Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Erdi aroa - Ekonomia

Arrantza

Balearen ehiza, Zarauzko etxe baten ateburuan irudikatua (Gipuzkoa).<br><br>

Euskal ekonomiaren sektore guztietatik zaharrenetako bat, ezbairik gabe, arrantza da. Ehizarekin eta fruitu bilketarekin batera, Historiaurreko gure arbasoen oinarrizko bizigaietako bat izan baitzen. Denbora joan ahala, jarduera aurreratuagoen eraginez –laborantza eta abeltzaintzaren eraginez–, pixkanaka baztertzen joan ziren, nola fruitu bilketa hala ehiza. Arrantzak, ordea, ekonomian zuen garrantziari eusteaz gainera, teknika aldetik garatzen jarraitu zuen, horrela geroz eta eraginkortasun handiagoa lortzen zuela, eta eragin eremua ere zabaltzen joan zen, ibaietatik eta kostaldeko uretatik abiatu eta ur handietaraino. Hain zuzen ere, Erdi Aroa funtsezkoa izan zen arrantza jardueraren garapenean.

Ibaietako arrantza, gaur egun –kutsadurak eragozten ez duen tokietan–, oso bazterreko atala da ekonomia jardueren arloan (haztegiak alde batera utzita, noski). Denboran 800-900 urte atzera egiten badugu, ikuspuntua erabat aldatu beharrean gertatzen gara. Ibaiko arraina, Erdi Aroan, osagai baliagarria eta estimatua izan zen gizakien elikadurarako. Erlijioaren arloko zenbait inguruabar, hala nola Garizumaren ospakizuna, ibaiko arrain kontsumuaren eragingarri gertatu ziren, itsas arrantzaz ezin balia zitezkeen barnealdeko lurraldeetan, batik-bat.

Hala ere, ekonomia jarduera honek utzitako oihartzun historikoa oso desberdina izan da iturri batzuetan eta besteetan.

Oro har, albiste urritasuna da nagusi, Lapurdi salbuetsita, lurralde horretan, dirudienez, garrantzi handia izan baitzuen ibaiko arrantzak. Hori pentsarazten dute, behintzat, jarduera honi buruz egin zituzten araudi ugari eta zehatzek. Euskal Herriko gainerako lurraldeetako datuak bakanagoak eta zatikatuagoak dira. Saia gaitezen elkarrekin lotzen eta osoko ikuspegia osatzen.

Arrain mota estimatuenak gaizkata, izokina, aingira eta kolaka ziren. XI. mendetik hasita aurkitzen ditugu esandako arrain moten arrantzari buruzko agiriak. Teknikak, nahiz eta lehen begiratuan oso desberdinak iruditu, bi prozeduretan oinarritzen ziren.

Alde batetik, amuz eta sokaz, oso antzinatik egin izan den bezala; bestetik,Azken Erdi Aroan eta Aro Berrian, sare sistema korapilatsuak eta geroz eta eraginkorragoak garatuko dira, sarritan instalazio finkoetan ezarriak. Oso izen desberdinak agertzen dira idatzietan: “nasa, red barredera, buitron, traina, trasmallo, esparavel”.

Guztiak printzipio berean oinarritzen ziren, hots, arrainen ibilia geldiaraztea eta ihes egingo ez zuten espazio batean biltzea.

Egun gertatzen den moduan, urak kutsatu ere egiten zituzten arrainak errazago eskuratzearren, ibaia karez edo sokaranez erreta.

Arrain mota preziatuenak agor ez zitezen, eskumena zuten agintariek debekupean ezarri zituzten esandako zenbait arrantza apareju, toki batzuetan urte guztiz, eta besteetan urtaro jakinetan, nahiz eta zalantzan jartzekoak diren debeku horien emaitzak.

Baionan, ur gezatako arrantzaleek –tilholier deitzen zitzaien, tilhole izeneko ontziak erabiltzen zituztelako–, gutxienez XIII.. endearen azkenetatik, euren lanbide elkartea edo gremioa zuten, maisu eta laguntzaileetan egituratua, eta badirudi lanbidea gurasoetatik semeetara pasatzeko ohitura zutela.

