Departamento de Cultura y Política Lingüística

Artea»Antzin Aroa

Euskal Herria eta Erroma

Erromatarren garaian Euskal Herrian bizi ziren leinuak eta beren lurraldeen mugak.<br><br>

Euskal Herriko biztanleriari buruz ezagun diren lehen aipamenak idazle greko-erromatarrengandik datoz. Esan beharra dago, hala ere, gai honez idatzi zutena, sarritan, zeharka esana dagoela eta ez dutela zehaztasun asko-askorik erakusten. Nolanahi ere, iturburu horiek adierazten dutenez, euskal lurraldean zeuden leinu nagusiak hauek ziren: baskoiak, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak.

Horien aipamenak Estrabon eta Ptolomeo idazle grekoek eginak dira, eta orobat Plinio eta Tito Livio erromatarrek, besteak beste.

Euskal Herriak ez zuen erromatarrengan gutizia berezirik sortu, ez zegoelako hemen aberastasun askotzarik, meatokiren bat salbu eta, agian, Nafarroako eta Arabako hegoaldean etorkinentzat interesgarri izan zitezkeen labore eta mahasti zenbait izan ezik.

 

Erromatarrak etorri aurreko Euskal Herria

Lehenago esan bezala lau leinu zeuden erromatarrak hona iritsi aurretik: baskoiak ekialdean zeuden kokaturik –nolabait esan gaur egungo Nafarroan–, ondoren, mendebalerago, barduliarrak ziren –Gipuzkoako zati handi batean–, eta azkenik –Gipuzkoako mendebal muturrean eta Bizkaian–, karistiarrak eta autrigoiak zeuden. Nahiz eta azken hiru hauek Kantauri itsasoa izan iparraldeko muga, hegoalderago jaisten ziren gaurko Gipuzkoa eta Bizkaia baino.

Badakigu herri hauen jarduera ekonomiko nagusia artzaintza zela eta, urtaroren arabera, larre berrien bila batetik bestera ibiltzeko ohitura zutela; ardietatik ateratako etekina osatzeko seguraski laborantza eta ehiza zituzten osagarri.

Bizimodu horrek adierazten du, eta gerora baiezturiko gauza da, artaldeak eta bazka lekuak ororenak zirela eta nolabaiteko komunitate zentzu baten ildotik eratzen zutela gizartea. Taldebakoitzaren barnean sailkapen politikoa oso azalekoa zen; gehienez ere, leinu bakoitzak buruzagi bat izaten zuen, beste leinuetako buruzagiekin aldian behin biltzen zena, guztien aldeko beharkizunei erantzun amankomun bat eman ahal izateko.

Oinarrizko eraketa horrek bazuen beste ñabardura txikiren bat urak Mediterraneo aldera isurtzen diren hegoaldeko tokietan, izan ere, nekazaritza hedatuagoa baitzen han, batetik; eta bestetik bazituzten harremanak hegoalderago zeuden jatorri indoeuroparreko populazioekin, iparraldean ez bezala.

Badirudi, beraz, lau leinu horiek berdinak zirela, hizkuntzaz eta ohituraz, zailagoa da, ordea, hegoaldeko mugaren muturrean zer gertatzen zen jakitea. Izan ere, toki horretan turmogoak eta beroiak baitzeuden eta ez dakigu zuzen euskal kutsuko herriak ziren ala ez. Badakigu, aldiz, ez zirela zeltiberiarrak, hegoalderago zeuden pelendoiak, arevacoak eta vacceoak bezala.

 

Erromatarrek Euskal Herrian eginiko barneratzea

Ezagun diren datuen arabera erromatarren eragina Euskal Herrian K.a. 178. urtean edo hasia zatekeen, urte horretan Tiberio Sempronio Grecok Gracurris izeneko hiria sortu baitzuen (gaurko Alfaro, dirudienez), hain zuzen ere, toki horretan bertako biztanleek seguraski lehendik zuten herrixka baten gainean hiri berria eraikiz. Aipatu Tiberiok egina zuen jadanik inguruko leinuekin bake ituna eta toki hori aproposa iruditu bide zitzaion, erromatarrentzat kokaleku horrek lurralde osoa kontrolatzeko egokiera eskaintzen zuelako.

Irizpide estrategikoak ez ezik laborantzako lurrak ere oparoak baitziren, laster lehenengo horretatik hurbil Calagurris sortu zuten eta, horrela, mende eskas baten barru, erromatarrek burutua zuten Ebro inguruan kokatzea.

Lurralde hauetan, bestalde, K.a. 77-76. urteetan hainbat gudu gertatu ziren, Sertorioren gerrak zirela eta. Bi urte geroago Pompeiok kanpamentu militar bat ezarri zuen Iruinea izena zeraman herrixka baskoi baten ondoan, eta horrela Pompaelo sortu, honen bitartez Pirinioz harainditik iristen ziren hornigaiak ziurtatzeko asmoz.

Ondoko urteetan hiri berriak sortze lanetan segituko zuten erromatarrek. Ptolomeok aipatzen dituenak hauek dira:Iturissa (kokaleku ezezaguna); Pompaelo (Iruñea); Bituris (gaurko Bidaurreta ote?); Andelos (Andion biztanle gabea); Nemanturissa (kokaleku ezezaguna); Curnomium (ezezaguna); Jaca; Graccuris (Alfaro, seguraski); Calagorina, aipatu den Calahorra; Cascantum (Cascante); Ergavica (Yergako eremu biztanle gabea?); Tarraga (gaurko Larraga izan daiteke); Muscaria (Tutera); Segia (Egea); Alavona (Alagón) eta Oeasso oppidum (Oiartzungo bailaran).

Erromatarren lehen eragina gune jakin batetik hasi eta, ondoren, pixkana-pixkana, hedatuz joan zen inguruko lurraldeetara.

Euskal Herriari dagokionez, lehenik Ebro inguruko baskoien lurretan finkatu ziren, eta gerora toki hauetara zabaldu: Donibane Garaziko castrumera, Lapurdiko Getariara, Irungo Santa Elenara, Flaviobrigan zegoen koloniako Portus Samanumera eta Foruako asentamendura.

Kokagunea finkatzeko politika orokorra, lau zutabe hauetan oinarritzen zen: 1. Gudari taldeak sortu.

2. Bide berriak ireki.

3. Funtzionario zibilak ipini administrazioa ziurtatzeko, eta bidenabar, hizkuntza, zuzenbidea eta ohiturak zabaltzeko.

4. Aurreko hiru zutabe horietan oinarrituta, jarduera ekonomikoa indartu.

 

Erromatarren administrazio antolamendua

Administrazioari buruz hitz egiterakoan sailkapen nagusia saltus eta ager-en artekoa da.

Lehengoa, mendikoa, basokoa, bazter xamarrean geratzen da.

Bigarrenean, batez ere, azaltzen da bere aniztasunean erromatarren administrazioa.

Ager horren barnean civitas, hiria, zen erromatarren lurraldeetan zegoen gunerik garrantzitsuena.

Hortik hedatzen dira politika eta erlijioa, hizkuntza latinoaren bitartez. Civitas horretara joan beharra dute biztanle guztiek, bertakoek eta bertakotuek, zergakordaintzera, erlijio eginkizunak betetzera edo gudarostean parte hartzera. Civitas horrek zibilizazioa adierazten zuen eta hori ekarri zuen, hitz batean. Hiri horiek, bestalde, administrazio esparru handiagoetako kide ziren, probintzia eta komentu juridikoetako kide, alegia. Euskal Herria Zaragozako komentu juridikoaren barne zegoen.

