Historia»Erdi aroa - Ekonomia
Arrantza
Euskal ekonomiaren sektore guztietatik
zaharrenetako bat, ezbairik gabe, arrantza
da. Ehizarekin eta fruitu bilketarekin batera,
Historiaurreko gure arbasoen oinarrizko
bizigaietako bat izan baitzen. Denbora joan
ahala, jarduera aurreratuagoen eraginez
–laborantza eta abeltzaintzaren eraginez–,
pixkanaka baztertzen joan ziren, nola fruitu
bilketa hala ehiza. Arrantzak, ordea, ekonomian
zuen garrantziari eusteaz gainera,
teknika aldetik garatzen jarraitu zuen, horrela
geroz eta eraginkortasun handiagoa
lortzen zuela, eta eragin eremua ere zabaltzen
joan zen, ibaietatik eta kostaldeko uretatik
abiatu eta ur handietaraino. Hain zuzen
ere, Erdi Aroa funtsezkoa izan zen
arrantza jardueraren garapenean.
Ibaietako arrantza, gaur egun –kutsadurak
eragozten ez duen tokietan–, oso bazterreko
atala da ekonomia jardueren arloan
(haztegiak alde batera utzita, noski). Denboran
800-900 urte atzera egiten badugu,
ikuspuntua erabat aldatu beharrean gertatzen
gara. Ibaiko arraina, Erdi Aroan, osagai
baliagarria eta estimatua izan zen gizakien
elikadurarako. Erlijioaren arloko zenbait
inguruabar, hala nola Garizumaren ospakizuna,
ibaiko arrain kontsumuaren eragingarri
gertatu ziren, itsas arrantzaz ezin balia
zitezkeen barnealdeko lurraldeetan, batik-bat.
Hala ere, ekonomia jarduera honek
utzitako oihartzun historikoa oso desberdina
izan da iturri batzuetan eta besteetan.
Oro har, albiste urritasuna da nagusi, Lapurdi
salbuetsita, lurralde horretan, dirudienez,
garrantzi handia izan baitzuen ibaiko
arrantzak. Hori pentsarazten dute, behintzat,
jarduera honi buruz egin zituzten araudi
ugari eta zehatzek. Euskal Herriko gainerako
lurraldeetako datuak bakanagoak
eta zatikatuagoak dira. Saia gaitezen elkarrekin
lotzen eta osoko ikuspegia osatzen.
Arrain mota estimatuenak gaizkata, izokina,
aingira eta kolaka ziren. XI. mendetik
hasita aurkitzen ditugu esandako arrain
moten arrantzari buruzko agiriak. Teknikak,
nahiz eta lehen begiratuan oso desberdinak
iruditu, bi prozeduretan oinarritzen ziren.
Alde batetik, amuz eta sokaz, oso antzinatik
egin izan den bezala; bestetik,Azken Erdi Aroan eta Aro Berrian, sare sistema
korapilatsuak eta geroz eta eraginkorragoak
garatuko dira, sarritan instalazio
finkoetan ezarriak. Oso izen desberdinak
agertzen dira idatzietan: “nasa, red barredera,
buitron, traina, trasmallo, esparavel”.
Guztiak printzipio berean oinarritzen ziren,
hots, arrainen ibilia geldiaraztea eta ihes
egingo ez zuten espazio batean biltzea.
Egun gertatzen den moduan, urak kutsatu
ere egiten zituzten arrainak errazago eskuratzearren,
ibaia karez edo sokaranez erreta.
Arrain mota preziatuenak agor ez zitezen,
eskumena zuten agintariek debekupean
ezarri zituzten esandako zenbait arrantza
apareju, toki batzuetan urte guztiz, eta
besteetan urtaro jakinetan, nahiz eta zalantzan
jartzekoak diren debeku horien emaitzak.
Baionan, ur gezatako arrantzaleek –tilholier
deitzen zitzaien, tilhole izeneko ontziak
erabiltzen zituztelako–, gutxienez XIII.. endearen azkenetatik, euren lanbide elkartea
edo gremioa zuten, maisu eta laguntzaileetan
egituratua, eta badirudi lanbidea gurasoetatik
semeetara pasatzeko ohitura zutela.