1450ean idatzitako gremioko estatutuetan, lan baldintzak arautzen dira, eta Aturri eta Errobi ibaien barreneko ibilbideetako monopolioaren bidez babesten dira lanbide interesak. Arau horiekin batera, erlijio ospakizun sail bat ezartzen da, kideen arteko elkartasun loturak sendotzearren.

Ibaiko arrantzaren balio ekonomikoa itsasokoaren aldean txikia izan arren, ez da horregatik bazterrera uztekoa. Horregatiksaiatzen dira aginte publikoak hura kontrolatzen.

Baionako udalak lanerako arauak ezartzen dizkie arrantzaleei 1352an, eta 1450eko estatutuak eta ondorengo berresteak ere udalak onartu beharko ditu balioko badute. Nahiz eta ez hain jarraian, Bizkaiko Foru Zaharra (1452) eta Berria (1526) ere arduratzen dira jarduera honetaz. Baina aginteen interes ekonomikoa zuzenagoa da kasu batzuetan. Horrela, Hondarribiako udalbatzak, izokin arrantzak sortzen dituen irabaziek erakarrita, Lapurdiko Buniortarrekin aurrez adostu ondoren, Lorregiko arrandegia ustiatzen du Bidasoa ibaian (1489).

Orobat egiten dute eliz erakundeek, hala nola Donostiako San Bartolome monasterioak, zeina partikularren aurkako auzietan agertzen baita, 1512tik 1514 bitartean, Aginagako izokin sareak (Oria ibaiaren barrenaldean) kontrolatzeko ahaleginetan.

Baina arrantzaren funtsezko atala itsasoko arrantza da. XII. mendearen azkenetatik, eta hurrengo mende guztian zehar, sektore geroz eta itzal handiagoa hartuko du Lapurdiko eta Gipuzkoako itsasertzean.

Garai honetan, Iparraldeko bi arrantza zentro garrantzitsuenak Angelu eta Miarritze ziren, Gipuzkoako Hondarribia, Donostia, Getaria eta Mutrikurekin lehenik eta beranduago Zumaia eta Oriorekin lehia gogorrean.

XIII. mendearen hondarretik aurrera, Bizkaiko hiribilduen sortze prozesua gorpuztu ahala, Plentzia, Bilbo, Ondarroa, Portugalete, eta, batik bat, Bermeo eta Lekeitio ere arrantzan nabarmenduko diren portuak izango dira.Euskal arrantzaleen eragin emuak, ordea, ez dira euskal kostako uretara mugatzen.

XIV. mendearen erdialdetik aurrera sartaldera hedatzen dira, eta Asturias eta Galiziako uretan arrantzatzen dute. Hori dela eta, liskar ugari sortu zen lurralde haietako biztanleekin, zela besteren uretan ibiltzeak sortzen zituen arazoengatik, lapurretengatik edo kontratuak ez betetzeagatik.

Iparraldera, euskal itsasontziak oro har, eta arrantza ontziak bereziki, Bretainia, Irlanda eta Ingalaterrako kostetaraino heltzen dira. Horren ondorioz, kanpoko monarkiekin araudiak eta hitzarmenak egin beharra gertatzen da: 1351n Eduardo III.arekin Londresen negoziatzen dena, esate baterako.

Balea da harrapatutako mota guztien artean deigarriena. Euskal arrantzaleek ehitzatzen zutena Balaena Biscayensis (euskaraz sardako balea) izenekoa zen, heldutan 15 bat metro luze izatera heltzen zena, eta Balaenidae jenerokoa. Gaur egun ia desagertutzat jo daitekeen balea mota da, Erdi Arotik hasita jasan duen atergabeko ehiza arrazoi dela. Balearen ia atal guztiak aprobetxatzen ziren: gantzetatik ateratako olioa –hutsik edo beste zenbait gaiekin nahastuta–, biziki estimatua zen argigintzarako, ontziak istinkatzeko, edo larru eta oihalak tratatzeko; balearen larrua lokarriak, gerrikoak eta ontzietarako sokak egiteko erabiltzen zen; haragia ere oso preziatua zuen, mihikoa batez ere. Harrapatzen zuten beste zetazeo mota bat –ez balea adina, handiagoa eta erasokorragoa zenez, oso arriskutsua baitzen Erdi Aroko ontzi hauskor haietan zihoazenentzat–, zeroia zen, zeinaren gantza ukenduak eta bernizak egiteko erabiltzen baitzen. Zetazeoak alde batera utzita, arrain mota estimatuenak sardina eta bisigua ziren, zerbaitegatik eskaintzen zaie arreta berezia biei ala biei euskal itsasertzeko hiribilduetako ordenantzetan. Halaber, beste mota askoren artean, itsas aingira, meroa eta legatza ere harrapatzen zituzten, antxoak eta bokartak ahaztu gabe.