Aurrekoa baino maila apalagoan, badirudi honako biztanle guneak zeudela: vici edo pagi (nekazarienak); castellum (gotorlekua); forum (azoka nagusia); conciliabulum (herriko azoka txikiagoak); canabae (lejionarioen bizitokiak); oppidum (toki estrategikoan kokaturiko egoitza militarra); mansio (bidegurutzetan kokaturiko etxea); azkenik, civitas indigena (lehendik euskaldunek zuten herrixka).

 

Ager eta saltus

Dagoeneko azaldu da ager aldeak zuela, administrazioaren aldetik, garrantzirik handiena, bertan bizi zirelako agintari guztiak, zibilak, militarrak eta beste.

Ekonomiaren ikuspuntutik ager-ean garatzen da benetako garrantzia duen jarduera ekonomikoa, nekazaritza ustiaketa, bi etxalde motatan burutua: fundii eta villae-tan, hain zuzen.

Fundii horiek tamaina handiko etxaldeak ziren, nahiz eta ezin esan dezakegun benetako latifundioak zirenik, izan ere, herri bat baino gehiago izaten baitziren bakar batean. Nolanahi ere Augustoren aroaren ondoren badakigu lurrak jabe gutxiren artean zeudela banaturik, nahiz eta Euskal Herrian, beste toki zabalagoetan ez bezala, zaila izan oso handiak izatea, eta zeudenak, lurraren ezaugarriak kontuan hartuz, Ebro ibaiaren inguruan behar zuten egon.Fundiiak lantzeko hiru indar mota zeuden. Batetik, instrumentum vocale deiturikoa, hots, esklaboak. Bestetik, instrumentum semi-vocale izenekoa, animaliak alegia. Eta hirugarrenik, instrumentum mutum, esan nahi baita lanabesak eta erremintak.

Jabeak fundii horien zati bat besterik ez zuen lantzen. Gainontzekoa, hiru laurden edo, alokatu egiten zuen eta maizterrek (colonii) uztaren erdia jabeari eman behar izaten zioten eta honek lurra, etxebizitza, lanabesak eta esklaboak uzten zizkien euren lana bete zezaten, esklaboen mantenua maizterraren gain geratzen zela maiztertzak ziraueno.

Jabea etxalde barnean bizi zen domus izeneko bere etxean eta bere mende zeuden beti ukuiluak, labeak, erremintak, etab.

Villaeak ez ziren etxalde txikiagoak besterik, baina osterantzean fundiiek zituzten eginkizun berberak betetzen zituzten.

Saltusa, aldiz, Jacatik Iruñearainoko marra eginez, iparraldera geratzen diren lurrek osatzen zuten; horrez gainera Gipuzkoako eta Bizkaiko probintziak ere hartzen zituen (Saltus Vasconum, alegia).

Lurralde menditsu honetan bizi ziren erromatarren gizarteari muzin eginez, euren ohiko ohiturei jarraituz, Brontzearen garaiko beren teknika eta lanabesekin bertako menditarrak. Esparru honetan daude, gehienbat, monumentu megalitikoak, trikuharriak, etab. Eta bertako biztanleak dira kanpoko erasoaldiari lehen erantzuna ematen dietenak, baina datoztenen kultura, hizkuntza eta ohiturak jaso gabe.

Euren bizibideak lehengoari segitzen dio, hots, artzaintzari eta abere hazkuntzari. Erromatarren aldetik ere, bestalde, ez baitzuen interes berezirik toki honek, ez zen arazo handi-handirik izan gauzek bere horretan segi zezaten.

Salbuespenak merkataritzarako toki interesgarriak agertzen direnean gertatzen dira, hala nola meatokiak: Arditurriko (gaurko Oiartzunen inguruan) burdina, beruna eta zilarra; edota Somorrostroko burdina. Portuak, bestalde, nahiz eta saltus horretan kokatuak izan, beharrezkoak ziren erromatarrentzat eta, honela, Kantauri aldean zeudenen izen zenbait ezagunak zaizkigu: Flaviobriga, Tritium, Menosca, Oiasso edo Oeasso, Lapurdum.

Mendialde hauetan, bestalde, basoak sarriak eta oparoak ziren.

Badakigu bazegoela Forum Ligneum izenekoa, egurraren ustiaketa burutzen zena. Non zen, ordea, ez da ezagutzen.

 

Erromatar biziguneak

EUSKO-ERROMATAR HERRI NAGUSIAK, GAURKOAK BEZALA, BIDE NAGUSIETAN ERAIKI ZIREN, ERROMATAR GALTZADETANEuskal Herriaren eremua gutxien erromanizatuetako bat izan zen Iberiako penintsulako lurraldeen artean. Nolanahi ere, eta aztarna gutxi den arren, direnek ondo erakusten dituzte euskal lurretako erromanizazioaren berezitasunak. Erromatarrak K.a. I. mendean iritsi ziren gaurko Euskal Herrira. Hemengo leinuak beren kulturan eta antolamendu politikoan txertatzea zaila izan bazen ere, eta interes ekonomikoa handia ez zen arren, lur hauek beretu zituen erromatar inperioaren egiturak. Erromanizazioa, nolanahi ere, nabarmenagoa da Arabako nekazari lurretan, kostaldeko portuetan eta meategien inguruetan. Erromatarren lan nagusietako bat, Euskal Herriaren inguruan, Hispaniatik Akitaniarako galtzada izan zen, Astorgatik Bordeleraino heltzen zena. Garrantzi handia izan zuen, estrategikoa hasieran eta ekonomikoa gero. Galtzada hartan zehar baziren “mansio”ak, posta etxe gisakoak edo. Horietako batzuk dira gaurko aztarnategi garrantzitsuenak: Beleia Iruñean, Suessatio Arkaian (Gasteiz), Tullonio Dulantzin, etab. Obra publiko funtsezkoak ziren halaber zubiak, baina gutxi aurkitu dira, eta Araban bakarrik. Biziguneei dagokienez, bada halako ugaritasun bat, baina oso gutxi dira ondo ezagutzen diren aztarnategiak; sarritan herrixkak besterikez ziren, lehenagoko kastroen gainean edo leizeetan eraikiak.

Ondoen aztertu den erromatar hiria Beleia da, Iruñan zegoena, Zadorra ibaiak inguratzen duen muino batean, gaurko Bilodako herrigunean. Azken Brontze arotik K.o. V. mendea arte iristen diren aztarna ugari jaso da bertan.

Bertako biztanle karistiarren herrigunearen (Arkiz zuen izena) ondoan eraiki zuten erromatarrek beren oppidum edo hiri gotortua, K.o. II. mendean garrantzitsua izan zena. Hiriak lau ate nagusizituen, eta erromatarrek ohi zituzten osagarri guztiez hornitua zegoen. Zubi ikusgarri bat ere bazen Trasponten, Zadorra ibaiaren gainean.

Itsasaldeko herriguneetan, Irungoa besterik ez da aztertu, Oiasso izenekoa, eta ez osoki gainera. Erromatarrek, besteak beste, Oiartzungo Arditurri meategietako produktuei irteera emateko erabiltzen bide zuten, portu gisa alegia. Aztarna nagusiak Junkalen aurkitu dira, beira, “terra sigillata” eta numantziar zeramika.