1450ean idatzitako gremioko estatutuetan,
lan baldintzak arautzen dira, eta Aturri
eta Errobi ibaien barreneko ibilbideetako
monopolioaren bidez babesten dira lanbide
interesak. Arau horiekin batera, erlijio
ospakizun sail bat ezartzen da, kideen arteko
elkartasun loturak sendotzearren.
Ibaiko arrantzaren balio ekonomikoa
itsasokoaren aldean txikia izan arren, ez da
horregatik bazterrera uztekoa. Horregatiksaiatzen dira aginte publikoak hura kontrolatzen.
Baionako udalak lanerako arauak
ezartzen dizkie arrantzaleei 1352an, eta
1450eko estatutuak eta ondorengo berresteak
ere udalak onartu beharko ditu balioko
badute. Nahiz eta ez hain jarraian, Bizkaiko
Foru Zaharra (1452) eta Berria (1526)
ere arduratzen dira jarduera honetaz. Baina
aginteen interes ekonomikoa zuzenagoa
da kasu batzuetan. Horrela, Hondarribiako
udalbatzak, izokin arrantzak sortzen dituen
irabaziek erakarrita, Lapurdiko Buniortarrekin
aurrez adostu ondoren, Lorregiko arrandegia
ustiatzen du Bidasoa ibaian (1489).
Orobat egiten dute eliz erakundeek, hala
nola Donostiako San Bartolome monasterioak,
zeina partikularren aurkako auzietan
agertzen baita, 1512tik 1514 bitartean, Aginagako
izokin sareak (Oria ibaiaren barrenaldean)
kontrolatzeko ahaleginetan.
Baina arrantzaren funtsezko atala
itsasoko arrantza da. XII. mendearen azkenetatik,
eta hurrengo mende guztian zehar,
sektore geroz eta itzal handiagoa hartuko
du Lapurdiko eta Gipuzkoako itsasertzean.
Garai honetan, Iparraldeko bi arrantza zentro
garrantzitsuenak Angelu eta Miarritze
ziren, Gipuzkoako Hondarribia, Donostia,
Getaria eta Mutrikurekin lehenik eta beranduago
Zumaia eta Oriorekin lehia gogorrean.
XIII. mendearen hondarretik aurrera,
Bizkaiko hiribilduen sortze prozesua
gorpuztu ahala, Plentzia, Bilbo, Ondarroa,
Portugalete, eta, batik bat, Bermeo eta Lekeitio
ere arrantzan nabarmenduko diren
portuak izango dira.Euskal arrantzaleen eragin emuak, ordea,
ez dira euskal kostako uretara mugatzen.
XIV. mendearen erdialdetik aurrera
sartaldera hedatzen dira, eta Asturias eta
Galiziako uretan arrantzatzen dute. Hori
dela eta, liskar ugari sortu zen lurralde haietako
biztanleekin, zela besteren uretan ibiltzeak
sortzen zituen arazoengatik, lapurretengatik
edo kontratuak ez betetzeagatik.
Iparraldera, euskal itsasontziak oro har, eta
arrantza ontziak bereziki, Bretainia, Irlanda
eta Ingalaterrako kostetaraino heltzen
dira. Horren ondorioz, kanpoko monarkiekin
araudiak eta hitzarmenak egin beharra
gertatzen da: 1351n Eduardo III.arekin Londresen
negoziatzen dena, esate baterako.
Balea da harrapatutako mota guztien
artean deigarriena. Euskal arrantzaleek ehitzatzen
zutena Balaena Biscayensis (euskaraz
sardako balea) izenekoa zen, heldutan
15 bat metro luze izatera heltzen zena, eta
Balaenidae jenerokoa. Gaur egun ia desagertutzat
jo daitekeen balea mota da, Erdi
Arotik hasita jasan duen atergabeko ehiza
arrazoi dela. Balearen ia atal guztiak aprobetxatzen
ziren: gantzetatik ateratako olioa
–hutsik edo beste zenbait gaiekin nahastuta–,
biziki estimatua zen argigintzarako, ontziak
istinkatzeko, edo larru eta oihalak tratatzeko;
balearen larrua lokarriak, gerrikoak
eta ontzietarako sokak egiteko erabiltzen
zen; haragia ere oso preziatua zuen, mihikoa
batez ere. Harrapatzen zuten beste
zetazeo mota bat –ez balea adina, handiagoa
eta erasokorragoa zenez, oso arriskutsua
baitzen Erdi Aroko ontzi hauskor haietan
zihoazenentzat–, zeroia zen, zeinaren
gantza ukenduak eta bernizak egiteko erabiltzen
baitzen. Zetazeoak alde batera utzita,
arrain mota estimatuenak sardina eta
bisigua ziren, zerbaitegatik eskaintzen zaie
arreta berezia biei ala biei euskal itsasertzeko
hiribilduetako ordenantzetan. Halaber,
beste mota askoren artean, itsas aingira,
meroa eta legatza ere harrapatzen zituzten,
antxoak eta bokartak ahaztu gabe.