Arrantza teknikak arrain moten arabera aldatzen ziren. Balea eta zeroia ziren arriskutsuenak.

Iraileko ekinozioan hasi eta neguaren amaiera arte iraun ohi zuen zetazeoen ehizak, eta gizakiaren eta animaliaren arteko benetako borroka izaten zen.

Behin talaiariak balea ikusi orduko (propio eraikitako dorre edo talaiak ziren euskal itsasertzean) itsasora irteten ziren txalupak eta ontziak. Harrapakinera hurbiltzen zirenean, arpoilarien trebetasuna sartzen zen jokoan, hura ehizatu, zauritu eta ihes egiten ez uzteko. Uste da, halako kasuetan, ontzi batzuetatik baleari erasotzen zitzaion bitartean, beste batzuetatik haiei laguntzen zitzaiela arpoiak, lokarriak eta gainerako tresnak emanez, eta, txalupa hondoratu ezkero, arrantzaleak itsasotik atereaz. Lantzaz edo xabalinaz behin odol hustuarazieta gero, atoian eramaten zuten lehorrera, han zatikatzeko.

Gainerako arrain moten arrantzarako –itsasoaren baldintzak onak zirenean, behinik behin–, premiazkoagoak ziren pazientzia eta metodoa, ausardia baino. Eskala txikiko arrantza alde batera uzita –beita, haga eta hariz egiten zena, alegia–, kalamuzko sareak eta ibaiko arrantzarako aipatu ditugun teknika bertsuak erabiltzen ziren. Arraina garraiatzeko premiazkoak ziren espartzuzko otarrekin osatzen zen arrantza tresneria.

Ibaiko arrantza, ekonomia aldetik garrantzi txikiagokoa izanda, arautua bazegoen, eta interes desberdinen arteko gatazka iturri bazen, itsas arrantzaren kasuan areagotu egiten zen arazoa. Hala, Iparraldean ur gezatako arrantzaleen lanbide elkarte bat sortu zen bezala (Baionan), Bizkaian, XIV. eta XV. mendeetan itsas marinelen eta arrantzaleen kofradiak garatzen dira Plentzian, Ondarroan, Lekeition eta Bermeon.

Gipuzkoan ere berdin gertatu zen. Donostian San Pedro izeneko arrantzale kofradia bat eratu zen. Bestalde, Hondarribian, izen bereko marinel kofradia zuten, eta itsasoko beste zenbait lanbideren artean arrantzaleak ere barnean sartzen ziren. Berdin gertatu zen Deban, Itziarko Andre Mariaren kofradiarekin.

Elkarte hauen ordenantzetatik antzeman daitekeen bezala (1353tik aurrera, beste batzuen artean, Bermeoko San Pedro kofradiakoak ezagutzen dira) funtzio desberdinak betetzen zituzten. Mota honetako beste gremio batzuen antzera ekintza erlijiosoak egiten zituzten, hala nola asteroko mezak (Bermeon, San Pedroren eta San Millanen ohorez) eta hildako kofradeen aldekoak. Kofrade aguretuei, elbarrituei edota alargun eta haur babes gabeei, laguntzak izendatzen zitzaizkien arrantzatik sortutako irabazietatik. Baina, erruki eta maitasun kontuak alde batera uzita, babesak lanbide eta justizia kontrola zekarren berarekin (Bermeon, odol delituak salbuetsita, kofradiak epaitzen du arrantzalea) eta, kontrolarekin batera, desberdintasunak eta hierarkiak sortu ziren. Kofradiako agintariak dira zenbait arrantza teknika debekupean jarri eta, lanerako ordutegiak eta egutegiak zehazten dituztenak. Baina zeintzuk dira agintari horiek? Zelatariak edo señero deituak ziren, hauek erabakitzen zuten itsasoaren egoera arrantzarako modukoa zen ala ez, eta, hala erabaki ezkero, portura erretirarazten zituzten arrantza ontziak, kofradiakoak ez zirenak ere barne zirela.