Ama Xantalen ermitaren ondoan nekropolis bat ere aurkitu da; bertan agertu dira erreketarako kutxa multzo bat, eta tenplete baten oinarriak. Bestelakoa da, bizigune txiki baten eredua, Suessatiokoa, Arkaian, Astorga-Bordele galtzadan. Arkaiakoaurkikuntza interesgarriena termak dira, erromatarren ohiko “caldarium” (lurrin bainuak hartzeko gela), “tepidarium” (aurrekoa baino tenperatura apalagokoa) eta “frigidarium” (ur hotzeko igerilekua zuena) sailekin.

Nafarroan badira hiru aztarnategi aipagarri: Ramalete, Ledea eta Andeloskoak. Ramalete gaurko Tuteran zegoen bizigune erromatarra zen, eta hango mosaikoak eta “terra sigillata”ren zatiak besterik ez dira geratzen.

Irunberriko arroilaren irteeran dago Ledeako aztarnategia; III.. ta IV. mendeetako herrixka baten aztarnak eta zubi baten begiaren hasiera geratzen dira. Hiriak berak jatorri erromatarra zuen, eta kultura maila handia izan zuen; hala, hondakin interesgarri asko aurkitu da bertan.

Azkenik, Andelosko aztarnategia bide da Nafarroan interesgarriena: Burdin aroko bizigune baten gainean, K.o. II. mendean garrantzitsua izan zen hiri erromatar bat eraiki zen, ur horniduraren sistemak agertzen duen bezala.

Herritik gertu, 102 m luze den urtegi bat aurkitu da, eta beste bat, 85 m luze eta 35 m zabal, 7.350 m 3 ko har ditzakeena, ura erregulatzen eta lehorte garaietan hiria hornitzen zuena. Bazen, orobat, ura hirira zeraman akueduktu bat.

 

Arte aplikatuak: eskultura, mosaikoak, beira, zeramika

ESKULTURA ETA MOSAIKO GUTXI AURKITU DA EUSKAL LURRETAN; BATZUK OSO EDERRAK DIRA ORDEA. ETA ZERAMIKAGILEEK BEREN LANAK IZENPETU DITUZTE, “TERRA SIGILLATA”REKINEskultura ere, gainerako eremuetan gertatzen den bezala, euskal lurretan gertaturiko erromanizazio mailaren erakusgarri da, hau da, apala da eta herri autoktonoen eragina duena.

Izan ere, eskultura oso urria da, gogoan izanik zer nolako garrantzia zuen erromatarren plastikan.

Lan nagusia Iruñako aztarnategian aurkituriko emakume irudi bat da: marmol zurizkoa da, neurriz naturala baino handixeagoa, burua, eskuak eta beheko partea falta dituena; II. mendearen bukaerakoa bide da, helenistikoa.

Iruñakoa da halaber, garai eta estilo berekoa, giza enbor“thoracato” txiki bat, alegia, bularrekoduna.

Aipagarria da orobat Errenterian azaldu zen emakume iruditxoa, brontzezkoa, gaur egun galdurik dena. Pieza txikia da orobat Isis- Fortuna jainkosa irudikatzen duen brontzezko imajina, Foruako aztarnategikoa. Araban bezala, Nafarroan ere gauza interesgarriak aurkitu dira: gizon erretratu bat, marmol zurian, lehen inperiokoa, duela gutxi Santakaran aurkitua; Zangozako Artemisaren irudia, burua, hankak eta besoak falta dituena, 80 cm garaia, II. mendeko kopia bat seguruenik; eta brontzezko estatua bat, joan den mendearen bukaeran Iruñean aurkitua, gizon togadun bat, jantziaren tolesdurei eusten diela, ageri duena.

Eskultura ez bezala, erliebe ikonografiko asko da; kultura autoktonoaren eraginez seguraski, soilak eta eskematikoak izan ohi dira irudi hauek. Aipagarria da Markinezko leize artifizialekoa: zaldizain bat ageri du, zaldi gainean dagoen Epona jainkosa galiar-erromatarraren aurrean.

Mosaikoei dagokienez, Araban eta Nafarroan aurkitu dira garrantzitsuenak; erromatar agintekohainbat garaitakoak, eta, oro har, oso ederrak dira. Kabrianan, Araban, bada eraikin bat zorua mosaikoz egina duena: lau urtaroak ageri dira, eta Diana ehiztariaren irudi bat, beira koloredunetan.

Beleian ere, Iruñan, badira mosaikoak.

Baina nafarrak dira interesgarrienak: Arronitz inguruan “Musen mosaikoa” izenekoa aurkitu zen 1883an, “Villae”ak irudikatzen duena, eta aurpegi nahiko eder batzuk. Ledean hainbat zoru geometriko agertu dira, horietako bat lauburu antzekobat duena; eta Ramaleten, Tuteran, gai nagusia orein ehiza duen mosaiko bikain bat aurkitu da, III. mendekoa.

Beira hainbat aztarnategitan aurkitu da. Ugaria da Kabrianako villakoa; pentsatu izan da beira lantegi bat izan zitekeela bertan, era eta eginkizun askotako ontziak bildu baitira. Irunen ereazaldu da beira; pieza aipagarriena botila handi bat da (32 cm garai, 17 cm-ko diametroa); garaia eta zilindro formakoa da, kirten erliebedun batekin, eta hilak erretzeko urna gisa erabilia, giza errautsak baitzituen barruan; K.o. I-II mendeetakoa bide da. Baina beira ederrena Iruñakoa da: kutxa biribil baten estalkia da, interpretazioen arabera Perseo hegan edo ekialdeko gerlari bat izan daitekeen grabatua ageri duena, ustez K.o. IV.. endekoa.

Zeramikari dagokionez, Euskal Herrian agertu dena Iberiako Penintsulakoaren antzekoa da, pieza arruntak ugari aurkitu baitira, eta, batez ere, “terra sigillata”, hots, eltzegileak ontziaren barrenean bere zigilu bereizgarriaz (“sigillum”) markatzen zuena. Apaingarri ederrenekoak Kabrianan aurkituak bide dira.

Badira halaber halako exotismoa duten inportazioko piezak, hala nola Iruñan aurkitu den zeramikazko edontzi bat, emakume baten burua irudikatzen duena, Tunisiako ereduen arabera egina.

Aipatu behar dira orobat Nerbioi ibaian azaldu diren zeramikak, “tearioak” deritzanak, itsasontziak argitzeko erabiliak.

 

Eraikuntza publikoak

BIDEAK, ZUBIAK, AKUEDUKTUAK, TERMAKEuskal Herrian, erromatarrak iritsi aurretik, ez dirudi bide sistemarik zegoenik. Gehienez ere izadiak eskaintzen zituen ibar eta mendilepoak erabiltzen bide ziren artaldeak eta gizakumeak batetik bestera zebiltzanean. Hori da, behintzat, garai hartako autoreek agertzen duten ikuspegia.

Estrabonek bere Geografiako III.. iburuan dioenez Hispaniako iparraldeak, “(…) ez du beste lurraldeekiko inolako merkataritzarik ez harremanik, eta hori dela eta hantxe agertzen dira zailtasun handienak bertan bizi izateko”.

Erromatarren lehenengo lana, iritsi ondoren, galtzada egokiak egitea izan zen, beharrezkoak baitzitzaizkien soldaduak eta hornigaiak bideratzeko. Galtzada horiek egin ahal izateko, sarritan, zubiak ere egin beharrean aurkitzen ziren. Gerora, eta euren kokatzea finkatua zutenean, hiriak eraikitzen hasi ziren, eta haien ur hornidura ziurtatzeko hainbat akueduktu ere egin zituzten.

Inoiz, gainera, aurkitu izan dira garai hartako portu eta dorreen aztarnak eta, gizarte berria indarrean zegoelako adierazgarri, baita terma zenbait ere.