Arrantza teknikak arrain moten arabera
aldatzen ziren. Balea eta zeroia ziren arriskutsuenak.
Iraileko ekinozioan hasi eta
neguaren amaiera arte iraun ohi zuen zetazeoen
ehizak, eta gizakiaren eta animaliaren
arteko benetako borroka izaten zen.
Behin talaiariak balea ikusi orduko (propio
eraikitako dorre edo talaiak ziren euskal
itsasertzean) itsasora irteten ziren txalupak
eta ontziak. Harrapakinera hurbiltzen zirenean,
arpoilarien trebetasuna sartzen zen
jokoan, hura ehizatu, zauritu eta ihes egiten
ez uzteko. Uste da, halako kasuetan,
ontzi batzuetatik baleari erasotzen zitzaion
bitartean, beste batzuetatik haiei laguntzen
zitzaiela arpoiak, lokarriak eta gainerako
tresnak emanez, eta, txalupa hondoratu
ezkero, arrantzaleak itsasotik atereaz. Lantzaz
edo xabalinaz behin odol hustuarazieta gero, atoian eramaten zuten lehorrera,
han zatikatzeko.
Gainerako arrain moten arrantzarako
–itsasoaren baldintzak onak zirenean, behinik
behin–, premiazkoagoak ziren pazientzia
eta metodoa, ausardia baino. Eskala
txikiko arrantza alde batera uzita –beita,
haga eta hariz egiten zena, alegia–, kalamuzko
sareak eta ibaiko arrantzarako aipatu
ditugun teknika bertsuak erabiltzen
ziren. Arraina garraiatzeko premiazkoak
ziren espartzuzko otarrekin osatzen zen
arrantza tresneria.
Ibaiko arrantza, ekonomia aldetik garrantzi
txikiagokoa izanda, arautua bazegoen,
eta interes desberdinen arteko gatazka
iturri bazen, itsas arrantzaren kasuan
areagotu egiten zen arazoa. Hala, Iparraldean
ur gezatako arrantzaleen lanbide elkarte
bat sortu zen bezala (Baionan), Bizkaian,
XIV. eta XV. mendeetan itsas marinelen eta
arrantzaleen kofradiak garatzen dira Plentzian,
Ondarroan, Lekeition eta Bermeon.
Gipuzkoan ere berdin gertatu zen. Donostian
San Pedro izeneko arrantzale kofradia
bat eratu zen. Bestalde, Hondarribian, izen
bereko marinel kofradia zuten, eta itsasoko
beste zenbait lanbideren artean arrantzaleak
ere barnean sartzen ziren. Berdin gertatu
zen Deban, Itziarko Andre Mariaren kofradiarekin.
Elkarte hauen ordenantzetatik
antzeman daitekeen bezala (1353tik aurrera,
beste batzuen artean, Bermeoko San
Pedro kofradiakoak ezagutzen dira) funtzio
desberdinak betetzen zituzten. Mota honetako
beste gremio batzuen antzera ekintza
erlijiosoak egiten zituzten, hala nola asteroko
mezak (Bermeon, San Pedroren eta
San Millanen ohorez) eta hildako kofradeen
aldekoak. Kofrade aguretuei, elbarrituei
edota alargun eta haur babes gabeei, laguntzak
izendatzen zitzaizkien arrantzatik sortutako
irabazietatik. Baina, erruki eta maitasun
kontuak alde batera uzita, babesak
lanbide eta justizia kontrola zekarren berarekin
(Bermeon, odol delituak salbuetsita,
kofradiak epaitzen du arrantzalea) eta, kontrolarekin
batera, desberdintasunak eta hierarkiak
sortu ziren. Kofradiako agintariak
dira zenbait arrantza teknika debekupean
jarri eta, lanerako ordutegiak eta egutegiak
zehazten dituztenak. Baina zeintzuk dira
agintari horiek? Zelatariak edo señero deituak
ziren, hauek erabakitzen zuten
itsasoaren egoera arrantzarako modukoa
zen ala ez, eta, hala erabaki ezkero, portura
erretirarazten zituzten arrantza ontziak,
kofradiakoak ez zirenak ere barne zirela.