Kofradian itzal handia zuen beste instituzio bat mayordomoek osatzen zuten, hauek baitziren kofradiaren administrazioaz arduratzen zirenak. Kofradiak indartu eta bultzatu egiten ditu barneko desberdintasunak.

Kofradia barruan gutxienez hiru talde bereizten dira: morroiak, arrantzaleak etamaestre de pinaza zirelakoak. Sardinero deituek berriz –Bermeoko kofradian behinik behin–, gainerako guztiak baino beheragoko taldea osatzen zuten. Desberdintasun horien ondorioz, lanbide sektore pribilejiodunak sortu ziren arrantza portuetan; maiordomoak eta zelatariak izendatzeko eskumena zuten “maisuak” hartzen zituen delako sektoreak. Aipatutako egitura, seguruenera, irabazien banaketa geroz eta desberdinagoan oinarritu bide zen, eta ez da miraria hortik liskarrak eta kalapitak eratortzea.

Baina arrantza munduko desberdintasunak eta tirabirak ez ziren barnekoak soilik. Zenbait portu herri beren lehentasun eskubideak, kontrolak eta araudiak inposatzen saiatu ziren inguruko kostaldean.

Bermeoko hiribildua, XV. mendearen azkenetan, benetako arrantza gerran sartuta zegoen Mundakako elizatearen aurka, arrantza eremuak zirela medio, eta konta ezin ahala auzi izateaz gainera, susmatzekoa da gatazka bortitzak ere izan bide zituztela.

Baionako itsas eta merkatari hiriak, bere aldetik, benetako inperialismoa ezarri zuen Lapurdiko itsasertzean, eta beren legeak, araudiak eta kontrolak inposatu zizkien Miarritzeko bale arrantzaleei, 1336an eta 1342an sinatutako hitzarmen bidegabeen bitartez.

Dena den, arrantzako irabazien zati bat, zerga desberdinen bitartez, kofradiaz kanpoko agintariengana ere joaten zen.

Esate baterako, bale harrapaketatik zegokion zatia kaiak konpontzeko erabili zuen Lekeitioko udalbatzak, Bermeoko San Pedro parrokiak arrantza irabazien zati bat eskatu zuen elizarako, mareaje kontzeptuagatik, eta Baionako gotzaitegiak, XIII.. endearen erdialdetik hasita, harrapatutako baleen hamarrenak eskatzen zizkien Miarritzeko arrantzaleei. Erregeak ere bazituen zerga eskubideak. Gaztelakoak, Bizkaiko Jaun gisa, quincio zelakoa kobratzen zuen (harrapatutako hamabost arrainetik bat), Bizkaiko itsas herrietan. Ingalaterrakoari berriz, Miarritzen eta Angelun, harrapatutako lehen bi baleen balioa ordaintzen zitzaion.

Azken ohitura honen antzekoa Gipuzkoan aurkitzen dugu, Zarautzen, zehatzago esanda, non, Fernando III.ak, 1237ko herri gutunean, auzotarrek harrapatutako balea bakoitzetik zerrenda bat (burutik isatserainokoa) erregearentzat gordetzeko agintzen baitzuen; Mutrikun, 1200ean libratu ziren urtean balea bat erregeari entregatu beharreko obligaziotik.

Beraz, XVI. mendearen hastapenetan –Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere–, geroz eta jende gehiago erakartzen duen sektore osasuntsu baten aurrean aurkitzen gara, eta, Amerika aurkitzearekin, Ternuako uretaraino helduko dira euskal arrantzaleak.