Aipatu diren horien guztien artean, nolanahi ere, galtzadak ziren, zalantzarik gabe, garrantzirik gehien zuten eraikuntzak.

Izan ere, galtzadak egiteak ingeniaritza lan gaitza adierazten du batetik, eta, bestetik, bertako bizilagunekin bake itunak sinatuondoren, merkataritzarako azpiegitura egokia eta beharrezkoa eskaintzen zuten. Galtzadagintzan erabiliriko teknika tokiaren araberakoa izan ohi bazen ere, orokorrean sistema hau izaten zen ohikoena: lehenik, uraren isuria errazteko moduan ipinitako harri kozkorrezko geruza bat ezartzen zen; ondoren, geruza malgu batez estaltzen zen (hareaz egina normalean), eta, azkenik, harri landuaz burutzen zen lan guztia. Zabalera, galtzada bakoitzak zuen garrantziaren arabera, 8 eta 13 metro bitartekoa izan ohi zen. Bestalde, egindako bidea jakin zezan bidaiariak, mila urrats bakoitzeko miliarium izeneko mugarria jartzen zuten (1,48 km batetik bestera) galtzada nagusietan.

Tarte zabalagoetan, zenbait kilometro iragan ondoren, zutarriak izaten ziren, inguruko herrien izen eta norabideak adierazten zituztenak, hala nola zer distantzia zegoen haietaratzeko.

Are eta luzeago ziren tarteetan mansioak zeuden, bertan bidaiariek atseden hartu eta zaldiak aldatzeko.

Euskal Herrian barna pasatzen ziren galtzaden artean Tarracotik abiatu eta Oiassotik pasatzen zena aipatzen du Estrabonek, Iruñeatik ere iragaten zena.

Antonianok egindako bide zerrendan, bost dira Euskal Herriko lurretatik pasatzen zirenak. Halaere, horietatik bi dira aipatu beharrekoak, benetan garrantzitsuak zirelako: Via de Italia in Hispanias, Tarragonatik abiatu eta Zaragoza pasa ondoren nafar lurretatik Briviescaraino iristen zen, ondoren aipatzen dugunarekin lotura eginez.Bigarrena, Via de Hispania in Aquitaniam, Astorgan hasi eta Bordeleraino zihoan; galtzada honetan barna Bordeletik zetozenak Lapurdumen sartzen ziren Euskal Herrira, eta Pirinioak Ibañetatik iragan ondoren Iruñeatik pasatzen ziren, eta Arabako lurraldeetan sartzen. Ezagunak zaizkigu galtzada honetako hainbat mansioren izenak, hala nola Tullonio (Dulantzi), Alba, Aracilus (Arakil-Huarte), Alantone (Atondo?), Pompælone (Iruñea), baita dokumentuetan aipatzen diren hauek ere, non zeuden ez dakigun arren: Turissa, Summo-Pyrineo, Imo-Pyrineo, Carasa, Aquis Terebellicis.

Askoz geroago, VII. mendean, Ravenatek bere Cosmographian Zaragozatik Iruñearaino zihoan bidea aipatzen du.

Iturburu literarioetan azaldu ez baina arkeologia indusketek erakutsitakoaren arabera, badakigugaltzada hauek ere bazirela: Jacatik Errioxara zihoana, Zangoza, Ledea eta Iruñeatik iraganez.

Zaragozatik Iruñeara zihoana, Zangoza, Ledea, Nardoze-Aldunate eta Elotik.

Logroñotik Lizarrara zihoana.

Lodosa eta Milagroren artean zegoena, Ebro ibaiaren ezker aldetik zihoana.

Argaren galtzada, Larraga, Girgillano, etab. iragaten zuena.

Azkenik, aipatu beharra dago Bizkaiko Enkartazioetan Garape herrian aurkitu berri den galtzada baten zatia, zenbait miliariumekin.

Badira, aipatuez gainera, beste hainbat bide, tradizioaren arabera erromatar galtzadak liratekeenak.

Kontu handiz ibili beharra dago, hala ere, eta horietariko bakoitza zehaztasun handizaztertu erromatarra dela baieztu aurretik, asko eta asko Erdi Arokoak direlako. Izan ere, oso zaila da duela bi mila urte egindako galtzadak gaur arte modu onean kontserbatu izana; batzuetan galtzada horietan gertatzen da azpian zegoenaren gainean egindako konponketak azaltzen direla, eta ez da erraza, esan bezala, azpiko hori erromatarra edo geroagokoa den jakitea.

Hasieran aipatu dugun bezala, nahitaezkoa zen galtzadak iragaten zituzten hainbat ibar eta toki malkartsuetan zubiak egitea.

Bidenabar, eta antzeko teknikak erabiliz, azaldu dira akueduktu batzuk ere.

Arabako Lantziego herritik hurbil Mantibleko zubia dago, Ebro ibaiaren gainean eraikia.

Seguraski K.o. II. mendean egina da; lan handia da, 164 m luze eta 5 m zabal. Puntu erdiko zazpi arku zituen, harlandu gogorrez ongi finkatuak.

Biloda eta Trasponteko zubiak Zadorra ibaia iragateko egin ziren; Beleia (Iruña) hiritik ekialdera eta iparraldera zihoazen galtzadekin lotura egitearren eraiki ziren.

Vitoricako zubia, bestalde, Laudion zegoen kokatua, Nerbioi ibaia zeharkatzeko, eta Arabako Lautadatik Flaviobrigarantz zihoan galtzadaren parte zen.

Ziraukin bada beste zubi bat, Lizarrara doan bidean erreka zeharkatzen duena. Arku bakarrekoa da, 8,2 metroko begiarekin, uraren gainetik goratasun handia hartzen duela. Hau ere, ziurtasun osoz esatea ezina bada ere, erromatarra dela dirudi, ezaugarri teknikoak kontuan hartuz gero.

Egitura hain nabarmena ez badute ere, badira Nafarroako lurraldeetan erromatarren garaiko beste zenbait zubi, hala nola Izabakoa(Erronkarin), Irunberrikoa, etab.

Akueduktuei buruz hitz egiterakoan, Lodosako udalerrian dagoena aipatu behar da, Nafarroak Logroñorekin muga egiten duen tokian, benetan ederra baita.

Ebro ibaiaren gainetik pasatzen zen, eta egileen asmoa Calagurris (Calahorra) herria urez hornitzea zen. K.o. II. mendean eraiki zutela dirudi, Traxano eta Adriano enperadoreen garaian, alegia. Ura Lizarra ondoko Odron eta Linares ibaietatik hartzen zugaraipenten. Gaur egun sei arkuk eta Mendaviarantz doan ubide handi batek diraute zutik. Azpimarragarria da ibaiak gora egiten zuenean ezarria zuten gaineko bidea, akuedukturantz ura behar bezala bideratzeko egina. Arkuen luze-zabalerak hauek dira: begizabalera, 4,50 m; pilak, 1,10 m; parametroen arteko zabalera, 2,25 m; galeriaren zabalera metro batekoa, 0,60 m-ko hormez egina.

Erromatarren garaiko beste eraikuntza motei dagokienez, Nafarroako Orbaizetaren iparraldera dagoen Urkulu mendikoa aipatu behar da. Mendiak 1.438 m-ko garaiera du, eta gainean dorre itxurako eraikuntza zirkular bat dago. Trophaeum izena zuten horrelako eraikuntzek, etabaten seinale izan ohi ziren, baina ez da ezagutzen, gaur arte bederen, zein mendekoa den, ezta noren kontra lortutako garaipena ospatu nahi zuen ere.

