Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatutako eta antzoki publikoen Sareak koordinatutako 'Dantza-Bultzatuz' programaren eskutik, Dantza Garaikidearen Zirkuituaren seigarren edizioa antolatu da, anitz proposamen deigarrirekin, hedapenari nahiz edukiei dagokienez.
Aurreko urtean Zirkuitua luzatu egin zen denboran (hain zuzen, dantza-ikuskizunak martxotik abendura programatu ziren). Aurten, berriz ere, eszenaratuko diren lanen kopurua handitu egingo da, baita lan horiek eszenaratuko diren lekuena ere. Handitze hori azpimarratzeko modukoa iruditzen zaigu, are gehiago bizi dugun garai zail honetan.
Hain zuzen, azpimarratzekoa da urte bakoitzean programaturiko ikuskizun kopuruaren inguruko datua: lehen edizioan dozena erdi izan ziren eta edizio honetarako 68 aurreikusten dira. Gauza bera esan dezakegu parte hartzen duten herrien inguruan. 2010ean beste hiru herri sartu dira Zirkuituan: Arrasate, Bergara eta Irun. Datu horiek, zalantzarik gabe, antolatzaileen eta parte-hartzaileen Dantzarekiko konpromisoa eta inplikazioa islatzen dute. Atseginez esan dezakegu publikoaren erantzunak eta inplikazioak joera positibo hori baieztatzen dutela.
Aurreko edizioetan bezala, Zirkuituak sektoreko profesionalei eta eszenan formatu txikiko nahiz ertaineko azken sortzeak ikusi nahi dituzten zaleei erantzun nahi die. Halaber, euskal Konpainien lanei laguntzen jarraitzeaz gain, herri txiki nahiz handietako antzokiek dantza-ikuskizunetara ahalik eta ikusle gehien erakartzeko egiten duten ahalegina bultzatu nahi da.
Krisia gorabehera, dantzarako zaletasuna gogotik hazten ari da, eta Zirkuituak zeregin horretan laguntzen jarraitu nahi du. Merezi duelakoan.