiatik botako zituzten jesuitak.

Nolanahi ere, komeni da bereiztea Madrilen martxoaren 23tik 25era izan ziren liskarrak eta geroztik Espainiako beste bazter askotan izan zirenak. Badirudi Madrileko liskarretan helburu politiko jakin batzuk zeudela; hurrengo asteetako matxinadak, berriz, herriaren ekintza zuzenez piztu ziren, eta bizirik irauteko matxinadaren adibide gisa har litezke.

Euskal Herrian, Gipuzkoan piztu zen matxinada, eta harreman zuzena izan zuen garai hartako euskal nekazariaren kontsumitzaile izatearekin. Euskal Herrian inoiz ez baitzen behar adina labore produzitzen, arazo guztiak ale urritasunak, nahitaez egin beharreko inportazioek eta oinarri-oinarrizko produktu horiek merkatuan izaten zuten prezioak sortuak ziren. Harik eta 1765ean tasa (salneurri hori finkatzen zuena) kendu zuten arte, prezioarena ez zen hain arazo larria izan, XVIII. mende hasieran aduanak barrualdetik kostaldera eraman nahi izan zituztenean izan ezik.

1718 arte, itsaso bidez egiten ziren inportazioak –horregatik esaten zioten “Itsasoko Ogia”–, libreak ziren eta ez zuten inongo zergarik ordaindu behar, prezioak beraz kontsumitzailearen irispidean zeuden.

Horregatik matxinatu ziren nekazariak, kontsumitzaile ziren neurrian, urte hartan Felipe V.ak aduanak kostaldera eraman nahi izan zituenean. Matxinatu zirelarik, aduanen lekualdatzearekin ados egotea egotzi zioten oligarkiari, zeren eta oligarkiak jasotzen baitzituen Euskal Herrian ekoizten zen gari urriaren mozkinak, eta ez zitzaion axola beraz labore inportatuen prezioa igotzea.

Hori guztiagatik sumindu ziren matxinoak oligarken kontra, eta oligarkek azkenean amore eman behar izan zuten matxinadarenbeldurrez, nahiz beren helburuei ez zioten betiko uko egin.

1765ean berriz gertatu zen mehatxupean euskal kontsumitzaile gaixoa. Urte hartako uztailaren 11n, alearen tasa kendu eta alearen salerosketa librea erabakitzen zuen pragmatika bat kaleratu zuen erregeak.

Dokumentu horrek baimena ematen zuen alea esportatzeko alea produzitzen zuten udalerri edo eskualdeetatik kanpo, udaleko edo probintziako agintariek inongo trabarik jartzerik ez zutela. Aldi berean, aldatu egin zuen udalek aleen hornidura publikoaren alorrean zuten esku hartze eta kontrol sistema guztia, ordu arte indarrean egon zena eta hatsapen hauetan oinarritua: bertako produkzioa bultzatzea, pisuak eta neurriak kontrolatzea, alea udalerritik kanpo ateratzeko debekua harik eta bertako hornidura ziurtatua egon ez zedin arte, eta oinarri-oinarrizko gaien prezioak finkatzea.

Burgesiak eta oligarkia lurjabeak, ordea, oso ondo hartu zuen alearen liberalizazioa.

Izan ere, 1766ko prezio garestitzeak ez zukeen hain erreakzio gogorra sorraraziko nekazariengan, baldin eta oligarkia lurjabeak eta Donostiako burgesiak egoera hartan espekulatu izan ez balute; espekulatu, haiek bakarrik espekulatu baitzezaketen; lurjabeek errentaren zati handi bat salgaiz kobratzen zutelako, edo hamarrenen (laiko zein elizako) hartzaile zirelako; merkatariek, alea merke erosi, biltegietan gorde eta eskaria noiz areagotuko zain gelditzen zirelako,orduan alea pixkanaka-pixkanaka saldu eta irabazi handiak ateratzeko. Espekulazio jarduera horiek gosea zekarkioten kontsumitzaile gaixoari (nekazariak eta eskulangileak); eta goseak gogoak berotzen zituen eta berehala sorrarazten zuten matxinada.

Gainera, ezurteetan, halakoxea izan baitzen 1766ko urtea, kanpora, Asturias eta Galizia aldera, ateratzen zuten espekulatzaileek Euskal Herrian ekoizten zen ale gutxia, askoz diru gehiago irabazi ahal izateko.

Izan ere, urte hartan Azkoitian izan zen matxinada arrazoi horregatik beragatik izan zen, herritar talde batek ikusi baitzuen nola gurdi bat gariz betetzen ari ziren Euskal Herritik kanpora bidaltzeko.

Aurreko jende mota bera altxatu zen matxinada horretan ere: nekazariak, eskulangileak eta arrantzaleak, alegia, herri xehea eta kontsumitzaileak oro har, tasa kentzeak eta aleen liberalizazioak ekarri zuten prezio igoerak kalte zuzena egin zion jendea.