Arabako probintzian barna iragaten ziren galtzada nagusiak, esan dugun bezala, eta ager baragertunean zegoen lurralde hau oso erromatartua zela ezin dudarik egin. Espero zitekeen galtzadak eta zubiak ez diren beste eraikinak ere izatea, hain zuzen ere, orain dela gutxi azaldu den terma batek erakusten duen bezala.

Thermae horiek Arkaian, Gasteizko udalerrian, agertu dira; publikoak ala pribatuak ziren jakitea ezinezkoa bada ere, oso aurkikuntza garrantzitsua da.

Bero handiko gunearen ondoan (caldarium), bainutoki epelada (tepidarium), eta baita ur hotzetan bainua hartzeko tokia ere (frigidarium).

Arkaiako termak Suessatioko mansioan zeudela dirudi, Galiara joateko galtzada nagusiaren ondoan alegia, eta K.o. I. eta II.. endeen artean egin bide ziren.

Azkenik, eraikuntza publikoen artean portuak aipatu behar dira.

Kantauriko kostaldeak ez zuen erromatarrentzat interes berezirik, saltus eskualde menditsuak ezer gutxi eman ziezaiekeelako; itsasoa, baina, hemen zegoen eta beharrezkoak zituzten portuak,besteak beste meatzetako materiala ateratzeko. Oiartzunen Arditurriko meatzeak zeuden, eta portua ere bazuten bertan. Txingudiko badian agertu dira hondoratutako ontzi erromatarren aztarnak eta Irunen eginiko indusketek ere portua zegoela erakusten dute.

Beste bi portu ere baziren: Lapurdum (gaur egungo Baionan, alegia) eta Flaviobriga, Bizkaiko eta Kantabriako mugaren inguruan zegoena.

 

Hilarriak

Denboran zehar hainbat ehorzketa modu izan dira Euskal Herrian. Zaharrenetarikoak Neolitos aroko trikuharriak dira, Kristo aurreko 4.000. urtetik K.a.

2.500. urtea artekoak alegia. Harrespilak horien ondorengoak lirateke, eta gerora menhirrak edo zutarriak erabili bide zituzten.

Azkenik, erromatarren garaitik aurrera, gutxi gorabehera, aro modernoa arte erabilia izan den hilobia nagusitu zen. Artikulu honetan, beraz, azken era horretako ehorzketa moduan agertzen diren hilarri moten, hala nola harri gainean azaltzen diren irudi, marrazki, izkribu eta abarren azterketa egiteari ekingo diogu.

Irudiok erakusten duten arte mailak badu garrantzirik euskal ikuspegi estetikoa ezagutzeko; gainera, jakina baita erromatarrak hona iristean indarrean zegoela hilarriak edertzeko ohitura hori, bide egokia izan daiteke euskal gizonak hemeretzi mendetan zehar bere kultura herrikoian utziriko zantzua ezagutu eta ikertu ahal izateko.Ohitura honen jatorria ilun agertzen bada ere, badirudi zelten eragina argi azaltzen duela eta, seguraski, ekarri tekniko eta artistiko zeltari bertakoek erantsi zizkieten nortasun eta jokamoldeek osatu zuten aurkitu ditugun irudi eta marrazkiak egiteko modua.

Sistema megalitiko zaharrak utzi ondoren idazkidun hilobi mota honen erabilpena noiz hasi zen zehatz ezin jakin badaiteke ere, erromatarren garaian erabat hedatu zen, dirudienez. Agian erromatarrekin ados ez zeuden hainbat familiak saltus vasconum aldera jo zuen, iparraldeko mendi eta baso esparruetara alegia, eta euren lehenagoko ohiturak utzi egin behar izan zituzten, erraztasuna hobetsiz.

Honela, beraz, euskaldunek lehendik zituzten hilarrien eta erromatarrek ekarririko ehorzketa ohituren sinkretismoaren ondorio bezala sortuko dira Euskal Herrian hain ezagunak diren hilarriak, euren irudi, marrazki eta idatziekin. Sailkapen bat egiterakoan, hiru taldetan banatu ditugu hilarriok: – Giza eta zaldi irudiak dituzten hilarriak.

– Giza irudiak, soilki, dituztenak; batzuk bere horretan agertu dira, eta beste zenbait idatziren batekin.

– Zaldiak ez diren animaliak dituzten hilarriak, edo bestelako irudiak dituztenak.Hauen artean Oiartzungo Andrearriagakoa aipatu behar da lehenik, gaur egun San Telmoko museoan jasota dagoena.

Honi buruz badago, jadanik 1470. urtean, izkribuzko aipamen bat, Oiartzun eta Irunen arteko mugarriei buruzko dokumentu batean. Irudiak neurriz 0,50 m-ko zabalera du, eta 1,16 m-ko garaiera. Harria zizelkatua dago: zaldi gainean doan gizon bat ageri da bertan, ondotik oinezkobeste bat duela. Irudiaren azpian idatzi hau ikus daiteke: VALBELTESONIS. Hasieran jainko baten izena izan zitekeela pentsatu bazen ere, gaur egun, azterketa sakonagoak egin ondoren, irudi luke ‘VAL(erius) BELTESONIS’ izena zuen norbaiten ohoretan eginikoa dela; iritzi horretakoak dira adibidez María L. Albertos eta I. Barandiaran irakasleak.

Irudiak erakusten duenez –gizon bat zaldi gainean eta beste bat oinez–, badirudi nolabaitekogizarte mailakatze bat adierazten dela; hierarkia hori hizkuntzaren bitartez ere agertzen da, hildakoaren izena latinez ageri baita, bidenabar adieraziz hark bazekiela hizkuntza hartan mintzatzen, edota, gutxienez, latinez mintzatzen zirenen taldekoa zela edo izan nahi zuela.

Zaldizko harlosen artean bada beste bat Iruñako oppidum-go lurpetik ateratakoa, gaur egun Arabako Arkeologia Museoan dagoena. Zaldizkoen artean benetan da eder eta interesgarria, zaldizkoak azaltzen duen liraintasunarengatik; izan ere, gizonak, biluzik, erasorako prest dagoen gudari lantzadun bat irudikatzen du. Ageri duen indar adierazkor horrek badu, agian, kultura iberiarrean ohikoak ziren antzeko zenbait irudiekiko parekotasunik.

Ez du ematen, hala ere, hilarria denik; izan ere, gehiago du ehiza edo gerrako agerpenetik beste ezeretik baino. Hala balitz, harrigarria gertatzen da Arabako oppidum horretan agertua izatea.

Bada sail honetan sar daitekeen beste irudi bat ere, nahizeta harkaitz horma batean aurkitua izan, Arabako Markinez herrian. Hemen ere zaldizkoa eta oinezkoa ageri dira. Oinezkoa 1,35 m garai da; zenbait adituk Epona jainkosari otoitzean ari den pertsona bat irudikatzen duela uste du, jainkosa horren gurtza santutegi zeltetatik erromatarren inperioan zehar hedatu baitzen Kristo ondorengo II.. ta IV. mendetan.

Sail honetan azkena Urbiolako harlosa da, gaur San Telmoko museoan dagoena. Hareharriaz egina da, 0,45 m-ko zabalera eta 0,93 m-ko garaiera du, eta oinezko hiru gizon erakusten ditu; arropa luzeez jantzirik daude eta sorbaldetatik elkarri helduta eskuinaldera doaz. Gizonen gainean, baina irudiaren erdian hala ere, lauki zuzen bat, zirkulu erdi bat eta bi mailu agertzen dira.