Kofradian itzal handia zuen beste instituzio
bat mayordomoek osatzen zuten, hauek baitziren
kofradiaren administrazioaz arduratzen
zirenak. Kofradiak indartu eta bultzatu
egiten ditu barneko desberdintasunak.
Kofradia barruan gutxienez hiru talde bereizten
dira: morroiak, arrantzaleak etamaestre de pinaza zirelakoak. Sardinero
deituek berriz –Bermeoko kofradian behinik
behin–, gainerako guztiak baino beheragoko
taldea osatzen zuten. Desberdintasun
horien ondorioz, lanbide sektore pribilejiodunak
sortu ziren arrantza portuetan;
maiordomoak eta zelatariak izendatzeko
eskumena zuten “maisuak” hartzen zituen
delako sektoreak. Aipatutako egitura, seguruenera,
irabazien banaketa geroz eta desberdinagoan
oinarritu bide zen, eta ez da
miraria hortik liskarrak eta kalapitak eratortzea.
Baina arrantza munduko desberdintasunak
eta tirabirak ez ziren barnekoak
soilik. Zenbait portu herri beren lehentasun
eskubideak, kontrolak eta araudiak inposatzen
saiatu ziren inguruko kostaldean.
Bermeoko hiribildua, XV. mendearen azkenetan,
benetako arrantza gerran sartuta zegoen
Mundakako elizatearen aurka, arrantza
eremuak zirela medio, eta konta ezin
ahala auzi izateaz gainera, susmatzekoa da
gatazka bortitzak ere izan bide zituztela.
Baionako itsas eta merkatari hiriak, bere
aldetik, benetako inperialismoa ezarri zuen
Lapurdiko itsasertzean, eta beren legeak,
araudiak eta kontrolak inposatu zizkien Miarritzeko
bale arrantzaleei, 1336an eta
1342an sinatutako hitzarmen bidegabeen
bitartez.
Dena den, arrantzako irabazien zati bat,
zerga desberdinen bitartez, kofradiaz
kanpoko agintariengana ere joaten zen.
Esate baterako, bale harrapaketatik zegokion
zatia kaiak konpontzeko erabili zuen
Lekeitioko udalbatzak, Bermeoko San Pedro
parrokiak arrantza irabazien zati bat
eskatu zuen elizarako, mareaje kontzeptuagatik,
eta Baionako gotzaitegiak, XIII.. endearen erdialdetik hasita, harrapatutako
baleen hamarrenak eskatzen zizkien Miarritzeko
arrantzaleei. Erregeak ere bazituen
zerga eskubideak. Gaztelakoak, Bizkaiko
Jaun gisa, quincio zelakoa kobratzen zuen
(harrapatutako hamabost arrainetik bat),
Bizkaiko itsas herrietan. Ingalaterrakoari
berriz, Miarritzen eta Angelun, harrapatutako
lehen bi baleen balioa ordaintzen zitzaion.
Azken ohitura honen antzekoa Gipuzkoan
aurkitzen dugu, Zarautzen, zehatzago
esanda, non, Fernando III.ak, 1237ko
herri gutunean, auzotarrek harrapatutako
balea bakoitzetik zerrenda bat (burutik isatserainokoa)
erregearentzat gordetzeko
agintzen baitzuen; Mutrikun, 1200ean libratu
ziren urtean balea bat erregeari entregatu
beharreko obligaziotik.
Beraz, XVI. mendearen hastapenetan
–Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere–, geroz
eta jende gehiago erakartzen duen sektore
osasuntsu baten aurrean aurkitzen gara, eta,
Amerika aurkitzearekin, Ternuako uretaraino
helduko dira euskal arrantzaleak.