Apaizei dagokionez, araupekoek ez zuten jarrera bateraturik izan. Arantzazuko fraideak ez ziren matxinadan tarteko sartu, eta uko ere egin zioten matxinatu talde bat santutegian hartzeari; Loiolako jesuitek, berriz, santutegian lanean ari ziren harginen alde jokatu zuten, eta leku sakratuak ematen zuen babespean gerizatu zituzten.

Geografiaren aldetik, Gipuzkoako iparsartaldean izan zuen matxinadak indarrik handiena, Bizkaiarekin mugakide den aldean.

Hasi, Azkoitian eta Azpeitian hasi zen,eta berehala zabaldu zen Deba bailarako herrietan barrena (Elgoibar, Eibar, Arrasate eta Soraluze), eta bi adarretan banatu zen gero, kostaldera bata (Deba, Motriko, Zumaia, Zestoa, Getaria eta Zarautz), eta bestea barrualdera, Goiherri aldera, nekazari eremu batera hain zuzen, 1755eko gertakizunak izan ziren lekutik ez oso urrun. Bizkaian matxinadak Ondarrun, Markinan eta inguruetan izan zuen indarrik gehiena, eta Araban, berriz, Aramaion –Arrasatetik hurbil–, Agurainen eta Gasteizen baizik ez zuen indar pixka bat izan. Ordenaren defendatzaileak Donostian eta bere hinterland naturalean zeuden, Hernanin, Urnietan, Errenterian, Oiartzunen eta Irunen. Ingurune hori merkatu bateratu baten gisa eratua zegoen garai hartan, gehienbat merkataritza eta bitartekaritza jardueretan ziharduena, eta bertako merkatari handiak eta frantses eta italiar jatorriko merkatari atzerritar batzuk gidari zituena. Barrualdeko merkataritza guneetan, Tolosan eta Bergaran, hiriko bizitzan eragina zuten biztanleek alderdi zapaltzailearen alde egin zuten.

Erreibindikazioak ez ziren homogeneoak izan, ez geografiaren aldetik, ez kronologiaren aldetik, ez gaiaren aldetik. Bazen, jakina, erreibindikazio nagusi bat, alegia, aleen salneurria eta merkataritza liberalizatzearen kontrako oposizio sutsua. Baina horiez gainera, baziren beste erreinbindikazio asko ere, ez aurrekoa bezain garrantzitsuak agian, bai ordea adierazgarriak:herri lurrak ustiatzeko baimena zabaltzea, hamarrenak eta elizaren zerbitzuak arautzea, moral publiko tradizionala berriz ezartzea, eta herriak gobernu erakundeetan parte hartzea.

Liskar horietan matxinoek ez zuten inor hil, baina txikizio handiak egin zituzten.

Nolanahi ere, lurjabeak eta merkatariak eskarmentua hartuta zeuden dagoeneko, eta berehala eta gogor egin zioten aurre matxinadari, bai ondo antolatuta egin ere.

Batetik, apirilean eta maiatzan, matxinada hasi zenean eta hurrengo egunetan hain zuzen, garia eta artoa merke banatu zituzten nahasmendu handia eta prezioak oso garesti zituzten Gipuzkoako herri guztietan; bestetik, 1718an saiatua zuten Hiribilduen Batasun sistema berriz jarri zuten indarrean: oraingoan eratu zuten batasun bat Deba Garaian eta beste bat Donostialdean; azkenik, errepresio militarra antolatu zuten.

Beste matxinadetan ez bezala, matxinoek ez zituzten beren erreibindikazioak lortu, eta zigor gogorrak jasan behar izan zituzten. Jauntxoek eta merkataritza burgesiak, Donostiakoak batez ere, berei zegokien auzi bat bailitzan hartu zuten errepresioa.

Indar armatuaren buru Donostiako alkate Manuel Arriola eta Kindelan koronela zeuden, Irlandako errejimentuko 300 soldadu beren agindura zituztela. Hiriko soldadu talde horri Irun, Oiartzun, Errenteria, Hernani eta Urnietako herritarrak bildu zitzaizkion, baina ez zen han falta izan Gipuzkoakogoi mailako leinu bat bera: Peñafloridako kondea, San Millán eta Narroseko markesak, etab. Ezin da aipatu gabe utzi Manuel Antonio de Arriola jauna, jabe aberatsa eta hamarrenen hartzailea –Axpeko ugazaba zen– izateaz gainera, 1718an Bilbon hil zuten ahaldun nagusiaren ahaidea zela (iloba txikia). Gorabehera horiek zerikusirik izango zuten haren gogoan 1766ko matxinada zapaltzerakoan, familiako laido hura “kitatzeko” aukera eskainia baitzitzaion.