Alboetan bi lantza daude, zutik bat eta etzanik bestea, eta sigisagan doan marra bat. Eszenatik at bi zaldi daude, bazkan ari direladiruditenak. Lana ezin ederragoa da eta kronologia ezartzea zaila gertatzen da; Kristo aurreko II. eta IV. arteko mendeetan egina izan daiteke. Daraman mezua ulertezina da, interpretatzeko saio asko egin bada ere.Nafarroako Kodes Mendietan, eta probintzia horretako Agilar eta Marañon herrietan, hala nola Arabako Kanpezun, agertu dira hilarri esanguratsuenak.

Guztiek ere hiru giza irudi agertzen dituzte; oso era eskematikoan eginak dira eta gorpuzkerak eta janzkerak ere arras azaletik marraztu dira; gainera batzuen begiak, sudurra edo ahoa doi-doi ikusten dira.Kanpezun agertu zena gaur egun Arabako Arkeologia Museoan dago. Hiru alor ditu: goiko aldean, lore moduko bat dago erliebe irtenean egina, ilbehera bat nahiko hondatua, eta zeinu abstraktu ulertezinen bat agertzen dira. Teknikari dagokionez, oso gauza bitxia gertatzen da, gizataldearenak teknika ondu gabea agertzen baitu, eta gainerakoak berriz landua.

Galdakaon agerturiko harlosan ere hiru gizaki azaltzen dira.

Ezkerraldekoak, biluzik, gizonezkoa dirudi, haurra agian. Erdikoa sendoagoa da, eta tunika motz bat darama soinean. Eskuinekoak, aldiz, janzki luze bat darama, eta emakumea izan daiteke, baina nahiko ezabaturik dago eta ezin da zuzen jakin.Iruñako oppidum-ean aipatu direnen antzeko beste zenbait ere aurkitu dira, denak irudi eskematikoak, tartean zenbait arku dutelarik. Lemoan, azkenik, bi giza irudi eta zenbait idatzi dituen harlosa bat aurkitu dira. Beste animalien irudiak.

Hainbat irudi ezberdinE rromatarren aroko beste harlosetan ageri dira, batzuetan, beste animalia zenbait ere: zezenak, oreinak, hegaztiak, etab.

Horiek ere hilarriak izan daitezke, baina zenbait adituk uste du horrelako animaliek ez dutela hemengo kutsurik, ekialdeko itxura dutela alegia, eta, gainera, oreinak eta usoak ez direla erabili izan euskal hilarrietan.

Horietako ederrenetako bat Gastiainen aurkitua da, Buturra izeneko emakume bati eskainia, bertan esaten denez Viriatoren alaba zenari hain zuzen. Lau alor ditu: goikoan zenbait tresna ageri dira, zaldi ferra itxurako uztai baten inguruan, honen erdian zer den antzik ematen ez zaion irudi bat delarik; beherago hildakoaren ohoretan eginiko idatzia; horren azpian disko handi bat, erdian lore antzeko bat duela eta alde bakoitzean lauburu bana; azken hauen behe aldean bi pitxartxo edo perfume ontzi izan daitezkeenak daude. Hilarria ezin ederragoa da, simetria txukunez egina eta bikain taxutua; hori egin zuenak ez bakarrik esku zalua, edertasunaren zentzua ere bazuen.

Iruñako oppidum-ean harlosa diskoidal bat ere agertu da; sinbolismoz beteriko irudi geometrikoak ditu, baina ez du idatzirik.

Arabako Okaritzen azaldu zen harlosak animaliak eta loreak ditu, nahiz eta azken hauek animalienak baino argiago agertzen diren. Idatzi bat ere badu.

Beriainen, hareharrizko harlosa grabatu bat agertu zen. Zabaleran 0,61 m du, eta luzeran 1,26 m; belaunetarainoko soineko bat daraman eta ezkerreko eskuan aginte makila dirudien zerbait daukan gizon baten irudia agertzen da. Gizonaren oinetan, aldebanatan, landaredun ontzi bat dago. Erdigunetik kanpora, goialdean lau disko ageri dira, eta alboetan beste bana. Beheko aldean idatzi hau dago: DIUS MA- NIBUS FILII SVI PECVNIA SVA POSVIT MATER ANNORUM VIII LEO. Badirudi K.o. I-III. mende bitartean egina dela.

Azkenik, aipatu beharrekoak dira Nafarroako Lukinen eta Oibarren aurkituri diren bi ara. Lehenengoa nahiko xumea da, eta badirudi Marte jainkoari eskainia dela. Oibarrekoak, aldiz, Jupiterrentzako eskaintza inskripzioa du.

 

Eraso garaiak

Baskoien lurraldean bizi zen gizartearentzat garai nahasiak izan ziren V. mendearen hasieratik aurrerakoak. Itxuraz gizarte egonkorra ematen zuen arren, urratzen hasi zen hori ere Erromako Inperioa ahuldu eta Europako herri barbaroak, frankoak eta bisigodoak, zabaldu eta, nahiz betiko ez, Pirinio mendien bi aldeetan kokatu zirenean. Aurrerantzean, noiz onean noiz txarrean, horiekin konpondu behar izan zuten baskoiek, musulmanek, bisigodoak mende harturik, lurraldearen parte bat hartu zuten arte.

Dena den, argitasun gutxiko mendeak ditu horiek Euskal Herriko historiak, eta orobat arteak ere.

 

Kristautasuna Euskal Herrian

ERROMATARREN MENDE EGON ZIREN LURRAK NAHIKO GOIZ KRISTAUTU ZIREN; GIPUZKOA, BIZKAIA ETA BESTE ALDE MENDITSUETARA X-XI. MENDEAK ARTE EZ ZEN KRISTAUTASUNA IRITSIKristautasunaren sarrerari buruz bi jarrera edo iritzi nagusi daude, oso garaiz sartu zela dioena, bata, eta oso berandu sartu zela dioena, bestea. Dena den, urri dira Euskal Herriko V-XI. mende bitarteko datu historikoak, eta are urriago kristautasuna halako garaian edo bestean sartu zela ziur esateko bidea eman diezaguketenak.

Dena den, auzi horri buruz mintzatzean Euskal Herrian bi aldi eta alde bereizi beharko liratekeela, dirudienez: eskualdeei dagokienez, ager vasconum edo deritzan horretan erromanizatuenik zeuden aldeak edo biziguneak eta besteak; eta aldiei dagokienez, Milango Ediktu (313) edo Niceako Kontzilio ingurukoa (325) eta X. mendetik aurrerakoa. Milango ediktuaz gero, kristautasuna erromanizazioaren osagai-edo bilakatu bide zen erromatarrek eragin handia zuten eskualde edo biziguneetan; baina aginteari lotuenik zeuden klaseen artean, goi mailakoetan alegia, ez beste mailetan, hainzuzen ere, garai horietatik aurrera hasi baitziren behe mailakoak erromatar kutsua, eta kristaua beraz, zuen guztia gaitzesten, eta bagaudak edo kristatuei erasotzeko taldeak eratzen. Egia itxurarik handiena duen tesia, kristautasuna saltus vasconum deritzan eskualdeetan oso berandu sartu zela eta gaur Euskal Herri gisa hartzen den lurraldearen gehiena IX. eta X. mendera kristautu zela dioena da, nolanahi ere.

