Osasun Sailaren diru-laguntzen plan estrategikoa. 2021erako eduki orokorra
- Erakundea:
- Osasuna
Helburuak
Osasuna euskal herritarron ondasun eta balio preziatuenetariko bat da, eta haren babesa eskubide unibertsala. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetariko bat da, horrenbestez, osasun-politikei eta osasun-sistemari eustea.
Egia da euskal gizarteak herrialde garatu bati dagozkion emaitzak dituela osasun-arloan, behar sanitarioei egokiro erantzuten baitzaie. Hori horrela da, dudarik gabe, euskal gizartearen garapen-mailaren ondorioz, baina sistema sanitarioak bere ibilbidean zehar kalitatearen, modernizazioaren eta berrikuntzaren alde egindako ahaleginaren ondorioa ere bada. Horrela lortu dugu euskal herritarrek preziatzen eta erreferentetzat jotzen duten osasun publikoko eredu bat.
Gatozen, orain, Osasun Sailaren 2021-2024rako Esparru Estrategikora. Asmoa garbia da: desberdintasunik gabeko osasuna lortzea, hurbilagoa, gure politika guztietan presente dagoena eta hartara lagungarri izango dena ongizate eta bizi-kalitate hobea erdiesten gutako bakoitzarentzat eta euskal gizarte guztirako.
Osasuna hobetzeko helburuaren baitan sartzen da, orobat, osasun-zerbitzuez ikertzea eta osasun-alorrean egiten diren esku-hartzeen eraginkortasuna ebaluatzea, eta interes sozial eta sanitario handia duten gaixotasunak ez ezik, askotariko morbilitateak eta prozesu kronikoek sorrarazitako gaixotasun-karga , ere hartzen ditu aintzat.
Euskadiko Osasun Antolamenduaren Legearen (ekainaren 26ko 8/1997 Legea) 13.1. artikuluak dionez, “Euskadiko Osasun Plana sistema planifikatzeko eta programatzeko lanabes nagusia da; izan ere, plan horren bidez politika sanitarioko osasunari buruzko oinarrizko helburuak ezarriko dira, eta, era berean, haren bidez zehaztuko dira plana indarrean dagoen bitartean egongo diren baliabideekin atenditu beharreko lehentasunak”. Gaur egun indarrean den plana, “Osasuna: Pertsonen eskubidea, guztion ardura”, Eusko Legebiltzarrak 2014ko apirilaren 4an onartu zuen. 2020ra arte zen indarrean egotekoa, baina ordezko plan berria onartzen den arte izango da gure artean.
Planean landutako bost arloetatik bi zeharkakoak dira, eta beste hiru pertsona-talde jakin batzuei buruzkoak. Hona zeharkako arloak: ekitatea eta erantzukizuna, eta ingurune eta jokabide osasungarriak. Hartzaileak, berriz, 2013-2020 Osasun Planak hiru talde ditu berariazko hartzaile: gaixotasunen bat duten pertsonak; edadetuak; eta umeak eta gazteak.
Bestalde, 2017-2020 bitarterako Euskadiko laguntza soziosanitariorako lerro estrategikoen helburu estrategikoetariko bat da, hain zuzen, jomuga-kolektiboei zuzendutako zerbitzu sozio-sanitarioak garatzea, kolektibo horiek presenteagoak izango baitira laguntza soziosanitarioko aurreikuspenetan, haien zirkunstantziak direla-eta (indibidualak edo sistemikoak; sozialak edo sanitarioak). Kolektibo horietariko batzuen ezaugarri bat da zailtasun zehatz eta desberdintasunaren sortzaileak izatea. Hala, bada, esku-hartze trinkoak beharko dituzte haien premiei erantzuten dieten baliabideak eta prozedurak garatzeko, berriz ere gizartea osatzen duten gainerako kolektiboekiko ekitate-egoeran jartze aldera.
Lau alor handi hauek dira Osasun Sailak ematen dituen diru-laguntzen helmugak:
- Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea.
- Adikzioak prebenitzea eta artatzea, eta arriskuak eta kalteak gutxitzea.
- Ikerketa eta berrikuntza
- Profesionalak
Legegintzaldia
XII. Legegintzaldia