Gainera, gauza bitxia, 1755ean, haragiaren matxinada piztu zenean, gizon hori zen Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Jende asko atxilotu zuten eta 70 bat pertsona auzitara eraman zituzten. Hala ere, heriotza sententzia batzuk eman ziren arren, azkenean ez ziren bete, eta zigorrak isunetara, ondasunak bahitzera, erbestera, espetxera eta galeretara mugatu ziren. Gainerantzean, neurri errepresibo horien ondoren neurri politikoak ere hartu ziren, Gipuzkoako Diputazioaren maiatzaren 13ko erabakiaz. Hauek dira, besteak beste, aipagarrienak: aleen gaineko tasa kentzea, indarrez sinatutako hitzarmen guztiak ukatzea eta udal bilkurarik egiteko debekua, baldin eta onartzen bazuten bilkura haietan norbait aitonen semea ez zenik, edo ordenantzek eskatzen zuten adina lur ondasun ez zuenik. Matxinatuei ordainetan eman zitzaien gauza bakarra “diputatu eta gauza komunen ordezkari” karguak sortzea izan zen; kargu horiek herriak aukeratutako udaleko karguak ziren, kontsumoa eta hornidura kontrolatzeko eta zaintzeko ardura zutenak. Hala eta guztiz ere, aginpideak oligarkiaren esku jarraitzen zuen.

 

Lapurdiko emakumeen matxinadak (1773 eta 1784)

XVII. mende bukaeran eta XVIII. mende osoan Iparraldean ere liskar txikiak, altxamenduak eta gatazkak izan ziren zerga berriak jarri nahiaren edo zergak jartzeko zurrumurru hutsen kontra. Nahasmendu horiei “zirrara” deitu zieten, eta, besteak beste, hauek izan ziren garrantzitsuenak: 1696ko iskanbila Mugerren eta Hiriburun; Ainhoako liskarra 1724an zergak biltzerakoan huts egite bat gertatu zelako; 1726anLapurdin izan zen matxinada “berrogeita hamarrena” zerga zabaltzen saiatu zirenean; 1734an Bidarten eta Getarian zergabiltzaileei egin zitzaizkien erasoak; 1756an Donibane-Lohizunen izan ziren gertakariak, indar militarrak han etengabe finkatu izanak herriarengan sortu zuen haserrearen eraginez, non frantsesez ez zekien agure euskaldun baten eta euskaraz ez zekien ofizial frantses baten arteko eztabaidak sekulako borroka sortu baitzuen militarren eta herriaren artean; eta, azkenik, Lapurdiko emakumeen matxinadak 1773an eta 1784an.Egia esan, emakumeek behin baino gehiagotan parte hartu zuten XVIII. mendean Iparralden izan ziren liskarretan. Horrela gertatu zen Donibane-Lohizunen 1709an gabela zergaren kontrako protestan; edo 1748an Donibane-Garazin izan zen nahasmenduan zerga berrien mehatxuaren kontra, nahiz gero argitu zen iragarki bat gaizki ulertu izanak sortua izan zela. Baina Lapurdiko gertakarietan baliteke emakumeek gehiago parte hartu izatea. 1773 arte, lapurtarrek zuten pribilejioetako bat tabakoaren zerga salbuespena zen. Gainera, ez zuten inongo eragozpenik beren kontsumorako lantzeko. Tabakoa Haltsuko errota batean egiten zuten eta mugaldeko herrietatik banatzen zuten. 1773an estatua tabakoaren monopolioa ezartzen saiatu zen iruzurrari aurre egiteko bide gisa. Baina neurri horrek eragina izan zuen herrietan (Sara, Itsasu, Zuraide, Haltsu) altxamendu gogor batez erantzun zioten herritarrek.

Emakumeak izan ziren borroka horren eragile nagusiak, eta lortu zuten tabakoa saltzeko debekua kentzea eta ohi zuten bizitasunez kontrabandoa egiten jarraitzea halaber.

1784ko liskarrak Errobi ibaitik sartaldera zegoen Lapurdiko eremua zergarik ordaintzen ez zuen eremutik kentzeko erregeak hartu zituen erabakietan izan zuen jatorria, ordu arte lurralde horrek Lapurdi osoak zuen eskubide berbera baitzuen.

Hazparne inguruko herriek gogor uko egin zioten Lapurdi zerga barrutietan banatzen zuten aduana txikiak eta egoera berri hori arautzen zuten Gutun Zigilatuak indarrean jartzeko saioari.

Guyenako intendente Neville eta erregeak Baionan zuen ordezkari Cupenneko markesa Hazparnera abiatu ziren 150 granaderoren eta 5 brigadaren buru zerga horren agindua indarrez ezartzera. Baina emakume saldo erresumindu bat aurkitu zuten aurrez aurre, eta erabaki behar izan zuten edo atzera egitea edo emakumeak bertan hiltzea. Zuhurtziari men eginez, soldaduek atzera egitea erabaki zuten, ez ordea mendeku hartu gabe, atxiloketak eginez eta eskualde osoa arma bidez hartuz.

Hazparneko apaizaren bitartekaritzak zigor gogorrik ez jartzea lortu zuen, baina apaiz hari elizako kanpandorrea bota zioten matxinada egunean emakumeak biltzeko kanpaiak jo izanari mendeku hartzeko. Militarrek lurralde guztiko armak ere bahitu zituzten, guztira milaka fusil.

Aginpidea, urrialdia, zergak: atal honek izenburutzat duen “trilogia madarikatu” hori behin eta berriz agertu zen, konbinazio anitzetan, noiz indartsuago noiz motelago, beste tentsio elementuekin batera, Euskal Herriko bazterretan Aro Berrian izan ziren gatazka garrantzitsu guztietan.