Horrekin ez da, noski, mende horiek baino lehen kristautasunak Euskal Herriko zenbait lekutan indarrik izan ez zuenik esan nahi, zeren Iruñerrian, Nafarroako eta Arabako hegoaldean, adibidez, ondo lehenago indartu baitzen hori, eta Baiona inguruan eta Leire aldean ere bai, agian; baina benetan zabaldu, Bizkaia, Gipuzkoa eta gainerako eskualde menditsuetan behintzat, X. eta XI. mendera arte ez zela zabaldu, baizik, edo horrela gertatu zela ziur esateko daturik ez dago, bederen.

 

Basilika kobak

EUSKAL HERRIKO BASILIKA KOBA AIPAGARRIENAK FAIDU, LAÑO, MARKIZ, PINEDO ETA KORROKOAK DIRAAntzina erlijio eginkizunetarako erabili izan ziren haitzuloei deritzate basilika kobak. Gizonak zulatuak eta landuak dira horietako batzuk, izadiaren eraginez sortuak, besteak. Dudarik gabe, kristautasuna bakardadean –bakarrik edo taldean, bizimodu arautuan– eta era zorrotzagoan bizi nahiak eraman zituen gizon horiek mundutik baztertzera eta harkaitzetan basilika kobak egitera. Joera hori ez zen berria Eliza katolikoaren barnean, III. eta IV. menderako zabaldua baitzegoen Egipton eta Kapadozian, adibidez. San Benitoren jarraitzaileek ere joera bertsua hartu zuten gero, VI. mendean.

Arabako hauek geroagokoak dira, baina bide bertsuari zerraikioten, dirudienez. Euskal Herrian, Arabako erditik ekialderako eskualdean, Trebiño barne, eta mendebaleko eskualdean edo Gaubeako bailaran eta bakarrik Valpuestan, dira era horretako kobak. Hareharrian landuak daude lehenengoak, eta kararrian landuak, aldiz, bigarrengoak, gehienak behintzat. Gaur egun, ehundik gora basilika koba ezagutzen dira guztira, baina Faidukoak, Lañokoak, Las Gobaskoak, Santorkariakoak, Markizkoak, Pinedokoak eta Korrokoak dira ezagunenak edo iritsi errazenak, eta bereziki horiek aztertuko dira hemen. Egituraz, nahiko desberdinak dira eskualde batekoak eta bestekoak. Areto nagusi batez eta horrekin komunikatzen duten beste zenbait gela txikiz osatuak dira erdialdetik ekialderako eskualderakoak; handiak edo txikiak, gela nagusi bakarrekoak, berriz, Gaubeakoek. Formari dagokionez, edo biribilak, edo lauki-zuzenak, karratuak edobasilika itxurakoak dira. Gaina kanoi itxurakoa, kupula itxurakoa edo bi isuriko planoz osatua dute.

Faiduko basilika kobak. Urizaharra udal barrutiko herrixka bat da Faidu, Trebiñoko Konderrikoa.

Hiru basilika multzo edo badira Faidon, baina interesgarriena Virgen de la Peña baselizaren barnean dagoena da. Hiru mailatan banatuak daude Virgen de la Peñako kobak. Lehenbiziko mailan du gela nagusia edo kapera, oin lauki-zuzena eta kanoi itxurako ganga dituena. Beste hiru gelatxo ere baditu maila berean. Horietako batean, hilobibatzuk eta burezur bat aurkitu ziren, zulatua edo trepanatua.

Gaur egun Arabako Arkeologia Museoan dago. Bigarren solairuan, beste koba multzo bat dago, eta horietako baten horma batean, zuhaitz itxurako landare bat dago gorriz margoturik.

Lañoko basilika kobak. Trebiñoko Konderrian dago Laño ere. Bi koba multzo nagusi dira herri honetan, Las Gobas izenekoa, bata, eta Santorkaria deritzana, bestea. Hamaika kobataraino dira Las Gobasko basilika multzoan. Horietako bat burdin sarez itxia dago; lehen eliza izandakohiru gelak eta hainbat gela txikik osatzen dute multzo hau.

Ezker-eskuin banatuak daude basilikak, bakoitzak inguruan bere gelatxoak dituela. 18ren bat gela dira multzo horretan. Handiz eta gela kopuruz, Las Gobaskoak eta Santorkariakoak dira Araba ekialdetik mendebalera zeharkatzen duen zerrendan garrantzizkoenak.

Santorkariakoei dagokienez, izenak berak dio santuren baten omenez egin zela, Santa Leokadiaren omenez agian.

Berrogeita hamarren bat hilobi dira Santorkaria basilika multzoko gela eta gela txikietan.

Markizko basilika kobak.

Markiz Bernedoko udalerrian dago, Arabako Mendialdean.

Markizen 16 bat koba ziren lehen, Askana, Larrea eta Peña del Castillo izeneko lekuetan banatuak; gaur egun, ordea, eroriak edo hondatuak daude asko. Askanako Santa Leokadiaren koba da garrantzirik handiena duena.

Koba bera oso hondatua dago eta zaila da nolakoa zen jakitea.

Hormetako batean den behe erliebeagatik du entzutea eta garrantzia.Emakumezko bat zaldi gainean, gizonezko bat zaldiaren aurrean eta mazo edo zuhaitz itxurako zerbait nabari dira irudi horretan.

Gaubeako haranean Pinedokoak eta Korrokoak dira basilika kobarik garrantzikoenak. Arabako hego-mendebalean daude bi herri horiek, Burgosko partean sartzen den muturrean. Pinedora iritsi baino lehen, errepidearen eskuinean multzo bera osatzen duten duten bi koba daude, Santiago apostoluaren deboziokoak.

Kobetarako bidean ezkerretara dagoenak kupula itxurako gaina du. Mendebalean dituen bi eskaileretatik, balkoi moduko batera iristen da, eta balkoi horretatik joaten da bigarren kobara. Nahiko koba txikia da bigarren hau. Bi kobok hondatu samarrak dituzte aurreko aldeak.

Bigarren horren beheko aldetik hego-ekialdera jarraituz gero, beste koba txiki bat dago, zoruan harrian zulatutako hiru hilobi giza itxurako dituena. Pinedon badira Santiago apostoluaren horiez aparte beste koba batzuk ere, baina garrantzi handirik ez dutenak. Pinedotik Korrora doan errepidetik, Korrorako bidegurutzea baino lehen den bidexka batetik iristen da Korroko basilika multzora, Mairuen koba izenekora. Bi kobazulo edo koba multzo dira Mairuen horretan.

Bideari jarraituz, iparraldekoa ikusten da aurrena. Lauki– zuzen itxurako oina eta ganga itxurako gaina ditu. Zoruan 6 hilobi nabari daitezke gaur egun, harrian zulatuak. Bi sarrera ditu bigarren koba multzoak. Eskuineko gelak oin biribila du eta lauki-zuzen itxurakoa, ezkerrekoak.

Lehen bederatzi hilobi bide ziren koba hauetan, gaur bakarra dago, eta hondatua bera.

 

Erromanikoaren aurreko artearen aztarnak

ARTE BISIGODOAREN AZKENA EDO ERROMANIKOAREN AURRENA: ABRISKETAKO SAN PEDRO, ARGIÑETAKO NEKROPOLISA, ASTIGARRIBIAKO SAN ANDRES, ZALDUONDOKO SAN JULIAN ASTREAKOAErromaniko aurreko arteak gerora erromanikoa izango zenaren ezaugarriak ageri ditu, eta bilakaerarako estiloa da beraz; beti ere, Iberiako penintsulan, arte bisigodoan oinarritzen da,edota, galiar lurretan, arte frankoan, eta mozarabiar estiloa ere hartzen du bere baitan. 500 bat urtez luzatu zen, gutxi gorabehera VI-XI. mendeetan, hau, da, erromaniko bete-betea agertu zen arte.

Badira, izan, IX-X. mendeetako euskal elizen aipamenak egiten dituzten dokumentuak, baina jatorrizko eraikuntzen aztarnak oso urriak dira. Izan ere, elizak kokatuak zeuden herriak desagertu dira, eta elizak berak, txikiak eta egurrezkoak izanik, oso erraz erre edota suntsitu ziren. Geratu dira ordea eliza bisigodoen parteak, gerora tenplu berriak egiteko erabiliak; horrexegatik ordea, beren sorlekuan ez daudelako eta ezaugarri estilistiko nahasi samarrak dituztelako, zaila gertatzen da zehaztasunez jardutea.

Bizkaian, adibidez, badira osagai zaharrak Bermejillo (Guenesko udalerrian), Iurreta, Zeanuri, Larrabetzu, Ziortza, Iurre eta Abadiñon. Garrantzitsuenak ordea Abrisketako San Pedroren ermitakoak dira, Arrigorriagan; badira bertan bi pieza eliza berria egiteko erabiliak, XII. mendearen hasieran seguruena. Horietako bat atearen zango batean dago; harri zati irregularra da, eta gurutze bat du grabatua, besoetatik zintzilik Apokalipsiko letrakdituena. Bigarrena, nagusia, absideko leihoa da: jatorrizkoaren husgunea zabaldua dago, eta horrek zerbait hondatu du leihoaren dekorazioa, alde banatan gurutze bat du, eta haien gainean marra bihurriak. Bada ermita honetan hirugarren elementu bat, baina ez da gauza segurua bisigodoa ote den. Arku itxi bat da, ate zahar bat edo, aldeetan bi irudiz apaindua: zaldun itxurako bat, eta bikote bat, biluzik biak, emakumea gizonaren gainean esertzekotan, koitorako nonbait.Nolanahi ere, teknikaz apalak dira denak; bisigodoen ondoko garaikoak bide dira, alegia, VIII.. endeaz ondokoak. Aztarna gehiago ere azalduko dira noski, ugari baitira garai honetako elizei buruzko datuak; horietan aipagarrienak Elorrio ingurukoak dira. Hala, Argiñetako nekropolisean hilobi eta estela asko bildu dira, Etxeberriako San Andres elizateko ermitetatik ekarriak.

Hilobiotan bi epigrafe nabarmentzen dira, kristauak eta883. urtekoak biak, G. Morenoren ikerketen arabera “Momus” eta “Baterria”renak.

Geroagokoa dirudi Astigarribiako San Andres elizak, Gipuzkoan, Deba ibaiaren ertzean.

1086koa du lehen datua, urte horretan egin baitzitzaion eliza honen emaitza Donemiliaga Kukulako monasterioari. Datu hauen arabera, baziren erromaniko aurreko elizak Euskal Herriko itsasaldean, monasterio beraren emaitza ziren bizkaitar elizenberri ere bai baitago: Axpe (1051), Iurreta (1072), Bermeoko San Migel (1082), Almika (1093).

Egungo Astigarribiako eliza XIII.. endekoa bide da, baina badu atal bat zaharragoa, absideko leihoa.

Oso estua da, soila, lau planotan kanporantz zabaltzen dena; goialdea ferra arkua da, oso itxia. Garbi-garbi erromaniko aurrekoa da, eta estilo mozarabiarra ere gogorarazten du.

Araban ere badira antzeko leihoak.

Aipagarria da Zalduondoko San Julian Astreakoa ermitakoa: ermita osorik estilo bisigodoaren arabera dago eraikia.

Leihoa, hemen ere, absidean dago, oso soila da, estu-estua goialdea izan ezik; irekiduraren paralelo diren bi marra zizelkatuk apaintzen dute.

Azkenik, eta harrigarria bada ere, Nafarroan ez dago erromaniko aurreko aztarnarik (Tutera aldeko hainbat elementu mozarabiar izan ezik); aitzitik, bada eskultura bat, San Migel arkaingeruaren irudia, Villatuertako San Migel ermitakoa, estiloz bisigodoa, ez kronologiaz ordea, ermita XII. mendekoa bide da-eta.

 

Mozarabiar artea baskoi lurren mugetan

ERDI AROKO NAFAR ERREGEEN AGINPIDE ZABALAREN EMAITZAK: DONEMILIAGA KUKULA ETA SAN JUAN DE LA PEÑAMozarabiarrak Espainia musulmanen mende egon zen garaiko (VIII-XI. mendeak) espainiar kristauak ziren, arabiar hizkuntza eta arabiarren ohiturak, baina ez erlijioa, beretu zituztenak.

Iberiako penintsularen iparralderantz jo zuten IX-XI mendeetan, alde hura ez baitzegoen arabiarren mende, eta Kordobako musulman estiloa eraman zuten hara. Gaurko Leon eta Asturias aldera egin zuten batez ere; baina Alfontso I.a Gudulariak Tutera beretu zuenean (1119), sortu zen talde mozarabiar bat Nafarroan, Andaluzia eta Valentzia aldeko espedizioetatik ekarri zituenekin berehala zabaldu zena.

Mozarabiar artea kristaua da beraz, baina islamaren eragin handia duena. Erlijiozko artean baizik ez da ageri, eta arkitekturan ferra arkua eta kupula erztuna ditu ezaugarri nagusiak. Askorikez diren arren, garai hartan euskaldun ziren lurretan badira mozarabiar aztarnak. Nagusiak bi dira: Donemiliaga Kukulako monasterioa, gaurko Errioxako hego-mendebalean, eta San Juan de la Peñakoa, Huescako probintziako erdialdean.

Donemiliaga Kukula VI.. endean sortu zuen Millan sanmozarabiarraktuak. Monasterio bisigodoa zen, Almanzor buruzagi mairuak erre zuena. 931n beneditar monasterio bat eraiki zuen Gartzea Santxez Nafarroako erregeak, eta XII. mendean osatu zen hango eliza mozarabiarra (Monasterio de Suso, “Goiko monasterioa”); XVI. mendean eraiki ziren monasterio berria eta aldameneko etxeak (Monasterio de Yuso, “Beheko monasterioa”). Han agertu ziren, X. mendeko latinezko kode batzuen iruzkinetan, gaztelaniazko lehen esaldiak, tarteka euskarazkoak ere badirela. Elizahiru nabe ditu, biribilduak, ferra arkukoak. Nafarroako Antso Handiaren babespean, ospe eta eragin handia izan zuen monasterioak XI eta XII.. endeetan.

San Juan de la Peñako monasterioa ere Antso Handia nafar erregeak babestu eta bultzatu zuen; geroago Aragoiko erregeen erlijio gune garrantzitsua izan zen. Areago, Antso Handiak eraiki zuen, antzinako eremutar gune baten gainean, eliza mozarabiarra, X. mendekoa bide dena. Hau ere beneditarra da (1028); guztizberezia da, arroka handien azpian, mendiaren barruan ia, baitago egina, eta garai desberdinetako zenbait mailek osatua da.

Eliza zaharrena, mozabiarra, kanoi gangez estaliriko bi nabek osatzen dute; nabeok zutabe eraztundunekiko bi ferra arkuk lotzen dituzte. Absideak laukizuzenak dira, eta parte batean arrokan bertan zizelkatuak; hori dela eta, ez dute, orduko eliza gehienek bezala, ekialderako norabidea.

Bada ate txiki bat, ferra arkukoa hori ere, atzeko areto batekiko lotura dena. Absideetan badira horma pinturak, baina XII.. endean erantsiak dira.